Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 7koa, Kulturako sailburuordearena. Horren bidez, hasiera ematen zaio Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentu Multzoaren kategorian, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 217
  • Hurrenkera-zk.: 4913
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/07
  • Argitaratze-data: 2022/11/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak.

Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartearen balio kulturalak ikusita, eta EAEko Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

Lehenengoa. Hasiera ematea Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari, Monumentu Multzoaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskineko mugaketa, II. eranskineko deskribapena, III. eranskineko babes-araubidea eta IV, V eta VI. eranskinetako zerrendak.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tarteari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena. Hasiera ematea Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea, Monumentu Multzoaren kategorian, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta, babes-araubide partikular gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita eta IV, V eta VI. eranskinetako zerrendei erreparatuta. 20 eguneko epea egongo da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea EAEko Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Eragindako udalei; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari; Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Hirigintza Departamentuari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak ondasun higiezinetarako, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera.

Ondasunetan eta beren babes-ingurunean luzamendurik gabe eta ezinbestean egin behar diren obrak egiteko, dagokion foru-aldundiaren baimena beharko da.

Laugarrena. Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena. Espedientea hasteko ebazpen hau honako hauei jakinaraztea: eragindako udalei; Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari; URA Uraren Euskal Agentziari; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari; Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuari eta Ingurumen eta Hirigintza Departamentuari; Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioari eta Javier Suso jaunari.

Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitara ematea, herritar oro jakitun egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 7a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoa bat dator trenbide horrek EAEn egiten zuen jatorrizko ibilbidearekin, zeina bi tartetan gauzatu baitzen:

  1. tartea: Gasteiztik Leintz-Gatzagara eta, ondoren, Leintz-Gatzagatik Bergarara (Oñatirako adarra barne).

  2. tartea: Gasteiztik Kanpezura (Estibalitzerako adarra barne).

    Erantsitako planoetan, 110,5 km-ko jatorrizko trazadura osoa grafiatu da, eta bereizi egin dira, alde batetik, lur-berdinketa oraindik ikusgai duten tarteak edo berreskuratzeko moduan dituztenak (lerro jarraituko grafiatuak), eta, bestetik, lurzoruaren erabilera berrien ondorioz gaur egun desagertuta dauden tarteak (lerro eteneko grafiatuak).

    Monumentu Multzoko ondasun babestuak eta desagertutako elementuak identifikatuta geratu dira dokumentazio grafikoan eta IV, V eta VI. eranskinetako zerrendetan (D)-XX-YY-00 kodearen bitartez. Kodearen elementu bakoitzak esanahi hau dauka:

    D: Desagertua.

    XX: Udalerria.

    YY: Ondasunaren tipologia.

    (TR: Trazadura; OC: Obra zibila; AR: Arkitektura; EC: Elementu osagarria).

  1. Identifikazio-zenbaki korrelatiboa.

    Ondasun horien eta multzo osoaren ondare-balioak babestuko direla bermatzeko, III. eranskineko babes-araubideak zonifikazio bat ezartzen du, ondasunen babes-ingurune hurbilenean eta babes-eremu orokorrean oinarrituta.

    Mugaketa horrek hainbat arlo bermatzen ditu: trenbide-sistema konplexuko elementu guztien interkonexioa, ibilbidearen interpretazioa, trenbide-jarduerari dagokionez elementu bakoitzak daukan zereginaren interpretazioa, eta trenbideak lurraldean eta paisaian duen eragin funtzional eta/edo bisualaren babesa.

    (Ikus .PDF)

Vasco-Navarro trenbidea iberiar penintsulako bide metrikoko trenbide garrantzitsuenetako bat izan zen, bai trazaduraren luzerarengatik (XIX. mendean eta XX.aren lehen erdian espainiar Estatuan eraiki zen trenbiderik luzeena izan zen, alde handiz), bai eta aurreneko trenbide elektrifikatuetako bat izan zelako ere. Ondorioz, Europako trenbiderik onenen mailan zegoen. Erabili izan zen bitartean, trenbideak izen asko izan zituen: hasieran, Anglo deitzen zioten, eta, ondoren, Vasco; Arabako Mendialdean eta Nafarroan, «El Trenico» deitzen zitzaion, eta «karramarro-trena» edo «mendizaleen trena» ere esaten zitzaion.

II.1. Geografia.

Vasco-Navarro trenbideak 140 km-ko luzera dauka; horietatik, 110,5 kilometro EAEn daude (47 km Gipuzkoan eta 63,5 km Araban), eta gainerakoa, berriz, Nafarroan. EAEko tartean, 16 udalerri zeharkatzen ditu: Gipuzkoan 6 (Bergara, Oñati, Arrasate/Mondragón, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga) eta Araban 10 (Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Vitoria-Gasteiz, Elburgo/Burgelu, Iruraiz-Gauna, Alegría-Dulantzi, San Millán/Donemiliaga, Arraia-Maeztu eta Campezo/Kanpezu).

II.2. Historia.

Vasco-Navarro trenbidea eraikitzeko ideia Lehen Karlistada amaitu ostean sortu zen, Estatua Foruei buruz negoziatzen hasi zenean foru-aldundiekin. 1882an, Estatuak Vasco-Navarro trenbidea eraikitzeko eta ustiatzeko kontzesioa eman zuen, eta, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Ingalaterrako konpainia batek akordioa lortu ondoren, 1886an, Gasteiz eta Leintz-Gatzaga arteko zatiko lanei ekin zieten, eta handik 3 urtera inauguratu zuten tarte hori. Hurrengo urteetan, linea eraikitzeko lanekin jarraitu zuten, Eskoriatzara heltzeko asmoz; baina, finantza-arazoak tarteko, eta obra-zuzendaritza eskasaren ondorioz, lanak 15 urtez baino gehiagoz geldiarazi ziren, eta Estatuak linea konfiskatu zuen.

1914an, Eduardo Datoren ekimenez (Gorteetako diputatua zen Arabako probintziatik, eta Ministroen Kontseiluko presidentea ere bazen), berrekin egin zitzaien Vasco-Navarro trenbidearen lanei; izan ere, Estatuaren eta aldundien arteko akordioa lortu zen, Leintz-Gatzaga eta Bergara arteko zatia finantzatzeko. Hain zuzen ere, Vasco-Navarro trenbidea eta Ferrocarriles Vascongados deitutakoa Bergaran lotuko ziren, eta aipagai dugun linea 1919an iritsi zen udalerri horretara. Fase hori 1923an amaitu zen, Oñatirako adarra inauguratu zenean, María Cristina erregina bertan zela.

Aldi berean, 1920an, Gasteiz-Lizarra linearen lanei ekin zitzaien. Linea horretako obra-ingeniariak, Alejandro Mendizábal Peñak, berriro planteatu zuen jatorrizko trazadura, eta, horri esker, linea nabarmen hobetzeaz gain, kostuak ere murriztu zituen. Tarte hori 1927an inauguratu zuten, Miguel Primo de Rivera bertan zela.

Urte batzuk lehenago, 1924an, trenbidearen elektrifikazio-plana onartu zen, baina elektrifikazio-lanak ez ziren 1938ra arte iritsi Vasco-Navarro trenbideko azken geltokira (Mekolalde); alegia, gerra zibil betean. Eraiki zuten azken tartea Andolluko geltokiaren eta Estibalizko Andre Mariaren santutegiaren arteko adartxoa izan zen, 1948an.

1889ko otsailean inauguratu zuten Anglo-Vasco-Navarro trenbidearen lehenengo tartea, eta 1927ko irailean amaitu zuten trenbidearen proiektu osoa, hau da, ia 40 urte geroago. Hain zuzen ere, trenbideak denbora hori bera eman zuen martxan: aipatutako urtetik hasi, eta 1967ko abenduaren 31ra, orduantxe itxi baitzen. Itxi ondoren, instalazioak abandonatuta geratu ziren, eta trenbideak eta katenariak desegin zituzten. Eraikinak, berriz, beste hainbat zereginetarako erabiltzen hasi ziren, eta batzuk eraitsi edo etxebizitza gisa birgaitu zituzten.

II.3. Gaur egungo egoera.

Araban, Vasco-Navarro trenbidearen zati handi bat bide berde gisa berrerabili da, Foru Aldundiak kudeatzen duen Arabako Lurralde Historikoko ibilbide berdeen sarearen barruan. Gainera, beharrezkoak diren azpiegiturak prestatu dira (pasabideak, zubiak, tunelak eta abar), eta, horretarako, lur-berdinketa eta bazterrak garbitu dira; hesiak, barandak, euste-elementuak eta abiadura murrizteko gailuak jarri dira; ibilbidea seinaleztatu da; jatorrizko drainatzeak garbitu eta berriak jarri dira, eta abar. Seinaleztapenean, trenbidearen historia eta jatorrizko azpiegituraren elementuak interpretatzeko panelak jarri dira.

Gipuzkoan, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko hiri- eta industria-sareak inbaditu du trenbidearen trazaduraren zati bat, eta, trazadurari eusten zaion lekuetan, oinezkoentzako edo txirrindularientzako ibilbide-tarte batzuk egokitu dira. Bestalde, higiezinetako batzuk berrerabili egin dira. Landa-eremuetan, hala nola Leintz-Gatzagan eta Eskoriatzako zati batean, lur-berdinketaren zati handi bat bere horretan mantentzen da, eta, kasu askotan, geltokiak etxebizitza gisa aprobetxatu dira, eta geralekuak, berriz, lanabesak edo egurra gordetzeko biltegi gisa.

II.4. Ondare higiezina.

Vasco-Navarro trenbidearen ondare higiezinak honako ondasun-tipologia hauek ditu:

  1. Trazadura: bide bakarreko bi tartetan egin zen, Gasteizko lotura bikoitzean izan ezik:

  1. tartea: Gasteiztik Leintz-Gatzagara, eta Mekolalderaino (Bergara).

    Leintz-Gatzagarainoko lehenengo tartean, bideak gorantz egiten zuen zuzengune zabaletan eta malda leunetan, Zadorra ibaiaren haranari jarraituz. Leintz-Gatzagako geltokiaren eta Gaztañadiko (Eskoriatza) geralekuaren artean, lineak sigi-saga jarraitzen zuen, gehienez ere % 3ko maldak gaindituz. Hortik Mekolalderaino, bideak beherantz egiten zuen, ibaiaren ibilguari jarraituz. San Prudentzioko adarrak profil leuna zuen, baina etengabe gorantz, Oñatiraino.

  2. tartea: Gasteiztik Kanpezura.

    Trazadurak lerrokadura zuzen eta luzeak zituen, 200 m-ko gutxieneko erradioarekin eta 19 milareneko gehieneko maldarekin. Gasteiztik, bideak leun egiten zuen gora, Zadorra eta Ega ibaien arteko isurialdeen banalerroraino, Donemiliaga eta Arraia-Maeztu udalerrien artean. Hortik, linea Santikurutze Kanpezuraino jaisten zen. Andollutik Estibalitzera bitarteko adartxoak, bestalde, itzulinguru handia egiten zuen santutegira igotzeko.

    Trenbidearen zabalera, normalean «trenbide metriko» deitzen zaiona, metro batekoa zen errailen barruko aldeen artean, eta penintsulako iparraldeko bide estuko trenbide gehienek erabiltzen zutenaren berdin-berdina zen. Trenbidea kareharrizko balastozko azpi batean zegoen kokatuta. Hain zuzen ere, kareharri hori inguruetako harrobietatik hartzen zen. Errailei dagokienez, lanak hasterakoan, Compañía del Ferrocarril Anglo-Vasco-Navarro konpainiak errail-sorta handi bat erosi zion Belgikako Ougree altzairu-fabrikari, eta, horrekin, Leintz-Gatzagarainoko linea egin zen, eta, ondoren, Eskoriatzarainokoa. Lanei berriro ekin zitzaienean, Eskoriatza eta Bergara arteko tartean ere erabili ziren. San Prudentzio eta Oñati arteko errailak Bizkaiko Labe Garaietan egin ziren: sekzio handiagoa zuten, eta 32,2 kg/m-ko pisua. Material horrek ondo funtzionatzen zuenez, Lizarratik Gasteizerako tartean eta Estibalitzeko adarrean ere erabili zen, eta, azkenik, trenbidearen elektrifikazioaren ondorioz, Belgikatik ekarritako errail zahar guztiak ordeztu ziren. Errail gehienak haritzezko trabesen gainean zeuden jarrita, baina, batzuetan, pinu- eta pago-egurrez egindakoak ere erabili ziren. Trenbidea itxi zutenean, errailak eta trabesak erabat desegin zituzten.

  1. Obra zibila.

  1. tartea: Gasteiztik Leintz-Gatzagara, eta Mekolalderaino (Bergara).

    Leintz-Gatzagarainoko lehenengo tartean, lanik esanguratsuena Eskalmendiko zubi metalikoa izan zen: 30 metroko argia zuen eta 1888an eraiki zuten, baina, 1942an, hormigoizko egitura bat jarri zuten haren ordez, harlanduzko zutabeen gainean. Egitura horrek 4 zati zituen, eta horietako batek zirkuluerdiko arkua zuen. Leintz-Gatzaga eta Gaztañadi artean, 15 tunel eta 3 zubi eraiki ziren Deba ibaiaren gainean, eta, Mekolalderainoko gainerako tartean, beste 13 zubi, modu soilean egindakoak hormigoi armatuzko habeen bitartez, harlanduzko zutabeen gainean (Eugenio de Riverak diseinatu zituen), bai eta 4 tunel ere. San Prudentzioko adarrak Oñati ibaia zeharkatzen zuen, harlanduzko zutabeen gainean eraikitako hormigoizko 5 biadukturen bitartez.

  2. tartea: Gasteiztik Kanpezura.

    Tarte honetan oso tunel luzeak daude (Laminoria, Atauri eta abar), bai eta garrantzi eta konplexutasun tekniko handiko zubi eta biaduktuak ere (Atauri, Santa Kristina, San Saturnino eta abar). Estibalizko adarrak, aldiz, ez zuen obra garrantzitsurik.

  3. Arkitektura: eraikinak zenbait modutan diseinatu ziren; hain zuzen ere, trenbidearen eraikuntza-etapa bakoitzari lotutako ereduen arabera:

    1887tik aurrera, eta Compañía del Ferrocarril Anglo-Vasco-Navarro konpainiak kudeatutako 1. etapan:

    Solairu bakarreko eta 3 gelako barrakoi xumeak eraiki zituzten Duranan, Erretanan, Urbinan, Legution, Landan eta Leintz-Gatzagan, oinplano angeluzuzeneko bolumen-eredu baten arabera. Altuera bat eta bi isurkiko estalkia zuten, harlangaitzezko hormaz zeuden eraikita, eta zokaloak, markoak edo bilbadurak ziren beren apaingarri bakarrak. Gasteizen, lehenengo tarte horretako geltoki handi bakarra eraiki zen (Gasteiz Hiria), hain zuzen ere Herrandarren kalean: gaur egun jada ez dago, baina eraikin aparta zen, eta enpresaren administrazio-bulegoak ere hantxe zeuden. 1915ean, beste adar bat inauguratu zen: hirigunean barrena zihoan, eta aipatutako geltokia eta gaur egun desagertuta dagoen Gasteiz Iparraldea izeneko geltokia lotzen zituen. Hain zuzen ere, hortik abiatzen zen Gasteiz-Lizarra linea: egiaz, markesinadun geraleku xume bat zen, Dato kaleko Madril-Irun linearen gaur egungo geltokiaren parean kokatutakoa.

    1914an, 2. faseari ekin zitzaion, eta Estatuak berriro heldu zien Eskoriatza eta Mekolalde arteko obrei:

    Geraleku txiki batzuez gain (Marin, Zarimutz eta Mazmela), Ramón Aguinagak geltoki handiagoak diseinatu zituen: «old english» inspirazio argiko eraikin dotoreak ziren, oinplano angeluzuzenekoak, 2 solairukoak eta teilatupedunak. Gainera, markesina metalikoa zuten nasa nagusian (gaur egun, gehienak desagertuta daude). Eredu horren ezaugarriak honako hauek ziren: zeramikazko teila lauz egindako estalkiak, malda handikoak eta teilatu-hegal nabarmenekoak; triangelu-formako piñoiak; harlanduzko zokalodun harlangaitz-horma ilaratuak; arotzeriak; balaustradak eta teilatu-hegalak, pintatutako zurez egindakoak eta konposiziorako zenbait baliabide erabiltzen zituztenak, esate baterako, arku beheratuak, idi-begiak eta ageriko adreiluak ateburuetan, inpostetan eta bilbadura faltsuetan.

    1920tik aurrera, 3. fasean, Gasteiztik Lizarrarako tartea egin zen:

    Eragin ingeleseko estilo eklektikoak Alejandro de la Peña Mendizabal ingeniariak diseinatutako geltokietan jo zuen goia: Olarizu, Otazu, Aberasturi, Andollu, Erentxun, Gauna, Uribarri-Jauregi, Laminoria, Maeztu, Atauri, Antoñana eta Kanpezukoetan, hain zuzen ere. Geltoki handiak ziren, herri horiekin alderatuta. Denek zuten merkantzietarako nasa partzialki estalita, Atauri, Laminoria, Uribarri-Jauregi, Andollu, Aberasturi eta Gaunakoek izan ezik. Gaur egun, Kanpezu, Laminoria, Uribarri-Jauregi, Gauna eta Olarizuko geltokiak desagertuta daude. Fase horretan, aldi berean, San Prudentziotik Oñatirako adarrari ekin zitzaion, eta Aguinagaren geltoki-eredua errepikatu zuten hor. Oñatin, alabaina, estilo errenazentistako harlanduzko eraikin aparta eraiki zuten, bertako arkitekturan inspiratuta.

    1938 aldera, Gasteiztik Mekolalderako tartearen elektrifikazioaren ondorioz:

    Explotación de Ferrocarriles del Estado (Estatuko Trenbideen Ustiapena) izeneko organismoak berritu egin zituen Gasteiz eta Leintz-Gatzaga arteko geltokirik zaharrenak, eta bidaiarien zerbitzurako eraikin berriak egin zituen Duranan (gaur egun desagertuta), Erretanan, Legutioko Villarrealen eta Landan. Eraikin horiek bertako estilo arkitektoniko eklektikoan egin zituzten, eragin ingeleseko xehetasunak ere gehituz. Altuera bikoitza zuten, bi isurkiko teilatua, eta teilatu-hegal handiak, jabaloiez hornituak, zurezko barne-egiturarekin, harlangaitz-horma ilaratuekin, harlanduzko hormekin beheko solairuko eskantzuetan, eta fabrikako hormekin goiko solairuan, horma-atalez, ageriko adreiluz eta zurezko egitura faltsuz estalita, konposizio-baliabide gisa. Orduan, hasierako instalazioak merkantzietarako nasa gisa eta trenbideetarako eta obretarako biltegi gisa egokitu zituzten.

    Mantentze-lanetako instalazioak, berriz, oso sakabanatuta zeuden: Oñatin, Gasteiz Hirian, Olarizun eta Santikurutze Kanpezun zeuden horretarako egoitzak. Hala ere, tailer nagusiak Gasteizen egon ziren beti, eta gainerakoak, gehienetan, garajetarako baino ez ziren erabiltzen, eta horietan ez zen garrantzi handiko lanik egiten: material mugikorra berrikustea, besterik ez.

  4. Elektrifikazio-sistema:

    Vasco-Navarro trenbidea korronte zuzeneko 1.500 volteko elikadura-tentsioarekin elektrifikatu zen, bi etapatan:

    1929an, Gasteiz eta Lizarra artean:

    Energia Artabiako Jauzitik zetorren (Urederra ibaiaren gainean, Lizarratik gertu), eta 30.000 voltean heltzen zen Burbako (Nafarroa) azpiestaziora, korronte alterno trifasikoan. Hortik, linea trifilar bat irteten zen Uribarri-Jauregiko geltokiko Errotaldeko transformazio-azpizentralera, eta, handik, 3.000 volteko linea osagarri bat zihoan Gasteizeraino. Linea horrek geltokietako transformazio-postuak elikatzen zituen, argiztapen-zerbitzuetarako, nasetako txirrinetarako, katigamenduetarako eta argi-seinaleetarako.

    Elektrizitate-hornidura bikoizteko asmoz, eta Artabiako Jauziaren gorabeherei aurre egiteko, Antoñanan azpizentral bat eraiki zen, eta hor beste linea batetik hartzen zen energia: hain zuzen ere, Cotijoko Jauzia (Ebro ibaiaren gainean, Logroñotik gertu) eta Beasain (Gipuzkoa) lotzen zituen lineatik.

    1955ean, elikadura-sistema aldatu zuten, eta, horretarako, Ormaiztegi-Gasteiz goi-tentsioko linearen eraikuntza aprobetxatu zuten, Uribarri-Jauregiko azpiestaziora zihoan zuzeneko hargune bat instalatzeko.

    Elektrifikazio-sistema horretatik Errotalde eta Antoñanako azpiestazioak baino ez dira geratzen, baita tunelen barruko katenariaren euskarrietako batzuk ere.

    1938an, Gasteiztik Mekolaldera bitarteko zatian, eta Oñatiko adarrean:

    Azpiestazioak (gaur egun desagertuta daude) estilo erregionalistako eraikinetan instalatu ziren, Legutioko Villarrealgo geltokiaren eta Arrasateko geltokiaren ondoan. Transformazio-ekipoak Gasteiz-Lizarra tartekoak bezalakoak ziren, baina irteerako potentzia 500 KW-ra handitu zen.

  5. Elementu osagarriak:

    Garrantzi txikiagoko eta hainbat motatako ondasunak dira (trenbideetako biltegiak, geraleku txikiak, euste-hormak, drainatzeak, lubakiak, erreken gaineko zubi txikiak, pontoiak, geltokietako nasak, deskarga-lekuak, zamalekuak eta abar), trenbide-sistemaren parte direnak eta sistema hori interpretatzen eta ulertzen laguntzen dutenak.

    5. Ondare higigarria.

    Vasco-Navarro trenbideak Espainiako bide estuko material mugikorreko parkerik zabalenetakoa izan du: alde batetik, hiru trakzio-motetako motorrak izan ditu (lurrun bidezkoak, elektrikoak eta konbustio elektrikokoak), eta, bestetik, atoien material handia (ardatz-autoak, bogieak, egurrezkoak, metalikoak eta abar). Horiek guztiak Estatuko eta atzerriko fabrikatzaile ospetsuenetako batzuek egin zituzten: Ashburyk, Siemens Schukertek, Maquinista Terrestre y Marítima enpresak, Carde y Escoriaza enpresak, eta CAFek, besteak beste.

    Oraindik mantentzen diren objektuetatik, tipologiarik adierazgarrienak jaso dira Monumentu Multzo honetan:

  1. zenbakiko lurrun-lokomotorea: Eusko Trenbideak sozietatearen jabetzakoa da. 1991ko udazkenean «kosmetikoki» zaharberritu zen, eta Oñatiko geltokiaren aurreko monumentu gisa kontserbatzen da. Korrosio- eta degradazio-sintoma argiak ditu, baina Udalak zaharberritzeko interesa agertu du.

    3002 automotor elektrikoa: Eusko Trenbideak sozietatearen jabetzakoa da. Azpeitiko Burdinbidearen Museoak zaharberritu zuen, eta hantxe dago ikusgai 1995etik.

    Z02 areto-kotxea: 1992an eskuratu zen Azpeitiko Burdinbidearen Museorako, eta hantxe dago ikusgai, 1993an zaharberritu zutenetik.

    C bidaiari-kotxea: 1992an eskuratu zen Azpeitiko Burdinbidearen Museorako, eta hantxe dago ikusgai, 1993an zaharberritu zutenetik.

    Bidaiari-kotxea: Eusko Trenbideak sozietatearen jabetzakoa da. 1998an istripu larria izan zuen: errailetik irten zen. Azpeitiko Burdinbidearen Museoan dago, zaharberritzeko funtsen zain.

Babes-araubide honek osatu egiten du Vasco-Navarro trenbidearen Euskal Autonomia Erkidegoko tartea, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko deklarazioa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Era berean, ondasun horretan onartuta eta debekatuta dauden jarduerak zehazten dira.

  1. Babes-araubide honetako aginduak Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoa osatzen duten eta I. eranskinean definitutako mugaketaren barruan dauden ondasun guztiei aplikatuko zaizkie.

  2. Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoa osatzen duten eta aurretiaz kultura-ondasun deklaratu diren ondasunei babes-araubide honetan jasotako araudia aplikatuko zaie lehentasunez, eta, araubide honetan aurreikusita ez dagoenerako, dagozkion aurretiazko deklarazioak aplikatuko zaizkie modu osagarrian.

  3. Monumentu Multzoaren mugaketan sartuta dauden eta aurretiaz Balizko Arkeologia Gunearen deklarazioa izan duten zonaldeek babes-araubide hau izango dute: Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 65. artikulua, eta Balizko Arkeologia Guneak finkatzeko araudia ezartzen duen urriaren 8ko 234/1996 Dekretuaren 7. artikulua eta horrekin bat datozenak.

  1. Eranskin honetako aginduak lotesleak dira, eta bertan aurreikusitako babes-neurrien arabera kontserbatu beharko da babestutako kultura-ondasuna.

  2. Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek beren baitan jaso beharko dituzte babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute, 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

  1. Kultura-ondasunaren deklarazio hau eragin duen ondare-balorazioaren arabera, Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoa ondasun aparta da EAEko industria-ondarean, eta balio kultural hauek ditu:

    Balio historikoa: ia 80 urteko bizitza erabilgarria izan zuen, eta trenbideak eragin handia izan zuen lotzen zituen udalerri eta eskualdeen garapenean; zehazki, gizarteari, industriari eta hirigintzaren arloko garapenean. Gainera, oraindik kontserbatzen diren obra zibileko elementu askok eta eraikin askok ehun urte ere badituzte honezkero.

    Balio soziala: eragin handia izan zuen erabiltzaileen eguneroko bizimoduetan; izan ere, garraiobide eta komunikaziorako bide izan zen jende askorentzat: landaguneetako biztanleentzat, Debagoieneko fabriketako langileentzat, Arabako industriako langileentzat eta Arabako Lautadako nekazarientzat, besteak beste.

    Balio teknologikoa: Estatuko aurreneko trenbide elektrifikatuetako bat izan zen, eta, lurraldearen orografia gorabeheratsuaren ondorioz, konplexutasun tekniko handiko azpiegitura izan zen.

    Berezitasuna: XIX. mendean eta XX.aren lehen erdian espainiar Estatuan eraikitako bide metrikoko trenbiderik luzeena izan zen.

    Paisaiaren balioa: oso luzea zenez, Vasco-Navarro trenbidea hainbat motatako paisaiak (hirikoak, industrialak, nekazaritzakoak, meatzaritzakoak eta abar) lotzen zituen ardatza izan zen.

    Lurralde arloko interesa: gizarte-, orografia-, ingurumen- eta hirigintza-aniztasun handiko hiru eskualde lotzen zituelako. Mekolalden Ferrocarriles Vascongados konpainiako trenbidearekin elkartzen zenez, EAEko hiru hiriburuak lehen aldiz geratu ziren trenez lotuta, eta, beraz, abiadura handiko trenen gaur egungo plangintzaren sorburua ere izan zen.

  2. Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoan identifikatutako balioak babesteko asmoz, IV. eta V. eranskinetako zerrendetan jasotako ondasun higiezin eta higigarri guztiak babestuko dira, bai eta horien babes-inguruneak eta zaintza-eremua ere.

  3. Ondasun higiezin babestuak honako tipologia hauetan sailkatzen dira:

    Trenbidearen trazadura babestua: trenbide nagusien eta adarren jatorrizko ibilbidea Euskal Autonomia Erkidegoan zehar, 13. artikuluan zehazten den bezala.

    Obra zibila: trenbide-linearekin batera diseinatutako eta gauzatutako azpiegitura, trazadurak zituen oztopoei aurre egin ahal izateko: ibai-ibilguen kasuan, zubiak; komunikazio-bideen kasuan, gaineko edo azpiko pasabideak; eta, beste elementu orografiko batzuen kasuan, tunelak (mendiak zeudenean) edo biaduktuak (ibarbideak zeudenean).

    Arkitektura: trenbidearen azpiegiturarekin zuzenean lotutako eraikinak; hala nola, geltokiak, biltegiak, zama-lanetarako nasak, automotorren biltegiak, langileen etxeak, transformazio-azpizentralak eta azpiestazio elektrikoak.

    Elementu osagarriak: garrantzi txikiagoko ondasunak, trenbidea interpretatzen eta ulertzen laguntzen dutenak; hala nola, biltegi txikiak, geralekuak, euste-hormak, drainatzeak, lubakiak, erreken gaineko zubi txikiak, geltokietako nasak, deskarga-lekuak eta zamalekuak.

  4. Kontserbatutako trenbide-material mugikorreko tipologiarik adierazgarrienek osatzen dute ondare higigarri babestua (tren-makinek eta bagoiek, hain zuzen ere).

  5. Babes-araubide partikularretan, babestu beharreko ondare-balio espezifikoak deskribatzen dira, ondare higiezin eta higigarrien tipologia guztietarako.

  1. Babestutako kultura-ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren mende daude, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

  2. Babestutako kultura-ondasunen jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hura kontserbatu, zaindu, babestu eta erabiltzera, hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, haren osotasuna ziurtatu dadin, eta ez dadin hura galdu, suntsitu edo hondatu.

  3. Babestutako edozein kultura-ondasunen erabilerak bateragarria izan beharko du babesaren xede diren balio kulturalekin, eta, betiere, ondasuna kontserbatuko dela eta haren balioa nabarmenduko dela bermatu beharko da.

  4. Babestutako kultura-ondasunaren titularrek ondasunerako sarbidea bermatu behar dute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, informazioa eta sarbidea emanez agintari eskudunei edo beren eskumenak egikaritzeko ardura duten funtzionarioei, eta ondasuna modu publikoan bisitatzeko eta aztertzeko aukera emanez foru-organo eskudunak berariaz baimendutako ikertzaileei.

  5. Babestutako kultura-ondasunak osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da ezinbestean.

  6. Eranskin honetan jasotako araubide partikularren arabera babes bereziko maila duten kultura-ondasunak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidearen mende egongo dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 40. artikuluan xedatuta dagoen moduan.

Babestutako kultura-ondasunetan, beren babes-ingurunean edo zaintza-eremuan edozein esku-hartze egiteko, dagokion foru-aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimena beharko da, dagokion hirigintza-lizentzia edo administrazio-baimena eman aurretik.

  1. Babestutako kultura-ondasunen gaineko esku-hartzeek proiektu tekniko espezifiko bat beharko dute, ondasunaren eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena. Ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du proiektu hori, dagokion foru-aldundian kultura-ondarearen eskumena duen departamentuak onar dezan.

  2. Edonola ere, babestutako kultura-ondasunean egin beharreko esku-hartzeen aurretik, ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikoa egin beharko da, eta lan horiek profesional eta enpresa espezializatuen esku utzi beharko dira. Profesional eta enpresa horiek, gainera, egiaztatu beharko dute beharrezko gaitasun teknikoa dutela lanak bermerik handienekin egiteko.

1. ATALA

ONDARE HIGIEZINA BABESTEKO ARAUBIDE OROKORRA

  1. Vasco-Navarro trenbidearen ondasun higiezinetan baimendutako eta debekatutako erabileren, jardueren eta esku-hartzeen araubidea zehazte aldera, babes-inguruneen eta zaintza-eremuaren araberako zonifikazioa ezartzen da. Eremu horiek Monumentu Multzoaren parte dira, eta atal honetan aurreikusitako agindu espezifikoak aplikatuko zaizkie.

  2. Babes-inguruneak bat datoz babestutako, isolatutako edo multzotan taldekatutako ondasun higiezinen eremurik hurbilenarekin, eta babes-araubide espezifikoak honakoak arautzen ditu: babestutako ondasunak kontserbatzeko eta haiei balioa emateko onargarriak eta beharrezkoak diren esku-hartzeak, bai eta ondare-balioak defendatzearekin bateraezinak izateagatik debekatuta dauden jarduerak edo jarduketak ere.

  3. Babes-ingurunea honela definitzen da:

    Trazaduraren babes-ingurunea: trazaduraren tarte babestuetarako ezartzen da soilik (13. artikuluan daude definituta), baldin eta ez badira igarotzen hiri-kaleetatik eta ez badaude ondasun-multzo baten babes-ingurunean.

    Horren barruan sartzen da lur-berdinketek, bideko elementu funtzionalek, obra zibilek eta elementu osagarriek hartutako azalera, betiere, kasu bakoitzean, kanpoko muga gisa hartuz lur-erauzketako edo lubetako ezpondak lur naturalarekiko duen ebaketa-lerroa edo egituren ertzak lursailean duen proiekzio bertikala.

    Hiri-lurzoruko kale publikoetatik igarotzen diren tarteetan, babestutako trazadura eta haren babes-ingurunea bat datoz kalearekin zabalera osoarekin.

    Ondasun-multzoen babes-ingurunea: I. eranskineko planoetan grafiatutako eremua da, unitate funtzional edo bisual identifikagarria osatzen duten tipologia desberdineko ondasun higiezinen multzoetarako. Zehazki, honako hauek identifikatu dira: Gasteizen, Erretana eta Estibalizko multzoak; Legution, Urbina eta Villarrealgo multzoak; Arratzua-Ubarrundian, Landako multzoa; Leintz-Gatzagako multzoa; Eskoriatzan, Maringo multzoa; Iruraiz-Gaunan, Erentxun eta Uribarri-Jauregiko multzoak; Arraia-Maeztun, Atauriko multzoa; eta Kanpezun, Antoñanako multzoa.

    Arkitektura isolatuaren babes-ingurunea: eraikinen fatxadekiko lerro paraleloek 15 m-ko distantziara osatzen duten eremua da, eta, hala badagokio, trazaduraren babes-ingurunearen edo inguruko bideen kanpoko muga, horiek 15 m-tik beherako distantziara daudenean.

  4. Zaintza-eremua Monumentu Multzoko ingurumen- eta paisaia-balioen babes-eremu orokorra da, edozein lurralde-, sektore- edo udal-plangintzak baldintzatzaile gainjarritakotzat hartu behar duena trenbidearen ondare-balioa integratu, babestu eta sustatzeko orduan.

    Zaintza-eremu hori ez da eraginkorra hiri-eremuetan, ez eta ondasun-multzo baten babes-ingurunean ere. Trazaduraren tarte babestuetan baino ez da ezartzen, eta bat dator alboetan dauden 5 m-ko zabalerako bi zerrendarekin, 3. apartatuko irizpideen arabera definitutako trazaduraren babes-ingurunearen kanpoko ertzetik neurtuta.

  1. Trazaduraren, ondasun-multzoen eta arkitektura isolatuaren babes-inguruneetan, indartu egingo da multzoaren trenbide- eta industria-izaera, eta altzariak, argiztapena eta norabide- eta interpretazio-seinaleak multzoaren ingurumen-balioarekin integratu eta harmonizatuko dira.

  2. Zehazki, honako esku-hartze hauek baimenduko dira, baldin eta babestutako ondasunaren babes-araubide espezifikoarekin bateragarriak badira:

    Irisgarritasuna hobetzea, ingurunearen balio kulturalekin bat datozen materialak eta diseinuak erabiliz, ondasunen elementu bereizgarriak ezkutatu gabe eta haien osotasuna eta benetakotasuna mantenduz.

    Hiri-altzari txikiak instalatzea.

    Seinaleak eta segurtasun-elementuak jartzea.

    Zuhaixka-landareak garbitzea eta sastrakak kentzea.

    Babestutako kultura-ondasunak edo haien babes-ingurunea ikusteari, hautemateari, aztertzeari edo gozatzeari eragiten dion edozein gehigarri kentzea.

    Lurrak mugitzea, Monumentu Multzoa kontserbatzen eta hobetzen lagunduko duten zerbitzu-azpiegiturak eta instalazioak jartzeko.

    Edozein kultura-ondasunetatik hurbil dauden zuhaitzen eta landareen mozketa selektiboa, egiaztatzen bada kultura-ondasunetan nolabaiteko eragina dutela, zaharberritzearekin bateraezinak direla, edo ondare-multzoaren interpretazioa hutsaltzen dutela.

  3. Babes-inguruneetan, debekatuta dago eraikuntzak egitea eta babestutako ondasunen kutsadura bisuala edo pertzeptiboa eragitea; hau da, ondasuna edo haren ingurunea ikustea eragotzi, zaildu edo distortsionatzen duen edozein esku-hartze, erabilera edo ekintza puntual egitea. Zehazki, elementu hauek ezin izango dute babestutako kultura-ondasunen esparru bisuala eten:

    Energia edo telekomunikazioa banatu, sortu eta kontsumitzeko instalazioak.

    Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea.

    Hiri-altzariak (horren barruan sartzen dira itxiturak, olanak, mahaitxoak edo kanpoko argiak).

    Hiri-hondakinak biltzeko elementuak.

    Beste zuhaitz-espezie batzuk landatzea.

  4. Babes-ingurune baten barruan dauden baina IV. eranskinean babestutako kultura-ondasun gisa berariaz aipatzen ez diren ondasun higiezinak babesik gabeko ondasuntzat hartuko dira, eta horietan edozein esku-hartze mota onartuko da, eraispena barne. Hala ere, lurpeko hondakinak kontserbatu ahal izango dira, foru-organo eskudunak hala erabakitzen duenean, esku-hartze arkeologikoak ematen dituen emaitzen arabera. Ondasun horiek eraberritzeko edo ordezteko jarduketetan, ez da bolumen-aldaketarik edo lerrokadurarik onartuko, salbu eta, foru-organo eskudunaren iritziz, ondasunari edo trenbideari balioa ematen laguntzen badute, eta, nolanahi ere, morfologiari eta materialei dagokienez, Monumentu Multzoaren ezaugarri adierazgarrienen arabera diseinatuko dira.

  5. Babes-ingurunean egindako obra txikiak, betiere kultura-ondasun babestuan eragin materialik edo bisualik ez badute, dagokion foru-aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete (1) lehenago.

  1. Zaintza-eremuan, udal-plangintzak erabileren eta jardueren araubidea zehaztu behar du; besteak beste, eraikin eta urbanizazio berriek trenbidearen trazadurarekiko izan behar duten gutxieneko tartea, bai eta horiek diseinatzeko eta gauzatzeko baldintzak ere.

  2. Araudi horretan, bai eta zaintza-eremuan edozein jarduketa baimentzeko orduan ere, Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoaren balio kulturalak errespetatzen direla eta irizpide hauek betetzen direla bermatu behar da:

    Trenbide-sistemaren interpretazio osoa bermatzea.

    Trenbideak lurraldetik eta lurralderantz duen irisgarritasuna ahalbidetzea, eta, bereziki, interesgarriak diren natura-, landa-, hiri- edo industria-giroetako paisaiei dagokienez.

    Babestutako ondasunak ikusaraztea, eta gauza bera egitea ondasunen eta erlazionatutako gainerako elementu eta espazio funtzionalen arteko loturarekin.

    Paisaiaren degradazioa saihestea, trenbidearen trazaduratik hautematen den bezala; aldi berean, esparru bisualaren interferentzia itzulezinak ere saihestea.

    Monumentu Multzoaren kutsadura bisuala eta akustikoa saihestea.

1. IV. eranskinean adierazitako ondasun higiezin babestuetan egiten diren esku-hartzeek bermatu egingo dute ondasun horien gaineko ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea, ondasun horiek eta inguruko ingurumen-balioak nabarmentzeko.

  1. Babestutako kultura-ondasunaren balio kulturalak transmititzen direla bermatzeko, oinarrizko jarduketa-printzipio hauek ezartzen dira: ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzea, prozeduren itzulgarritasuna, eta osotasuna eta benetakotasuna mantentzea.

  2. Debekatuta egongo dira babes-araubide honetan berariaz onartu ez diren ondare higiezinaren gaineko jarduketa guztiak, bai eta, oro har, ondare higiezinari kalte egiten dion edo multzoaren itxura eta interpretazioa desitxuratzen edo degradatzen duen edozein esku-hartze, erabilera edo jarduera ere.

  3. Esku-hartzeek errespetatu egingo dituzte ondasunean bizirik dirauten eta ondasunaren bilakaerari buruzko informazio esanguratsua ematen duten garai guztietako eranskin interesgarriak.

  4. Baimentzen diren gehikuntzek multzoaren harmonia errespetatu beharko dute, baina jatorrizko zatietatik bereiziko dira, faltsifikazio historikoak edo artistikoak eragozteko.

  5. Debekatuta dago babestutako ondasunaren teknika edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.

  6. Babestutako kultura-ondasunetan, haien babes-inguruneetan edo zaintza-eremuetan onar daitezkeen esku-hartze guztietan, ingurumen-inpakturik txikiena duten aukera teknikoek izango dute lehentasuna, eta aukera horiek kontuan hartuko dute nolako eragina duten faunaren ugaltze-zikloetan.

  1. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betez, zenbait neurri arrazoizkotzat joko dira; hain zuzen ere, mugikortasun urriko pertsonak kultura-ondasun babestura modu autonomoan heltzeko aukera emango duten neurriak. Edonola ere, doikuntza horiek bateragarriak izan beharko dute babestutako balio kulturalekin.

  2. Trenbidearen trazadura eta obra zibila diseinatu eta egin zirenean, garai hartako trenbidearen prestazio teknikoak hartu ziren kontuan; beraz, motorrik gabeko ibilbide gisa gaitzerakoan, jatorrizko ezaugarri horiek ez dira funtsean aldatu behar (bidearen zabalera, luzetarako eta zeharkako maldak, biraketa-erradioak eta abar), irisgarritasun unibertsaleko baldintzetara egokitzeko. Nolanahi ere, zenbait doikuntza puntual onartuko dira, geltokietako nasetatik lur-berdinketetara iristeko edo sarbide alternatibo berriak egiteko aukera emango duten desnibel txikiak kentzeko. Nasetan babes-hesiak jartzea saihestu beharko da.

    1. mailako edo babes bereziko arkitekturaren kasuan, eraikinetan jada esku-hartzeak egin dira, komunikazio bertikala ahalbidetzeko baldintza irisgarrietan; beraz, ez da beharrezkotzat jotzen jarduketa gehiago egitea, kanpoaldetik eraikinetara sartzeko egin beharreko egokitzapen txikiak izan ezik.

    2. eta 3. mailetako arkitekturan eta altuera bat baino gehiagokoetan, gehikuntzak egitea onartuko da, higiezina egokitzeko hala egin behar denean, eta, ahal dela, barnealdean, betiere ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren printzipioei jarraikiz, eraikinaren ondare-balioekin bateragarriak diren teknikak eta materialak erabilita, higiezina desitxuratu gabe edo hura ikustea oztopatu gabe, eta egituraren egonkortasuna eta osotasuna kaltetu gabe.

    2. mailako B azpimailan dauden eraikinak edo babes ertainekoak sendotzeko jarduketek ez dute irisgarritasun-neurririk behar. Berrerabiliz gero, aurreko apartatuan babes ertainerako ezarritako irizpideak hartuko dira erreferentziatzat.

  1. Esku-hartze guztietan, aukera berritzaileak ezarri beharko dira, ahalik eta egokitzapen eraginkorrena ahalbidetzeko, eta, betiere, babestutako kultura-ondasunaren ondare-balioak zaindu beharko dira.

    2. ATALA

    TRAZADURA BABESTEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

  1. Monumentu Multzoan babestutako trenbidearen trazadurak bat egiten du jatorrizko ibilbideko zenbait tarterekin; hain zuzen ere, oraindik lur-berdinketa mantentzen duten tarteekin edo berreskuratzeko moduan dutenekin (lerro jarraituan daude grafiatuta I. eranskineko mugaketa-planoetan).

  2. Lurzoruaren okupazio berrien ondorioz desagertu diren tarteak (urbanizazioak, errepideak, industria-instalazioak eta abar) I. eranskinean daude identifikatuta (lerro etenean daude grafiatuta), soilik jatorrizko trenbide-linearen trazadura osoa erregistratu eta interpretatzeko asmoz.

  3. Hauek dira Vasco-Navarro trenbidearen babestutako trazaduraren balio kulturalak:

    Konektagarritasuna: Monumentu Multzoa osatzen duten elementu guztiak lotzen dituen ardatz gisa. Horri esker, unitate kultural argia eta mugatzeko modukoa eratzen da.

    Berezitasuna: espainiar Estatu osoan eraikitako bide metrikoko trenbiderik luzeena izan zen.

    Interpretaziorako gaitasuna: trenbidea ulertzeko gakorik esanguratsuena da, sistemak eta haren elementuen arteko harremanek nola funtzionatzen zuten interpretatzeko.

    Balio funtzionala: ahalmena duelako motorrik gabeko mugikortasun-modu berriak (tokikoak edo eskualdekoak) bideratzeko.

  4. Deskribatutako ondare-balioen garrantzia dela eta, trenbidearen trazadurari babes bereziko maila eman behar zaio.

  1. Vasco-Navarro trenbidearen babestutako trazaduran egiten den jarduketa oro ibilbidearen jarraitutasuna bermatzera egongo da bideratuta, bai eta sistema eta haren trenbide- eta industria-izaera interpretatzen laguntzera ere.

  2. Trazaduraren ikerketa zientifikoarekin lotutako erabilerak eta jarduerak lehenetsiko dira, jatorrizko bidea eta bere elementu funtzionalak aurkitu eta berreskuratzeko.

  3. Jarduera kulturalak egin eta sustatu ahal izango dira, betiere bateragarriak badira lur-berdinketaren eta trenbideari lotutako gainerako elementuen kontserbazioarekin, eta Vasco-Navarro trenbidearen ondare-balioen berri emateko balio badute.

  4. Babestutako trazadurarekin bateragarria izango da hura motorrik gabeko ibilgailuetarako edo motor elektriko txikiko ibilgailuetarako erabiltzea, betiere, horren ondorioz, jatorrizko bidea edo lur-berdinketa edo haren elementu funtzionalak ez badira suntsitzen edo eraldatzen.

  5. Vasco-Navarro trenbidearen babestutako trazaduran, jarduketa hauek onartuko dira:

    Lur-berdinketa eta ingurumen-balioa duten elementu osagarriak sendotzea, zaharberritzea eta balioa ematea.

    Lur-berdinketaren zorua konpontzea; hain zuzen ere, zoruaren akaberak biguna izan beharko du.

    Bidea eta/edo lur-berdinketa egokitzea, motorrik gabeko ibilbide gisa erabilia izan dadin. Nolanahi ere, jatorrizko lur-berdinketaren zabalera mantenduko da.

    Seinaleztapen-elementuak instalatzea eta azpiegiturak, zerbitzuak eta instalazioak jartzea, Monumentu Multzoa kontserbatzen, hobetzen eta horretaz gozatzen laguntzeko.

    Trenbidearekin zerikusirik ez duen elementu oro kentzea, baldin eta trenbidea eraiki ondoren gehitu bada, babestutako ondasunak ikusteko aukera degradatzen edo oztopatzen badu, edo trenbide-sistemaren interpretazioa eragozten badu; esate baterako, lursailetako itxitura berriak, zuhaiztiak, eraikuntza osagarri txikiak eta abar.

  6. Aurreko obrak egiten diren bitartean, eta lur-berdinketaren jatorrizko oinarriak edo bideko elementuak aurkituz gero (hala nola, errailak, trabesak edo katenariak), beharrezkoak diren kontrol arkeologikoko lanak egin beharko dira, kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoak ezarritako irismenarekin.

  7. Jarduketa sektorial puntualen ondoriozko behin-behineko desbideratze orok kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoaren baimena beharko du.

  8. Herrien barrutik doazen tarteetan, eta, zehazki, Vasco-Navarro trenbidearen ibilbidea kale publikoetan barrena igarotzen denean, babestutako trazadura kalearen zabalera osoa izango da. Tarte horiek udal-plangintzak arautuko ditu, eta ibilbide publikoa inola ere ez desagerraraztea izango da muga bakarra.

    3. ATALA

    OBRA ZIBILA BABESTEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

  1. Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoan babestutako obra zibila IV. eranskineko 1. zerrendan jasotakoa da. Obra zibileko ondasun bakoitzaren ondare-balioen garrantziaren arabera, balio horiek babes bereziko (IV.1.1 zerrenda) edo ertaineko (IV.1.2 zerrenda) mailetan sartuko dira.

    VI. eranskineko 1. zerrendan, trenbideari lotutako obra zibila ere aipatzen da, baina gaur egun desagertuta edo berreraikita dagoena. Jatorrizko trenbide-sistemaren interpretazio osoa ahalbidetzea da zerrenda horren asmoa, soil-soilik.

  1. Babestutako obra zibilak, kasu bakoitzean, ondare-balio hauek edo hauetako batzuk ditu:

    Proiektuaren eta eraikuntzaren kalitate teknikoa: bereziki, tunelen eta biaduktuen egituren konplexutasunagatik.

    Egituren balioa: gaineko pasabideek, zubiek, tunelek eta biaduktuek jatorrizko sostengu-egituraren sistema kontserbatzen dute.

    Balio funtzionala: trazaduraren jarraitutasuna bermatzeagatik, orografiak edo beste bide batzuek trazadura eteten duten lekuetan.

    Interpretaziorako gaitasuna: trenbide-sistemaren funtzionamendua eta trazadura interpretatzeko gako berriak ematen dituzte.

  1. Obra zibiletan onartutako jarduketek ezaugarri hauek bete eta sustatu behar dituzte:

    Trenbidearen trazaduraren jarraitutasuna.

    Trazaduraren eta babestutako ondasunen arteko erlazioa, eta ondasunek beraien artean duten erlazioa.

    Obra zibilaren funtzionaltasuna eta bertatik segurtasunez igarotzeko aukera.

  2. Obra zibilaren babes-ingurunearen barruan dauden ibilgailuratze-plazatxoen, galtzaden, espaloien eta bazterguneen espazio funtzionaletako azalerek eta kokapenek aldaketa puntualak izan ditzakete, baldin eta aldaketa horiek Vasco-Navarro trenbidera heltzeko modua edo trenbidearen berri emateko modua hobetzearekin erlazionatutako erabileretarako izango badira, eta, betiere, babestutako ondasunen esparru bisuala eragotzi gabe.

  3. Biaduktuak, zubiak, tunelak eta gaineko zein azpiko pasabideak ezin dira beren kokalekuetatik bereizi, eta, beraz, ezin dira mugitu.

  1. Babes berezia duten obra zibiletan, jatorrizko egoera lehengoratzeko jarduketak onartuko dira; honako hauek, zehazki: fabrikako lanak zaharberritzea, egiturak sendotzea eta berreskuratu ezin diren zatiak ordeztea, eta interesik ez duten edo multzoarekin kontraste negatiboa egiten duten eranskin edo obra berriak kentzea.

  2. Egiturak sendotzeko lanak itzulgarritasun-irizpideak erabiliz egingo dira, eta arretaz zainduko da obra berriaren eta lehengoaren arteko ukipen-azaleraren tratamendua; hau da: jarritakoak ez du inondik ere lehendik zegoena suntsituko. Hala, debekatuta dago kareorezko horma masiboen egitura kapsulatzea zementuzko morteroz egindako zarpiatuekin, aireztatu gabekoekin, plakazko estalduradunekin, alikatatuekin edo forratuekin, baldin eta materialari arnasa hartzeko aukerarik ematen ez badiote edo, hezetasunaren ondorioz, materiala degradatzen badute.

  3. Egitura hauetan egingo dira esku-hartzeak: horma-bularretan, kontrahormetan, zubi-branketan eta ezproietan, gangetan eta pitetan, plementu erresistenteetan, eta tinpanoetan; hala ere, sostengu-funtzioa betetzen ez duten elementu isolatuak (esate baterako, harlanduak, harlanduxkoak, harlangaitzak eta dobelak) konpondu, zurkaiztu edo ordeztu baino ezin izango dira egin.

  4. Ez da baimenik emango ekarpen berriak egiteko, hala nola, taula berriak edo eraikitako eranskin-bolumenak, baldin eta hasierako egituren osotasuna eta egonkortasuna kaltetuko edo eraldatuko badute.

  5. Zimenduak eta euste-hormak berritu behar badira, modu egokian banatu beharko dira sendotuko dituzten zapata, lauza edo horma berrietatik, ez dira jatorrizko eraikuntzan zementuzko hormigoiz zurrunduko, ez eta junturak modu masiboan berdinduko ere, eta inola ere ez dute lurpeko uren pilaketarik eragingo, ez eta maila freatikoa igoko ere eraikuntzek ukitzen dituzten lurretan.

  6. Dagoen egituraren profila, sekzioa, modulazioa eta proportzioak mantenduko dira.

  7. Egituraren kargak transmititzeko eta banatzeko sistema mantenduko da, eta ez zaio gainkarga puntualik jarriko, ez eta gehiago zurrunduko ere.

  8. Babestu egingo dira harlangaitz kontzertatuz, harlanduxkoz edo harlanduz egindako horma-atalak. Hormetako kanpo-estalduren ehundurek eta itxura kromatikoek lehendik zeuden antzinakoenen patroiak bete beharko dituzte, batez ere kareorezko juntura hondoratu edo nabarmenduetan, zuriz pintatutakoetan edo harea-kolorekoetan; luzituetan eta kareztaduretan.

  9. Jatorrizko petrilak eta barandak kontserbatu eta zaharberrituko dira, eta frogatzen bada piezaren bat ezin dela errekuperatu, pieza hori modu puntualean ordeztu ahal izango da.

  1. Babes ertaineko obra zibiletan, aurreko ataleko jarduketez gain, eraikuntzaren zenbait aldaketa partzial onartuko dira; hain zuzen ere, konposizioaren batasuna aldatzen ez duten eta haren elementu tipologiko esanguratsuenak errespetatzen dituzten aldaketak.

  2. Trenbidearen trazadurari berriz ere balioa emateko eta erabiltzen hasteko jarduketetan, taula gaineko esku-hartzeak onartu ahal izango dira, mugikortasun-baldintza berrietara egokitu dadin.

  3. Jatorrizko barandak edo petrilak ezin badira zaharberritu, eta, ondorioz, ordeztu egin behar badira, trenbideko baranda eta petrilik antzinakoenen traza emango zaio diseinu berriari, materialei, formari, tamainari eta itxurari dagokienez.

  4. Babes ertaineko zubien kasuan, eta betiere agintaritza hidraulikoak ibaiaren ibilguaren oztopo larritzat jotzen baditu zubi horiek, proiektu indibidualizatu bat egingo da, eta, proiektu horretan, zubiari eragiten ez dioten beste alternatiba batzuen bideraezintasuna egiaztatu ondoren, obra zibilaren ondare-balioa gehien errespetatzen duten eta uholde-arriskua murrizten duten esku-hartzeak zehaztuko dira. Nolanahi ere, kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoak baimendu beharko ditu esku-hartze horiek.

    4. ATALA

    ARKITEKTURA BABESTEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

  1. Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoan babestutako arkitektura IV. eranskineko 2. zerrendan jasotakoa da, eta, kasu bakoitzean, babes-maila zehazten da, 20. artikuluko sailkapenaren arabera.

    VI. eranskineko 2. zerrendan, trenbideari lotutako eraikinak ere aipatzen dira, baina gaur egun desagertuta daudenak. Jatorrizko trenbide-sistemaren interpretazio osoa ahalbidetzea da zerrenda horren asmoa, soil-soilik.

  1. Babestutako arkitekturak, kasu bakoitzean, ondare-balio hauek edo hauetako batzuk ditu:

    Balio historikoa: beste higiezin batzuk baino antzinakoagoa izateagatik edo garai jakin baten erakusgarri izateagatik.

    Balio arkitektonikoa, ikuspuntu hauetatik:

    1. Tipologikoa: trenbidearen eraikuntza-fase bakoitzean diseinatutako arkitekturaren adibide adierazgarri gisa.

    2. Egiturakoa: bere egitura-sistemaren berezitasunagatik, adierazgarritasunagatik, konplexutasunagatik edo izaera berritzaileagatik, eta/edo kontserbazio-mailagatik.

    3. Arkitekturaren eta eraikuntzaren kalitatea: nabarmena izateagatik diseinuaren eta eraikuntzaren arloan, erabilitako materialen kalitateagatik edo eraikuntza-tekniken konplexutasunagatik.

    4. Konposizioa eta forma: bolumenen konfigurazio arretatsuagatik eta asmo estetikoa duten fatxaden konposizioagatik.

      Balio funtzionala: trenbide-jarduerari lotutako espazio nagusiak kontserbatzen direlako, eta azpiegiturak eta multzoko elementuen arteko erlazio espazio-funtzionalak ere kontserbatzen direlako, edo berrerabiltzeko modukoak direlako.

      Paisaia- edo ingurumen-balioa: mugarria delako paisaiari dagokionez, eta/edo trazadura lurraldean integratzen laguntzeko eta trenbide-sistema interpretatzen laguntzeko gaitasuna duelako.

      Arrarotasuna edo berezitasuna: tipologia edo estilo arkitektoniko baten testigantza bakarra delako, esklusiboa den ezaugarriren bat duelako edo, geltokien kasuan, herri bakoitzeko eraikin enblematikoak direlako.

  2. Babestutako eraikin bakoitzaren eta haren ondare-balio espezifikoen deskribapen zehatza 0. eranskinean dago jasota. Vasco-Navarro trenbidearen arkitekturari buruzko fitxak, espedienteko ondare-balorazioari buruzko txostenari erantsita.

  1. Babestutako arkitektura honako babes-maila hauetan sailkatzen da, balio kulturalen eta kontserbazio-egoeraren arabera:

  1. maila edo babes berezikoa (IV.2.1 zerrenda): multzo honetan sartzen diren eraikinek izaera berezia eta aparteko balioak dituzte, eta, betiere, jatorrizko ezaugarriak berreskuratzeko aukera ematen duen kontserbazio-egoeran daude.

    Vasco-Navarro trenbideko 5 geltokirik nabarmenenak dira, denak ere trenbidearen eraikuntza-faseetako estilo arkitektonikoen adibiderik esanguratsuenak.

    Babes bereziko eraikinetan egiten diren jarduketen helburua izango da eraikin horiek «in situ» kontserbatzea, jatorrizko ezaugarriak zaharberritzea eta balioa nabarmentzea, eta, betiere, eraikin horien elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

  2. maila edo babes ertainekoa (IV.2.2 zerrendak): 2 azpimailatan banatzen da:

    2. maila edo A azpimailako babes ertainekoa (IV.2.2.a zerrenda): multzo honetan sartzen diren eraikinek ez dute aparteko baliorik, baina, beren tipologiaren, kanpoko itxuraren, osotasunaren edo benetakotasunaren berezitasunagatik edo adierazgarritasunagatik, Monumentu Multzoaren parte interesgarriak dira.

    Eraikin hutsak dira, berrerabiltzeko aukera handia dutenak edo une honetan erabiltzen direnak, dituzten ezaugarri nagusiak errespetatuz zaharberrituak izan ostean.

    Babes ertaineko A azpimailako eraikinetan egingo diren ekintzak eraikin horiek kontserbatzera, duten balioa nabarmentzera eta funtzionalitatea bermatzera egongo dira bideratuta; edonola ere, oinarrizko elementu tipologikoak, morfologikoak, egiturakoak eta eraikuntzakoak errespetatu beharko dira.

    2. maila edo B azpimailako babes ertainekoa (IV.2.2.b zerrenda): multzo honetan sartzen diren eraikinek, jatorriz, ondare-balio apartak edo nabarmenak dituzte, baina, hala ere, oso kaltetuta geratu dira, abandonatuta eta kontserbazio-egoera txarrean egoteagatik.

    Babes ertaineko B azpimailako eraikinetan egingo diren ekintzak, gutxienez, kontserbatutako egiturak sendotzera eta haien narriadura geldiaraztera egongo dira bideratuta.

  3. maila (IV.2.3 zerrenda): multzo honetan sartzen diren eraikinek Monumentu Multzoa interpretatzeko funtsezko elementuak dituzte, garrantzi gutxiagoko berezko balioak izan arren edo eraldaketa garrantzitsuak izan arren.

  1. mailako eraikinetan egiten diren jarduketak bi babes-azpimaila nagusietarako deskribatutako helburuetara egongo dira bideratuta, eta, gutxienez, haien kontserbaziora eta finkapenera, betiere haien bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko egitura-banaketa errespetatuz.

  1. Monumentu Multzoaren arkitektura babestuari eragiten dion esku-hartze orotan, haren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak mantendu beharko dira, 2. mailako B azpimailako edo babes ertaineko araubide espezifikoan ezarritakoa gorabehera.

  2. Barruko elementu babestuak kanpoko inguratzaileen babes-maila berarekin tratatuko dira, eta saihestu egingo da barnealdea hustea eta fatxadak soilik kontserbatzea asmo estetikoarekin edo «façadism» delako asmoarekin.

  3. Esku-hartzeak egin behar badira eraikinak segurtasunaren, irisgarritasunaren, efizientzia energetikoaren, osasungarritasunaren eta bestelakoen arloan indarrean dagoen araudi sektorialera egokitzeko, konponbide berritzaileak erabili beharko dira benetako egokitzapen-mailarik handiena lortu ahal izateko, eta, betiere, babestutako kultura-ondasunaren ondare-balioak zainduz.

  4. Salbuespenez, 2. eta 3. mailetako eraikinetan, gehikuntzak egitea onartuko da, higiezina eraikingintzaren arloan indarrean dagoen araudira egokitu dadin, betiere ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzearen eta itzulgarritasunaren printzipioei jarraikiz, eraikinaren ondare-balioekin bateragarriak diren teknikak eta materialak erabilita, higiezina desitxuratu gabe edo hura ikustea oztopatu gabe, eta egituraren egonkortasuna eta osotasuna kaltetu gabe.

  5. Aurreko puntuan adierazitako eranskinen kasuan, arreta handiz zainduko da obra berriaren eta lehengoaren arteko ukipen-azaleraren tratamendua; hau da: jarritakoak ez du inondik ere lehendik zegoena suntsituko; saihestu egingo da landatzeak egitea, mugigarriak ez diren estalkiak jartzea eta obra babestuetan zuloak egitea; gaur egungo morteroak xaflaz banatuko dira lehengo obratik; eta sistema arin, industrializatu eta desmuntagarriak erabiliko dira dagoena ukituko duten bolumenak eraikitzeko.

  6. Saihestu egingo dira babestutako arkitekturan inpaktu bisuala edo akustikoa eragiten duten esku-hartzeak, hala nola, publizitate komertziala edo instalazio berriak jartzea; esate baterako, eguzki-energiaren kaptadoreak, antenak eta ageriko eroanbideak fatxadetan edo estalkietan.

  7. Espedientean dagoen ondare-balorazioari buruzko txostenari erantsitako 0. eranskinean jasotako arkitekturari buruzko banakako fitxetan, ordezkagarritzat jo dira ondasunaren ezaugarri bereizgarriekin zerikusirik ez duten eta ondare-balioak desitxuratzen dituzten elementuak. Elementu horiek kendu, desmuntatu edo ordeztu egin daitezke, foru-organo eskudunaren aurretiazko baimenean ezarritako baldintzetan.

  8. Espedientean dagoen ondare-balorazioari buruzko txostenari erantsitako 0. eranskinean jasotako arkitekturari buruzko banakako fitxetan, degradatzailetzat jo dira eraikinaren ondare-balioekin bateraezinak diren elementuak, bai eta eraikinaren inguruan kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak ere. Elementu horiek ezingo dira kontserbazio- edo sendotze-jarduketen xede izan, eta kendu egin beharko dira ondasunaren gaineko esku-hartze integrala egiten denean, eskumena duen foru-organoak aldez aurreko baimena emanda.

1. 1. mailako edo babes bereziko arkitekturan egiten diren esku-hartzeek guztiz itzulgarriak izan beharko dute. Esku-hartzeak itzulgarritzat joko dira, baldin eta iraganean eraikitako testigantzen materialtasunari buruzko funtseko informaziorik ez badute hondatzen edo informazio hori ez bada modu konponezinean galtzen, eraikitakoa desmuntatu beharko balitz ere.

  1. Jarduketa hauek onartuko dira:

    Hondatutako zatiak zaharberritzea eta desagertutako zatiak berreraikitzea, hormetan eta estalkietan. Horretarako, lehendik zegoenaren balio arkitektonikoekin bateragarriak diren materialak eta teknikak erabiliko dira eta, ahal den neurrian, konponbide tradizionalei emango zaie lehentasuna.

    Barrualdeko espazioaren jatorrizko banaketa eta antolamendua lehengoratzea.

    Ondasun higiezinaren eta trenbide-jarduerari lotutako gainerako elementuen arteko lotura espazial, funtzional eta bisualak leheneratzea.

    Egitura sendotzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin diren zatiak ordeztea. Edonola ere, beren horretan mantendu beharko dira material orokorrak eta kokapenak edo kotak, egungoak zein dokumentatuak, kanpoko zein barruko sostengu-hormetan, forjaketetan, eskaileretan eta estalduretan.

    Berriki egindako edozein obra kentzea, baldin eta interesik ez badu, ondasun higiezinen edo inguruaren balio kulturalekin kontraste negatiboa egiten badu, edo horren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten badu.

1. 2. mailako A azpimailako edo babes ertaineko arkitekturan, aurreko artikuluan deskribatutako jarduketez gain, hauek ere onartuko dira:

Fatxadak zaharberritzea. Baimendu egingo dira aldaketa partzialak, baldin eta konposizioaren batasuna hausten ez badute eta balio bereziko elementuak errespetatzen badira.

Barnealdeko espazioak zaharberritzea. Baimendu egingo dira espazio-antolamenduko aldaketak, balio handieneko espazioen edo erabilera nagusiena dutenen itxura mantentzen bada.

Egituratik berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea, baina eskema eta material orokorrak mantenduz. Era berean, forjaketen kota aldatu ahal izango da, baina baoen eta erlaitzen kota bere horretan utzi beharko da.

2. 2. mailako B azpimailako edo babes ertaineko arkitekturan, gutxieneko esku-hartze gisa onartuko da kontserbatutako egiturak sendotzea, bai eta egitura horien narriadura geldiarazteko babes-lanak egitea ere. Berrerabiliz gero, barnealdea egokitzeko eta estaltzeko lanak onartuko dira, eta berreraikitzeko lanak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.6 artikuluan aurreikusitako kasuetara mugatuko dira.

1. 3. mailako arkitekturan, bi babes-maila nagusietan deskribatutako jarduketez gain, honako hauek ere onartuko dira:

Kontserbatutako egiturak sendotzea.

Fatxadak zaharberritzea, baoak partzialki aldatzeko edo berriak irekitzeko aukerarekin, betiere konposizio-irizpide orokorrak errespetatuz.

Barruko espazioaren eta funtzioen berrantolaketa.

Egituratik berreskuratu ezin daitezkeen zatiak ordeztea, forjaketen kota aldatzeko aukerarekin.

Jatorrizko bolumenaren gainean egindako jasodurak edo gehikuntzak kentzea, horiek bateraezinak direnean ondasunaren ondare-balioarekin.

5. ATALA

ELEMENTU OSAGARRIAK BABESTEKO ARAUBIDE PARTIKULARRA

  1. Monumentu Multzoan babestutako elementu osagarriak IV. eranskineko 3. zerrendan jasotakoak dira, eta dekretu honen III. eranskineko 26. artikuluan aurreikusitako esku-hartzeen araubidea aplikatuko zaie.

  2. Hauek dira elementu osagarrien balio kulturalak:

    Ingurumen-balioa: trazadura paisaian integratzen laguntzen dute.

    Interpretaziorako gaitasuna: trenbidearen industria- eta garraio-izaera indartzen dute, batez ere trenbidea osatzen zuten elementuak desagertu direlako (trabesak, errailak eta abar).

  1. Oro har, elementu osagarriak Vasco-Navarro trenbidearen balioa nabarmentzeko edo haren lur-berdinketa berrerabiltzeko proiektuetan sartuko dira, eta jarduketa hauek onartuko dira:

    Egiturak egonkortzea eta, hala badagokio, berreskuratu ezin diren atalak ordeztea, material generikoa eta proportzio nagusiak mantenduz.

    Landareak garbitzea eta sastrakak kentzea, baldin eta landareek eta sastrakek elementuaren ikusgaitasunari, funtzionaltasunari edo egonkortasunari eragiten badiote.

    Seinaleak eta interpretaziorako baliabideak jartzea.

  2. Salbuespen gisa, elementu osagarriek modu konponezinean arriskuan jartzen badituzte trenbidearen trazadura egokitzeko edo hari jarraipena emateko lanak, elementu horiek desmuntatu edo kendu ahal izango dira. Hori behar bezala justifikatu beharko da dagokion proiektuan, eta kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoaren berariazko baimena beharko da.

  3. Araubide hau indarrean sartzean, trazadurako zatiren bat motorrik gabeko ibilbide gisa egokituta baldin badago, kontserbazio- eta mantentze-lanetan sartuko dira elementu osagarrien ikusgaitasuna ahalbidetzeko beharrezkoak diren lanak, Vasco-Navarro trenbidea interpretatzeko diskurtsoaren parte gisa.

  1. Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoan babestutako ondare higigarria V. eranskinean dago zehaztuta, eta babes ertaineko maila du.

  2. Babestutako ondasun higigarriek balio kultural hauek dituzte:

    Balio historikoa: XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Estatuko zein nazioarteko fabrikatzaile garrantzitsuenetako batzuek egindakoak dira.

    Balio teknologikoa: kontserbatutako motorrek trakzioaren bilakaera teknikoa dokumentatzen dute (lurrun bidezkoak, elektrikoak eta konbustio elektrikokoak dira).

    Interpretaziorako gaitasuna: trenbide-sistema azaltzeko diskurtsoa osatzen dute.

  1. Honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira babestutako ondasun higigarrietan, betiere ondasunak kontserbatzeko, etorkizunera osorik transmititzeko, eta duten industria- eta trenbide-izaera mantentzeko asmoz egiten badira:

    Prebentziora bideratutako kontserbazioa: zeharkako zenbait ekintza dira, ondasuna segurtasun-baldintza onenetan erabiltzeko aukera emango dutenak, eta edozein motatako narriaduretatik babestuko dituztenak; hala nola, berotik, hezetasunetik, kutsaduratik, agente kimiko eta biologikoetatik, bibrazioetatik eta kolpeetatik, besteak beste. Era berean, multzo honetan sartzen dira aldizkako zenbait ekintza zuzen ere, ondasuna behar bezala mantentzeko beharrezkoak direnak.

    Kontserbazioa: babestutako ondasun higigarrian esku hartzeko zuzeneko ekintzak dira, ondasunaren narriadura moteltzera bideratutakoak.

    Zaharberritzea: ondasuna hobeto ulertzeko asmoz egingo diren ekintza zuzenak, betiere ondasunaren integrazio formala, fisikoa eta historikoa errespetatuz, agresiboak ez diren teknikak erabiliz. Horretarako, aldez aurretik, zaharberritzaile profesional batek aztertu eta diagnostikatuko du pieza bakoitza, dagokion foru-aldundiaren baimena jaso ondoren.

  2. Tren-makinak eta bagoiak direnez, izaera dinamikoa dute, eta, ondorioz, babestutako ondasun higigarriak instalatzeko baimena eman ahal izango da, ahal dela, lur-berdinketatik hurbil dagoen edozein tokitan, inguru horren trenbide-izaera ikusarazteko; eta ez da lekualdaketatzat hartuko, baldin eta Monumentu Multzoaren mugaketaren barruan egiten bada.

  3. Ez balitz egokitzat joko babestutako ondasun higigarriak Vasco-Navarro trenbidearen Monumentu Multzoaren eremura lekualdatzea, edo, hori egiteko aukera dagoen unera arte, ondasun horiek Burdinbidearen Euskal Museoan kontserbatu ahal izango lirateke. Salbuespen gisa, eta ondasunak kontserbatzeko arrazoiek hala justifikatzen badute, Monumentu Multzotik kanpoko beste edozein lekutara eraman ahal izango dira, baina, horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimen arrazoitua jaso beharko da, 6/2019 Legearen 54. artikuluan ezarritako baldintzetan.

    (Ikus .PDF)