Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 24koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez behin betiko onartzen baita «ETS-RFVren Arriagako kotxetegien informazio-azterlana».

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 71
  • Hurrenkera-zk.: 2109
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/03/24
  • Argitaratze-data: 2021/04/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Metroaren lineen instalazio osagarri gisa, ezinbestekoa da, ustiapenari dagokionez, estrategikoki banatutako kotxetegiak edukitzea, linean zirkulatuko duen material mugikorra gordetzeko eta mantentzeko. Funtzionamendu- eta eraginkortasun-arrazoiengatik, kotxetegiak trazaduraren inguruan jarri behar dira, ahalik eta ustiapen arrazionalena ahalbidetzen duten lekuetan.

Aurreikuspenok kontuan izanik idatzi zen «ETS-RFVren Arriagako kotxetegien informazio-azterlana» dokumentua.

Informazio-azterlanaren helburua da ETS-RFVren kotxetegien eta haien trenbide-zabaltzaren ezarpen berria aztertzea eta definitzea, egungo Lutxana-Sondika linean, Arriagako tunelaren hegoaldeko ahoaren ondoan, Txorierrin (Erandio, Bizkaia). Era berean, kotxetegietan instalatu beharreko ekipamenduak definitu eta baloratuko dira, bai eta beharrezkoak diren trenbide- eta segurtasun-instalazioak ere.

96,00 metroko luzera eta 51,06 metroko zabalera izango duen nabe bat proiektatu da, gehi lehenengo fasean egikaritutako nabearen handiagotzea, 48,00 x 44,88 metroko neurrikoa. Horrela, nabearen azalera osoa, bi faseak amaitu ondoren, 7.056,00 metro koadrokoa izango da.

Nabearen alboari atxikita, bulegoetarako eta langileen zerbitzurako lokaletarako eraikin bat proiektatu da. Eraikinak bi solairu izango ditu, 584,10 metro koadroko azalera eraikia, eta bulegoak, bilera-gelak, aldagelak, jangela, atsedenlekuak eta komunak izango ditu. Beheko solairuan, tailerren bi lokal daude, nabearekin zuzenean lotuta.

Sarbideak kontrolatzeko garita bat, 48 plazako edukiera duen aparkaleku-eremu bat eta materialak biltzeko 712,00 metro koadroko aire zabaleko eremu bat ere baditu.

2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez behin betiko onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Plan Sektorialaren gidalerroei jarraituz, Zazpikaleetako eta Lezamako geltokien arteko zatia, Txorierriko linea deritzona, Bilboko metroaren sarean integratzen da, metropoli-trenbidearen 3. linearen zati gisa. Eta Etxebarri Iparra eta Lezama artean zabaltzen da, Zazpikaleetako geltokitik igarota.

Sarearen konfigurazio horren bidez, hiri-mugikortasuneko zerbitzuen prestazioa eta kalitatea areagotu nahi dira korridore horretan, zirkulazioen maiztasuna handituz eta material mugikorraren erosotasuna eta gaitasuna hobetuz. Instalazio horien barruan, material mugikorra uzteko kotxetegiei dagozkienak daude; horien flota handitu egingo da, beharrizan funtzionalei erantzuteko, eta, ondorioz, kokaleku berriak sortu beharko dira konposizio berriak hartzeko. Sondika eta Lutxana artean dagoen linearen zatiak Bilboko metroaren 3. linearen eta Etxebarri-Plentzia 1. linearen arteko interkonexio tekniko gisa balio du, eta ertzetan lekua dago kotxetegi gehiago egiteko. Zehazki, Arriagako tunelaren hegoaldeko ahoaren inguruan, BI-735 errepidearen eta Asua ibaiaren ondoan, instalazio horiek kokatzeko aukera ematen duen eremu nahiko zabala eta ia laua dago.

Lehen faseko obrak egiteko hamalau (14) hilabeteko epea zehaztu da. Obren bigarren faserako (funtsean, kotxetegien nabea handitzea), lau hilabete eta erdiko (4,5) epea zehaztu da.

Obra osoaren aurrekontua, Administrazioaren ezagutzarako, hogei milioi bederatziehun eta lau mila eta berrogeita lau euro eta berrogeita bederatzi zentimo (20.904.044,49) da.

Aipatutako informazio-azterlana jendaurrean jarri zen, informazio publikorako, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 5.5 artikuluan eta Trenbide Sektorearen Erregelamendua onartzen duen abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretuaren 10.5 artikuluan aurreikusitako moduan. Horretarako, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko azaroaren 16ko Ebazpena onartu, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta dagokion prentsa-iragarkietan argitaratu zen 2020ko azaroaren 30ean. Horrez gain, Erandioko udaletxearen egoitzetan ere egon zen ikusgai, hogeita hamar egun balioduneko epean.

Izapide horretan alegazio bat aurkeztu zen, eta banakako erantzuna eman zitzaion.

Organo honek eskumena du Sailaren eskumenekoak diren garraio-azpiegituren obra-proiektuak teknikoki onartzeko, hala xedatzen baitu Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak 16.2.b) artikuluan.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

Informazio publiko eta entzunaldiko espedientea onartzea eta behin betiko onarpena ematea «ETS-RFVren Arriagako kotxetegien informazio-azterlana» izeneko dokumentuari.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi (2) hileko epean, hargatik eragotzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.