Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 20koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak administrazio publikoetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako sinatutako kudeaketa-gomendioa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: HAEE; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 134
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/12/20
  • Argitaratze-data: 2023/01/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak eta HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak kudeaketa-gomendio hori sinatu dute; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, hau

Alde batetik, Maite Barruetabeña Zenekorta, IVAPeko zuzendaria.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa, HABEko zuzendari nagusia.

ADIERAZI DUTE:

Euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan, gaztelania bezala, eta, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluaren arabera, eta Autonomia Erkidegoko herritar guztiek dute bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Bestalde, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek bi hizkuntzok erabili ahal izatea bermatu beharko dute, ofizial izatea arautuz. Eta horrekin batera, beharrezko neurriak hartu eta baliabideak bideratuko dituzte, euskararen ezagutza ziurtatzeko.

Aipatutako Estatutua garatzeko, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, gaztelaniaren eta euskararen ofizialtasuna berretsi zuen, bai eta herri-aginteek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko betebeharra ere.

Betebehar horien artean daude honako hauek: herri-administrazioari atxikitako langileak euskalduntzeko neurriak hartzea, hizkuntza biak ezagutzeko derrigortasuna duten lanpostuak zehaztea eta gainerako lanpostuak lortzeko euskaraz jakitea meritutzat hartzea.

Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legearen xedapenak euskal herri-administrazioen eta horien zerbitzura dauden langileen errealitatera egokitzeko, 1989ko uztailaren 6ko Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ezartzen ditu herri-administrazioetan eta jarduera administratiboaren hainbat sektoretan aplikatu beharreko oinarrizko ildoak.

Halaber, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea nahiz Euskal funtzio publikoaren Legea garatzeko, hainbat arau eman dira; horien artean, gomendio honen xederako, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena, azpimarratu behar da.

Arau horiek, herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP) nahiz Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) esleitzen dizkiete eskumenak.

HABE administrazio-erakunde autonomiadunaren helburuak azaroaren 25eko 29/1983 Legean daude zehaztuta eta, besteak beste, hauexek dira:

Euskara irakastea helduei, eta helduen alfabetatzea eta euskalduntzea sustatzea, Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik.

Berezkoak dituen helburuak lortzeko bideak, moduak eta tresnak aztertzea eta bilatzea.

Ikasmaterialak sortu eta argitaratzea.

Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko programak ikastegietan erabiltzea.

Euskaltegiak era daitezen sustatzea, arrazoizko plangintzari jarraikiz eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuta.

Helduak euskaldundu eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten erakunde publiko zein pribatuen aldeko laguntzak ematea, eta plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen erakunde autonomo administratiboaren helburuak uztailaren 27ko 16/1983 Legean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lege Jaurpideei buruzkoan, biltzen dira eta helburu horien artean nabarmenenak, kudeaketa-gomendio honen xedearekin duten loturagatik, honako hauek dira:

Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legean agintzen dena betez, euskara herri-administrazioan sarraraztea, hedatzea, erabiltzea eta arauzkotzea, baita administrazio-hizkera zehaztea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikok bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.

Halaber, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/89 Legeak berariaz esleitzen dizkio hizkuntza-eskakizunak ebaluatu eta egiaztatzeko eskumenak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP):

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak erabakiko ditu kasu bakoitzean beharrezko izango den euskararen jakintza haztatzeko saioen edukia eta nolakoa, eta horiek euskal Administrazio Publiko guztientzat berdinak eta guztiek ezarri beharrekoak izango dira.

Erakunde horretako ordezkari bat izango da epaimahaikide deian eskatutako hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko saioetan. Lanpostuak betetzeko lehiaketak epaitzeko batzordeen osaketan ere, ordezkotza hori, ondorio beretarako, beharrezko izango da.

Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko 297/2010 Dekretuan, azaroaren 9koan, ezarritakoaren arabera, Kultura Sailaren helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezarritako euskara-mailen ziurtagiriek eta IVAPek emandako hizkuntza-eskakizunen ziurtagiriek baliokidetasunak dituzte hala Europako Markoan eta, maila horien arteko baliokidetasunaren bidez nola elkarren artean.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) bederatzi hitzarmen sinatu dituzte:

Lehen hitzarmena, 1987ko otsailaren 9an sinatu zuten (1988ko martxoaren 10ean eta 1989ko otsailaren 24an berritu), eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioari atxikitako langileak euskaraz jarduteko gaitzeari buruzkoa zen.

Bigarren hitzarmena 1989ko abenduaren 21ean sinatu zuten eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) arteko lankidetza ezartzen zuen, urriaren 17ko 224/1989 Dekretuaren 24. artikuluaren eta Seigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, eta zati batean barne hartzen zuen 1987ko otsailaren 9ko hitzarmena (1989ko otsailaren 24an berritua).

Hirugarren hitzarmena erakunde autonomo biek 1999ko ekainaren 22an sinatu zuten, herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko.

Laugarren hitzarmena, herri-administrazioetako langileak euskalduntzekoa, erakunde biek 2003ko otsailaren 5ean sinatu zuten, eta 2006ko ekainaren 28ko Adendak aldatu zuen, alegia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) herri-administrazioetako langileak euskalduntzeko sinatutako hitzarmena aldatzekoak, eta 2007ko azaroaren 28an sinatu zuten lehen aipatutako hitzarmenaren aldaketa.

Bosgarrenak 2010eko abenduaren 14an izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen Hizkuntza-prestakuntzarako eta Hizkuntza-gaitasunaren ebaluaketarako kudeaketa-gomendio forma izan du, eta 2015eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan du.

Seigarrenak 2016ko abenduaren 19an izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen Hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, eta 2016ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan du.

Zazpigarrena 2017ko urriaren 10ean izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, eta 2020ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan du.

Zortzigarrena 2021eko urtarrilaren 25ean izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, eta 2021eko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan du.

Azkenik, bederatzigarrena 2022ko urtarrilaren 10ean izenpetu zen eta herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako kudeaketa-gomendio forma izan du, eta 2022ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izan du.

Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29.1 artikuluak esaten duenez, «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoek edo haren mendeko entitate instituzionalek administrazio edo entitate bereko beste organo batzuei gomenda diezazkiekete beren eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzukoak, baldin eta efikaziari begira komeni bada edo baliabide egokirik ez badaukate jarduera horiek gauzatzeko»

IVAPek kudeaketa-gomendio honetan aurreikusten diren lan guztiak egiteko behar diren baliabide teknikoak ez dituela eta, ondorioz, bidezkoa dela helburu horretarako baliabideak dituen erakundeari, hau da, HABEri, ematea.

Hori guztia ikusita, IVAP eta HABE honako akordio honetara iritsi dira:

AKORDIOA

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileei euskara ikastaroak antolatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAPen) eskumenekoak diren jarduera material eta teknikoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeaketa-gomendioa ematea.

Bigarrena. Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak akordio honen eranskinean jasotzea.

Hirugarrena. Akordio honen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena. Kudeaketa-gomendio honek eragina izango du 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2023ko abenduaren 31ra arte izango du indarra. Urterik urte beste hiru urtez luzatu ahalko da, akordiokideetako batek bertan behera uzteko borondatea erakusten ez badu. Kudeaketa-gomendioa indarrik gabe uztea eskatuko balitz, bi alderdiek jarraipen-batzordean adostuko dute martxan dagokeen ikasturtea amaitu arteko lan gehigarrien kostua.

Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendio hau izenpetzen dute.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko abenduaren 16a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen izenean,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen izenean,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

AKORDIOAREN ERANSKINA

GOMENDIOAREN HELBURUA ETA NONDIK NORAKOA

Lehenengoa. Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29.1 artikuluak xedatzen duenaren baitan, HABEk eta IVAPek adostu dute, efikaziaren mesedetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileei euskara ikastaroak antolatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAPen) eskumenekoak diren jarduera material eta teknikoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeaketa-gomendioa ematea.

Kudeaketa-gomendioa hurrengo arlo honetan gauzatuko da:

Herri-administrazioetako langileentzako euskara ikastaroak antolatzea, bai aurrez aurrekoak eta bai autoikaskuntza bidezkoak ere, hizkuntza-eskakizunetan ezarritako mailak gainditzeko.

Bigarrena. Kudeaketa-gomendio honen barruko lanak, araubide juridikoak alderdi bakoitzari aitortzen dizkion eskumenak errespetatuz burutuko dira. Beraz, kudeaketa-gomendio horrek ez du esan nahi ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, lagatzen direnik.

Hirugarrena. Herri-administrazioetako langileentzako euskara ikastaroen deialdiak IVAPek egingo ditu, eta berak jaso eta bideratuko ditu parte hartzeko eskariak.

Laugarrena. Herri-administrazioetako langileentzako euskara ikastaroak bat etorriko dira HABEk araututako eta IVAPek bere deialdian zehazten dituen moduluekin.

Bosgarrena. Ikasturtea hasi aurretik IVAPekin euskara ikastaroetara artean joan ez den eskatzailerik balego, HABEk, IVAPen eskariz, behar diren mailaketa probak antolatuko ditu, eskatzaile bakoitza bere mailan taldekatu ahal izateko.

Seigarrena. Ikasturtearen hasieran herri-administrazioetako langileez osatzen diren berariazko taldeen aurreikuspena aplikazio informatikoan eskura jarriko dio IVAPek HABEri. Aurreikuspen hori batera egingo dute IVAPek eta HABEk, hamahirugarren klausulan ageri den jarraipen-batzordearen baitan; gutxienez, bi erakundeen ordezkari banak parte hartuko du.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, IVAPek ikastaroetarako onartu diren herri-langileen zerrenda zehaztua jarriko du HABEren eskueran. Zerrenda horretan, gutxienez, honako datu hauek azalduko dira: izen-abizenak, NAN, ikasiko den euskara-maila eta prestakuntza zein herritan jasoko den. Zerrenda horretan gertatzen diren alten, bajen, eskola-uzteen eta gainerako aldaketen zehaztapen eguneratua izango du ikusgai IVAPek bere aplikazio informatikoan, HABEk kontsulta dezan eta behar diren egokitzapenak egin ditzan.

Zerrenda horretan sartutako herri-langileek, kudeaketa-gomendio honen ondorioetarako, eskolak hartzen hasten direnetik eskuratzen dute ikasle-izaera.

Ikastaroetarako onartuta dauden baina hainbat arrazoirengatik berariazko ezein taldetan lekurik ez duten ikasleei, matrikula-orria igorriko die IVAPek, bakoitzak bere matrikula kudea dezan euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean. Kasu horretan, euskaltegiari egokituko zaio matrikula-orria behar bezala beteta HABEri igortzea, hark IVAPi bidal diezaion.

Autoikaskuntza-sistema hautatzen duten eta baimentzen zaien ikasleak matrikula-orri bidez eskolatuko dira.

Autoikaskuntza-modulua onartua duten ikasle horien berri zehatza emango dio IVAPek HABEri ikasturtearen hasieran.

IVAPek matrikula-orriek zehazten dituzten baldintzapeko ikastaro edo moduluak bakarrik onartuko ditu.

Zazpigarrena. HABEk euskara ikastaroak emateko giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu.

HABEk ziurtatuko du euskal herri-administrazioetako langileek osatutako taldeei euskarako eskolak emateaz arduratzen diren irakasleek beharrezko profesionaltasuna eta esperientzia daukatela, kalitateko irakaskuntza bermatzeko.

Zortzigarrena. HABEk ikastaroen ikuskaritza eta jarraipen tekniko-pedagogikoa egingo ditu, bai eta ikasleen bertaratzearen eta aprobetxamenduaren kontrola ere, eta hartara behar diren giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu. Egoki jotzen denean edo erakunderen batek eskolatutako bere langile baten azalpenak eskatzen dituenean edo beste beharren bat sortzen denean, IVAPek berariazko txostenak eska diezazkioke HABEri. Eginkizun horiek guztiak betetzeko, HABEk beharrezko datuak bildu eta mekanizatuko ditu, eta informazio osagarria prestatu.

Edonola ere, ikasleen ikasprozesuari jarraipena, ahalik eta osoena eta banakakoena, egiteko, IVAP eta HABE koordinatuko dira, beharrezko sistemak eta metodoak garatzeko.

Halaber, ikasleen matrikulen kudeaketari dagokionez, euskaltegiek igorritako matrikula-orriak jaso, aztertu, zuzenarazi hala badagokio, eta onartuko ditu HABEk, eta ondoren, IVAPi bidaliko dizkio.

Bederatzigarrena. Kudeaketa-gomendio honen urteko zuzkidura ekonomikoa zehazteko aurreko urteko datuak izango dira oinarria, eta erabiliko den erreferentzia ikasle-orduak izango dira.

Ikasle-ordu horien informazio egokia izateko, ikastaro bakoitzaren hasieran HABEk IVAPi bidaliko dizkio ikasle-ordu nominalak, hau da, ikasle bakoitzaren ikastaro osoko ordu kopurua, matrikula-orrien bidez eskolaratzen diren ikasleen kasuan.

Administrazio taldeetako ikasle bakoitzaren ikasturte osorako orduen aurreikuspena eta ikasle horien eskola-orduen hilez hileko kitapena ere bidaliko dizkio HABEk IVAPi.

Ikasle solte eta administrazio taldeetako ikasleen informazio hori guztia jasotzeko hilero eguneratuko den euskarria zein izango den adostuko dute HABEk eta IVAPek.

HABE ahaleginduko da asistentzia egun zehatzei buruzko kontsultak egunean bertan edo hurrengo egunean erantzuten.

Hamargarrena. HABEk IVAPen eskueran jarriko ditu herri-administrazioetako langileen hileko bertaratzeari eta aprobetxamenduari buruzko datuak. Datuen transmisio elektronikorako egitura eta diseinu egokia duen bide bat ezarriko da, dagozkien aplikazio informatikoen arteko komunikazioa ahalbideratzen duena.

Era berean, HABEk langile guztien eguneko/orduko bertaratzea bidaliko du, modu mekanizatuan eta hilean behin, erakundeek informazio hori laneko bertaratzearen eta gorabehera justifikatuen kontrolari buruzkoarekin erka dezaten.

IVAPeko ikasleen euskalduntzea ordu-kreditu sistema baten menpe dago. Ordu-kreditu hori Agindu batek arautzen du eta urratsen (101...112) sisteman oinarritzen da. Ikasle bakoitzaren ibilbide formatiboa, mailaketa proben emaitzak e.a. HABEren HEOC-k ezartzen dituen mailekin eta horiei zegozkien urratsekin helaraziko zaizkio IVAPi.

Jarraipen-batzordeari egokituko zaio bidalitako informazioa aztertzea eta neurri zuzentzaileak edo hobekuntzakoak proposatzea, bai edukiari dagokionez, bai bidaltze-prozesuari dagokionez.

Hamaikagarrena: HABEk koordinatzaile bat eta erreferentziazko teknikariak izendatuko ditu HABEren eta IVAPen arteko koordinazioa errazteko. Eta IVAPi izendapen horien berri emango dio.

Hamabigarrena. Akordiokideek egoki jotzen dituzten ebaluazio-sistemak adostuko eta abian jarriko dituzte, ikasprozesuan parte hartzen dutenen asebetetze-maila ezagutzeko. Hain zuzen, ikasturtearen amaiera aldera, herri-langileek osatutako taldeetan galdetegi bat banatuko da. Galdetegi horretan, beste neurkizun batzuen artean, oro har, ikastaroekin eta, bereziki, irakasleekin duten asebetetze-maila neurtuko da. Horretarako, galdetegiak anonimoak izango dira, baina egin direneko talde zehatzei lotuta joango dira. Horrela, inkestaren emaitzak dagokion euskaltegi edo irakaslearekin lotu ahal izango dira.

Irakasleei buruzko informazioa eta balorazioa garrantzi berezikoa izango da, jarraipen-batzordeak irakasleak hobetzeko neurriak objektibatzeko, eta, arazoak baleude, IVAP-eko taldeei eskolak ematen jarraitu behar duten edo ez erabakitzeko.

JARRAIPEN-BATZORDEA

Hamahirugarrena. Jarraipen-batzorde bat eratuko da, IVAPeko eta HABEko kideek osatua, kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien, eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere. Jarraipen-batzordearen egitekoak honako hauek dira:

Ikastaro bakoitzaren hasieran eratu daitezkeen herri-langileen berariazko taldeei buruzko aurreikuspena egitea. Horretarako nahikoa izango da bi erakundeetako kide banak, gutxienez, parte hartzea.

Ikasketa-prozesuak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearen inguruan aztertzea, bien arteko koherentzia bilatuz.

Jarraipen-batzordeari egokituko zaio irakasleek hobetzeko eta birziklatzeko dituzten benetako beharrizanak aztertzea, bereziki kudeaketa-gomendio honen mende dagoen ikasleen berariazko ezaugarrietara egokitzeari dagokionez; era berean, batzorde horri dagokio helburu hori lortzera bideratutako ekintzak proposatzea.

Informazioa elkartrukatzeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

Ikasleen gogobetetze-mailari buruzko inkesten emaitzak aztertzea eta identifikatutako hobekuntza-esparruetako hobekuntza-ekintzak proposatzea eta bultzatzea.

Oro har, kudeaketa-gomendio honetan adostutakoak gauzatzeko orduan sor daitezkeen oztopo eta arazoak aztertu eta konpontzeko bideak proposatzea eta bideratzea.

Jarraipen-batzorde honek bilerak egingo ditu martxoan, ekainean, irailean eta abenduan, eta, horretaz gain, HABEk edo IVAPek beharrezko jotzen duten guztietan.

Jarraipen-batzorde horrek honako osaera hau izango du:

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) izenean:

  1. IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio zerbitzuburua.

  2. IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arloko arduraduna.

  3. IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza arloko teknikari bat.

    HABEren izenean:

  1. HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren burua.

  2. HABEko ikuskatzailetza arloko arduraduna.

  3. HABEko ikuskatzailetza arloko teknikari bat.

    FINANTZAKETA, ORDAINALDIAK ETA XEDAPEN OROKORRAK

    Hamalaugarrena. Kudeaketa-gomendio honen jarduerak finantzatzeko IVAPek honako diru-zenbatekoa ordainduko dio HABEri urteko, ikasleen matrikula-orriak estaltzeko eta egiturazko gastuetarako IVAPen ekarpen gisa.

    000 eta 740.000 ikasle-ordu arteko jardueragatik, 3.700.000 euro.

    Urteko ikasle-orduek 740.000 gainditzen badute, % 5 bakoitzeko 100.000 euro gehiago.

    Urteko ikasle-orduak 600.000 baino gutxiago badira, 100.000 euro gutxiago % 5 bakoitzeko.

    Hurrengo urteko ikasle-orduak zehazteko, aurreko azaroan aztertuko dute IVAPek eta HABEk, Jarraipen-batzordean bildurik, urteko ikasle eta ikastaroen eboluzioa.

    Esandako diru-zenbateko horietan sartuko dira gomendio honen pean HABEk IVAPi emango edo egingo dizkion zerbitzu guztiak.

    Hamabosgarrena: Urtean hiru ordainaldi berdinetan ordainduko dio IVAPek HABEri, urteroko martxoaren, uztailaren eta azaroaren bukaeran. Azaroko ordainketan egingo da, Jarraipen-batzordean adostu ondoren, urteko kitapena.

    Gehienez ere 21 egun naturaleko epea ezartzen da, HABEk faktura aurkezten duenetik hasita, IVAPek datuok Ekonomi Informazio, Kudeaketa eta Aurrekontu sisteman (EIKA) sar ditzan eta HABEk fakturatutako zenbatekoari dagozkion gastuen kudeaketa-agiria izapidetu dezan.

    Faktura horiek lurraldekako gastuak jaso eta erakutsiko dituzte.

    Beste aldetik, Kudeaketa Gomendio honen aplikaziorako, HABEK 2023ko maiatzaren 1erako eskuratuko dizkio IVAPi 2022. urteko ikasle-orduen datuak, lurraldeka, mailaka, moduluka eta euskaltegika, IVAPek datu base egokia sor dezan.

    Hamaseigarrena. Kudeaketa-gomendio honen egikaritzea ondorengo arauak betez burutuko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko den abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

    Gomendioa egiten duen erakundea (IVAP) datuen tratamenduko Arduraduna izango da, eta kudeaketa-gomendioa jasotzen duen erakundea (HABE) tratamenduko Eragilea izango da; bi erakundeen artean, hitzarmen honen eranskinean agertzen den tratamendu-enkarguaren kontratua sinatu beharko da.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik