Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez erabaki baita 2021-2024 Ekonomia Zirkularreko eta Bioekonomiako Plana jendaurrean jartzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 141
  • Hurrenkera-zk.: 4048
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/06
  • Argitaratze-data: 2021/07/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. 2015ean, Nazio Batuek Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) onetsi zituzten 2030 Agendaren zati gisa, eta, haien bidez, konpromisoa hartu zuten pobreziarekin amaitzeko, planeta babesteko eta oparotasuna sortzeko.

Hala, NBEk garapen jasangarrirako finkatu dituen helburuak erdiesteko funtsezko eragilea da ekonomia zirkularra. Zehazki, eredu ekonomiko zirkular batera aldatzea lagungarria izango da 7. GJHn («Energia irisgarria eta ez-kutsagarria») bilduriko bi xede horiek lortzeko; izan ere, erregai fosilak beste baliabide eta energia-iturri batzuekin ordezkatuko dira energia-ekoizpenean.

Ekonomia zirkularrak ekoizpen materiala handiagotzean ipintzen du arreta, besteak beste; horrek zuzeneko eragina izango luke 9. GJH («Industria, berrikuntza eta azpiegitura») lortzeko jomugan.

  1. GJH («Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak») ekonomia zirkularraren ardatza da. «Gutxiagorekin gehiago eta hobeto egitea» da haren helburua. Horretarako, ekoizpen- eta kontsumo-eredu linealak erabat berrikusi beharko dira, eredu zirkular baten alde: eredu berri horretan, produktu guztiak diseinatzerakoan eta ekoizterakoan kontuan hartzen da horien berrerabilera, birziklapena, baliabide naturalen kudeaketa jasangarria eta erabilpen efizientea eta hondakinen sorkuntzaren murriztapena. Eredu berrira aldatzeko, ezinbestean inplikatu beharko dute enpresek, kontsumitzaileek eta administrazio publikoek.

    Bestalde, 2030eko Garapen Agendan jasotako GJH askori erantzuteko aukera bat da bioekonomia.

    Bioekonomiak hazkunde ekonomiko inklusiboa sorrarazten du, enplegu jasangarriak sortuz eta hiri-eremuetan nahiz landa-eremuetan berdintasuna sustatuz. Horrela, 1. GJH («Pobrezia desagerraraztea») eta 8.GJH («Lan duina eta hazkunde ekonomikoa») sustatzen ditu.

    Horrez gain, elikagai osasungarrien ekoizpen jasangarrian oinarritzen da, eta nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpenaren intentsifikazio jasangarriaren bidez, 2. GJH («Goserik ez»), 3. GJH («Osasuna eta ongizatea»), 14. GJH («Itsaspeko bizitza») eta 15. GJH («Lehorreko ekosistemetako bizitza») helburuak erdiestea ahalbidetzen du.

    Hori dela eta, ekonomia zirkularrak eta bioekonomiak edo bioekonomia zirkularrak Garapen Jasangarriko helburuak lortzen laguntzen dute.

    Bigarrena. Ekonomia zirkularrago baterako trantsizioa sustatze aldera, Europako Batzordeak rol nagusi bat hartu du bere gain, eta enpresek, administrazioek eta, oro har, gizarteak helburu hori lortzeko kontuan izan behar dituzten euskarriak eta bidea finkatu ditu. Aldaketa-neurri horiek honako ekintza-estrategia eta -plan hauetan islatu dira:

    Europa 2020 Estrategia, «Hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzaile baterako estrategia».

    Ekoberrikuntzari buruzko Ekintza Plana.

    2020ra arteko Europar Batasunaren Ingurumen Arloko VII. Ekintza Programa Orokorra, «Ondo bizi, gure planetaren mugak errespetatuz».

    Europar Batasunaren Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Plana: «Zirkulua ixtea».

    Halaber, bioekonomia sustatzen, elikagaien xahubidea murrizten eta plastikoen estrategia abiarazten ere badihardu Europako Batzordeak.

    Hirugarrena. EAEko testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren babes orokorrari buruzko 3/98 Legea kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari dagokie, ezarritako eskumen-eremuan, ingurumenaren arloko araudia prestatzea eta onartzea, bai eta legeria garatzea zein ingurumenaren eta ekologiaren inguruko Estatuaren oinarrizko legeria betearaztea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera.

    Euskadi duela hainbat urtez geroztik ari da ekonomia zirkularraren esparruan lanean. 2000. urteaz geroztik hona, EAEko ekonomia % 26 hazi da, materialen kontsumoa % 25 murriztu da, eta hondakindegietan bukatzen duten hiri-hondakinen bolumena % 56 txikiagotu da. Gure ekonomia banantzen ari da materialen kontsumotik eta hondakinen sorkuntzatik, sustatu diren ekonomia zirkularrerako neurriei esker.

    Euskadin azken urteetan abiarazitako baliabide eta erreminten multzoari dagokionez, tresna publikoak izan dira batik bat, eta bi xede izan dituzte: batetik, ekonomia zirkularraren eskaria sortzea; eta bestetik, enpresa-eskaintza piztea, batez ere, ingurumen-arloko eta garapen ekonomikoaren arloko eskumenak dituzten sailen arteko lankidetzaren bidez.

    Testuinguru horretan, Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 eta hari dagokion 2025erako Ekintza Plana egin ziren.

    Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, 2017. urteaz geroztik, argi ikusten du bioekonomiari lotutako jarduketa-eremu bat indartu behar dela, Euskadiko enpresentzat eta ekonomiarentzat interesgarriak diren aukerak zabaltze aldera.

    2017. eta 2018. urteetan, basogintzako bioekonomia zirkularreko esperientzia arrakastatsuak publikoak zein pribatuak bertatik bertara ezagutzeko, Europako herrialdeetara bisitak egin ondoren, 2019an Basogintzako Bioekonomia Zirkularraren Ibilbide Orria abiarazi zen, Euskadi basogintzako bioekonomia zirkularraren arloko erreferentziazko Europako eskualde bihurtzeko asmoz, garapen orekatu eta jasangarriko eredu batean oinarrituta, balio handiko aprobetxamendu optimoa izango duten enpresa-baliabideak sortzea eta finkatzea sustatzen duena.

    Horrez gain, euskal enpresentzako laguntza ekonomikoko lerro bat jarri da abian, bioekonomia bultzatzeko. Horri esker, proiektu pilotuak eta proiektu erakusleak jarri dira abian bioekonomiaren arloan, hala nola egurrezko azpiproduktuak aprobetxatzea hiri-altzariak sortzeko eta ehun-zuntza ekoiztea zelulosa-ore birziklatuzko nahasketetatik abiatuta.

    2019. urtearen amaieran, Bioekonomiaren Euskal Aliantza sortu zen BEA, Eusko Jaurlaritza bultzatzaileen artean zegoela. Hasiera batean, 10 enpresa pribatuk hartu zuten parte proiektuan Biotermiak, Cikautxo, Egoin, Global Efficiency Aranguren, Lana, Maier, Maria Duol, Papresa eta Smurfit Kappa, bai eta SPRI Taldea, Energiaren Euskal Erakundea, NEIKER Teknologia Zentroa eta HAZI fundazioa erakunde publikoetako ordezkariek ere. Aliantza horren helburua da enpresa-eragileen sare bat sortzea, baliabide biologikoetan oinarritutako produktuak sortzera bideratutako eredu ekonomiko hori indartzen laguntzeko eta erakundeen, teknologia-zentroen eta enpresen arteko lankidetza egituratu bat ezartzeko, ekonomia sortu eta ekoizteko modu hori hazarazteko helburuz.

    Berriki, 2020an, EFI European Forest Institute erakundeak Bioregions Facility proiektua jarri du abian, eta Euskadik hartu du proiektuaren presidentetza. Proiektu hori lau zutabe hauetan oinarritzen da:

    1. berrikuntza: bioekonomiako berrikuntzari laguntzea, abian jartzera eta eskalatzera bideratutako programa eta ekitaldi espezifikoen bidez;

    1. erakundeak: esperientziak trukatzea, zientziak informatutako politikak eztabaidatuz, bio-oinarria duten produktuetarako merkatuak sortzen laguntzeko;

    1. eskualdeko enpresa-azpiegiturak eta -ekosistemak: kasu arrakastatsuei buruzko sentsibilizazioa, eragile garrantzitsuen konexioa, aldaketak erraztea; eta, azkenik

    1. inbertsioak: eskualdeak elkarte publiko-pribatuekin konektatzea, ETEen, ekintzaileen, inbertitzaileen eta erantzukizun politikoa duten eragileen arteko elkarrizketa erraztuz.

      Laugarrena. Heldu beharreko zenbait erronka ditugu Euskadin eta, horrenbestez, Euskadi bioekonomia zirkularrean eta ekonomia zirkularrera aldatzeko prozesuan erreferente gisa finkatzea ahalbidetuko duten zenbait helburu argiak eta etorkizun-ikuspegia dutenak zehaztu behar dira.

      Ekonomia zirkularra eta bioekonomia estuki lotuak dauden eremuak dira, eta, hortaz, beharrezkoa da bi arloen plangintza koherentea eta egokia izatea, biek ala biek partekatzen dituzten helburuak lortze aldera.

      2021-2024 Ekonomia Zirkularreko eta Bioekonomiako Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatu eta gidatu du, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak kudeatu eta koordinatu dute batera, beren Neiker eta Ihobe erakundeen bitartez, hurrenez hurren.

      Euskadiko 2024 Ekonomia Zirkularreko eta Bioekonomiako Plan Estrategikoak zuzenean laguntzen du XII. Legegintzaldiko Gobernu Programan planteatutako 10 helburuetako 2 betetzen: 8. helburua: Berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea; eta 9. helburua: Energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea lortzea. Horrez gain, zeharka, laguntzen du erdiesten 1. helburua: Langabezia % 10aren azpitik kokatzea; eta 3. helburua: I+G eremuan Europako batezbestekoarekin bateratzea lortzea.

Lehenengoa. Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikuluaren arabera, ingurumenarekin zerikusia duten plan, programa eta xedapen orokorrak egin, aldatu eta berrikusterakoan herritarren parte-hartze erreala eta eraginkorra sustatze aldera, Administrazio Publikoek, aplikatzekoak diren prozedurak ezartzean edo izapidetzean, honako helburu hauek betetzen direla zainduko dute:

  1. Plan, programa edo xedapen orokorren proposamenei buruzko informazioa ematea herritarrei, bitarteko elektronikoen bidez.

    Halaber, Administrazio Publikoek zainduko dute, alde batetik, informazio egokia (erabakitze-prozesuetan parte hartzeko eskubideari buruzko eskubidea barne) ulergarria izatea eta herritarren eskura jartzea, eta, bestetik, zehaztasunez definitzea zein Administrazio Publiko eskuduni aurkez dakizkiokeen iruzkinak edo alegazioak.

  2. Herritarrek oharrak egiteko eta iritziak emateko eskubidea dutela, aukera guztiak irekita daudenean, planari, programari edo xedapen orokorrari buruz edozer erabaki hartu baino lehen.

  3. Parte-hartze publikoaren emaitzak behar bezala kontuan hartzea, plan, programa edo xedapen orokorrari buruzko erabakiak hartzean.

  4. Herritarren oharrak eta iritziak aztertu ondoren, zer erabaki, zergatik eta zertan oinarrituta hartu diren jakinaraziko zaio jendeari, herritarrek parte hartzeko prozesuari buruzko informazioa barne.

    Bigarrena. Uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 2.2 artikuluarekin bat, honako hauek jotzen dira interesduntzat:

  1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dagoen edozein pertsona fisiko edo juridiko.

  2. Uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 23. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten irabazteko asmorik gabeko pertsona juridiko guztiak.

    Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari dagozkio honako arlo hauek: ekonomia zirkularra, nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriak eta basozaintzako lehen transformazioko industriak.

    Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 21. artikuluaren arabera, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari dagokio Ekonomia Zirkularraren Estrategiarekin lotutako ekintzak definitzea eta garatzea, Zuzendaritzaren eskumeneko gaien esparruan, eta ekoberrikuntza sustatzea.

    Ikusita 27/2006 Legea, uztailaren 18koa, Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta bereziki aplikatzekoa den gainerako araudi orokorra,

Lehenengoa. Jendaurrean jartzea 2021-2024 Ekonomia Zirkularreko eta Bioekonomiako Planaren hasierako bertsioa, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko, 20 egun naturaleko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena. Aurreko apartatuan aurreikusitakoa betetze aldera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren egoitzan (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz) eskura daiteke dokumentazioa.

Era berean, dokumentazio hori herritarrek eskuragarri izango dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, bai eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/) eta Irekia Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun Atarian (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/tags/gardentasuna/) ere.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 6a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik