Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arruti Catenaria SA enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean sustatutako trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko egikaritze- eta jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 185
  • Hurrenkera-zk.: 4173
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/26
  • Argitaratze-data: 2022/09/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko apirilaren 29an, Mungiako Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Arruti Catenaria SA enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean sustatutako trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko egikaritze- eta jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legeari jarraituz egin da, eta, lege horrek arautu gabeko alderdietan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, 2022ko maiatzaren 24an, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zen ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Indarrean den legean aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, betiere, honako hauek zehazteko: proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txostenaren arabera, edo proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzakeelako. Proiektua abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; zehazki, lege horren II. eranskineko 5. taldeko e) epigrafean dago jasota. Era berean, jarduera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E 5c epigrafean dago, «Trenetako materiala fabrikatzeko instalazioak» izenekoan.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Arruti Catenaria SA enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean sustatutako trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko egikaritze- eta jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, honela:

  1. Proiektuaren helburua trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko jarduera bat instalatzea da.

  2. Ebazpen honetan, Arruti Catenaria SA enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean sustatutako trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko egikaritze- eta jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena emateko, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Jarduera Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdeko Makoaga bideko 1ean dagoen lurzatian egingo da, pabiloi berri batean. Lurzatiak lehendik dagoen bidearekin egiten du muga bere perimetroan, hegoaldean izan ezik; azken horretan, espazio librera zuzenduta dagoen Belako industria-sektoreko P35 lurzatiarekin egiten du muga.

      Proiektatutako eraikinak 4.405,85 m2-ko azalera eraikia du, 3.462,54 m2-ko solairuko okupazio-azalera, eta bi eraikuntza-bolumen bereizi ditu, mehelinez lotuak, horietako bat bulegoetarako, eta, bestea, ekoizpen-gunerako. Bulego-eraikinak beheko solairua, lehen solairua eta bigarren solairua izango ditu; industria-pabiloiak, berriz, altuera bakarra. Eraikina sarrerako lerrokadura nagusitik atzera eramango da, kamioien maniobretarako eta zamalan-kairako lekua uzteko.

      Lurzatiak dagoeneko etorkizuneko iturgintza-, saneamendu-, klimatizazio-, aireztapen-, sute-, elektrizitate- eta telefonia-instalazioetarako beharrezko hargune guztiak ditu.

      Arruti Catenaria SAren ekoizpen-prozesuak honako fase hauek ditu:

      Lehengaia jasotzea: aluminioa eta aluminio-brontzea lingote moduan jasotzen dira, baita hodiak eta jada manufakturatutako beste pieza metaliko batzuk ere. Manufakturatutako piezak zuzenean mekanizatzera pasatzen dira; lingoteak, berriz, galdaketa-prozesura.

      Galdaketa: instalazioak 3 labe izango ditu. Aluminiozko eta brontze-aluminiozko lingoteak urtzeko labe elektrikoetara pasatzen dira horietako bik 150 kW-eko potentzia dute, hirugarrenak, berriz, 100 kW-ekoa. Galdaketa-ahalmena egunean 5 tonatik beherakoa da.

      Maskorreko moldekatzea: galdaketaren ondoren, lortutako galda maskorretara isurtzen da. Horiei aldez aurretik desmoldekatzaile-/pintura-geruza fin bat aplikatzen zaie, eskuzko pistola baten bidez, ondoren piezak errazago ateratzeko. Desmoldekatzailea aplikatu ondoren, maskorrak berotu egiten dira, berogailu elektrikoen bidez.

      Hainbat erabilera-zikloren ondoren, maskorren gainazalari itsatsitako desmoldekatzailearen geruza kendu egin behar da, beraz, horiek hareazko granailatzeko makina batetik igarotzen dira.

      Isurbideak ebakitzea: piezak hoztu ondoren, isurbidea kentzen da, zerra baten bidez. Sortzen diren ebakinak ondorengo galdaketetan berrerabiltzen dira.

      Urrats horren ondoren, piezak kanpoko tailerretara bidaltzen dira. Han, bizarrak kentzen zaizkie, leundu egiten dira, eta, behar izanez gero, azaleko tratamendu bat ematen zaie.

      Mekanizazioa: erosten diren pieza konformatuak eta azpikontratatutako enpresetatik itzultzen diren pieza galdatuak mekanizazio-prozesuetatik igarotzen dira. Puntzonatzeko makina bat, lau zulagailu, CNC zentro bat, tornu bat, kobrezko hodiak ebakitzeko makina bat, ebakitzeko zerra bat, esmerilagailu bat eta markagailu bat daude. Mekanizazio-zentroek, zulagailuak eta tornuak ebaketa-likidoa erabiltzen dute, piezak berotzea saihesteko. Ekipo osagarri gisa, eskuzko soldadurako bi postu daude.

      Kasu batzuetan, piezei leuntze-prozesu bat egiten zaie, gainazalari akabera hobea emateko. Leungailuak xurgatze-sistema bat du, leuntze-prozesuan sortutako hautsa bildu eta ontzi batean biltegiratzeko.

      Muntatzea: azkenik, piezak eskuz muntatzen dira, muntaketa-eremuan.

      Biltegiratzea eta bidaltzea: muntatu ondoren, piezak paketatu, biltegiratu eta bezeroari bidaltzen zaizkio.

      Instalazioaren ekoizpen-ahalmena 50.000 pieza-unitatekoa da. Konposite-isolatzaileak, sekzio-isolatzaileak, besoak, grapak, zorroak, mentsulak eta portikoak egiten dira.

      Instalazioak urtean 35.000 kg aluminio-lingote eta 2.000 kg aluminio-brontze lingote prozesatuko ditu galdaketa-prozesurako, eta, horrez gain, manufakturatutako piezak.

      Instalazioak funtzionatzeko erabiliko den energia elektrikoa da eta urtean 450.000 kW kontsumituko duela kalkulatzen da.

      Instalazioan udal-sareko ura kontsumituko da, erabilera sanitariorako. Urtean 320 m3 kontsumituko dela aurreikusten da.

      Arruti Catenaria SAk ez du industria-urik sortzen. Labeetako hozte-urak industrialdeko euri-uren kolektorera eramaten dira; hondakin-ur sanitarioak, berriz, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kudeatzen duen udal-kolektorera.

      Isuri atmosferikoak honako prozesu hauek sortzen dituzte: galdaketak, desmoldekatzailea aplikatu eta maskorrak granailatzeak, isurbideen ebaketak eta piezak mekanizatu eta leuntzeak.

      Jarduketan honako hondakin hauek sortzen dira nagusiki: metalen galdaketako aluminio-zepak, piezen mekanizazioan erabilitako ebaketa-likidoa, makinen mantentze-lanetan erabilitako olioak eta piezen ebaketa eta mekanizazioan sortutako metalezko txirbilak.

      Jarduketa martxan dagoenean bestelako hondakin hauek ere sortzen dira: piezak leuntzean sortutako hauts metalikoaren hondakinak, metalezko ontzien hondakinak, aerosol huts kutsatuak eta xurgatzaileak eta trapu kutsatuak.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Hiri-lurzoru industrial batean garatuko da jarduera, industria-jarduerak egiteko beharrezkoak diren azpiegitura eta zerbitzuak dituen lurzati partzialki urbanizatu batean.

      Gaur egun, eraginpeko lurzati osoko landaredia, nagusiki, Cortaderia selloana eta Robinia pseudoacacia espezie inbaditzaile aloktonoz osatuta dago. Horiez gain, Belako industrialdearen zati hori urbanizatzeko obrak amaitu ondoren lursaila kolonizatu duten lahardiak eta bestelako belarki erruderal nitrofilo multzoak daude.

      Ez proiektuaren eraginpeko eremuan, ez haren inguruan, ez dago naturagune babesturik edo natura-interes handikorik, proiektua gauzatzearen eta etorkizuneko industria-jardueraren eraginpean egon daitekeenik, eta ez dago ez Batasunaren intereseko habitatik, ezta espezie mehatxatu edo babestuen banaketa-gunerik ere.

      Ibilgurik hurbilena Trobika erreka da, baina jardueraren ipar-mendebalderantz 400 metro baino gehiagora dago. Kokalekua, industrialdearen zati bat eta ingurua interes hidrogeologikoko eremu batean daude (URA0410G kodea). Akuiferoen kutsadura-arriskua txikia da.

      Pabiloi industrialak okupatuko duen lurzatiaren zati bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dago. (Geoiker 48069-00058 kodea). Hala ere, ingurumen-dokumentuan adierazten denez, inbentario horretan jasotako Arruti Catenaria SAren lurzatiaren zatia katalogotik kanpo uztea egokia zela erabaki zuen ingurumen-organoak, 2021eko irailean.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektu mota eta horren ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean sortuko diren inpaktuak pabiloi berria eraikitzeko lur-mugimenduen ondorio izango dira eta, sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren arabera, ez dira handiak izango, lurzatia urbanizatuta baitago.

      Zarata sortzea eta atmosferara hautsa igortzea izango dira obra faseko aldi baterako beste ondorio batzuk.

      Jardueraren funtzionamendu-fasean, atmosferara partikulak isurtzea, zarata sortzea eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua izango dira inpaktu potentzial nagusiak.

      Ingurumen-dokumentuan, atmosferarako isurketak ahalik eta gehien murrizteko neurri zuzentzaileak jasotzen dira; besteak beste, granailatzeko guneetan, leuntzeko makinetan eta esmerilagailuan hautsa biltzeko eta arazteko gailuak jartzea.

      Zaratari dagokionez, sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren arabera, pabiloiaren itxituraren isolamendu akustikoak 60 dBA-ko edo gehiagoko murrizketa akustikoa egingo du, pabiloiaren barrualdetik kanporako edozein emisio akustiko arintzeko adinakoa; beraz, jarduerak jarduera berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak beteko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

      Lurzorua eta urak babesteko, pabiloiaren zolata hormigoi armatuzkoa izango da, 20 cm-ko lodierakoa, kuartzo-korindoizko akabera talotxatua izango du eta zolataren azpian polietilenozko xafla bat jarriko da. Hondakinen eta produktu kimikoen biltegiratzeetan atxikipen-kubetak izango dira.

      Jarduerak ez du isuri likidorik sortzen ekoizpen-prozesuan. Komun eta aldageletako isuriak industrialdeko sare orokorrera bideratzen dira.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Arruti Catenaria SA enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean sustatutako trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko egikaritze- eta jarduera-proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Honako atal hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora. Obren lekutik gertu ez badago lan horiek egiteko azpiegitura egokirik, berariazko gune bat egokitu beharko da. Gune horrek mugatuta egon behar du eta zoru iragazgaiztua eduki behar du, baita efluenteak jasotzeko sistema bat ere, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.

      Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Hormigoi-upelak espresuki horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-garbiketako esnea ezingo da inola ere kontrolik gabe isuri.

      Funtzionamendu-fasean, instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

      Pabiloiko zoladura baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat egongo da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material-partikulak airera ditzaketen eremuetarako.

      Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran.

      Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueretarako Instalazioak Arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

      Jardueraren funtzionamendu-fasean atmosfera babesteko neurriei dagokienez, beste baimen batzuek ezartzen dutenari kalterik egin gabe, atmosferara ahalik eta kutsatzaile gutxien isuri behar dira, nahiz kanalizatuak, nahiz barreiatuak, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz.

      Isurketak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira eta fabrikaren instalazioetan aldizkako ikuskaritzak eta mantentze-jarduerak egingo dira, ezarritako prebentziozko neurrien betetze-maila egiaztatzeko.

      Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

      Obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz jardungo da.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Pabiloia eraikitzeko lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Horri dagokionez, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

      Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden hots-kalitatearen helburuak ez gainditzeko moduan.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Bai pabiloia eraikitzeko fasean, bai jarduera martxan dagoen bitartean sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, hala nahastea ekiditeko, nola, obran edo instalazioan bertan ez badira berrerabiliko, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Obren paisaia-integraziorako neurriak.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Eraikuntza-proiektuak pabiloi industrialari lotutako lurrak paisaiara egokitzeko beharrezkoak diren aurreikuspenak barneratuko ditu, eremuan integratu daitezen.

      Lorategi-eremuak berriz landareztatzeko irizpideak bat etorriko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratutako agiri hauetan ezarritako irizpideekin:

      Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Espezie apaingarriak hautatzeko gida (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.a zenbakia), 2017ko apirilekoa.

      Era berean, jarduketa-eremuetan hautemandako landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko jarduerak egingo dira.

      Jarduera uztea.

      Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, ingurumen-organoari emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Arruti Catenaria SA enpresak Mungiako (Bizkaia) Belako industrialdean sustatutako trenbideko katenariarako eta ukipenezko aireko linearako burdineria eta mota guztietako osagarriak diseinatu, fabrikatu eta hornitzeko egikaritze- eta jarduera-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik