Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 14koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, 2023. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta erakunde pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egiten eta dirulaguntza horiek arautzen dira, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, minimis laguntzen araubidea baliatuta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Emakumearen Euskal Erakundea; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 5753
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/12/14
  • Argitaratze-data: 2022/12/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea benetakoa eta eraginkorra Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori izatez eta zuzenbidez bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta erakunde pribatuek modu aktiboan parte hartu behar dute, alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta, bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat ireki zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuak jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2 m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoak dira, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta hartara, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko planak, programak eta jarduerak egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hau enpresa edo erakunde pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako dirulaguntzak arautzen dira.

Honako deialdia argitaratzea guztiz justifikatuta dago Euskadin soldata-arrakala murrizteko ekintzaren Estrategia eta Plan Operatiboaren barruan, eta, bereziki, Euskadin soldata-arrakala murrizteko gidalerroen 4. ardatzean, zeinetan 52. neurria agertzen baita: zuzkidura ekonomikoa handitzea, enpresa txiki eta ertainetan berdintasun-planak egiteko.

Deialdia bat dator urtero antzemandako premiekin eta lege-aldaketekin, batez ere martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua indarrean jartzeak izan duen eraginarekin (6/2019 Errege Lege Dekretua, enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko presako neurriena). Izan ere, 50 langiletik gorako erakundeetan berdintasun-planak ezartzeko betebeharra pixkanaka zabaltzen du.

Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, zein urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa, indarrean sartzeak betebehar berriak ezartzen dizkie enpresei. Alde batetik, enpresaren barruan berdintasun-politikak negoziatzeko beharra berretsi da. Bestalde, berdintasun-planen edukia erregelamendu bidez garatzen dute eta enpresak nahitaez bete beharreko tresnak sartzen dituzte: ordainsari-auditoria, lanpostuak baloratzeko prozedura eta sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak planen edukian behin betiko sartzea.

Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, dirulaguntzen deialdi hau arautuko da, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2022ko azaroaren 2ko Ebazpenean aurreikusten den bezala. Ebazpen horren bidez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.

Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2023ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horri jarraikiz, honako hau

Ebazpen honen bidez, enpresa eta erakunde pribatuentzako dirulaguntzak arautzen dira, eta dirulaguntzetarako deia egiten da, 2023. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.

Dirulaguntzak 10-100 pertsonako plantilla duten erakundeei beren lehen pausoetan laguntzea du xede, enpresaren barruan berdintasuna sustatuko duen kultura bat txertatzen laguntzeko beren lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseinatzen hastean, plan eta programa horiek diseinatzean beharko dituzten baliabide materialez, ekonomikoz eta giza baliabidez hornituz; era berean, irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzea du helburu, baldin eta, gutxienez, 10 pertsona badituzte plantillan, eta aldez aurretik berdintasun-planak ezarri badituzte, eta horiek egokitu behar badituzte indarrean dagoen legeriara. Zehatzago esanda, hurrengo arauetara: urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, zein urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.

  1. Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: dirulaguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien zerrenda bat egiteko eta dirulaguntza emateko soilik irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei.

  2. Emakunderen aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko bideratuko den diru-zuzkidura. Zenbatekoa laurehun mila (400.000) eurokoa izango da. Hori dela eta, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluak dioena kontuan hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen du agindu horrek), ebazpen honek arautzen duen deialdiko dirulaguntzak ebazteko, nahitaezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urterako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek eska ditzakete laguntzak besteak beste, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea, eta bereziki honako hauek:

    1. Enpresa eta erakunde pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo erakundeek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.

    2. Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena inolako herri-administraziorena ez izatea.

    3. Erakundearen zuzendaritza eta administraziokudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da, edo, bestela, lantokiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, ebazpen honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.

    4. Lehen diagnostikoak eta berdintasun-planak egin nahi dituzten enpresa eta erakunde pribatuek 10 eta 100 langile arteko plantilla izan beharko dute. Beren diagnostikoak eta planak egokitu behar dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan, gutxienez 10 langile eduki beharko dituzte.

    5. Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten erakundeek, zehapenean jartzen den aldian, ez dute izango ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.

    6. Laguntzen deialdi honetan, erakunde hauek ere ez dute parte hartzerik izango: dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.

    7. Aurreko urteetan eta xede berarekin (hau da, lehen diagnostikoak eta planak finantzatzeko helburuarekin) beste administrazio publiko batetik dirulaguntzaren bat jaso duten 10-100 langile bitarteko enpresa eta erakunde pribatuek ere ezin izango dituzte laguntza horiek eskuratu. Kanpo geratuko dira, halaber, berdintasunaren aldeko beren ibilbidean aurretik planak edo diagnostikoak egin dituzten erakundeak. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak izango dira salbuespen bakarra.

    8. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari Errege Dekretu horren 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.

  2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako betebeharrak hartzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek lor ditzakete laguntzak, eta bereziki hauek:

    1. Enpresei eta erakundeei emakume eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana. Laguntza teknikoaren xedea da Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa egitea, gutxienez 20 orduko trebakuntza ematea eta Berdintasun-plana diseinatzea, 4. artikuluan xedatutakoa betez. Aukeratutako aholkularitza-enpresa homologatuak sinatu eta diseinatu beharko du eskariarekin batera helarazten den lan-proposamen teknikoa.

    2. Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea erakundeko langileen artean, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.

  3. Dirulaguntza eman ondoren, onuradunentzat beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Alta emateko esteka hau da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, azpimarratu behar dugu azkenean betebeharrak ordainduta baditu soilik emango dela dirulaguntza.

  1. Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da dirulaguntza. Aholkularitza-enpresek, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era, honako hauek egiten lagundu beharko diete enpresei edo erakundeei:

    1. Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, kontratazioak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, sailkapen profesionala, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, lan-baldintzetakoa, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorrekoa; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpen egoerak aztertuko dira. Horretaz gainera, erakundeak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta erakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ahal dela, haren edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

    2. Gutxienez 20 ordu ematea erakundearen langileei lan-eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren edukien xehetasunak izan behar ditu, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, e.a. Programak jaso behar ditu, gutxienez, pertsonak kudeatzeko prozesu ez-diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak.

      Aurrez aurreko prestakuntza bideragarria ez den salbuespenezko kasuetan, eta prestakuntza hori aurrez aurre emateko ezintasuna justifikatu ondoren, online prestakuntza baimendu ahal izango da, baldin eta ikasgela birtualaren formatua badu eta ikaskuntza-ingurune bat badu, non langileen prestatzaileen eta ikasleen artean elkarreragina dagoen, modu konkurrentean eta denbora errealean.

    3. Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

  2. Diruz lagundu daitezkeen gastuak behar bezala banakatuko dira, eta bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak.

    Diruz lagun daitekeen zenbatekotik Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) kenduko da, irabazi-asmorik gabeko erakundeei izan ezik. Hau da, onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituztenei, baldin eta zerga berreskuratzeko aukera ez badute. Horretarako, entitateek egiaztatu beharko dute.

  1. Eskabideak aurkezteko epea 2023ko otsailaren 17an amaituko da.

  2. Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duen eran. Horrela, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0039210

  3. Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin eta kontsultatzeko erakunde interesdunek bide elektronikoak (nire karpeta) erabil ditzakete: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

    Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, eta sinadura elektronikoa, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Izapidetzeari buruzko zehaztapenak, deialdian ezarritakoak, helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0039210

    Eskabideak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistroan eman beharko du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, nire karpetaren bidez egingo dira (URL): https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Eskabideak, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, EAEko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan aurkez daitezke. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. Erakunde eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta baimen hauek jasoko diren:

    Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, erakundeak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

    Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko erakundeak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

    Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jasotzen ebazpen honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik; edo laguntza eskatu duela eta eman egin diotela. Irabazi asmorik gabeko erakundeak berori aurkeztetik salbuetsita daude, baldin eta, berdintasun-planak ezarri ondoren, indarreko araudira egokitu behar badituzte.

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundearen EAEko egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela erakundea, edo, egoitza EAEtik kanpo izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietako zuzendaritza- eta administrazio-organoek badutela nahikoa kudeaketa-gaitasun eta autonomia, ebazpen honetan aipatu berdintasunerako jarduera-planak betetzeko behar diren antolamendu-aldaketak egiteko.

    Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den deialdian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adierazteko, bereziki 3. artikuluan ezarritakoak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 g) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

    Administrazio publikoaren esku dauden dokumentuak kontsultatzeko berariazko baimena, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53. artikuluan jasotako eskubidea baliatu nahi bada.

  2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    I. eranskina, behar bezala beteta, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

    Dinamizatzailearen izendapena.

    Enpresaren datuak.

    Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, erakunde emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

    Barneko lantaldearen aurreikusitako osaera. Adieraziko da erakundean ordezkaritza sindikal propioa dagoen, ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkaritza edo sektoreko sindikatu ordezkagarrien ordezkaritza, edo antzeko elkarrizketa-organoa, Gizarte Kontseilua, eta abar.

    Negoziazio-batzordearen osaera, dagoeneko eratuta badago.

    II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.

    1. Laguntza teknikorako proposamena, aholkularitza-enpresa homologatuak egina eta sinatua, erakunde eskatzaileari 2023. urterako diagnostikoa, berdintasun-plana eta prestakuntza egiteko laguntzari buruzkoa, hizkera ez-sexista erabiltzen saiatuz. Honako hauek jaso behar ditu:

      Erakunde edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.

      Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.

      Erakunde eskatzaileak berdintasunaren arloan daukan jardunbidea.

      Erakundearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.

      Diagnostikoan berrikusi beharreko alderdiak.

      Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

      Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan langileak prestatzeko saioen programa (20 ordu gutxienez), 4. artikuluan ezarrita dagoen eran.

      Ekintza-plana prestatzeko prozesua.

      Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.

      Negoziazio-batzordearen osaera, eta osatzeko irizpideak, deialdi honen I. eranskinean jasotako baldintzetan.

      Kronograma.

      Egindako proposamenaren jarduera motaren arabera xehatutako aurrekontua (Diagnostikoa, Plana eta Trebakuntza), kontratatuko den aholkularitza homologatuak sinatua. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ere agertuko da jardueraka xehatuta.

    2. Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena. Gutxienez aurkeztu beharrekoa: dirulaguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua, betiere erakundearen langileak, sexuaren arabera bereizita; identifikatu behar da, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko diren erakundearen alderdi estrategikoak; planaren garapenak eragingo dien erakundeen kopurua, eta abar.

    3. Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: RLC eta RNT ereduak (lehengo TC1 eta TC2 ereduak), eskabidearen aurreko hilekoak.

    4. Erakundearen estatutuak eta eratze-agiria.

    5. Esleipen-irizpideetan oinarrituta, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.

  3. Eranskinik izendaturik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetua bidaliko da, helbide honetara: https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko. Horretarako, noiz aurkeztu zen eta zein prozeduretan aurkeztu zen aipatu beharko da, II. eranskinean horretarako dagoen atalean, eta, bestalde, agiriok kontsultatzeko berariazko baimena eman behar da aurretiaz.

  5. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.

Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

  1. Presidentea:

    Zuriñe Elordi Romero andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

  2. Batzordekideak:

    Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio Arloko arduraduna.

    Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

    Ane Miren Fernández Gómez andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko teknikaria.

    Mari Jose Etxegoien Arzuaga, aholkulari juridikoa, idazkari ere jardungo duena. Unay Casado Lataburu Aholkularitza Juridikoko teknikariak ordezkatu ahal izango du.

  1. Dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan hautaketa-batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:

    1. Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez.

      Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez.

      Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde-motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.

      Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.

      Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.

    2. Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.

      Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.

      Lantaldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.

    3. Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.

      Erakundeak lurraldean duen ezarpena. 3 puntu, gehienez.

      Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.

      Jarduera sektorea/eremua. 6 puntu, gehienez.

      Barne- eta kanpo-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.

    4. Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden bertako emakume langileen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.

  2. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

  1. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 12.000 eurokoa, gehienez ere.

  2. Gehienez ere % 80koa izango da, 12.000 euroko mugarekin, irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, baldin eta erakundearen titularren edo partaideen artean mozkinak banatzen ez badira, baizik eta ondasun eta zerbitzuen ekoizpen edo banaketatik lortutako soberakina edo irabazia inbertitzen bada edo erakunde horien helburuak betetzeko erabiltzen bada.

    Hau da, irabazi-asmoa duten enpresek zerga-oinarriaren gaineko % 50 ere jaso ahal izango dute; BEZa berreskuratu ezin duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek zerga-oinarriaren % 80 gehi BEZa jaso ahal izango dute, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek, BEZaren aitorpena aurkezten badute, zerga-oinarriaren % 80 ere jaso ahal izango dute.

Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren laguntza edo dirulaguntzekin, laguntzen izaera eta erakunde emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehienezko kopurura egokitzeko. Laguntzak, berariaz, erakunde honek diruz lagundutako Plana eta Diagnostikoa egiteko gastuak zein prestakuntza-orduak finantzatzeko izango dira.

  1. Eskabideak hautaketa-batzordeak ebaluatuko ditu, dirulaguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta adieraziko du dirulaguntza nori eman zaion, minimis izaerarekin, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo erakunde onuradunei. Hala ere, emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

  2. Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin.

    Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren araberakoa (diruz lagunduko diren enpresa zein erakundeak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta, horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Ebazpen honetan arautzen diren dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa edo erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

  1. Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

  2. Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, dirulaguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

  4. Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 15. artikuluan ezarritakoa betez.

  5. Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (webgunean, intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako epostetan, iragarkitaulan agertzen diren oharretan), diagnostikoa eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantzaketa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 18.4 artikuluan ezartzen duen moduan.

  6. Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusienak ere. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

  7. Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

  8. Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro plantillan egindakoak, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.

  9. Justifikatu behar dute ekintzak burutzeko dirulaguntzen erabilera.

  10. «Datuen alta/Hirugarren interesduna». Ez da bete beharko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, datuetan aldaketaren bat izan ezean, ezta ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena eman bada ere. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

  1. Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak Emakundek estali ez dituenak ere bai justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluari jarraikiz, jardueraren guztizkora iritsi arte; horretarako, 2023ko azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Egindako diagnostikoa, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela, aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatuko da. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

    2. Urte anitzeko Berdintasunerako plana, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

    3. 2024rako plan operatiboa edo ekintza-plana.

    4. Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.

    5. Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, III. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura xehatua, baita emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiriak ere. Fakturek edo froga-balio baliokidea duten agiriek (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak) behar adina xehetasun izan behar dute, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko, edo egindako gastuak egiaztatzeko (diruz lagundutako jarduerei dagokienez), hau da, banku-egiaztagiriak zer kontzeptu eta faktura-zenbaki justifikatzen duen, horiexei egin behar die erreferentzia. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bitartez ere egiaztatu ahal izango dira, betiere zerga-eremuan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

      Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.

    6. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.

    7. Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

    8. Laguntzaren barne eta kanpo eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena.

    9. Planaren negoziazio-batzordea eratu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

    10. Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (erakundekoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (lana gauzatzeko kontratatu direnak edo diagnostikoa eta berdintasun-plana aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko planaren onurak jasoko dituztenak).

  2. Dokumentazio hori bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki izenpetuta bidaliko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Ordaintzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

  4. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da dirulaguntzaren zenbatekoan.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta dirulaguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.

  2. Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta behar izanez gero, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, bereziki 13. artikuluan ezarritakoak, jasotako dirua eta honek sortutako atzerapen-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuliko zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenaren arabera, betiere, hargatik eragotzi gabe, bidezkoak diren gainerako egintzak. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan hartutako egintza eta egoerak.

Deialdian jasotako betebeharrak konpromisoak betetzeko helburukoak partzialki betetzeak berekin ekarriko du jasotako zenbatekoak itzultzeko betekizuna, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.2 artikuluari jarraikiz.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako dirulaguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

  2. Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

    Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

  3. Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

  4. Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo erakundeei.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Hartzaileak:

Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

Interesdun legitimatuak.

Organo judizialak.

Kontuen Auzitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.

Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.

Eskubideak: Datu horien erabilera Erakundeak Botere Publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko sustatutako laguntzak kudeatzeko erabilera esklusibora mugatzen da. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatu ahal izango dute. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/babesa - datuak

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/622

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

  1. Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak, Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko 1407/2013 Europako Batzordearen Erregelamenduan (EBAO, L 352 zk. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Kantitate hori baino gutxiagoko dirulaguntzak ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europara Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

  2. Dirulaguntzaren onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta momentuko ekitaldi fiskalean jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du I. eranskina beteaz, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera).

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 14a.

    Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

    MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.