Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez argitaratu egiten da enplegu-nitxo berrien eremuan lanbide-konpetentziei buruzko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2022. urterako deialdia, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendua, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 165
  • Hurrenkera-zk.: 3738
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/21
  • Argitaratze-data: 2022/08/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko uztailaren 20an hartutako erabaki baten bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak honako hau onartu du: enplegu-nitxo berrien eremuan lanbide-konpetentziei buruzko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen 2022. urterako deialdia, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendua, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) atalean xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

Lehenengoa. 2022rako deialdi bat argitaratuko da, enplegu-nitxo berrien eremuan lanbide-konpetentziei buruzko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzei buruzkoa, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendua, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu baitzuen 2022ko uztailaren 20ko bileran hartutako Erabakiaren bidez. Deialdia ebazpen honen eranskin moduan jasota dago.

Bigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntzen deialdia onartzeko hartutako erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

Deialdi honek gaur egun enplegu-nitxo berriekin lotutako hainbat jarduera ekonomikotan enplegua sortzeko dauden aukerak azpimarratu nahi ditu, trantsizio energetikoari, trantsizio digitalari eta gizarte-kohesioari lotutako erronkei erantzuteko.

Euskadi Next, Euskal Autonomia Erkidegoaren suspertze, eraldatze eta erresilientziarako inbertsio-programan jasotzen denez, erronka nagusia Euskal Autonomia Erkidego berde, digital eta inklusibo bat eraikitzea da. Enplegua sortzen duen suspertze ekonomikoa bizkortzearen garrantzia planteatzen da, eraldaketa ekologiko, digital eta soziosanitarioa ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa onartuz, ingurumen-irizpideak balioa sortzeko lehia-faktore gisa integratuta.

Horretarako, espezializazioko hiru lehentasun estrategiko argi ezartzen dira: digitalizazioa eta berrikuntza, adinekoen osasuna eta zaintza, eta trantsizio energetiko ekologikoa. Azken horrek arlo hauek hartzen ditu barruan: habitata eta hiri-berrikuntza, mugikortasun jasangarria, energia berriztagarriak sortzea, ekonomia zirkularra, habitat naturala, eta hondamendi naturalak prebenitzea.

Egungo gizartea, oro har, eraldaketa digital sakon, atzeraezin, dinamiko eta aldakorreko prozesu batean murgilduta dago, aurrekaririk gabeko eta oraindik zehaztu gabeko ondorioak dituen garapen teknologikoko testuinguru baten barruan. Digitalizazioak lan-merkatuan dituen ondorioek, historiako eraldaketa handietan bezala, langileen gaitasunak berregituratzea dakarte, erakundeen maila guztietan. Espero da enplegu berriak sortzea, beste batzuk suntsitzea eta ia guztiak birkonfiguratzea.

Giza faktorea, berriz ere, ekonomia digitala erabat garatzeko funtsezko elementuetako bat da, eta eragina du sektore teknologikoaren hazkunde-ahalmenean, bai eta enpresa ez-teknologikoen konpetentzia digitaletan ere. Trebetasun digitalak dituen giza kapitalaren ikuspegitik, lan-merkatuan sartzen ari direnak edo epe laburrean sartuko direnak hartu behar dira kontuan, baita lanean ari diren eta gaur egun beren lanbide-jarduna gauzatzen ari diren langileak ere, zeinek askotan aldizkako jarduera baitute, lan-merkatura sartu eta handik irteten. Aintzatetsia da giza faktorea prestakuntza-faktore erabakigarria dela enpresen eta ekonomia osoaren lehiakortasunerako, haien produktibitatea ezin baita hazi biztanleria aktiboaren kualifikazioak handitzen ez badira.

Halaber, ez da ahaztu behar ekonomiaren eta gizartearen digitalizazio-mailak eta teknologiaren erabilerak, produktibitatean, lehiakortasunean eta berrikuntzan ez ezik, ongizatearen eta gizarte- eta kultura-garapenaren mailetan ere eragina dutela, aldaketa teknologikoaz gain, aldaketa soziala eta kulturala ere gertatzen baita.

Izan ere, adinekoen zaintzaren eremuan digitalizazioa oso garrantzitsua da erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko. Azken urteotan arlo horretan ezarri diren aurrerapen eta konponbide teknologikoek lagundu egiten dute mendeko pertsonak monitorizatzen eta galerei, despisteei, erorketei eta pertsona zaharrenen egunerokoan gerta daitezkeen gertaerei aurrea hartzen eta horien aurrean jarduten, pertsona horiei komunikazioa eta laguntza hobetzen lagunduz eta haien bakardadea murriztuz telelaguntza bezalako metodoen bidez. Era berean, adinekoen aisialdiaren eta entretenimenduaren munduaren barruan, erabilera, joko, aplikazio eta formatu digital ugari daude, eta komeni da kolektibo horren artean zabaltzea, narriadura kognitiboa moteltzeko, autonomia pertsonala indartzeko eta, oro har, bizitza entretenigarriagoa egiteko.

Ezaguna da biztanleria-piramidearen zahartzeak adinekoen beharrak asetzera bideratutako jarduera ekonomikoak ekarri dituela berekin. Jarduera horiek beren etxeetan bizitzen independenteak izaten jarraitzea dute helburu. Ildo horretan, garrantzi berezia du etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, esku-hartze pertsonalizatua eta etxearen eremurako egokia bermatu behar baitu, pertsonak egoitza-zentro batean sartzeak eragiten duen deserrotzea prebenitzeko. Horregatik, hainbat erronka planteatzen dira, hala nola teknologia berrien aprobetxamendua prestazioan eta sektorearen profesionalizazioan.

Helburua da emakumeen ahalduntzearen eta zaintzaren sektorea profesionalizatzeko, kalitatezko eskaintza egituratzeko eta eskaria sendotzeko oinarriak jartzea, bai eta aukerak eta palankak identifikatzeko lana egitea ere; horri esker, profil profesional berriak sortu ahal izango dira zaintzaren esparruan.

Trantsizio energetiko ekologikoaren erronkari dagokionez, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) Enplegu Berdearen definizioaren barruan sortzen ari diren sektore berriak bezala jasotzen dituen jarduera-eremu hauek identifikatzen dira:

Hiri-berrikuntza.

Mugikortasun jasangarria.

Energia berriztagarriak.

Ekonomia zirkularra.

Habitat naturala eta hondamendi naturalen prebentzioa.

Hiri-berrikuntza jasangarriaren eremuari dagokionez, azpimarratu behar da EAEko egoitza-sektorea eraldatu egin dela, etxebizitza-parkearen ezaugarrien portaera apurka-apurka hobetu egin baita, bizigarritasun- eta irisgarritasun-parametroei eta energia-kontsumoari edo CO2 isuriei dagokienez. Eraldaketa hori oin berriko eraikuntza-jardueraren garapenarekin lotuta dago, bai eta birgaitzeko esku-hartzeekin ere, jasangarritasunari dagokionez egungo mailak baino askoz ere handiagoak diren exijentzia eta irismena ezarriz.

Gaur egungo higiezinen parkearen ezaugarri nagusia antzinatasuna eta berrikuntza eskasa dira. Hori dela eta, eraikinak ez dira oso eraginkorrak energiaren ikuspegitik, eta horrek zaildu egiten du pobrezia energetikoari irtenbidea ematea. Horregatik, eta ekonomia iraunkorraren esparruan, EBk eraikin publikoak zein pribatuak birgaitzeko planak bultzatzen ditu, milaka lanpostu sortu ahal izateko.

Nabarmentzekoa da eraikinen birgaitzea oso intentsiboa dela eskulanean. Esku-hartze horien inpaktuak garraio-azpiegituretan inbertsio berarekin sortutakoak baino 5 aldiz ahalmen handiagoa du enplegua sortzeko. Enplegua sortzeko gaitasuna % 30 handitzen da sortutako zeharkako enplegua ere kontuan hartzen bada, eta sortutako enplegu gehiena tokikoa ba; oro har, modu homogeneoan banatzen da lurraldean, eta ETEek eta profesionalek garatzen dute.

Hala ere, eskumen-arrakalak konpondu beharreko oztopo bat dira, sortzen ari den ingurumen-politika autonomikoetan, estatukoetan eta EBkoetan finkatutako ekonomia berde zirkularrak dakartzan enplegu-aukerak aprobetxatzeko.

Ildo horretan, 2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda. Ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzailea da hau, eta giza garapena sustatzera bideratuta dago, izaera jasangarriarekin, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren eremuan. Agenda hori Espainiako Gobernuak sinatu zuen, eta hura ezartzeko ekintza-plan bat ezarri zuen. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, 2018ko apirilaren 10ean, Gobernu Kontseiluak lehenengo Euskadi Basque Country 2030 Agenda onartu zuen, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Estrategiaren eta Gobernu Programaren arteko lerrokatze-maila islatzen duena.

NBEren arabera, ingurumen osasungarria funtsezkoa da Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuetako asko betetzeko. Urte hauetan beharrezkoa da lan-erritmoa bizkortzea eta gure gizarteak eta ekonomiak benetan eraldatzea, kutsadurari, klima-aldaketari eta biodibertsitatearen galerari irtenbide hobeak emanez.

Bestalde, 2020ko urtarrilaren 7an, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia onartu zuen. Estrategia horren xedea da, 2030erako, Euskadiren trantsizioa bultzatzea ekonomia zirkularraren eredu baterantz, eta Europan erreferentziazko eskualde gisa kokatzea; aldi berean, «espero du gure lurraldean emaitza positiboak lortzea hiru eremutan: Euskal enpresen fakturazioa handitzea produktu zirkularragoetan, 10.000 milioi euroraino, eta 3.000 enplegu sortzea ekonomia zirkularraren eremuan, eta % 26 murriztea kontsumoarekin lotutako karbono-isuriak».

Horrela, aukera ugari agertzen dira, eta enplegu berriak sortzen, bai ingurumenarekin lotutako sektoreetan, bai sortzen ari diren jardueretan, non gaur egun ez dugun produktuen ekodiseinua eta eraginkortasun materiala bezalako jarduera sendoturik. Gure erkidegoko langabezia-tasa jaisteko aukeratzat jotzen da, horrela tasa hori Europar Batasuneko balioetara hurbiltzeko, azken urteetako gure historiaren une askotan hain gertukoa izan baita.

2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiak gaur egungo joera handiak identifikatzen ditu, trantsizio teknologiko-digitalarekin, trantsizio energetiko-klimatikoarekin, gizarte- eta osasun-trantsizioarekin, eta horiek lan-merkatuan duten eragin itzelarekin lotuta, eta 2. bektore bat ezartzen du kalitatezko enplegu inklusiboan aurrera egiteko giltzarri estrategikoen artean, «produkzio-sistemara egokitzen den enplegu erresilientea» bultzatzea helburu duena. Aurreko Enpleguaren Euskal Estrategia 2020an, aukerak sortzeko ardatzaren barruan, bere helburuen artean jasotzen zen «enplegu berdearekin» lotutako kualifikazio berriak garatzea eta egungo kualifikazioak eguneratzea, ingurumen-ikuspegia zeharkakotuz, helburu izanik iraunkortasunak lehiakortasunerako eta enplegua sortzeko aukera gisa duen potentziala erabat aprobetxatzea.

Susperraldiaren eta erresilientziaren euskal programan (Euskadi Next) trantsizio teknologikorako, pertsonen zaintzarako eta energia ekologikoetarako jasotako programez gain, deialdi honek gaur egun ekonomia sortzaileak zerbitzuen sektorearen bultzadan faktore garrantzitsu gisa duen indarra ere jasotzen du.

2021. urtea Garapen Iraunkorrerako Ekonomia Sortzailearen Nazioarteko Urtea izendatu zuen NBEk, eta adierazi zuen sormen-industriak funtsezkoak direla garapen iraunkorreko agendarako, berrikuntza eta ekonomiaren dibertsifikazioa sustatzen dituztela, eta faktore garrantzitsua direla zerbitzuen sektore indartsuan, enpresa-espiritua babesten dutelako eta kultura-aniztasunari laguntzen diotelako.

Ekonomia sortzailea sormenaren eta giza ideien arteko elkarrekintzan eta jabetza intelektualean, ezagutzan eta teknologian oinarritzen da. Sormen-jarduera eta -industrien artean sartzen dira publizitatea, arkitektura, arteak eta lanbideak, diseinua, moda, zinema, bideoa, argazkigintza, musika, arte eszenikoak, argitalpenak, ikerketa eta garapena, softwarea, joko digitalak, argitalpen elektronikoak, telebista eta irratia.

Pandemiak eragindako koarentenak kultura-ekonomia sortzailearen zerbitzu eta produktuei balioa eman die, online kultura-jardueren kontsumoa handituz, hala nola zinema, nahierako telebista, musika-kontzertuak Internet bidez eta musika-kontsumoa plataforma eta sare sozialetan, irakurketa-produktuak, joko digitalak, argazkiak, argitalpenak eta audio- eta bideo-artxiboak, baita zuzeneko irratia edo artxibo digitalen deskargak ere.

Hala ere, osasun-krisiak eta jasan ditugun mugikortasun- eta lan-mugek atzerakada eragin dute sormen-industria horretan, eragin handia izan baitute jarduera publikoetan eta zuzeneko jardueretan, bai eta eduki berrien ekoizpenean ere. Merkatuak egungo eskasia arinduko duten edukien ekoizpen handiagoa eskatzen du, eta alor horretan aurkezten den edozein berritasunen aurrean adi dago. Horregatik, sormen-industriek, oro har, hazteko itxaropen handia dute epe labur eta ertainean. Gainera, balio erantsiko ekosistema sortzailea eratzen laguntzen duten eremuetan etorkizun onena duten jarduera ekonomikoetako bat dira, jabetza intelektualean eta egile-eskubideetan oinarrituta.

Nazioartean arrakasta izan duten adibide asko daude, hala nola Hego Korea, zeinak kulturaren, industriaren eta garapen teknologikoaren artean harreman estua ezartzea lortu baitu, emaitza harrigarriekin, eta Erresuma Batua, zeina barne produktu gordinari hainbeste laguntzen dion industria honetan tradizio nabarmena duen herrialdea baita.

Enplegurako lanbide-prestakuntza funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Testuinguru horretan, Akordio honetan finantzatzen diren prestakuntza-ekintzen bidez, aukera ematen da Euskal Autonomia Erkidegoko langileek, lehentasunez langabeek, prestakuntza-eskaintza bat izan dezaten konpetentzia digitalei dagokienez, pertsonen zaintzaren eta eraldaketa energetiko ekologikoaren esparruan, bai eta ekonomia sortzailearen eremuan ere, enplegagarritasuna modu eraginkorrean hobetzen laguntzeko.

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak (zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu) 2. artikuluan ezartzen duenez, Enplegurako Lanbide Heziketa da Lanbide Heziketaren sistemetako bat enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko (hurrenez hurren), prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta Enplegurako Lanbide Heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari (Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzen deialdiak onestea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onetsitako organismo autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan.

Enplegu-nitxo berrien eremuetako lanbide-konpetentzien prestakuntzara bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko martxoaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

2021-2024 Enplegu Plan Estrategikoak zehazten duenez, «trantsizio hirukoitza digital, energetiko-klimatiko eta soziodemografikoa gertatzen ari da, herrialdeen, negozioen, industrien, sozietateen eta pertsonen etorkizuna eraldatzeko gaitasuna duena, baina enplegua sortzeko aukera bat ere izan daitekeena; horretarako, beharrezkoa da pertsona prestatuak izatea». «Beharrezkoa da kualifikazio handiko eskulana, ondo prestatua eta moldagarria, eta biztanleria aktiboaren kualifikazioaren eta enpresen beharren arteko desorekak saihestea hiru trantsizioei lotutako profiletan».

Era berean, azpimarratu behar da Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak, Euskadiko kohesio soziala eta aurrerapen ekonomikoa indartzeko gobernantza onaren eta kontzertazioaren hiruko foro gisa, deialdi hau bultzatu zuela 2021eko lehenengo edizioan, langileak egungo trantsizio digitalean, ingurumenekoan eta demografikoan eskatzen diren profil eta konpetentzia profesional berrietara egokitzeko helburuarekin.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, 2022ko uztailren 20an hartutako erabaki baten bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu egin du enplegu-nitxo berrien eremuan lanbide-konpetentziei buruzko prestakuntza-ekintzak egiteko dirulaguntzen deialdia, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendua, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Hona deialdia:

  1. Deialdi honen xedea da 2022ko ekitaldian eman beharreko laguntzak arautzea, horien helburua izanik konpetentzia digitalak, pertsonen zaintzaren arlokoak, trantsizio energetiko-ekologikoaren arlokoak eta ekonomia sortzailearen arlokoak eskuratzeko eta hobetzeko prestakuntza-ekintzak finantzatzea, batez ere langabezian dauden langileei zuzenduta.

  2. Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 7.500.000 euro dira; horietatik 4.500.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 3.000.000 euro 2023ko konpromiso-kredituari.

    Baliabide ekonomiko horiek lurralde historikoen eta I. eranskineko prestakuntza-ekintzak biltzen dituzten multzoen arabera banatzen dira, dirulaguntza-lerro hauetan:

    (Ikus .PDF)

    Banaketa hori aldatu ahal izango da aurrekontu-kreditua agortzeko helburuarekin, dirulaguntza-lerroren batean soberan dauden baliabideak badaude, 8.6 artikuluan dirulaguntzak banatzeko aurreikusten diren baldintzen arabera.

  3. Deialdi honen xedean dauden dirulaguntzak osorik edo zati batean finantzatu ahal izango ditu Europako Gizarte Funtsak, 2014-2020ko EAE EGF Programa Operatiboaren esparruan, REACT-UE ardatzaren barruan, Europar Batasunak COVID19 pandemiari eman beharreko erantzunaren baitan, 2021-2027ko EAE EGF Plus Programak kofinantzatuta.

  1. Deialdi honetako laguntzen onuradun izan ahalko dira prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, baldin eta dirulaguntza argitaratu baino lehen akreditatuta edo/eta inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-erakundeen erregistroan, autonomia-erkidegoko enplegurako prestakuntza-erakundeen beste edozein erregistrotan edo Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan.

    Deialdi hau argitaratu baino lehen egiaztatu behar da, halaber, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak ematen direla dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planaren barruan. Gainerako prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeak izena emanda egon beharko du eskabidea aurkezten denean.

  2. Deialdi honetako dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta baliabide materialak eduki beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntza adjudikatu ondoren edukiko dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Ezin da azpikontratatu prestakuntza-jarduera egiteko zerbitzua. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea. Instalazio eta baliabide horiek norberarenak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoenak izan daitezke; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean eduki beharko dira.

    Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (erantzukizunpeko adierazpena eskabide-orrian jasota dago). Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku eduki beharko ditu adierazpen horretan bildutako datuak egiazkoak direla frogatzen duten dokumentuak.

  3. Ezingo dira onuradun izan honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

      Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direnez, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

    2. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

    3. Zigor-zehapena edo administrazio-zehapena ezarrita edukitzea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen diona, honako hauek barne:

      Sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

      Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiriko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarria, ebazpen irmo bidez.

    4. Legez ezarritako kausaren bat izatea, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten diona, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean aurreikusitakoak barne:

      Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

      50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ez edukitzea ezarrita sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

    5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen 3. atalean xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

  1. Prestakuntza-plana da parte hartzen duten pertsonen konpetentzia-beharrei erantzuteko antolatzen diren prestakuntza-ekintzen multzoa, azken helburua haien enplegagarritasuna hobetzea dela.

  2. Diruz lagundu ahal izango dira I. eranskineko multzoetan jasota dauden espezialitateen inguruko prestakuntza-ekintzak dituzten prestakuntza-planak.

    Era berean, 1. artikuluan jasotako enplegu-nitxoekin lotutako prestakuntza-espezialitate berrien programazioa eskatu ahal izango da, baldin eta espezialitate horiek Espezialitateen Katalogoan sartu badira edo bertan badaude eta erakundeak espezialitate hori inskribatuta badauka eskabidea aurkezteko unean.

  3. Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

    Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

    Prestakuntza ez-egiaztagarria edo inskripziokoa: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko. Honakoak hauek izan ahalko dira kualifikatzaileak edo ez-kualifikatzaileak.

  4. Prestakuntza emateko modalitatea.

    Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.

    Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle-talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.

  5. Prestakuntza-planak egikaritu behar dira dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi ondorengo egunetik 2023ko urriaren 14ra bitarteko epean (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanez kanpoko praktikak barne).

    Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2022ko ekitaldian hasi beharko da, eta, gehienez ere, dirulaguntza ematen duen behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabete igaro baino lehen.

  6. Prestakuntza-ekintzak onestean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide-kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.

    Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:

    1. Diruz lagundutako parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Parte-hartzaile gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.

    2. Salbuespen gisa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aurretik baimena emanez gero, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten pertsonentzako prestakuntza-ekintzetan: ekintza horiek 8 parte-hartzailerekin hasi ahal izango dira.

  7. Prestakuntza-ekintzaren zati teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.

  8. Prestakuntza-ekintza bakoitzaren iraunaldi osoaren % 25 betetzean, hasi diren parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko dute (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten partaideen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

Deialdi honen babespean diruz laguntzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute. Langabeen artean, iraupen luzeko langabeen kolektiboa da deialdi honen lehentasunezko kolektiboa.

Era berean, lanean ari diren langileek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, betiere prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 gainditu gabe. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada konparagarriak izan behar dute.

  1. Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duen prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

  2. Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen I. eranskineko multzoetan ezarritako modulu ekonomikoen arabera.

    Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak langileak (A) eta funtzionamendua (B) eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua.

    Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek ezin izango dituzte gainditu, inola ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena). Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak baino, azken horiek aplikatuko dira.

  3. Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-erakundeek. Inolako kasutan, ezin izango du prestakuntza-erakunde batek 300.000 euro baino gehiago jaso prestakuntza-planaren bidez, eta ez zaizkio onartuko 200 ordutik gorako espezialitate bereko hiru prestakuntza-ekintza baino gehiago eta 200 ordutik beherako espezialitate bereko lau prestakuntza-ekintza baino gehiago.

  1. Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari bidaliko zaizkio, eta elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

    Aplikaziora sartzeko aukerarik ez duten erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: https://www.lanbide.euskadi.eus/prestakuntza/-/informazioa/erakundeen-erregistroa/

    Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragai: https://www.euskadi.eus/servicios/1201002

  2. Dirulaguntza-eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  1. Oro har, laguntza aplikatuko den prestakuntza-plana, I. eranskineko multzo bakoitzean eman beharreko prestakuntza-ekintzak bereizita.

  2. Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

    9. artikuluaren A.3 atalean xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikuluan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.

    9. artikuluaren B atalean (B.1, B.2 eta B.3) eta D.1 atalean xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza-espezialitateko esperientzia egiaztatzen duena, III. eranskinean jasotako ereduaren arabera; LanF aplikaziotik ere atera daiteke eredua. Ziurtagiriak III. eranskineko ereduari jarraitu ahal izango dio, edo beste formatu bat izan, baina, kontuan har dadin, eredu horretan ezarritako eduki guztiak jaso beharko ditu.

  3. Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  4. Dirulaguntzaren eskabidean, prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematea jasotzen duenean, erakundeak baimena eman ahal izango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, azkenean dirulaguntza jasotzen badu, profesionaltasun-ziurtagiria hainbat prestakuntza-ekintzatan eta modulutan bereizteko, etengabeko ikaskuntza indartzeko, 13.2 artikuluan ezartzen den bezala.

  5. Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epealdian, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, hutsunea edo akatsa konpontzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.

  6. Eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Prozedura izapidetzeko organo eskuduna Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia.

  2. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

    Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzari banakako balorazioa egingo zaio.

  3. Eskabideak aztertzeko eta haien balorazioa egiteko, batzorde tekniko bat osatuko da. Batzordean honako kide hauek ariko dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduraduna, eta zerbitzu horretako bi teknikari. Ebaluazio-batzordeko kideen izenak EHAAn argitaratuko dira.

  4. Eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan ezartzen diren irizpideen arabera baloratuko ditu, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, behin-behinean onartzea edo ukatzea proposatzen diren ekintzak adierazita, dirulaguntza-lerroka multzokatuta.

    Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun baliodun emango dira erakunde interesdunek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabidean atzera egin dezaten, prestakuntza-planean behin-behinean onetsitako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

    Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa eskubiderik emango proposatutako erakundeei.

  5. Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

  6. Behin betiko ebazpenak dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa jasoko ditu, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere; hori guztia prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta (www.lanbide.euskadi.eus). Erakundeek 5 egun balioduneko epealdia edukiko dute prestakuntza-plan osoaren dirulaguntza onartzen dutela edo uko egiten diotela adierazteko modu telematikoan LanF aplikazioaren bidez. Epealdi horretan ezer adierazten ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da.

  7. Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

  8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

  9. Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasi diren eta oraindik izapidetzen ari diren itzulera- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

  10. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean berariaz adieraziko da finantzabideen zati bat Europako Gizarte Funtsetik datorrela, EGF+ Euskadi, 2014-2020 programaren REACT-EB ardatzaren esparruan, Europar Batasunak COVID-19aren pandemiari ematen dion erantzunaren barruan.

  11. Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da zer erakundek jaso duten dirulaguntzaren bat deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

  1. Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritakoaren arabera zuzentzeko epealdia amaitutakoan prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta horrela eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da. Aurkeztutako ekintzen eskabideak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.

  2. Ez dira finantzatuko balorazioan 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzak.

  3. Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, I. eranskineko multzoetan jasotako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.

  4. Erakunde eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

  5. Prozesuan, 5.3 artikuluan erakunde eskatzaileentzat aurreikusitako dirulaguntza-mugak hartuko dira kontuan.

    Espezialitate bakoitzeko gainditu ahal izango diren prestakuntza-ekintzen gehieneko kopurua honako hau izango da lurraldeka: Bizkaian 10, Gipuzkoan 8 eta Araban 7.

  6. Balorazio-fasearen ondorioz eskatutako ekintzen lehentasun-hurrenkerari jarraikiz emango dira dirulaguntzak, dirulaguntza-lerro bakoitzerako baliabideak agortu arte, 2.2 artikuluan aurreikusitako banaketaren arabera. Ekintzak lerroka esleitzeko prozesua egin ondoren, kreditu-soberakinak honela esleituko dira:

    Lehenik eta behin, lurralde historiko bakoitzeko lau lerroetako soberakinak gehituko dira, eta lau lerroetako edozeinetan finantzatzeke dauden lurralde historiko bakoitzeko puntuazio handiena duten eskabideei esleituko zaizkie.

    Ondoren, hiru lurralde historikoetako soberakinak batuko dira, eta, lehentasun-hurrenkerari jarraikiz, gainerako eskabideei esleituko zaizkie, lurralde historikoa edozein dela ere, kreditua agortu arte.

    Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskabide bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskaera bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

  7. Berdinketa gertatuko balitz, 9. artikuluan aurreikusitako honako balorazio-irizpide hauetan puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna, ordena honetan: B.1, B.2, B.3.1, B.3.2 eta A atala. Berdinketak bere horretan badirau, lehentasuna izango du prestakuntza jaso duten pertsonen kopuru handiena duenak, B.3.1ean jasoak, eta, azkenik, B.3.2n jasoak.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan (III. eranskinean zehazten dira):

Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdiei erreferentzia egiten zaien guztietan, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdi orokorrari dagozkion datuak hartzen dira kontuan, eta ez da beste deialdi zehatzagorik kontuan hartzen, hala nola kontratazio-konpromisoarena, proiektu bereziena, kualifikazio baxuko gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntzarena, etab.

Irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira. Eskatzailea sozietate-talde bateko kidea bada, taldeko erakundeen jarduna hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2. artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.

  1. Prestakuntzaren kalitatearen eta eraginaren adierazleak langabeentzako 2017ko eta 2018-2020ko lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan, eta erakundeak kalitatearekin duen konpromisoa. Gehienez 45 puntu.

    Horren xedea da enplegurako lanbide-heziketako 2018-2020ko eskaintzaren deialdian langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea baloratzea, bai eta enplegagarritasunaren eta laneratzearen aldetik izandako eragina ere, eta erakundeak kalitatearekin duen konpromisoa.

    1. Sintesi-adierazlea, lanbide-arloaren arabera: gehienez 15 puntu.

    Prestakuntza-erakunde batek langabeentzako 2017ko eta 2018-2020ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbesteko haztatua.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko du adierazle hori bere datu-baseetatik.

    Prestakuntza-erakunde batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

    Adierazle hori ezin izan bada lortu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, erreferentziako deialdian lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa, hartan parte hartzen duten prestakuntza-erakunde guztiek emandako ekintza guztietatik abiatuta.

    2. Enplegagarritasun-indizea, lanbide-arloaren arabera: Gehienez ere 25 puntu.

    Langabeentzako 2017ko eta 2018-2020ko prestakuntza-eskaintzaren deialdietan emandako prestakuntza-ekintzek lanbide-arlo bakoitzean lortutako enplegagarritasun-indizeen batezbesteko haztatua; 25 puntu gehienez.

    Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:

    Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),

    Non:

    Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: Prestakuntza arrakastaz amaitzen duten pertsonen kopurua zati prestakuntza-jarduera hasi duten guztizko parte-hartzaile kopurua.

    Prestakuntza-ekintzak bereizita egonez gero, prestakuntzaren emaitza positiboa izango da profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortzen bada, bai eta prestakuntza-moduluetako bat egiten bada eta horrela profesionaltasun-ziurtagiria lortzen bada ere. Ziurtagiri osoa egiten ez dutenek egindako moduluak gainditzen badituzte, «ama» ekintzan «Amaituta, gai» egoeran izango dira, zeren eta prestakuntza moduluka egin ahal baita eta ez baitu modulurik batere bertan behar utzi («Amaituta, gai» gainditutako moduluetan eta «Amaituta, ez gai» «ama» ekintzan, ez baitu profesionaltasun-ziurtagiri osoa gainditu eta ez baitu modulurik batere bertan behera utzi).

    Besteren konturako laneratzearen tasa: Prestakuntza-jarduera amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontraturen bat lortu duten pertsonen kopurua.

    Parte-hartze anitzaren tasa: prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, ikastaroa amaitu ondoko hamabi hilabeteetan enplegurako bigarren prestakuntza-ekintza bat hasten duten pertsonen kopurua.

    p1, p2 eta p3, tasa bakoitzari emandako pisuak dira, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik.

    Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hain zuzen ere, zenbat eta altuagoa izan espezialitatearen kalifikazio-maila, orduan eta handiagoa da laneratze-tasa, kalifikazioaren araberakoak baitira lanean aritzeko konpetentziak, hau da, lana aurkitzeko aukerak zehazten dituzten konpetentziak. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.

    (Ikus .PDF)

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz ateratzen du adierazle hori bere datu-baseetatik.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko eta 2018-2020ko deialdien babesean prestakuntza-erakundeek ez badute eman dirulaguntza eskatzen duten espezialitateari dagokion arloko prestakuntza-ekintzarik, 11 puntu aplikatuko dira.

    Aurreko deialdi horietan prestakuntza-ekintza bereiziren bat eman duten erakundeek 11 puntu lortuko dituzte, adierazlearen puntuazioa handiagoa ez bada.

    3. Kalitatearekiko konpromisoa: gehienez ere 5 puntu.

    Erakunde eskatzaileek lortutako kalitate-arloko aintzatespenak baloratuko dira, hain zuzen ere batzordeak balorazioa egiten duen egunean indarrean daudenak. Kudeaketa-kalitatearen aitorpenengatik, 4 puntu lortu ahalko dira gehienez; honako hauek baino ez dira baloratuko (EFQM eredukoak, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistemakoak eta ISO araukoak): EFQM +500 eta altuagoa eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, ISO 9001 eta Urrezko Q, Zilarrezko Q, eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma. Puntuaziorik handiena ematen duen ziurtagiria baino ez da baloratuko.

    Puntu gehigarri bana lortu ahal izango da ziurtagiri hauek edukitzeagatik: ISO 14001 ziurtagiria (Ingurumen Kudeaketako Sistemak), ISO 45001 ziurtagiria (Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak), eta OHSAS 18001 ziurtagiria ISO 45001 ziurtagiria lortzeko aldian.

  2. Prestakuntza-jardueren ondoriozko kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehienez 30 puntu.

    1. Esperientzia prestakuntza-espezialitatea ematen. Gehienez 5 puntu.

    Kontuan hartuko da eskatutako prestakuntza-espezialitate bereko prestakuntza-ekintzak ematen izandako esperientzia, 2018., 2017. eta 2016. urteetan langabeei edo landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan.

    2. Esperientzia lanbide-arloa irakasten. Gehienez 10 puntu.

    Kontuan hartuko da eskatutako prestakuntza-espezialitate bereko prestakuntza-ekintzak ematen izandako esperientzia 2018., 2017. eta 2016. urteetan langabeei edo landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan.

    3. Prestakuntza emateko kaudimen egiaztatua. Gehienez 15 puntu.

    3.1. 2018., 2017. eta 2016. urteetan, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan prestakuntza jaso duten pertsonen kopuruaren batezbesteko haztatua: 10 puntu gehienez.

    Kontuan hartuko da enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazioek 2018., 2017. eta 2016. urteetan onetsi zituzten langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan parte hartu dutenen kopurua.

    3.2. 2016 eta 2018ko landunentzako eskaintzaren deialdietako parte-hartzaileen batezbesteko haztatua: 5 puntu gehienez.

    Kontuan hartuko da landunei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketako eskaintzaren deialdietan parte hartu dutenen kopurua (prestakuntza amaitu duten guztiak); arlo horretan eskumena duten administrazioek 2018., 2017. eta 2016. urteetan onetsitakoak izango dira deialdi horiek.

    B atal honetako irizpideetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onetsitako deialdiei dagokienez, datu hori ofizioz ateratzen da haren datu-baseetatik. Beste administrazio publiko eskudun batzuen (autonomia-erkidegoak edo, hala badagokio, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) deialdien kasuan, 6. artikuluaren 2.2.b) atalean horretarako ezarritako ziurtagiria aurkeztu beharko du erakunde eskatzaileak.

  3. Eman beharreko prestakuntza-espezialitateak dibertsifikatzeko adierazlea. Gehienez 5 puntu.

    1. 2021ean enplegu-nitxo berrien deialdian erakunde berari onartu ez zaion prestakuntza-espezialitate bat eskatzea. 2 puntu.

    2. 2021ean enplegu-nitxo berrien deialdian ezein erakunderi onartu ez zaion prestakuntza-espezialitate bat eskatzea. 3 puntu.

  4. Emakumeak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eskabideak: 7 puntu gehienez.

    1. Langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren 2018ko deialdian parte hartu duten emakumeak, emakume gutxi dauden lanbide-arlo batzuetan: Gehienez 5 puntu.

    Emakume gutxi dauden lanbide-arloetan, zenbat eta handiagoa emakumeen ehunekoa, positiboagoa balorazioa. Honako lanbide-arlo hauetan emango da balorazio positiboa emakumeen ehunekoa handia izateagatik: AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, SEA, TMV.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, datu hauek beraren datu-basetik ateratzen dira ofizioz.

    Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 2.2.b) atalean aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

    2. Desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzak: 2 puntu.

    2 puntu jasoko dituzte desgaitasunen bat duten pertsonentzat soilik diren prestakuntza-ekintzen eskabideek.

  1. Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

    1. Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egiteko agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

    2. Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, beren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

    3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

    4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

    5. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskabidea aurkeztu badute, edo eskabidea erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

  2. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonek profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailetarako. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

  3. Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, eta behar diren bermeekin.

    Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat ere egingo da aurretik, ekintza baliagarria dela ziurtatzeko eta ekintza kualifikatzaileen helburuak lortzeko behar diren ezinbesteko ezagueren maila finkatzeko, honako printzipio hauekin bat etorriz;

    Aurretik Lanbideko teknikariekin adostu behar da.

    Beraren xedea izango da prestakuntzari etekina ateratzeko behar diren gutxieneko ezagutzak modu objektiboan ebaluatzea.

    Prestakuntza-zentroko instalazioetan egingo da. Inolaz ere ez da onartuko ezagutza-probatzat elkarrizketa egitea telefonoz edo prozedura telematiko baten bidez.

    Hautaketaren aurreko hautaproba ez da berez hautaketako prozedura. Izan ere, gainditzen duten parte-hartzaileak artikulu honen 5. puntuan ezartzen den lehentasunen hurrenkeran hautatuko dira.

    Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiria bada, ziurtagiri horretako konpetentziaren bat egiaztatua duten pertsonek ez dute egin beharko proba, eta maila bereko edo goragoko mailako lanbide-arlo bereko ziurtagiria dutenek ere ez.

    Proba hori LanF aplikazioaren atal egokian erantsiko da, prestakuntza-ekintzak burutzeko ematen diren jarraibideen arabera.

  4. Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, eta etengabeko prestakuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:

  1. Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera bereizi gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nolanahi, enplegu eta prestakuntzako bideak erraztu beharrez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala landu beharrez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbideko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin eta modulua zeharkakoa bada eta profesionaltasun-ziurtagiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, lanbide-arlo berean.

  2. Modulutan banatutako profesionaltasun-ziurtagiri bat programatzen denean, 6.4 artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du, prestakuntza-bidea osatzen duten ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren, taldeka elkartuko dira hautagaiak, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko parte-hartzaileen azken hautaketa:

    Profesionaltasun-ziurtagiriaren lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehen prestakuntza-ekintza hori soilik falta zaienei emango zaie lehentasuna. Parte-hartzaileen bi tipologia horietako batean hautagai nahikorik ez badago, adierazitako ehunekoa aldatu ahal izango da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.

    Gainerako prestakuntza-ekintzetan, dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Azkenik, gainerako pertsonak sartuko dira, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.

  3. Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

  4. Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: AGA, ELE, ENA, EOC, FME, IEX, IFC, IMA, IMS, INA, MAM, SEA, TMV.

  5. Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, hurrenkera honetan:

  1. Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak:

    Kualifikazio-maila baxua duten pertsonak.

    30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna duten pertsonak.

    Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradunak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.

    Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

    Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak; horiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.

    Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.

    Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira, ahal dela.

  2. Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

  1. Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.

  2. Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.

  3. Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

  4. Hautatuak izan direnen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

    Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

  1. Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagunduko dituzte.

  2. Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko poliza sinatuko baitu Eusko Jaurlaritzak.

  3. Parte-hartzaileek, lehen eskola-egunean, ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte, eta jaso izanaren dokumentua sinatuko dute.

  4. Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

  5. Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatzen den arte, honako kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitu badute, eta horrek prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea galarazten badie, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

  1. Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

    1. Justifikatu gabe hilabetean hirutan baino gehiagotan ez agertzea.

    2. Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua edo justifikatu gabea.

    3. Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

  2. Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

    Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkez daitekeen.

    Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako hutsegiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

    Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

  1. Dirulaguntzaren onura jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintzak egin beharko ditu deialdi honetan ezarritakoari jarraikiz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera, eta erakunde autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) baliatu beharko du jakinarazteko prestakuntza-ekintza bakoitza hasi dela (hasiera-eguna baino 7 egun baliodun lehenago gutxienez), geroago aldaketak egon direla (gertatu eta berehala), eta ekintza amaitu dela. Halaber, parte-hartzaileen asistentzia kontrolatuko du. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epealdiaren barruan egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aurretik Lanbidek ez badu LanF aplikazioan Hasierako komunikazioa baimentzen.

  2. Profesionaltasun-ziurtagiri osoa emateko dirulaguntza eman bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagirian jasotako moduluak bezainbeste prestakuntza-ekintzatan bereizi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren eskabidean jasota badago erakundeak horretarako baimena eman duela, 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

    Modulu bakoitza banaka egin eta justifikatuko da.

    Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

    Modulu batean hasten diren pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbidea osatu ahal izateko.

    Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta haietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, 10.4.2 artikuluan araututako hautaketa-prozesuaren arabera.

    Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, baldin eta modulu horiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen badute.

  3. Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza ematen duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eduki beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.

  4. Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztiek baldintza berak edukitzea bermatzen bada. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

  5. Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago eman prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horien barruan daude, hala egokitzen denean, bai profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean lantokietan egiten den prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, bai profesionaltasun-ziurtagiriei ez dagozkien ekintzen praktiken orduak.

  6. Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, batez ere pertsona kalteberentzat direnak, prestakuntza eta bizitza pertsonala uztartzeko aukera eduki dezaten.

    Prestakuntza-ekintza hasitakoan, erregulartasunez emango da, eta prestakuntza-erakundeak ezin izango du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

  7. Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

    espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,

    ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

    behar diren babes-elementuak.

    Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

  8. Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

    Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara ikastaroa normaltasunez gauzatzea oztopatu gabe hari jarraitzeko eta etekina ateratzeko gai izan daitezen. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.

  9. Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

  10. Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Dokumentu horretan, datu hauek adieraziko dira gutxienez: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

  11. Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-eskumenak eskuratu direla egiaztatzeko.

    Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horien aplikazioak iraungo duen denbora (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatuko dira, eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

    Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

    Gaitasun-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.

    Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).

    Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, egiaztaezina» edo «ez gai».

    Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dituzte prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

    Ikastaroa bukatutakoan gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien egiaztapen partzial metagarria (EPM) emango zaie parte-hartzaileei, eta, hura osatu badute, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da.

    Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, behar izanez gero, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria ere bai.

    Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen erakundeak honako datu edo agiri hauek sartu beharko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

    Ikastaldia hasi aurreko 7 egun baliodunetan:

    Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF informatika-aplikazioan eskuratu ahal izango da).

    Erabiliko diren ebaluazio-tresnak, eta horiek zuzentzeko eta puntuatzeko euskarriak.

    Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun baliodunetan:

    Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoan eskuratu ahal izango da).

    Ebaluazio-aktak, beteta.

  12. Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezin izango dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Pertsona fisikoak kontratatzea baino ez da hartuko irakasleak kontratatzetzat.

  1. Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren praktika profesionalek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez. Epealdi hori 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du.

  2. Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:

    Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek nahikoak ez direla, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

    Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat (salbuespenak: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituenak, 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuespen-egoera batean dauden ikasleak).

    Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatzen denetik lau hilabete igaro baino lehen hasi behar dira lanbide-praktikak. Epealdi hori 3.5 artikuluan ezartzen denak baldintzatzen du.

    Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien lan egoera administratiboa gorabehera (landuna zein langabea).

    Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa amaitzea ekarriko du.

    Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.

  3. Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

  4. Praktikak, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak baimena eman ondoren.

  5. Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

  6. Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

  7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin behar da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahal izango dira.

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

  2. Jarduera-plan bat ezarriko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-planak erregulartasunez gauzatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edota amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

  3. Batasunaren arautegian ezartzen den bezala, eta prestakuntza-erakundeen inskripzioa edo egiaztatzea arautzen dituen arautegiarekin bat etorriz, plan horretan in situ egiaztapen-bisitak sartuko dira Europako Gizarte Funtsaren finantzabideen baldintzak betetzen direnez egiaztatzeko eta inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak egiaztatu zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, dirulaguntzaren likidazioa 18.3 artikuluan adierazten den bezala egingo da.

  1. Emandako dirulaguntza bi ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

    1. Lehen ordainketa, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, programatutako prestakuntza-ekintzen dirulaguntza guztiaren % 60, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jaso ondoren.

    2. Bigarren ordainketa, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planaren dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitutakoan, lanekoak ez diren praktikak barne, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

      Ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, dagokion ordainketa egin aurretik.

  2. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

    Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf

  1. Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraikiz.

    Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.

  2. Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epealdien barruan lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

  3. Likidazioa honela kalkulatuko da:

    A modulua 15 ikaslez biderkatuko da prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) atalean aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz, eta emandako prestakuntza-orduez ere biderkatuko da.

    Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-ekintzaren % 25 egin badute; eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

    Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

    Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da zeharkako gastuengatik.

    Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute. Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko diferentziari dagokiona.

  4. Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko memoria ekonomikoa aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitutakoan prestakuntza-erakundeak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 egun balioduneko epealdian, gehienez, honako dokumentazio honekin:

    Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, hots, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

    Beharrezkoa izanez gero, prestakuntza-planaren egikaritza osorik edo zati batean finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena, horretan zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo bestela, halakorik ez dagoela dioen adierazpena. Kontuan hartu behar da 22. artikuluan xedatutakoaren arabera deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bateraezina dela beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

    Diruz lagundutako planeko prestakuntza-ekintza guztien justifikazio-memoriak aurkezteko epealdia azken prestakuntza-ekintza amaitu ondoren 15 egun baliodun igarotakoan amaituko da, gehienez.

    Ezarritako epealdietan beharrezko agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epealdi luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

  5. Prestakuntza-planaren azken likidazioa egiteko, onuradunek egindako prestakuntza-ekintza guztien amaiera-ziurtagiria (gauzatzea) bete beharko dute LanFen, 2024ko urriaren 31n gehienez ere, baldin eta justifikazio-memoria ekonomikoak aurkeztu badira.

  1. Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.

  2. Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

    Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

  3. Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

    Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

    Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu izana, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

    Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

  4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditoretzen eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.

  5. Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.

  6. Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamendu-eragile diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

  7. Laguntzen erakunde onuradunek lagunduta finantzatutako gastuei buruzko egiaztagiri guztiak edo jatorrizko agirien kopia ziurtatuak gordeko dituzte, oro har onartutako datu-euskarrien gainean, 2029ko abenduaren 31ra arte.

    Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.

  8. Azkenik, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europak lagundutako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean aurreikusitako zerrenda publikoan.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da; betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

Deialdi honetan prestakuntza-ekintzak egiteko ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta xede beragatik emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntza guztiekin.

  1. Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko, eta, kasu batzuetan, jasotako kopuru osoak edo horien zati bat itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan arautzen diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

    1. Jarduera gauzatu dela egiaztatzeko betebeharrak ez betetzea, edota laguntza emateko zein laguntzaz gozatzeko zehaztutako baldintzak ez betetzea.

    2. Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

    3. Jarraipen-lanei eta kontrol-lanei uko egitea edo oztopoak jartzea.

    4. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

    5. Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio-betebeharrak ez betetzea.

    6. Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

  2. Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

    1. Erabateko ez-betetzea gertatu bada: dirulaguntza emateko xedearen edo hori justifikatzeko betebeharraren erabateko ez-betetzeak, emandako dirulaguntzaren % 100 itzuli behar izatea ekarriko du.

      Era berean, erabateko ez-betetzetzat joko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, horiek honela neurtuta: prestakuntzaren ordu-kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Kalkulu horietarako, aintzat hartuko dira justifikatutako hutsegiteen edo lana lortzearen ondorio diren absentzia-orduak. Ikasleek ikastaroa amaitu dutela joko da ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, ikastaroa amaitu dutela joko da, halaber, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeen kasua, bai eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileena ere, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jarduera gutxienez % 25ean egin badute.

    2. Ez-betetze partziala: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.

      Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

      Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean.

      Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, praktiketan hasi ez diren ikasleak praktikak egin behar dituzten ikasle guztien % 30 baino gehiago badira, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli beharko da.

  3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Era berean, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epealdia duela ere jakinaraziko dio.

  4. Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

    Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

  5. Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, behar denean, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epealdian, bidezko diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezkoa izango da.

    Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

  1. Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen araubide juridikoa arautzen duten arau-xedapen hauek aplikatu behar zaizkio: Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa), oinarrizko legeria baitira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, azken horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

  2. Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen direnez laguntzak, honako hauetan xedatutakoa aplikatu behar zaie:

    Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 2221/2020 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez aldatzen baita 1303/2013 (EB) Erregelamendua, baliabide gehigarriei eta betearazpen-xedapenei dagokienez, krisia konpontzen laguntzeko, COVID-19aren pandemiaren eta haren ondorio sozialen testuinguruan, ekonomiaren susperraldi berdea, digitala eta erresilientea (REACT EB) prestatzeko; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa dena eta Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena; eta abenduaren 13ko ESS/1924/2016 Agindua, Europako Gizarte Funtsak diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituena 2014-2020 aldian, bai eta EGF Euskadi 2021-2027 Programa Operatiboaren arabera aplikagarriak diren gaineko araudiak ere.

    Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamendua hain zuzen ere, zeinaren bitartez ezartzen baita Europako Plus Gizarte Funtsa (EGIF+) eta indargabetzen baita 1296/2013 (EB) Erregelamendua.

  3. Deialdi honetan aurreikusi ez den horretan, aplikagarri izango dira 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bitartez garatzen baita 30/2015 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.

    Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta ESS/1897/2013 Agindua, urriaren 10ekoa, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza partikularrak ezartzen baitira.

Deialdi honetako kalkuluen ondoriozko ehunekoren batean hamartarrik egonez gero, zati osoa baino ez da hartuko kontuan, hamartarrak alde batera utzita.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)