Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko (Bizkaia) Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3513
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/27
  • Argitaratze-data: 2022/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko martxoaren 25ean, Durangoko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Durangoko (Bizkaia) Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Durangoko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Durangoko (Bizkaia) Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Durangoko Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Aztergai den eremua Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatea da. Unitate hori Durangoko Plangintzako Arau Subsidiarioetan zehaztu zen, zeinak urtarrilaren 14ko 76/2005 Foru Aginduaren bidez onartu baitziren behin betiko (2005eko urtarrilaren 28ko BAO, 19. zk.). Horiei loturiko araudia, aldiz, 2005eko apirilaren 25eko BAOn, 77. zk., argitaratu zen. Ondoren, eremu horren xehetasun-azterketa egin zen, eta 2008ko urtarrilaren 31n onartu behin betiko (2016ko apirilaren 4ko BAO, 62. zk.).

    Plan Bereziaren xedea da hiri-lurzoruko Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatearen (17.651 m2) antolamendu xehatua aldatzea, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 40. artikulura egokitzeko. Gaur egun, 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremuak aipatu unitatearen azaleraren zati handi bat hartzen du, eta gune bakar bat geratzen da, hegoaldean, eraikina hartzeko gai dena. Horrela, bizitegi-azpieremu kolektiboa unitatearen hegoaldean ezartzen da, guztira 3.550 m2-ko azalerarekin. Eremu hori 2 lurzatitan banatzen da: bata, hirugarren sektoreko erabilerako beheko solairua duten etxebizitza libreetarako; bestea, babes publikoko etxebizitzatarako. Eraikinek hiru soto-solairu, beheko solairua, zazpi solairu eta teilatupea dituzte, eta 14.374 m2s-ko eraikigarritasun osoa etxebizitzatarako eta 100 m2s-koa hirugarren sektoreko erabilerarako. 82 etxebizitza libre eta 76 babes publikoko etxebizitza antolatu dira.

    Eremuaren iparraldean eta erdialdean espazio libreak antolatu dira (9.531 m2); parke bat berdeguneekin, zeinak buru emango baitio espazio libre mugakide nabarmenen sareari Meabe kaleko ibaiertzeko pasealekua eta Aramotz parkea. Orobat, natura-elementu garrantzitsuak aintzat hartzen ditu, esaterako, Ibaizabal ibaia eta Larrinagatxu erreka.

    Gainera, Planak exekuzio-unitatearen mugaketaren eremura egokitzen du bide-egitura, egungo biribilgunea aprobetxatuz eta Zabalarra kalea biribilgunetik Larrinagatxu errekaren gaineko zubiraino berrantolatuz; hala, Bruss Federal enpresaren aparkalekua eta transformazio-zentroa saihestu ahal izango da. Gaur egungo bidea ez da gehiago izango ibilgailuek erabiltzeko, eta oinezkoek eta bizikletek bakarrik erabili ahal izango dute.

    Alternatibei dagokienez, hauek aztertu dira: 0 alternatiba edo esku ez hartzekoa, 1. alternatiba edo indarreko arau subsidiarioetan zehaztutako antolamendua, 2. alternatiba edo xehetasun-azterketakoa eta 3. alternatiba edo Plan Bereziaren proposamen berriarena.

    0 alternatiba baztertu egin da, hiri-lurzoruaren garapena ez osatzea ekarriko lukeelako, indarrean den antolamenduan ezarritakoaren arabera. 1. eta 2. alternatibak baztertu egiten dira, eraikinaren zati handi bat 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuen eraginpean dagoelako. Hori dela eta, Planak 3. alternatiba hautatzen du, antolamendua bat datorrelako uholde-arriskuko orbanekin, eta, gainera, berdegune zabalagoak lortzen direlako, eta sare hidrologiko mugakidean txertatzen direlako.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremua da hiri-lurzoruko Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatea; 17.651 m2-ko azalera du. Gaur egun, onetsitako antolamendu xehatua du, betetzeko dagoena, eta eremua etxebizitzekin eta espazio libreekin partzialki okupatuta dago. Planaren xedea da indarrean dagoen antolamendu xehatua aldatzea, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 40. artikulura egokitzeko. Ezaugarriak kontuan hartuta, Planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekiko.

      3. Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriak aukera ematen du energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak jasotzeko.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremua da Durangoko arau subsidiarioetako Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatea da, eta 17.651 m2-ko azalera du. Durangoko ipar-mendebaldeko muturrean dagoen hiri-lurzoru finkatugabea da, eta Iurreta udalerriarekin mugakidea. Muga hauek ditu: iparraldean, Ibaizabal ibaia; hegoaldean, Bilbo-Donostia trenbide zaharra; ekialdean, Zabalarra kalea eta Sasikoa kalera sartzeko biribilgunea; eta mendebaldean, Larrinagatxu erreka, Durangoko saihesbidearen parean doana (BI-623). Gaur egungo Zabalarra kalearen barne hartzen du, Iurreta udalerriarekin konektatzen dena Larrinagatxu errekastoa igaro ostean.

      Gaur egun, eremua partzialki okupatuta dago; dentsitate txikiko bizitegi-eraikin zenbait eta bideak daude, eta gainerakoa okupaziorik gabe dago, ortuak, fruta-arbolak eta landaredia erruderal nitrofiloa daudela. Horiek horrela, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman eremuan.

      Aztergai den eremuaren zati handi bat lbaizabal ibaiaren ezkerreko ertzeko eta Larrinagatxu errekaren eskuineko ertzeko zortasun-eremuan eta zaintza-eremuan dago, 0 m-ra eta 3,5 m-ra, hurrenez hurren.

      Eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren Balmaseda-Elorrio sektore kuaternarioan dago interes hidrogeologikoko eremua da.

      Eremuaren iparraldeko eta mendebaldeko mugetatik igarotzen diren tarteetan, hala Ibaizabal ibaia nola Larrinagatxu errekak, «hobetu beharreko eremuak» dira bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola; Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

      Eremua Durangoko ikuspen-arroan dago, paisaia-balio oso txikia du, eta bertako paisaiak izaera antropogenikoa eta landa-izaera ditu, eta oso arrunta gisa dago sailkatuta. Paisaia ez dago katalogatuta.

      Ez dago interes geologikoko tokirik, ez eta naturagune babesturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Halaber, ez dago ezein hezegunetan. Eremuan ez da flora espezie mehatxaturik identifikatu, ez eta Batasunaren intereseko habitatik ere; bertan dagoen landaredi bakarra erruderal-nitrofiloa da gehienbat.

      Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, Ibaizabal ibaia, eremuaren iparraldetik igarotzean, UAHE ES017-BIZ-9-1 Durango uholde-arrisku handia duen eremua da, I. taldean sailkatua. Aztergai dugun eremua uholde-arriskuko eremuan dago 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldietarako, lehentasunezko fluxu-eremuaren zati batean, iparraldeko (Ibaizabal ibaia) eta ipar-mendebaldeko (Larrinagatxu erreka) muturrean zehazki.

      Gainera, eremuan 80 m2 inguruko lurzati bat identifikatu da, Zabalarra kaleko 15. zenbakiko etxebizitzaren eranskinari dagokiona, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoena.

      Bestelako arriskuei dagokienez, eremuak ez du arrisku aipagarririk, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasunari dagokionez.

      Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia BI-623 errepideko eta Zabalarra eta Aramotz kaleetako trafikoa da, bai eta eremuaren hegoaldean lurpean doazen trenbideak ere. Aurkeztutako Inpaktu Akustikoaren Azterlanaren emaitzen arabera, eremuan kalitate akustikoaren helburuak ez dira betetzen aipatutako bideetatik hurbilen dauden eremuetan, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua), kanpoko zarataren egungo egoeran.

      Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak honako hauen ondoriozkoak izango dira batez ere: urbanizazio-obrak, lehendik dauden eraikinak eraistea eta bizitegi-eraikin berriak eraikitzea, lurzorua okupatzea, landaredia moztea eta kentzea, hondakinak sortzea, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei eragitea, makinen joan-etorriak, lurzoruak eta urak istripuzko isurien bidez kaltetzea, herritarrei eragozpenak sortzea emisioen eta zaraten ondorioz, etab. Horiek horrela, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere ibilguak babesteari, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa.

      Ustiapen-fasean, inpakturik bada, uholde-arriskuaren eta eremuaren egoera akustikoaren ondorio izango da.

      Ia eremu osoa, hego-ekialdeko muturra izan ezik, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremutan dago, eta Ibaizabal ibaia, eremuaren iparraldean, Durango UAHE da, I. taldean sailkatua. Aurkeztutako azterketa hidraulikoaren arabera, proiektatutako eraikinak, atariak eta garajera jaisteko arrapala barne, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuaren kotatik gora daude. Gainera, ez dago alderik ur-laminaren mailan, egungo egoeraren eta etorkizunerako aurreikusitakoaren artean; beraz, ondorioztatzen da jarduerak ez duela larriagotzen bertako uholde-arriskua. Era berean, ebazten da proiektatutako eraikinek betetzen dituztela EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean finkatutako atzeratzeak betetzen ditu.

      Nolanahi ere, eremuan aurreikusitako jarduketak bateragarria izan beharko du indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoa betetzearekin, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoarekin ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzak aintzat hartuta, ikusi da etorkizuneko egoeran, kanpoaldean zein fatxadan, ez direla betetzen bizitegietarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak, batik bat Zabalarra eta Aramotz kaleetako bideen inguruan eta bide horietara begira dauden fatxadetako puntu batzuetan. Bestalde, trenbideetatik gertu egoteagatik egindako bibrazioen azterketak zehazten du maila akustikoak helburuen azpitik daudela. Azterketak barneko espazioan aplikagarriak diren KAHak betetzeko neurriak garatzea hautatzen du.

      Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, Planak lurzoruaren okupazioa murrizten du, bizitegi-garapena eremuaren hegoaldera mugatuz eta berdeguneetarako azalera handituz.

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Durangoko Iparzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

      Hautemandako ingurumen-arriskuekin lotutako neurriak:

      Uholde-arriskua: Planak kontuan izan behar ditu indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa ere, alde batera utzi gabe, betiere, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Planak edo, bestela, planaren garapenak barne hartuko ditu bildutako ur-bolumena jatorrian murrizteko prebentzio-neurriak, azalera iragazgaitzak mugatuz eta drainatze jasangarriko sistemak ezarriz, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPen E.4 epigrafean eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 126.ter artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

      Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Kutsatuta egon daitezkeen kokaguneak: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoen lurzatian egin nahi diren jarduketetan.

      Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

      Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

      Ibilguen zaintza-eremuan eta jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena beharko da.

      Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.

      Hiriko drainatze-azpiegituren bidez biltzen diren euri-urak, jabari publiko hidraulikoa kutsatu badezakete, hondakin-urak dira, eta Administrazio hidraulikoaren aurrean isurketak baimentzeko prozedura bete beharko dute.

      Intereseko beste natura-balio batzuk babesteko neurriak:

      Intereseko fauna espezieak babestea: Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola; Linnaeus, 1761) kudeatzeko plana onesten duen Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren arabera (2006ko uztailaren 6ko BAO; dekretu horretan, galzorian dagoen espeziea dela eta babesteko neurri bereziak behar dituela ezartzen da), espeziearentzako hobetu beharreko tarte gisa identifikatutako tarteetan, jabari publiko hidraulikoko zatian eta igarobide-zortasunean erriberako landaredia mantendu beharko da, eta, beharrezkoa bada, lehengoratu.

      Intereseko landaredia babestea: Ibaizabal ibaia eta Larrinagatxu erreka kaltetzea ekidingo da. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Ez da zuhaitzik moztuko, ez eta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

      Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak ibilguetara arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Espezie autoktonoak erabiliko dira; ibilguaren ondoan haltzadi kantauriarraren ezaugarriei emango zaie lehentasuna, eta eremuaren gainerako zatian, berriz, harizti azidofiloari. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Espazio libreen diseinua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio.

      Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jarduketek eraginik izan ez dezaten lurzoruan eta lurpeko uretan.

      Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozketa-lanak eta sastrakak garbitzekoak, obra-sarbideak irekitzekoak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, hala badagokio, Ibaizabal ibaiaren ertzeko bertako landarediari eragitea saihestuko da.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

      Durangoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (IHOBE), eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Durangoko (Bizkaia) Ibarzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Durangoko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Durangoko Ibarzabalarra 15. exekuzio-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 27a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik