Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 30ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehena kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 241
  • Hurrenkera-zk.: 5441
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/30
  • Argitaratze-data: 2022/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Deialdi hau Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan, eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuan xedatutakoen arabera egin da.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak jarduera onartu du, eta Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzun zaio.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehena kategoriara igotzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea erabaki du, honako klausula hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea.

Barne-sustapenaren bidezko lehiaketa-oposizio bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da. Prozedura hori osatzeko, prestakuntza-ikastaro bat eta praktikaldi bat egingo dira, Ertzaintzako oinarrizko eskalako agente lehenaren kategorian sailkatutako 361 plaza betetzeko. Plaza horiek euskal administrazio publikoetako funtzionarioen C-1 azpitaldeko C taldeko sailkapenekoak dira. Hona hemen xehetasunak:

194 plaza espezialitaterik gabe (Herritarren Segurtasuna).

13 plaza eskolten edo esku-hartzearen espezialitatearekin (eskoltak).

Plaza 1 txakur gidaren espezialitatearekin (Txakur Unitatea).

128 plaza IKIO1/IKI (Ikerketa Kriminala) espezialitatearekin.

16 plaza Bide Segurtasuneko espezialitatearekin.

Plaza 1 espezialitaterik gabe, C+IFR delako pilotuaren titulazio espezifikoaren baldintzarekin (Helikopteroko Aire-Lineako Garraio-pilotua. Zati teorikoa. Helikopteroko Merkataritza-pilotua).

6 plaza espezialitaterik gabe (Zaintza eta Erreskate Unitatea, erdi-mailako mendiko kirol-teknikaria edo maila-altuko mendiko kirol-teknikaria edo espeleologiako kirol-teknikaria edo eskaladako kirol-teknikariaren titulazio espezifikoa eskatzen duena).

Espezialitaterik gabeko 2 plaza (Zaintza eta Erreskate Unitatea, sakonera txikiko urpekaritza profesionalaren nortasun-txartela, urpeko jardueren liburuxka eta nahikotasun-ziurtagiria berariazko titulazioa duena. Zubi- eta patroi-marinela aisialdiko ontzietarako eta C+E gidabaimena).

Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da, uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera (315/1994 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Hautatu eta Prestatzeko Erregelamendua onartzen duena), Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako Agente Lehena eta Lehen Agentea kategoriako lanpostu hutsen arabera. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpena emango da eta ebazpen hori Hemeretzigarren Oinarrian ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

Handitze hori Hamaikagarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako izapidea baino lehen egin beharko da.

Bigarrena. Parte hartzeko baldintzak.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Aurretiazko eskaera egitea.

    2. Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.

    3. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalan zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzia-egoeran egotea, genero-indarkeriagatiko eszedentzia-egoeran egotea edo zerbitzu berezietan egotea.

    4. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako kategorietan 3 urte osoz lanean aritu izana.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 78.4 artikuluan ezarritakoaren arabera zenbatuko dira benetako zerbitzuak: «Jatorrizko kategoria edo eskalan benetan emandako zerbitzuen denbora zenbatzeko, barne-sustapenean sartzeko aukera ematen duten administrazio-egoeretan igarotako aldiari gehitu egingo zaio barne-sustapenean sartu aurreko praktikei dagokiena, betiere hautaketa-prozesua gainditu bada».

    5. Hutsegite astun edo oso astunengatik zehapenik jaso ez izana, ezarritako zehapena ezereztea lortu denean izan ezik.

    6. Eskolta, Txakur Gida, Ikerketa Kriminala edo Bide Segurtasuneko plazak lortzeko aukera izanez gero, dagokion espezialitatea izatea.

    7. Espezialitaterik gabeko baina berariazko titulazioaren betekizuna duten plazak lortzeko eskatzen den titulazio-baldintza izatea.

  2. Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, prozeduraren zein fasetan egiaztatu beharko duten alde batera utzi gabe.

  3. Hautaketa-prozeduran onartu eta parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Deialdia egin duen organoak ofizioz egiaztatuko ditu baldintza horiek, eta, horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ziurtagiria beharko da.

  4. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, hautaketa-prozeduraren edozein unetan edo prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian zehar, onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartzeko eskumena duen organoak jakiten badu horietakoren batek deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen ez dituela, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, edo, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik edo praktikalditik kanpo utziko du, aldez aurretik hari entzunda.

  5. Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta proba psikoteknikoak eta nortasun-probak egiteko baimena ematea ekarriko du, proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea onartuz, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

    Hirugarrena. Eskaerak.

  1. Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gurenet saileko intranetaren bidez egin beharko dute eskabidea, eta bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua bete beharko dute. Eskaera horretan, lehentasun-ordenaren arabera aukeratu nahi den igoera-ikastarorako plazak adieraziko dira.

    Gutxieneko iraunkortasun-betebeharragatik lotutako funtzionarioek berariaz eskatu beharko dituzte beren espezialitateko plazak, eta, hala egin ezean, nahitaez atxiki ahal izango zaizkie.

  2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Eskabidean oposizioko probak zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren adierazi beharko da. Eskabidean adierazitako aukera aldatu ahal izango da, Epaimahai Kalifikatzaileari idatziz jakinarazita, probak eta/edo ariketak egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.

  4. Eskabidea betetzeak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, eskaeragilearen aldetik argi eta garbi adieraziko du deialdian parte hartzeko baldintza guztiak betetzen direla.

    Laugarrena. Izangaiak onartzea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eta Bigarren Oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

  2. Behin-behineko zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean zeuden akatsak zuzentzeko.

  3. Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo baztertu egingo dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen ebazpenean, eta lehenengo paragrafoan aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

  4. Aurreko zerrendetan eta ondoren argitaratzen diren zerrendetan, izangaiaren identifikazioa jasoko da, lanbide-zenbakia adierazita.

    Bosgarrena. Epaimahai-kalifikatzailea.

  1. Oposizio-lehiaketako probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko, eta parte-hartzaileak hautatzeko, Epaimahai-kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Epaimahai hori epaimahaiburu batek, bi mahaikidek eta idazkari batek osatuko dute.

    Epaimahai-kalifikatzailea eta haren ordezkoak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera izendatuko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Otsailaren 28ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.

  2. Epaimahai-kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua erregulatzen duten arauek arautuko dute.

    Epaimahai-kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie.

    Epaimahai-kalifikatzaile honetan parte hartuz gero, aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasoko dira.

  3. Hautaketa-sistema osatzen duten proba eta merezimenduak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai-kalifikatzaileari dagozkio. Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaz arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

  4. Epaimahai-kalifikatzaileak bere lanetan aholkulariak edo espezialistak sartzea erabaki ahal izango du, hautaketa-sistema osatzen duten proba guztietarako edo batzuetarako, eta horiek beren espezialitateetan aholkularitza eta laguntza teknikoa ematera mugatuko dira.

  5. Epaimahai-kalifikatzaileak hautaketa-sistema garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta sistema interpretatzeari eta aplikatzeari buruz sortzen diren arazoak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeari buruzkoak ere.

  6. Epaimahaiak ezin izango du hautatu deitutako plaza kopurua baino izangai gehiago, eta erabat deusezak izango dira muga hori hausten duten proposamen guztiak.

  7. Epaimahai-kalifikatzailearen erabakiak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

  8. Epaimahai-kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira: 2022agentelehena@seg.euskadi.eus.

    Epaimahaiak bide horretatik jasotzen dituen idazkiei erantzungo die.

    Seigarrena. Hautaketa-prozesua.

  1. Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da, eta bertan parte hartzen dutenen gaitasuna eta ondoriozko lehentasun-ordena zehazteko oposizio- eta lehiaketa-prozedurak egingo dira.

  2. Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortutako puntuazioa ezin izango da kontuan hartu oposizioko ariketak gainditutzat jotzeko edo horietan lortutako kalifikazioak aldatzeko.

    Zazpigarrena. Oposizio-aldia.

    Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

  1. Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza proba bat izango da eta test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da.

    Probaren edukia ebazpen honen eranskinean zehaztuta dago.

    Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.

    Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzak puntu bat izango du, eta erantzun oker bakoitzak 0,333ko zigorra jasoko du, erantzun zuzen bakoitzaren balioari dagokionez. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.

    Proba honetan, 0 puntutik 80era emango dira, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 40 puntu lortzen ez dutenak.

    Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai-kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du.

    Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

    HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m)).

    Hau da:

    HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

    APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 80,00 puntu).

    PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

    PZ= Zuzenak (Hutsegiteak x 0,333).

    m = Epaimahaiak ezarritako proba gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio zuzena.

    PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazio zuzena=Erantzun zuzenen kopurua azterketa batean, zuzen dauden galdera guztiekin).

  2. Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena kategoriako polizia-eginkizunak betetzeko izangaien gaitasunak ebaluatzeko proba.

    Proba hori 0tik 40ra bitartean baloratuko da eta gutxienez 20 puntu lortzen ez dutenak automatikoki baztertuta geratuko dira.

    Probak lau ariketa izango ditu, guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak, eta bakoitzak 0 eta 10 puntu arteko balioa izango du. Test motako galdetegi bati idatziz erantzutea izango da. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.

    Ariketa bakoitzean, asmatu gabeko erantzun bakoitzak 0,333 puntuko zigorra izango du zuzen erantzundako galderetatik kenduta. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bikoitzek ez dute zigorrik jasoko.

    Proba hori gainditzeko, gutxienez 3 puntu lortu beharko dira lau ariketetako bakoitzean, eta gutxienez 20 puntu lau ariketen batukarian.

    Ariketak honako hauek izango dira:

    1. Arrazoitze-ariketa.

    2. Pertzepzio-gaitasunen ariketa (identifikazioa, bereizketa...).

    3. Espazio-gaitasunen ariketa.

    4. Ahozko gaitasunen ariketa.

      Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai-kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du.

      Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai-kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du ariketa bakoitzean:

      HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m)).

      Hau da:

      HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.

      APgeh = Ariketan gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, ariketan lor daitekeen puntuazio gehiena: 10 puntu).

      PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:

      PZ= Zuzenak (Hutsegiteak x 0,333).

      m = Epaimahaiak ezarritako ariketa gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazio zuzena.

      PZgeh = Ariketan gehieneko puntuazio zuzena (Ariketan gehienez lor daitekeen puntuazio zuzena=Erantzun zuzenen kopurua ariketa batean, zuzen dauden galdera guztiekin).

  3. Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, nortasun-proba.

    Proba hau 0 eta 44 puntu bitartean baloratuko da, eta zuzenean baztertuko dira gutxienez 22 puntu lortzen ez dituztenak. Proba hori baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie. Baieztapenetako bati erantzuten ez bazaio (galdera berari erantzun bat baino gehiago, erantzun zuri bat edo baliogabetze-lerroan markatutako erantzun bat badago), galdera horren eskalako puntuazioa 0 puntukoa izango da.

    Proba hori nortasun-test bat izango da, lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtzeko eta ebaluatzeko.

    Proba hau deialdiko lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da.

    Zortzigarrena. Oposizio-aldiko proben garapena.

  1. Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.

  2. Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera iragarriko dira, gutxienez zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

    Gainerako probak egiteko iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira, Epaimahai-kalifikatzailearen Akordioaren bidez, Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

  3. Aurreko zenbakian ezarritakoa gorabehera, Epaimahai-kalifikatzaileak probak eta horiek osatzen dituzten ariketak deialdi honetan ezarritakoa ez bezalako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, bai eta egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzen argitalpenek Deialdiaren Oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak soilik argitaratuko dira, Zazpigarren Oinarrian ezarritako ordenari jarraituz aurrekoak gainditu dituztenekiko.

  4. Epaimahaiaren deialdira derrigorrezko probak egitera adierazitako egunean, orduan eta lekuan agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, baita ezinbesteko arrazoiengatik ere. Arau bera aplikatuko zaie derrigorrezko edozein proba eta/edo ariketa egitera aurkezten direnei, horiek egiten hasi ondoren.

    Nahitaezko probetako batek ariketa bat baino gehiago baditu, ariketa horietako batera ez agertzea edo atzeratzea ez-bertaratutzat joko da.

    Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoaren salbuespen gisa, aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, hautaketa-proben garapenean, Epaimahai-kalifikatzaileak probak egiteko datak eta/edo tokiak egokitu ahal izango ditu, haurdunaldiagatiko arrisku-arrazoiengatik edo erditze aurreko edo ondoko aldian egoteagatik hala behar duten emakumeen kasuan, baldin eta inguruabar horiek Epaimahai-kalifikatzaileari jakinarazten bazaizkio eta proba medikoa egin dela egiaztatzen bada.

  5. Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa eraman beharko da proba guztietara, eta Epaimahai-kalifikatzaileak uneoro eskatu ahal izango du dokumentazio hori aurkeztea.

  6. Proba bakoitza amaitzean, Epaimahai-kalifikatzailearen Akordio bidez, proba gainditu dutenen eta kanpoan geratu direnen zerrenda argitaratuko da Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera, eta lortutako puntuazioa berariaz adieraziko da.

  7. Oposizioko probak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dira.

    Bederatzigarrena. Lehiaketa.

  1. Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu dutenei bakarrik aplikatuko zaie.

  2. Merezimenduak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan hartuta baloratuko dira, Hirugarren eta Bederatzigarren Oinarrietan ezarritakoaren arabera.

  3. Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, deialdian parte hartzeko eskatutako betekizun eta baldintzak ezin izango dira merezimendutzat hartu.

  4. Alegatu daitezkeen merezimenduak hautaketa-prozesuko izangaien espediente pertsonalean jaso behar direnez, ez da beharrezkoa izango ez alegatzea ez egiaztatzea.

    Ofizioz egiaztatu eta baloratuko dira, kontuan hartuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean espediente pertsonalean aurkeztutako merezimenduak baloratuko direla. Interesdunek, beraz, eskabideak aurkezteko epea amaitu arte beren espediente pertsonalean agertzen ez diren merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte. Ondoren aurkeztutakoak eta deialdian parte hartzeko eskatutakoak ez dira baloratuko.

  5. Lehiaketa-fasean merezimenduak baloratuko dira, 40 puntura arte, baremazio honen arabera:

  1. Lanbide-historia baloratuko da, gehienez ere 15 puntu. Ondorio horietarako, Ertzaintzako lanpostuetan egindako lanak eta polizia-lanari egindako aintzatespenak hartuko dira kontuan.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako edozein bide erabilita lanpostuetan egindako lanbide- edo zeregin-jarduna baloratuko da.

    Lanpostu bakoitza Ertzaintzako lanpostuen zerrendan jasotako lanpostu-kodeak identifikatuko du. Ez dira lanpostu desberdintzat hartuko lanpostu-kode bereko dotazio desberdinak.

    Atal honi gehienez 10 puntu emango zaizkio, Ertzaintzako lanbide-jarduneko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko baremo partzial honen arabera (zati txikiak alde batera utzita), deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkeztu diren azken egunaren aurreko 10 urteetan izangaiak Ertzaintzan betetako lanpostuak bakarrik kontuan hartuta:

    Ikuskapen eskalan sailkatutako lanpostuetan, 0,10 puntu Ertzaintzako lanbide-jarduneko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (zati txikienak alde batera utzita).

    Oinarrizko eskalako agente lehena kategorian sailkatutako lanpostuetan, 0,05 puntu Ertzaintzan jardun profesionaleko zerbitzuen hilabete oso bakoitzeko (zati txikiak alde batera utzita).

    2. Polizia-lanarengatik lortutako aintzatespenei 5 puntu emango zaizkie gehienez. Ertzaintzaren zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien araubidea arautzen dituen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aintzatespenak ematea baloratuko da, baremo honen arabera:

    1. Polizia-lana aitortzeko domina, bereizgarri gorriarekin: 5 puntu.

    2. Polizia-lana aintzatesteko domina, bereizgarri berdearekin: 4 puntu.

    3. Polizia-lana aintzatesteko domina, bereizgarri zuriarekin: 3 puntu.

    4. Polizia-zerbitzuarentzako diploma, bereizgarri gorriarekin: 2 puntu.

    5. Polizia-zerbitzurako diploma, bereizgarri zuriarekin: puntu 1.

      Polizia-zerbitzuaren diplomak baloratzeko, polizia-zerbitzuari bereizgarri gorria ematen dion diplomaren balorazioak baztertu egiten du polizia-zerbitzuari bereizgarri zuria ematen dion diplomaren balorazioa.

  2. Ikasketak, gaikuntza eta lanbide-hobekuntzako jarduerak baloratuko dira, 15 puntu gehienez. Atal honetan titulazio eta diploma ofizialen balorazioa sartzen da, eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak halakotzat aitortutakoak bakarrik hartuko dira halakotzat.

    Gehienez 15 puntu emango zaizkie, baremo honen arabera:

    1. Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 2. mailako titulazio ofizialei (Kualifikazioen Europako Esparruko 6. maila) 10 puntu emango zaizkie.

    2. Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (Kualifikazioen Europako Esparruko 7. maila edo goragokoa) 3. mailako edo goragoko titulazio ofizialei 15 puntu emango zaizkie.

      Titulazio bakarra baloratuko da, eta, nolanahi ere, aurkeztutakoen artean mailarik handiena duena izango da.

      Unibertsitateen berezko tituluak ez dira baloratuko.

  3. Ertzaintzan izandako antzinatasuna.

    Ertzaintzako antzinatasuna zenbatzeko, zerbitzu aktiboko eta bigarren jarduerako egoeretan pertsonak igarotako denbora hartuko da kontuan, praktiketako funtzionario gisa igarotako denbora barne. Era berean, honako egoera hauetan emandako denbora ere zenbatuko da: seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian emandako denbora; ordezkaritza-organo publikoetarako hautagai gisa parte hartzeagatiko borondatezko eszedentzian emandako denbora; genero-indarkeriagatiko eszedentzian emandako denbora, nahitaezko eszedentzian emandako denbora, zerbitzu berezietan emandako denbora, eta beste administrazio publiko batzuetan zerbitzu-administrazioan emandako egoera. Zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako egoera aldatzen ez duten lizentzia eta baimenek ere ez dute etengo antzinatasunaren zenbaketa.

    Antzinatasunaren kontzeptuaren zenbaketaren hasiera-data praktiketako funtzionario izendapenaren eragin-datan gertatzen dena izango da, Ertzaintzan sartzeko prozeduraren prestakuntza-ikastaroaren praktiketako funtzionario izendapena barne, izangaia Ertzaintzako karrerako funtzionario izatera iritsi denean.

    Hutsegite arinagatiko eginkizun-gabetzeak ez du antzinatasunaren zenbaketa etengo. Hutsegite astunen kasuan ere ez da antzinatasun-denbora murriztuko, baldin eta etete-zehapena Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 146. artikuluaren bosgarren paragrafoan ezarritako modalitatearen bidez bete bada.

    Antzinatasun-merezimendua Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da, eta 0,50 punturekin baloratuko da Ertzaintzan egindako antzinatasun-urte oso bakoitzeko (unitatea baino zati txikiagoak baztertuko dira), eta gehieneko puntuazioa ez da inoiz 10 puntutik gorakoa izango.

    Hamargarrena. Euskararen ezagutzaren balorazioa.

  1. Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, eta gehienez 40 puntu emango zaizkie egiaztatuta dutenei edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denak (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.), ezarritakoaren arabera aitortu edo parekatu zaienei, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baremo honen arabera:

    Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna: 20 puntu.

    Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna: 40 puntu.

  2. Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

  3. Epaimahai Kalifikatzaileak ofizioz egiaztatuko eta baloratuko du egiaztapen hori, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

    Hamaikagarrena. Oposizio-lehiaketaren azken kalifikazioa.

  1. Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, euskararen ezagutzaren merezimendu gisa egindako ebaluaziotik ateratzen den puntuazioa gehituta, eta hautaketa-prozesuan parte hartuko duten pertsonen lehentasun-hurrenkera zehaztuko du.

  2. Sailkapen-ordenan berdinketarik gertatuz gero, honako irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:

    1. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

    2. Puntuaziorik onena ezagutza teorikoen proban (oposizioko lehen proba).

    3. Ertzaintzan antzinatasun handiagoa izatea.

  3. Hautaketa-sistema osatzen duten proben eta merezimenduen sailkapena amaitu ondoren, Bosgarren Oinarrian aurreikusitako Epaimahai-kalifikatzaileak, Hemeretzigarren Oinarrian ezarritakoaren arabera, lehiaketa-oposizioan kalifikazio hobea lortzeagatik hautatutako izangaien behin-behineko zerrenda bat onartu eta argitaratuko du, lehenengo oinarrian zehaztutako aukera bakoitzeko, eskabidean adierazitako lehentasun-hurrenkeraren arabera, berdinketa hausteko irizpideak aplikatuta, hala badagokio, eta horiek betetzeko honako irizpideak aplikatuta:

  1. Espezialitateei buruzko zerrendak eta espezialitaterik ez baina eskakizun espezifikoa duten plazen zerrendak honako hauek osatuko dituzte:

    Oposizio-lehiaketa gainditu dutenak eta gutxieneko iraunkortasunaren mende daudenak, edo,

    Oposizio-lehiaketa gainditu eta gutxieneko iraunkortasunaren mende ez daudenek espezialitatearen eta/edo berariazko betekizunaren baldintza betetzen badute eta honako hau aukeratu badute:

    Espezialitatea eskatzen duten plazak edo

    Espezialitate-eskakizunik ez duten baina berariazko betekizuna duten plazak.

  2. Espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko plazen zerrenda honako hauek osatuko dute:

    Lehiaketa-oposizioa gainditu eta gutxieneko iraupenik ez dutenak, eta espezialitaterik eta betekizun espezifikorik gabeko plazak aukeratu dituztenak.

    Nolanahi ere, azken zerrenda horretan sartuko dira oposizio-lehiaketa gainditu dutenak, gutxieneko iraupena dutenak eta:

    Espezialitate bat aukeratu badute, baina plaza nahikorik ez dutenez, ez zaizkie atxiki espezialitatedun plazei.

    Baldin eta, eskabidea betetzeko unean, beren lehentasunen artean espezialitaterik eta baldintza espezifikorik gabeko plaza bat eskatu badute.

    Behin-behineko zerrendak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira.

    Aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean, interesdunek egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte zerrenda horien aurka. Erreklamazioak behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko dira.

    Epe hori igarotakoan, Epaimahaiak, Bosgarren Oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz onetsiko du eta Hemeretzigarren Oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko du, dagokien kalifikazioen, puntuazio-ordenaren eta eskaeraren ordenaren arabera hautatutako eskaeraren ordenaren arabera, Hirugarren Oinarriko 1. ataleko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

    Hamabigarrena. Betekizunak egiaztatzea eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako praktiketako agente lehena izendatzea.

  1. Hautatutako pertsonek behar bezala egiaztatu badute deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela, Bigarren Oinarrian ezarritako araudiaren arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Ertzaintzako praktiketako Oinarrizko Eskalako agente lehen izendatuko ditu bere ebazpen bidez. Ebazpen hori Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da, prestakuntza-ikastaroa hasteko datarekin batera.

    Praktiketako funtzionario izendatutako pertsonak egoera horretan egongo dira prestakuntza-ikastaroa hasten denetik karrerako funtzionario izendatu edo hautaketa-prozeduratik kanpo utzi arte.

  2. Ezarritako epean baldintzak ez betetzeagatik edo uko egiteagatik baztertzeak gertatzen badira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak, aurreko atalean adierazitako ebazpena argitaratu aurretik, hautaketa-prozeduratik kanpo uztea eta ordezkatzea erabakiko du.

    Uko edo baztertze horien ondorioz bete ez diren plazak plazarik gabe geratu diren pertsona haue eskaini eta pertsona hauek beteko dituzte, eskabidearekin bat etorriz eta lortutako puntuazio-hurrenkerari eta Hirugarren Oinarriko 1. ataleko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituz, eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, eta deitutako plaza-kopuruan lekua badute.

    Hamahirugarrena. Prestakuntza-ikastaroa.

  1. Prestakuntza-ikastaroan parte hartzeko eskubidea duten praktiketako Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehenak txandatan banatu ahal izango dira ikastaroa garatzeko.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak atxikiko ditu txandak, eta bertan zorrotz jarraituko zaio Hamaikagarren Oinarriko hirugarren atalean ezarritako lehentasun-ordenari. Prestakuntza-txandetarako atxikipena askotarikoa izan daiteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea, ezkontza eta erditzearen, erditzearen aurrekoaren edo erditu ondokoaren ondoriozko egoerak aplikatuz. Gorabehera horiek hautemateko, eraginpean egon daitezkeen pertsonek alegatu egin beharko dizkiote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hamar egun naturaleko epean, Hamabigarren Oinarriko lehen atalean aurreikusitako argitalpenetatik zenbatzen hasita.

    Lan-bizitza eta familia-bizitza bateragarri egiteari, ezkontzari eta erditze-aurreko edo erditze ondoko egoerei buruzko Legea aplikatzearen ondoriozko inguruabarrak aplikatuz txanda bati atxikitako prestakuntza-ikastaroa egiten duen pertsonari edo pertsonei dagokienez, ikastaroaren kalifikazioa ez da argitaratuko, eta etenda egongo da, harik eta, aurreko Hamabigarren Oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera, prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa argitaratu arte.

    Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izango du irakaskuntza-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko eskumena.

    Prestakuntza-ikastaroan zehar eskola-jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da edozein baimen-eskaera egiteko.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo die interesdunei ikastaroan parte hartzeko jakinarazpena, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

  3. Prestakuntza-ikastaroa bertako ikasketa-planaren arabera egingo da.

  4. Prestakuntza ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo zuzendariak izendatzen dituen zentro edo bulegoetan egingo da.

  5. Prestakuntza-ikastaroaren azken kalifikazioa Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

  6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak kanpoan utziko ditu prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak.

  7. Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ezin duela gainditu, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, interesdunari entzun ondoren.

  8. Prestakuntza-ikastaroa edo praktikaldia ikastaroa amaitu baino lehen borondatez utziz gero, Administrazioak aukera izango du uko egiten dion pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko.

    Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

    Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoei buruz, indarrean dagoen araudiaren arabera).

    Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipazio pertsonalaren zenbatekoa.

    Hamalaugarrena. Praktikaldia.

  1. Prestakuntza-ikastaroa amaitu ondoren, praktikaldia hasi bitartean, prestakuntza-ikastaroan parte hartu duten pertsonak jatorrizko destinoetara itzuliko dira, bakoitzaren kategoriaren arabera eta prestakuntza-ikastaroaren hasieran zegoen egoera berean.

  2. Praktikaldia prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonek egingo dute, hautatuak izan ziren lanpostuetan.

  3. Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du, praktikaldiaren hasiera-, iraupen-, balorazio- eta gainditze-sistemak eta -prozedurak ezartzeko.

  4. Praktiketako destinoak Giza Baliabideen Zuzendaritzak zehaztu eta esleituko ditu, interesdunek adierazitako lehentasunaren arabera eta oposizio-lehiaketako eta prestakuntza-ikastaroko kalifikazioen baturaren ondoriozko puntuazio onenaren arabera, betiere publikotasunaren, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak errespetatuz. Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten pertsonek praktiketako destinoa eskatu beharko dute aukeratutako plazen arabera eskaintzen zaien epean eta moduan; eskabidea ezarritako moduan eta epean egiten ez badute, nahitaez atxiki ahal izango dira, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

  5. Praktikaldian Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategoriari dagozkion zereginak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa praktikaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakarien gainean bakarrik egingo da.

  6. Praktikaldiko kalifikazioak Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

  7. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak hautaketa-prozeduratik kanpo utziko ditu praktikaldia gainditzen ez duten pertsonak.

    Hamabosgarrena. Praktiketako Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenen araubide juridikoa.

  1. Praktiketako Oinarrizko Eskalako agente lehenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubideko Araudian ezarritako diziplina-araubidearen arauen mende egongo dira, eta, osagarri gisa, gertakaria irakaskuntzako diziplina-falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen diziplina-araubidearen arauen mende.

    Era berean, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak aplikatuko zaizkie.

  2. Praktiketako Oinarrizko Eskalako agente lehenei lizentzia emango zaie betetzen zuten lanposturako. Aipatutako lizentzia ordaindu egingo da, non eta ez duten aukeratzen Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74.2 artikuluan aurreikusitako ordainsariak jasotzea.

  3. Agente lehenak eta oinarrizko eskalako agente lehenak horrela mantenduko dira kategoria horretan karrerako funtzionario izendatzen diren arte edo hautaketa-prozesutik kanpo uzten diren arte, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 74. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

  4. Prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango dira, banaka hartuta, eta ez sartzeak edo ez gainditzeak ekarriko du pertsona hautaketa-prozesutik kanpo uztea automatikoki, eta Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehena kategorian sartzeko izan ditzakeen eskubide guztiak galtzea. Baztertzeko adierazpena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du.

    Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiak tarteko, ikastaroan edo praktikaldian sartzen ez diren edo praktikaldia osatzen ez duten pertsonek hurrengo ikastaroetan egin ahal izango dute, ezinbesteko inguruabarrak desagertu eta gero, betiere aldez aurretik ikastaroa edo praktikaldia eskatzen badute. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio kausa aztertzea, eta hari dagokio horri buruzko ebazpena ematea.

    Hamaseigarrena. Karrerako funtzionarioak hautatzeko eta izendatzeko prozeduraren behin betiko sailkapena.

  1. Hautaketa-prozeduraren behin betiko sailkapenaren ordena oposizio-lehiaketan, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian lortutako kalifikazioak batuz egingo da.

  2. Praktika-aldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteen barruan, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak proposatuta, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak lehen agente izendatuko ditu hautaketa-prozedura gainditu duten pertsonak; izendapenak hautatutako pertsonen destinoa adieraziko du, eta Hemeretzigarren Oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

    Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehen gisa izendatuko dira.

  3. Izendatutako pertsonek gehienez ere 10 eguneko epea izango dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala egiten ez badute, eta ezinbesteko kausarik ez badago, jarduera guztiak ondoriorik gabe geratuko dira, eta karrerako funtzionario izateko izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

    Hamazazpigarrena. Hutsegite astun edo oso astunengatiko zehapenak ezartzea.

    Agente lehenaren kategorian sartzeko izangaiek eta agente lehenek diziplina-espedientea hasita dutenean edo geroago irekitzen zaienean, hautaketa-prozesuan onartzea, prozesuan jarraitzea eta Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente lehenaren kategorian sartzea, aipatutako diziplina-espedienteetan hutsegite astun edo oso astunengatiko zigorrik ez ezartzearen baldintzapean egongo dira.

    Hemezortzigarrena. Hautaketa-prozeduran nor dauden identifikatzea.

    Hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten pertsonak (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako identifikazio profesionaleko zenbakiaren bidez identifikatuko dira. Era berean, identifikazio profesionaleko zenbaki hori bera erabiliko da Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehenaren izendapenean.

    Hemeretzigarrena. Argitalpenak.

    Berariaz bestelakorik xedatu ezean, hautaketa-prozesu honetan ezarritako argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki taulan egingo dira, hargatik eragotzi gabe Gurenet saileko intranetean kontsultatu ahal izatea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki taulan argitaratuko den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

    Era berean, eta modu eta izaera berean argitaratuko dira hortik erator daitezkeen administrazio-egintza guztiak.

    Hogeigarrena. Kalte-ordainak.

    Edozein barne-hautaketa prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, horretara aurkezten direnek ez dute hautaketa-aldian, prestakuntza-aldian edo praktikaldian sortzen diren bidaietarako edo bestelako gastuetarako eskubiderik izango, eta, beraz, Administrazioak ez du gastu horiek ordaindu beharrik izango.

    Hogeita batgarrena. Errekurtsoak.

    Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, administrazio-bidea amaitzen duen deialdi honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango diote administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenari.

    Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo, harik eta berariaz ebatzi arte edo isilbidez ustezko ezespena eman arte.

    Interesdunak jurisdikzio-aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera eskumena duen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

    Interesdunek deialdi honetatik, Epaitegien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak inpugnatu ahal izango dituzte, Herri-administrazioen administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

    Arkauti, 2022ko azaroaren 30a.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

    ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

Oinarrizko Eskalako Agente Lehena

  1. Bide-segurtasuna.

    Bide-segurtasunaren eta Istripuen Ikerketaren arloko koordinazio-protokoloa (002 Zerbitzu-agindua) Zigor Kodearen aplikazioa Bide Segurtasunaren arloan (004 Zerbitzu-agindua) Trafiko-istripuetan egin beharreko eginbideak (014 Zerbitzu-agindua).

  2. Ingurumena.

    Ertzaintza eta ingurumenaren aurkako delituak (044 Jarraibidea)Lur gaineko ur kontinentaletako isurketetan jardutea (034 Zerbitzu-agindua) Baso-suteetako jarduketak (035 Zerbitzu-agindua).

  3. Seinaleak eta atxilotzeko aginduak.

    Atxilotzeko eta entregatzeko Europako agindua (020 Jarraibidea) Atzerriko herrialdeek sortutako «SIS» seinaleak (037 Jarraibidea)«SIS/BDSN» seinalatzea Eremu Nazionala (038 Jarraibidea).

  4. Atxilotzeko prozesua.

    Barne-abiarazleak eta agindu judizialak (019 Zerbitzu-agindua).

    Atxiloketaren praktika materiala (020 Zerbitzu-agindua).

    Atxilotuen lekualdatzea (021 Zerbitzu-agindua).

    Ertzain-etxean sartzea. Eskubideen irakurketa. Pertsona atxilotuen liburua (022 Zerbitzu-agindua).

    Gorputz-erregistroa (023 Zerbitzu-agindua).

    Zaintza (024 Zerbitzu-agindua).

    Eskubideak baliatzea (025 Zerbitzu-agindua).

    Eginbideen fasea (026 Zerbitzu-agindua).

    Atxiloketa amaitzea eta atxilotuen liburua ixtea (027 Zerbitzu-agindua).

    Kasu bereziak (028 Zerbitzu-agindua).

    Atxilotuen bideozaintza-sistema (029 Zerbitzu-agindua).

  5. Genero/Etxeko Indarkeriaren Prozesua.

    Telefono bidezko arreta EI/GI gertakarietan (039 Zerbitzu-agindua).

    EI/GI larrialdiari erantzutea (040 Zerbitzu-agindua).

    Ikerketa eta argiketa egitea (041 Zerbitzu-agindua).

    Etxeko- edo genero-indarkeriaren espedientea (042 Zerbitzu-agindua).

    EI/GI arriskuaren balorazioak (043 Zerbitzu-agindua).

    EI/GIren biktima babestea (044 Zerbitzu-agindua).

    EI/GIren biktimaren tratamendua eta hari laguntza ematea (045 Zerbitzu-agindua).

    EI/GI erasotzailearekiko jarduketak (046 Zerbitzu-agindua).

  6. Poliziaren Esku-Hartzea Bide Publikoetan.

    Leku publikoetan biltzeko eskubidea eta manifestatzeko eskubidea babestea (006 Jarraibidea).

    Poliziaren esku-hartzea greba-eskubidea gauzatzean (051 Zerbitzu-agindua).

    Bide, leku eta establezimendu publikoetako kontrolak (011 Zerbitzu-agindua).

    Gorputz-identifikazioak eta -erregistroak egitea (006 Zerbitzu-agindua).

    Polizia-jarduerak gaixotasun psikiko iraunkorrak dituzten pertsonekin (014 Jarraibidea).

    Gertakari kritikoen aurrean jarduteko prozedura (007 Zerbitzu-agindua).

    Banketxeko lapurreta-alarma kasuetako prozedura (001 Agindu-operatiboa).

    Prebentzio Zerbitzua betetzeko prozedura eta berehalako erantzuna «PRI-BIZKOR» (008 Agindu-operatiboa).

  7. Poliziaren Esku Hartzeak Legezko Ataletan.

    Sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituen kasuetan jardutea (037 Zerbitzu-agindua).

    Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa.

    1. titulua. Segurtasun Indar eta Kidegoen jarduna 43,44,45 eta 46. artikuluak.

      Azken Xedapenetako Lehenengoa. Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketa, 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretuaren bidez onartua.

      Azken Xedapenetako Laugarrena. Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren aldaketa.

      Azken Xedapenetako Zazpigarrena. Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aldaketa.

      Azken Xedapenetako Bederatzigarrena. Genero-indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren aldaketa.

      Azken Xedapenetako Hamabigarrena. Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legearen aldaketa.

    1. Titulua Sexu-askatasunaren aurkako delituak I. eta II. Kapituluak.

      Ordena publikoaren aurkako delituak.

    1. Kapitulua. Agintaritzaren, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta erresistentzia eta desobedientzia. 550. artikulutik 556. Artikulura.

    2. Kapitulua. Desordena publikoak. 557. artikulutik 562.era.

      Ertzaintzak gorroto-delituen aurrean jarduteko prozedura (077 Jarraibidea).

      Akusazio eta salaketa faltsuen eta delitu-simulazioen kasuetako prozedura (004 Agindu-operatiboa).

  8. Poliziaren Esku-Hartzea Administrazio-Eremuan.

    Armen eta objektu arriskutsuen arloko zehapen-prozedurari buruzko jarraibideak (010 Jarraibidea).

    Adingabeen parte-hartzea jokoan (010 Agindu-operatiboa).

    Poliziaren bideo-zaintza kudeatzea (067 Jarraibidea).

    «UAS-DRONEAK» hegaldietan jarduteko prozedura.

  9. Beste Batzuk.

    Polizia-jarduketa adingabeekin (048 Zerbitzu-agindua).

    Armamentuaren, munizioaren eta istiluen aurkako beste elementu batzuen erabilera eta kontrolari buruzko araudia (073 Jarraibidea).

    Eginbideak izapidetzeko, gainbegiratzeko eta izapidetzeko eskumena (003 Agindu-operatiboa).

    Kartelak, pintadak eta pankartak kentzeko prozedura (008 Zerbitzu-agindua).

  10. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

    Atariko Titulua (1. artikulutik 3.era, biak barne).

    1. Titulua. Eskumenak, eginkizunak, antolaketa eta finantzaketa (4. artikulutik 13.era, biak barne).

    2. Titulua. Euskal herri-administrazioen eta botereen jardunean genero-ikuspegia txertatzeko neurriak (15. artikulutik 22. artikulura, biak barne).

    3. Titulua. Hainbat esku-hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak (50. artikulutik 62.era, biak barne).

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (4)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.