Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 30ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita «Eubako trenbide-pasagunea (Bilbao-Donostia linea 25+387) kentzeko zubibide bat eraikitzeko proiektuaren» eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda eta titularrei dei egiten baitzaie okupazioaren aurreko aktak egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 182
  • Hurrenkera-zk.: 4716
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/30
  • Argitaratze-data: 2021/09/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko maiatzaren 4ko Ebazpenaren bidez, «Eubako trenbide-pasagunea kentzeko zubibidea eraikitzeko proiektua (Bilbao-Donostia lineako 25+387 KP.)» onartu zen.

Proiektuak zehazten ditu trenbidearen gainetik pasabide bat egiteko egin behar diren obrak, Euba eta Bernagoitia auzoak lotzen dituen BI-4337 errepideari jarraipena emateko.

Proiektuaren helburua da aipatutako errepidean barrerak dituen trenbide-pasagunea kentzea, Amorebieta-Etxanoko Euba auzotik igarotzen den Bilbao-Donostia lineako trenbideak gurutzatzen duen tokian, eta, horrela, erabiltzaileen segurtasuna handitzea.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak lursailen identifikazio xehatua jasotzen du desjabetzeen eranskineko lurzatien zerrenda eta planoen bidez.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko maiatzaren 11ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko behar ziren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2021eko ekainaren 11n argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ekainaren 21ean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta «Correo Bizkaia» nahiz «Deia» egunkarietan ere. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Amorebieta-Etxanoko udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.

Izapide honetan 4 alegazio-idazki aurkeztu dira, eta horiek Zerbitzu Teknikoetara bidali dira, neurriak har ditzaten; kontuan hartu dira akatsak zuzentzeko, hala badagokio, eta erantzun indibidualizatua bidali zaie guztiei.

Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduketak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2. c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Trenbideen Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak, lursail berriak erabiltzea eskatzen badu horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari, lurrak okupatuz edo ukitutako ondasunak eskuratuz, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.

Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau,

Lehenengoa. Onestea «Eubako trenbide-pasagunea kentzeko zubibide bat eraikitzeko proiektuak (Bilbao-Donostia linea 25+387)» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbideen Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.

Bigarrena. Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, bertan adierazitako egun eta orduetan, eta aldez aurretik Amorebieta-Etxanoko Udalera bertaratuta, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egitea eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzea; hala ere, beharrezkoa izanez gero, lursailera joan ahal izango da, interesdunek hala eskatuta.

Ukitutako pertsonak pertsonalki edo beren izenean jarduteko behar bezala baimendutako pertsona batek ordezkatuta joan beharko dira ekitaldira, eta haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, euren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali behar zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute bi (2) hilabeteko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, hargatik eragotzi gabe aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 30a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik