Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-txosten estrategikoa Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako lurzati eraikigarrien eraikuntza eta erabilera arautzen duten ordenantzen 4.5 A.2 artikuluaren aldaketari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 132
  • Hurrenkera-zk.: 3121
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/06/13
  • Argitaratze-data: 2022/07/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lasarte-Oriako Udalak, 2022ko apirilaren 4an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako lurzati eraikigarrien eraikuntza eta erabilera arautzen duten ordenantzen 4.5 A.2 artikuluaren aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Lasarte-Oriako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako lurzati eraikigarrien eraikuntza eta erabilera arautzen duten ordenantzen 4.5 A.2 artikuluaren aldaketari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan honen helburua da hirugarren sektoreko eta ekipamenduko lurzatien beheko solairua erabilerak malgutzea, altuera handiagoa emanez, 10 metrokoa udalerrian indarrean dagoen araudiak baimentzen duen 5 metrokoaren aldean (Lasarte-Oriako 2005eko Arau Subsidiarioen araudiaren 4.5 artikuluaren A.2 letra). Horrela, sarbide publikoa duten beheko solairuak ez dira hain mugatuta egongo altueran, eta aipatu lurzatietan erabilera berriak ezartzeko aukera gehiago eskainiko dituzte.

    Beraz, xehetasunez kalifikatutako lurzatietan, hirugarren sektorekoetan edo ekipamendukoetan, altuera handiagoa ahalbidetzen da, bai Arau Subsidiarioetan bertan, bai garapen-plangintzan. Aldaketa horrek ez du esan nahi eraikigarritasuna handituko denik indarrean dagoen araudiarekin alderatuta.

    0 aukera planteatzen da, indarrean dagoen plangintzaren hirigintza-araudia finkatu bai, baina egungo beharrei erantzuten ez diena, eta Planaren proposamenari dagokion alternatiba, sarbidea duten hirugarren sektoreko eta ekipamenduko lurzatiei moldaerraztasun handiagoa ematen diena, mugarik ez baitu ezartzen fatxadaren altueran, ez eta ezar litezkeen erabileren ezaugarrietan ere.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: planak indarrean dagoen plangintza egokitzen du udalerriak hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian gaur egun dituen beharretara, Arau Subsidiarioetako artikulu bat aldatuz. Hala, hirugarren sektoreko eta komunitate-ekipamenduko eraikinen lehen solairua altuagoa izan ahalko da. Proposatutako aldaketak, beraz, indarrean dagoen araudiak baino aukera gehiago ematen ditu hirugarren sektoreko eta ekipamenduko erabilerak ezartzeko horretarako kalifikatuta dauden lurzoruetan. Beraz, aurkeztutako informazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-efektu nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Planaren eremua hiri-lurzoru urbanizagarria da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenak energia-aurrezkia eta -efizientzia indartzea helburu duten neurriak har ditzake. Bestalde, aztergai diren lurzatien garapenak lurzati batzuetako landare-espezie aloktono inbaditzaileak kentzea ekarriko du, hala nola Teresategin eta Michelin II eremuetan.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kultura-ondareari, lurzoru kutsatuei, uholde-arriskuari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina paira lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren eremua Lasarte-Oriako udalerriko hiri-lurzoru urbanizagarrian dauden hirugarren sektoreko eta ekipamenduko lurzatiak dira, bai eraikita daudenak, bai garatu gabe daudenak.

      Planak eragindako lurzatien zerrenda bat du; horietatik, gehienak jada beteta daude, Michelín II, Teresategi eta Goiegi-Gora eta Oriagain eremuetan garatu litezkeenak izan ezik. Zerrenda hori, beraz, hirugarren sektoreko edo ekipamenduko lurzatien kalifikazio xehatua jaso dezaketenekin osatu daiteke.

      Antolamendu xehatua oraindik zehaztu gabe dagoen kasuetan, hirugarren sektoreko edo ekipamenduko lurzatiak barne hartzen dituzten hirigintza-eremu guztiak izango dira Planaren xede. Ondoren, garapen-plangintzan zehaztuko da non kokatuko diren.

      Plan hau ekipamenduko lurzati hauetan aplikatu behar da:

      Zirkuitu ibilbideko ermita.

      Zirkuitu ibilbideko frontoia.

      Arranbide kaleko aparkaleku-lurzatia.

      Prestakuntzan laguntzeko zentroa (Lasarteko Berritzegunea).

      Zataraingo garapenaren babesean dauden ekipamendu-lurzatiak.

      Kotxetegiko garapenaren babesean dauden ekipamendu-lurzatiak.

      Zamaburu ikastetxe publikoa.

      Arantzazuko Ama eliza.

      Udala.

      Telefónicaren eraikina zena.

      Sasoeta ikastetxe publikoa.

      Oriarte BHI.

      Maialen Chourraut kiroldegia.

      San Pedro eliza.

      OETH Gipuzkoako Lurralde Zentroa.

      Atsobakar adinekoen egoitza.

      Zabaleta frontoia.

      Zabaletako kantxak.

      Zabaleta Berri parkea.

      Gaztelekua.

      Michelin futbol-zelaia.

      Manuel Lekuona Kultur Etxea.

      Landaberri ikastola.

      Pinutegi kaleko aparkalekua.

      Atsobakar atletismo-pista.

      Michelin Plan Bereziaren garapenaren babesean dauden ekipamendu-lurzatiak.

      1. 37 Oriagain Plan Partzialaren eremuaren babesean dauden ekipamendu-lurzatiak.

      1. 38 Goiegi-Gora eremuko lurzatiak.

        Plan hau hirugarren sektorerako lurzati hauetan aplikatu behar da:

      1. 7 2. HJE Michelingo Plan Bereziaren garapeneko lurzatiak.

      1. 33 Teresategi lurzatiak.

      1. 38 Goiegi-Gora eremuko lurzatiak.

        Oriamendi plazako eraikina.

        Antxota 1. eraikina.

        Ibiltze hotela.

        Martín Berasategui jatetxea.

        Txartel hotela.

        Brunet-Oria eraikina.

        Txitxardin jatetxea.

        Lasarte-Oriako udalerria ez dago ingurumen-legerian jasotako babes-figurek babestutako ezein gunetan sartuta, eta ez du geologia interesdun lekurik bat ere, ezta Korridore Sareko egiturazko elementurik ere.

        Bestalde, Oria ibaia, eta bere ibaiertzak eta basoak azpiegitura berdearen («bilbe urdina») zatitzat hartzen dira, korridore ekologiko lineala baita iktiofaunarentzat eta uretako zein lehorreko beste animalia batzuentzat. Hezeguneen inbentarioko III. multzoan dago sartuta Atsokabarreko hezegunea, «Lasarteko putzua» (B3G4), eta hori ere azpiegitura berde horren parte da, baina ez dute ukitzen azterlan honen xede diren eremuek.

        Lurzati gehienak ibai-ibilguetatik aparte daude; Oriagain eta Goiegi-Gora eremuak (gaur egun ez daude garatuta) mendi-hegaletatik Oria ibaira isurtzen diren ur-ibilguek edo jariatze-urek zeharkatzen dituzte. Kartografiaren arabera, garatuta dauden beste lurzati batzuetan, lurpeko ibilguak daude. Bestalde, udalerriaren mendebaldea eta ia hirigune osoa interes hidrogeologikoko eremutzat hartzen dira.

        Gaur egun, lurzati gehienak urbanizatuta eta eraikinek okupatuta daude; beste batzuetan lorategiak eta zuhaitzak daude; landa-eremuaren mugan dauden lursail batzuetan belardiak, zuhaiztiak edo berroneratzen ari diren heskai autoktonoak daude. Azkenik, hiri-inguruko eremu garatu gabeetan, bertako zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia birsortzen ari da guneren batean, nahiz eta eremu horiek aldatu egin diren iraganean, lur-mugimenduengatik eta betelanengatik, eta espezie aloktono inbaditzaileak dituzte (Robinia pseudoacacia, Platanus hispánica, Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta abar), bereziki, Michelin II eta Teresategi eremuan.

        Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, gaur egun 91E0* habitataren zerrenda txiki bat baino ez da hauteman, Michelin II eremuan, Oria ibaiaren ertzean zehar oinezkoentzako pasealekuraino.

        Faunari dagokionez, eremuaren zatirik handiena antropizatuta dagoela kontuan hartuta, azpimarragarriena da hiri-inguruko eremuetan basoetako eta landazabaleko espezieak egon daitezkeela, eta Oria ibaiari lotutako fauna ere aipatu behar da. Horri dagokionez, Oria ibaia, udalerritik igarotzean, kolakaren (Alosa alosa) interes bereziko eremua da, eta bisoi europarraren (Mustela lutreola) lehentasunezko banaketa-eremua. Halaber, Lasarte-Oria udalerri osoa ferra-saguzar mediterraneoaren (Rhinolophus euryale) Interes Bereziko Eremua da.

        Akustikaren arloan, udalerriko zarata-mapen arabera, eguneko aldi guztietan ikusten da udalerriko ia hirigune osoa 65 eta 55 dB(A) arteko balioetan dagoela egunez eta arratsaldez, eta soinu-mailak 65-75 dB(A) ingurukoak direla komunikazio-bideekin mugakide diren eremuetan. Oro har, gauez, soinu-maila 55 dB(A)-tik beherakoa da hirigunean. Errepide nagusietatik gertu dauden eremuetan, mailak 65 dB(A)-koak izatera ere iristen dira. 2017an, 2017-2021 aldirako Soinu Egoera Hobetzeko Plan bat egin zen, udalerriko zarata-mapa oinarritzat hartuta. 5 BABE zehaztu zituen, udalerria ia osorik barne hartzen dituztenak, N-1 errepidetik gertuko hiri-garapenak gehienbat.

        Kultura-ondareari dagokionez, planaren eremuan honako elementu hauek identifikatu dira:

        San Pedro eliza: ustezko arkeologia-gune izendatua eta Donejakue Bideko Monumentu-Multzo kalifikatutako kultura-ondasuna.

        Karmengo Ama eliza II. mailarekin babestuta dago Udal Katalogoan, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroak hura babesteko proposamena egin du.

        Ondare-intereseko beste elementu batzuk, legez babestuta ez badaude ere:

        Michelingo frontoia, Lasarteko bolatokia eta Plaza Berriko frontoia. Azken biak Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroak ere proposatu ditu, babestuta gera daitezen.

        Ingurumen-arriskuei dagokienez:

        Aztertzen ari garen lurzatietan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak hauteman dira, hala nola Michelin II (20073-00037), Kotxetegiak (20902-00014 eta 20902-00054) eta Brunet-Oria eraikina (20902-00025). Guztiak ere industria motakoak dira.

        Oria ibaia, hirigunetik igarotzen den tartean, ES017-GIP-16-02 Zubieta-Oria UAHEn sartzen da, II. taldean. Lasarte-Oriako hirigunearen zati handi bat 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago, oraindik eraiki gabeko lurzatiak barne: Kotxetegiak eta Michelin II eremuak. Azken hori, gainera, 10 eta 100 urteko errepikatze-denboren orbanetan dago, eta lehentasunezko fluxu-eremuaren barnean.

        Aztergai diren lurzatietan ez da ingurumen-arrisku nabarmenik hauteman, arlo hauetan: higadura, lurrikarak, suteak edo teknologia.

        Planak ez du eragingo eraikigarritasuna indarrean den araudian ezarritakoa baino handiagoa izatea; hala ere, hirugarren sektoreko eraikinak eta ekipamendukoak eraikitzeko edo birgaitzeko aukera emango du, horien lehen solairuan gaur egun baino altuera handiagoa baimenduta. Horrek indarrean dauden Arau Subsidiarioetan aurreikusitakoak baino jarduketa eta obra gehiago eragin ditzake, eta, beraz, batez ere obrei lotutako inpaktuak eragin, hala nola zarata areagotzea, atmosfera kutsatzea, hondakinak sortzea, baliabideak kontsumitzea...

        Arau Subsidiarioen araudian jasotako ondare-babesa ez da aldatuko, eta, beraz, baztertu egiten da Arau Subsidiarioen Aldaketak hari eragitea.

        Bestalde, Planak ez du eragingo kutsatuta egon daitezkeen Michelin II eta Kotxetegiak kokaguneetan indarrean den antolamenduan aurreikusitako ondorioak handitzea. Brunet-Oria eraikinaren lurzatiari dagokionez, Arau Subsidiarioek ez dute ezein jarduketarik proposatzen; aitzitik, Planak aukera eman dezake eraikinaren beheko solairuaren altuera doitzeko obrak egiteko, eta, beraz, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei eragin diezaieke.

        Uholde-arriskuari dagokionez, gaur egun, uholde-arriskuak (500 urteko errepikatze-denbora) erasandako eremuko lurzati gehienak eraikita eta urbanizatuta daude, Kotxetegiak eta Michelin II eremuak soilik daude garatzeke; lehenengoak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, mendebaldeko eta iparraldeko muturretan, eta Geltoki kaleko mugan, aldiz, 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholdeguneak daude, eta zati bat lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago. Nolanahi ere, Plan horretan proposatzen den araudi-aldaketak ez du eragingo uholde-arriskua indarrean den antolamenduan ezarritakoa baino handiagoa izatea.

        Etorkizuneko egoera akustikoari dagokionez, ez da uste Planak aldaketa nabarmenik ekarriko duenik soinu-mailetan, indarrean dagoen plangintzako balioekin alderatuta, eta aplikatzekoa den araudian ezarritako kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira.

        Laburbilduz, proposatzen diren jarduketak gutxi eta txikiak direnez, eraginak ere txikiak izango dira, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kultura-ondareari, uholde-arriskuari, lurzoru kutsatuei, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den azalera baino gehiago hartu gabe.

    3. Ebazpen honetan, Planaren ezaugarriak direla eta, ez da ezartzen neurri babesle eta zuzentzaile gehigarririk, sustatzaileak ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarriez gain, aski irizten zaielako Planak ez izateko ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenean eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Bigarrena. Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako lurzati eraikigarrien eraikuntza eta erabilera arautzen duten ordenantzen 4.5 A.2 artikuluaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Lasarte-Oriako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Arau Subsidiarioetako lurzati eraikigarrien eraikuntza eta erabilera arautzen duten ordenantzen 4.5 A.2 artikuluaren aldaketa onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 13a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik