Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 1ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa, bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izateko lehendik dauden eraikinetan (Araba).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 151
  • Hurrenkera-zk.: 3542
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/01
  • Argitaratze-data: 2022/08/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko maiatzaren 4an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat aurkeztu zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntualaren gainean, bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izateko lehendik dauden eraikinetan (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntuala, bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izateko lehendik dauden eraikinetan, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izateko lehendik dauden eraikinetan, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak. Aurreikusitako ingurumen-ondorioak.

    Aldaketaren helburu nagusia da Vitoria-Gasteizko HAPOaren arau orokorretako artikulu batzuk aldatzea, esku hartzeko irizpideak eta neurriak zehazteko eta arautzeko, lehendik dauden etxebizitzetan bizitzeko kanpoko eremuak eraikitzea ahalbidetzeko eta bermatzeko, edo egun daudenak handitzeko, etxebizitzen bizigarritasuna hobetzeko.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoak hiru garapen-aukera aurkezten ditu: esku-hartzerik ez egiteko aukera (0 aukera); bizitzeko kanpoko eremuak eraikigarritasunaren eta okupazioaren zenbaketa aldatu gabe egiteko behar diren parametroak aldatzeko aukera; eta bizitzeko kanpoko eremuak eraikigarritasunaren eta okupazioaren zenbaketatik salbuesteko aukera, elementu horiek eraikinaren bizigarritasuna hobetzen laguntzen baitute, eta gainerako baldintzak zer neurritan alda daitezkeen arautzeko aukera. Azken aukera hori hautatu da. Ingurumenaren ikuspuntutik, aukera guztiak ia-ia berdinak dira.

    Aurreikusten da aldaketaren zehaztapenei lotutako jarduketak lehendik dauden eraikinetako kanpoko eremuak eraikitzeko/aldatzeko obrei lotutakoak izango direla.

    Aldaketa honen esparrua integrala da, eta Vitoria-Gasteizko udalerriaren hiri-lurzoru guztian aplikatzekoa da; zehazki, lehendik dauden bizitegi-eraikin kolektiboetan. Nolanahi ere, bizigarritasuna hobetzeko esku-hartze horiek ez dira baimenduko Babes Araubide Bereziaren mendeko Eraikinen Katalogoan sartuta dauden eraikinetan, baldin eta honako hauetan badaude: Babes Integrala, Egiturazko Kontserbazioa eta Birgaitzea/Berritzea nahitaezko fatxada-kontserbazioarekin (kasu horretan, kontserbatu beharreko fatxadari soilik eragiten dio). Halaber, ez dira baimenduko babes berezi eta ertainekotzat deklaratutako eraikinetan, eta, beraz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta daudenetan.

    Jarduketa-eremuan ez da intereseko natura-elementurik, ur-ibilgurik eta abarrik identifikatzen.

    Ez da identifikatu planteatutako jarduketen eraginpean egon daitekeen kultura-ondareko elementurik.

    Baztertu egiten dira lurzoru urbanizaezineko ingurune naturalen berezko afekzioak, hala nola habitat-, landaretza- eta fauna-afekzioa, nekazaritza arloko afekzio sektoriala, eta abar, ez baita interakziorik gertatzen aldaketaren eta ingurumeneko gisa horretako alderdien artean. Ez dira kontuan hartu intereseko flora- eta fauna-espezieei, Batasunaren intereseko habitatei, naturagune babestuei eta ondare arkeologikoari eragitea bezalako afekzioak, uste delako aipatutako lurzatietan ez dagoela horrelako afekziorik.

    Ingurumen-inpaktu nabarmenenak lurzati bakoitzean egingo diren obren garapenaren ondoriozko eraikuntza-fasean zehar aurreikusten dira.

    Eremuaren ezaugarriengatik, intereseko natura-elementurik ez izatean, ez da espero ingurumen-inpaktu adierazgarririk gertatzea plana garatzeko egin nahi diren jarduketen ondorioz.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatu ostean, zehaztu da Planari ez zaiola egin behar ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik.

    Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere. Aldaketa puntual horren xedea da bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izatea lehendik dauden eraikinetan.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

    Horri dagokionez, ez da beharrezkotzat jotzen ebazpen honetan ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutakoez gain beste neurri batzuk sartzea. Obrak egiteko fasean gauzatu beharreko gomendioak eta jarduketak dira gehienbat neurri horiek.

    Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntualak bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izateko lehendik dauden eraikinetan ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egiturazko aldaketa puntuala, bizitzeko kanpoko eremuak egin ahal izateko lehendik dauden eraikinetan. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 1a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria ez dagoelako, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

    Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

    AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik