Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 20koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdiaren aldaketa. Laguntza horiek Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 145
  • Hurrenkera-zk.: 3430
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/20
  • Argitaratze-data: 2022/07/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko uztailaren 20ko bileran hartutako erabakiaren bidez, onartu egin du «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdiaren aldaketa, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Hala, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) apartatuan xedatutakoaren arabera (ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak finkatutako testua), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio aldaketa hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, honako hau

Lehena. Argitara ematea, Europar Batasunaren NextGeneration EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdiaren aldaketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko uztailaren 20ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoa. Ebazpen honen eranskin gisa jaso da erabaki hori.

Bigarrena. Jakinaraztea laguntzen deialdian egindako aldaketa onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena. Ohartaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, erabakia aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez (2021eko abenduaren 21eko bileran hartutakoa), «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdia onartu zen. Laguntza horiek Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatzen dira. Deialdia EHAAn argitaratu zen, 2021eko abenduaren 31n, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiaren 2021eko abenduaren 21eko Ebazpenaren bidez. Ondoren, lehen huts-zuzenketa argitaratu zen 2022ko martxoaren 2ko EHAAn, erakunde horretako zuzendari nagusiaren 2022ko otsailaren 21eko Ebazpenaren bidez, eta bigarren huts-zuzenketa 2022ko ekainaren 16ko EHAAn, erakunde horretako zuzendari nagusiaren 2022ko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez.

Aipatu deialdian araututako laguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie: 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez onartzen baitira presazko neurriak Administrazio Publikoa Modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko; HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, zeinaren bidez eratzen baita Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema; TES/897/2021 Agindua, abuztuaren 19koa, zeinaren bidez lurraldeka banatzen baitira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako zenbait kreditu, 2021eko ekitaldi ekonomikorako, autonomia-erkidegoek kudea ditzaten; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamendua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua («Finantza Erregelamendua»).

Aldaketa honek deialdiko eskaera-epea handitu eta baldintzak hobetzen ditu, dirulaguntzaren onuradunei, diruz lagun daitezkeen jarduerak gauzatzeko moduari eta jarduteko epeei dagokienez. Gainera, ez dira hirugarrenen interesak urratzen, dirulaguntzaren izaera eta helburuak funtsean aldatzen, ez eta lehiaren printzipioan eragiten ere.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak 2022ko uztailaren 20an egindako bileran, onartu egin du «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berrien programa. Kolektibo kalteberak» izeneko programa finantzatzeko laguntzen deialdiaren aldaketa, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, honela:

Lehen artikulua. Aipatutako deialdiaren 3. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

  1. Deialdi honen esparruan, honako erakunde hauek izan ahalko dira laguntzaren onuradunak, horretarako eskaera egin ondoren:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Aldundiak, mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, bai eta horien menpe dauden edo horiei lotuta dauden gainerako erakunde eta organismoak ere, sektore publiko instituzional autonomikoa eta tokikoa osatzen dutenak. Era berean, nortasun juridikorik gabeko udalerrien taldeak ere onuradun izan ahalko dira, horietako bat ordezkari dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 11.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

    EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako erakundeak.

  1. Diruz lagundu daitezkeen proiektuek honako ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

  1. 12 pertsonako taldeekin eratuko dira.

    1. Partaide bakoitzaren lan-kontratazioa honako baldintza hauekin egingo da:

      Egindako kontratuek ezingo dute inola ere eragin enplegua eskaintzen duen erakundearen jarduera arruntak estaltzerik edo haren ohiko zereginen zerbitzura dauden langileak ordezkatzerik.

      Kontratuen iraupena 6 hilabetekoa izango da, lanaldi partzialean; zehazki, lanaldiaren % 75ean.

      Lanpostu honetan garatuko diren eginkizunak eta edukiak, ahal dela, onura publikoko edo interes orokor eta sozialeko jarduerekin lotuta egon behar dira, garatzen diren inguruaren beharrizanei erantzun behar diete, eta honako jarduera-eremu hauetakoren batean garatu ahalko dira:

      Kaltetuen dauden edo azpi-garatuta dauden udalerri eta auzoetan landa-ingurua eta etxebizitzak hobetu eta birgaitzea.

      Laguntza eta arreta ematea hirugarren eta laugarren adineko pertsonei (silver economy).

      Kaltetutako pertsonak, desgaitasun fisiko edo psikiko baten ondorioz hirugarrenen menpe daudenak edo gaixotasun kronikoren bat dutenak zaindu eta laguntzea.

      Kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzea.

      Ondare artistiko eta historikoa sustatu eta berreskuratzea.

      Baliabideak birziklatu eta berrerabiltzea.

      Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak bultzatzea.

      Espazio publikoak mantentzea.

      Turismoarekin, denbora librearekin eta kirolarekin lotutako jarduerak garatzea.

      Natura zaintzea: zuhaitz-masak, animalia-espezieak, erreka eta kostaldeen garbiketa.

      Arrakala digitala ezabatzea: eskumen digital urriak dituzten pertsonei administrazio publikoekiko zeregin administratiboak, erosketa digitalak, banku-eragiketak eta bestelakoak egiten laguntzea.

      Enpresa emakidadunaren lanak amaituta dauden harrobiak berreskuratzea.

      Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sareak instalatu eta mantentzea.

      Eraikinen araudi energetiko berria birgaitu eta horretara egokitzea.

      Mugikortasun jasangarria sustatzea.

      Jarduera soziokulturalak eta garapen komunitariokoak garatzea, lehentasuna emanez belaunaldiarteko komunikazio-kateak ezartzeko aukera dutenei.

      Onura publikoko edo interes orokor eta sozialeko beste edozein jarduera garatzea, ikaskuntza formala eta lanpostuko jardun profesionala uztartzeko aukera ematen badu.

    2. Kontratuan zehar, edo gehienez kontratazioa hasi aurreko bi hilabeteen barruan, eta, edonola ere, lan-jardueraren ordutegia baino lehen, honako hauek egingo dira:

      Zeharkako taldeko ekintza presentzialak, proiektuan aurreikusitako lan-jarduera hobeto garatzeko oinarrizko eskumenetan eginak, gutxienez 80 orduz eta gehienez 200 orduz.

      Proiektuan zehar laguntza-prozesuak errazteko lan-orientazioko ekintza pertsonalizatuak, horien barruan sartu ahalko direlarik: eskumenen balantzea, lan-merkatuaren informazioa, irteera profesionalak, helburuen planifikazioa eta enplegua bilatzeko gaitasunak, gutxienez 10 orduz eta gehienez 15 orduz.

      1. Proiektuak, edonola ere, 2022ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira, eta 2023ko irailaren 30a baino lehen amaitu.

        Ondore horietarako, proiektuaren hasieratzat jotzen da Lanbiden aurkeztutako lan-eskaintzaren kudeaketa-eskaria edo prestakuntzaren edo/eta orientazioaren kontratazio-prozeduraren hasiera.

  1. Nortasun juridikorik gabeko udalerrien taldeek aurkeztutako eskaeren kasuan, taldea eratzeko izenpetzen duten agiriaren kopia aurkeztu beharko dute. Bertan, berariaz jasoko dira, batetik, ordezkari gisa izendatutako udalerria; bestetik, taldeko udalerrietan diruz lagundutako jarduera garatzeko hartutako konpromisoak; eta, azkenik, horietako bakoitzean, hala badagokio, aplikatuko den dirulaguntzaren zenbatekoa.

    Kasu horretan, 3.2 artikuluaren azken paragrafoan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena eta 13), 14), 15) eta 16 apartatuetan eskatutako dokumentazioa sinatu beharko dituzte taldean dauden udalerri guztiek.

  1. Eskabideak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 24an hasi eta 2022ko irailaren 29an amaituko da.

  1. Ibilbide indibidualizatuaren barruan egin beharreko lan-kontratuak 4.3 artikuluan araututako proiektuak egiteko aldiaren barruan hasi eta amaitu beharko dira.

  1. Egindako jarduketen eta lortutako emaitzen jarduera-memoria. Memorian honako hauek jaso beharko dira, gutxienez:

    Komunitatearen interesekoa den jardueraren deskribapena, bai eta hasieran aurreikusitako helburuen betetze-mailak eta ebaluazioa eta partaideen asebetetzeari buruzko inkesta ere.

    Partaideen eta egindako jardueren zerrenda, Lanbidek emandako ereduaren arabera.

    Partaide bakoitzak sinatutako laburpen-fitxa, prestakuntza-zerbitzuak jaso dituela justifikatzen duena eta emandako orduen kopurua jasotzen duena.

    Partaide bakoitzak sinatutako laburpen-fitxa, orientazio-zerbitzuak jaso dituela justifikatzen duena eta zerbitzu horretan garatutako orduen kopurua jasotzen duena.

    Proiektua indarrean egon den bitartean begiralearen/arduradunaren zereginak eta orientazio eta laguntzako zereginak garatu dituzten pertsonen zerrenda (5.3 b artikulua).

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik