Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bitartez aldatzen baita Ingurumen sailburuordearen 2002ko ekainaren 4ko Ebazpena, Ortuellako (Bizkaia) BTB Orkonerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko plantaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 3911
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/28
  • Argitaratze-data: 2022/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2002ko ekainaren 4an, Ingurumeneko sailburuordeak Ortuellako (Bizkaia) BTB Orkonerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko plantaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen.

2022ko maiatzaren 12an, Ortuellako (Bizkaia) BTB Orkonerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko plantaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzeko eskaera osatu zen, airearen kutsaduraren arloko baldintzei dagokienez.

Aldaketa-eskaera justifikatzeko, adierazi da jardueran teknika hobeak sartu direla hauts-isuriak murrizteko prozesuan, bai eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenean eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2014ko ekainaren 4ko ebazpenaren bidez emandako AKDJ baimenean hauts-kontrolari buruz eskatutako kontrolak desberdinak direla ere. Halaber, gaineratu da AKDJ baimenak airearen kalitatearen arloan indarrean dagoen araudi berria jasotzen duela.

Eskaera ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzeko prozeduraren esparruan egin da. Prozedura hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan dago araututa.

Artikulu horri jarraituz, 2022ko maiatzaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko izapideari ekin zion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak badituela behar adina judizio-elementu indarrean dagoen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatu behar diren ala ez erabakitzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluaren arabera.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren baldintzak aldatu ahal izango dira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenak ezarritako baldintzak betetzea ezinezkoa edo alferrikakoa bada, aldaketa eskatutako unean eskura dauden teknika berri eta hobeen erabilpenak bideratzen duelako ingurumena hobeto eta egokiago babestea, hasieran ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egindako proiektu edo jarduerak baino; edo ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzen dela egiaztatzeko jarraipena egitean detektatzen bada prebenitzeko, zuzentzeko edo konpentsatzeko hartutako neurriak nahikoak ez direla, beharrezkoak ez direla, edota eraginkorrak ez direla.

Ingurumen-organoaren iritziz, egokia da Ortuellako (Bizkaia) BTB Orkonerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko plantaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzeko eskaera, ingurumen-organoak jardueran esku hartzeko dituen erregimenen ondorioz atmosfera-kutsaduraren arloan behin eta berriz gerta daitezkeen neurriak eta kontrolak saihesteko aukera ematen duelako.

Espedienteko agiri teknikoak eta txostenak aztertuta, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz organo eskuduna baita (68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), ebazpen hau ematen du, xede honekin: Ingurumeneko sailburuordeak Ortuellako (Bizkaia) BTB Orkonerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko plantaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko 2002ko ekainaren 4ko ebazpenaren bidez egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren apartatu batzuk aldatzea.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Aldatzea Ingurumeneko sailburuordearen 2002ko ekainaren 4ko Ebazpenaren, Ortuellako (Bizkaia) BTB Orkonerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko plantaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duenaren, 2.c.2.2 (Hauts-isuriak gutxitzeko neurriak) eta 2.c.4 (Hautsaren kontrola) apartatuak. Honela idatzita geratuko dira:

2c.2.2. Airearen kutsadura prebenitzeko neurriak.

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa).

Ustiategiak atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena du, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2014ko ekainaren 4ko Ebazpenaren bidez emana. Ebazpen horren bidez, baimena ematen zaio Bizkaiako Txintxor Berziklategia AB, SA enpresari atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatu ditzan, Ortuellako udalerrian (Bizkaia) eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko eta material balorizatuak saltzeko instalaziorako.

Aurrekoari eta dagokion baimenean azaldutakoari kalterik egin gabe, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:

Emisioak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira, eta instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak, zamalanetarako guneak, pilaketa-eremuak, etab.). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak aldizka garbituko dira, eta ibilgailuak gidatzeko abiadura murriztuko da.

Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta, horiek gauzatzeko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

Materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

Aire zabalean ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko klima-baldintza txarrak egonez gero (haize bolada handiak, euriteak eta abar).

Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin. Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, egiaztatuko da ureztatzeko puntu egokietan kokatuta daudela eta jarduerak eskatzen duen behar besteko maiztasunarekin lan egiten dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin.

Plantaren instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egingo dira aldian behin, arestian deskribatutako prebentzio-neurrien betetze-maila egiaztatzeko.

«2d.4. Airearen kutsadura kontrolatzea.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2014ko ekainaren 4ko Ebazpenean aurreikusitako kontrolak egingo dira. Ebazpen horren bidez, baimena ematen zaio Bizkaiako Txintxor Berziklategia AB, SA enpresari atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatu ditzan, Ortuellako udalerrian (Bizkaia) eraikuntza- eta eraispen-hondakinak birziklatzeko eta material balorizatuak saltzeko instalaziorako».

Bigarrena. Aditzera ematea proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko diola noiz hasiko den jarduerarekin lotuta ezarritako baldintzaren aldaketa.

Hirugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 28a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik