Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitiko (Gipuzkoa) 8. Danobat eremuaren hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 154
  • Hurrenkera-zk.: 3588
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/30
  • Argitaratze-data: 2022/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Azkoitiko Udalak, 2022ko martxoaren 24an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: 8. Danobat eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Azkoitiko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

Lehenengoa. Azkoitiko 8. Danobat eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Azkoitiko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioak testu bategina 2007ko ekainean onartu ziren behin betiko. Arau subsidiarioetan zedarritzen diren eremuetako bat da 8. Danobat eremua, bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatu gisa ageri dena. Danobat eremuak 3.644,4 m2-ko azalera du. Besteak beste, arau subsidiarioek xedatzen dute plangintza orokorrak ezarritako parametroen doikuntzak edo aldaketak, behar badira, xehetasun-azterlan baten bidez egituratu beharko direla.

    Aurrekoa betetzeko, 2009an, Danobat eremuaren xehetasun-azterlana egin zen. Bertan, eraikuntza-bolumenak definitu ziren eta etxebizitza kopurua eremua osatzen duten 4 lurzati eraikigarrien artean banatu zen. Xehetasun-azterlan horretan, guztira 126 etxebizitza aurreikusten ziren, aipatu lau lurzatitan banatuta.

    Eremuaren eraikuntza- eta urbanizazio-aurreikuspenak garatzeko, hainbat dokumentu onartu ziren: Egikaritze-unitatea zedarritzeko proiektua, birpartzelatze-proiektua eta urbanizatze-proiektua. Azkoitiko Udalak hirigintza-lizentzia eman zuen eremuko etxebizitzen eta urbanizazio-obren zati bat eraikitzeko; zehazki, hirigintza-lizentzia eman da 4. lurzatian 66 etxebizitza eraikitzeko, bai eta beheko solairuan merkataritza-lokalak eta sestrapean garajeak ere, eta 1., 2. eta 3. lurzatietako soto-solairuak eraikitzeko. Eraikin hori 4. lurzatiaren ingurunea urbanizatzearekin batera eraiki zen, eta egikaritze-unitatearen espaloien perimetro-zintarriak ere jarrita daude.

    Azken batean, Danobat eremua 0 kotaraino urbanizatuta dago, eta zati batean eraikita. 1., 2. eta 3. lurzatiak eraikitzeke daude, eta lurzati horien urbanizazio-obra osagarriak ere egiteke daude. 4. lurzatia eraikita eta urbanizatuta dago erabat.

    Ebaluatzen den planaren xedea da 1., 2. eta 3. lurzatietako eraikinei altuera gehitzea da, eremu horretarako lehen aipatutako xehetasun-azterketan aurreikusitako etxebizitza kopurua handituz. Horrela, egungo 126 etxebizitzetatik 136ra igaroko litzateke, hiru eraikinetan birbanatuta. Kopuru hori indarrean dauden Azkoitiko arau subsidiarioek eremu honetarako onartzen duten gehienekoaren (163 etxebizitza) azpitik dago.

    Planaren aurreikuspenak azaldutakora mugatzen dira, eta ez dituzte indarreko plangintzako gainerakoak aldatzen, lerrokadurak, profilak, sestra gaineko eta azpiko eraikigarritasuna eta abar mantenduz.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planeko antolamendu-eremua bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatua da. Eremua 0 kotaraino urbanizatuta dago, eta zati batean eraikita. Planak lurzatiaren antolamendu xehatua aldatzea proposatzen du, indarrean dagoen plangintzak baimendutako etxebizitza kopurua handitzea eraikin altuagoak eraikiz; hala, 126 etxebizitza eraiki beharrean, 136 eraiki nahi dira. Dena dela, kopuru hori indarrean dagoen plangintzak eremu honetarako baimentzen duen gehienekoaren azpitik dago. Eremuaren egiturazko antolamendua ez da aldatuko, bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru izaten jarraituko baitu. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Eraikin berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzakete barnean.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, jabari publiko hidraulikoaren eta lurrazaleko uren kalitatearen babesari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den lurzatia hiri-lurzoru finkatua, zati batean eraikia eta urbanizatua da; hauek dira haren ingurumen-ezaugarri nagusiak:

      Eremu horretan ez dago naturagune babesturik, korridore ekologikorik edo beste katalogo batzuetako natura-intereseko gunerik (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia, LAGtako natura-intereseko eremuen zerrenda); ez dago, ezta ere, Batasunaren intereseko habitatik, arriskuan dagoen flora espezierik eta Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

      Eremua Urolako Unitate Hidrologikoaren gainean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Ibilgua Planaren eremutik 10 metro eskasera doa, iparraldetik. Eremuaren azpitik, lurpean, Txalon errekaren ibilgu zaharra igarotzen da; ibilgu berria, aldiz, lurzatiaren ekialdeko aldetik igarotzen da gainazalean, bideratuta, Planaren eremutik kanpo; erreka hori Urola ibaira isurtzen da.

      Eremua interes hidrogeologikoko eremu baten gainean dago, Arrola-Murumendi Kuaternarioko sektorean, Antiklinorio iparra izeneko lurpeko ur-masan. Gainazaleko materialen iragazkortasuna ertaina da ibai-jalkinen porositateagatik; handia da lurpeko akuiferoak kutsatzeko arriskua.

      Eremuan ez da katalogatutako edo katalogatzeko proposatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, adierazi behar da Urola ibaia, Planaren eremutik hurbil doan tartean, Azkoitia (ES017-GIP-URO-04 kodea) izeneko uholde-arrisku handiko eremuan dagoela. 500 urteko errepikatze-denborako uraldiek eragiten diote Danobat eremuari, baina ez lehentasunezko fluxu-guneak.

      Planaren eremuan kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago, industria-jarduerari dagokiona (kodea: 20017-00102). IDEren arabera, Planaren eremuak Lurzoruaren Kalitatearen Deklarazioa du, lurzatian aurreikusitako bizitegi-erabilera baimentzen duena. IDEren V. eranskinean, Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko maiatzaren 24ko Ebazpenaren kopia atxiki da. Ebazpen hartan eman zen aipatu lurzatiaren lurzoru-kalitatearen adierazpena, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean araututako prozedurarekin bat. Azkoitiko (Gipuzkoa) Jausoro auzoko 8. Danobat hirigintza-eremuko lurzati hori Danobat Koop. S.k eta beste batzuek okupatu zuten garai batean.

      Aipatutako ebazpenak adierazten duenez, Danobat enpresak garai batean okupatutako kokalekuan lurzoru-kalitateari buruz egindako ikerketaren emaitzen arabera, ez dago eragozpenik proiektatutako jarduketaren hasiera gaitzen duten lizentziak emateko. Horri dagokionez, gaineratu behar da Planaren eremua 0 kotara arte urbanizatuta dagoela gaur egun, eta ez dagoela aurreikusita indusketa eta lur-mugimendu berririk egitea.

      Zaratari dagokionez, Planaren ingurunean dauden zarata-foku nagusiak GI-2634 eta GI-631 errepideetako bide-zirkulazioa eta Ibaiondo, Jausoro eta Altzibar kaleetako hiri-trafikoa dira.

      Aurrekoaren ondorioz, Planean sartzen diren jarduketen inpaktuak urbanizazio-obra osagarriak egikaritzeari eta eraikin berriak eraikitzeari lotutakoak izango dira. Horrenbestez, hauek lirateke balizko inpaktuak: hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar, eta, horien ondorioz, lurrazaleko nahiz lurpeko uretan eta lurzoruetan kalteak gertatu daitezke, eta emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragozpenak sortu diezazkiekete, besteak beste, guztiak ere hiri-eremuan bertan. Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango dira, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

      Esan bezala, Danobat eremua 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako uholde-gunean dago, baina lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo. Hala ere, Planaren aurreikuspenak Planaren eremuan eraikitzeko falta diren hiru eraikinak altueran handitzera mugatzen dira, eta ez dituzte indarreko plangintzako gainerako hirigintza-parametroak aldatzen, lerrokadurak, profilak, sestra gaineko eta azpiko eraikigarritasuna eta abar mantenduz; beraz, ez da espero Planaren garapenak eremuaren eta ingurunearen uholde-arriskuaren baldintzak aldatzea ekarriko duenik, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitakoarekin alderatuta. Nolanahi ere, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan jasotako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa bete beharko da.

      Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzen arabera, bai egungo agertokian, bai etorkizunean (20 urtera), KAHak betetzen dira kanpoko ingurunean, 2 metroko altueran eta eraikinaren altuera guztietan, leihodun fatxaden kanpoaldean, aurreikusitako bizitegi-erabilerarako (etorkizuneko garapena) eta egun, arratsalde eta gau aldietarako. Ondorioz, azterlan akustikoak fatxadan fatxadako gutxieneko isolamendua proposatzen du, zarata-fokuekiko esposizioaren arabera, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak bete ahal izateko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikingintzaren Kode Teknikoaren eskakizunekin.

      Bestalde, Planaren eremuan kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago, industria-jarduerari dagokiona (kodea: 20017-00102). Eremu honek lurzatian aurreikusitako bizitegi-erabilera baimentzen duen Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpena du (2010eko maiatzaren 24ko Ebazpena, Ingurumeneko sailburuordearena, garai batean Danobat Koop. S. enpresak okupatutako lurzatiari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzen duena). Ebazpen horren arabera, Danobat enpresak garai batean okupatutako kokalekuan lurzoru-kalitateari buruz egindako ikerketaren emaitzen arabera, ez dago eragozpenik proiektatutako jarduketaren hasiera gaitzen duten lizentziak emateko. Horri dagokionez, gaineratu behar da Planaren eremua 0 kotara arte urbanizatuta dagoela gaur egun, eta ez dagoela aurreikusita indusketa eta lur-mugimendu berririk egitea.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Alde horretatik, eta lehen esan bezala, Planak aldatu egiten du bizitegitarako hiri-lurzoruko lurzati baten antolamendu xehatua, 0 kotaraino erabat urbanizatuta eta partzialki eraikita dagoena; eremua osatzen duten 4 lurzatietatik 3 eraikitzeke daude. 3 lurzati horietarako, Planak aurreikusten du indarrean dagoen plangintzak baimendutako etxebizitza kopurua handitzea eraikin altuagoak eraikiz; hala, 126 etxebizitza eraiki beharrean, 136 eraiki nahi dira. Dena dela, kopuru hori indarrean dagoen plangintzak (arau subsidiarioak) eremu honetarako baimentzen duen gehienekoaren azpitik dago. Planaren aurreikuspenak azaldutakora mugatzen dira, eta ez dituzte indarreko plangintzako gainerakoak aldatzen, lerrokadurak, profilak, sestra gaineko eta azpiko eraikigarritasuna eta abar mantenduz.

      Aurrekoaren ondorioz, kontuan hartuta eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu xehatuaren proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak jabari publiko hidraulikoaren eta uren kalitatearen babesari, kutsadura akustikoari, hondakin-kudeaketari eta isurketei dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

    3. Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Azkoitiko 8. Danobat eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

      Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eraikin berrien fatxada eta bao sentikorretan, behar den mailako isolamendu akustikoa jarriko da, eraikinen barruko ingurunean kalitate akustikoaren helburua bete ahal izateko, bizitegi-erabilera izatea aurreikusita dagoenez, eta bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eskakizunekin. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean eta errepideko zirkulazioan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Jabari Publiko Hidraulikoa babesteko neurriak.

      Arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko dute plana garatzeko jarduketek, baldin eta jabari publiko hidraulikoari edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta garbitasun-eremuak) eragin badiezaiokete. Organismo horretan aztertuko dira bereziki planen ezaugarriak eta eraginak eta, hala badagokio, dagozkion aginduak eta betekizunak ezarriko dira.

      Nolanahi ere, ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko dira, eta, hala badagokio, kalteak eragozteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauek barne hartuko ditu gutxienez: obren okupazio-mugen kontrola; lurzoru naturalei eragindako erasanaren kontrola; hondeaketa-soberakinen eta obra-hondakinen kudeaketaren kontrola; lurzoru kutsatuen kudeaketaren kontrola; uren edo lurzoruaren kutsaduraren kontrola, olioak isurtzeagatik eta lurrak herrestan eramateagatik; sosegu publikoaren gaineko eragin negatiboen kontrola, hala nola zaratak eta hautsek eragindako eragozpenak minimizatuz, eta, sosegu hori bermatzeko, eguneko ordutegiak errespetatuz.

      Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

      Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako jarritako guneetatik kanpo egin.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

      Azkoitiko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat egongo da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material-partikulak airera ditzaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak) jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea. Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Azkoitiko 8. Danobat eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Azkoitiko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Azkoitiko 8. Danobat eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 30a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik