Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 2koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea sinatutako Lankidetza Akordioa, Izenpe, S.A. Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artekoa, identifikazio eta sinadura elektronikoko bitarteetako eskabideak kudeatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 215
  • Hurrenkera-zk.: 4844
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/02
  • Argitaratze-data: 2022/11/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Izenpe, S.A. Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak identifikazio eta sinadura elektronikoko bitarteetako eskabideak kudeatzeko aipatu den akordioa sinatu dute. Beraz, behar den publikotasuna emateko, honako hau

Alde batetik, Izaskun Urrestarazu Amondarain andrea, Izenpe, S.A. Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresaren izenean eta hura ordezkatuz.

Zuzendaria delako ditu ahalmenak, 2016ko martxoaren 21ean Vitoria-Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean (haren protokoloko 773 zenbakiarekin) emandako ahalorde-eskritura betez (behar bezala inskribatua Arabako Merkataritza Erregistroan, 1541. liburukian, 79. folioan, VI-8926 orrian).

Aurrerantzean, Izenpe.

Bestetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izenean eta hura ordezkatuz, erakunde autonomo horren presidentea den aldetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 9 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aurrerantzean, Lanbide.

Bi aldeek elkarri aitortu diote hitzarmen hau izenpetzeko gaitasun juridikoa, eta, hala,

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak pertsonei eskubidea aitortzen diete baliabide elektronikoak erabiltzeko administrazio publikoekin dituzten harremanetan, haien sarbidea sinplifikatuz; era berean, bultzatzen dute administrazio publikoetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabil daitezen hala haien kudeaketaren efizientzia hobetzeko nola euren arteko lankidetza- eta elkarlan-harremanak sustatu eta errazteko.

Arau biek ezartzen dute ezen pertsona juridikoek, nortasunik gabeko enteek eta, kasu batzuetan, pertsona fisikoek harreman elektronikoak izan behar dituztela nahitaez Administrazioarekin; hargatik eragotzi gabe betebehar hori beste talde batzuetara zabaltzea.

Era berean, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak, zeinak onartzen baitu sektore publikoak baliabide elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko erregelamendua, garatzen du nola identifikatu eta sinatu behar duten interesdunek, eta arautzen du nola egiaztatu interesdunen ordezkaritza.

Bigarrena. Eusko Jaurlaritzak eta foru-diputazioek, zeinek bere informatika-sozietateen bitartez, Izenpe S.A. Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa eratu zuten (aurrerantzean, Izenpe).

Estatutuetako 4. artikuluan, hau ezartzen du helburu sozialari buruz:

Honako hau da Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa - Empresa de Certificación y Servicios Izenpe SAren helburua:

Telekomunikazio-sareetako harreman elektronikoak sustatzea, beharrezkoak diren segurtasun-bermeekin.

Euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeen esparruan eta teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez, komunikazioetan segurtasun-zerbitzuak, zerbitzu teknikoak eta antolamendu-zerbitzuak ematea.

Pertsonei edo erakunde publiko edo pribatuei identifikatzeko, autentifikatzeko, sinatzeko eta/edo zigilatzeko baliabide eta sistema elektronikoak ematea eta kudeatzea.

Aholkularitza-zerbitzuak eta aurreko paragrafoetan adierazitako beste edozein zerbitzu.

Hirugarrena. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen duenez (erregelamendu hori identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen du), konfiantzazko zerbitzu baterako ziurtagiri kualifikatu bat emateko, zerbitzu-emaileak identifikatuko du, zuzenean edo hirugarren baten bidez, zein den ziurtagiri kualifikatua ematen zaion pertsonaren nortasuna, eta hirugarren horrek erregistro-erakundearen izaera eskuratuko du.

Laugarrena. Bere aldetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua urriaren 13ko 3/2011 Legearen bidez sortu zen, eta organismo autonomo bat da, izaera administratiboa duena eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikita dagoena. Nortasun juridiko propioa du, eta gaitasun osoa du bere helburuak betetzeko jarduteko. Besteak beste, haren funtzioa da enplegu-politika aktiboen bitartekotza eta betearazpena kudeatzea, bai eta diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak kudeatzea ere, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

Gaur egun, Lanbidek nortasun digitaleko sistema propio bat dauka ezarrita, oinarri modura erabiltzailea eta pasahitza erabiltzen dituena erabiltzaileen identitatea egiaztatzeko haiek organismoarekin dituzten harremanetan. Asmoa du aurrera egiteko identifikazio elektronikoan, bere zerbitzu elektronikoetako erabiltzaileei aukera emateko eskaintzen dituen zerbitzu elektronikoetan sartzeko eta harremanetan jartzeko edozein administraziorekin, eskatzen diren lege- eta segurtasun-bermeekin.

Bosgarrena. Testuinguru horretan, akordio arautzaile hau sinatzen da identifikazio eta sinadura-baliabide elektronikoak hedatzeko, eta Lanbide Izenpeko erregistro-erakunde izan dadin.

Horretarako, bi aldeek akordio hau egitea hitzartu dute, klausula hauen bidez arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Helburua.

Akordio honen helburua da ezartzea zein izango den Izenperen eta Lanbideren arteko lankidetza-esparrua, zeinaren bidez azken horrek erregistro-erakunde modura jardungo baitu izenpek ematen dituen identifikazio- eta sinadura-baliabide elektronikoak kudeatzeko.

Bigarrena. Aldeen betebeharrak.

  1. Hauek izango dira Lanbideren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

    Egiaztatzea zer pertsona fisikok eskatzen duen identifikazio- eta sinadura-baliabidea ematea edo hura baliogabetzea, eta zer atributu dituen, kontuan izanik zer zehazten duen Identitate-proba Zerbitzuko Politikako 3.1 epigrafeak.

    Egokiro erregistratzea eskatzailearen identifikazio- eta kontaktu-datuak.

    Emate-eskabideko sinadura biltzea.

    Izenperi hilero bidaltzea zer dokumentazio sortu den emandako jarraibideen arabera.

    Ziurtatzea zergatik baliogabetu den baliabidea, eta Izenperi modu fidagarrian jakinaraztea, 24 orduko epean, zer eskabide egin den baliabideak baliogabetzeko.

    Auditoretza-prozesuetan, Izenperekin elkarlanean aritzea, eta beraren esanetara egotea.

    Urtero, operadoreak prestatzea.

  2. Hauek izango dira Izenperen betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

    Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku jartzea zer software behar den identitatea egiaztatzeko, eta azaltzea nola erabiltzen den.

    Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku jartzea prestakuntza-material eguneratuak.

    Ezartzea zer baimen behar den sartzeko eta erregistro-erakundeko lanak egiteko.

    Hirugarrena. Aldeen erantzukizunak.

  1. Lanbideren erantzukizuna izango da:

    Betetzea Identitate-proba Zerbitzuko Politikak zehazten duena, aplikatzekoa denari dagokionez.

    Egokiro kudeatzea identifikazio- eta sinadura-baliabide elektronikoak lortzeko eskabideak.

    Izenperen aurrean, Lanbidek erantzukizunak izango ditu baldin eta ez baditu betetzen hitzarmen honetan zehaztutako betebeharrak.

  2. Izenpe:

    Egokiro emango du hitzarmen honetan zehaztutako guztia.

    Hitzarmen honen arabera dagozkion betebeharrak ez betetzearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzule izango da.

    Laugarrena. Datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta tratamendua.

  1. Konfidentzialtasuna.

    Akordio hau betetzeko eskuratzen den informazio guztia konfidentziala izango da, hala Lanbidek lortzen duena nola akordioa betetzeko hark atxikitzen dituen pertsona guztiek eta, hala badagokio, azpikontratatzen diren enpresek eskuratzen dutena. Ondorioz, sekretu profesionalaren mende egongo da, aplikagarria den araudiaren arabera. Horrenbestez, informazioa ondo eta sekretupean gorde beharko da, eta ezingo zaio inori eman, ez osorik ez haren zati bat; izan ere, ezin zaio informazioa eman akordioaren parte ez den inongo pertsona fisiko edo juridikori, salbu eta Izenpek aldez aurretik eta espresuki horretarako baimena ematen duenean.

    Baldin eta arestian aipatu pertsona fisiko edo juridikoren batek konfidentzialtasuna eta, hala badagokio, sekretu profesionala zaintzeko eginbeharra urratzen badu, dagozkion erantzukizunak eskatuko zaizkio; baita sortutako kalte-galerak ere. Akordioa beteta dagoenean ere, betebehar horiek kunplitu egin beharko dira.

    Nolanahi ere, datu pertsonalen tratamendua eskatzen ez duten lanak egitean, debekatuta egongo da datu horiek eskuratzea, eta nahitaezkoa izango da sekretupean gordetzea jakin ahal direnak.

  2. Datu pertsonalen tratamendua.

    Datu pertsonalei dagokienez:

    Konfiantzazko zerbitzuen emailea den aldetik, Izenpe arduratuko da akordio honetan itundutakoa tratatzeaz.

    Datuak babesteko betebeharrak beteko ditu, kontuan izanik zer aurreikusten duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak, zeina datu pertsonalen tratamenduari buruzkoa baita pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez, eta zeinaren bidez indargabetzen baita 95/46/EB Zuzentaraua.

    Erregistro-erakunde modura jardutean, Lanbide tratamendu-arduraduna izango da, eta ondorengo betebeharrak beteko ditu kontuan izanik zer aurreikusten den Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28. artikuluan [Erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta 95/46/EE Zuzentaraua (DBEO) indargabetzen du].

    1. Soilik eskuratu edo tratatuko ditu «Datu pertsonalen tratamendua» izeneko eranskinean azaltzen diren datu pertsonalak, eta eskuratzen edo tratatzen diren datu pertsonal horiek soilik erabili edo aplikatuko ditu enkarguaren xedea betetzeko.

    2. Datu pertsonalak tratatzeko, ebazpen honetan jasotzen diren jarraibideak bete beharko ditu, baita tratamenduaren ardura duen organoak idatziz ematen dizkionak ere. Baina jarraibideren bat jotzen badu une bakoitzean aplikagarria den datu pertsonalak babesteko araudiaren kontrakotzat, berehala emango dio horren berri tratamenduaren ardura duen organoari.

    3. Datu pertsonalak tratatzeko, segurtasunari eta arriskuari buruzko irizpideak bete beharko ditu, DBEOren 32. artikuluaren arabera; horrez gain, hartu beharreko segurtasun-neurri tekniko eta antolaketakoak hartu eta bete beharko ditu, eskuratzen dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna, sekretua eta integritatea bermatzeko.

    4. Konfidentzialtasun osoa gordeko du enkargua betetzeko eskuratzen dituen datu pertsonalen gainean, baita tratamenduaren ondorioz eskuratzen dituenen gainean ere, berdin delarik zein euskarritan eskuratzen dituen. Betebehar hori, bestalde, datu pertsonalen tratamenduaren edozein fasetan Lanbideren kontura parte hartzen duten pertsona guztiei ere hedatuko zaie. Izan ere, Lanbideren betebeharra da bere menpeko pertsonei irakastea zer den sekretu-betebehar hori, eta zer betebehar duten sekretupean gordetzeko enkargua amaitu ostean ere edo enkargutik kanpo geratu ostean ere.

    5. Ez die hirugarrenei datu pertsonalik komunikatu edo zabalduko, ez eta datuok gordetzeko ere, salbu eta, kasu bakoitzean, tratamenduaren ardura duen organoak aldez aurreko eta berariazko baimena ematen dionean.

    6. Akordio honen indarraldia amaitu ondoren, behin tratamenduaren ardura duen organoak zer erabaki «Datu pertsonalen tratamendua» izeneko eranskinean azaltzen da nor den, itzuli edo ezabatu egingo ditu, hala eskuratu dituen datuak nola tratamendua dela-eta Lanbide berak sortu dituenak; baita datu horiek jasotzen dituzten euskarri eta dokumentuak ere. Alabaina, ez du ezer suntsitu beharrik izango baldin eta legez edo Europar Batasuneko arauz ezartzen bada gordetzeko aukera edo gorde beharra.

      Hori gorabehera, Lanbidek datu pertsonal horiek gorde ahal izango ditu harik eta amaitu arte tratamenduaren ardura duen organoarekin duen harremanetik erantzukizunen bat ondoriozta daitekeen denbora; kasu horretan, datu pertsonalak ahalik eta denbora laburrenean gordeko ditu, blokeatuta, eta, epe hori amaitzen denean, modu seguruan eta behin betiko suntsituko ditu.

    7. Europako Esparru Ekonomikoaren barruan tratatuko ditu datu pertsonalak, edo aplikagarria den araudiak antzeko segurtasuneko irizten dion beste espazio baten barruan. Ez ditu esparru horietatik kanpo tratatuko, ez zuzenean ez baimendutako azpikontratista baten bitartez, eta enkarguan ezarritakoa beteko du, salbu eta, Europar Batasuneko edo estatu kideren bateko zuzenbide aplikagarriak horretara behartuta, beste zerbait ezartzen bada «Datu pertsonalen tratamendua» izeneko eranskinean edo tratamenduaren ardura duen organoak berariaz hori agintzen badu.

    8. Bere kargura dituen datu pertsonalen segurtasunean urraketaren bat gertatu dela jakiten badu, berehala eta arretaz jakinaraziko dio tratamenduaren ardura duen organoari; 72 orduko epea izango du, gehienez, horren berri emateko, eta gorabehera dokumentatu eta komunikatzeko garrantzitsua den informazio guztia emango dio. Gauza bera egingo du informazioa tratatzeko eta kudeatzeko sisteman akatsen bat gertatu denean edo gerta daitekeenean, baldin eta akats horrek datu pertsonalak edo haien integritatea eta erabilgarritasuna arriskuan jarri badu edo jar badezake; eta, konfidentzialtasunaren edozein urraketa posibleren aurrean, zehaztuko du ea enkargua gauzatzean eskuratu diren datuak eta ea informazioa hirugarrenei jakinarazi zaien, eta zer interesdunen konfidentzialtasuna galdu duten. Hori guztia, DBEOren 33. artikuluaren arabera.

    9. Ahalik eta arinen komunikatuko dio tratamenduaren ardura duen organoari baldin eta interesdun batek dagokion eskubideren bat baliatzen badu eta betearazteko eskatzen badio. Eskubideak honako hauek dira: datu pertsonalak eskuratu, zuzendu, ezabatu, aurkaratu eta eramatea eta tratamendua mugatzea, bai eta aplikatzeko araudiak aitortutako beste batzuk ere; orobat, banakoen erabaki automatizatuen xede ez izatekoa ere.

      Komunikazio hori, bestalde, berehala egin beharko da, dagokion eskubidea baliatzeko eskaera jaso eta hurrengo lanegunean beranduen. Jakinarazpena egitean, gainera, honako hauek eman behar dira: eskubidea baliatu nahi duenaren identifikazio frogagarria eta, hala badagokio, eskaera ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen dokumentazioa eta informazioa.

      Tratamenduaren ardura duen organoari lagunduko dio, ahal den guztietan, bere eskubidea egikaritzen duen interesdunari erantzun konplitua ematen.

    10. Elkarlanean arituko da tratamenduaren ardura duen organoarekin, segurtasun-neurriei lotuta dituen eginbeharrak betetzeko, segurtasun-neurrien arrakalak (gauzatuak eta saiakera hutsekoak) azaltzeko edo jakinarazteko agintari eskudunei edo interesdunei, datu pertsonalen babesari lotutako inpaktuaren ebaluazioak egiteko, eta horren gaineko aldez aurreko kontsultak egiteko agintari eskudunei. Horretarako, betiere, kontuan izango du nolakoa den tratamendua eta zer informazio duen eskura.

      Era berean, tratamenduaren ardura duen organoaren esku jarriko du, hark hala eskatuta, beharrezko den informazio guztia, frogatzeko betetzen dituela hemen ezartzen diren betebehar guztiak; bestetik, lagundu egingo du auditoretzak edo ikuskapenak egiten, tratamenduaren ardura duen organoak halakoren bat burutzen badu.

      Bosgarrena. Segurtasuna.

      Lanbidek konpromisoa hartzen du onartzeko eta betetzeko Izenpek hornitzaileentzat ezartzen duen segurtasun-politikak aurreikusten dituen betebeharrak. Segurtasun-politika hori www.izenpe.eus helbidean argitaratu da identifikazio-postu modura tipifikatutako entitateentzat.

      Seigarrena. Akordioa suntsiarazteko arrazoiak.

      Hauek izango dira akordio hau amaitzeko arrazoiak:

      Bi aldeek hala adostea.

      Akordioaren indarraldia amaitzea, eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

      Akordioa sinatu duen aldeetako batek ez betetzea bereganatutako betebeharrak.

      Kasu horretan, aldeetako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi diezaioke bere betebehar edo konpromisoak bete ez dituen aldeari, epe jakin baten barruan bete ditzan bete gabekotzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendua, berriz, komunikatuko zaie: hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoaren arduradunari eta gainerako alde sinatzaileei.

      Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta bete gabe segitzen badu, errekerimendua igorri zuen aldeak alde sinatzaileei jakinaraziko die arrazoi bat dagoela akordioa suntsiarazteko, eta suntsitutzat joko da hitzarmena. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusita badago.

      Indarreko legerian ezarritako gainerako arrazoiak.

      Hitzarmena suntsitutzat edo desegintzat joz gero, aldeek kontratua amaitutzat jo aurretik bete beharko dituzte beste aldearen eta hirugarrenen aurrean beren gain hartutako betebeharrak.

      Zazpigarrena. Jarraipen batzordea.

      Jarraipen-batzorde bat sortuko da akordio hau egokiro betetzen dela koordinatu eta ziurtatzeko, eta sor daitezkeen gorabeherak ebazteko. Jarraipen-batzorde hori, berriz, lau kidek osatuko dute: Lanbidek izendatutako bi kidek, eta Izenpek izendatutako beste bik.

      Aldeetako batek eskatzen duen guztietan bilduko da batzordea; hori gorabehera, gutxienez sei hilean behin bilduko da aztertzeko zein diren lankidetzaren ondorioak eta gorabeherak.

      Zortzigarrena. Akordioa aldatzea.

      Akordio hau aldeen adostasunez aldatu ahal izango da indarraldian dagoen bitartean, eta hitzartzen diren aldaketak, berriz, gehigarri modura erantsiko zaizkio.

      Bederatzigarrena. Indarraldia.

      Akordio honen indarraldia berau sinatzen den egunean bertan hasiko da; 4 urteko iraupena izango du, eta luzatu ahal izango da baldin eta aldeek ez badute kontrakorik erabakitzen.

      Hamargarrena. Araubide ekonomikoa.

      Akordio honek ez dakarkie betebehar ekonomikorik aldeei.

      Hamaikagarrena. Izaera juridikoa.

      Akordio honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak eraenduko du. Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, akordio hau lege horren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da.

      Nolanahi ere, eta Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 4. artikuluarekin bat etorriz, akordio hau interpretatzean eta gauzatzean sor daitezkeen zalantzak edo hutsuneak ebazteko, lege horretan jasotako printzipioak aplikatuko dira.

      Hamabigarrena. Jurisdikzio eskuduna.

      Akordio honen indarraldian sor daitezkeen interpretazio- eta betetze-arazoak Jarraipen eta Kontrol Batzordean ebatziko dira. Desadostasunik izanez gero, administrazioarekiko auzien ordenara joko da halako gaiak ebazteko, eta Vitoria-Gasteizko epaitegi eta auzietara jo ahal izango da.

      Adostasunaren adierazgarri, bi aldeek akordio hau sinatzen dute.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 13a.

      Izenpe SA, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa,

      IZASKUN URRESTARAZU AMONDARAIN.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua,

      IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gordetzeko epea:

  1. Datuak zer helbururekin bildu ziren, helburu hori betetzeko behar den denboran tratatuko dira, bai eta zehazteko zer erantzukizun egon daitekeen ere.

    Nola antolatuko diren datuak akordioa amaitzean:

  2. Akordioa amaitzen denean, Lanbidek datu pertsonalak itzuliko dizkio Izenperi, eta, hala badagokio, datu horiek jasotzen dituzten euskarriak ere bai. Datuak itzultzeak berekin ekarriko du datu pertsonal guztiak ezabatzea Lanbidek erabili dituen ekipo informatikoetan. Nolanahi ere, Lanbidek kopia bat gorde dezake, datu pertsonalak behar bezala blokeatuta, enkargua betetzetik erantzukizunak erator daitezkeen bitartean.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik