Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Basauriko (Bizkaia) «01 Azbarren bizitegi-eremua» hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 3909
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/26
  • Argitaratze-data: 2022/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko apirilaren 29an, Basauriko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Basauriko «01 Azbarren bizitegi-eremua» hiri-antolamenduko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko ekainaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Basauriko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

01 Azbarren bizitegi-eremua hiri-antolamenduko plan berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Basauriko 01 Azbarren bizitegi-eremua hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua 01 Azbarren bizitegi-eremuaren barruko bizitegi-etxadia da, Basauriko hiri-antolamenduko plan orokorrak (aurrerantzean, HAPO) zehaztasunez mugatu eta antolatua. 2020ko abenduaren 29an behin betiko onartu zen (BAO, 16. zk., 2021eko urtarrilaren 26koa).

    HAPOk bizitegi-erabilera globala duen hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatzen du hizpide den eremua, non bizitegi-erabilera bereizgarriko sei partzela definitzen baitira gizarte-babeseko etxebizitza-erregimenean (NJ-1, NJ-2, NJ-3, NJ-4, NJ-5 eta NJ-6), eta zuzkidura-bizitokien lurzati bat (NJ-AD). 345 etxebizitza eta 38.314 m2-ko eraikigarritasuna ezartzen ditu gehienez.

    Planaren helburua da indarrean dagoen antolamenduaren ondoriozko bolumenak berrantolatzea, hasieran aurreikusitako higiezinak orain sustatu nahi diren alokairuko babes publikoko etxebizitzen estandarretara egokitzeko. Eraikuntza-tipologia aldatzeak etxebizitza-kopurua handitzea ahalbidetzen du, lurzatien lerrokadurei eta HAPOk esleitutako eraikigarritasun osoari eutsita.

    Zehazki, NJ-3, NJ-4, NJ-5, NJ-6 eta NJ-AD eraikinen altuera murrizten da, eta oinplanoko okupazio berri bat baimentzen da. Sestra gaineko erabilera publikoko zortasunari eusteko, arkupeak antolatuko dira, baldin eta eraikuntza-proiektuek goiko solairuetako okupazioa agortzen badute. Planak etxebizitza kopurua % 20 handitzea ahalbidetzen du, eta gehienez 416 etxebizitza antolatu.

    01 Azbarren eremuko zuzkidura publikoak mantenduko dira, eta urbanizazio-proiektuak diseinatuko du, azkenean, espazio publikoa.

    Jarraian, antolatutako lurzatietarako zehaztapen espezifikoak laburbiltzen dira:

    NJ-1 eta NJ-2 bizitegi-eraikinak ez dira aldatu behar, etxebizitza-kopurua handitzeko aukera berdintzeaz gain. 2S+PB+5+BC profila izango dute. Beheko solairua merkataritza-lokaletarako izango da.

    NJ-3, NJ-4, NJ-5 eta NJ-6 eraikinen gehieneko altuera murriztu egingo da, B+6ra lehenengo biena, eta B+7ra azken biena. Eraikinen kota mailakatu egingo da, lurraren morfologiara egokitzeko. Metro Bilbaoren trenbidea eremuaren azpitik doanez, eraikin horien sestra azpiko solairua bakarrera murriztuko da, eta, beraz, aparkaleku kopurua etxebizitza bakoitzeko 0,9 aparkaleku izatera murriztuko da.

    AD eraikuntzaren profila B+6 izango da, baina altuera bat gehiago izan dezake. Eraikuntzaren bolumena aldatuko da, NJ-5ekin duen tartea handitzeko. Lehen justifikatu den bezala, solairu bakarra antolatu da sestra azpian.

    Alternatibei dagokienez, 0 alternatibaz edo ez esku-hartzeaz gain, garapen-alternatiba bakarra aztertzen da (1. alternatiba), bizitegi-lurzatien konfigurazioari, kokapenari, posizionamenduari eta eraikigarritasunari eusten diena, indarrean dagoen antolamendu xehatuaren arabera. Horren aurrean, eraikuntza-bolumena soilik birkonfiguratuko da, eta etxebizitza gehiago egitea ahalbidetuko da. 1. alternatiba hartzea justifikatzen da, indarrean dagoen HAPOn zehaztutako zehaztapenak mantentzen dituen heinean. Gainera, etxebizitza kopurua handitzea ahalbidetzen du, eta eraikuntza- eta mantentze-kostuak murriztu.

    Plana garatzeko, eremua urbanizatzeko jarduketa-programaren arabera jardungo da. 2019ko apirilean onartu zen behin betiko programa (2019ko apirilaren 24ko BAO, 77. zk.), eta haren edukiak ez du plana aldatzen. Era berean, dagozkion urbanizazio-proiektuak idatziko dira.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua 19.723,75 m2-ko bizitegi-etxadi bati dagokio, hiri-lurzoru finkatugabe gisa kalifikatuta dago, eta Basauriko HAPOk xeheki antolatua. Planak eraikuntza-bolumena aldatzen du, etxebizitza gehiago egiteko aukera emanez, HAPOk zehaztutako gainerako parametroak mantenduz, hasieran aurreikusitako higiezinak alokairuko babes publikoko etxebizitzen estandarretara egokitzeko, eta horrek eraikuntza- eta mantentze-kostuak ere murriztuko lituzke. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta dagoen lurzoru artifizializatua okupatzea dakar, eta garapen berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, indarreko plangintzan jada bazeudenez gain, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kultura-ondareari, eta, batik bat, kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Lehen esan bezala, etxebizitza berrien eremuan eragin akustikoa murrizteko neurri egokiak ezarri beharko dira.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremua 01 Azbarren bizitegi-eremuaren barruko bizitegi-etxadi bati dagokio, eta 19.723,75 m2-ko azalera du. Basauri iparraldean dago; ETSk kudeatutako trenbide-lineekin muga egiten du iparraldean eta ekialdean, Uribarri hiri-bidearekin hegoaldean eta Matxitxako bidearekin mendebaldean.

      Eremua artifizializazio-maila handiko hiri-ingurune batekin bat dator. Ekialdeko erdian, gaur egun, antolamenduz kanpoko erregimeneko bizitegi-eraikin bat dago, lehen hainbat eraikinek okupatutako lursail eraldatuekin batera. Bestalde, mendebaldeko erdian kamioientzako aparkaleku bat dago, baina horren inguruan, Matxitxako kalearen eta trenbideen ondoan, landaredi-masa bat dago.

      Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Eremuan ez da ur-ibilgu iraunkorrik identifikatu. Ibaizabal ibaia, Nerbioi II ur-masa gisa identifikatua, eremutik 250 metrora baino gehiagora dago iparraldera.

      Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masan dago, eta zati batean bat dator Balmaseda-Elorrio Kuaternarioko lurpeko ur-masen sektorearekin. Ez dago interes hidrogeologikoko gunerik, eta ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroan sartutako elementurik.

      Eremua Basauriko ikuspen-arroan dago kokatuta, oso paisaia-balio txikia du, eta oso arrunta da.

      Eremuko landaredi nagusia erruderala eta nitrofiloa da, belarkara eta zuhaixka itxurakoa, lurzoruen alterazio-maila handia dela eta. Ildo horretan, flora aloktono inbaditzailearen ale ugari ere identifikatu dira, hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Fallopia japonica. Gainera, ipar-mendebaldeko muturrean espezie autoktonoen hostozabalen masa txiki bat dago.

      Ez dago interes geologikoko tokirik, ez eta naturagune babesturik, Batasunaren intereseko habitatik, espezie mehatxaturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Hezegunerik ere ez dago.

      Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu, ez eta bestelako babes-erregimenik ere.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia da. Nabarmentzekoa da eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dagoela, mota industrialekoa; 48015-00012 lurzatia, zehazki.

      Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia iparraldera doazen lineen trenbide-trafikoa da, baita eremua mugatzen duten bideen ibilgailuen trafikoa ere. Basauriko Zarataren Maparen arabera (2019an egin zen), hizpide den eremua bizitegi-eremu akustiko batean sartzen da (A motakoa), eta eremua ETSren zortasun akustikoko eremuan sartzen da. Aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzen arabera, gaur egungo egoeran gainditu egiten dira A motako eremu akustikoetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuari jarraikiz, eta etorkizun hurbilean gainditzen jarraitzea aurreikusten da.

      Aurrekoakontuan hartuta, Plana garatzearen ondoriozko jarduketen inpaktuak urbanizatzeko eta eraikitzeko obrak egiteari lotuta egongo dira. Jarduketa horien ondorioak hainbat izango dira: lurzorua okupatzea; hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea; makinen joan-etorriak, kalteak lurzoruetan istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrengan eragindako eragozpenak, dagoen landaredia kaltetzea, eta abar.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailean (48015-00012 kodea) egindako esku hartzeari jarraipen berezia egin beharko zaio, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudea daitezen.

      Etorkizuneko egoeraren azterketa akustikoaren emaitzen arabera, gainditu egiten dira etorkizuneko garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak eta A motako eremu akustikoak (bizitegi-erabilera), bai kanpoan, bai fatxadan. Eremua trenbide batetik 75 metrora baino gutxiagora dagoenez, azterlanak eremuko bibrazio-mailen ebaluazioa jasotzen du. Eskuratutako emaitzek bibrazioen muga-balioen gainetik dauden mailak adierazten dituzte.

      Neurri zuzentzaile gisa, azterketa akustikoak aintzat hartzen du eremuaren iparraldeko mugan, trenbideen aurrean, pantaila akustiko bat jartzea. Maila akustikoen murrizketa oso txikia dela adierazten du, eta ez dela neurri bideragarri bat, ez teknikoki, ez ekonomikoki. Horrenbestez, ondorioztatzen du eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu batean sartu beharko dela, eta fatxadako isolamendua izango dela eraikinen barneko ingurunerako KAHak betetzea ahalbidetuko duen neurria. Azkenik, etxebizitzen barruko espazioari aplika dakizkiokeen bibrazio-mailak betetzeko behar diren egiturazko neurriak zehaztuko direla adierazi du.

      Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, egungo antolamendu onartuarekin dauden eraginak kontuan hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura- eta kultura-ondareari, paisaiari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da kalteak orain daudenen antzekoak izango direla.

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuz gero, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmena izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Basauriko 01 Azbarren bizitegi-eremua hiri-antolamenduko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

      Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:

      Kutsatuta egon daitezkeen kokaguneak: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen lurzatian egin nahi diren jarduketetan. Hortaz, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

      Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

      Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Aldaketaren xede den lurzatia ETSren trenbidearen zortasun akustikoko eremuan dagoenez, azaroaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30.3 artikuluarekin bat etorriz, Zortasun akustikoko eremuan hiri-garapen bat egiten baldin bada, artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako ikerketa akustikoari buruzko agiriak bidali beharko dizkio toki administrazioak hiri-garapenaren titular den pertsonari edo erakundeari, betiere, dagokion hirigintza-tresna hasiera batez onartu aurretik. Aipatutako agiri horiek jaso ondoren, dekretu honetan aurreikusitako hots-kutsaduraren erregulazioari buruzko nahitaezko txostena egingo du hiri-garapenaren titularrak.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Basauriko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterrena egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

Barnealdearen kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Basauriko «01 Azbarren bizitegi-eremua» hiri-antolamenduko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Basauriko Udalari.

Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, «01 Azbarren bizitegi-eremua» hiri-antolamenduko plan berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik