Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 6koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen zaio Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko Aztarnategi Arkeologikoa eta bere ingurua, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Zona Arkeologikoaren kategorian, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 183
  • Hurrenkera-zk.: 4724
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/06
  • Argitaratze-data: 2021/09/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumenaz baliatuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoaren eta bere inguruaren balio kulturalak ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

Lehenengoa. Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa eta bere ingurua, babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, eremu arkeologikoaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako mugaketa, II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa eta bere inguruari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena. Arrasate/Mondragoneko (Gipuzkoa) Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoa eta bere ingurua, eremu arkeologikoaren kategorian, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta eta babes-araubide partikular gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Arrasate/Mondragoneko Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketarako Sailei jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena. Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea Arrasate/Mondragoneko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketarako Sailei, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari baita Alvaro Arrizabalaga Valbuena jaunari ere.

Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 6a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

Hauek dira Lezetxikiko Zona Arkeologikoa osatzen duten guneak: Lezetxikiko kobazuloetan eta beheko galerietan (Leibar eta Lezetxiki II) dauden interes arkeologiko eta paleontologikoko aztarnategiak, eta Lezetxikiko Harpearen aterpea (1. zona), bai eta babes-ingurune bat ere, etorkizunean aipatutako guneak babestuta egongo direla bermatzeko (2. zona).

Proiekzio kartografikoan, Lezetxikiko Zona Arkeologikoak poligono forma du, eta bideek, erreken ibilguek, lursailen mugek eta sestra-kurbek zehazten dituzte poligono horren aldeak.

Erpin nagusiek, berriz, koordenatu geografiko hauek dituzte:

(Ikus .PDF)

Mugaketa modu zehatzagoan identifikatzeko, planoa erantsi zaio eranskin honi.

(Ikus .PDF)

Lezetxikiko Zona Arkeologikoa Garagartza auzoan dago (Arrasate/Mondragón), Bostate mendiaren ekialdeko hegalean, Kobate errekaren haranaren ondoan (lehen Bostiturrixeta esaten zitzaion). Bere oinarrian dagoen substratu geologikoa kareharri urgondarrez dago osatuta. Bertan, partzialki desegindako barrunbeak dituen sare karstikoa eratu da (besteak beste, Lezetxiki), edo gaur egun aterpe-itxura duten eremuak; Lezetxikiko Harpea, adibidez.

Lezetxikiko tunel-kobazuloko aztarnategiek eta Leibar eta Lezetxiki II kobazuloek osatzen duten multzoa da ondasunaren nukleo nagusia. Azken indusketen emaitzen arabera, gune horiek beheko kota batean kokatutako galeria bereko bi tarte edo segmentu dira. Barandiaranek Lezetxeko barrunbe txikia induskatu zuen, eta Lezetxiki kobazuloko beste sektore bat gehiago zela esanez deskribatu zuen, baina Lezetxikiko barrunbe nagusiko bigarren mailako galeria bat da, eta Lezetxikiko barrunbe-sistema horren barruan sartzen da topografikoki. Lezetxikiko hegoaldeko muturretik 15 bat metrora, Lezetxikiko Harpearen aterpea dago. Aterpearen hormaren forma oso kurbatua denez, pentsa liteke tunel-barrunbe kolapsatu baten hondarra izan daitekeela (Lezetxikikoa bezalakoa), baina ezin da baztertu Lezetxikikoaren beste tarte bat izatea, nahiz eta goragoko kota batean kokatuta egon.

Lezetxikiko aztarnategiaren sekuentzia estratigrafikoak erakusten duenagatik, gizakiak kobazuloa okupatu zuen Erdi Pleistozenoaren amaieratik hasita, Goi Pleistozenoan zehar, eta Brontze Arora arte, jada Holozenoan. Gizataldeen okupazio edo bisitaldi horiez gain, txandaka eta zenbait fasetan, urtsidoek eta beste haragijale batzuek aterpe edo babesleku gisa erabili zuten kobazuloa. Lezetxikiko sekuentzia horrek, gainera, aparteko balioa du; izan ere, Homo Heidelbergensis, Neandertal eta Sapiens modernoaren edo egungoaren hezur-hondarrak eman dituen aztarnategi bakarra da. Lezetxiki da, gainera, EAEn hedadura eta sakonera handiena duen aztarnategi paleolitikoa. Hain zuzen ere, musteriense klasikokoak eta, bereziki, antzinako Erdi Paleolitokoak izan daitezkeen mailak beren potentziagatik nabarmentzen dira. Azken horiek 90.000 urte baino gehiago dituzte. Ikuspuntu paleontologikotik, Lezetxikik interes handiko fosilak eman ditu, eta, horri esker, hobeto uler daitezke testuinguru paleoanbientala eta metakinaren eraketa-prozesuak.

Lezetxikik, gainera, balio historiografiko ukaezina du euskal arkeologiaren esparruan. Jose Migel Barandiaranek 1956 eta 1968 arteko kanpainetan egindako indusketei esker, historiaurreari buruzko ikerlarien belaunaldi oso bat trebatu zuen, eta ikerlari horiek lekukoa hartu zuten gero, Euskal Herrian zein kanpoan beste talde batzuk prestatuz eta gidatuz.

Lezetxiko Harpea ez da sistematikoki induskatu, baina Besaide Espeleologia Taldeak hainbat material berreskuratu zituen 1975ean egindako laginketan, eta material horiek potentzial arkeologiko handiko sekuentzia bat aurreratzeko aukera ematen digute. Sekuentzia hori Lezetxikikoaren garai berekoa da, zati batean bederen; eta, agian, Lezetxikikoarekin erlazionatzeko modukoa ere bai. Topografikoki, ezin da baztertu galeria bera osatzea Lezetxikirekin batera. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da honako hau ere Zona Arkeologiko berean sartzea.

Lezetxikiko Zona Arkeologikoak bere mugaketaren barruan hartzen dituen gune, aurkikuntza, eraikuntza eta egitura guztiei aplikatuko zaie babes-araubide partikular hau. Aipatutako eremua Arrasate/Mondragón udalerrian dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera idatzi da. Lezetxikiko Zona Arkeologikoa babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko izapidearen parte da, eta lehentasuna izango du hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnekiko, lege horren 47.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Lezetxikiko Zona Arkeologikoari babes bereziko maila eman zaio, EAEko ondare-balio bikainak dituelako, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 8.1 artikuluak adierazten duen moduan. Hauek dira aipatutako balioak:

Lezetxikiko aztarnategi guztien sekuentzia estratigrafikoaren hedadura eta potentzia, batez ere Erdi Paleolitikoko eta Behe Paleolitikoko faseetarako, zeinak Erdi Pleistozenoko azken garaira arte heltzen baitira, duela 150.000 urte baino gehiagora arte, alegia.

Bertan aurkitu izana euskal erregistro paleoantropologikoko giza hezurrik antzinakoena; zehazki, Homo Hiedelbergensis motakoa izan zitekeen emakume baten humeroa, zeinaren datazio absolutu zuzenak 164.000 urte inguruko antzinatasuna ematen baitu gutxienez. Gainera, bi hortz-pieza ere aurkitu dira, ziurrenik neandertalenak.

Aztarnategiak euskal arkeologiaren historiarako duen balioa; izan ere, historiaurreari buruzko ikerlarien belaunaldi oso bat aztarnategi horretan egindako indusketa-kanpainetan trebatu da, eta, 50 urte baino gehiagoan, guztiz modu aitzindarian, datazio absolutuko teknika berriak eta diziplinarteko azterlanak erabili izan dira hor.

Lezetxikiko Zona Arkeologikoa babes berezikotzat hartuko da Arrasate/Mondragón udalerriko hirigintza-plangintzako tresnen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune honen antolamenduari dagokionez, plangintza-tresna horiek bat etorriko dira babes-araubide partikular honetan zehaztutako ezaugarrietara; izan ere, babes-araubide partikular hau berariaz prestatu da eremua modu egokian mantendu eta babestu dadin. Nolanahi ere, horiek onartzeko, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena beharko da, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Baldin eta kultura-ondasun honen babes-araubide partikularra eratu baino lehenago idatzitakoak badira plangintza-tresnak, egokitu egin beharko dira, babes-araubide partikular honek araututako babes-neurriekin bat ez badatoz edo babes-neurrien aurka egiten badute.

Lezetxikiko monumentu-multzoaren babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, bi zona bereizi behar dira:

  1. zona. Babes zorrotzeko eremua.

    Eremu horretan sartzen dira Lezetxikiko eta Lezetxeko aztarnategiak, Lezetxikiko iparraldeko muturreko albo-barrunbe sekundarioa, eta Lezetxikiko Harpearen aterpea. Eremu horietan baimenduko diren erabilerak zientifikoak eta kontserbazioaren arlokoak izango dira, bai eta ondasunari balioa ematearen ingurukoak ere, baina, azken kasu horretan, soilik zabalkundeari dagokionez.

  2. zona. Babes-ingurunea.

    Eremu zabalagoa, aurrekoaren perimetroa inguratzen duena. Inguruko eremu horretan arautu behar dira Lezetxikiko Zona Arkeologikoaren babesa bermatzeko erabilerak eta jarduerak, kutsadura bisual eta akustikoko arriskuei aurre eginez, baldin eta kutsadura-mota horiek Zona Arkeologikoaren erabilera zientifikoa, kontserbazioa eta zabalkundea eragotzi edo oztopatu badezakete. Era berean, ez dagoenez zehatz jakiterik zeintzuk diren Lezetxikiko aztarnategiak hegoalderantz dituen mugak eta Lezetxikiko Harpeak dituenak, alboko ingurune endokarstikoa ere babestu nahi da; izan ere, etorkizuneko ikerketek lotura edo korrelazio oso zein partzialak finka ditzakete inguru horretan aurki daitezkeen beste aztarnategi arkeologiko batzuekin (ikus I. eranskineko planoa).

Oro har, eta aurrez zehaztutako babes-mailaren arabera, jarraitu beharreko irizpidea da ez baimentzea Zona Arkeologikoko aztarnategiak arriskuan jarri edo honda dezaketen erabilerarik eta jarduerarik, ez bakarrik higiezinen hondakinak suntsitzeari dagokionez (ikus daitezkeen barrunbeak zein lurpean ezkutatuta daudenak), baita metakin arkeologikoaren sekuentzia estratigrafikoa alda dezakeen edozein jarduketa ere.

Babes-araubide partikular honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ezarritako babesaren aurkako erabilera eta jardueratzat joko da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondare gaietan eskumena duen sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide partikular honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.

  1. Baimendutako erabilerak eta jarduerak: erabilera kulturala, ikerketa eta zabalkundea.

  1. zonan, erabilera zientifikoak eta kulturalak baino ez dira baimenduko. Planteatutako esku-hartzeak soilik izango dira ingurua finkatzekoak, kontserbatzekoak eta/edo zaharberritzekoak eta balioa ematera bideratutakoak, bai eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 64. artikuluan aipatutako ikerketa arloko jarduera arkeologikoak ere.

    Zona honetan, jarduera kulturalak egin eta sustatu ahal izango dira, betiere aztarnategiko hondarren kontserbazioarekin bateragarriak badira, eta tokiari eta bertako ondareari buruzko ezagutza hedatzen laguntzen badute. Babestutako eremua kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da, gunea bisitariak hartzeko egokituta. Horretarako, ondasuna sendotzeko egitasmo xumeak egingo dira, irisgarritasuna hobetuko da, eta egitasmoen berri emateko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira.

  1. zonan baimendutako jarduera kulturalak eta ikerketa zientifikoko jarduerak egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen organoaren baimena izatea, eta baimen horrek bermatu beharko du egingo den jarduera bateragarria dela aztarnategia kontserbatzearekin. Gainera, arkeologiaren arloko profesional batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

  2. Ikerketa-proiektuek bete behar dituzten baldintzak.

  1. zonan egingo diren jarduera zientifikoak (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak eta abar) aztarnategi osoa aztertzeko balioko duen programa arrazional baten barruan egongo dira, eta, horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzen lagundu beharko dute, hari dagokion balioa eman ahal izateko etorkizunean.

    Zona honetako irizpide orokorra hauxe izango da: ahalik eta gehien murriztea bertan egingo diren mota guztietako esku-hartzeak, baldin eta esku-hartze horiek sedimentu arkeologikoa eta euskarri-arroka eraldatzen badituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpide horrekin aztertu beharko ditu baimena jasotzeko aurkezten diren proiektuak.

    Jarduera arkeologikoak egin behar badira, eta jarduera horien ondorioz lurrak atera edo mugituko badira, soilik pertsona hauei emango zaie jarduera horiek zuzentzeko baimena: esku-hartze zonako garai historikoetara egokitzen diren unibertsitate-prestakuntza eta ikerketa-esperientzia egokia egiaztatzen dutenei.

    Esku-hartze proiektuarekin batera, kasu guztietan adierazi beharko da zeintzuk diren natura-esparrua eta hango aztarna arkeologikoak modu egokian kontserbatuko direla ziurtatzeko egin beharreko jarduerak, baita berreskuratutako interes arkeologiko eta paleontologikoko materialak modu egokian tratatuko direla ere, harik eta gordailu-zentroan entregatu arte, indarrean dagoen araudiaren, betearazpen-egutegiaren, eta aurrekontuaren eta finantzaketaren arabera. Proiektuak baldintza horiek betetzen ez baditu, esku hartzeko baimena ukatu ahal izango da.

    Indusketa arkeologikoko lanek ziurtatu egin beharko dute lurrak erretiratzeko lanak aldez aurretik antolatuko direla, eta indusketa-proiektuan proposatu beharko da zein gune aukeratuko diren aldi baterako edo behin betiko hondakindegi edo biltegi gisa, laborategian prozesatuko ez diren soberako sedimentuetarako. Soberako lurren biltegia behin betikoa bada, aukeratuko den tokiak oso alterazio txikia izan beharko du lurzoruari dagokionez, eta, edonola ere, aplikagarria den ingurumen-araudia bete beharko da. Behin betiko hondakindegia ezin izango da inolaz ere 1. zonaren barruan kokatu.

    Indusketa arkeologikoko proiektuek aurreikusi beharko dute zein egoeratan geratuko den aztarnategia, indusketa-kanpaina bakoitzaren amaieran. Induskatutako eremua betetzen ez bada, arrazoi zientifikoen bidez justifikatu beharko da, edo, bestela, adierazi beharko da zonari balioa eta zabalkundea eman nahi izan zaizkiola, bisita publikoko programa baten bidez. Nolanahi ere, kanpaina bakoitzean baimentzen diren proiektuetan, babeserako gailu fisikoak aurreikusi beharko dira, amilburuen egonkortasuna ziurtatzeko eta induskatutako zonaren barruan pertsonak eta objektuak erortzeko arriskuaz ohartzeko.

    Ikerketa-programaren amaieran, indusketen ondoriozko profil malkartsua mantentzea planteatzen bada, amilburuak sendotzeko, estaltzeko eta abarrerako neurriak hartu beharko dira, denboran zehar ez dadin aztarnategia hondatzeko edo eraldatzeko arriskurik egon. Aztarnategia ixteko konponbide teknikoa edozein dela ere, ikerketa-proiektuaren arduradunak eta kultura-ondasunak kontserbatzeko titulu ofizial gaitua duen pertsonak sinatutako proiektu bat izango da, eta betearazpen- eta mantentze-kostuen azterlan ekonomikoa ere jasoko du. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko du.

    Ikerketa-planaren baimena eskatzeko aurkezten den proiektuak bermatu egin beharko du baldintza horiek guztiak betetzen dituela. Hala ez bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak, onarpena eman baino lehen, proiektua aldatzeko eskatuko du, baldintza horietara egokitu dadin.

  1. Kontserbaziorako eta balioa emateko proiektuek bete behar dituzten baldintzak.

    Aztarnategiak sendotu eta lehengoratzeko, itxiturak jartzeko, informazio-panelak instalatzeko eta abarrerako planteatzen diren proiektu guztietarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da beti, eta, horretarako, erakunde sustatzaileak proiektu bat aurkeztu beharko du. Proiektu horretan, egin nahi den lanaren ezaugarriak zehaztuko dira, eta esku-hartze hori ahalik eta txikiena izango da eta izaera itzulgarria izango du. Proiektua gauzatzerakoan, ikuskapen arkeologikoak egingo zaizkio.

    Zona Arkeologikoari balioa emateko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, eta, horretarako, kultura-ondasunen kontserbazioaren arloan akademikoki gaitutako profesionalek aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa bat finkatu beharko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna izango da berme horiek eskatzea proiektua sustatu duen administrazio edo erakunde pribatu zein publikoari, jarduera gauzatzeko baimena eman aurretik.

  2. Ikerketarako, kontserbaziorako eta balioa emateko proiektuetarako eraikuntza-jarduerak eta instalazio berriak.

    Soilik baimenduko dira 1. zonaren perimetroa ixtera bideratutako eraikuntza-jarduerak, bai eta, ikerketa-, kontserbazio- eta zabalkunde-lanak egiterakoan, zona horretan dauden pertsonen segurtasuna hobetzera bideratutako jarduerak ere. 1. zonaren barruan ezin da etxola aurrefabrikaturik edo antzeko eraikinik jarri, ezta aldi baterako ere.

    Eremu horretan beste mota batzuetako instalazioak jartzea planteatuko balitz, soilik baimenduko lirateke ikerketarako, eremuari balioa emateko, edo multzoa kontserbatu edo mantentzeko beharrezkotzat jotzen direnak, bai eta arriskuen prebentziorako eta pertsonen segurtasunerako direnak ere.

  1. Erabilera eta jarduera zientifiko-kulturalak.

  2. zonan egin beharreko ikerketa zientifikoko proiektuetan, baita ikerketa arkeologikokoak ez diren proiektuetan ere, lurrak mugitu beharko balira edo lurpeko barrunbeetara sartu beharko balitz, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoaren aldez aurreko baimena beharko da.

  1. eremuan planteatzen diren prospekzio arkeologiko edo espeleologikoak, betiere lur-mugimendurik gabeko zuzeneko esplorazioaren bidez egindakoak (modu bisual hutsez edo gainazala arakatzeko gailu ez-inbaditzaileen bidez georradar motakoak), proiektu baten xede izango dira, eta bertan zehaztuko da zein den helburua, esploratuko den eremua, eta landa-lanean erabiliko den metodologia. Gipuzkoako Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen departamentuaren jakinarazpenerako bidalitako komunikazioarekin batera aurkeztuko da proiektu hori, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera. Landa-lanak amaitzean, emaitza edozein dela ere, amaitu direla jakinaraziko da, eta emaitzen memoria bidaliko zaie administrazio interesdunei, indarrean dagoen araudiaren arabera.

    Erabat debekatuta dago 2. eremuan metal-detektagailuak erabiltzea aisialdirako eta jolaserako, edo aldez aurretik baimendutako ikerketa-proiektu baten esparrutik kanpo.

  1. eremua bisita-ibilbideetan integratu ahal izango da, Bostate inguruko ondarearen, kulturaren eta naturaren zabalkundea egiteko asmoz. Alde horretatik, 2. zonan jartzen diren seinaleak eta kartelak (tokiaren interes kulturala adierazteko eta hura interpretatzen laguntzeko jarritakoak, alegia), aztarnategietan ahalik eta inpaktu txikiena izateko moduan jarriko dira.

  1. Basoen erabilera.

    Baimenduta dago gaur egungo baso-erabilera, baina ez da baimentzen zuhaitz-masen landaketa berririk, salbuespen batekin: Kobate errekaren alboetan, ibaiertzeko basoa berreskuratzeko beharrezkoak diren landaketak. Zuhaiztietan, guztiz debekatuta daude arraseko mozketak eta matarrasak. Zuhaitzik moztu behar izanez gero, kontuan hartuta inguru horretako lurzoru karstikoa oso hauskorra dela, ikuspuntu naturaletik zein kulturaletik, neurri hauek hartu beharko dira:

    Mozketa baino ez da onartuko, sustrairik erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin, egurra mozteko edo ateratzeko.

    Egurra ateratzeko ez da makineria astunik erabiliko, eta saihestu egingo da ibilgailu astunak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez, txirrikak erabiliko dira edo eskuz aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategietan zenbaterainoko kaltea egin dezaketen kontuan hartuta. Baldintza horiek guztiak arkeologia-arloko profesional batek aldez aurretik landutako txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

    Nolanahi ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloko eskumena duen organoari, eta hark eman beharko du baimena, aipatutako jarduerak egin aurretik.

  2. Abeltzaintza-arloko erabilera.

    Inguru horretako jarduera tradizionala denez, eta lursailaren egungo landaredia mantentzen lagundu dezakeenez, abeltzaintza estentsiboa baimenduta egongo da inguru horretan. Hala eta guztiz ere, jarduera hori bideragarria izango da, baldin eta ez bada instalatu behar naturgunekoa ez den eta abereak ukuiluratzeko edo ustiatzeko erabiltzen den egiturarik.

    Babes-araubide berezi honek berariaz debekatzen ditu jarduera horretarako behar diren instalazioak edo eraikuntzak, ganadua kontrolatzeko itxiturak izan ezik.

  3. Eraikuntza-arloan baimendutako erabilerak eta jarduerak.

    Eraikuntza-arloan baimenduko diren erabilera eta jarduera bakarrak Zona Arkeologikoa ikertzeko eta/edo haren zabalkunde kulturala egiteko beharrezkotzat hartutakoak izango dira. Soilik baimenduko dira, baldin eta aztarnategia ikertzeko eta hari balioa emateko proiektu global batek (eskumena duen teknikari arkeologo batek sinatuta) egokitzat eta beharrezkotzat jotzen badu.

    Nolanahi ere, ezertan hasi aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloko eskumena duen organoak baimendu beharko du proiektua, hargatik eragotzi gabe dagokion udal hirigintza-lizentzia izapidetzea. Lizentzia hori ezin izango da eman Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimenik gabe.

    Zona Arkeologikoaren barruan onartuko diren eraikin bakarrak aldi baterako etxolak edo estalpeak izango dira, eta horiek muntatu, instalatu edo desmuntatzeagatik ez da zorupea eraldatuko. Elementu horiek instalatu izana justifikatzen duen programa amaitzen denean, kendu egin beharko dira.

Espresuki debekatzen da motordun ibilgailuak erabiltzea babes-eremuaren barruan, eta, bakar-bakarrik onartuko dira, behar bezala justifikatzen denean segurtasunagatik, zainketagatik, suteengatik eta eremuaren balio kultural eta naturalak ikertu edo kontserbatu beharragatik.

Debekatuta dago pista berriak irekitzea.

Soilik onartuko dira 1. zonarako irisgarritasuna kontserbatzeko eta hobetzeko jarduketa puntualak, baldin eta dauden bide eta bidezidorretan esku hartzen bada. Jarduketa horiek, gainera, ezinbestekoak izan beharko dute ondasuna ikertzeko, kontserbatzeko eta balioa emateko, eta ahalik eta esku-hartze txikiena egin beharko da eta esku-hartze horrek itzulgarria izan beharko du. Nolanahi ere, jarduera horiek egiteko proiektu bat prestatu beharko da, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak baimendu beharko du.

Utzi beharko zaie 1. zonako aztarnategi arkeologokioetarako sarbidea ikerketarako edo kontserbaziorako programa baten esparruan jardun behar duten pertsonei, baina, betiere, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak aurretik baimena eman badu.

Une puntualetan zona induskatuetara sartzea eskatzen duten ikerketako edo azterketako jardueretarako ere aldez aurreko baimena behar da, nahiz eta egin beharreko lana miaketa bisual hutsa edo amilburuen eta lurzoru-koten dokumentazio geometrikoa izan, edo beste edozein jarduera izan, lurra iraultzea edo arrokazko hormak aldatzea ez badakar ere. Nolanahi ere, 1. zonan sartzeko eta egoteko, dagokion baimenaren baldintzak bete beharko dira eta ondare arkeologikoaren arloan eskumena duten Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoetako langileek zuzenean ikuskatu edo gainbegiratu ahal izango dute.

1956 eta 2017 bitartean induskatutako zonara asmo dibulgatzaile hutsekin sartzeari dagokionez, Arrasateko Udalak, Lezetxiki, Lezetxe, Leibar eta Lezetxiki II kobazulo aztarnategidunak dauden lursailen gaur egungo jabea denez, bisita programa bat ezarri ahal izango du, jendeak aztarnategiak ikusi ahal ditzan. Programa horri dagokion proiektua egin beharko zaio eta proiektua horren aldeko irizpena eman beharko du Gipuzkoako Foru Aldundian ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoak.

Nolanahi ere, asmo dibulgatzaile hutsa duten bisiten esparruan, erabat debekatuta egongo da Lezetxiki, Leibar eta Lezetxiki II-n induskatutako espazioaren barruko lurzorura sartzea. Itxituraren barruko bisitak talde oso txikietan egingo dira beti, aztarnategiak ezagutzen dituen eta arkeologiaren arloan gaitasun akademikoa duen pertsona batek gidatuta. Gidariak kontrolatuko ditu sarbidea, eta baimendutako proiektuan ezarritako arauak eta segurtasun-baldintzak betetzen direla. Bisitariak ibiltzeko eta egoteko ondo mugarritutako eremuak erabiliko dira bisitaldietan, bisitak irauten duen bitartean, eta beraz, induskatutako zonaren ertzen artean eta bisitarien artean nahikoa distantzia egon behar du, bisitarien segurtasuna bermatzeko eta induskatutako ertz horiek behar bezala kontserbatzeko.

Jendearentzako bisita-programarik ez dagoen bitartean, Lezetxikiko galeriako esparru itxira eta 1. zonan dauden behe-barrunbeetara sartu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak aldez aurretik baimena eman beharko du. Arrasateko Udalak, esparruaren jabetza duen erakunde publikoa denez, bisitaldi horietan aztarnategien integritatea eta bisitarien segurtasuna ziurtatzeko baliabideak ipini beharko ditu, eta horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza teknikoa eskatu ahal izango dio.

Lezetxikiko Zona Arkeologikoa babesteko araubide berezi honetan esku hartzen duten administrazio publikoetan -Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Arrasateko Udala- kultura ondarearen arloan eskumena duten sailetako zerbitzu teknikoek sarbide mugagabea izango dute aztarnategi hauetara, aztarnategiak aztertzeko, kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko, bai eta aztarnategien zabalkundea egiteko ere. Hiru administrazioen arteko koordinazioa ahalik eta gehien zainduko da, lanak beharrik gabe bikoiztu edo elkarren artean gainjarri ez daitezen.

Bostate hegala ia osorik baso-plantazioez eta abeltzaintza estentsiborako hesitutako lursailez okupatuta dago. Bostate baserriko aurriak dauden inguruetara lur orotako ibilgailuan irits daiteke eta handik oinez jaitsi behar da, bide-zoru irregularra duen garai bateko baso-pista batetik, Lezetxikiko tunelaren ipar ertza dagoen tokiraino. Hala ere, barrunbeetako zonan mugitzea zaila da, lursailaren izaera karstikoak eragiten duen topografia malkartsua dela eta; horri gehitu behar zaizkio 10 m baino gehiagoko sakonerarekin induskatutako zonek dakartzaten hausturak eta hegalak gune horretan duen inklinazio-maila handia. Horregatik da oso zaila Lezetxikiko aztrarnegietarako irisgarritasun unibertsala ziurtatuko duten neurriak ezartzea, ondasuna bera aldatu gabe eta ingurunea guztiz artifizial bihurtu gabe. Nolanahi ere, babesteko araubide bereziak bidea ematen du irisgarritasuna hobetzeko, ahalik eta esku-hartze txikienaren eta itzulgarritasunaren printzipioa erabilita, eta, betiere, kutsadura bisuala eta akustikoa ekar dezakeen azpiegiturarik ezarri beharra ez baldin badago.

Seinaleak berritzea edo eguneratzea erabakiz gero, diseinuan irisgarritasuna bermatu behar da, zona horretara joan daitezkeen pertsonen dibertsitate funtzionala kontuan hartuta.

Ez da antzeman in situ kutsadura bisuala edo akustikoa eragin dezaketelako, ondasunaz gozatzeko kaltegarri izan daitezkeen elementuak daudenik, 1. zonaren barruan dauden informazio-seinale hondatuak izan ezik. Hondatutako seinaleak kendu egin behar dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, 1. zonako aztarnategien egungo egoera aztertu beharko du, ikerketaren, kontserbazioaren eta zabalkundearen ikuspegitik, Zona Arkeologikoa Ikertzeko eta Kontserbatzeko Plan Zuzentzailea (babestu beharreko ingurunea barne) lantzeko. Azterketa horren helburua da ikerketaren eta zaintzaren arloan jarduteko premiak ezartzea eta lehenestea. Plan honen barruan ikerketa arkeologikoa eta espeleologikoa sustatzea komeni dela planteatu behar da, horrela, hegalaren endokarsta eta beraren potentzial arkeologikoa hobeto ezagutzeko. Planteatu beharko dira, halaber, eta, hala egokituz gero, lehenetsi ikerketako eta zaintzako premiak 1. zonan, hala nola (aditzera emateko asmoz, zehatz-zehatza ez bada ere): indusketa zaharren amilburuak sendotzea; interesik gabeko zonetan induskatutako azalerak estaltzea, horietan indusketa berririk egiteko asmorik ez badago edo ia aztarna arkeologikorik ez badaukate; Lezetxiki kobazuloa babesten duen itxitura edo hegoaldeko ertzeko estalduraren egitura zabaltzea, hobetzea edo ordeztea. Ezarri beharko dira, halaber, polizia-agintariekin koordinatuta, lapurretak ekiditeko babes- eta zaintza-neurriak, bai eta zona arkeologikoko eta haren babes-inguruneko aztarnategien integritatea arriskuan jar dezaketen bestelako jarduerak saihesteko ere.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.