Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 4koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Kantauri Ekialdeko Mugapen Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duena Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremuan 2022-2027 plangintza-ziklorako, bai eta Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Bereziarena ere, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremuan, Uraren Euskal Agentziak sustatuta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 3675
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/04
  • Argitaratze-data: 2022/08/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren irismen-dokumentua formulatzen da 2022-2027 plangintza-ziklorako eta Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparrurako, baita Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Bereziarena ere, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremuan, Uraren Euskal Agentziak sustatuta.

2021eko ekainaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarki baten bidez eman zen argitara 2021eko ekainaren 7ko Ebazpena, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez iragartzen baita honako hauek ireki direla: Plan Hidrologikoa berrikusteko proiektuaren proposamenaren kontsulta publikoko aldia (6 hilabete); Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana berrikusteko proiektuaren informazio publikoko aldia (3 hilabete); Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Bereziaren proposamenarena (6 hilabete), eta Ingurumen-azterketa estrategikoarena, aipatutako dokumentuei dagokienez (6 hilabete), Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoari lotuta, EAEko barne-arroen eremuan.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, informazio publikoaren izapidearekin batera, Uraren Euskal Agentziak planaren hasierako bertsioa kontsultatu zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, barnean harturik aipatutako legearen 19. artikuluaren arabera aldez aurretik kontsultatu ziren guztiak ere.

Planari buruzko dokumentuak, ingurumen-azterketa estrategikoa barne, Uraren Euskal Agentziaren webgunean egon dira eskuragarri, formatu digitalean.

Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso dituzte, zeinen edukia administrazio-espedientean baitago jasota; ildo horretan, adierazten du kontuan hartu direla planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2022ko maiatzaren 12an, Uraren Euskal Agentziak planaren berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, hala xedatzen baita, alde batetik, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta, bestetik, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu ziren:

Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren proiektu-proposamena. Hirugarren ziklorako berrikuspena: 2022-2027, 2022ko apirileko data duena.

Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana berrikustea eta eguneratzea (2. zikloa). Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoa, Espainiari dagokion zatia, 2022ko apirilekoa.

Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Berezia. Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrologikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremua, 2022ko apirilekoa.

Plan Hidrologikoaren, Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren eta 2022-2027 zikloko Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Bereziaren proiektu-proposamenaren ingurumen-azterlan estrategikoa. Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremua, 2022ko apirilekoa.

Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

Eraginpeko administrazioei eta norbanako interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

Dokumentazioak betetzen ditu ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 24. artikuluan ezarritako baldintzak, artikulu horren d) apartatuan eskatutako dokumentua barne, deskribatzen baita nola egokitzen diren planaren proposamenean ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta irismen-dokumentura moldatzeko modua; era berean, egindako kontsulten emaitzak deskribatzen dira, baita horiek kontuan nola hartu diren ere (ingurumen-azterketa estrategikoaren IV. eranskina).

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, ingurumenaren gainean eragin esanguratsuak eduki baditzakete eta lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola ur-baliabideen kudeaketari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, bidezkoa da ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioa egitea alegia, ingurumen-ebaluazio estrategikoa, lege horren I.A) eranskineko 8. epigrafean jasotako planei dagokienez; izan ere, plan horien artean sarturik daude, besteak beste, ur-baliabideak kudeatzearekin loturiko planak.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren 2022-2027 Plan Hidrologikoa (aurrerantzean, Plan Hidrologikoa) dela, Uholde Arriskua Kudeatzeko 2022-2027 aldirako Planarekin eta Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Bereziarekin batera, Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren plangintzaren berrikuspena Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroan esparruan, eta hirurek ere erantzuten diotela plan hidrologikoen aldizkako berrikuspen osoen arauzko premiari.

Urtarrilaren 14ko 29/2011 Errege Dekretuak (mugape hidrografikoen lurralde-eremua finkatzen duen otsailaren 2ko 125/2007 Errege Dekretua aldatzekoa) eta maiatzaren 8ko 650/1987 Errege Dekretuak (arroetako erakundeen eta plan hidrologikoen lurralde-eremuak zehazten dituena) ezartzen dutenez, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak koordinaturik egingo dute Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko uraren plangintza eta kudeaketa; lehenbizikoak Kantauriko Konfederazio Hidrologikoaren bidez, eta bigarrenak, berriz, horretarako eskumena duen ur-agintaritzaren bidez. Bestalde, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7. artikuluak ezartzen duenez, Uraren Euskal Agentziaren eginkizuna da arauan aurreikusitako plangintza hidrologikoko tresnak egitea eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzea, agintari eskudunen aurrean onartzeko, aldatzeko edo izapidetzeko.

Bestalde, planaren neurri-programak etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen du. Beraz, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren I.A eranskinaren 9. epigrafean ezarritakoarekin bat etorriz, ulertu behar da planak ondorio esanguratsuak izan ditzakeela ingurumenean.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Uraren Euskal Agentziak (URA), organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura gauzatu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren 2022-2027 aldirako hirugarren plangintza-ziklorako Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko 2022-2027 aldirako Plana berrikusteari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremuan, bai eta Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Berezia berrikusteari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa ere Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetarako, ondoren jasotzen diren baldintzetan.

  1. Planaren deskribapena.

    Plan hidrografikoak dokumentu hauek ditu: hamazazpi eranskin biltzen dituen memoria (15. eta 16. eranskinek Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana eta Lehorteetarako Plan Berezia dituzte, hurrenez hurren), laburpen-txostena, neurrien programa eta hamar kapitulutan egituratutako araudia.

  1. Planaren esparrua.

    Planaren eremu geografikoa Kantauri Ekialdeko Mugapen Hidrologikoaren parte bat da, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko barne-arroei dagokiena. Eremu horretan sartzen dira Barbadun, Galindo, Gobelas, Asua, Butroe, Estepona, Oka, Lea, Artibai, Deba, Urola eta Oiartzun ibaien arro osoak, bai eta tamaina txikiko beste arro batzuk ere, kostaldera ematen dutenak eta oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean igarotzen direnak. Planaren eremuan sartzen dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeko kostaldeak, bai eta kostaldeko ur horien eta Kadagua, Ibaizabal, Oria, Urumea eta Bidasoa ibaien bokaleen arteko trantsizio-eremuak ere (Espainiako zatian). «Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren proiektuaren proposamena. Hirugarren ziklorako berrikuspena: 2022-2027» memoriaren 8. irudian dago jasota planaren esparru geografikoa, «Mugapearen lurralde-eremua» izenarekin.

    Ingurumen-ebaluazioaren eremu geografikoa osatzen duten eremuak, berriz, 12 unitate hidro-logikotan biltzen dira, ingurumen-azterketa estrategikoaren I. eranskinean (ingurumen-baldintzatzaileen fitxak eta planoak) deskribatuta.

  2. Planaren xedea eta denbora-irismena.

    Plan Hidrologikoa ingurumen-tresna bat da batik bat; izan ere, plangintza hidrologikoaren helburu nagusia da Uraren Esparru Zuzentarauan eta Uren Legearen testu bateginean zehaztutako ingurumen-helburuak lortzea, guztia ere ur-masen eta haiei lotutako eremu babestuen babes egokia ez ezik haien egoera ona ere lortzeko. Ondorioz, Plan Hidrologikoaren ingurumen-helburuak betetzearekin lotutako neurriek eragin positiboa izan behar dute nahitaez uretako ekosistemetan.

    Ingurumen-helburuetan, eskaerak asetzearekin eta uraren erabileraren arrazionaltasunarekin lotutako helburuetan zentratzeaz gainera, Plan Hidrologikoak uholdeen eta lehorteen ondorioak arintzea ere ezartzen du helburu gisa. Alabaina, azken bi alderdi horiek garapen sakonagoa dute Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean eta Lehorteetarako Plan Berezian. Beraz, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren xede diren hiru planek elkarren osagarri diren helburuak dituzte, eta dauden sinergiak aprobetxatzea eta eragin negatiboak ahalik eta gehien murriztea bilatzen dute.

    Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa 2022-2027 plangintzaren hirugarren zikloan berrikusi ondotik, ordeztu egingo da egun indarrean dagoen 2015-2021 Plan Hidrologikoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren bidez onetsia. Hirugarren plangintza-ziklo hori erabakigarria da; izan ere, ia neurri guztiek 2027a amaitu baino lehen geratu behar dute osatuta eta izan behar dituzte ondorioak.

    Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren berrikuspena da plan horren bigarren zikloaren azken fasea. Berrikuspen hori 2016an onetsitako Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean oinarritzen da, zeina eguneratu egiten baitu. Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana aplikatzeko denbora-muga sei urtekoa da, 2022 eta 2027 arteko aldia, alegia.

    2022-2027 aldirako Plan Hidrologikoak aurreikusten du, orobat, berrikusi egin behar dela Lehorteetarako Plan Berezia, egiaztatuz gero beharrezkoa dela identifikaturiko hobekuntzak sartzea, eta, nolanahi ere, nahitaez eguneratu behar da hurrengo Plan Hidrologikoa berrikusten denean, 2027. urtea amaitu baino lehen.

  3. Arazo garrantzitsuak (Plan Hidrologikoaren memoriako 2. kapitulua eta ingurumen-azterketa estrategikoaren 4.4.2 apartatua).

    Plan Hidrologikoak Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoan plangintza hidrologikoaren helburuak lortzea eragozten duten arazo nagusiak identifikatzen ditu, eta horretarako soluzioak eman behar ditu. Ildo horretan, hauek dira nabarmentzekoak: hiriko eta industriako isurketak, beste kutsadura-iturri batzuk, emari ekologikoen ezarpena, aldaketa morfologikoak eta jabari publikoaren okupazioa, sistema jakin batzuetako eskaerak asetzea eta uholde-arriskuetara eta klima-aldaketara egokitzea.

  4. Planaren helburu estrategikoak eta neurrien programa (Plan Hidrologikoaren memoriako 1. kapitulua eta ingurumen-azterketa estrategikoaren 1. apartatua).

    Plan Hidrologikoak lau ardatz hauek ditu, dagozkien neurri eta guzti:

    (Ikus .PDF)

  5. 2022-2027 aldirako hirugarren plangintza-zikloan egindako aldaketak (Plan Hidrologikoaren memoriako 15. kapitulua)

    Hauek dira planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren testuinguruan eginiko aldaketa aipagarrienak:

    Emari ekologikoak (Plan Hidrologikoaren memoriako 5. kapitulua eta 5. eranskina): Plangintzaren bigarren zikloan, aurretik zeuden emakiden hitzarmen-prozesua osatu da; horren helburua da mugapean indarrean dauden aprobetxamendu guztiek Plan Hidrologikoaren araudiak zehaztutako emari ekologikoen erregimena izatea plangintzaren hirugarren zikloaren hasieran.

    Bestalde, emariak hobetzeko lanen eta habitat-azterlanen ondorioz, egokitu egin dira emari ekologikoak, guztia ere Lea, Artibai, Arantzazu eta Urola ibaien arroen zati batzuetan ezaugarri naturaletara egokitzeko, eta, horretaz gainera, emari zorrotzagoak gaitu dira ibai-erreserba naturaletan.

    Eremu Babestuen Erregistroa (Plan Hidrologikoaren memoriaren 6. kapitulua eta 4. eranskina): ibai-erreserba natural berri bat sartu da (Altube ibaiaren goi-ibarra), eta eremu babestuen beste bi kategoria sartu dira: alde batetik, «lurpeko natura-erreserbak» kategoria (Ereñozar ur-masaren Arretxe sektorea eta Kadagua ibaiaren Manantial sektorea, Salvada lurpeko ur-masari dagokiona) eta, bestetik, «kultura-ondarea» kategoria.

    Ur-masen egoeraren ebaluazioa eta ingurumen-helburuak (Plan Hidrologikoren memoriako 7. eta 9. atalak, bai eta 8. eta 9. eranskinak ere): jarraipen-programak eguneratu eta indartu dira. Horren ondorioz, berriz definitu dira 2027rako eta 2033rako helburuak, salbuespenak eta epeen luzapenak; izan ere, 2027rako ingurumen-helburuak lortzea ahalbidetzen ez duten baldintza naturalak ageri dira.

    Neurrien programa: hasitako neurriekin eta aurreko zikloetan aurreikusitakoekin jarraitzeaz gainera, jarduketa estruktural berriak aurreikusten ditu uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko eta hiri-jatorriko kutsadura murrizteko, aurrerago garatzen den bezala.

    Araudia: sinplifikatzea premisatzat harturik, berrikusi egin da araudia, hala nola uholde-arriskuaren kudeaketari buruzko xedapenen kasuan. Horretaz gainera, berrikusi eta eguneratu egin dira ur-masei buruzko eduki guztiak, hala nola haien identifikazioa, ingurumen-helburuak eta emari ekologikoen erregimenak, besteak beste.

  6. Neurri estrukturalak.

    2015-2021 aldirako Plan Hidrologikoaren bigarren plangintza-zikloari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategikoa amaitzeko, 2015eko irailaren 10eko Ebazpena eman zuen Ingurumen Administrazioaren zuzendariak, zeinaren bidez Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren memoria eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana formulatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremurako eta 2015-2021 aldirako, Uraren Euskal Agentziak sustatuta.

    2022-2027 aldirako Plan Hidrologikoaren ingurumen-ebaluazioak hirugarren plangintza-zikloan sartutako jarduketa estruktural berriak ditu ardatz, zeinak ez baitziren ebaluatu aurreko zikloetan, eta ardatz gisa hartzen ditu, orobat, aldatu diren jarduketa estrukturalak, guztia ere planean duten definizio-maila kontuan hartuta.

    Hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen arloko hirugarren plangintza-zikloan sartzen edo aldatzen diren jarduketak:

    Saneamendu- eta arazketa-azpiegiturak.

    (Ikus .PDF)

    Hornidura-azpiegiturak.

    (Ikus .PDF)

    Estuarioak eta kostaldeak mantentzea eta hobetzea.

    (Ikus .PDF)

    Uholdeen aurrean babesteko azpiegiturak.

    (Ikus .PDF)

    Aurreikusitako jarduera batzuk ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura baino lehen egin dira, dagozkien proiektuen funtsezko baimenaren esparruan. Zehazki, ebazpen hauek eman dira:

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostena, 2020ko ekainaren 23koa (GAO, 126. zk., 2020/07/6koa), Aginagako saneamendu-proiektuarena (I., II. eta III. faseak).

    Ebazpena, 2006ko otsailaren 28koa, Ingurumen sailburuordearena; horren bidez, Mungian Butroe ibaia prestatzeko proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena egin da.

  1. Ingurumenean izan litezkeen inpaktuak.

  1. Alternatiben analisia (ingurumen-azterketa estrategikoaren 3. atala).

    Ingurumen-azterketa estrategikoaren 3. atalean zehazten den bezala, ezin izan dira balioetsi hornidura-, saneamendu- eta arazketa-jarduketen alternatibak, planean ez baitute behar adinako definizio-maila. Beraz, proiektuan bertan eta, kasuaren arabera, dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruan kontrastatu beharko dira aukera posibleak.

    Uholdeen aurrean babesteko neurri estrukturalei dagokienez, 2015-2021 zikloan aukera posibleen irizpide anitzeko azterketa egin zen. Analisi hori ingurumen-azterketa estrategikoaren eranskin gisa sartu da (Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren 3. eranskina). Oro har, ibilguak egokitzeko eta erregularizatzeko jarduketak saihesten dituzten aukeren aldeko hautua egin da; izan ere, ibai-ohantzearen eta -ertzen morfologia aldatzea eragiten dute. Bestalde, naturan oinarritutako aukerak bultzatzen dira, hala nola meandroak berreskuratzea eta lurralde naturalaren zati bat ibaiari itzultzen dioten laminatze naturaleko eremuak sortzea. Jarduketa horiek, era berean, erraztu egiten dute espezie inbaditzaileak kontrolatzeko eta/edo desagerrarazteko neurriak hartzea, bai eta ibaiertzetako landaredia leheneratzea ere, haltzadi kantauriarreko flora-segizioko zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak erabiliz. Aldaketa horiek ez dute izango eragin negatibo gehigarririk, Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren lehen zikloan antzemandakoez aparte. Aitzitik, eragin positiboa izango dute ingurumenean. Zehazki, ildo horretako aukerak egin dira uholde-arriskua murrizteko jarduketa hauetan: Estepona ibaian (3002 kodea), Mungiako herrigunean (1280), Galindo aldean (1291), Gernikako herrigunean (1293), Azpeitiko herrigunean, Ibaieder ibaiaren inguruan eta Errezilen eta Urbitarte Auzoan (1297).

  2. Ingurumen-eraginen azterketa (ingurumen-azterketa estrategikoaren 5. apartatua).

    Ingurumen-azterketa estrategikoaren 5. apartatuak planaren neurri estrukturaletatik erator daitezkeen ondorio kaltegarriak identifikatzen ditu. Efektu horietako batzuk ur-masen inguruko obra-jarduketa guztiek izan ditzaketen inpaktu komunak dira:

    Azaleko uren kalitatearen gaineko eragin puntuala, obra-fasean solido esekiak eta ustekabeko isuriak gertatzeagatik eta ibilguak gurutzatzeagatik.

    Ibaiertzeko landaredia ezabatzea edo hari eragitea.

    Arrain-faunari eragitea.

    Espezie inbaditzaileak zabaltzea (Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Buddleia davidii eta Fallopia japonica, besteak beste).

    Kutsatzaileak barreiatzea, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruetan indusketa bidez.

    Euskal Kultura Ondareko elementuei eragitea.

    Zaratak obra-fasean.

    Balio estrategiko handiko lurzoruei eragitea.

    Hondakinak sortzea.

    Istripuzko isurketak.

    Bestalde, jarraian aipatzen diren neurriek eremu babestuei, Batasunaren intereseko habitatei eta basa-fauna eta -florari eragin diezaiekete:

    (Ikus .PDF)

    Zuzentzat jotzen dira ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiak. Jarraian laburbiltzen dira:

    Plana ingurumen-helburu estrategikoetara egokitzeari dagokionez, plangintza hidrologikoa da uraren arloko helburu horiek lortzeko erreferentziazko tresna, erreminta juridikoa den heinean.

    Ekarpen positibo garbia da planak sustatzen dituen saneamendu- eta arazketa-azpiegitura berriak ezartzea eta daudenak hobetzea, dela uren kalitatea hobetzeko, dela habitat eta espezieen kontserbazio-egoera ona bermatzeko.

    Ibilguen gainean lehendik dauden hiri-presio handiak justifikatzen du arriskuren bat duten hiri-eremu finkatuetan uholdeen aurka babesteko neurri estrukturalak hartzea, betiere ez bada nahikoa beste prebentzio-neurri batzuk eta ez-estrukturalak hartzea.

    Neurri ez-estrukturalak (uholde-arriskuaren mailaren araberako erabileren antolamendua, informazio hidrologikoko eta alerta goiztiarreko sistemak eta babes zibileko sistemak, besteak beste) eta neurri estrukturalak konbinatzeko politika erabat garatzeari esker, bateragarri egin daitezke uholde-arriskua kontrolatzeko eta ur-ingurunearen alterazio fisikoak geldiarazteko helburuak.

    Bakioko Uholde Arrisku Handiko Eremuan Estepona ibaiaren ingurumena egokitzeko eta uholdeetatik babesteko (3002 kodea) egindako jarduerak lagungarriak dira ibai-sistemaren eta marearteko sistemaren funtzionaltasuna berreskuratzeko; era berean, handitu egiten dute ibilguaren eta lautaden arteko lotura eta areagotu egiten dute laminatze-ahalmena. Hobetu egin da ibai-ekosistemako erriberako landaredia, zeina habitat garrantzitsua baita bisoi europarrarentzat, eta eragin positiboa izan du, padura-sistema lehengoratu baita.

    Azpeitiko Uholde Arrisku Handiko Eremuko jarduketetan egindako aldaketek (1297 kodea) ez dituzte jasotzen aurreko zikloan bi zatitarako aurreikusitako ohantzearen erregularizazioak, eta aire zabaleko ibilgu berri bat sortzea aurreikusten dute Ibaieder ibaiaren azken zatian, Urola ibaiarekin bat egiten duen tokian. Beraz, ez dakarte eragin gehigarririk eremuko ingurumen-balioetan. Egokitzat jotzen dira ingurumen-azterketa estrategikoan proposatutako neurri zuzentzaileak.

    Gernikako Uholde Arrisku Handiko Eremuan proposatutako jarduerak (1293 kodea), funtsean, aurreko zikloko berberak dira; hala ere, honako jarduketa hauek gehitu dira, besteak beste: ibilgu nagusiaren eta Euskotren geltokiaren parean ezkerretan berreskuratutako meandroaren arteko trantsizioa zuzentzea, Zubialde kaleko zubia erretiratzea eta ibai-parke bat sortzea Zubialde kaleko zubitik ibaian gora, bai eta eskuinaldeko ibaiertzeko jarduketak ere, Urdaibaiko Ibai Sareko ES2130006 kontserbazio bereziko eremuaren ondoan. Proposatutako jarduketei esker, jatorrizko dinamika berreskuratu ahal izango da oro har, eta ibaien funtzionamendua hobetuko da; gainera, aukera emango dute ibaiertzeko landaredia hobetzeko jarduketak egiteko. Hala ere, Zubialdeko zubia erretiratzeak eta aurreikusitako gainerako jarduketek izan dezakete eraginik obra-garaian; alabaina, aldi baterakotzat, itzulgarritzat eta berreskuragarritzat jotzen dira, oro har.

    Mungiako Uholde Arrisku Handiko Eremuan (1280 kodea), aldaketa hauek egin dira: ibilguaren sekzioa handitzea, eta ezkerreko ibaiertza aldatu gabe uztea Lauaxeta Olerkari kaleko 8. eta 9. zenbakietako eraikinak eraitsi ondoren; herrigunetik beherako meandroa berreskuratzea, ezkerraldeko ibaiertzean eta ibilgu nagusira berriro konektatzea, jatorrizko ibai-dinamika berreskuratzeko, eta, hala, ingurumen-inpaktu berririk gabeko laminatze-eremu gisa kontserbatzeko; horrek guztiak ez du eragiten inpaktu gehigarririk eremuaren ingurumen-balioetan. Egokitzat jotzen dira ingurumen-azterketa estrategikoan proposatutako neurri zuzentzaileak.

    Mendaroko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (3313 kodea) egin beharreko jarduketak, oro har, hiri-eremuan egingo dira, zeinek eremu erabat artifizializatuak baitituzte; beraz, interes handieneko elementuei ahalik eta kalte gutxien eragingo zaie, baldin eta jarduketak, ahal den neurrian, eremu horietara mugatzen badira. Garrantzi berezia eman beharko zaie Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatei eta balio estrategiko handiko lurzoruei. Kontuan harturik Deba eta Kilimoi ibaiak babes bereziko eremuak direla bisoi europarrarentzat, neurri zuzentzaileak beharko dira eragin hori saihesteko edo ahalik eta txikiena izateko.

    Arreta berezia jarri beharko da Natura 2000 Sareko gune babestuetan, zenbait fauna-espezieren babes bereziko eremuetan, Euskal Kultura Ondarearen elementuen inguruneetan eta jarduera potentzialki kutsagarriak izan dituzten lurzoruen maneiuan.

  3. Natura 2000ri eragitea (ingurumen-azterketa estrategikoaren 5.6 apartatua).

    Oro har, Natura 2000 Sareko eremuetan gauzatzen diren eta ingurumen-helburuak betetzearekin zerikusia duten Plan Hidrologikoko neurriek nahitaez eragingo dute sare ekologiko horretan kontserbatu beharreko habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeran. Neurri horietako batzuk zuzenean lotuta daude gune horien kudeaketarekin, eta jasota daude dagozkien kudeaketa-erremintetan.

    Era berean, plangintzaren lehen ziklotik aurrera, Plan Hidrologikoak aurrera egin du Natura 2000 Sareko guneak kudeatzeko tresnetan ezarritako kontserbazio-helburuak eta -neurriak integratzen. Ildo horretan, neurri hauek hartu dira, besteak beste:

    Eremu Babestuen Erregistroan, Natura 2000 Sareko espazioen zerrenda gehitu eta eguneratu da, eta beste horrenbeste egin da espazio bakoitzerako urari lotutako habitat eta espezieekin ere.

    Araudian, besteak beste, Eremu Babestuen Erregistroari (V. kapitulua) eta eremu babestuetako ingurumen-helburuei buruzko artikuluen bidez (16. eta 17. artikuluak).

    Neurrien Programaren barruan, sarturik dago espazio horiek kudeatzeko tresnetan jasotako neurri-sorta bat, Natura 2000 Sareko espazioen ingurumen-helburuak lortzera bideraturik.

    Hala ere, aurreikusten da neurri estruktural batzuek eragin diezaieketela kontserbazio bereziko eremuetan eta hegaztientzako babes bereziko eremuetan kontserbatu beharreko elementuei, eta, beraz, neurri babesle eta zuzentzaileak hartu beharko dira. Neurri hauekin loturik hauteman da egoera hori:

    Irun-Hondarribia hiri-aglomerazioko Atalerreka hondakin-uren araztegia egokitzea (64 kodea).

    Funtzionamendua osatzeko eta hobetzeko jarduerak aurreikusten ditu, eta horrek eragin positiboa izango du Getaria-Higer kosta-masaren uren kalitatean. Egokitzapena gaur egun hondakin-uren araztegiak hartzen duen lursailera mugatzen bada, ez da aurreikusten Batasunaren intereseko habitatei eragitea Jaizkibelgo kontserbazio bereziko eremuan.

    Aginagako saneamendua, I., II. eta III. faseak (3016 kodea).

    Lehen adierazi den bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko egin du inpaktuaren ebaluazio sinplifikatu bat, eta, beraz, ez da aurreikusten eragin esanguratsurik izango duenik; nolanahi ere, eragin positiboa izango du Oriaren itsasadarreko kontserbazio bereziko eremuaren helburuei dagokienez.

    Gernikako herriguneko uholdeen aurkako defentsa (1293 kodea).

    Adierazi bezala, aurreikusitako jarduera gehienak aurreko zikloan ebaluatu dira, eta egindako aldaketek ibai-dinamika berreskuratzea ahalbidetuko dute. Ingurumen-azterketa estrategikoak ez du aurreikusten eragin negatibo gehigarririk, aurreko zikloan aintzat hartutakoetatik aparte. Nolanahi ere, justifikatu egin beharko da planteatutako jarduketek ez diotela eragiten ES2130006 eta ES2130007 kontserbazio bereziko eremuei (Urdaibaiko Ibai Sarea, eta Urdaibaiko Itsasertzak eta Padurak, hurrenez hurren), ez eta ES0000144 hegaztientzako babes bereziko eremuari ere (Urdaibaiko Itsasadarra), eta, halakorik balute, dagokien ingurumen-ebaluazioa egingo zaie.

  1. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak (ingurumen-azterketa estrategikoaren 6. apartatua).

    Hala araudia nola Plan Hidrologikoaren neurri-programako jarduerak ur-masek eta ur-ekosistemek jasaten dituzten presioak eta inpaktuak prebenitzeko, minimizatzeko edo zuzentzeko neurriak dira, eta egoera ekologiko ona lortzea dute xede.

    Gainerakoan, egokitzat jotzen dira Plan Hidrologikoan gaineratzen diren babes-, zuzenketa-, konpentsazio- eta jarraipen-neurriak, bai orokorrak, bai neurri estrukturalen barruko espezifikoak. Neurri horiek ingurumen-azterketa estrategikoan eta indarrean dagoen araudian aurreikusitakoaren arabera gauzatuko dira, betiere hala eskatzen duten proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan hartu beharreko beste neurri batzuen kalte gabe.

    Nolanahi ere, gogoeta eta gomendio hauek ere egiten dira:

  1. Ingurumen-helburuak betetzeari buruzko neurriak.

    1. Neurriak gauzatzeari buruzko diagnostikoa kontuan hartuta, 2027. urterako Plan Hidrologikoaren ingurumen-helburuak lortu ahal izateko, hirugarren plangintza-zikloan beharrezkoa da atzerapen handiena duten ardatzen inbertsioak gauzatzeko erritmoa azkartzea. Funtsezkoa da aurrera egitea, bai hiriko hondakin-urak saneatzeko eta arazteko oinarrizko azpiegiturak ezartzeari eta hobetzeari dagokionez, bai gaur egun saneamendu-sarera isurtzen ez dituzten aglomerazioak lotzeari dagokionez.

    2. Era berean, hirugarren plangintza-ziklo honetan, nabarmen egin beharko litzateke aurrera Busturialdeko hornidura-arazoak konpontzeko bidean, Oka arroko emari ekologikoei eustearekin bateragarri egiteko; izan ere, haren sare hidrografikoa integratuta dago Biosferaren Erreserban eta Natura 2000 Sareko Urdaibaiko Ibai Sareko kontserbazio bereziko eremuan.

    3. Positiboki baloratu behar dira emari ekologikoak ezartzeko plangintzaren bigarren zikloan egindako ahaleginak, hau da, itun-prozesuen bidez indarrean dauden aprobetxamenduetan egindakoak. Era berean positiboki balioesten dira emari ekologikoak perfekzionatzeko lanak, hots, habitataren eta espezie sentikorrenen eskakizun ekologikoen azterketen bidez eginak. Hirugarren plangintza-ziklo honetan, hitzarmen-prozesua berrikusteari ekin beharko litzaioke hobekuntza horrek eragindako emakidetan.

    4. Plangintza Hidrologikoari buruzko Erregelamendua onartzen duen 907/2007 Errege Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, esandako plangintzan lehentasuna emango zaio Natura 2000 lekuetan emari ekologikoak mantentzeari.

    5. Bestalde, plangintza hidrologikoaren instrukzioa onartzen duen irailaren 10eko ARM/2656/2008 Aginduaren arabera, eremu babestuetako emari-erregimena erabakitzea eta ezartzea ez da eremu babestuaren luze-zabalera soilik mugatuko; aldiz, babestutako eremutik kanpora egon arren, esandako eremu horretan inpaktu adierazgarria izan dezaketen sistema hidrografikoko beste elementu batzuei ere eragingo die.

    6. Beharrezkoa da, ahal den neurrian, emari ekologikoak betetzen direla zaintzen jarraitzea eta areagotzea, jarraipenerako puntu eta baldintza hidrologikoak handituz eta behin eta berriz ez-betetzeak detektatu diren aprobetxamenduak kontrolatuz (Urola, Deba, Artibai eta Oka), betiere arreta berezia ipiniz aprobetxamendu hidroelektrikoei eta hiri-aprobetxamenduei.

  2. Muturreko fenomenoen aurreko segurtasunari buruzko neurriak.

    1. Positiboki balioesten da uholdeen aurkako babesaren eta ibilguetako, estuarioetako eta kostaldeko uren baldintzak babestearen arteko koordinazio-estrategiak finkatzea, dela gainazaleko ur-masen garapen berriak uholde-arriskuaren arabera baztertzearen bidez, dela naturan oinarritutako babes-neurrietarako alternatibak bilatzearen bidez, hala nola estaldurak kentzea, meandroak berreskuratzea eta uholde-lautadak baliatzea uraldiak laminatzeko. Neurri horiekin ibai-konektibitatea eta -dinamika berreskuratzen dira, eta, aldi berean, ibai-ekosistema eta padura-ekosistema lehengoratzen dira.

    2. Natura 2000 Sareko lekuren baten eta beste gune babestu batzuen eremuari eragiten dioten jarduketa estrukturalek, nahitaez hartu beharreko prebentzio- eta minimizazio-neurriez gainera, barnean hartuko dituzte biodibertsitatean ondorio positiboak eta ebaluagarriak izango dituzten neurriak eta kontserbazio bereziko eremuak/hegaztientzako babes bereziko eremuak kontserbatzeko xedeak lortzen laguntzen dituzten neurriak; esate baterako, espazio horiek kudeatzeko tresnetan aurreikusitako jarduketak.

  3. Gobernantzari buruzko neurriak.

    1. Industriako hondakin-urek arazketa-sistemetan sortzen dituzten arazoei dagokienez, beharrezkoa da administrazioaren koordinazioa eta lankidetza indartzea, guztia ere bermaturik gera dadin teknika erabilgarri onenak baliatzen direla ingurumen-baimen bateratuetan eta ingurumen-baimen bakarretan, karga kutsatzailea ahalik eta txikiena izateko eta jatorrian arazketa bultzatzeko. Era berean, beharrezkoa da inplikatutako erakundeen ikuskapena indartzea, gainezkatze eta ibilgura zuzenean egindako isurketa gertakari sistematikoak eta isurketa-baldintzen ez-betetzeak detektatzeko.

  4. Arau-atala.

    1. Ingurune hidrikoari lotuta dauden kontserbazio bereziko eremuetarako (KBE) eta hegaztien babes bereziko eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen dituen martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan ezarritako Natura 2000 Sareko ur-baliabideetako espazioak babesteko arauek babes-maila osagarria ematen diote aipaturiko espazio horiei. Ildo horretan, modu positiboan balioesten da Araudiaren 17.3 artikuluaren edukia, zeinean hauxe jasotzen baita: «Babestutako Eremuen Erregistroko eremuetarako definituriko ingurumen-helburuek osatu egiten dituzte haiei dagozkien ur-masen helburu orokorrak; ildo horretan, eremu horiek izendatzeko legerian aurreikusitako helburuei ez ezik, eremu horiek babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko tresnak ezartzen dituztenei ere egiten diete erreferentzia».

    2. Beharrezkotzat jotzen da azpiegitura linealen eraikuntza ahalik eta gehien urruntzea ibaiertzetatik eta estuarioetatik, eremu urbanizatuetatik kanpoko pasealekuak eta bizikleta-bideak barne. Jarraibide hori bereziki kontuan hartu behar da Natura 2000 Sareko espazioetan, martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  5. Hurrengo plangintza-zikloari dagokionez:

    1. 2022-2027 aldirako ziklo honetan egoera ekologikoari eta egoera kimikoari buruzko helburuak betetzen diren heinean, eta Plan Hidrologikoko Neurrien Programak gainazaleko ur-masen alterazio morfologikoei buruzko atalean jasotzen denari men eginez, komenigarria litzateke hurrengo plangintza-zikloan inbertsio-ahalegina esparru hauetara bideratzea: ibaien, hezeguneen eta estuarioen gainazaleko ur-masen eta horiekin lotutako ekosistemen ezaugarri morfologikoak lehengoratzeko edo hobetzeko neurrietan antzemandako defizitak arintzera, ahal den tarteetan.

      Herriguneen zati askotan gertatzen diren aldaketak atzeraezinak direla kontuan hartuta, inguruko eremuetan edo berroneratzeko eta uraldiak laminatzeko potentzial handiena duten landaguneetan egin behar dira. Oztopoak iragazkortzeari dagokionez, aukera dagoen guztietan, neurri horiek lehenetsi beharko dira Natura 2000 Sarean, Plan Hidrologikoaren Neurrien Programak berak ezartzen duenari jarraikiz.

    2. Beharrezkotzat jotzen da ur-masen ertzetan nekazaritza- eta baso-erabilerarako mugak berriro nabarmentzea, Plan Hidrologikoaren araudian jasota dauden ibaien eta hezeguneen ertzetako landaredia leheneratzen laguntzeko. Era berean, ur-inguruneari lotutako Natura 2000 Sareko espazioen kontserbazio-neurrietan eta Plan Hidrologikoko Neurrien Programan bertan aurreikusten den bezala, beharrezkotzat jotzen da zenbait neurri bultzatzea Administrazioak balio ekologiko handiko finkak eskuratzeko edo errentan, gozamenean, zortasunean edo antzeko beste figuraren baten bidez hartzeko, bereziki, oso mehatxatuta dauden fauna- eta flora-espezieentzako gune kritikoak ageri direnean edo gune kritikotzat jotzen direnean, edo aukera-irizpideek hala gomendatzen dutenean (ibai-basoak, ur bilduak, urpeko basoak, aintzirak eta abar dituzten tarteak).

      Onartu berri den Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 9/2021 Legeak baso-kudeaketako tresnen ingurumen-ebaluazioa aurreikusten du, baita esku-hartze nabarmenago batzuk ere, hala nola mozketa handiak eta birpopulatzeak. Espero izatekoa da ebaluazio horiek lagungarriak izatea arroen funtzionamendu hidrologikoa hobetzeko, ibaiertzeko ekosistema babesteko eta erreken ohantzeetan inpaktuak saihesteko edo, gutxienez, gutxitzeko.

    3. Azken urteetan aldaketak gertatzen ari dira lurzoruaren erabileretan edo sortzen ari diren proiektuen sustapenean, eta horiek kontuan hartu beharko lirateke hurrengo plangintza-zikloari begira; horien artean nabarmentzekoak dira, esaterako, isurialde atlantikoan eukalipto-landaketak egiteko azalera handitzea edo ur-masei eta biodibertsitateari nabarmen eragin diezaieketen energia berriztagarrien proiektuak hedatzea, hala nola zentral hidroelektriko itzulgarriak eta ur-xafletako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak.

      1. Ingurumena zaintzeko programa (ingurumen-azterketa estrategikoaren 7. apartatua).

        Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuaren 87. eta 88. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, haren jarraipena egitea aurreikusten du plan hidrologikoak. Era berean, 2015-2021 Plan Hidrologikoaren ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio-azterlanean jasotako adierazle-sistemarekin jarraitzea proposatzen du.

        Ondorioz, planaren ingurumen-jarraipena Plan Hidrologikoaren berezko jarraipenean txertatzen da, uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuaren 87. artikuluan xedatutakoaren arabera.

      2. Ingurumen-alderdiak planean integratzea (ingurumen-azterketa estrategikoaren 9. apartatua).

        Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta irizten dio behar bezala justifikaturik dagoela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2020ko urtarrilaren 22ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuaren ingurumen-irizpideak Plan Hidrologikoan, Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planean eta Lehorteetarako Plan Berezian txertatzea.

        Plan hidrologikoak txertatu ditu ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak, irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

        Bigarrena. Gehienez ere bi urteko epea ezartzen Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoa, Alerta-egoeretan eta balizko lehorteetan jarduteko Plan Berezia eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana onartzeko (2022-2027 aldiko plangintza-ziklorako), zeinak Uraren Euskal Agentziak sustatuak baitira, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen eremuan. Epe hori igaro eta ez badira onetsi planak, amaitu egingo da ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia, eta ez du ondorerik izango hortik aurrera. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den adosten haien indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

        Laugarrena. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

        Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 4a.

        Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

        Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

        AMAIA BARREDO MARTÍN.