Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 22koa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, honako honi buruzkoa: Áridos Aloña SL enpresaren aldeko Oñatiko (Gipuzkoa) «Gomistegui» ustiapen-emakidaren (4.790 zk.) ustiapen-proiektua eta lehengoratze-plana aldatzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 10
  • Hurrenkera-zk.: 245
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/11/22
  • Argitaratze-data: 2023/01/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. 2014-12-15eko sarrera-datarekin, ordezkaritza honetan ustiapen-proiektua (UP) eta lehengoratze-plana (LP) aldatzeko administrazio-espedientea hasi zuen enpresak. UParen aldaketa horrek handitu egiten du hasiera batean onetsitako proiektuaren hutsunea; beraz, beharrezkoa da emakidaren perimetroa ere aldatzea, beste meatze-lauki bat behar baita.

  2. Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022-08-09ko ebazpenaren bidez, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan aurkeztutako dokumentazioaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) egin zen. 2022-10-07ko EHAAn (193. zk.) argitaratu zen. IIAri dagokion izapideak 975/2009 Errege Dekretuaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoari erantzuten dio. IIAn jasotakoa bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluarekin.

  3. Sustatzaileak 2014-12-15eko eskaeran adierazitakoan oinarrituta, ustiapenaren administrazio-izapidearen aurrekariak zerrendatzen dira jarraian:

    1. 1999-03-25ean, ustiatzaileak «Gomistegui» C sekzioko (4.768 zk.) baliabideak ikertzeko baimena (IB) eskatu zuen; atal horrek 6 meatze-laukiko (ML) hedadura du. 2002-10-30ean argitara eman zen aipaturiko ikerketa-proiektuaren esleipena, eskatutako azalerarako.

    2. 2001-11-28ko ebazpenaren bidez, «Gomistegui» A) sekzioko ustiapen-baimenaren ustiapen-proiektua eta lehengoratze-plana baimendu ziren.

    3. 2002-02-14an, ustiatzaileak sekzioa aldatzeko eskaera aurkeztu zuen, 107/1995 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, 6 MLrako.

    4. 2002-07-19ko ebazpenaren bidez, indarrean zegoen ustiapen-proiektua aldatzeko baimena eman zen, ustiategiaren ekialdean tratamendu-instalazio berriak jartzeko behar zen tokia egokitzeko.

    5. 2004. urtearen amaiera aldean, 2001ean onartutako ustiapen-proiektuaren eta lehengoratze-planaren aldaketa bat aurkeztu zuen ustiatzaileak; aldaketa horren bitartez, ustiategia ebazpen hau eragin duen proiektuaren eremu berean handitzeko eskatu zuen. Besteak beste, ustiapen-hutsunearen perimetroa 2001eko proiektuan onartutakoaren aldean zabaltzeaz gain, ustiatzaileak ustiatu gabe utzi zuen Arantzazuko sarbidearen eta ustiategiko zuloaren arteko eremu bat, hasieran aurreikusitakoa baino lur-zerrenda handiagoa; halaber, orduko tratamendu-instalazioak ustiategiko hutsunearen barru aldera lekualdatu zituen, eta beste instalazio batzuk barne hartu zituen, hala nola dekantazio-putzuak eta gurpilak garbitzeko putzuak edo ustiategiko makineria mantentzeko tailerra.

    6. Proiektu horretarako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren (IIE) izapidean, 2004-12-13an, ustiatzaileak aurkeztutako dokumentazioa igorri zen Ingurumen Sailera, Meategien Zerbitzuko buruaren txostenarekin batera. Txosten horretan, hobekuntza nabarmentzat jotzen ziren lubakian ustiatzea eta tratamendu-instalazioa ezkutatzea, bai eta landare-pantaila bat jartzea ere, ingurunean eragin txikiagoa duten jarduketak baitira.

    7. 2005-01-14ko ebazpenaren bidez, C sekzioko «Gomistegui» (4.790 zk.) ustiapen-emakida zuzena eman zen, 30 urterako. Emakida hori gehienez 90 urtera arte luzatu zitekeen, 2 MLko azalera zuen du eta 2001ean onartutako proiektuaren ustiapen-hutsunea barne hartzen zuen. Ebazpen hori bete egiten du 107/1995 Errege Dekretua aplikatzeari buruzko jarraibidea onartzen duen 1996-06-05eko ebazpenean ezarritakoa, birsailkatzeko izapideetan dauden ustiategien gainean iraungitako meatze-eskubideak egoteari dagokionez.

    8. 2006-03-09an, akordioa sinatu zuten Meategien eta Ingurumenaren arloetako arduradunek eta sustatzaileak, 2004an aurkeztutako handitze-proiektuari buruz. Akordio horren arabera, eskatutako zabalkuntza Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak 2005-06-08an ezarritako mugen arabera garatuko zen. 2004ko proiektuan eskatutakoa bat dator «Gomistegui» ustiapen-emakidaren 2 MLekin, 2001-11-28an onartutako ustiapen-proiektuaren arabera, bai eta beste ML batekin ere; azken eskatutako handitzearekin bat dator, eta oraindik emateke dago.

    9. 2006-03-09ko ebazpenaren bidez, baimena eman zen tratamendu-instalazioen etorkizuneko eremua jaisteko, izapidetzen ari den proiektuan ustiatzaileak adierazitakoaren arabera. Era berean, iparraldeko piñoian harriak erortzea galarazteko babes-sistema definitzeko eskatu zen.

    10. 2006-11-06an, ustiatzaileak beste proiektu bat aurkeztu zuen, hasiera batean eskatutako zabalkuntza 2006-03-09ko erabakian zehaztutakora egokitzeko.

    11. Geroago, 2008an eta 2010ean, sustatzaileak 2006-11-06an aurkeztutako hasierako dokumentuaren egokitzapenak eta osagarriak aurkeztu zituen.

      Ebazpen-proposamen hau honako hauetan funtsatzen da:

  1. Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da dagokion ebazpena emateko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (2021eko martxoaren 5eko EHAA, ostirala) ematen zaizkion ahalmenez baliatuz.

  2. Izapideak egitean, aintzat hartu da Meatzeei buruzko 22/1973 Legean eta haren Erregelamenduan, 2857/1978 Errege Dekretuan (RGRM) xedatutakoa, bai eta Meatze Segurtasuneko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorrean, hura garatzen duten JTOetan eta arriskuak prebenitzeko indarreko araudian ezarritakoa ere.

  3. Bestak beste, aintzat hartu Meatzeei buruzko Legearen 65. artikuluko hirugarren puntuan xedatutakoa: Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak ustiapen-emakida eman ahal izango du eskatutakoa baino azalera txikiagoaren gainean, betiere eskatzekoa den gutxienekoa errespetatuz, baldin eta uste badu eskaeraren xede den baliabideak ez duela justifikatzen lursail osoaren gaineko emakida; nolanahi ere, eskatzaileak aurreko paragrafoan adierazitako epean ikerketa-baimenaren espedientea izapidetzea sustatu ahali zango du gainerako azalerarako. Eta 66. artikuluak, berriz, jasotzen du zuzeneko ustiapen-emakidei lege horren hirurogeita hamargarrenetik hirurogeita hamalaugarrenera bitarteko artikuluetan jasotako arauak aplikatuko zaizkiela, eta komenigarritzat jotzen diren baldintzak ezarri ahal izango direla; besteak beste, hirurogeita bederatzigarren artikuluko lehenengo paragrafoan aipatzen diren ingurumena babesteko baldintzak.

  1. Era berean, Erauzketa-jarduerek kaltetutako naturaguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, meatzeen arloan eskumena duen agintaritzari dagokio lehengoratze-planak onartzea.

  2. Ildo beretik, ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak adierazten duenez, Meatzeei buruzko Legeak araututako emakidak ezin izango dira eman lehengoratze-planik baimenduta ez badago, eta, behin baimena emanda, lanak ezin izango dira hasi harik eta horiek beteko direla bermatzen duten finantza-bermeak edo baliokideak eratu arte. Izan ere, meatze-titulu horren baldintza berezitzat hartuko da.

  3. Halaber, aintzat hartu da Erreferentziako sistema geodesikoaren aldaketak eragindako meatzaritza-eskubideak kudeatzeko prozedura ezartzen duen uztailaren 15eko 294/2016 Errege Dekretua, zehazki xedapen iragankor bakarrean (Izapidetzen ari diren espedienteak) aurreikusitakoa. Bertan jasotzen denez, 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen izapidetzen ari ziren meatze-eskubideen eta hidrokarburoen jabari publikoko eskubideen espedienteak egun horretara arte indarrean zegoen araudian xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatzi behar ziren.

  4. Meatzeen arduradunak 2014-07-10eko txostenean adierazitakoaren arabera, handitzea egiten den meatze-laukiari dagokionez, iraungitako ikerketa-baimen bat dago haren gainean, eta, beraz, gune frankoa da, baina ezin du inork erregistratu dagokion lehiaketa egin arte, handitzearen titularrak egungo ustiatzailea izan ezik, zeinari Industria, Energia eta Meategien Administrazioko zuzendariaren 1996ko ekainaren 5eko Ebazpenean jasotako xedapen iragankorra aplikatzen baitzaio. Ebazpen horren bidez, Meatzeetako Legearen a) atala konfiguratzeko balorazio-irizpideak ezartzen dituen urtarrilaren 27ko 107/1995 Errege Dekretuaren 1.b) puntua aplikatzeko jarraibidea onartzen da. Txostenak gehitzen du xedapen iragankor hori ustiatzaileari aplikatzekoa zaiola, baldintzak betetzen baititu.

  5. Espedientea izapidetzeko, indarrean dagoen araudi aplikagarrian xedatutakoa bete da.

    Aipatutako lege-manuak eta oro har aplikagarri diren eta haiekin bat datozen gainerako xedapenak ikusita, honako Ebazpen hau proposatzen da:

    Oñatiko udalerriko (Gipuzkoa) «Gomistegui» ustiapen-emakidaren (4.790 zk.) ustiapen-proiektua eta lehengoratze-plana onartzea. Horrenbestez, Áridos Aloña SL merkataritza-sozietateak (San Prudentzio 3, behea 01005 Vitoria-Gasteiz, Araba; IFK: B20111951) aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzen arabera gauzatuko dira haren edukiak, ondoren zerrendatzen diren aginduen arabera dagozkion aldaketak eginda.

    2001-11-28an onartutako UPari dagokionez, eskatutako handitzea garatzeko, beharrezkoa da meatze-lauki gehigarri bat izatea (3 meatze-lauki guztira, 2022-09-22ko mugaketa-planoan jasotakoaren arabera; plano hori Meatzeen arduradun Jesús Cospedal Perez Cossio jaunak eman zuen, eta ebazpen honi erantsi zaio), 1. taulan jasotako koordenatuekin bat etorriz. emakida-aldia ez da aldatzen, eta 2035. urtera arte izango da.

    (Ikus .PDF)

    Agindu hauek bete behar dira:

  1. Oro har, honako agindu hauek ezartzen dira:

    1. UPa eta LPa dagozkien alderdiekin osatu behar dira, agindu hauetako 2. eta 3. puntuetan zerrendatutakoaren arabera (IIAn jasotakoa barne), eta ondoren dokumentuak sinatzen dituen teknikari eskudunaren, meatze-tituludunaren, elkargo profesionalak ikus-onetsita aurkeztuko da.

    2. UPa eta LPa onartzea, bai eta ustiapen-emakida horren ML gehigarria ematea ere eskatutako zabalkuntza barne hartzen duena, hirugarrenei kalterik egin gabe ulertu behar da, eta ez du baztertzen programatutako jarduera garatzeko legeen arabera beharrezkoak diren gainerako lizentziak eta baimenak lortzeko beharra.

    3. Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022-08-09ko Ebazpenean ezarritakoa aplikatu behar da, jarduerak ingurunean duen ingurumen-inpaktua minimizatzeko. Ebazpen horren bidez, Áridos Aloña SL enpresak izapidetutako «Gomistegui» ustiapen-emakidari (4.790. zk.) dagozkion ustiapen-proiektuaren eta lehengoratze-planaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) egiten da.

  2. UPari dagokionez, honako agindu hauek ezartzen dira:

    1. Gainerako emakida-aldirako faseen garapena ustiategiaren benetako ekoizpen-erritmora egokitu behar da; horretarako, azken 5 urteak hartuko dira kontuan. Beharrezko dokumentazio grafikoa erantsi behar da.

    2. Ustiategiaren perimetroa itxi behar da, 1,5 m-ko altuerako hesi baten bidez. Hesi hori abelazkuntza-sarez egingo da, bihurdura bikoitzeko alanbrezko hiru hari izango ditu gainaldean, eta atakak eta langak izango ditu. Halaber, ustiategiaren kanpoko perimetroa mugarriztatuko da, erantsitako mugaketa-planoaren arabera. Hilabeteko epean, jarduketak egingo dira gaur egungo hutsunean. Eta handitze-eremuari dagokionez, berriz, hilabeteko epean eragindako lurrak okupatu ahal direnetik zenbatzen hasita.

    3. Pertsonak sar daitezkeen eremuetan, «Arriskua! Harrobia» adierazten duten kartelak jarriko dira. Meatzaritza-jarduerak eragindako arriskuei buruzko informazioa ere gehituko da. Ustiategirako sarbidean, dagozkion seinaleez gain, ate bat jarri behar da, ustiategikoak ez diren hirugarrenak sar ez daitezen. Hilabeteko epean burutuko da lan hori.

    4. Harri-puskak erortzearen aurkako babesak:

      1. 2023ko lan-planean, iparraldeko aurrealdeko ezpondan jarritako langa dinamiko hondatua konpontzeko jarduketak sartuko dira, 2001-11-28ko ebazpenean ezarritakoari, urteko lan-planaren ebazpenean eskatutakoari eta ustiatzaileak berak zenbait lan-planetan adierazitakoari jarraikiz. Era berean, ustiatzaileak aurreko lan-plan horietan adierazitakoaren arabera, errezel-sarea delakoa instalatu beharko da ezpondaren buruan. Jarduketa horiek 2023an egin behar dira; aldez aurretik behar bezala justifikatu egon eta lan-plan horretan aurrekontua egina behar dute.

      1. Ustiatzaileak adierazitakoaren arabera, II. frontean erauzketa-lanak hasi aurretik, babes-sare dinamikoa instalatu beharko da, hori justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren.

    5. Etekin-establezimendu berriari dagokionez:

      Ustiategiko lanen garapenak urteko lan-planetan planifikatu behar dira, halako moduan non 2 urteko epean instalazio berriak egon daitezen egungo zuloaren ekialdean. Aldez aurretik, instalazio horiek justifikatzen dituen proiektua aurkeztuko da, ustiapen-proiektuaren 07.1.02 Jarraibide Tekniko Osagarriaren 4. eranskinean ezarritakoaren arabera, ez bakarrik tratamendu-ekipoei dagokienez, baita beharrezko instalazio osagarriei dagokienez ere. Eremu horretan, ustiatzaileak lanak egin izan ditu instalazioak kokatzeko behar den espazioa eratzeko. Horretarako, aurreko UPa aldatzeko eskaerak aurkeztu ditu, aurrekarietan jasotzen den bezala; hortaz, gunea prest dago instalazioak kokatzeko, eta azalera erabilgarri handiagoa du, ustiatzaileak 2022ko dokumentuetan aurkeztu duen proposamenarekin alderatuta; horrek segurtasun handiagoa bermatzen du lanak garatzean. Ustiategiaren eremu estuena (ezponden oinean dagoena) dela eta, epe luzeagokoa da ustiatzailearen proposamena; izan ere, arroka atera behar den eremu berri bat egokitu behar da, eta, horregatik, aurreikusitako ekoizpenerako, ustiatzaileak adierazi du gutxienez 10 urte behar direla. Ustiategiko azken urteetako batez besteko ekoizpena aintzat hartuta, hirukoiztu egingo litzateke proposatutako kokagunea eratzeko behar den denbora.

      Egungo instalazioak eraisteak eta horretarako prestatutako hutsunera eramateak onura ekarriko du, eta ez paisaiaren gaineko/ikusizko inpaktua murrizteagatik bakarrik, errepidean bertan baitaude kokatuta. Bertan lan egiten duten langileen segurtasuna hobetzea ere ekarriko du. Gainera, zarata gutxiago sortu eta hauts gutxiago isuriko da, 2006-03-09an sinatutako akordioaren ildotik.

      Bestalde, bide-segurtasuna nabarmen hobetuko da. Ustiatzaileak adierazten du kanpoko ibilgailuak ez direla ustiategian sartzen sortutako agregakinak kargatzeko, eta ustiategiko berezko garraio-ekipoak ez direla karga-siloetara ateratzen agregakina hutsuneko harrobiko plazetan metatzeko; hala eta guztiz ere, egia da gaur egun plazetan pilaketak daudela, kanpoko ibilgailuak kargatzera sartzen direla eta barnekoak errepidean bertan dauden siloetara sartzen direla agregakina plazan pilatzeko. Gainera, landugabeko harria edo leherketen ondorioz sortutako harria zuzenean kargatzen dute indusketa-aurrealdetik, kanpoko ibilgailuekin. Ustiategiko sarbidearen neurriak eta ibilgailuen neurriak kontuan hartuta, ibilgailuek kale-bidean maniobrak egin behar dituzte sartu edo irten ahal izateko. Egungo instalazioak eraisteak sarbidearen neurriak hobetzea eta ezpondak leheneratzea ahalbidetuko du, eta, hartara, eremu hori landare-pantaila deiturikoan txertatuko da.

    6. 2001-11-28ko Ebazpenaren j) apartatuan jasotakoari dagokionez, 2 hilabeteko epe horretan justifikatu beharko da dauden tratamendu-instalazioen egoera, 1215/1997 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

    7. Kanpoko zein barruko ibilgailuak sartu eta irteteari dagokienez, hilabeteko epean, gurpilak garbitzeko putzu baten kokapena eta neurriak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira. Instalazio hori hilabeteko epean jarri beharko da abian ustiategian, betiere egindako proposamenari oniritzia eman ondoren.

    8. Beste instalazio osagarri batzuei dagokienez: Egiaztatu da ustiategian bertan dauden ekipoak mantentzeko eta konpontzeko jarduketak egin direla horretarako adierazitako eremuetatik kanpo. Ustiategira bisitak egin direnean, ikusi da gaitutako hormigoizko zolatak txikiak zirela erabilitako ekipoen tamainaren aldean eta ez zutela efluenteak biltzeko sistemarik. Era berean, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gunearen egungo egoera dela eta, eremu jakin bat egokituko da behin-behinean hondakin arriskutsuak biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Bi eginkizun horietarako, hilabeteko epea ezartzen da jarduketak justifikatzen dituen dokumentazioa aurkezteko, eta hilabeteko beste epe bat, berriz, jarduketak abian jartzeko, haiei oniritzia ematen zaienetik.

    9. Egiaztatu da kanpoko materialak pilatu direla, hala nola hormigoi-hondarrak, nahiz eta ustiatzaileak duen justifikatu material horiek kudeatzeko baimenik duenik. Kanpoko lurren isuri direla ere frogatu da; alabaina, ustiatzaileak ez du justifikatu APM/1007/2017 Aginduan ezarritakoa betetzen duenik. Ildo horretan edozein jarduketa egin aurretik, dagozkion baimenak izapidetu behar dira.

    10. Ustiatzaileak leherketak jakinarazteko protokolo pertsonalizatua idatzi beharko du inguruko etxebizitzetarako; protokolo horrek abisuen prozedura orokorra osatuko du, eta ingurumena zaintzeko programan sartuko da.

    11. Ustiatzaileak txosten geoteknikoa idatzi beharko du urtean behin, eta ustiategiarekin zerikusirik ez duen teknikari eskudunak sinatu. Txosten geotekniko hori lan-planarekin batera sartu beharko da. Txosten horretan, fronteen eta elementu irekien elementu geoteknikoak berrikusiko dira, eta, besteak beste, aurreko azterlanekiko balizko desbideratzeak edo doikuntzak adieraziko dira.

    12. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuetan azaldutakoaren arabera, hautsa sortzea prebenitzeko neurriak areagotuko dira, bai eta ureztatzeak ere, erauzketa-, karga- eta garraio-eragiketetan hauts esekia egotea saihesteko. Arreta berezia egingo zaie plazei eta errodadura-pistei, eta 2 hilabeteko epean justifikatu beharko da ustiategian badaudela jarduketa horiek eraginkortasunez egiteko behar diren bitartekoak.

  3. LPari dagokionez, honako agindu hauek ezartzen dira:

    1. Espedientea hasteko eskaera aurkeztu zenetik igarotako denbora kontuan hartuta, LPa berrikusi eta eguneratu behar da, eratu beharreko bermeak berrikusteko. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera. Horretarako, egoki iritziz gero, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak egindako dokumentu hau erabili ahal izango da: «Metodología para el cálculo de Garantías Financieras para la restauración del espacio afectado por Actividades Mineras». Esteka honetan eskuratu daiteke: (https://energia.gob.es/mineria/Mineria/Paginas/Mineria.aspx#:~:text=Metodolog%C3%20PARA%20EL%20C%C3%A1lculo%20de%20Garant%C3%20as%20Financieras%20para,asegurar%20el%20cumplimiento%20del%20plan%20restauraci%C3B%3n%20autorizado)».

    2. Berrikusitako dokumentuak lehengoratzeko lanei buruzko baldintza teknikoen agiria jasoko du, bai eta unitateko prezioen taulak eta unitate bakoitzerako prezio banakatuak ere. Esku-hartze unitate bakoitzari dagozkion neurketak justifikatu beharko dira.

    3. Ildo horretan, berrikusitako eta eguneratutako planean, honako gai hauek hartu behar dira kontuan, besteak beste:

      1. Sortzen diren berma guztien azken zabalera 8 metrokoa izango da (onartutako lan-planetan ezarri den bezala, zehazki 655 kotako bermari dagokionez, I. frontea izenekoan).

        Nolanahi ere, berma amaierako abandonu-zabalerarekin eratuko duten leherketak gauzatu aurretik, hura lehengoratu beharko da. Bermen amaierako egoera eratzen duten leherketak aurretiazko ebaketa-teknikaren bidez egin beharko dira, ondoriozko bermaren osotasuna garantizatzeko.

      2. Bankuaren gehieneko altuera 15 m izango da, eta konformazioan aurremozketako teknika aplikatuko da. Egungo hutsuneari dagokion eremuan, bankuaren gehieneko altuera indarrean dagoen araudi sektorialean ezarritakora egokituko da.

      3. Kontuan hartu behar da ustiategia garatu ahala sortzen diren azken azalera guztietan erein eta landatzeko aukera, I. fronteko harrobiko plaza eta pistak zein sarbideak barne.

      4. Ustiapenaren ekialdeko eremuan dauden azalera jakin batzuk urpean geratzen dira, jariatze-ura metatzen baita denbora luzez, eta horrek lehengoratzea eragozten du. Hori dela eta, harrobiko plazan metatutako urak ponpatzeko sistema eraginkor bat proposatu behar da, besteak beste, egin beharreko landaketak edo ereintzak bermatzeko.

      5. Materialen ekarpenak gauzatzen diren azaleren eskarifikatzearen edo zorupe-lanketaren aurrekontua egin behar da.

      6. Substratuaren ekarpena egitean, gutxieneko lodiera hauek hartuko dira aintzat: 40 cm esterilaren kasuan, eta 30 cm landare-lurraren kasuan.

      7. Landaketa-dentsitateak honako hauek izango dira: 3.000 oin/ha zuhaixkak badira, eta 1.500 oin/ha zuhaitzak izanez gero, sustatzaileari berak aurkeztutako PRei buruzko aurreko txostenetan eskatutakoarekin bat.

      8. Landaketak direla eta, aurrekontuan sartu beharko da zurkaitzak jartzea landatzeko unean, baita oinarri-babeskiak erabiltzea ere (erreferentzia gisa, gutxienez 60 cm-ko hodiak, mikrozulodunak), landarearen aireztapena kontrolatzeko, tenperatura erregulatzeko, CO2-kontzentrazioa handitzeko eta belarjaleek kimatzetik babesteko.

      9. Bankuetako betelanaren azken profila zuzenduko da, hain zuzen bi isurkiko maldak konformatzearen arloan administrazio honek dituen eskakizunetara egokitzearren, arroken errodadurari eusteko neurri gisa, bai eta sortzen den jariatzea bideratzeko ere. Beharrezkoak diren bolumenak behar bezala justifikatuko dira. Bankuko betelanaren topearen konformazioa ez da inola ere harri-blokeekin prestatuko. «Gabioiak» erabiltzeko, nahitaezkoa da altzairu herdoilgaitza erabiltzea.

      10. Azken bankuetan lehengoratzeko betegarria sortzeko materialen ekarpena bermaren azalera osoan egingo da, administrazio honek eskatutako profil motaren arabera.

      11. Abandonu-aurreproiektu bat erantsi behar da. Haren kostua sartu behar da aurrekontuan. Era berean, egun dauden instalazioak kentzearen kostua justifikatu behar da.

      12. Dagoen hutsuneko drainatze-sareari dagokionez, eta planteatutako lehengoratze-jarduketak bermatze aldera, kontuan hartuta jariatze-urak beheko plazan metatzeak eragiten dion azalera handia dela eta iragazteko behar den denbora ere luzea dela, plaza horretako eremu zehatz eta mugatu bat proiektatu behar da urak metatzeko, ezarritako gehieneko maila gaindituz gero jarduteko behar diren instalazioez hornitua. Horri dagokionez, hilabeteko epean jarduketa-proposamen bat aurkeztuko da, eta hilabeteko epean gauzatu beharko da, behin jarduketari oniritzia eman ondoren.

      13. 2023ko lan-planari (PL) begira, bertan sartuko dira landare-pantaila deritzona osatzeko beharrezkoak diren jarduketak, egungo ustiapen-hutsunea dagoen lekuan. Hostoerorkorrak ez diren espezieak gaineratuko dira, aurkeztutako PRen inguruko aurreko txostenetan administrazio honek eskatutakoarekin bat.

    4. Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022-08-09ko Ebazpenean jasotako babes- eta zuzenketa-neurri guztiak bete beharko dira, jarduerak ingurunean duen ingurumen-inpaktua minimizatzeko. Ebazpen horren bidez, Áridos Aloña SL enpresak izapidetutako «Gomistegui» ustiapen-emakidari (4.790. zk.) dagozkion ustiapen-proiektuaren eta lehengoratze-planaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) egiten da.

    5. PRarekin zerikusia duten lanak egitekotan, haien berri eman beharko zaio aldez aurretik lurralde-ordezkaritza honi, bidezko ondorioetarako.

      Donostia, 2022ko azaroaren 22a.

      Gipuzkoako Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

      AGUSTIN AROSTEGI ARTETXE.

      Aztertu da Gipuzkoako lurralde-ordezkariak egindako ebazpen-proposamena, «Gomistegui» ustiapen-emakidaren (4.790 zk.) UPa eta LPa zabaltzen dituen aldaketari buruzkoa. Aldaketa hori Áridos Aloña SA enpresak eskatu zuen, Oñatiko udalerrian (Gipuzkoa) kokatutako ustiategirako.

      Proposamen horren oinarri diren aurrekariak eta oinarriak aintzat hartuta, egokia da haren edukiak organo honen Ebazpen izatera pasatzea; beraz, interesdunari hitzez hitz jakinaraztea agintzen da.

      Ebazpen hau Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren eskumen esklusiboen esparruan ematen da. Nolanahi ere, hala badagokio, baldintzapean, ustiatzaileak beste administrazio batzuen baimen konkurrenteak lortu edo eduki beharko ditu, lanak edo jarduketak garatzeko beharrezkoak baitira, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubidea alde batera utzita. Era berean, ez du esan nahi lursailari esleitutako erabilerak, ezarritako hirigintza-kalifikazioaren arabera, bateragarriak direnik erauzketa-jarduerarekin.

      Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 22a.

      Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

      ZIGOR URKIAGA URKIZA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik