Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Vitoria-Gasteizko (Araba) BAKH kirol-hiria eraberritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5302
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/07
  • Argitaratze-data: 2022/12/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko abuztuaren 2an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabidea bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko (Araba) BAKH kirol-hiria eraberritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko abuztuaren 22an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. apartatuan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk (...) baldin eta, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan». Ebazpen honen xede den proiektua ES2110014 Salburua KBE/HBBEaren Babes Eremu Periferikoan garatzen da, eta Salburuko Hezeguneak izeneko Intereseko Eremu Naturalaren mugakidea da, zeina nazioarteko garrantzia duten hezeguneen RAMSAR zerrendan sartuta baitago (Ramsar 3ES047 Salburua).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko (Araba) BAKH kirol-hiria berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, honela:

  1. Proiektuaren xedea da egungo instalazioaren ustiapen-lerroan funtsezkoak diren gune jakin batzuk berritzea eta sustatzea. Proiektuak BAKHen barrualdeko eta kanpoaldeko jarduketak aurreikusten ditu.

  2. Vitoria-Gasteizko (Araba) BAKH kirol-hiria eraberritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Egungo instalazioaren ustiapen-lerroan funtsezkoak diren gune jakin batzuk berritu eta sustatzean datza proiektua. Proiektuak BAKHen barrualdeko eta kanpoaldeko jarduketak aurreikusten ditu. Hainbat jarduketa aurreikusten dira:

      Egungo instalazioen barne-eraberritzea.

      Solairu bateko eraikin berria, aldageletarako eta fitness-gune baterako.

      Instalazioetara sartzeko puntua aldatzea.

      Jatetxea lekuz aldatzea. Taberna-jatetxeak, kokapen berrian, 606,56 m2-ko azalera izango du guztira, solairu bat.

      Padel-pistak estaltzea eta harmaila txiki bat eraikitzea.

      Egungo tenis- eta saskibaloi-pistak kentzea.

      7ko futbol-zelai bat, saskibaloi-kantxa bat eta kanpoko igerileku bat eraikitzea.

      Gaur egun dauden ezpondak kentzea, berdeguneetarako eremua handitzeko.

      Askaldegi berria, komunez hornitua.

      Perimetroko itxitura, mantentze-bidea eta lurzatirako sarbideak ez dira aldatuko.

      Ontzi berria kanpoaldean igerileku bat jartzeko.

      Kalkuluen arabera, kanpoko obrek 6 hilabete iraungo dute, eta barrukoek, 18 hilabete inguru.

    2. Proiektuaren kokalekua.

      Jarduketak Salburua KBEaren eta HBBEaren babes-eremu periferikoan (ES2110014) egingo dira. Eremu horretan, Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6.3 artikuluko prebentzio-araubidea aplikatzen da (Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.4 artikulua), eta helburutzat du hezegunetik gertuen dagoen ingurunean eragin negatiboak ez ezik alterazioak prebenitzea baliabide hidrikoaren kantitateari eta kalitateari dagokienez; hala, horren mende dauden habitatak, espezieak eta prozesu ekologikoak kontserbatzea bermatzeko. KBErako distantzia 20 metro ingurukoa da. Eremuaren hegoaldeko azalera txiki bat «Salburuko hezeguneak» izeneko intereseko naturagunean sartuko litzateke; naturagune hori nazioarteko garrantzia duten hezeguneen RAMSAR zerrendan dago (Ramsar 3ES047 Salburua).

      Eremuaren hegoaldean, eta Natura 2000 Sareko ES2110014 Salburua deritzon gunearekin bat eginez, kudeaketa-plan onartua duten fauna-espezie hauek hauteman dira: uhalde-enara (Riparia riparia), bisoi europarra (Mustela lutreola).

      Azterketaren xede den eremuan ez da Batasunaren Intereseko Habitatik identifikatu; Natura 2000 Sareko eremukoak (ES2110014 Salburua) baino ez daude.

      Eremua Gasteizko akuifero kuaternarioaren gainean dago. Eremuaren zati batek 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremu bat hartzen du.

      Azterketa-eremuaren barruan, akuiferoak kutsatzeko arriskua handitzat jotzen da. Proiektuaren eremua nitratoek kutsa dezaketen eremu batean dago.

      Kokalekuaren egungo egoeraren ezaugarria da ez dagoela inolako intereseko landaredirik, eta ez da aurkitu babestutako flora-alerik, kirol-erabilera eta hirugarren sektoreko erabilera duen eremua baita nagusiki. Era berean, ez da flora inbaditzailerik hauteman.

      Ez da hauteman lurzorua kutsa dezakeen jardueraren bat duen edo izan duen lurzatirik.

      Era berean, ez da hauteman ingurumen- edo kultura-intereseko beste elementurik proiektuaren lurzatian.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, aurreikusitako jarduketak gauzatzeko obra-fasean eta haiek gauzatu ondoren sortuko dira inpaktu nagusiak, batez ere argi- eta soinu-kutsadura areagotzeagatik eta igerilekua eraikitzearen ondoriozko arazoengatik. Zehazki, honako hauek aipa ditzakegu:

      Obra-fasean, ekintza hauek eragin ditzakete kalteak:

      Egungo instalazioen barne-eraberritzea.

      Lur-mugimenduak. Hondakinak kudeatzeko proiektuan adierazten denez, kutsatu gabeko arrokak eta lurrak lursail berean betelanak egiteko aprobetxatuko dira, eta gainerakoak behar bezala kudeatuko.

      Kanpoko instalazio berriak eremuaren barruan, bereziki igerilekurako urtegi berri bat eraikitzea. Fauna itotzeko arazoak sor ditzake, batez ere igerilekura eror daitezkeen ugaztunak.

      Fabrikako obrak: kofratuak, burdin lanak eta hormigoiztatzea. Eragozpenak eragingo dizkiote faunari, batez ere zarata handitzeagatik.

      Makinen erabilera eta joan-etorriak, partikulak aireratzearen ondoriozko kutsadura areagotzea eta zarata-mailak handitzea.

      Adierazitako jarduketen ondorioz, obra-faseko inpaktu esanguratsuenak honako hauek izan daitezke: argi-emisioak, partikulen emisioak eta zarata, faunari eragozpenak eragitea, istripuzko isurien ondorioz lurpeko urak kutsatzea, etab.

      Era berean, ustiapen-fasean, argi-kutsadurak eragin nabarmena izan dezake; beraz, neurriak ezarri beharko dira argi-inpaktuak eragindako ondorioak murrizteko. Alderdi hori jasota dago Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zerbitzuaren 2022ko irailaren 22ko txostenean eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzako Natura Ondare Zerbitzuaren 2022ko irailaren 23ko txostenean. Esp. zk.: 22/336.

      Garrantzitsua izango da, halaber, kontuan hartzea zer-nolako eragina izan dezakeen igerilekua hondeatzeak eta lurrean ezartzeak, lehen adierazi bezala.

      Babestutako guneetan izan daitezkeen eraginak zehatzago aztertzeko, sustatzaileak eranskin bat aurkeztu du espediente hau izapidetzeko. Eranskin horretan, Natura 2000 Sarean sor daitezkeen eraginak aztertzen dira. Azterlan horren arabera, honako inpaktu hauek izan lezakete eragina Salburuko KBE-HBBEan (ES2110014):

    1. Gunea kontserbatzeko helburu diren espezieei eragin dakieke, halabeharrez (zeharkako eragina).

    2. Lekuaren funtzionaltasun ekologikoari eragin dakioke, batez ere lurzoruaren afekzioagatik eta uraren kalitateagatik, halabeharrez (zeharka eragiten dio akuiferoari eraikuntza-fasean).

    3. Eragin akustiko eta argi-afekzio puntualak egon daitezke.

    4. Horregatik, gune babestuko funtsezko zenbait elementuri eragin liezaieke jarduketen garapenak: hezegunea, bisoi europarra, uretako hegazti-fauna eta ur-benarriza (Acrocephalus paludicola), kiropteroak, arrain-komunitatea (loina Parachondrostoma miegii-, errutilo hegalgorria -Achondrostoma arcasii)-, kontserbatu beharreko artropodoak...

      Egindako azterketak ondorioztatzen duenez, Oinarrizko Proiektuaren helburuak kontuan hartuta, ez da uste eremu horietan eragin nabarmenik izango denik, ez baita a priori eragin negatiborik izango kontserbazio-helburuetan eta haien funtzionalitate ekologikoetan.

      Hala eta guztiz ere, espedienteko dokumentazioa eta gainerako txostenak ikusita, aurreko azterketaren ondorioak adierazten duena betetzen dela ziurtatzeko, zenbait neurri aplikatu beharko dira, ebazpen honen ondorengo apartatuetan zehaztuko direnak.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko BAKH kirol-hiria eraberritzeko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

      Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako agirietan aurreikusitakoa.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

      Aldez aurretik, adierazi behar da proiektuak nahitaezko txosten sektorialak eta erakunde eskudunen baimenak izan beharko dituela; beharrezkoa izango da Salburua KBE eta HBBE naturagunea (ES2110014) kudeatzen duen organoaren aldeko txostena, egin beharreko jardueren xehetasunei buruzkoa. Horregatik, obrak hasi aurretik, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzako Natura Ondarearen Zerbitzuan dokumentu bat aurkeztu beharko da, zeinetan jasoko baitira garatu beharreko jarduketen xehetasunak eta Salburua KBE/HBBEko funtsezko elementuen gaineko balizko ondorioak ezabatzeko/arintzeko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak.

      Aintzat hartu behar dira, halaber, gune horretarako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko maiatzaren 5eko Ebazpenean jasotako neurriak. Ebazpen horren bidez, Vitoria-Gasteizko «Ekialdeko 3. zabalpena-Salburuko parkea» 15. sektoreko (E3-E4 guneak) plan partzialaren seigarren aldakuntzaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egin zen, Baskonia Kirol Hiria SL sozietateak sustatuta.

      Organo eskudunek ezartzen dituzten baldintzak betetzea eragotzi gabe, ingurumen-agirian jasotakoez gain, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira: Oro har, honako hau adierazi behar da:

      Igerileku berrirako urtegia eraiki ahal izateko, ezinbesteko izango da erabat ziurtatzea, beharrezko azterketak egin ondoren, ez zaiola akuiferoari inolako kalterik eragingo, espedientean dagoen dokumentazioan adierazten den bezala. Zalantzarik edo eragin nabarmenik izanez gero, baztertu egin beharko da jarduketa hori.

      Uren arloan eskumena duen organoak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gain, jarduera guztiak gauzatzean, beharrezkoak diren segurtasun-baldintza guztiak bete beharko dira, lurzorua, lur azpiko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

      Argi- eta soinu-kutsadura handitzearen eraginak arintzeko bereziki, uretako hegazti-faunari, ur-benarrizari, baso-igel jauzkariari, kiropteroei eta bisoi europarrari eragin diezaiekete, obrako jarduera eguneko orduetara mugatu beharko da ahalik eta gehien, eta ezin izango dira obrak hasi eguzkia atera baino lehen, ez eta ilundu ondoren jarraitu ere.

      Padeleko bi pistetarako aurreikusitako estalkiak kanpoalderantz igortzen den argia moteltzeko sistemak izan beharko ditu (adibidez, estalkitik zintzilik dauden isurki opakuen dimentsionamendu handiagoa, alboko biserak dituzten fokuak edo inpaktu hori saihesten duen beste edozein neurri). Neurri horiek dagoeneko estalita dauden zortzi padel-pistak zuzentzeko ere aplikatu beharko dira.

      Oro har, gainerako argi-emisioetarako (kanpoko lorategiak, kanpoko igerilekua, kanpoko kirol-pistak, askaldegia, etab.), hezeguneekin mugan sortzen baldin badira, intentsitate txikiko argiztapen-iturriak eduki beharko dira, eta ahalik eta argi gutxien proiektatu beharko da instalazioen kanpoalderantz.

      Azaldutako guztiaren helburua da ziurtatzea argi-iturri berriak instalatzeak ez diela eragingo aldameneko eremu babestuan ezarritako espezieen populazioei. Horregatik, argiztapen-sistemak ingurunera egokitzen direla ziurtatu behar da.

      Kirol-hiriaren jardueran, ahal den heinean, zarata-iturriak ezabatuko dira, hala nola kanpoko megafonia; ez da inola ere ozenegi erabili behar, ezta modu etengabean ere.

      Zuhaixka- edo zuhaitz-zerrenda bat sortuko da BAKH kirol-zentroaren lurzatiaren hegoaldean, tokiko jatorri ziurtatua duten bertako landareekin; pantaila bisual, akustiko eta argi-pantaila gisa jardungo du.

      Faunaren gaineko eraginak arintzeko, igerileku bakoitzean faunarentzako ihes-arrapala bat instalatu beharko da. Arrapala hori desmuntagarria edo finkoa izan daiteke:

      Igerilekuetara sartzeko denboraldian, arrapala etengabe instalatuta utzi beharko da jendearentzako pasabidea itxi ondoren, fauna ito ez dadin. Erraz muntatu eta desmuntatzeko moduko arrapala flotatzaile baten aukera ere badago.

      Igerilekuak irekitzeko denboralditik kanpo, etengabe instalaturik utzi beharko da arrapala. Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari aholkua eskatzea gomendatzen da, zein arrapala mota instalatu zehazteko.

      Igerilekuak irekitzeko denboraldi berria hasi aurretik eta garbiketa- eta mantentze-lanetarako eta abarretarako hustu aurretik, Natura Ondarearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, bertan ezarri ahal izan diren anfibioen komunitateak erreskatatzeko.

      Hegazti-faunarentzako eta kiropteroentzako neurriei dagokienez, adierazi dute talken aurkako itsasgarriak jarri beharko direla elementu zeharrargi guztietan, instalatu berriak izan edo ez, padel-pistetan proiektatutakoen moduko itxitura zeharrargien aurka talka egitea saihesteko.

      Egokia da habia-kutxak jartzea kirol-zentroko teilatu-hegalen baten azpian, besteak beste kiropteroek, enara arruntak, enara azpizuriak eta sorbeltz arruntak habiak egitea sustatzeko, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartutako espezieak baitira.

      Igerilekuan induskatzen hasi ondoren, Natura Ondarearen Zerbitzuari eman beharko zaio horren berri, bisita teknikoa egin dezan.

      Obrako jardunbide egokiak: obrak hasi aurretik, obretan ezarri beharko duen jardunbide egokien eskuliburua aurkeztuko du kontratistak, obrako langileek erabil dezaten. Eskuliburu horretan, honako alderdi hauek landuko dira, besteak beste: eragin daitekeen gehieneko azalera, hauts- eta zarata-ekoizpena eta hura zuzentzeko modua, lurzoruaren eta ibilguen gutxieneko okupazioa, isurketak, belar-sastrakak garbitzeko materiala erretzeko debekua, hondakinen kudeaketa eta abar.

      Makinak sartzean, une oro ekidin beharko du lurzatiaren hegoaldeko kanpoaldetik igarotzea, hori baita Salburua KBE/HBBEtik hurbilen dagoen eremua. Eraberrituko den lurzatiaren barrualdetik igaroko dira makinak beti. Debekatuta dago bide berriak irekitzea baimena eskatu gabe.

      Metaketarik egiten bada, eraberrituko den lursailaren barruan kokatuko dira une oro, eta beti saihestuko dira eremu sentikorrak, hala nola ibaiertzak, hezeguneak, istilak, eremu higroturbosoak, zuhaixka-heskaiak, etab.

      Era berean, kontratistak egokitu egin beharko ditu lur geldoak eta landare-lurrak aldi baterako metatzeko eremuak, obrako instalazioak eta eraikinak, makineria-parkea, materialen, olioen eta erregaien biltegiak, ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak, urak arazteko sistemak eta obrako sarbideak eta pistak, gauzatu nahi diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahal dela gutxitzeko. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere Ingurumen Aholkularitza Teknikoaren txostena ikusi ondoren.

      Obrak hasterakoan, intereseko landaredia duten eremuak zuinkatuko dira, inguruko landarediari kalterik ez eragiteko eta kanpoko lursailak obrek zuzenean eragingo dieten azaleretara eta haien elementu osagarrietara ez mugitzeko.

      Nolanahi ere, zuhaitzei eragitea saihestuko da, ahal den guztietan. Seinaleztapena gorabehera, joan-etorriak adar edo zurtoinen bati eragiten badio, kontratak garbi moztu beharko du adar hori, eta orbaintzailea aplikatu beharko du eremuan, zuhaitzak gaixotasunik edo infekziorik har ez dezan.

      Bai, obretako berezko eremuak, bai haien eraginpeko ingurunea ahalik eta garbien egongo dira. Aldaketak sortu baldin badira, berreskuratu eta lehengoratu egingo dira. Behin obra bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu. Eraispenak, zimenduak, kofratuak eta abarrak eginda sorturiko materialak eremutik atera eta hondakin geldoen zabortegi baimendura bidaliko dira.

      Arreta berezia jarriko da baso-suteak izateko arrisku handia duten eremuetan, lanak sutearen sorburu izan ez daitezen, txinparta-jauziaren, gaizki itzalitako zigarreten eta abarren ondorioz. Obrako langile guztiek debekatuta izango dute suteak egitea desjabetutako eremuaren barruan eta kanpoan, eta Suteak Prebenitzeko Plana idatzi beharko da obrek irauten duten bitartean.

      Lanak amaitu ondoren, jarduketa-eremua garbitzeko kanpaina zorrotza egingo da; besteak bestei, hondakinak bildu beharko dira, baimendutako zabortegira eramateko edo, hala badagokio, baimendutako kudeatzaileak biltzeko.

      Lurzoruari dagokionez: lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da, hargatik eragotzi gabe lege horren 14. artikuluan ezarritakoa.

      Kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Obrak egunez baino ez dira egingo.

      Debekatuta dago sirenak, ibilgailuetako turutak edo seinaleztapeneko beste soinu-baliabide batzuk erabiltzea, ibilgailu astunen atzera-martxa seinalatzeko izan ezik.

      Erabilitako makinek bete egin beharko dituzte kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuaren aginduak, eta kontserbazio- eta mantentze-onean iraungo dute.

      Langileen artean jardunbide egokien kode bat ezarriko da; kode horretan, makinak behar bezala erabiltzeko eta mantentzeko protokolo bat jasoko da. Halaber, erabiliko den eskuzko makineriarako pantaila/kabina mugikorrak jarriko dira, betiere makineria horren eta langileen segurtasun-baldintzak errespetatzen badira.

      Aurreko apartatuetan adierazi den bezala, ahal den neurrian, zarata-iturriak ezabatuko dira kirol-hiriko jardueran, hala nola kanpoko megafonia.

      Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

      Berariaz debekatuta dago jarduketak egiten diren bitartean sor daitezkeen hondakinak eta landare-hondarrak isurtzea.

      Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeari buruzko hierarkia-printzipioak aintzat hartuta, prebentzioa sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea; beraz, jatorritik bertatik bereiziko dira hondakinak, eta haiek bildu eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketak ekiditeko.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo haiek kudeatzea zailagoa izan badaiteke. Halaber, bete egin beharko dituzte Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Kultura-ondareari dagokionez: oro har, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoaren arabera, berehala jakinarazi beharko zaio Arabako Foru Aldundiari edo dagokion udalari euskal kultura-ondarearen berezko objektuak eta hondar materialak ustekabean aurkitu direla, edozein motatako lur-mugimenduen, eraispenen edo obren ondorioz.

      Hirugarrena. Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Vitoria-Gasteizko BAKH eraberritzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 7a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.