Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 19koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita oposizio-sistemaren bidez hautaketa-prozedura baterako. Prozedura horren osagarri gisa, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, EAEko toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsa bat sortzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 164
  • Hurrenkera-zk.: 4476
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/07/19
  • Argitaratze-data: 2021/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, bai Euskal Autonomia Erkidegoko udalak jakitun dira zer arazo sortzen diren toki-eremuan udaltzaingoari laguntzeko honako behin-behineko behar hauek betetzeko orduan: Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 55.1 artikuluko d) eta i) paragrafoko eginkizunak, eta hiriguneko trafikoaren antolamendua, Udaltzaingoarekin lankidetzan aritu behar denean, mugikortasun-agenterik ez izateagatik.

Aipatutako arazoari aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 59.3 artikuluan xedatzen denez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bultzatu behar du Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsa bat sortzea, behar duten udalei lan osagarri horiek egin ditzaketen pertsonen izendapen arin eta eraginkorra ahalbidetzeko, aldez aurretik hautatuak, prestatuak eta horretarako gaituak izango baitira.

Deialdi hau hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek erabaki du Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsa sortzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, honako klausula hauen arabera:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa. Deialdiaren xedea. Bete beharreko eginkizunak.

Hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-sistemaren bidez. Prozedura horren osagarri gisa, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsa bat sortzeko.

Garatu beharreko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 61. artikuluan xedatutakoak izango dira.

  1. Administrazio-polizia izatea, ordenantzei, bandoei eta gainerako udal-xedapen eta -egintzei dagokienez, bere eskumen-esparruaren barruan, eta zaintzea ingurumenaren eta ingurunearen babesaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela, gai horietan tokiko eskumenen esparruan.

  2. Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.

  3. Udaltzaingoari laguntzea hiriguneko trafikoa antolatzen mugikortasun-agenterik ez duten udalerrietan.

    Deialdi honen bidez hautatutako pertsonek Udaltzaingoko laguntzaileak aldi baterako kontratatzeko lan-poltsa osatuko dute.

    Bigarrena. Parte-hartzeko betekizunak.

    1. Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte.

      1. Aurretiazko eskaera egitea.

      2. Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko Estaturen bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak egindako eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikatzekoa zaion Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

        Aurreko paragrafoan aipatutako nazionalen ezkontidea ere onartu ahal izango da, zuzenbidez bananduta ez badago, bai eta haren ondorengoak eta ezkontidearen ondorengoak ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontide horiek hogeita bat (21) urtetik beherakoak edo adin horretatik gorakoak badira.

      3. 18 urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako adina ez gainditzea.

      4. Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua, eskola-graduatua edo 1. mailako lanbide-heziketako gradua edo baliokide titulua izatea, edo goragoko mailako beste edozein, edo emateko eskubideak ordainduta izatea.

        Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da, indarrean dagoen legeriaren arabera.

      5. Turismoetarako B motako gidabaimenaren titularra izatea. Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeak berekin dakar izangaiei baimena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ofizioz egiazta dezan baldintza hori betetzen dela.

      6. Euskararen ezagutza egiaztatuta izatea Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailan; edo hizkuntza-eskakizunak edo titulu baliokideak egiaztatuta izatea, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeari buruzko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren arabera (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.).

        Agiri bidezko egiaztapena baino ez da onartuko. Hautaketa-prozeduran ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

        Ez da beharrezkoa izango Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) jasota dauden datuak egiaztatzea. Prozesu honetan parte hartzeak berekin dakar Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari zalantzarik gabeko baimena ematea datu horiek erregistro horretan kontsultatzeko.

        Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) jasota ez dauden titulazioak; egiaztatu eta eskabidean aurkeztu beharko dira, eta pdf formatuko artxibo baten bidez sartu.

      7. Udaltzaingoko laguntzailearen zereginak normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa izatea. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, hautatutako pertsonak zerbitzua eman behar duen tokiko korporazioko zerbitzu medikoek egin beharko dute egiaztapena, hasi baino lehen.

      8. Dolozko delituagatik kondenatua ez izatea, diziplina-espediente bidez edozein administrazio publikoren edo autonomia-erkidegoetako organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik banandua ez izatea, eta ebazpen judizial bidez enplegu edo kargu publikoetarako erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia ez izatea.

        Beste estatu bateko nazionalitatea izanez gero, desgaituta edo egoera baliokidean ez egotea, eta bere estatuan, baldintza beretan, enplegu publikora iristea eragozten duen diziplina-zehapenik edo baliokiderik ez izatea.

      9. Indarrean dagoen araudian aurreikusitako ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez egotea.

    2. Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte aurreko atalean eskatzen diren baldintzak, eta Udaltzaingoko laguntzaile izendatu arte mantendu beharko dituzte, horiek egiaztatzeko prozedura-fasea alde batera utzi gabe.

      Hirugarrena. Eskabideak aurkeztea.

    1. Aurkezpena eta epea.

      Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean eskuragarri egongo den eredu ofizial eta normalizatura egokituko dira:

      www.arkauteakademia.eus

      Bertan parte hartu nahi dutenek adierazi beharko dute deialdiaren bigarren oinarriko 1. atalean eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna kontuan izanik.

      Eskabidean, adieraziko da zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren oposizioko ariketak.

      Eskabideak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, oinarri hauek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, eta berekin ekarriko du izangai bakoitzak eskabidean berariazko eta zalantzarik gabeko baimena ematea probak eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta proba horien emaitza balorazio-faktore gisa erabiltzea onartzea, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.

      Parte-hartzaileek emandako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko. Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori hautaketa-prozedura hau kudeatzera eta prozedura horretatik aldi baterako kontratazio-poltsa kudeatzera mugatuko da.

      Datuen tratamendua, hirugarrenei lagatzea, eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.).

      Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua egokituko da aipatutako lege organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean aurreikusitakora.

      Fitxategi horren arduraduna Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusia da, eta, datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteako eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak baliatzeko, aipatutako erakunde autonomoaren zuzendari nagusiarengana jo behar da (N-104 errepidea, Km 356, 01192 Arkauti, Araba).

      Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten dituztenek onartzen dute beren datu pertsonalak oinarri hauetan adierazitako moduan eta xederako erabiltzea.

      Pertsona interesdunak deialdian aurreikusitako Udaltzaingoko laguntzailearen zereginak normaltasunez betetzeko behar diren gaitasun psikofisikoko baldintzetara egokitzen direla egiaztatzeko, fitxategi hori legez aurreikusitako baldintzetan tratatu eta laga ahal izango da.

    2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio gehigarria.

      Honako kasu hauetan dauden izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidean:

      1. Hautaketa-prozesuko ariketak eta probak egiteko denboren eta bitartekoen arrazoizko egokitzapenak edo doikuntzak eskatzen dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute hala egiaztatzen duen ziurtagiri medikoa.

      2. Honako kasu hauetako batean dauden atzerriko izangaiek, beren nazionalitateari buruz alegatzen dituzten baldintzak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

      3. Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak.

      4. Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako herritarren ezkontideak, edozein nazionalitate dutela ere, betiere legez bananduta ez badaude. Era berean, baldintza berberekin, hogeita bat urtetik beherako ondorengoek edo adin horretatik gorakoek parte hartu ahal izango dute, baldin eta mendekoak badira.

      5. Europar Batasunak egindako eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-eremuan sartutako pertsonak, baldin eta itun horietan langileen zirkulazio askea aplikatzekoa bada.

      6. Espainian bizi ez diren eta 2. apartatuan sartuta dauden izangaiek, bai eta 3. apartatuan sartuta dauden atzerritarrek ere, alegatzen diren baldintzak egiaztatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

        Laugarrena. Izangaiak onartzea.

        1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa-prozeduran onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda onartuko du, eta hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

        2. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendan, baztertutako pertsona bakoitza aipatuz, baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira.

          Bosgarrena. Epaimahai kalifikatzailea.

        1. Epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen aurreikuspenen arabera. Presidente batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute epaimahaia. Kideen osaera inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituko da, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipiora ere.

          Epaimahai kalifikatzailearen eginkizunak dira: oposizio-fasea osatzen duten probak zehaztea, garatzea eta ebaluatzea, eta prestakuntza-ikastaroan parte hartuko duten pertsonak zehaztea.

          Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta haien ordezkoen izendapena hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

        2. Epaimahai kalifikatzailearen jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzenduten arauen araberakoa izango da.

        3. Epaimahai kalifikatzaile honetan parte hartzearen ondorioz, aurreikusitako legezko kalte ordainak jasoko dira.

        4. Epaimahai kalifikatzaileak bere lanetan aholkulari espezialistak sartzea erabaki ahal izango du hautaketa-prozesuko proba guztietarako edo batzuetarako, eta bakoitzaren espezialitateetan aholkularitza eta lankidetza teknikoa ematera mugatuko dira. Aholkulari horien jarduna ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioen mende egongo da.

        5. Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, hautaketa-prozedura garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gai guztiak ebatzi ahal izango ditu, baita bere eginkizunak betetzeko ere.

        6. Epaimahai kalifikatzailearen akordioak hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

          Epaimahai kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

          2021udaltzaingolaguntzaile@seg.euskadi.eus

          Epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotzen dituen idazkiei. Seigarrena. Hautaketa-sistema.

          Seigarrena. Hautaketa-sistema.

        1. Hautaketa-sistema oposizio-sistema izango da, izangaien gaitasuna zehaztuko duena eta haien arteko lehentasun-ordena finkatuko duena.

          Oposizioaren guztizko puntuazioa oposizioaren bi probetan lortutako puntuazioen batura izango da, eta lehentasun-ordena zehaztuko du.

        2. Oposizioa honako proba hauek egitean datza:

          1. Lehen proba. Proba psikoteknikoa. Nahitaezkoa eta baztertzailea.

            Udaltzaingoko laguntzailearen zereginak behar bezala betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehaztera zuzenduta dago. Prozedura hori test-erako galdetegi formatuan egingo da. Ebaluatutako gaitasunak Udaltzaingoko laguntzailearen funtzio eta zereginei buruzkoak izango dira, eta honako hauek izango dira: ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, arreta- eta pertzepzio-gaitasunak eta espazio-gaitasunak.

            Galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu, eta horietako bat bakarrik izango da zuzena.

            Erantzun oker bakoitza erantzun egoki bakoitzaren balioaren herenaren arabera zigortuko da.

            Erantzun gabeko galderak eta bi aldiz erantzundakoak (bikoitzak) ez dira zigortuko.

            Proba hori behar bezala egingo da beti, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko eta merezimendu- eta gaitasun-printzipioetara egokitzen dela bermatzeko.

            Proba hori nahitaezkoa izango da, eta gehienez ere 30 puntu emango dira. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

          2. Bigarren proba. Nortasun-proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea.

            Izaera orokorreko ezaugarriak ebaluatzera zuzenduta dago, bai eta Udaltzaingoko laguntzailearen eginkizunak eta zereginak betetzeko hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenen desegokitasun- edo egokitzapen-adierazleak ebaluatzera ere.

            Proba hori nahitaezkoa izango da, eta gehienez ere 30 puntu emango dira. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

            Zazpigarrena. Oposizioko probak garatzea.

            1. Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua moduan iragarriko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen bidez, gutxienez egutegiko zazpi egun natural lehenago.

              Gainerako probak egiteko iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko ditu epaimahai kalifikatzaileak.

            2. Epaimahai kalifikatzaileak probak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, bai eta proba batzuk egun berean egitea ere. Kasu horretan, proben emaitzen argitalpenek deialdiko oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba bakoitzaren emaitzak bakarrik argitaratuko dira, edo seigarren oinarriko ordenari jarraituz aurrekoa gainditu dutenei dagokienez.

            3. Nahitaezko probak egiteko deialdira agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, adierazitako egunean, orduan eta tokian, baita ezinbesteko arrazoiengatik ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko proben bat egiten hasten diren pertsonei.

              Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, ariketa horietara ez agertzetzat joko da berandu agertzea edo ez agertzea.

            4. Deialdietara nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da, eta epaimahai kalifikatzaileak uneoro eskatu ahal izango die.

            5. Proben emaitzak epaimahai kalifikatzailearen erabaki bidez argitaratuko dira, hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan.

              Zortzigarrena. Oposizioaren azken kalifikazioa.

              Oposizioaren guztizko puntuazioa oposizioa osatzen duten ariketa edo probetan lortutako puntuazioen batura izango da, eta parte-hartzaileen lehentasun-ordena zehaztuko du.

              Puntuazio-berdinketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideen arabera ebatziko dira. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, oposizioko lehen proban puntuazio altuena lortu duenaren alde egingo da.

              Epaimahai kalifikatzaileak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean eta webgunean onartu eta argitaratuko du eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari helaraziko dio oposizioa gainditu duten pertsonen zerrenda, lortutako guztizko puntuazioa handienetik txikienera ordenatuta.

              Bederatzigarrena. Prestakuntza Ikastaroa.

              Oposizio-fasea gainditu duten pertsonak Udaltzaingoko laguntzaileen prestakuntza-ikastarora onartuko dira.

              Prestakuntza-ikastaroak bi fase izango ditu: lehenengoa, eduki teorikoak, «On line» egingo dena, eta bigarrena, fase praktikoa, aurrez aurre egingo dena.

              «On line» fasea Arkampus plataformaren bidez egingo da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren prestakuntza-plataformaren bidez.

              Horretarako, ikastaroan sartzen den pertsona bakoitza plataforman sartu ahal izango da, eta plataforman sartzeko gako bat jasoko du.

              Fase hori egin duten pertsonei gutxienez 48 ordu lehenago deituko die Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak fase horren edukiei buruzko azterketa egiteko.

              Azterketa hori Gai edo Ez Gai gisa kalifikatuko da. Azterketara ez agertzeak hautaketa-prozesutik bazter geratzea ekarriko du.

              Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak azterketa hori gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du.

              GAI kalifikazioa lortzen ez duten pertsonak prozesu honetatik kanpo geratuko dira.

              Fase teorikoko azterketa gainditu duten pertsonei aurrez-aurreko prestakuntza praktikoa egiteko deialdia egingo zaie. Prestakuntza hori ez da baztertzailea izango. Fase hori egiteko deialdiak zorrotz jarraituko du oposizio-fasean lortutako sailkapen-ordena. Prestakuntza praktikoaren fasera deialdia egin zaion egunean eta tokian agertzen ez bada, hautaketa-prozesutik bazter geratzea ekarriko du.

              Prestakuntza praktikoaren fasea egin ondoren, prozesuan parte hartzen duten pertsonak Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsan sartuko dira, aldi baterako zerbitzua emateko EAEko Toki-korporazioetan, oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko dira aipatutako kontratazio-poltsaren osaera eta haren aldaketak eta eguneratzeak, hamalaugarren oinarrian aurreikusitako moduan.

              Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Bitarteko Udaltzaingoari emandako prestakuntza-ikastaroa egin eta gainditu duten pertsonek eskatu ahal izango dute Udaltzaingoko laguntzailearen ikastaroa baliozkotzea. Eragindako pertsonak ikastarora deitzen diren unean egin beharko da eskaera hori, horretarako ezarritako legezko baldintzak beteta. Ikastaroa gai gisa kalifikatuko zaie, eta zuzenean sartuko dira Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsan.

              Hala ere, Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsa oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio ordenaren arabera ordenatuko da uneoro.

              Hamargarrena. Udaltzaingoko laguntzaileen poltsaren funtzionamendua eta kudeaketa.

              Udaltzaingoko laguntzaileen lan-poltsa formalki eratu ondoren, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategorian txanda irekian sartzeko deialdi bateratuetan parte hartu duten edo parte hartu duten toki-korporazioen eskura jarriko da. Deialdi horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egingo ditu.

              Era berean, deialdi bateratu horietan parte hartu ez duten baina Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari horretarako berariazko eskaera egiten dioten eta lan-poltsa propiorik ez duten toki-korporazioek ere erabili ahal izango dituzte. Eskaera hori Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez bideratuko da eta hark egokitasunari buruzko informazioa emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta dagokion udalaren arteko lankidetzarako esparru-hitzarmenaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta dagokion udalaren artean polizia-koordinazioaren eta -lankidetzaren (TETRA) arloan sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren arabera.

              Lan-poltsaren kudeaketa Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio, eta honako xedapen hauen arabera arautuko da:

            1. Lan-poltsa osatzen duten pertsonen egoerak.

              Lan-poltsa osatzen duten pertsonak egoera hauetakoren batean egongo dira:

              1. Okupatua: lan-poltsa honen aplikazio-eremuan lanean ari diren hautagaien zerrendako langileak okupatuta daude.

              2. Lan egiteko egoera: lanerako prest dago eta, ondorioz, lan-eskaintzak jaso ahal izango ditu poltsa honen aplikazio-eremuan zerbitzuak ematen ari ez den eta aldi baterako bajan ez dagoen hautagaiak.

              3. Aldi baterako baja-egoera: lan-poltsa osatzen duten pertsonak egoera horretara igaroko dira honako egoera hauetakoren batean daudela egiaztatzen dutenean:

              4. Gaixotasun arruntaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasuneko egoerak, edo lanekoa ez den istripu baten edo laneko istripu baten ondoriozkoak.

              5. Haurdunaldi, erditze, edoskitze eta antzekoengatiko lizentziak eta/edo adopzio edo harreragatiko lizentziak hartzeko gaitzen duten egoerak.

              6. 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzea. Behin bakarrik emango da seme-alaba bakoitzeko.

              7. Odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arteko senide bat ardurapean izatea, dela gaixotasunagatik, dela adinagatik, eta senide hori etengabe zaindu behar izatea, eta senide hori agiri bidez egiaztatzea.

              8. Edozein lan-kontratu mota sinatu izana; administrazio publiko batean izendatuta egotea, edo Gizarte Segurantzan autonomo gisa alta emanda egotea.

                Aldi baterako baja-egoera horretara igarotzeko arrazoiak agiri bidez egiaztatu beharko dira, deia egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 3 egun naturaleko epean.

                Aldi baterako baja-egoerara igarotzeko arrazoia amaitu ondoren, edo egoera hori baino lehen, borondatezko kasua bada, interesdunak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, posta elektronikoz, udaltzaingoak@seg.euskadi.eus helbidera, 3 egun naturaleko epean, justifikazio-dokumentazioa erantsita.

                Aldi baterako bajan dauden langileek ez dute lan-eskaintzarik jasoko egoera horretan dauden bitartean.

            2. Lanpostuak betetzeko deialdiak.

              Koordinazio eta Segurtasun Zuzendaritzak, lan-poltsaren kudeaketa esleituta duen organoa den aldetik, eta toki-korporazioek emandako udaltzaingoko laguntzaileen beharrak jaso ondoren, lan-poltsaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz lanerako prest daudenei eskainiko dizkie.

            3. Eskaintzen jakinarazpena.

              Egindako ahalegina eta, hala badagokio, komunikazioa benetan ezarri izana jasota utz dezakeen edozein bitartekoren bidez jakinaraziko dira lan-eskaintzak.

              1. Hasiera batean telefonoz egingo da; deia jasotzen duen pertsonak deiari erantzuten badio, eskaintza zehatzaren berri emango zaio, eta une horretatik aurrera ordubete izango du eskaintza onartu duen edo ez baieztatzeko.

              2. Lehenengo telefono-deia egin ondoren ezin izan bada eskaintzaren esleipendunarekin harremanetan jarri, SMS bat bidaliko zaio telefono mugikorrera, eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza harremanetan jartzen saiatzen ari da lan-eskaintza baten berri emateko.

                Pertsona Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzen bada SMSa bidali ondoren, 10.3.a) puntuan xedatutakoaren arabera jardungo da.

              3. SMSa eman zenetik ordubete igaro eta pertsonaren batek deirik jaso ez badu, harremanetarako beste saiakera bat egingo da telefono-dei baten bidez.

                Erantzunik jasoz gero, 10.3.a) puntuan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

                Aitzitik, erantzunik jasotzen ez badu, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak mezu elektroniko bat bidaliko du hautagaiaren helbidera, jaso eta irakurri izanaren agiriarekin, eta berariaz adieraziko dio ezen, ordubeteko epean Koordinazio Zuzendaritzarekin harremanetan jarri ez bada, lan-poltsan lehentasun-hurrenkeraren arabera agertzen den hurrengo pertsonari egingo diola zegokion eskaintza.

              4. Ezin izan bada pertsonarekin komunikaziorik egin SMSa eta posta elektronikoa jaso eta irakurri izanaren agiriarekin bidali ondoren, pertsona hori ezin izango da lokalizatu, eta, beraz, poltsatik kanpo geratuko da.

            4. Zerbitzuak emateko derrigortasuna.

              Eskaintza bat egiten zaion pertsonak dagokion zerbitzua eman behar du, non eta ez dagoen okupatuta edo aldi baterako bajan.

            5. Hautagaia lan-poltsatik kanpo uztea.

              Hauek dira lan-poltsatik baztertzeko arrazoiak:

              1. Hautagaiak bere borondatez uko egitea.

              2. Lanerako prest egon eta lan-eskaintza bati uko egitea.

              3. Euskal Administrazio Publikoen mendeko polizia-kidegoren batean praktiketako edo karrerako funtzionario izendatzea.

              4. Aipatutako epean, 3 egun naturaleko epean, aldi baterako baja-egoerara igarotzeko arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa ez aurkeztea.

              5. Arau-hauste penal bat egiteagatik kondena jaso izana.

              6. Diziplina-espediente bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kenduta egotea, edo funtzio publikoak betetzeko desgaituta egotea. Hala ere, birgaitzearen onura aplikatu ahal izango da, arau penalen eta administratiboen arabera, baldin eta hori dagokion agiri ofizialaren bidez egiaztatzen badu lan-poltsako kideak.

              7. Udalak kargutik kentzea, kontraesaneko administrazio-espediente bat ireki ondoren. Espediente horretan, lanpostua betetzeko gaitasunik eza egiaztatu beharko da, inhibiziorik ez dakarren eta lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duen errendimendu eskasak eraginda.

              8. Lokalizatu ezineko egoeran egotea, posta ziurtatuaren bidez egindako jakinarazpenetik ezarritako epea igarota.

              9. Udaltzaingoko laguntzaile-lanak normaltasunez egiteko behar den gaitasun psikofisikorik ez izatea.

                Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez baztertuko da lan-poltsatik, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak proposatuta.

            6. Udaltzaingoko laguntzaileen poltsaren publizitatea, EAEko toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko.

              Udaltzaingoko laguntzaileen kontratazio-poltsa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean argitaratuko da:

              www.arkauteakademia.eus

              Informazioa izateko, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da:

              www.udaltzaingoak.eus

              Hor azalduko dira: batzorde hori osatzen duten pertsonak (datuak anonimizatuta, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak emandako jarraibideen arabera), oposizio-fasean lortutako puntuazioa, lehentasun-hurrenkeraren araberakoa, justifikatutako uko egiteari buruz ezarritakoa alde batera utzi gabe, eta hautagaiaren egoera.

              Aldizka eguneratuko da argitalpen horren edukia, poltsaren kudeaketan gertatzen diren gorabeheren arabera.

              Hamaikagarrena. Lan-poltsaren indarraldia.

              Lan-poltsa honek bi urteko iraupena izango du, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

              Epe hori igarotakoan, poltsa iraungi egingo da, eta kide guztiek galdu egingo dituzte poltsako kide izatearen ondoriozko eskubideak.

              Hamabigarrena. Dokumentazioa aurkeztea.

              Oposizioko probak eta prestakuntza-ikastaroa gainditu dituzten pertsonek zerbitzua emateko eskatzen zaien toki-korporazioetan aurkeztu beharko dituzte jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak, deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

              Hamahirugarrena. Datu pertsonalen babesa.

              Hautaketa-prozesuan bildutako edo sortutako datu pertsonalak datuak babestearen arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

              Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta fitxategi hori prozesua kudeatzera eta polizia-laguntzaileak aldi baterako kontratatzeko eta izendatzeko sortuko den lan-poltsa kudeatzera mugatuko da.

              Eskabidea aurkezten duten pertsonek berariaz onartuko dute aurkeztutako datuak tratatzea, baldin eta segurtasun-neurriak behar badituzte eta hautaketa-prozedurarako beharrezkoak badira.

              Prozesuan zehar emandako datuak beste administrazio publiko batzuei laga ahal zaizkie, hala eskatzen badute. Titular diren datu pertsonalei dagokienez, berariaz onartu beharko dute lagapen hori egitea nahi duten hautagaiek.

              Hautaketa-prozesuan parte hartzen duten pertsonen informazio-eskubideak bermatzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian kontsultatu ahal izango dira prozesuko zerrendak.

              Eskabidean ageri diren helbidea, telefonoak eta posta elektronikoa baliozkotzat joko dira. Eskabidea egin duenaren erantzukizun esklusiboa da kontsignazioan akatsik badago, edo auzitegiari horren berri ematea.

              Jakinarazpenak egin ahal izateko, eskabidean adierazitakoa hartuko da egoitzatzat, salbu eta ondoren berariaz eta modu sinesgarrian jakinarazten bazaio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari.

              Hamalaugarrena. Argitalpenak.

              Kontaketan berariaz xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan egingo dira. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-taulan argitaratutako data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

              Informazio gisa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean ere kontsultatu ahal izango dira.

              Hamabosgarrena. Errekurtsoak.

              Deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu dezakete administra- zioarekiko auzien jurisdikzioan.

              Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo, harik eta errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo ustezko ezespena isiltasunez gertatu arte.

              Interesdunak jurisdikzio-aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

              Deialdi honetatik, auzitegien jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideak arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

              Arkauti, 2021eko uztailaren 19a.

              Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

              ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik