Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 29koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita, berriz ere, «Aginagako tunelaren eraikuntza-proiektua» eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 242
  • Hurrenkera-zk.: 5469
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/29
  • Argitaratze-data: 2022/12/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

ETSk kudeatutako trenbideek beren luzeraren zati handi bat dute bide bakarreko ibilbideekin, eta horrek nabarmen zailtzen du haien ustiapena (funtsean, bidaiarien trafikora bideratua), eta nabarmenki murrizten du garraiorako duten gaitasun globala; horrenbestez, salgaien garraioa minimizatzen du.

Egoera horri irtenbideak bilatzeko, azterlan batzuk kontratatu ziren Bilbao-Donostia aldiriko linean tarteak bikoizteko.

Ebazpen honen bitartez jendaurrean jartzen den proiektuaren xede den zatia Zarautz-Usurbil tartean dago (Bilbao-Donostia lineari dagokio). Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren helburua da bikoizte-eremu bat bilatzea, zerbitzuak Zarautzeraino dituen maiztasunak hobetzeko, bidaia-denborak eta Usurbil eta Zarautz arteko zatiaren mantentze- eta istripu-kostuak murrizteko, eta, azken batean, trenbide bidezko garraio jasangarria sustatzeko.

ETSk Aginagako tunelean (221 m) egin beharreko jarduketak aztertu zituen. Proposatutako jarduketa guztien artean, bat, eraikuntza-proiektu honen xedea, Aginagako tunelaren saihesbidea da, Euskal Trenbide Sarearen Bilbao-Donostia linean dagoen bideko 93+166,744 KParen eta 96+193,151 KParen artean. Proiektatutako bideari dagokion konexio-puntua 94+751,120 KPa da.

Trazadura berriarekin, egungo mendia inguratzea saihestu nahi da; hala, bidaia-denborak nabarmen murriztu eta bidaiarientzako erosotasun eta segurtasun baldintza hobeak eskainiko dira, bai eta azpiegiturari ahalik eta kalte gutxien eragin eta mantentze-lanak ahal den neurrian murriztu ere.

2009ko maiatzaren 7an, Garraio Azpiegituren zuzendariak Aginagako tunela eraikitzeko proiektua onartu zuen.

2017ko uztailaren 28an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana eguneratu zen, jendaurrean jarri ahal izateko.

2019ko abuztuan, 2009an onartutako «Aginagako tunela eraikitzeko proiektua» eguneratzeko eskatu zitzaion Team Ingenieria y Consultorķari.

Aurrekari horiekin idatzi da eraikuntza-proiektua, Aginagako tunelaren bikoizketa eta eraikuntza gauzatzeko beharrezkoak diren obrak eraikuntza-proiektuaren berezko mailarekin definitzeko.

2021eko urriaren 21ean, Garraio Azpiegituren zuzendariak «Aginagako tunelaren eraikuntza-proiektua» eta haren ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko ebazpena eman zuen.

2022ko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera bidali zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari.

2022ko apirilaren 13an, Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako alegazioaren eta alegazio-egilearekin izandako elkarrizketen bat etorriz, eta LRJAP izenekoaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali zuen Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena atzera botatzeko eskaera.

Aurrekari horiekin, Aginagako tunelaren bikoizketa eta eraikuntza gauzatzeko behar diren obrak eraikuntza-proiektuaren maila propioarekin definitzea helburu duen eraikuntza-proiektu honen eguneratze berria idatzi da.

Labur esanda, 93+166,744 KParen eta 96+193,151 KParen artean bide bikoitzeko tunel bat eraikitzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak definitzean datza proiektua, Euskal Trenbide Sarearen Bilbao-Donostia linean dagoen trenbidean.

Proiektuari bertatik zirkulatzen duten unitateen trakziorako behar den elektrifikazioa ematen zaio.

Proiektuak segurtasun- eta komunikazio-instalazioen obra zibila, kanalizazioak eta kutxatilak jartzea besterik ez du zehazten, etorkizuneko kableatzerako.

Proiektua gauzatu ondoren, Oria ibaiaren ondoko tunelak zeharkatzen duen mendia inguratzen duen bide-zatiaren (baja emandako tartea) instalazioak altxatuko dira.

Nabarmendu behar da, tunela martxan jartzeko, instalazioen proiektua gauzatu behar dela.

Obrak egiteko hogeita zortzi (28) hilabeteko epea zehaztu da.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua hogeita zortzi milioi berrehun eta hamalau mila hirurehun eta sei euro eta hirurogeita hamazazpi zentimokoa da (28.214.306,77).

Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 11. artikuluaren arabera, eraikuntza-proiektua behar bezala idatzita dago, eta dagokion informazio publikoa praktikatu ahal izateko legezko eta arauzko betekizun eta preskripzio guztiak betetzen ditu, behin betiko onartu aurretik.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko azterlanak edota proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluak.

Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, jendaurrean erakutsi beharko da hogeita hamar egun balioduneko epean, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan trazaduraren kontzepzio globalaz, ikusmolde horrek interes orokorreko alderdiei eragiten dien neurrian.

Kasu honetan, Trenbide Sektoreari buruzko Legearen 5.3 eta Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 9.2 artikuluei dagokionez, ez dago eraikuntza-proiektuaren aurreko informazio-azterlanaren beharrik; beraz, Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 10.6 artikuluari jarraituz, proiektuarekin izapidetze bera egingo da, informazio-azterlana balitz bezala.

Eraikuntza-proiektu hau jendaurrean jarri zen 2022ko urriaren 7ko EHAAn. Proiektuaren konplexutasuna eta hari zegozkion eranskin guztiak argitaratu gabe zeudenez, berriz ere jendaurrean jarri behar da, aurrekoaren pareko denbora-tartearekin. Aurreko ebazpena jendaurrean jartzeko epean aurkeztutako alegazio guztiak kontuan hartuko dira prozesu berri honetan.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren III. tituluaren II. kapituluaren eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana jendaurrean erakutsi beharko da, gutxienez, hogeita hamar egun balioduneko epean.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

Berriz ere, jendaurrean jartzea «Aginagako tunelaren eraikuntza-proiektua» eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa; hartara, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, korporazioek, elkarteek eta partikularrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte jarduketa horren edukiaz, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten gorabeherez, eta trazaduraren kontzepzio globalaz.

Epe horretan, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendearen eskura egongo dira, aztertu ahal izateko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, - Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Usurbilgo Udalean eta Interneteko www.euskadi.eus webgunean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Garraioen ataleko Azpiegitura-proiektuei buruzko informazioaren atalean:

https://www.euskadi.eus/aginaga-tunel/web01-a2garrai/eu/

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 29a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARĶA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.