Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 10ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea 89. eta 128. euskarrien artean berritzeko proiekturako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 178
  • Hurrenkera-zk.: 4024
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/08/10
  • Argitaratze-data: 2022/09/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea 89. eta 128. euskarrien artean berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena eman zedin, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago araututa).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko ekainaren 7an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari izapidea abian jarri zela.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Txosten honen xede den proiektua ez dago jasota abenduaren 9ko 10/2021 Legearen ez II.D eranskinean, ezta II.E eranskinean ere. Hala ere, proiektuaren eremuaren zati bat Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEn (ES211013) eta haren babes-eremu periferikoan dago.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena ematea Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea 89. eta 128. euskarrien artean berritzeko proiekturako, honako baldintza hauei jarraikiz:

  1. Proiektuaren xedea da «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea elektrikoa berritzea 89. eta 128. euskarrien artean. Horretarako, proiektatu da desmuntatzea zirkuitu bakuneko 30 kV-ko bi lineak eta horien euskarriak eta instalatzea euskarri berriak LA-180 eroale-linea berria jartzeko.

  2. Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea 89. eta 128. euskarrien artean berritzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Gaur egungo linea elektrikoaren trazatua modu paraleloan doazen zirkuitu bakuneko bi lineak osatzen dute («3054 L62 Gamarra-Altsasu 1» eta «3054 L61 Gamarra-Altsasu 2»); euskarri independenteak dituzte eta bien artean 15 metro inguruko tartea dago. Gaur egungo energia elektrikoaren zerbitzua hobetzeko, aipatutako euskarrien arteko tarteak linea bakar batean bateratzea proiektatu da, «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» deitua, zirkuitu bikoitzekoa. Halaber, «3054 L61 Gamarra-Altsasu 2» linearen deribazio txiki bat berrituko da 123. euskarri berriaren eta lehendik dagoen 1051. euskarriaren artean.

      Linearen trazadura, batez ere, egungoen ardatz zentraletik igaroko da, 5.862 metroan zehar. Bestalde, proiektuaren xede den linearen deribazioak 28 metroko luzera du.

      Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbilduko ditugu:

      30 kV D/C jartzea lehendik dauden 89. eta 128. sareta-euskarrien artean.

      30 kV S/C GTAL berria jartzea proiektatu den 1. serieko 123N sareta-euskarri berriaren deribazioan, euskarri horren eta lehendik dagoen a HV 800 105. hormigoizko euskarriaren artean.

      Zuntz optikoko eroalea jartzea lehendik dauden 124. eta 128. euskarrien artean.

    1. serieko sareta-euskarri berria eraikitzea, 2,5TA motako zimenduekin eta 42E151 armatuarekin eta 91N amarratze-kateekin.

    1. serieko sareta-euskarri berriak eraikitzea, 3TA motako zimenduekin eta 42E131 armatuarekin eta 123BIS eta 124BIS amarratze kateekin eta 97N, 100N, 105N, 106N, 107N, 112N, 118N, 118N, 125N eta 126N esekidura-kateekin.

    1. serieko sareta-euskarri berria eraikitzea, 3,5TA motako zimenduekin eta 42E131 motako armatuarekin eta 103N esekidura-kateekin.

    1. serieko sareta-euskarri berria eraikitzea, 3,5TA motako zimenduekin eta 42E151 motako armatuarekin eta 104N amarratze-kateekin.

    1. serieko sareta ALB berria eraikitzea, 3,5TA motako zimenduarekin eta 42E131 motako armatuarekin eta 111N amarratze-kateekin.

      Sareta-euskarri berria eraikitzea, 3TA motako zimenduekin eta 42E151 motako armatuarekin eta 120N esekidura-kateekin.

    1. serieko sareta-euskarri berria eraikitzea, 3TA motako zimenduekin eta 62D171 motako armatuarekin eta 123N amarratze-kateekin.

    2. serieko sareta-euskarri berria eraikitzea, B18 motako zimenduekin eta 62E238 motako armatuarekin eta 127N amarratze-kateekin.

      Zuntz optikorako amarratze-burdineria jartzea 124, 124BIS, 127N eta 128. euskarrietan, eta esekidurakoa, 125N eta 126N euskarrietan.

      Deskribatutako jarduketen ondorioz, honako desmuntatze hauek egingo dira:

      LA95 eroaleko 35.154 metro txatar bihurtzea (5.859 m/[zirkuitu-fase]).

      LA78 eroaleko 102 metro txatar bihurtzea (34 m/fase).

      Txatar bihurtzea metalezko gangadun gurutzeta duten hormigoizko euskarriak eta esekidura-kateak bi lineen hurrengo euskarri hauetan: 93., 94., 95., 96, 97., 98. (L61-an), 292. (L62-an), 101, 102., 105.,106., 107., 108., 109., 110., 111 (L62-an), 112., 113., 114., 115., 116., 117., 121., 126. eta 127. (L62-an).

      Txatar bihurtzea metalezko gurutzeta zuzena duten hormigoi bikoitzeko euskarriak eta amarratze-kateak bi lineen 92., 119. eta 120. euskarrietan.

      Txatar bihurtzea metalezko arku-gurutzeta duten hormigoizko arku-euskarriak eta amarratze-kateak bi lineen 99., 100. (L62-an), 118., 122., 123. (L61-ren euskarriaren banderan metalezko gurutzeta bat gehituz) eta 125. euskarrietan.

      Txatar bihurtzea metalezko gurutzeta zuzena duten sareta-euskarriak eta amarratze kateak bi lineen 91., 100 (61- L-an), 103. eta 104. euskarrietan.

      Txatar bihurtzea metalezko gangadun gurutzeta duen sareta-euskarria eta amarratze-kateak L61 linearen 127. euskarrian.

      Txatar bihurtzea metalezko gurutzeta zuzena duen ALB sareta-euskarria eta 111. autobalbulak L61 linean.

      Siliziozko karburozko autobalbulak, bi lineen 120. euskarrietan.

      Jarraian, linea instalatzeko faseak eta erabili beharreko makinak deskribatzen dira:

    1. Euskarri eta sarbideen zuinketa eta ziriztatzea: lursailean bertan markatuko da euskarrien, sarbideen eta pilaketa-guneen kokapen zehatza. Estimatu da 3.800 m2 okupatuko direla aldi batez euskarriak instalatzeko eta 7.200 m2, berriz, dauden euskarriak desmuntatzeko.

    2. Sarbideak irekitzea: lehendik dauden bideak egokitu eta sarbide berriak egin beharko dira. Estimatu da sarbide berriek gutxi gorabehera 14.903 m2 hartuko dituztela, batez ere, labore-lurretan.

    3. Linearen segurtasun-kalea irekitzea: kendu egingo dira linea elektrikoaren kalean dauden zuhaitzak eta, lineatik kanpo egonda ere, eroaleekin edo euskarriekin kontaktua izan dezaketenak, erortzean edo gero hazten direnean.

    4. Zuhaitzak eta zuhaixkak moztea: moztutako eta inausitako hondarrak lineako kalearen azpian pilatuko dira, kendu arte.

    5. Materialen pilaketa: euskarri bakoitzaren azpian 50 m2 inguruko lan-plataforma bat sortuko da materialak pilatzeko eta makinak igarotzeko.

    6. Zimenduak jartzeko indusketak eta obra-hondakinak kentzea: zimenduak baliabide mekanikoekin (atzerako hondeamakina) zein eskuz irekiko dira.

    7. Euskarriak altxatu eta hormigoitzea: hondeatu eta euskarriaren ainguratzeak jarri ondoren, masa-hormigoia isuriko da zimenduetarako, hormigoi-kamioien bitartez.

    8. Lur-konexioak egitea.

    9. Babesak eta eroaleen lineak jartzea.

    10. Babes- eta/edo maniobra-elementuak muntatzea.

    11. Abifauna babesteko elementuak muntatzea: abifauna goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egiteaz edo elektrokutatzeaz babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan jasotako neurriak hartuko dira.

    12. Euskarrietan zenbakiak jartzea eta eskalatzeko trabak.

    13. Instalazioen konexioa eta energizazioa.

    14. Lehendik dauden eroale eta euskarriak desmuntatzea: obrak amaitzean, eta linea martxan jarri ondoren, kableak, euskarriak eta hormigoizko zimenduak desmuntatu eta kenduko dira, baita baliorik gabe geratu diren linea zaharreko gainerako instalazioak eta obren aldi baterako instalazioak ere. Hondakinak kendu eta kudeatuko dira, eta eragina nozitu duten lurzoruak lehengoratuko dira, topografikoki eta landarediaren aldetik. Obrak hasi aurretik zeuden egoeran utzi beharko dira.

      Ingurumen-dokumentuaren arabera, sortutako hondakinak II. mailako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak izango dira batik bat, eta izaeraren arabera kudeatuko dira, baimendutako kudeatzaileen bidez.

      Aukerei dagokienez, aztertu dira 0. aukera, linea elektrikoaren egungo egoerari eustearena, eta 1. aukera, proiektuak garatzen duena. Baztertu egin da 0. aukera, erabiltzaileei zerbitzu elektrikoaren kalitatea eta jarraitutasuna ziurtatu nahi zaielako.

    1. aukera hautatzea justifikatu dute, dauden ezaugarri baldintzatzaileak kontuan hartzen eta balizko inpaktuak minimizatzen dituelako. Ildo horretan, trazadura berria proiektatzen du ordezkatu beharreko bi lineen erdiko ardatzean. Gainera, arrazoitu dute ez direla desbideratzen Arabako Lautadako Irla Hariztia KBEtik, inguratuz gero linea gehiegi luzatu beharko litzatekeelako, eta proposatutako aukeraren hegoalderako trazaduraren diseinuak neurri nabarmeneko azpiegiturak zeharkatzea ekarriko lukeelako, hain zuzen ere, Madril-Irun trenbidea eta A-1 autobidea; beraz, horretarako, euskarri askoz ere handiagoak diseinatu beharko lirateke.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Proiektua Arabako Lautadan kokatzen da, Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan. Trazadura zuzena du, 5.862 m-koa, nagusiki nekazaritzarako diren lurretan.

      Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

      Proiektuaren eremua kokatuta dago Ebroko Mugape Hidrografikoko Zadorra eta Arakil ibaien unitate hidrologikoen artean. Zehazki, trazaduraren zati handi bat bat dator Zadorraren ur-masaren arroarekin, iturburutik Ullibariko urtegiaren adarreraino (ES091241 kodea), eta ekialdeko muturra barne hartzen da Arakilgo ur-masaren arroan, iturburutik Alzania ibairaino (ES091549 kodea). Mendebaldetik ekialdera, linea elektrikoak Galtzar eta Zadorra ibaiak, Ordoñana erreka eta zenbait ubide txiki zeharkatzen ditu.

      EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak I. maila ematen dio Zadorra ibaiari (10 eta 50 km2 bitarteko isuri-arroa), eta ibaiertzetako batzuk lehengoratu beharrekotzat jotzen ditu. Gainerako ibilguak 0. mailakoak dira (1 eta 10 km2 bitarteko isurketa-arroa) edo 00. mailakoak (1 km2 baino gutxiagoko isuri-arroa).

      Proiektatutako euskarri berrietatik, 100., 101., 102., 107., 115., 116., 118., 119., 123., 123bis, 126. eta 127. Jabari Publiko Hidraulikoko (JPH) zaintzeko eremuan egongo dira, baina zortasun-eremutik kanpo. Era berean, arestian aipatutako euskarri berrien inguruan desmuntatu beharreko euskarriak ere JPHko zaintzeko eremuan daude.

      Lurpeko hidrologiari dagokionez, linea elektrikoa «Kuartango-Agurain» lurpeko ur-masaren gainean dago (ES091013 kodea), eta zati batean bat dator «Kuartango-Agurain Kuaternarioa» lurpeko ur-masen sektorearekin. Zehazki, proiektatutako hiru euskarri berri sektore horren gainean kokatuko lirateke, eta horien mugaketak bat egiten du interes hidrogeologikoko eremuekin.

      Proiektatutako trazatua litologia-materialen gainean dago (batez ere, margokalizak, kareharrizko tuparriak eta kalkarenitak); iragazkortasun txikia du pitzaduragatik, eta iragazkortasun ertaineko alubioi-jalkinak, inguruko porositateagatik. Bi kasuetan, lurzoruak kanbisol motakoak dira.

      Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera, aurreikusitako trazatuaren zati bat Nekazaritza nahiz Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa, Balio Estrategiko Handia kategoriako lurzoruak hartzen ditu barne.

      Eremuan dagoen landaredia monolaborerako nekazaritza-lursailak dira nagusiki. Horrez gain, trazadura erkamezti subatlantiko baten (Batasunaren Intereseko Habitata, 9240 BIH) eta Zadorraren ertzeko sahasti baten gainetik igarotzen da, eta harizti mesotrofo subatlantikotik (9160 BIH) gertu dago.

      Nabarmentzekoa da aipatutako 9160 BIH Arabako Lautadako Irla Hariztiak (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) parte dela, zehazki, Mezkiako zuhaiztian, eta proiektatutako linearen trazadurak eremu horren muturra zeharkatzen du. Hain zuzen ere, 97. euskarria espazio horren barruan dago, baina ez dio 9160 BIHari eragiten. Ondoan dituen 98., 96. eta 95. euskarriak KBEaren babes-eremu periferikoan daude.

      KBE hori bat dator funtsean EAEko naturagune garrantzitsuen katalogoan sartutako eremuarekin: Arabako Lautadako Irla Hariztia (66 kodea). Bestalde, Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroaren arabera, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gune batean dago hizpide dugun eremua (Uribarri Ganboako urtegia). Gainera, linearen ekialdeko muturra 620. onura publikoko mendian dago.

      Linea berritzeko jarduketa gunetik gertu daude Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan bildutako guneetako batzuk. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitziren argitaratzen dira.

      Azterketa-eremuan eta haren gertuko inguruan ez da detektatu beste naturagune babesturik edo fauna- eta flora-espezie mehatxaturik. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko tokirik, eta ez dago jasota Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen natura-intereseko eremuen zerrendan.

      Linea elektrikoaren trazatua ez da EAEko Korridore Ekologikoen Sareko ezein elementutan sartzen, Zadorra ibaia izan ezik, bilbe urdinean sartzen baita.

      Eremua Agurain ikusmen-arroan dago, eta «oso arrunta» eta paisaia-kalitate «oso txikikoa» da; ez dago sartuta EAEko paisaia bikainen katalogoan. Nolanahi ere, Arabako Lautadako Irla Hariztiak aparteko paisaia gisa agertzen dira «Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan».

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, linea elektrikoaren trazaduraren parean, Zadorra ibaia identifikatuta dago Zadorra-Ihuda (ES091_APS_ZAD-07 kodea) uholde-arrisku potentzial esanguratsuko eremutzat (UAHE) eta eraitsi beharreko bi euskarri eta proiektutatutako euskarri berrietako bat 10 urteko errepikatze-denborako uraldien uholde-arriskuko eremuetan daude.

      Bestalde, azpian dituzten akuiferoek kutsadurarekiko urrakortasun txikia dute, eremuaren zati handi batek baso-sutearen arrisku txikia du, eta ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egon diren edo dauden kokalekuen inbentarioko lurzatirik.

      Eremuaren inguruan dauden kultura-ondarearen elementuei dagokienez, alde batetik, 105. eta 106. euskarri berriak Iter XXXIV. Ab Asturica Burdigalam Erromako komunikazio-bidearen balizko trazaduratik oso hurbil daude. Bestalde, proiektatutako sarbide batzuek eragina dute «5. fitxa Ulako herrixka eta Nuestra Señora tenplua (ez zaio egiturarik ikusten) (E)» (131. EHAA, 1997/07/10) balizko arkeologia gunean, bai eta babesteko proposatu diren «28. Okaranzako San Jorge» eta «54. Basaldeko nekropolia» interes arkeologikoko eremuetan ere. Horrez gain, Santiago Bidearen barneko ibilbidearen gainetik pasatzen da linea Aguraingo herrigunearen parean.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, aurkeztutako dokumentazioaren arabera 50 m2 inguruko lan-plataformak lortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan, eta bertan dagoen landaredia deuseztatu, eta lurzorua trinkotu egingo da makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz. Euskarri berriak instalatzeko behin-behinean okupatuko den azalera 3.800 m2-koa izango da, eta egungo euskarriak desmuntatzeko okupatuko dena, aldiz, 7.200 m2-koa.

      Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira lehendik zeuden euskarriak kentzeagatik eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko ebaketa- eta/edo inausketa-lanengatik.

      Deskribatutako inpaktuak bereziki garrantzitsuak dira Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEn; izan ere, gune horretan, proiektatutako bi euskarri berriren arteko baoa egongo da zati batean, baita euskarri berri bat ere. Gainera, proiektatutako euskarri berrietako batzuk nahiz desmuntatu beharreko sarbide edo euskarri batzuk KBEren babes-eremu periferikoan kokatuta daude, hurbil daudelako. Eremu horren barruko eragina 128 metro linealekoa izango da, eta zuhaitzak moztean 2.845 m2-ko azalera sortuko da. Hala ere, kontuan hartuta trazatu berria lehendik dauden lineen zortasunetik igaroko dela eta aire-zortasun txikiagoa izango duela, KBEri eragindako erasana murriztuko da, a priori.

      Proiektuaren eremuaren inguruan kultura-intereseko elementuak daudenez, jarduketak egin aurretik azterketa arkeologiko bat egingo da, eta, hala badagokio, elementu horien presentzia identifikatuko da, eta hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, kultura-ondarean inpaktu esanguratsurik aurreikusi gabe.

      118. euskarri berria eta eraisteko bi euskarri daude Zadorra-Ihuda UAHEtan, 10 urteko errepikatze-denborako uraldiek eragiten dieten lurretan. Puntu horretako jarduketetarako, pilaketa-eremua eta eremu osagarriak uholde-arriskuko eremu identifikatuetatik kanpo kokatu beharko dira.

      Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Era berean, linearen mantentze-lanek eta haren ondorengo desmuntatzeak ere inpaktu txikia eragingo dute. Dena den, positiboki baloratzen da trazatua linea bakar batean bateratzea, eta linea elektrikoaren tarte berria goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak xedatzen dituen erabakietara egokitzea.

      Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea 89. eta 128. euskarrien artean berritzeko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

      Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

      Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

      Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Proiektuak kontuan izan beharko ditu Arabako Lautadako Irla Hariztiak (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen azaroaren 3ko 206/2015 Dekretuan jasotako zehaztapenak.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da.

      Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere jarri Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEko lursailetan, instalazioaren eraginpean ez dauden landare-egitura kalteberen eremuetako (Batasunaren Intereseko Habitatak) lursailetan eta identifikatutako ibilguetako ur-bazterreko landaredian.

      Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

      Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaretza autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

      Jarduketen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (9240 eta 9160 BIH Batasunaren Intereseko Habitatak, ibaiertzeko sahastia eta KBEko eremua), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      BIH horietan, arreta berezia jarriko da euskarriak desmuntatzeko orduan, bertako espezieei kalterik ez egiteko neurriak zorroztuz; eta, hala badagokio, eremua lehengoratuko da.

      Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

      Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

      Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko baino ez.

      Lurgaineko urak dituzten ibilguak zeharkatzean, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan (negua).

      Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

      Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, ingurumen-dokumentuan aireko linea elektrikoaren trazadura berri osorako zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Zundaketa arkeologikoa egin beharko da edozer lani edo jarduketari ekin aurretik, Iter XXXIV. Ab Asturica Burdigalam komunikazio-bidearen balizko trazaduraren inguruan, bereziki 105. eta 106. euskarri berrien inguruan.

      Balizko arkeologia gune izendatutako eremuei dagokienez («5. fitxa Ulako herrixka eta Nuestra Señora tenplua (ez zaio egiturarik ikusten) (E)», 131. EHAA, 1997/07/10), bai eta babesteko proposatu diren «28. Okaranzako San Jorge» eta «54. Basaldeko nekropolia» interes arkeologikoko eremuei dagokienez ere, aurretiko azterlan arkeologikoa egin beharko da, Euskal Kultura Ondarearen 6/2009 Legearen 65. artikuluari jarraituz. Horrekin, Arabako Foru Aldundiak zehaztuko du proiektu arkeologikoa egin behar den. Azterlan arkeologiko horrek honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

      Euskal Kultura Ondarearen Zentroari kontsulta, hasiera batean ondarean izan ditzakeen eraginak zehazteko.

      Lurraren ikusizko prospekzioa, inbentario ofizialetan jasota ez dauden arkeologia-intereseko beste elementu batzuk aurkitzeko.

      Obrek aztarnategi arkeologiko bakoitzean izango duten eraginaren berariazko balorazioa.

      Neurri zuzentzaile egokienak hartzea, aztarnategien eta aurreikusitako inpaktuen ezaugarri zehatzen arabera. Neurri horiek bat etorri beharko dute Kultura eta Kirol Departamentuak eskatutakoarekin eta haren baimena izan beharko dute.

      Edonola ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako jarritako guneetatik kanpo egin.

      Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira (batez ere, Zadorra-Ihuda UAHE).

      Jarduketak ibilguak zaintzeko eremuan kokatzen direnez, arroko erakundearen baimena beharko da (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa).

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

      Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

      Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

      Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

      Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

      Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

      Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

      Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

      Egunez bakarrik egingo da lan.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Sortutako olio erabilia industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Aguraingo Udalari edo, behar izanez gero, Donemiliagakoari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

      Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

      Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

      Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

      Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

      Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

      Batasunaren intereseko habitaten erasana kontrolatzea (9240 eta 9160 BIH, ibaiertzeko sahastia eta Natura 2000 Sareko Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBE [ES2110013]).

      Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

      Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

      Garbiketa eta obra-akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Ingurumen-aholkularitza.

      Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

      Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

      Hirugarrena. Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatzen duen Agurain eta Donemiliaga udal-mugarteetan (Araba) «Gamarra-Altsasu 1 eta 2» 30 kV DC aireko linea 89. eta 128. euskarrien artean berritzeko proiektuari.

      Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren Arabako Ordezkaritzari.

      Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Seigarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 10a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

      Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

      AMAIA BARREDO MARTÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik