Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amurrion (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 3910
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/26
  • Argitaratze-data: 2022/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko maiatzaren 10ean, Amurrioko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honetan: Amurrion (Araba) Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Amurrioko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Amurrioko Ekiola parke fotovoltaikoaren plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jaso du:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, HAPO) behin betiko onarpena amaitzear dago, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen aldeko txostena baitu; beraz, Udalak laster behin betiko onartuko duela aurreikusten da. Nolanahi ere, Plan Berezi hau behin betiko onartzeko, Amurrioko HAPO behin betiko onartu beharko da.

    HAPO horren arabera, Planaren eremua lurzoru urbanizaezina da, eta Z-7 eremutzat hartzen da: Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak eta landazabala. Trantsizioko landa-paisaia. Eremu horretan daude onartuta A motako zerbitzuen instalazio teknikoak eta, besteak beste, energia elektriko berriztagarria ekoizten duten zentralak.

    Nolanahi ere, lurzoru urbanizaezinean parke fotovoltaikoaren erabilera ezartzea interes publikokotzat deklaratu behar da dagokion foru-aldundiaren (kasu honetan, Arabako Foru Aldundiaren) ebazpen bidez, Euskadiko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 28.5 artikuluan eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

    Hori horrela, planaren xedea da 20.828 m2-ko azalera duen hirigintza-eremu bat mugatu eta antolatzea, kalkuluen arabera 1,7 MWp-eko ekoizpen-helburua izango duen eguzki-instalazio fotovoltaiko bat ezarri ahal izateko.

    Planaren xede den lurzatia Amurrioko udalerrian dago, hego-mendebaldean, eta Aldaiturriaga industrialdetik hurbil. Aldapa txiki bat (mendebalde-ekialdea) duen mendi-hegal baten gainean dago lursaila, punturik garaienean, iparraldean, +279 kotaren eta punturik baxuenean, udal-errepidearen ertzean (Aldaiturriaga kalea), +256 kotaren artean. Eremua 13,2 kV-ko linea elektriko bikoitz batek zeharkatzen du airetik, eta instalazio fotovoltaikoa bertara konektatu nahi da. Aldaiturriaga kalearen paraleloan, Planaren lursailaren ertzean, doan aireko telefonia-linea bat dago.

    Planak instalazio fotovoltaikorako gehieneko lerrokadurak eta itxitura perimetralerako edo hesirako gehieneko muga ezartzen ditu, dagoen linea elektrikoak sortutako zortasuna errespetatuz.

    Parkera Aldaiturriaga kaletik sartuko da, dagoen dorre elektrikotik hurbilen dagoen puntuan; bertan kokatuko da, aurreikusten denez, transformazio-zentroa. Ia ez da espero ibilgailu-mugimendurik; izan ere, plakak mantentzeko (konponketa eta garbiketa) ibilgailuak baino ez dira aurreikusten, eta lan horiek noizean behin egingo dira.

    Plakak hegoaldera orientatuko dira, ahalik eta errendimendu handiena bilatuz, eta orografiara egokituko dira. Modulu fotovoltaikoek gutxi islatuko dute, itsualdiak saihesteko. Modulu fotovoltaikoen euskarri-egiturak altzairu ijeztuzkoak dira; korrosioaren aurkako babesa dute beroan galvanizatuta, eta material % 100 birziklagarria. Egitura orografiara egokituko da, zimendatzerik egin beharrik gabe, eraisten denean lursaila hasierako egoeran egon dadin.

    Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo esku ez hartzea aztertzen da, bai eta Aiarako kuadrillaren lursailen barruan aldez aurretik dauden beste alternatiba batzuk ere, hainbat baldintzatzaileri erantzunez: lurzoruaren jabetza, orografia laua, 20.000 m2 inguruko azalera, linea elektrikoetatik hurbil egotea eta ahal dela antropizatua den eta nekazaritza-erabilerarik ez duen lurzoruaren erabilerari eustea.

    0 alternatiba baztertu da, Planaren helburuei erantzuten ez dielako eta energia berriztagarria ekoizten duelako, atmosferara CO2 isurtzea saihestuz. Kasu honetan, ohiko energia fosilek sortutako isurketekin alderatuta, 420 tona CO2 isurtzeari utziko zaiola kalkulatzen da.

    Azkenik, alternatiben ingurumen-azterketak bi kokapen posible ditu ardatz: 1. alternatibari dagokiona, geldoen zabortegi zahar baten gainean kokatua, Laudion, hau da, lurzoru antropizatuaren gainean Arabako Foru Aldundia da horren titularra, eta 2. alternatiba deritzona, Amurrion. Hori da, azkenean, Planak garatuko duena. 1. alternatiba nagusiki plangintza- eta ekonomia-arrazoiengatik baztertu da.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazio bat ezartzeko esparrua finkatzen du. Plana obrak gauzatzeko proiektu baten bidez garatuko da. Dokumentuak etorkizunean planaren edo programaren esparruan gauzatuko den proiektu motari buruzko nahikoa informazio jasotzen du, eta nahikoa da egiaztatzeko ez dela beharrezkoa izango haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planak Euskadiko 2030erako Energia Estrategian (3E2030) jasotako helburuei erantzuten die. Estrategia horrek energia berriztagarrien potentzia instalatua handitzea planteatzen du, energia-eredu jasangarriago bateranzko pausoak emateko.

        Lehen adierazi den bezala, Amurrioko HAPOa laster behin betiko onartuko dela aurreikusten da. Nolanahi ere, Amurrioko Ekiola parke fotovoltaikoa behin betiko onartzeko, udalerri horretako HAPOa behin betiko onartu beharko da.

        HAPO horren arabera, Planaren eremua lurzoru urbanizaezina da, eta Z-7 eremutzat hartzen da: Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak eta landazabala. Trantsizioko landa-paisaia. Eremu horretan daude onartuta A motako zerbitzuen instalazio teknikoak eta, besteak beste, energia elektriko berriztagarria ekoizten duten zentralak.

        Nolanahi ere, lurzoru urbanizaezinean instalazio fotovoltaikoa ezartzea interes publikokotzat deklaratu behar da Arabako Foru Aldundiaren ebazpen bidez, Euskadiko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 28.5 artikuluan eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

        Aurrekoa kontuan hartuta, ez da bateraezintasunik ikusten hierarkian gorago dagoen plangintzarekin, betiere aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen badira.

      3. Plana ingurumen-irizpideak barne hartzeko egokia den, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Planak energia berriztagarriko instalazio bat gauzatzea sustatzen du, beraz, ingurumen-onurak dakartza, garapen jasangarriari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari dagokienez.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak, bai eta ebazpen honetan zehaztutako zehaztapenak eta zuzenketa-neurriak betez ere, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den eremua lurzoru urbanizaezineko lurzati bat da, belardi batek okupatua, 20.828 m2-ko azalerakoa, Amurrioko udalerrian kokatua, udalerri horretako hirigunearen hego-mendebaldean eta bertatik 1.500 metro ingurura. Lurzatia Aldaiturriaga industrialdeari atxikita dago ia, industrialde horretako industria-pabiloien mendebaldean, eta udal-errepide batek bereizten du industrialde horretatik (Aldaiturriaga kalea). Iparraldean, hegoaldean eta mendebaldean, belardi eta larre atlantikoek okupatutako lurzoru urbanizaezinarekin egiten du muga, eta ekialdean, aipatutako bidearekin. Malda txiki bat (mendebalde-ekialdea) duen mendi-hegal baten gainean dago lursaila. 13,2 kV-ko linea elektriko bat dago; planaren xede den lurzatia iparretik hegoaldera zeharkatzen du.

      Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, interes naturalistikoko gunerik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Interes geologikoko lekurik ere ez da aurkitu, ezta babestutako kultura-ondarearen elementurik ere.

      Eremuaren sentsibilitatea txikia da instalazio fotovoltaikoak garatzeko, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak horretarako prestatutako tresnarekin eta Eusko Jaurlaritzak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» lanarekin bat etorriz.

      Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Eremuan ez dago ez ur-ibilgurik ez aldi baterako jariatze-urik, eta ez da beste eremu hezerik ezta ur-punturik ere aurkitu. Planaren eremutik hurbilen dagoen ur-ibilgua Nerbioi ibaia da: lurzatitik 350 metro inguru hegoaldera igarotzen da. Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua Mena-Urduña lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez dago interes hidrogeologikoko inongo eremutan kokatuta.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoak Planaren eremuan dauden landare-komunitateen karakterizazio bat ematen du, landa-lanean oinarritua; lan horretan jasotako datuen arabera, eremuan dagoen landaredia larratu gabeko sega-belardi atlantiko batek osatzen du, «altitude txikiko sega-belardi pobreak» Batasunaren intereseko habitat ez-lehentasunezkoarekin bat datorrena (COD 6510). Aipagarria da, halaber, lurzatiaren hego-mendebaldeko mugan heskai bat dagoela, zuhaitzez (erkameztiak, astigarrak eta lizarrak) eta zuhaixkaz osatua, tokiko landaredi potentzialaren adierazgarri. Ez da mehatxatutako flora- edo fauna-espezierik eta espezie inbaditzailerik hauteman.

      Arriskuei dagokienez, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Salgai arriskutsuak garraiatzearen ondoriozko arriskuari dagokionez, lurzatiaren ekialdeko erdiak arrisku ertaina du, ADIFek kudeatzen duen Castejón-Bilbao trenbidearen 200 metroko afekzio-bandaren barruan baitago; lurzatiaren gainerakoak salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arrisku txikia du. Eremuak ez du uholde-arriskurik eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

      Planaren eraginpeko eremua «Nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak eta landazabala. Trantsizioko landa-paisaia», EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Planaren arabera; beraz, ez zaie eragiten balio estrategiko handiko lurzoruei. Onura publikoko mendiei ere ez zaie eragiten.

      Paisaiari dagokionez, nekazaritza-erabilerako eremu bat da ibai-jabarian belardiak eta labore atlantikoak nagusi dira bertan, EAEko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoan eta Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoan katalogatuta ez dagoen ikuspen-arro batean.

      Eremuaren eta Plana garatzeko jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, obra-fasean gertatuko dira inpaktu esanguratsuenak, ezaugarri naturalak eta kontserbazio-interesetik kanpo ez dagoen landare-estaldura dituen 20.828 m2-ko lurzoru bat okupatzearen ondorioz. «Altitude txikiko sega-belardi pobreak» Batasunaren intereseko habitat ez-lehentasunezkoa izan daiteke (COD 6510). Hala ere, sustatzaileak aurkeztutako proposamenarekin bat etorriz, instalazioa orografiara egokituko da, eta, beraz, ez dago aurreikusita lur-mugimendu esanguratsurik edo zimendatzerik egitea, lurzoruaren okupazio hori aldi baterakoa eta itzulgarria izan dadin, eta lurrak hasierako egoerara itzuliko dira instalazioak desegin ondoren. Era berean, ez da bide berririk irekiko, ezta instalazio fotovoltaikora sartzeko pistarik ere.

      Instalazioan sortutako energiaren ebakuazioari dagokionez, instalazio fotovoltaikoa Planaren lurzatitik igarotzen den linea elektrikora konektatzea aurreikusi da, eta, beraz, ez da aireko linea berririk sortuko, eta, horrela, horiek sor ditzaketen inpaktuak saihestuko dira.

      Ustiapen-fasean dauden inpaktuei dagokienez, garrantzitsuena eguzki-planta fotovoltaikoaren presentziak sortutako paisaia-afekzioarekin lotuta dago; sustatzaileak aurkeztutako azterlanaren arabera, parke fotovoltaikoaren ikusgarritasuna oso mugatua da, eta ez dio eragiten inolako paisaia-berezitasun edo -mugarri aipagarriri. Amurrioko herrigunetik ezin da ikusi, eta Aldaiturriaga kaletik oso gutxi ikusten da; beraz, kale horrekin muga egiten duen lurzatiaren ertzean 2 metro inguruko altuera duen zuhaixka-ilara bat landatuko balitz, panelak ezin izango lirateke bertatik ikusi. Beraz, instalazioa arrazoizkoa da bere ingurunean.

      Bestalde, halako instalazio batek beste energia-alternatiba batzuen aurrean sortzen duen eragin positiboa baloratzen da.

      Hori dela eta, jarraian zehaztuko diren prebentzio-, babes-, zuzenketa- eta ingurumen-neurriak aplikatuta eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituenak kontuan hartuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Amurrion Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

      Plana garatzeko jarduketen eta eragindako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, jarduketa horiek gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, obren okupazio-mugen kontrolarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, natura-baliabideen (landaredia eta fauna basatia) gaineko eraginen prebentzioarekin eta eragindako lurrak lehengoratzearekin.

      Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

      Instalazio fotovoltaikora lehendik dagoen bidetik sartuko da; halaber, parkearen barruko bideak, behar izanez gero, lur edo zagor trinkotuetan egingo dira asfaltatzea saihestuko da horrela.

      Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira lehentasunez; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Landaredia kentzeko egin behar diren lanak, kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da.

      Inola ere ez zaie eragingo lurzatiaren mendebaldeko mugan kontserbatzen den espezie autoktonoen heskaiei. Nolanahi ere, arreta handiz jokatu beharko da landare-formazioaren osotasunari ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta heskai hori osatzen duten elementu naturalak zuhaitzak eta zuhaixkak) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

      Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lur mugimenduak egitean ahalik eta hondakin fin gutxien isuriko dira drainatze sarera. Obretatik datozen solido esekiz beteriko jariatze-urak ibilguetara eta beste ur-puntu batzuetara ez iristeko behar diren prebentzio-neurriak hartu beharko dira.

      Landare-lurra gaika kenduko da zangak, azpiestazio elektrikoa, bideak eta, oro har, lur-mugimenduak egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.

      Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

      Lurzatiaren ekialdeko mugan landare-pantaila bat jarriko da, eta tokiko landaredi potentzialaren berezko zuhaixka-espezie autoktonoekin heskai bat osatu, eguzki-instalazioa Aldaiturriaga kaletik ahalik eta gutxien ikus dadin, instalazio fotovoltaikoaren ekoizpen-ahalmenean eragin nabarmenik izan gabe.

      Behar diren neurriak hartuko dira, bestalde, ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak ezabatzeko eta lur-mugimenduen bitartez hedatzea ekiditeko; orobat, kontrolatu egin beharko dira jarduketen eraginpeko lursailen lehengoratze-lanetan erabiliko diren mailegu-materialen eta landare-lurren jatorria eta osaera ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

      Hondakinen isurpenak eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura saihestea.

      Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredi naturala, ahal dela, ganaduaren larratzearen bidez kontrolatuko da, gehiegizko larratzea saihestuz. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.

      Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du; hesi-efektua saihestu behar du eta ingurunean integratu behar da. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak egindako txostenean proposatutako ezaugarrien arabera.

      Proiektuak sortuko duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioko eta azpiestazioaren inguruko argiztapena egokitu beharko da, faunaren gaineko eragina saihesteko. Erabiliko diren argiek argiztapen jasangarriko irizpideak barne hartu beharko dituzte, instalazioetako energia-kontsumoa murrizteko eta gaueko argi-kutsadura gutxitzeko.

      Panelek hegazti-faunan «dei-efektua» ez izateko eta instalazioaren eragin bisuala murrizteko, horiek jarri aurretik, sustatzaileak modulu fotovoltaikoei tratamendu kimiko anti-islatzailea emateko aukera aztertu beharko du, argia islatzea minimizatzeko edo saihesteko, baita ilargi beteko gauetan ere.

      Instalazioak uztea. Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak suntsitzeko lanetarako babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuz egingo dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amurrion Ekiola parke fotovoltaikoa ezartzeko plan bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Amurrioko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Amurrioko Ekiola parke fotovoltaikoaren plan berezia onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik