Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baitira Donostiako Igeldo auzoko 6. poligonoko 102. katastro-lurzatian «eco glamping» bat ezartzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3514
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/28
  • Argitaratze-data: 2022/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Donostiako Udalak, 2022ko martxoaren 21ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Donostiako Igeldo auzoko 6. poligonoko 102. katastro-lurzatian «eco glamping» bat ezartzeko plan berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. eta 68. artikuluei jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Donostiako Igeldo auzoko 6. poligonoko 102. katastro-lurzatian «eco glamping» bat ezartzeko plan berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, ingurumena behar bezala babesteko Planak bete beharreko baldintzak ezartzen dira, edo, Planak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeela ebazten bada eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar bada, Planaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua bidali beharko da.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehena. Donostiako Igeldo auzoko 6. poligonoko 102. katastro-lurzatian «eco glamping» bat ezartzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea. Plan hori ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunt baten mende jarri behar da, ingurumenaren gaineko ondore esanguratsuak izan baititzake, jarraian adierazten diren terminoetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Azterketa-eremua Donostiako Igeldo auzoko 06-102 katastro-lurzatia da. Lurzoru hori urbanizaezina da Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (aurrerantzean, HAPO), 2010eko ekainaren 25eko osoko bilkuran behin betiko onartua (2010eko azaroaren 19ko GAO, 222. zk.). Planaren xedearekin lotuta, gero behin betiko onartu zen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren xedapen-aldaketa, hirigintza-arau orokorrei buruzkoa (2021eko ekainaren 24ko GAO, 118. zk.).

    Planaren xedea da Igeldoko 06-102 lurzatiaren hirigintza-erregulazioa ezartzea, kontzeptu jasangarri eta ekologikoetan oinarritutako kanpin-konplexu bat garatu ahal izateko. Horretarako, egitura desmuntagarriak ezarriko dira, baina antzeko erabilera duten instalazio finkoek eskaintzen dituzten zerbitzu eta erosotasun guztiekin.

    Kanpinak domo edo kupula geodesiko desmuntagarriak izango ditu, eta egurrezko plataformen eta terrazen gainean instalatuko dira. Kanpinak gehienez 16 domo izango ditu, eta horietako bakoitzak 4 pertsonentzako lekua izango du gehienez; horiez gain, zerbitzu orokorretarako (harrera, jatetxea, spa, zientzia eta astronomia) beste lauzpabost domo egongo dira, eta horiek 600 m2-ko sabai-azalera izango dute gehienez. Gainera, igerileku natural bat instalatuko da.

    Gaur egungo sarbidea mantenduko da, Buztinzuri bidetik, iparraldeko mugan. Sarbidetik gertu, 27 ibilgailurentzako aparkaleku bat planteatu da, konplexuaren harrera egongo den domo baten inguruan. Gune horretatik, ibilgailuentzako pista bat abiatuko da eremuaren hegoaldeko muturrerantz; funtsean, lehendik dagoen baso-bidea erabiliko da. Era berean, gela-domoak eta zerbitzu-domoak egurrezko pasabideekin konektatuta egongo dira. Eremuan, ukuilu gisa erabiltzen zen eraikin txiki bat dago. Eraikin hori antolamenduz kanpo geratuko da eta eraitsi egingo da.

    Planaren barruan, eremuko ingurumena lehengoratzeko eta paisaian integratzeko neurri espezifikoak aplikatzea aurreikusten da, lurzatia inguratzen duten hostozabalen masak hobetzeko eta erdiguneko lanek eragindako lursailak leheneratzeko.

    Ez da aurreikusten azpiegitura finkoen instalazio-sarerik, ur-hornidurari eta kanpoko argiteriari dagozkionak salbu; beraz, gainerakoa modu autonomoan egingo da, domoetan edo horien inguruan. Zehazki, saneamendu-premiak lurzatian bertan aseko dira, ur beltzak modu autonomoan tratatzeko teknikak erabilita: komun lehorrak, konpostajea, iragazki biologikoak eta abar. Planak uharka edo ur-andelak instalatzea aurreikusten du euri-ura biltzeko eta gero ur hori erabiltzeko, ureztatzeko edo igerileku naturala betetzeko.

    Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo ez esku hartzekoa aztertu da, baita 1. eta 2. alternatibak ere, kanpina garatzea planteatzen dutenak. 1. alternatiba da hautatua; izan ere, 2. alternatibak planteatzen duen antolamendua da lursailaren berezko baldintzetara gutxien egokitzen da, gehienbat eremuaren hegoaldea hartuta.

    Guztiz baztertu da 0 alternatiba, proposatutako instalazioa ez garatzea eragingo bailuke. Planteatutako gainerako alternatibei dagokienez, eta ingurumen-dokumentuarekin bat etorriz, 2. alternatibak erraztu egingo luke ibilgailuak gela- eta zerbitzu-eremuetara iristea, baina lur-mugimendu handiagoak egin beharko lirateke; beraz, 1. alternatiba hautatu da azkenean.

    Ingurumen-dokumentuak adierazten duenez, urbanizaziorako obra-proiektu osagarri bakar batean garatuko da Plana.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

    Planaren eremua Donostiako Igeldo auzoko 06-102 lurzatia da eta 29.731 m2-ko azalera du. Udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago, Mendizorrotz mendigunearen iparraldeko hegalean, eta Buztinzuri bidearekin muga egiten du iparraldean. Gaur egun, lurzatia landa-lurzorua da, eta baso-masek eta zuhaixka-masek osatzen dute funtsean.

    Nekazaritza eta basozaintzako lurralde-plan sektorialaren arabera, lurzatia Basoa kategorian sartzen da, eta bertan ez da identifikatu gaitasun agrologiko handiko lurzorurik.

    Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Urumea Unitate Hidrologikoan dago. Eremuan ez da ur-ibilgu iraunkorrik identifikatu.

    Eremua Zumaia-Irun Kuaternarioko lurpeko ur-masaren gainean dago, eta interes hidrogeologikoko eremu baten barnean. Kantauri ekialdeko demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoko eremu babestuen erregistroarekin bat etorriz, eremua hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) interes bereziko eremuan dago; espezie horrek kudeaketa-plan bat du (1999ko azaroaren 10eko Foru Agindua, hegoaldeko zuhaitz-igelaren kudeaketa-plana onartzen duena), hura babesteko arau osagarriak ematen dituena (1999-11-18ko GAO), hura kontserbatu ahal izateko.

    Eremua Igeldoko ikuspen-arroaren barruan dago, paisaia-balio oso altua du, eta bertako paisaiari arrunta irizten zaio. Katalogatutako ikuspen-arroa da.

    Eremu horretan, Batasunaren intereseko habitata identifikatu da, txilardi atlantikoa, Ulex sp., (kodea: 4030); dena dela, ingurumen-dokumentuaren arabera, habitat horren presentzia oso txikia da lurzatian. Lurzatiaren hegoaldeko erdian, lahardia, iratzea, otadia eta txilardia dira nagusi, eta iparraldean, berriz, baso mistoa, Buztinzuri bidean barrena. Era berean, Robinia pseudoacacia espezie exotikoaren aleak identifikatu dira.

    Eremua interes geologikoko ibilbidean dago, «Agiti hondartzako irristatze» gisa identifikatua. Dena dela, ez dago geologia-interesdun lekurik. Ez dago naturagune babesturik, natura-intereseko eremurik edo EAEko korridore ekologikoen sareko gune nahiz hezegunerik ere.

    Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Era berean, ez da hauteman akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun-arriskurik, ezta uholde-arriskugunerik edo higadura-maila handirik ere. Hala ere, Nekazaritza eta Basozaintzako lurralde-plan sektorialak higadura-arriskua duen eremu gisa identifikatu du eremuaren zati handi bat, eta lurzatiaren iparraldeko muturra baso-sute arrisku handiko eremu gisa identifikatu da.

    Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoak inguruko bideetako trafikoa identifikatu du zarata-iturri nagusitzat, eta inguruko bizitegi-erabilerarako eraikinetan aurreikusitako instalazioek sortutako zarata ere aztertzen du. Azterketaren emaitzen arabera, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua) D motako eremu akustikoetarako (C motakoa ez den hirugarren sektoreko erabilera duten lurralde-eremuak) ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen dira. Donostiako HAPOren arabera, eremua G motako eremu akustikoan sartzen da (babes berezia behar duten naturaguneak), eta, betiere lortutako emaitzak kontuan hartuta, eremu horietarako ezarritako KAHak betetzen dira.

    Azkenik, eco glampinga ezartzeko zehaztu den perimetroaren barruan ez da identifikatu kultura-ondasun gisa izendatutako kultura-ondareko elementurik. Dena dela, Buztinzuri bidetik igarotzen da (oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbidetik) Kostaldeko Donejakue Bidea, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak monumentu-multzoaren kategorian kultura-ondasun gisa kalifikatzen duena. 2/2012 Dekretuak kultura-ondasun kalifikatu gisa sailkatzen du Euskal Autonomia Erkidegotik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia, monumentu-multzoaren kategorian, baita hura aldatzen duen maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretuak ere. Planaren proposamenak ibilgailu motordunen trafiko berriak sortuko ditu Buztinzuri bidean, eta horrek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, 66/2022 Dekretuaren 16. artikuluan «11.d) artikuluko bide eta pisten araubide espezifikoa» ezarritako araubide espezifikoa urratzen du.

    Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honen baldintzen arabera, Donostiako Igeldo auzoko 6. poligonoko 102. katastro-lurzatian «eco glamping» bat ezartzeko plan bereziaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean kalte adierazgarriak izan ditzakeelako.

    Hirugarrena. Donostiako Igeldo auzoko 6. poligonoko 102. katastro-lurzatian «eco glamping» bat ezartzeko plan bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoari buruzko irismen-dokumentua egitea, ingurumen-ondoreetarako bakarrik eta honako baldintza hauetan:

    Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanda, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:

  1. Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.

    Azterketa estrategikoak berariaz justifikatu beharko du Planak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-lerroak hartuko dira plana egiteko funtsezko oinarri gisa. Gainera, kontuan hartu beharko dira urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan jasotako irizpideak (211/2012 Dekretua, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena) eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Legean (10/2021, abenduaren 9koan) ezarritako helburuak eta printzipioak, bai eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legean (9/2021, azaroaren 25ekoan) zehaztutako helburuak eta printzipioak ere.

    Era berean, kontuan hartuko dira planari aplikagarri zaizkion lurralde-antolamenduko planetan eta plan sektorialetan ingurumena babesteko finkatutako irizpideak, helburuak eta zehaztapenak.

    Izan ere, honako irizpide hauek txertatzea azpimarratu beharko da:

  1. Paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.

  2. Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea eta lehendik ere artifizialdurik dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala urbanizaziotik babestuz.

  3. Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

  4. Energia-aurrezpena eta -efizientzia, energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

  5. Klima-aldaketaren aurreko kalteberatasuna gutxitzen laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.

  6. Arrisku naturalak gutxitzea.

  7. Biodibertsitatearen galera geldiaraztea, ekosistemak lehengoratzea eta lurzoruaren artifizializazioa mugatzea.

  8. Funtsezko prozesu ekologikoek eta oinarrizko bizi-sistemek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzea, eta ekosistemek ematen dituzten zerbitzuak babestea.

    Ingurumen-ebaluazio estrategikoak baloratu beharko du proposatutako jarduerek nola integratzen dituzten aipatu garapen jasangarriko printzipioetatik ondorioztatutako ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak. Horretarako, helburuok betetzeko hartutako neurriak/irizpideak identifikatu beharko ditu.

  1. Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

    Azterketak Planaren aplikazio-eremua deskribatu beharko du, ingurumenaren ikuspegitik. Landa-eremu hori Donostiako Igeldo auzoko 06-102 katastro-lurzatiari da, eta lurzoru urbanizaezina da, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera. Gaur egun, lurzatiak Buztinzuri bidean du sarbidea, iparraldeko mugan, eta kostaldeko Donejakue Bidearen trazadurarekin bat egiten du; kultura-ondasun gisa kalifikatuta dago, monumentu-multzoaren kategorian.

  2. Ingurumenaren ikuspegitik esanguratsuak diren eremuak zehaztea.

    Babes-erregimen bat duten eremu guztiak hartu beharko dira kontuan, ingurumena babesteko oinarrizko legeria aplikatuz. Kasu honetan, kostaldeko Donejakue Bidea identifikatu da ingurumenaren aldetik garrantzitsua den eremu gisa.

    Donejakue Bidean eta haren babes-eremuetan esku hartzeko, honako hauek bete behar dira: 6/2019 Legea, Euskal Kultura Ondarearena; 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa; eta 66/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua.

  3. Etorkizunean jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.

    Azterketak ingurumen-ikuspegitik arazotsuak izan daitezkeen eremuak atzeman beharko ditu, proposamenak horietara egokitzeko. Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da, haren harrera-gaitasuna, arriskuguneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko aukera emango duena.

    Azterketan kontuan izan behar da behar bezala bete behar direla maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretuaren 16. artikuluan 11.d) artikuluko bide eta pisten araubide espezifikoa ezarritako arau guztiak.

  4. Egindako aurretiazko kontsulten erantzunen analisi laburra.

    Jarraian, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidean jaso diren txostenetako ingurumen-arloko eduki garrantzitsuenak laburbildu dira:

    Natura-ondareari dagokionez:

    Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren ustez, proposatutako antolamenduak behar bezala errespetatzen du gaur egun lurzatiaren iparraldean dagoen zuhaizti mistoa, eta egoera onean ez dauden edo inbaditzaileak diren zuhaitz-oinak bakarrik ezabatzeko konpromisoa hartu denez (hala jasota dago bidalitako ingurumen-agiri estrategikoan), natura-ondarean ondorio esanguratsuak gertatzea baztertzen da.

    Kultura-ondareari dagokionez:

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi duenez, eco glampingaren proposamenak ibilgailu motordunen trafiko berriak sortuko dituenez kostaldeko Donejakue Bidea doan Buztinzuri bidean, uste du trazadura horretarako berariazko araudian ezarritakoa urratzen dela.

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuak, bere aldetik, jakinarazi du maiatzaren 24ko 66/2022 Dekretuko 16. artikuluan 11.d) artikuluko bide eta pisten araubide espezifikoa zehaztutako manu guztiak bete beharko direla.

  5. Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, Azterketa) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du, eta haren osagarri erabiliko da, halaber, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa.

    Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologiko hau bete behar dute:

    1. Proposatutako planaren deskribapena.

    1. Plangintzaren esparrua eta helburuak.

    2. Planaren irismena, edukia eta garapena.

    3. Plangintza-alternatibak.

    1. Ingurumenaren ezaugarriak zehaztea.

    1. Ingurumen-egoeraren deskribapena.

    2. Laburpena: ingurumen-alderdi garrantzitsuak.

    3. Ingurumen-ondorioak.

    4. Prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak.

    5. Ingurumena zaintzeko programa.

    6. Ingurumen-laburpena.

    7. Laburpen ez-teknikoa.

      Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste da Azterketak hurrengo alderdietan sakondu behar duela jarraian adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:

    1. Planaren deskribapena.

      Plana osatzen duten alderdiak deskribatuko dira. Argi eta garbi identifikatuko dira Planak planteatzen dituen proposamen berriak, eta dagoeneko onartuta dauden proposamenetatik bereiziko dira. Eta, proposamen berri horietatik, argi eta garbi identifikatuko da Plana gauzatzeak etorkizunean eragin ditzakeen ekintzetatik zeinek izan ditzakeen efektu kaltegarriak ingurumenean. Hori guztia, honako apartatu hauetan adierazitako egitura eta xehetasunekin:

    1. Plangintzaren esparrua eta helburuak.

      1. Azterketan, Planaren helburu zehatzei buruzko laburpen txiki bat jasoko da. Gainera, Azterketak labur-labur jaso beharko du nola hartu diren kontuan, Plana prestatu bitartean, Ebazpen honetako A apartatuan jaso diren ingurumena babesteko helburuak eta jasangarritasun-printzipioak eta -irizpideak.

      2. Hierarkikoki Plana baino maila handiagoa duten planak edo programak identifikatuko dira. Azaletik deskribatuko dira planaren xedearekin edo esparruarekin zerikusia duten plan edo programa horien zehaztapenak eta aurreikuspenak, baita ingurumena babesteko planari aplikatzen zaizkion irizpide, helburu eta zehaztapenak ere. Aurkeztu beharko da zer erreferentzia eta data duten hierarkian planaren gainetik dauden plan edo programen onespen-egintzek, eta zehaztuko da ea plan edo programa horiek ingurumen-ebaluazio estrategikoaren mende jarri diren.

      3. Hala badagokio, hierarkikoki Plana baino maila handiagoa duten planen ingurumen-adierazpen estrategikoetan finkatutako irizpideak eta zehaztapenak jasoko dira, bai eta horiek garatzeko beste tresna batzuetan ezarritakoak ere, baldin eta ebaluazioaren xede den Planaren eremuan edo xedean aplikatzekoak badira. Ingurumen-adierazpen estrategikoen erreferentzia aurkeztuko da, eta zehaztu egingo da zer aldizkari ofizialetan argitaratu diren, eta kontsulta-gunerako esteka txertatuko da.

      4. Adieraziko da ingurumena babesteko zer irizpide, helburu eta zehaztapen finkatzen diren arauetan eta Planarekin hierarkia-harremanik ez duten beste plan eta programa batzuetan (Batasunekoak, estatukoak, autonomia-erkidegokoak edo tokikoak), baldin eta aplikatu beharrekoak badira.

        Zehazki, eta beste batzuen artean, honako plan eta arau hauek hartuko dira kontuan:

        EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG).

        Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala (Donostialdea-Bidasoa Beherea).

        Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala.

        Itsasbazterreko Lurralde Plan Sektoriala.

        Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala.

        Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra.

        2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa (2012-01-27ko EHAA, 19. zk.), eta 66/2022 Dekretua, hura aldatzen duena (2022-06-02ko EHAA, 106. zk.).

    2. Planaren irismena, edukia eta garapena.

      1. Planaren irismenak ezin hobeto definituta geratu behar du. Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du Azterketak, eta haiek lotura izan beharko dute Planak eragindako eremuan indarrean den hirigintza-antolamenduaren aldean dakartzan aldaketekin edo xehakapenekin, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan baditzakete, betiere eremuaren garapenerako beharrezkoak diren jarduketa guztiak aintzat hartuta.

      2. Aurreikuspen bat egingo da Planeko proposamenak gauzatzeko erabiliko diren proiektu eta jarduketen ezaugarriei buruz.

        Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko ditu Azterketak, garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokio, proiektuak gauzatzean ahalik eta kalte gutxien sortzeko gidalerroak ezartzeko.

      3. Ingurumenean eragina izan dezaketen planeko ekintzak deskribatu eta kokatuko dira, eta garrantzi handienetik txikienera hierarkizatuko dira, kontuan hartuta haien kokapen zehatza, izaera, magnitudea eta baliabide naturalen kontsumoa. Horrela deskribatutako plan-ekintza bakoitzari kode bat esleituko zaio. Kode hori Azterketaren hurrengo apartatuetan erabiliko da, baldin eta aipatu behar bada.

      4. Plana onartu ondoren, haren garapena zehaztu eta plangintzaren geroagoko faseak aipatuko dira, baita planaren zehaztapenak ezartzeko tresnak ere. Era berean, aurreikusiko da garapen-tresna eta/edo -proiektu horiek ingurumen-ebaluazioaren mende egon daitezkeela.

      5. Nolanahi ere, Plana garatzeko zenbat denbora aurreikusten den erantsiko da, eta, hala badagokio, aurreko apartatuan azaldutako ekintzetarako denbora-aurreikuspena zehaztuko da.

      6. Epigrafe honetan biltzen den informazioa kartografikoki islatuko da dagokion eskalan, eta lurraldearen erabilera islatuko du, bai eta ingurumen-ondorio nabarmenak ekar ditzaketen Planaren aurreikuspen eta jarduketak ere. Informazio kartografikoa atxiki beharko da, gutxienez hauek jasoko dituena: eremuaren mugaketa eta jarduketa guztien kokapena, pdf (geo-erreferentziatuta) eta shape formatuetan.

    3. Plangintza-alternatibak.

      1. Azaletik deskribatuko dira plana emateko prozesuan kontuan hartu diren alternatiba guztiak. Alternatiba horiek bideragarriak izan behar dute teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta hauei buruzkoak izan daitezke: kokalekua, garapen teknikoa, garapen-denbora, kudeaketa, antolamendua, baliabide naturalen erabilera edo beste edozein alderdi. Era berean, 0 alternatiba edo esku ez hartzeko alternatiba ere hartuko da kontuan. Kasu horretan, honako hau izango da erreferentzia: jarduketa-eremuaren alderdi garrantzitsuek izan dezaketen bilakaera Planaren proposamenak aplikatu ezean.

      2. Aukera horien irismena deskribatuko da, eta zehaztuko da zer alde dagoen aukera bakoitzaren arabera Planean jasotako proiektuen eta ekintzen artean, 1.2.b) apartatuan deskribatutako proiektuekin eta 1.2.c) apartatuan deskribatutako ekintzekin alderatuta.

      3. Laburpen bat jasoko da plangintza-alternatiba batzuk zergatik baztertu diren eta azkenean proposatutako alternatiba zergatik hautatu den adierazteko.

      4. Aztertutako alternatibak kartografikoki jasoko dira.

      5. Kasu zehatz honetan, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena aztertu ondoren, ibilgailuentzako beste alternatiba bat proposatu beharko da gaur egungo Buztinzuri bideaz gain; izan ere, gaur egungoak ez du betetzen Donejakue Bidearen trazadura mota horretarako indarrean dagoen araudian zehazten dena.

        1. Ingurumen-egoeraren ezaugarriak.

          Azterketak deskribatu beharko ditu zein diren ingurumenak egun duen egoeraren ezaugarri nagusiak Planak eragiten duen eremuan. Deskribapen horretan, elementu abiotikoen eta biotikoen ezaugarriak aztertuko dira, bai elementu bakoitzaren ikuspuntu sektorialetik, bai beren interakzioen ikuspuntutik, ingurumenaren egungo egoeraren ikuspegi integratua emanez.

          Planaren afekzio-eremutzat hartuko da, antolamendu-eremu osoaz gain, eremu horren ingurunerik hurbilena Planaren ekintzek ingurumen-efektu garrantzitsuak izan ditzaketen guneak bakarrik hartuta.

          Ingurumenaren kalitatearen gaineko alderdiei buruzko informazioa azterketetan edo bestelako erreferentzia-dokumentuetan oinarrituta dagoenean, emandako datuen iturria identifikatuko da, eta adieraziko da zein den titulua, urtea, egilea, eta, hala badagokio, zer esteka balia daitekeen lana bere osotasunean kontsultatzeko.

          Azterketak ingurunearen aldagaiak jasoko ditu, eskala egokiko planoetan.

        1. Ingurumen-egoeraren deskribapena.

          Honako hauek izango dira, gutxienez, aintzat hartuko diren ingurumen-alderdiak:

          1. Ingurune fisikoa. Zenbait faktore hartuko dira kontuan, hala nola arroka ama eta zorupea, haien iragazkortasuna, masak eta ur-puntuak, faktore klimatikoak eta lurzoru mota.

          2. Natura-ondarea. Jasota utziko dira dauden natura-intereseko eta interes ekologikoko elementuak, hala nola ibaien ibilguak, mehatxatutako fauna- eta flora-espezieen banaketa-eremuak, Batasunaren intereseko habitatak, naturagune babestuak, hezeguneak, espezie autoktonoen basoak, landaredia, flora eta fauna autoktonoak, interes geologikoko lekuak, korridore ekologikoak eta abar. Dauden elementuen kontserbazio-egoerari buruzko datuak emango dira, bai eta interes-mailari, kalteberatasunari eta egungo presioei eta mehatxuei buruzko datuak ere, eta Plana gauzatzearen ondorioz areagotu egin daitezkeen adieraziko da.

            Ildo horretan, zehatz-mehatz deskribatu beharko da hartutako antolamendu-aukerak zer landarediri eragingo dion, landare mota bakoitzaren okupazio-azalera, kontserbazio-egoera eta funtzionaltasun ekologikoa adierazita. Halaber, eremuan dauden landaredi aloktono inbaditzaileko espezie guztiak identifikatu beharko dira.

          3. Paisaia. Aztertuko da ea elementu interesgarririk dagoen pertzepzio-ikuspuntutik.

          4. Ingurumen-arriskuak eta -arazoak. Arriskuei buruz jaso ahal izan diren datu guztiak emango dira, kontuan hartuta, besteak beste, higadura-arriskua, lurpeko uren urrakortasuna, arrisku geoteknikoak, klima-aldaketak eragindako arriskuak edo aipatzeko moduko beste edozein ingurumen-arrisku.

            Orobat, airearen, uraren edo lurzoruaren kalitateari dagokionez hautemandako ingurumen-arazoak deskribatuko dira, egoera akustikoa barne. Kutsagarriak izan daitezkeen iturriak eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruak identifikatuko dira, eta baliabide naturalen erabilgarritasuna aztertuko da, bereziki urarena.

            Hala dagokionean, aipatutako ingurumen-arrisku eta -arazoen eraginpean egon daitezkeen eremuko guneak identifikatu eta lokalizatuko dira.

          5. Kultura-ondarea. Hala badagokio, atzemandako elementu bakoitzaren garrantzia, kalteberatasuna, tresna eta babes-maila zehaztuko dira. Era berean, aipatuko da zein arau-xedapenek ematen dion kalifikazioa eta babesa kultura-ondasunari.

          6. Apartatu honetan, gainera, egon daitezkeen beste ingurumen-baldintzatzaile batzuk landuko dira, baldin eta planaren ingurumen-ebaluaziorako garrantzitsuak badira, hala nola mugikortasunari eta garraioari buruzko alderdiak, eremuko irisgarritasun-baldintzak, baliabide berriztagarrien eta berriztaezinen kontsumoari lotutako beharrak (ura, energia, etab.), jendea bizi den eremuen presentzia eta kaltetua izan daitekeen biztanleria eta abar.

        2. Laburpena: ingurumen-alderdi garrantzitsuak.

          Aurreko apartatuan azaldutako deskribapen eta datuak oinarri hartuta, ingurumenaren egungo egoera aztertuko da Planaren eraginpeko eremuan, eta labur-labur jasoko da zein diren Planeko jarduketen ondoriozko elementu, prozesu, arazo eta ingurumen-arrisku garrantzitsuenak ingurumen-ebaluazioko prozesuan. Arreta jarri beharko zaie ingurumenaren ikuspegitik interesgarriak diren eremu, elementu edo egoerei, baita eragina jasateko arriskua duten alderdiei ere; horretarako, kontuan hartuko dira planean jasota dauden jarduketen ondoriozko proiektuen eta ekintzen kokapena eta ezaugarriak.

          Azterketak ingurumen-ikuspegitik arazotsuak izan daitezkeen eremuak atzeman beharko ditu, proposamenak horietara egokitzeko.

          Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-guneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko. Apartatu hau idazteko, ebazpen honen 3. apartatuan aipatu diren ingurumen-arlo garrantzitsuak eta aplikatu beharreko araudietan arlo horietarako ezartzen diren mugaketak hartuko dira kontuan, gutxienez.

          Kasu horretan, Planak planteatzen dituen jarduketen garapena baldintza dezaketen alderdiak kultura-ondarearen babesarekin lotutakoak dira, eta alderdi horiek Azterketan aztertuko dira.

        3. Proposatutako planaren ingurumen-ondorioak.

          1. Apartatu honetan, identifikatu eta aztertuko da zer efektu izan ditzaketen Planean bilduriko ekintzek 2. apartatuan deskribatutako ingurumen-kalitateko elementuetan, eta efektu horien ezaugarriak deskribatuko dira. Planaren ondorioak identifikatu eta karakterizatzeko, azterketa bat egingo da jakiteko zer interakzio dagoen lanean aurreikusitako ekintzen eta eragin ditzaketen ingurumen-elementuen ezaugarri espezifikoen artean, bai eta zer ingurumen-arazo eta -arrisku sortu edo areagotu daitekeen ere.

            Ezaugarrien deskribapenean, zehatz eta argi adierazi beharko da zer motatako efektuak dauden, honako hauek bereizita: zeharkako efektuak, metatze-efektuak, efektu sinergikoak, epe labur, ertain eta luzerako efektuak, efektu iraunkorrak eta aldi baterako efektuak.

            Azterketaren 1.2.c) apartatuan identifikatutako ekintza guzti-guztien ingurumen-ondorioak deskribatuko dira, eta espresuki aipatuko da apartatu horretan ekintzei esleitutako kodea.

            Azterketak bereziki jorratu beharko ditu jarduketa-proposamen berriekin eta Planak indarrean dagoen antolamenduan eragin dituen aldaketekin lotutako ekintzen ingurumen-ondorioak. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira dagoeneko finkatuta dauden jarduketen eta aurreikusitako jarduketa berrien arteko konbinazioaren efektu metatzaile eta sinergikoak.

            Hala dagokionean, zehaztu egingo da zer efektu dakarren zenbait ekintzaren konbinazioak. Gainera, ingurumen-izaerako edozein efektu bereiziko da, baldin eta biztanleriaren, giza osasunaren edo ondasun materialen gainean ondorio kaltegarri eta nabarmenak izan baditzake.

            Horrela deskribatutako planaren efektu bakoitzari, berriz, kode bat esleituko zaio. Kode hori azterketaren hurrengo apartatuetan erabiliko da, baldin eta aipatu behar bada.

            Beste alderdi batzuen artean, honako eragin hauen analisia jorratuko da:

            Planak aurreikusten duen sartzeko alternatiba berria honako hauekin bat datorren aztertuko da: urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuarekin, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa (2012-01-27ko EHAA, 19. zk.); eta hura aldatzen duen 66/2022 Dekretuarekin (2022-06-02ko EHAA, 106. zk.).

            Planak proposatutako antolamenduak eremuan dagoen landare-komunitateetan dituen ondorioen ezaugarriak zehaztu eta baloratuko dira. Hala badagokio, intereseko habitatak eta/edo intereseko aleak identifikatuko dira.

            Lurzorua okupatzeak, hondakinak sortzeak, indusketek eta lur-mugimenduek, soberakinak sortzeak, makinen joan-etorriek eta istripuz lurrera egindako isurketek eragindakoak.

            Planaren garapenean aurreikusitako ekintzek paisaian duten eragina.

            Horrez gain, jarduera abian den bitartean, hondakinak sortzearen eta hornidura- eta saneamendu-eskariak areagotzearen ondorioz sortutako eragin negatiboak.

          2. Identifikatu eta kodetutako ondorio bakoitza baloratzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

            Gertatzeko probabilitatea, iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna.

            Efektuen larritasuna eta irismen espaziala.

            Eraginpean gera daitekeen eremuaren balioa eta urrakortasuna, honako hauek kontuan hartuta:

            Natura-, kultura- eta paisaia-ezaugarri berezirik dagoen.

            Aurkako ingurumen-baldintzarik dagoen, airearen, uraren edo lurzoruaren kalitate-estandarrak edo muga-balioak gaindi dezakeenik.

            Planak zer neurritan sortu edo areagotu ditzakeen ingurumen-arriskuak.

            Ahal den guztietan, efektuak kuantifikatu egingo dira Planean aurreikusitako jarduketak eta proiektuak gauzatzearen ondorioz deskribatu diren ingurumen-faktoreen egoera-aldaketei buruzko datu neurgarriak erabiliz. Hala badagokio, adieraziko da zer ziurgabetasun-maila dagoen efektu horien iragarpenean.

          3. Era berean, ahal denean, ondorioak kartografia bidez lokalizatuko dira, eta ahalegina egingo da zehazteko plan edo programaren zer fasetan gerta litezkeen ondorio horiek, aurreikuspenen arabera.

          4. Adieraziko da ea hautemandako ondorio hori eragingo duen ekintzak eskatzen duen ala ez planaren zehaztapenak beste plan eta programa batzuetan txertatzea, eta kasu bakoitzean zehaztuko da zein plangintza-tresnari eragingo zaion.

          5. Hala deskribatutako ingurumen-efektuak hierarkizatu egingo dira, horien garrantzi erlatiboa nabarmenduta.

        4. Prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak.

          1. Apartatu honetan deskribatuko da zer neurri aurreikusten den Azterketaren 3. apartatuan deskribatutako ingurumen-efektu kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko eta, hala badagokio, konpentsatzeko. Hartuko diren neurriek bermatu beharko dute ez dela ingurumen-efektu garrantzitsurik sortuko, Planaren ekintzak garatzearen eta etorkizunean gauzatzearen ondorioz. Natura-baliabideak, natura- eta kultura-ondarea babestea, natura-arriskuak prebenitzea eta atzemandako ingurumen-arazoen aurrean hobetu eta egokitzea izango dute helburu.

          2. Proposatutako neurriek koherenteak izan beharko dute aurreikusitako ingurumen-ondorioekin. Neurriak deskribatuko dira, eta Azterketako 3 apartatuan identifikatutako efektuekin prebenitu, zuzendu edo konpentsatu nahi direnekin lotuko dira. Bereziki, eta beste batzuen artean, honako neurri hauek zehaztuko dira:

            Natura-ondarea babesteko neurriak:

            Intereseko landaredia babestea: intereseko landaredia babesteko neurriak proposatuko dira: obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da moztuko eta kenduko bertako landaredia naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan (tokiko baso mistoa eta Batasunaren intereseko habitata 4030), kontu handiz jardun beharko da, plana egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

            Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Espezie autoktonoak erabiliko dira; iparraldean ameztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsiko dira, eta hegoaldean, berriz, BIH 4030 habitatari dagozkionak. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; besteak beste, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

            Gune libreen tratamendua: hala badagokio, gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio.

            Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

            Intereseko fauna-espezieen babesa: hegoaldeko zuhaitz-igelaren interes bereziko eremuan esku hartzeko, 1999ko azaroaren 10eko Foru Aginduaren zehaztapenak bete beharko dira; haren bidez, hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) kudeaketa-plana onartzen da eta hura babesteko arau osagarriak ematen dira.

            Kultura-ondarea babesteko neurriak:

            Donejakue Bidean eta haren babeseko zonan esku hartzeko, behar bezala bete behar dira: 6/2019 Legea, Euskal Kultura Ondarearena; 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa; eta 66/2022 Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen duen Dekretua.

            Zehazki, proposamenak 66/2022 Dekretuko 16. artikuluan 11.d) artikuluko bide eta pisten araubide espezifikoa ezarritakoa bete beharko du.

            Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

          3. Adieraziko da proposatutako neurriak planaren zein zatitan txertatu diren, eta espresuki adieraziko da planaren zein dokumentu teknikotan jaso diren.

          4. Hala badagokio, prebentziorako, zuzenketarako eta konpentsaziorako neurriak proposatuko dira, horiek aplikatzea komenigarria edo egingarria denean, bai plangintzaren geroagoko fase edo etapetan, bai Plana gauzatzeko diseinatzen diren etorkizuneko proiektuetan.

          5. Kostu ekonomikoren bat dakarten prebentzio- eta zuzentze-neurrien aurrekontua ere bilduko da, horiek gainbegiratzeaz arduratuko den agentea edo pertsona adierazita.

        5. Ingurumena zaintzeko programa.

          1. Azterketan, ingurumena zaintzeko programa bat garatuko da, eta, bertan, Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Neurri horien helburua alderdi hauek kontrolatzea izango da:

            Planak ingurumenean izan ditzakeen efektu kaltegarriak prebenitu, murriztu edo zuzentzeko neurriak behar bezala ezartzen direla gainbegiratzea.

            Ingurumen-elementu garrantzitsuen bilakaera zaintzea, baita Plana martxan jarri aurretik zeuden ingurumen-arazoen bilakaera ere.

            Plana gauzatzeak eragindako ingurumen-ondorioak aztertzea, aurreikusi gabeko eragin kaltegarriak azkar identifikatzeko eta horiek eragozteko edo zuzentzeko neurri egokiak hartu ahal izateko.

            Aztertzea ea prebentzio- eta zuzenketa-neurri osagarririk hartu behar den plana egikaritzeko aurreikusitako garapen-tresnetan eta proiektuetan.

          2. Jarraipen-neurriak Azterketaren 4. apartatuan jasotako babes, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriekin identifikatuko dira, eta bat etorri beharko dute.

          3. Ingurumena zaintzeko programak Azterketan proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu, baita proposamen zehatz bat ere, kasu bakoitzean datuak biltzeko erabiliko diren aldizkakotasunari eta metodoei buruz.

        6. Ingurumen-laburpena.

          1. Ingurumen-alderdiak Planean nola txertatuko diren deskribatuko da. Xehetasunez aztertuko da nola hartu diren kontuan eta nola bete diren ingurumena babesteko ezarritako irizpideak, helburuak eta zehaztapenak, Ebazpen honen A) apartatuan deskribatutakoak.

          2. Aztertuko da zer-nolako probabilitatea dagoen Planak etorkizunean ingurumenean efektu nabarmenak izateko, eta behar diren argudioak emango dira honako hau egiaztatze aldera: proposatutako babes-, zuzenketa- eta/edo konpentsazio-neurriak Planean txertatuz gero, oso arrisku txikia dagoela efektu nabarmen horiek gertatzeko, eta, ondorioz, ez dagoela eragozpenik Plana garatzeko. Ondorio hori laburbiltzeko, Azterketaren gainerako apartatuetan jasotako informazioei buruzko erreferentzia egokiak erabiliko dira.

        7. Laburpen ez-teknikoa.

          1. Azterketak emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat ere bilduko du, eta ebaluazio-prozesuan jorratutako gaietako prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonek erraz ulertzeko moduan idatzita egon beharko du laburpen horrek.

          2. Laburpen horri, gainera, egindako ebaluazioa hobeki ulertzen lagunduko duen informazio grafikoa ere erantsi beharko zaio, edo, bestela, informazio hori erraz eskuratzeko behar diren erreferentziak jaso beharko dira.

  6. Jendaurreko informazioaren izapideak eta kontsultak.

    Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, organo sustatzaileak jendaurrean jarriko du Planaren hasierako bertsioa, baita ingurumen-azterketa estrategikoa ere, gutxienez 45 eguneko epean.

    Era berean, organo sustatzaileak, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, irismeneko dokumentu hau egiteko kontsultatu diren eraginpeko administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin kontsultatuko du gutxienez Planaren hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera. Honako hauek izan dira:

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza. Gipuzkoako Zuzendariordetza.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

    Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

    Uraren Euskal Agentzia.

    Ekologistak Martxan.

    Eguzkizaleak Elkartea (Eguzki).

    «Haritzalde» Naturzaleen Elkartea.

  7. Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

    Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 64. artikuluaren arabera, kualifikazio profesionala eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egin beharko dute azterketa, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Azterketan egileak identifikatu beharko dira, eta haien titulazioa eta, hala badagokie, lanbide arautua adierazi. Identifikazioak barnean hartuko ditu izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Sustatzaileekin batera, azterketaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule solidarioak izango dira horiek, salbu eta Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuei dagokionez.

    Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

    Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, organo substantiboak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espediente osoa igorriko dio ingurumen-organoari, honako hauek barnean hartuta: planaren edo programaren azken proposamena, ingurumen-azterketa estrategikoa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitzak, eta laburpen-dokumentu bat, planaren edo programaren azken proposamenean honako alderdi hauek nola txertatu diren azaltzen duena: ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta hori irismen-agirira nola egokitzen den, egindako kontsulten emaitza, eta kontsulta horiek nola hartu diren aintzat.

    Ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzeko eta dokumentazioa entregatzeko, nahitaez bete beharko dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean horri buruz dauden jarraibideak, esteka honetan jasotzen direnak:

    https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumen-ebaluazio-estrategikoaren-prozeduraren-tramitazioa/web01-a2inginp/eu/

    Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:

    https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/tramitacion_eae/eu_def/adjuntos/2022_Dokumentuak-aurkezteko-GIDA_v4.pdf

    Laugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

    Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 28a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik