Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 14koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez itxi osteko aldiari hasiera eman, lurzoruaren kalitatea adierazi eta ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak Gordexola udalerriko (Bizkaia) Agirre auzoan sustatutako jarduketari, hau da, hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ostean mantendu eta kontrolatzekoari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 189
  • Hurrenkera-zk.: 4248
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/14
  • Argitaratze-data: 2022/10/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2014ko urriaren 2an, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak Gordexola udalerriko (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ostean mantendu eta kontrolatzeko jarduketari ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren orduko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2015eko urtarrilaren 19an.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaiturik, egiaztatu zen ez zela alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2015eko otsailaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Gordexolako Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eta Osasun Sailari.

2022ko ekainaren 15ean, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, sustatzailearen esku utzi zen espedientea.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 1. artikuluan ebazten denaren arabera, lege horren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzea edo, hori ezinezkoa denean, gutxi eta kontrolpean kutsatzea. Horretarako, ingurumen osoak babes-maila handia izatea dela xede, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriko da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honetan sartuko dira kokapen horretan egiten diren gainerako jarduera guztiak, instalazioa Lege horren aplikazio-esparruan egotea eragin zuten jarduerez gain, nahiz eta Legearen eranskinetan jasota ez egon, baldin eta jarduerarekin lotura teknikoa badute eta izan daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan baditzakete.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar duten instalazio guztietan berau betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: jarduera-lizentzia, saneamendu-sare orokorrera isurtzeko baimena, atmosferarako emisioetarako baimena eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinen sorrerari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Espedientean egiaztatuko da, nahitaezko txostenen bidez, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela.

Bat etorriz lehenago aipatu dugun Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da udal-agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresaren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude aipatutako otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien balioak zehazte aldera, eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko baldintzak zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan da teknika erabilgarri onenen erabilera, bai eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako neurriak eta baldintzak ere.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, eta espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoarekin.

Honako hauek ikusi dira: sailburuordetza honen 2022ko ekainaren 15eko Ebazpen-proposamena; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa Babesteari buruzkoa; Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; 68/2021 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-baimen integratua ematea Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresari (egoitza soziala: Kale Nagusia 44, Bilboko udal-mugartea; IFK: A-48212567), Gordexola udal-mugarteko (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ostean mantendu eta kontrolatzeko jarduerarako, ebazpen honen bigarren apartatuan finkatutako baldintzekin.

Jarduera 5.5. kategorian sartuta dago: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik», abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean adierazitakoari jarraituz.

Instalazioa Gordexola udal-mugarteko (Bizkaia) Agirre auzoan dago.

Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresaren jarduera hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ostean mantendu eta kontrolatzean datza.

Zabortegia Gordexolan dago (Bizkaia), Rigadas mendiaren hegalean. Sollano auzotik joan behar da bertara, asfaltatutako pista baten bidez, eta hara BI-6318 eskualde-errepidetik iristen da. Zabortegiaren eremua, guztira, 18.000 m2-koa da.

Gaur egun, zabortegia itxita dago, eta bere perimetroan ubideak eta zorrotenak ditu, ibarbidera iristen diren urak desbideratzeko, lixibiatuak ingurunearen hidrologian eragin ez dezan.

Zabortegiaren zati handiena iragazkortasun txikiko lutiten gainean dago. Ipar-mendebaldeko zatian iragazkortasun handiko kolubial-metaketa eremu bat dago, eta, mendebaldean, iragazkortasun ertaineko hareharri-eremu bat. Zabortegiaren oinarria ez dago iragazgaiztua. 1989an inauguratu zen, 2002ko urtarrilean hondakinak jasotzeari utzi zion, eta, bitartean, 112.052 t hondakin bildu ziren guztira. Zabortegia ixteko lanak 2002ko abenduan bukatu ziren.

Behin betiko zigilatze-sistemaren osagaiak, behetik gora, honako material hauek dira:

Hesi hidraulikoa: 50 cm-ko lodierako buztin trinkotuzko geruza bat, K 1.10-9 m/s.

HDPE geomintza: bi gainazalak lauak dituen 1,5 mm-ko lodierako HDPE xafla bat, bi aldeetatik soldatua.

Puntzonaketaren aurkako geotestil bat, polipropilenoz egina, 1.200 g/m2-koa.

Drainatze-geruza bat, 0,6 mm-ko lodierakoa.

Banandura-geotestil bat, polipropilenoz egina, 250 g/m2-koa.

Euste-geruza begetal bat, 1 m-ko lodierakoa.

Zabortegiak lixibiatuak jasotzeko drainatze-sistema bat du. Horri esker, grabitatearen bidez, zabortegiaren oinaldean dagoen kontrol-kutxatilara bideratzen dira eta handik zabortegiaren ipar-ekialdean dagoen lixibiatuen putzura ponpatzen da. Zabortegitik ateratzen den lixibiatuen kopurua Parshall neurgailu baten bidez kontrolatzen da.

Sortzen diren lixibiatuak zisternen bidez erretiratzen dira Artigasko araztegira, han tratatzeko.

Gainazaleko drainatze-egitura horiek mantentzeko, drainatze-elementuak osoki ikuskatzen dira.

Azaleko uren, lurpekoen eta lixibiatuen sei hilean behingo kontrol-kanpainak egiten dira.

Zabortegiak 14 desgasifikazio-putzu ditu, biltegiaren azalera osoan banatuta, sortzen den gasa modu naturalean atera dadin, erauzketa beharturik gabe. Tximinia edo putzu bertikal horiek polietilenozko hodi zulatuak dira, Ø160-koak. Hodiaren amaierako zatian, lurrazalerako irteeran, arnasbide kurbatu bat akoplatu da; hala, hodia euritik babestuta geratzen da.

Instalazioa hondakin ez-arriskutsu mistoen zabortegi gisa sailkatuta dago (eduki nagusiak hondakin organiko edo biodegradagarriak eta inorganikoak dira) (B3 azpikategoria), Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera.

Puntu hauek mugatzen dute isuri-ontzia (UTM ETRS 89 koordenatuak):

X: 488938,31 Y: 4780432.62.

X: 488979,3 Y: 4780440.4.

X: 489008,9 Y: 4780424.7.

X: 489056,01 Y: 4780420.3.

X: 489086,5 Y: 4780390.7.

X: 489099,5 Y: 4780346.3.

X: 489145,6 Y: 4780305.4.

X: 489190,95 Y: 4780284.5.

X: 489247,6 Y: 4780256.6.

X: 489266,8 Y: 4780246.15.

X: 489293,7 Y: 4780207.

X: 489265,75 Y: 4780161.9.

X: 489229,035 Y: 4780103.7.

X: 489257,73 Y: 4780048.05.

X: 489260,3 Y: 4780015.030.

X: 489264,6 Y: 4779975.92.

X: 489288,08 Y: 4779945.5.

X: 489308,11 Y: 4779923.72.

X: 489345,58 Y: 4779908.89.

X: 489339,415 Y: 4779868.925.

X: 489283,64 Y: 4779889.87.

X: 489228,74 Y: 4779916.02.

X: 489190,43 Y: 4779955.18.

X: 489139,03 Y: 4779986.55.

X: 489110,298 Y: 4780015.27.

X: 489082,43 Y: 4780041.38.

X: 489072,93 Y: 4780095.27.

X: 489065,165 Y: 4780147.145.

X: 489060,87 Y: 4780188.26.

X: 489029,55 Y: 4780232.625.

X: 489005,21 Y: 4780282.19.

X: 488988,73 Y: 4780336.96.

X: 488967,89 Y: 4780386.52.

Zabortegiak sartzeko eta ixteko perimetro-ate bat du eta, beraz, sarbidea une oro dago kontrolatuta.

Bigarrena. Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresari Gordexolako (Bizkaia) Agirre auzoan sustatu duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo mantentzea eta kontrola egiteko honako baldintza hauek ezartzea:

  1. Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da milioi bat euroko (1.000.000) zenbatekoaz, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

    Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hiletako kontsumo-prezioen indizearen (KPI) arabera handituz.

    Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izanaren ziurtagiria igorri behar dio urtero ingurumen-organoari, eta polizan edozein aldaketa gertatu bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio. Horrez gain, kontratatutako aseguru berri horren baldintza orokor, berezi eta espezifikoen kopia igorri beharko dio.

  2. Sustatzaileak finantzen azterketa eguneratua aurkeztu beharko du hiru hileko epean, eta bertan sartuko ditu A puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak, geratzen den itxi osteko gainerako denbora-tarteko mantentze-kostu estimatuak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betearazteari buruz baimen honetan ezarritako eskakizun guztiak ere. Partiden eta urteen arabera banakatuko dira gastuak aipatu finantzen azterketan.

    Aurrerantzean, hamabost egunean behin eguneratuko da finantzen azterketa, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko da.

    Gainera, azterketa egiteko, finantzen azterketa egiteko irizpideei buruzko argibide teknikoetan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko dira, ingurumen-organoak zehaztutakoak.

  3. Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz emandako datuetan aldaketarik balego, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) aldaketa horien berri emango du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan.

  4. Babes- eta zuzenketa-neurriak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

    1. Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

    1.1. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

    1.1.1. Baldintza orokorrak.

    Garbiker MP AB SAren (Gordexolako hondakindegia) instalazioaren ustiapenean, emisio atmosferikoek ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak ere.

    Prozesuan zehar atmosferara botatzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

    Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

    Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko.

    Proiektuan aipatzen diren atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira, bereziki hautsa ez isurtzeko neurriak.

    Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

    1.1.2. Isurtzeak identifikatzea.

    Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresaren instalazioa, hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ostean mantendu eta kontrolatzekoa, Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko 09 04 01 02 jarduketari atxikita dago:

    Jarduerak, halaber, putzu bertikalak desgasifikatzeko sistema bat du.

    Jarduerak sortutako usainek eragozpenak sortzen badituzte, neurri zuzentzaileak hartu beharko dira usain horiek murrizteko.

    Segurtasuna dela eta, instalazioaren jabetzaren mugan metano gasaren kontzentrazioa ez da % 5 baino handiagoa izango, ezta % 1,25 baino handiagoa ere instalazioaren espazio itxietan, kontrol-sistemen edo gasa berreskuratzeko osagaien kasuan izan ezik.

    1.1.3. Gasen karakterizazioa eta kudeaketa.

    Putzuetako eta ur-bilketetako gasen konposizioari dagokionez, honako irizpide orokor hauek aplikatuko dira:

    Putzuetako metano-kontzentrazioa % 40koa baino handiagoa baldin bada (bolumenari dagokionez), energetikoki aprobetxatzeko instalazio batera bideratuko da zabortegitik erauzitako gasa.

    Putzuetako metano-kontzentrazioa % 25 eta % 40 bitartekoa baldin bada, ultrairagazpenaren edo antzeko teknika baten bidez mintza bereizteko sistema ezarriko da, errefusean metano-kontzentrazioa areagotzeko (iragazi gabeko frakzioa). Horrela, zabortegiko gasa energetikoki aprobetxatzeko instalazio batera eraman daiteke frakzio hori; beste frakzioa, aldiz, zuzira eramango da erre dadin.

    Putzuetako metano-kontzentrazioa % 25 eta % 15 bitartekoa baldin bada, erauzitako gasa zuzenean bidaliko da zuzi batera, erretzeko.

    Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5 eta % 15 bitartekoa baldin bada, erauzitako gasa zuzira bidaliko da erretzeko, baina, aldez aurretik, beste erregairen batekin aberastu beharko da, erretzeko modukoa izan dadin.

    Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5ekoa baino txikiagoa baldin bada, atmosferara isur daiteke hura, erauzketa bortxaturik egin beharrik izan gabe (erauzketa pasiboa).

    Metanoaren kontzentrazio-ehunekoak orientagarriak dira, eta beste modu batera kudeatzea proposatu ahal izango da, aurkeztutako proposamena behar bezala justifikatuz instalazioaren inguruabar zehatzen arabera, organo honek argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako irizpideetan oinarrituta.

    Halaber, ingurumen-organoak ezarritako airearen kalitatea babesteari eta desgasifikazio-sistemei buruzko jarraibide teknikoetan finkatutakoa bete beharko da.

    Dauden putzuetako gasen karakterizazio-datuak ikusita, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) zabortegiko gasa berreskuratzeko sistema baten proposamen bat aurkeztu beharko du, metano-kontzentrazioetara egokitua eta gasak inguruetara migratzea saihestekoa.

    1.2. Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

    1.2.1. Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

    Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin ez-arriskutsuen zabortegia.

    (Ikus .PDF)

    Lixibiatuak zisterna-kamioietan garraiatzen dira Artigasko araztegira, kolektorera isuri aurretik tratatzeko.

    1.2.2. Arazteko eta husteko instalazioak.

    Gaur egungo instalazioek sortutako lixibiatuak kontrol-kutxatilaren azpian dagoen 200 m3 inguruko lixibiatu-biltegi batera bideratzen dituzte. Biltegi horretatik errekan gora dagoen 500 m3 inguruko lixibiatuen putzu batera ponpatzen dira. Handik, zisterna-kamioien bidez atera daitezke eta Artigasko (Bilbo) lixibiatuen araztegira eraman.

    Lixibiatuen biltegiaren aurretik lixibiatuen kontrol-kutxatila bat jarriko da, zeinak isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarriak izango baititu. Kutxatila zuzeneko sarbidea duen leku batean kokatuko da, behar denean ikuskatu ahal izateko.

    Honako kontrol-gailu hauek edukiko dira gutxienez:

    Emari-neurgailua, isuri-ontziaren eta lixibiatuen biltegiaren artean.

    Piezometroak (bat errekan behera eta beste bat errekan gora).

    Emari-neurgailuak 10 minutuero gordeko ditu erregistratutako datuak, formatu elektronikoan.

    Bai lixibiatuen biltegiak bai putzuak maila kontrolatzeko sistema automatizatu bat eta lixibiatuek gainezka egiteko arriskuaren alarma bat izango dituzte.

    Gehieneko maila gaindituz gero, berehala jakinaraziko zaio ingurumen-organoari zer gertatu den, zerk eragin duen eta gehieneko maila ez gainditzeko zer neurri hartu diren.

    Ikusiz gero hartutako neurri zuzentzaileak ez direla nahikoak, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan isurketak. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik, eta, behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

    1.3. Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

    Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

    Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea/berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

    Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

    Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatuko dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

    Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak ebazpen honetan jasotakoak orientagarriak dira soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen artean dagoen erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

    Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

    Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

    Baldin eta hondakinak desagertu, galdu edo eskapatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Gordexolako Udalari.

    Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

    Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

    Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

    Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

    1.3.1. Hondakin arriskutsuak.

  1. Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute kode horiek. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa organo horrek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

  2. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketen baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

  3. Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

  4. Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora eduki biltegian.

  5. Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamendua egokia den aztertzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

  6. Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo dokumentu ofizial baliokideak.

  7. Egiaztatu egin beharko da ezen hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak bete egiten dituela halako gaiak garraiatzeko indarreko legerian ezarritako baldintzak.

  8. Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

  9. Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

  10. Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia), PCB eduki dezaketen gailuak dituen heinean, haiek egoki kudeatu daitezen, xedapen hauetan ezarritako eskakizunak bete behar ditu nahitaez: 1378/1999 Errege Dekretua, abuztuaren 27koa, Poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena, eta 228/2006 Errege Dekretua, otsailaren 24koa, errege-dekretu hori aldatzen duena.

  11. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, tresnak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

  12. Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

  1. Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege honen XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

  2. Urtean 10 tona hondakin ez-arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioan oinarrituz egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

  1. Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hau da, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) hondakin arriskutsuen sorrera minimizatzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluak ezartzen duen moduan, betiere Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) urtean 10 t hondakin arriskutsu baino gutxiago sortzen ez baditu edo EMAS ziurtagiri bat edo horren baliokide bat ez badu.

  2. Baldin eta Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

  3. Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

  4. Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) bete egin beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

    1.3.2. Hondakin ez-arriskutsuak.

    Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

    (Ikus .PDF)

  1. Bigarren apartatuko D.1.3 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

  2. Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

  3. Hondakin horien azken helmuga deuseztatuak izatea denean, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta izan, eta azken helmuga balorizatuak izatea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

  4. Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

  5. Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharko da, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

  6. Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluaren arabera.

  7. Baldin eta Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

  8. Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak, datuak jaso ondorengo urteko martxoaren 1a baino lehen eta dagokion ingurumena zaintzeko programaren barruan, artxibo kronologikoan jasotako informazioaren laburpen-memoria bat aurkeztu beharko du, zeinak lege honen XV. eranskinean agertzen den gutxieneko edukia barne hartu beharko baitu.

  9. Urtean 10 tona hondakin ez-arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluaren arabera, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) formatu elektronikoko artxibo kronologiko bat izan beharko du, non jasoko baitira, ordena kronologikoan, sortutako hondakinen kopurua, mota eta jatorria, bai eta berrerabiltzeko, birziklatzeko, beste balorizazio-eragiketa batzuk egiteko eta deuseztatzeko produktu, material edo substantzien eta horien ondoriozko hondakinen kopurua ere; eta, hala badagokio, eragiketa horien ondorioz sortutako hondakinaren helmuga, bilketaren maiztasuna, garraiobidea eta aurreikusitako tratamendu-metodoa ere inskribatuko dira, bai eta produktu, material eta substantzien helmuga ere. Artxibo kronologikoaren inskripzioak, aplikatzekoa denean, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinen arabera baimendutako tratamendu-eragiketa bakoitzeko egingo dira. Artxibo kronologikoa hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanetarako eskatutako egiaztatze dokumentaleko informazioan oinarrituz egingo da. Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

  10. Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta h) eta i) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

    1.4. Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

    Bat etorriz urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko txostenarekin, eta hor jasotako gomendioei jarraikiz, lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia).

    Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuarekin, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

    Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

    Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

    Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

    Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

    Lur-mugimenduak.

    Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

    1. Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

      1. Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuarekin, induskatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

      2. Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko akreditatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura egikaritu aurretik.

      3. Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

        Jarduketa sustatuko duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren eta jarduketa burutuko duen kontratistaren identifikazioa.

        Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

        Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

        Jarduketaren deskribapen xehatua.

        Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

        Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

        Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

      4. Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

      5. Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gida-n jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

        https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

      6. Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

      7. Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

      8. Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

      9. Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

    2. Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

      Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

      1.5. Zaratari buruzko baldintzak.

      Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak jarriko dira:

      1. Indize akustiko hauek gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

        1. Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

        2. Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

      2. Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

      1. Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo baldintzak.

        30 urtekoa izango da hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi osteko kontrola eta zainketa-aldia, 2003ko urtarrilaren 30etik aurrera. Eta, Ingurumen-organoak hala irizten badio, data hori aldatu ahal izango da, itxi osteko kontroletan lortutako emaitzen arabera. Itxi ondorengo aldiari dagokionez, sustatzaileak horrela eskatuta, ingurumen-organoak emandako ebazpenaren bidez ezarriko dira itxi ondorengo aldiaren bukaera eta horren inguruan ezarritako betebeharren epe-betetzea. Aldez aurretik apartatu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

        Gainera, apartatu hauetan ezarritakoa bete beharko da:

      1. Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresa izango da zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen eta kontrolaren arduraduna, eta eginkizun horiez arduratuko den pertsonaren izena jakinaraziko dio ingurumen-organoari.

      2. Zabortegiaren titularrak jakinarazi beharko du honako hauen inguruan izandako aldaketa oro: posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo komunikabide eta kontaktu oro, eta zabortegia itxi osteko kontrolaz arduratuko den pertsona.

      3. Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) itxi ondorengo zainketak betetzeaz arduratuko den enpresa izendatuko du. Enpresa hori ez baldin bada zabortegiaren titularra, enpresa hori gutxienez urtebeterako izendatuko du titularrak. Izendapen horren berri eman beharko zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi osteko zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua barne izango ditu. Zerrendak aipatu zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak eta zigilatzean eta ordura arteko itxi osteko zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak jaso beharko ditu.

      4. Itxi osteko aldian zehar kokapenean obrak edo jarduerak egin nahi izanez gero, aldez aurretik ingurumen-organoaren baimena izan beharko da. Nolanahi ere, ingurumen-organoaren aurrean egiaztatu beharko da jarduera horiek ez dutela eraginik zigilatzearen osotasunean, perimetro-kanalen funtzionamenduan, egonkortasunean edo itxi ondorengo kontrol-sistemaren elementuetan; organo horren aurrean egiaztatu beharko da, halaber, jarduera horiek ez dutela arrisku onartezinik eragingo garatu nahi den erabilerarako edo jarduerarako, edo, hala eraginez gero, horiek konpontzeko nahikoa neurri zuzentzaile aurreikusi direla ziurtatu beharko da.

        Horretarako, zigilatzearen gainean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia kenduko da.

        Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.

        Zigilatzearen gainean landare-espezie inbaditzaileak jartzea zaindu beharko da; hala badagokio, horiek ugaltzea kontrolatzeko eta errotik kentzeko neurriak hartu beharko dira.

        Zigilatzearen azaleran izandako jaulkitzeak, irristatzeak eta/edo higadurak konponduko dira.

        Berritu egingo dira zigilatutako eremu guztiak, bai zabortegiko partzelakoak, bai instalazio lagungarriek hartzen dituztenak, bai haietara joateko bideak. Horixe bera egingo da zerbitzu-sareak egiteko eta lixibiatuak ebakuatzeko eremuekin, bai eta, berritze-planean ageri ez arren, zigilatze-lanak amaitu ondoren kaltetuak suertatzen diren eremuekin ere.

        Inola ere ez da baimenduko zabortegia itxi ondorengo fasean zabortegiaren zigilatzea bizilekurako erabiltzea. Halaber, ez da baimenduko inolako jarduketarik zigilatze-sekuentziako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 1 m baino gutxiagora hurbil dadin.

      5. Zigilatze-sekuentziaren amaierako geruza (1 m-koa, landare-oinarrikoa) babes-geruza da; beraz, zanga, zimenduak, eta antzerakoak egiten diren obretan ezingo da geruza hori zeharkatu, ezta aldi baterako ere; hortaz, ekipamenduak diseinatu eta gauzatzean zigilatzearen amaierako kotak kontuan izan beharko dira, zeharkatu ezin den beheko muga gisa. Hondeatzeko palak erabiltzea edo makina astunekin bestelako eragiketak egitea eskatzen duten jarduerak egitea saihestu behar da, babes-geruza hautsi edo mehetu baitezakete edo deformazioak transmititu eta zigilatze-geruza arriskuan jarri.

      6. Baldintza optimoetan edukiko dira zabortegiko eremu guztiak, dela zabortegia ezartzeko partzelakoak, instalazio osagarrietakoak eta sartzeko bideetakoak, dela zerbitzu-sareak gauzatzeko eta lixibiatuak husteko beharrezkoak direnak. Besteak beste, azaleko urak biltzeko kanalizazioak, lixibiatuen drainatzeak eta eroapenak eta itxi ondorengo zaintza-planean zehaztutako kontrol-puntuak, bai eta instalatutako elementu osagarriak ere, tartean, lixibiatuen emari-neurgailua edo dagozkion kontrol-kutxatilak. Aipatutako elementuren bat narriatu dela antzemanez gero, ahalik eta azkarren konpondu beharko da.

        Lixibiatuak drainatzeko hodiak aldizka garbitu beharko dira, jaulki ahal izan diren sedimentuak edo prezipitatu kimikoak kentzeko, instalazioaren eraginkortasunean eragin baitezakete. Horren erregistro bat edukiko da, ingurumen-organoari igorriko zaizkion aldizkako txostenetan sartuko direnak.

      7. Aldizka drainatze-elementuen begizko ikuskapenak egingo dira, bai eta 24 orduko epean prezipitazio handiak gertatu ondoren ere, higadura-zeinuak, jalkitzeak, pitzadurak, sedimentazioa eta drainatzea blokea dezaketen elementuak identifikatzeko.

      1. Ingurumena zaintzeko programa.

        Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

        1. Airearen kalitate-kontrola.

        1.1. Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

        Zabortegiko gasa neurtuko da, tximinien barnealdean, lixibiatuen irteeran, azaleko uren irteeran, zabortegiaren gainazalean eta ustiapen-gunearen perimetroan. Neurtu beharreko parametroak, gutxienez, honako hauek izango dira: CO, CO2, O2, H2S, H2 eta CH4, presio atmosferikoa eta airearen tenperatura (barnealdean neurtuko dira, sei hilean behin). Urtero, kanpo-erakunde batek neurketa bat egingo du.

        Kontrol horien emaitzak dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera igorriko dira.

        2. Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

      1. Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

        (Ikus .PDF)

      2. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan, Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak txosten bat igorri beharko du, egindako lixibiatuen lekualdatze bakoitzaren honako alderdi hauek zehaztuz, gutxienez:

      1. Lixibiatuak noiz atera diren zabortegitik.

      2. Garraiatutako lixibiatuen bolumena.

      3. Lixibiatuen helmuga.

      4. Lixibiatuak garraiatu dituen enpresa.

      5. Garraioa egin duen ibilgailuaren matrikula.

      1. Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo, bestela, lagin puntual esanguratsua.

      2. Isurketen kontrolen emaitzak honako hauei bidaliko dizkiete:

        Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko F.10 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

      3. Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira laginketak beti.

      4. Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

        3. Datu meteorologikoak biltzea.

        Parametro meteorologikoak kontrolatuko dira, Sodupeko estazio meteorologikoan (Kadagua) erregistratutako datuak hartuta. Bertan, honako parametro hauek begiratu eta 10 minutuero gordeko dira:

        Haizearen abiadura eta norabidea.

        Airearen tenperatura.

        Hezetasun erlatiboa.

        Presio barometrikoa.

        Prezipitazioa.

        Eguzki-irradiazio orokorra.

        Lurrunketa lisimetrotan lortuko da edo antzeko metodo baten bidez.

        4. Zabortegiaren balantze hidrikoa.

        Kanpoko erakunde batek zabortegiaren balantze hidrikoa egin beharko du urtero, eta, horretarako, lixibiatuen emariaren datu erregistratuak eta datu meteorologiko erregistratuak erabiliko ditu.

        Aipatutako balantzea dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.

        Gainera, balantze hidrikoa egiteko, ingurumen-organoak ezarritako jarraibide teknikoak jarraitu beharko dira.

        5. Isuri-ontziaren topografia kontrolatzea.

        Isuri-ontziaren topografia kontrolatuko da, zabortegiak izan ditzakeen jalkitzeak ezagutzeko eta horri lotutako deformazioek zigilatzearen osotasunari edo azpiegiturei eragin diezaieketen jakiteko.

        Kontrol topografiko horren emaitzek honako hauek jasoko dituzte: neurtzeko bitarteko eta materialak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko bilakaeraren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta horien interpretazioa.

        Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin dagokion urtekoarekin batera bidaliko da.

        6. Tresneriaren kontrola.

        Urtean behin, tresneriaren kontrolean espezializatutako enpresa batek txosten bat egingo du neurri zuzentzaileen funtzionamenduari eta prozesuen eta inguruneko kalitatea kontrolatzeko sistemen funtzionamenduari buruz.

        Aipatutako txostena dagokion urteko ingurumena zaintzeko programari atxikiko zaio.

        7. Jardueraren adierazleen kontrola.

        Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren parametro adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eraginari dagokionez:

        (Ikus .PDF)

        Adierazle horiek urtero kalkulatu eta kontrolatuko dira, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztu beharko dituzte.

        8. Zarataren kontrola.

      1. Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urtean behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketen maiztasuna aldatu ala ez.

      2. Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

      3. Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

        9. Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barnean.

        Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da IZPn, IZP entregatzeko prozedura telematikoan xede horretarako prestatutako dokumentu-ereduak baliatuz:

        Ingurumen Arriskuen Analisia (IAA) eta erantzukizunpeko adierazpena.

        Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

        Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

        Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak IZPren dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

        Ingurumen-erantzukizuna.

        Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

        10. Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

        Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara helarazi, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

        https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

        Hala, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

        Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus.

        Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

        Emaitza horiek urtero bidaliko dira, beti martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

        11. Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

        Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

        Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, egiaztatu ahal izateko adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna (ingurumen-adierazleak).

      1. Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

        1. Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.

        Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

        Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko D.1.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

        2. Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatutakoan.

        Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (90.002 epigrafea, «Hondakinak tratatzeko jarduerak»), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

        3. Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

        Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

      1. Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

        Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

        Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, honako hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

        Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

        Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

        Ez dago baimenduta hondakin-ura «bypass» bidez isurtzea arazketa-instalazioetan.

        Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira isurketak «bypass» bidez, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako h) letran adierazitakoari jarraituz).

        Debekatutako substantzia isurtzeko berehalako arriskua badago, erabiltzaileak lehenbailehen emango dio horren berri Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak har ditzan.

      2. Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

      3. Erabilitako olioak eta efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta oro har, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

      4. Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak eduki beharko dira.

      5. Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

      6. Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin beharko dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

      7. Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isurketei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasun-edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta norbera babesteko ekipamendu bereziak.

      8. Gorabeherarik gertatuz gero, agintariei jakinaraztea.

        Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

        Gorabehera mota.

        Jatorria eta zergatiak (unean bertan zehaztu daitezkeenak).

        Berehala aplikatutako zuzenketa-neurriak edo eusteko neurriak.

        Sortutako ondorioak.

        Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

        Gorabehera edo arazo larriren bat edo ezusteko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Gordexolako Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

        Gorabehera mota.

        Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

        Gorabeheraren iraupena.

        Istripuzko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

        Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

        Eragindako kalteen zenbatespena.

        Hartutako zuzenketa-neurriak.

        Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

        Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

        Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

      9. Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

      10. Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

      1. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahalko dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

        1. Urtean behin, martxoko azken eguna baino lehenago, Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako isurtzeei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Isurtzeen eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programari jarraikiz.

          Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

          Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

          Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

          1. Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

            https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

            Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

            Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

            Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

            Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

            Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

          2. Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

            Hirugarrena. 16-I-01-000000000331 erregistro-kodea esleitzea Garbiker MP AB SA (Gordexolako hondakindegia) enpresak Gordexolako (Bizkaia) Agirre auzoan ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 489.147, Y: 4.780.063.

            Laugarrena. Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo 30 urteko aldiari hasiera ematea, 2003ko urtarrilaren 30etik aurrera. Egun horretan, hondakin ez-arriskutsuen obra-amaierako ziurtagiria eta zabortegia zigilatzeko obrak gauzatzeko as-built proiektua aurkeztu ziren, ebazpen honetan adierazitako baldintzetan.

            Bosgarrena. Lurzoruaren gainazalaren kalitatea industria-erabilerako eremu izatearekin bateragarria dela adieraztea, beti zigilatzearen osotasuna bermatuta, ebazpen honen bigarren apartatuko, E azpiapartatuan jasotako baldintzei jarraituz. Kokalekuari erabilera bat eman nahi bazaio, ingurumen-organo honi berariazko onespena eskatu beharko zaio.

            Seigarrena. Ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetako edozeinetan:

          1. Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

          2. Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

          3. Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

          4. Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

          5. Aplikatu beharreko araudi berria jartzen bada indarrean.

          6. Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

          7. Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

          8. Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoari jarraikiz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

            Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

            Zazpigarrena. Alderdi hauei hiru hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Garbiker MP AB SAri (Gordexolako hondakindegia):

            Ebazpen honetako A apartatuan adierazitako erantzukizun zibileko asegurua eratu izanaren justifikazioa eta polizaren kopia.

            Azterketa finantzario eguneratua, ebazpen honen B apartatuan jasotzen den moduan.

            Hala badagokio, Itxi ondorengo zainketak betetzen diren ikuskatzeaz arduratuko den enpresa izendatzea.

            Egonkortasun-azterlana eguneratzea.

            Gasa berreskuratzeko sistema baten proposamena, gauzatze-kronograma barne.

            Ingurumena zaintzeko programa, ebazpen honen arabera eguneratuta.

            Zortzigarrena. Alderdi hauei sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Garbiker MP AB SAri (Gordexolako hondakindegia):

            Lurzoruen dokumentu bakarra.

            Bederatzigarrena. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ostean mantendu eta kontrolatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Garbiker MP AB SAk (Gordexolako hondakindegia) Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

            Hamargarrena. Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

            Hamaikagarrena. Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

            Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zazpigarren eta zortzigarren apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

            Garbiker MP AB SAren (Gordexolako hondakindegia) nortasun juridikoa azkentzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.

            Hamabigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Garbiker MP AB SA enpresari (Gordexolako hondakindegia), Gordexolako Udalari, ingurumeneko baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

            Hamahirugarrena. Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

            Hamalaugarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

            Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 14a.

            Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

            AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik