Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 6koa, Kulturako sailburuordearena. Horren bidez, hasiera ematen zaio Bilbon eta Getxon (Bizkaia) kokatutako Bilboko Lehengo Saneamendu Sarea babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentu Multzoaren kategorian, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 183
  • Hurrenkera-zk.: 4725
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/06
  • Argitaratze-data: 2021/09/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Bilboko Lehengo Saneamendu Sarearen balio kulturalak ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

Lehenengoa. Bilbon eta Getxon (Bizkaia) kokatutako Bilboko Lehengo Saneamendu Sarea babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, Monumentu Multzoaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako mugaketa, II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubidea.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du Bilboko Lehengo Saneamendu Sareari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena. Bilbon eta Getxon (Bizkaia) kokatutako Bilboko Lehengo Saneamendu Sarea, Monumentu Multzoaren kategorian, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta eta babes-araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Bilboko eta Getxoko udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena. Espedientea izapidetzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenen arabera.

Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea Bilboko eta Getxoko udalei, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, Metro Bilbao SA.ri, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugarteari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari.

Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 6a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

Bilboko Lehengo Saneamendu Sarearen Monumentu Multzoaren mugaketa grafikoa eranskin honetan adierazitakoa da.

Multzoa zazpi eremuk osatzen dute, sare jarraitua osatuz; hasieran batuta egon ziren arren, orain ez daude elkarren segidan.

Lehenengoa Elorrietako Ponpaketa-estazioa da, eta, hain zuzen ere, bat egiten du Bilboko San Inazio auzoko Carmelo Larrea lorategien eremuarekin.

Bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak Getxoko bost malakateen kanpoko lerrokadurekin egiten dute bat.

Zazpigarrena eta azkena Galeako itsaslabarretan dago, eta Tunelboka eraikinaren kanpoko lerrokadurekin eta Tunelboka hondartzan dagoen hustubideko karkabarekin osatzen da.

BABES-INGURUNEAREN MUGAKETA

Elorrietako Ponpaketa-estazioari dagokion babes-eremuak Orixe kalearen ondoko tartea hartzen du.

Malakateek 4 metroko babes-eremua dute eraikinaren perimetro osoan, fatxada nagusian izan ezik; kasu horretan, neurria 6 metroraino luzatzen da.

Tunelbokari dagokionez, izen bereko hondartzak eta inguruko amildegiek hartzen duten eremua mugatzen da.

Multzoa eta haren ingurunea mugatzeko, ikus erantsitako planoak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Bilboko Lehengo Saneamendu Sarearen instalazioa, 1900. urtearen inguruan eraikia, berritzailea izan zen alderdi askotan; esate baterako, estatuko lehen bereizketa-sarea izan zen, aparatu teknikoak gehitu zituen (besteak beste, gaitasun handiko ponpaketa-estazio bat, dorre piezometriko batez hornitua), eta, lehen aldiz Europan, arazketa bakteriologikoko sistema bat erabili zuen.

Sare horretan sartzen da Elorrietako (Bilbao) Ponpaketa-estazioa, bai eta Galeako Tunelaren edo ur beltzen sarearen azken zatiko zenbait elementu nabarmen ere. Aipatutako azken gune hori ponpaketa-estaziotik 10 km-ra dago, Getxoko udalerrian.

Elorrietako instalazioetan makinen eraikina dago, eta lurpeko andel erregulatzaile bat ere badago, Carmelo Larrea lorategien azpian. Hala ere, instalazioko beste elementu berezi batzuk (dorre piezometrikoa, makinen errekuntza-keen irteera, edo araztegiaren zabalgunea, besteak beste) desagertu egin dira.

ELORRIETAKO PONPAKETA-ESTAZIOA

Elorrietako Ponpaketa-estazioa arkitektura industrial txukuneko eraikina da, Ingalaterrako, Frantziako edo Belgikako tradiziorik onenean egindakoa.

Lurpeko lau gela angeluzuzen ditu, baterian jarriak; horietatik bi bakarrik, erdikoak, urbanizazioaren mailaren gainetik ateratzen dira. Ateratzen diren gela horiek bolumen bat sorrarazten dute, adreiluzko bi gorputz atxikiz osatutakoa. Horietako bakoitzak 12 metro zabal du, lau isurialdeko zinkezko estalki banarekin. Lurzoruaren barne-kota urbanizazioaren sestra baino 4 metro beherago dago, baina itsasgoraren maila baino 2 metro gorago. Bolumen hori, guztira, 24,5 m x 17 m-koa da oinplanoan, eta berezitasun bat du: ekialdean kokatutako gorputz nagusiak 2,7 metroko irtengunea du ondoko gorputzarekiko, sarbidearen fatxadan, Orixe kalerantz (iparraldean).

Irteten diren gorputzen artean, nagusiak ponpa-gela du, eta bigarren mailakoak, berriz, galdara-gela. Ponpa-gelaren ondoko esparruan, sestra azpian, mantentze-lanetarako tailer bat zegoen, bai eta langileen komunak eta aldagelak ere. Galdara-gelaren ondoko esparrua, sestra azpian, eraikina inauguratu ondoren erantsi zen, eta hasieran ikaztegi gisa funtzionatu bazuen ere, 40ko hamarkadatik aurrera sutegi gisa erabili izan zen.

Konposizioari dagokionez, bi gorputzetako fatxadak pilastrekin mugatzen dira, eta modu klasikoan osatzen dira basamentuarekin, gorputzarekin eta errematearekin.

Basamentua kareharrizko harlanduzkoa da.

Gorputza adreilu prentsatuz eginda dago, eta berdinak diren hutsune handiz osatutako seriazioa du (4 daude gorputz nagusiaren alboko fatxadan ponpa-gela, eta 3 bigarren mailako gorputzaren aurrealdeko, atzealdeko eta alboko fatxadetan galdara-gela). Erremate gisa, alboetan pilastrak ditu; goialdean, beheratutako arkuak, harearrizko salmerekin eta giltzarriarekin; eta behean, azkenik, harearrizko leiho-barrenak. Seriea bereizi egiten da sarbide bat formalizatu behar denean, eta sarbidea beti erdiko baoan kokatzen da. Hori gertatzen da, esate baterako, ponpa-gelaren fatxada nagusiko sarrera nagusian (Orixe kalean), ikatza sartzeko sarbidean (galdara-gelaren fatxada nagusian itxita dago) eta galdara-gelaren alboko fatxadan dagoen bigarren mailako sarbidean.

Errematea hareharrizko erlaitz jarraitu bikoitzarekin dago eginda, eta erlaitz horrek adreiluz eraikitako friso liso bat inguratzen du. Beheko erlaitzak zabalera eta presentzia handiagoa du, eta, erremate gisa, behean hiru adreilu-banda mailakatu ditu. Frisoa hareharrizko harlanduz dago apainduta, sarbideen baoen gainean. Sarrera nagusiak erremate bat du: hareharrizko kanpai-horma bat, Bilboko armarriaren behe-erliebearekin.

Jatorrizko arotzeria egurrezkoa zen, panelduna eta gillotina erako irekidurarekin; duela gutxi, aldiz, pintatutako beiradun altzairuzko marko sinple bat jarri da haren ordez. 40ko hamarkadan, «z» motako kontraleihoak jarri zitzaizkion kanpoan, baina gaur egun desagertuta daude.

Geletara sartzeko, beherantz zihoazen eskailera bana zeuden. Ponpa-gelara zihoanak, zehazki, trazadura inperiala zeukan. Biak burdinurtuz egindakoak ziren, sareta-trenkada eta burdina forjatuko balaustrea zituzten, eta zurezko baranda. Eskailera inperialaren hasieran, Ereñoko marmolez egindako bi maila trinko zeuden. Biak desagertu dira, baina oraindik ere kontserbatzen dira marmolezko mailak, bai eta horiek berreraikitzeko aukera emango luketen pieza batzuk ere.

Eraikinak lau isurialdeko zinkezko bi estalki ditu, erreten estaliarekin eta zurezko ziri-oholarekin. Estalki horiek linternoi banarekin daude errematatuta gailurraren lerroan, gelak aireztatzeko. Linternoiek, aldi berean, bi isurialdeko zinkezko teilatutxoa eta egurrezko saretaz egindako alboko itxiturak dituzte. Egitura polonceau motako zertxaz eginda dago, zurezko pareekin eta burdinazko tiranteekin. Pareak ertzetatik hurbil dauden artekaz apainduta daude. Elkarguneetan, berriz, artekak brida metalikoek eteten dituzte, eta, aldi berean, tiranteekiko loturak ere badira.

Gela osagarriek zenbait soluzio dituzte: ganga beheratu bat sutegiaren kasuan, eta hegikako habedun hormigoizko forjatu lau bat tailerraren kasuan. Azken gela hori bi linternoiren bidez argiztatzen zen. Estalkikoen antzera zeuden eraikita, baina gaur egun desagertuta daude. Ikaztegiak kanpoaldearekin zuzenean lotzen zuen zulo bat ere bazeukan, handik ikatza sartzeko balio zuena; baina hori ere desagertuta dago.

Gelak mugatzen dituzten soto-hormak hormigoizkoak dira lurperatutako zatietan, eta adreilu prentsatuz eginda daude sestra gainean. Hormak oso lodiak dira (gutxi gorabehera, metro bateko zabalera dute).

Ponpa-gelaren alboetan adreiluzko hiru pilastra daude, garabi mugikor baten erreiei eusteko balio dutenak. Pilastrak sekzio txikiagoarekin luzatzen dira, estalkiko zertxak jasotzeko. Galdara-gelan errepikatu egiten da adreiluzko pilastren soluzioa, baina, kasu honetan, urbanizazioaren sestra-kotatik baino ez dira ikusten; izan ere, aireztatze-ganberan daude sartuta (ganbera horrek zoruaren hezetasunetik babesten du gela guztien perimetroa).

Aireztatze-ganbera adreiluzko trenkada batez dago eraikita, eta trenkada hori kanpoko urbanizazioaren kotaraino dago altxatuta. Trenkadak zenbait akabera zeuzkan, gelaren arabera: ponpa-gelan, azuleju angeluzuzen zuri esmaltatuarekin gaur egun desagertuta dago, Ereñoko marmolezko zokaloarekin, eta zerrenda jarraituz egindako goiko errematearekin hori ere desagertuta; galdara-gelan, zokalorik gabeko bistako adreilu prentsatuarekin, ehunduradun frisoa zeukan errematerako erlaitz batekin, eta bistako adreiluarekin; eta ikaztegian eta sutegian, pintatutako zarpiatuarekin. Ganbera barrualderantz aireztatzen da, erroseta-itxurako diseinua duten 10 x 10 cm-ko burdinurtuzko sareten bidez (makina-gelakoak desagertuta daude). Aireztatze-ganberaren gainean, fatxadak pintatutako zarpiatu batez daude errematatuta barrutik.

Eraikina 1900. urtean inauguratu zela oroitzeko, plaka bat dago ponpa-gelan, jatorrizkoaren erreprodukzioa dena.

Zoruak baldosa hidraulikokoak dira: ponpa-gelakoek irudi geometrikoak dituzte, eta galdara-gelakoek, berriz, hareharrizko lauzak. Kanal perimetral erregistragarriak ditu makinen inguruan, instalazioak pasatu ahal izateko. Makinak Ereñoko harrizko basamentuen gainean daude ezarrita.

Galdara-gelaren zoruan bi ponpaketa-putzu daude; ponpatze-unitate bakoitzeko, bat. Urbanizazioaren azpiko andel erregulatzailearen bidez hornitzen ziren, bolanteekin eragiten ziren bi konportaren bitartez.

Galdara-gelak eta mantentze-lanetarako tailerrak esku-hartze handiak izan dituzte; hain zuzen ere, hormigoizko egiturak gainjarri zaizkie, eta egitura horiek, hurrenez hurren, solairuartea sortzen dute eta errefortzu gisa balio dute.

Ponpaketa-estazioaren eraikinaren hegoaldean, ponpa-gelaren ardatz berean, lurpeko andel erregulatzailea dago. Hasieran 12.170 m3-ko edukiera zuen, eta 59 m x 35 m-ko bi ganbera estankoz zegoen osatuta. Hantxe pilatzen ziren Bilboko ur beltzak, ponpatuak izateko. Gaur egun, andela bi zatitan dago banatuta, Bilboko metroko lubakia eraiki izanaren ondorioz. Ponpaketa-estazioarekin kontaktuan dagoen zatia III. eranskineko babes-araubidearen bidez babestuko da. Gune horrek 340 m2 eta 1.440 m2 inguruko bi ganbera ditu, hurrenez hurren. Hormigoizko hormak eta zolata ditu, baita material bereko ertz-gangadun estalkia ere, 5 m argikoa. Ganga horiek 3 m-ko altuera eta 0,40 m-ko lodiera duten pilastren gainean daude oinarrituta. Zolataren akabera-kota itsasgoraren maila baino 2 metro beherago dago. Andela sei tximiniaren bitartez aireztatzen da. Tximinia horiek modu erregularrean daude banatuta andelean, eta gangen giltzarrietan kokatzen dira. Tximiniak urbanizaziotik gora gailentzen dira, baina altuera txikiz.

Eraikinaren hiri-ingurunean Carmelo Larrea lorategiak daude, finkaren jatorrizko lorategien gainean eraikiak. Lehengo lorategiek geometria eta itxitura perimetrala galdu badute ere, jatorrizko diseinuaren elementu batzuk mantentzen dira: zuhaitz-motak (batez ere, palmondoak eta limoiondoak), parterreen geometria biribildua, edo elementu topiarioen erabilera (oinplanoko trazadura zirkularrarekin). Lorategiak hartzen duen azalera nabarmen murriztu da, eta andel erregulatzaileko tximiniak, jatorriz moztutako zuhaixkez babestuta zeudenak, diseinuan integratu gabe geratu dira. Lorategia Orixe kalea baino beherago dago, lubaki estu bat sortuz eraikinaren fatxada nagusian. Ondorioz, desitxuratuta geratzen da.

Eraikinean jatorrizko ponpaketa-makinak daude, lurrun bidez funtzionatzen zutenak. Era berean, ponpaketa-makina elektrikoak ere badaude: instalazioa inauguratu eta gutxira jarri ziren, eta behin betiko ordeztu zuten lurrun-makinen zeregina, 40ko hamarkadan. Makinek balio berezia zuten ondareari zegokionez, baina modu larrian espoliatu ziren 90eko hamarkadan, eta, ondorioz, funtzionaltasuna galdu zuten. Multzoa hainbat elementu gehigarrik osatzen dute, eta, denen bitartez, sendotasun handiko unitate kulturala sortzen da.

GALEAKO TUNELA

Galeako Tunela saneamendu-sarearen azken zatia da; 2.759 metroko trazadura zuzena eta % 0,1eko malda du, Getxoko Ollaretxe kalearen amaieraren eta Galeako labarren artean. Tunela bost zatitan banatzen da, aireztapenerako eta erregistrorako beste horrenbeste putzu bertikalen bidez. Putzu horiek, lursailaren gainazalean, oinplano karratu edo angeluzuzeneko teilaturik gabeko eraikin txiki batzuekin babesten dira, alboetan 3 eta 5 metro bitarteko luzerak dituztenak. Putzuaren eta eraikuntzaren multzoari malakate deitzen zaio. Bost malakateetatik lehenengoa, Ollaretxe izendatuko duguna, izen bereko kalearen ondoan dago, finkatu gabeko hiri-ingurune batean; bigarrena, Maidagan, izen bereko plazan; hirugarrena, Osabena, Andra Mariko frontoiaren parkean; laugarrena, Santa Marinako Haitzak, izen bereko kalean, Andra Mari ikastetxearen ondoan; eta bosgarrena, Matxikortiñe, auzo horren eta Galeako golf-zelaiko urbanizazioaren ondoan. Santa Marinako Haitzak eta Matxikortiñe malakateak landa-partzeletan daude kokatuta.

Tuneleko gangak ferra-ebakidurakoak dira, eta 2,5 m-ko zabalera eta 2,6 m-ko garaiera dute gehienez. Masta erdian prentsatutako adreiluzko bi edo hiru hari dituzte, eta harlangaitzezko horma-bularrak dituzte Matxikortiñe-Tunelboka tartean.

Malakateen arkitektura Elorrietako Ponpaketa-estaziokoaren antzekoa da, eta, oro har, baliabide hauek ditu: prentsatutako adreiluzko bolumenak, hareharriz egindako harlangaitzezko horma-atalekin; kareharrizko harlanduzko oinarriak; hareharrizko harlanduzko apaingarriak (Maidaganen kasuan, kareharrizkoak); eta puntu erdiko baoa duen sarbidea, hareharrizko harlanduz inguratua (Maidaganen, kareharrizkoa). Sarrerako ateak, gaur egun desagertuta daudenak, burdinurtuzkoak ziren, eta burdin hesi bat zuten goiko aldean. Malakate guztiek diseinu-mota jakin bat dute, baina Maidaganekoak ez: horrek arkitektura landuagoa du. Malakateen barrualdea zarpiatuta dago, putzuan izan ezik: kasu horretan, hormak prentsatutako adreiluz daude eginda, deskarga-arkuekin, eta bistan. Barrualdean, itxituraren hormak erlaitz baten bidez errematatzen dira, hiru adreilu-ilararekin. Maidaganen kasuan, putzuak malakatearen oinplano osoa hartzen du. Lau ataleko eskailera bat eta erdialdeko begi zabala ditu, adreiluzko gangaz osatutako egiturarekin. Eskailerak hareharrizko pisak eta burdinazko baranda sinplea dauzka, zankabeei ainguratuta, erremate zirkularrekin ainguraketa-puntuetan. Putzuek 9,75 m eta 77,57 m bitarteko sakonera dute.

Tunelaren irteeraren erremate gisa, Tunelboka izenez ezagutzen den eraikin txiki bat dago. Hain zuzen ere, horrexek ematen dio izena toki berean kokatutako harrizko hondartzari, non isurtzen baita ura. Labarrei atxikitako eraikin bat da, estalki laukoa, ageriko fatxada bakarrekoa eta partzialki lurperatutako alboko hormak dituena. Sarrerako bao bat du, arku karpanelez osatutakoa. Instalazioa osatzen duten gainerako eraikuntzek bezala, egitura klasikoko arkitektura sendoa du. Fatxadak kareharrizko harlangaitzezkoak dira. Eskantzuak, markoak eta erremateko goiko moldura zabala harlanduzkoak dira, horiek ere kareharrizkoak. Ageriko zokalorik ez du; izan ere, zokaloa hormigoizko kubo batez indartu da kanpoaldean. Eskuinaldean, berrikiago egindako eraikin osagarri bat du atxikita, hormigoizko egitura eta harlangaitzezko itxitura landugabea dituena. Eraikin horrek kontraste negatiboa egiten du jatorrizko eraikuntzarekin.

Urak itsasora bideratzen dira, arrokan zulatuta dagoen eta hondartza zeharkatzen duen karkaba baten bidez.

Babes-araubide hau Bilboko Lehengo Saneamendu Sarea (Bilbon eta Getxon kokatutakoa) babes bereziko kultura-ondasun deklaratzearen parte da, Monumentu Multzoaren kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen (aurrerantzean, EKOri buruzko 6/2019 Legea) 8. artikulua betez. Araubide honen bidez zehazten dira eremu horretan egin daitezkeen edo egin beharko diren jarduketak eta debekatuta daudenak.

Babes-araubide hau Monumentu Multzoari atxikita dauden eta I. eranskinean definitutako mugaketaren barruan dauden ondasun guztiei aplikatuko zaie.

  1. EKOri buruzko 6/2019 Legearen 9.2.b) artikuluan jasotako definizioaren arabera, monumentu multzotzat ulertuko da, lege honetan babesten den balioren bat dutelako, unitate kultural bat osatzen duten ondasun higiezinen multzoa, modu jarraituan zein ez-jarraituan kokatutakoak. Ez da nahitaezkoa izango osagai diren elementuek banaka garrantzirik izatea.

  2. Bilboko Lehengo Saneamendu Sareko Monumentu Multzoari atxikitako ondasuntzat hartuko dira I. eranskinean definitutako Monumentu Multzoaren mugaketaren barruan dauden higiezin, elementu eta espazio guztiak.

  3. Bilboko Lehengo Saneamendu Sareko Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestutzat hartuko dira IV. eranskineko 1., 2. eta 3. zerrendetan jasotakoak eta I. eranskinean definitutako babes-eremua.

Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta Monumentu Multzoaren babespeko kultura-ondasunak hari lotuta kontserbatu behar dira. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako multzoaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, EKOri buruzko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

  1. Monumentu Multzo honi atxikitako ondasun guztiak EKOri buruzko 6/2019 Legean xedatutakoaren mende egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoetarako.

  2. EKOri buruzko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestuen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-arloko betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

  3. Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestuen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, bai eta informazio horretarako sarbidea ere, EKOri buruzko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, bai eta bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

  4. Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestuak osorik edo zati batean eraisteko, honako hauetan xedatutakoa bete beharko da: EKOri buruzko 6/2019 Legearen 51. artikulua eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.

  5. Debekatuta dago ondasun higigarrien zerrendan jasotako ondasunak suntsitzea.

    IV. eranskinean zerrendatutako ondasun higigarriak ezin izango dira jatorrizko kokapenetik bereizi, eta Monumentu Multzoko eraikin kalifikatuen xedearen mende geratuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldez aurreko baimenarekin baino ezin izango dira bereizi, EKOri buruzko 6/2019 Legearen 54.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

    2. ATALA

    ONDASUNAREN BALIOAK ETA BABES-TIPOLOGIAK

  1. Monumentu Multzoaren funtsezko baliotzat hartzen dira haren babesa justifikatzen duten balioak. Hori dela-eta, zaindu egin behar dira.

  2. Honako hauek hartzen dira Monumentu Multzoaren funtsezko baliotzat:

    Instalazioaren balio teknologikoa eta historikoa.

    Ondasun higiezinen eraikuntza-kalitatea eta kalitate estetikoa.

    Irizpide funtzionalak eta higienistak, espazioak sortzean.

    Makinen berezitasuna.

  1. Monumentu Multzoaren babespeko ondasunak zenbait tipologiaren arabera daude sailkatuta, eta babes-araubide honen kapituluetan definitu dira:

    1. Ondasun higiezina.

    2. Espazio irekia.

    3. Ondasun higigarria.

  2. Monumentu Multzoan sartutako ondasun higiezinek, espazio irekiek eta ondasun higigarriek, hurrenez hurren, babes-araubide espezifikoa dute.

  3. Babesik gabeko ondasuntzat hartuko dira, Monumentu Multzoaren mugen barruan egon arren, IV. eranskineko 1., 2. eta 3. zerrendetan jasota ez daudenak.

    3. ATALA

    ERABILERA-ARAUBIDEA

  1. Monumentu Multzoaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak bermatu egin beharko du ondasun horien kontserbazioa eta balioa, EKOri buruzko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

  2. Aurreko puntuaren ondorioetarako, Elorrietako Ponpaketa-estazioaren eta Andel Erregulatzailearen erabilera nagusia kultura-ekipamendua dela ulertuko da. Bestalde, Carmelo Larrea lorategiaren erabilerak toki horren lorategi-izaera indartu behar du, azpiegitura hidraulikoaren berezko elementuen integrazioa errespetatuz eta hobetuz (tximiniak, linternoiak eta abar).

    Gainerako higiezin babestuen erabilera nagusia azpiegitura hidraulikoarena dela ulertuko da, bisita publikoaren erabilerarekin bateragarria. Nolanahi ere, gutxieneko baldintza teknikoak bete beharko dira, instalazioetatik kanpoko pertsonek ondasunak bisitatu ahal izan ditzaten.

    4. ATALA

    ESKU HARTZEKO XEDAPEN KOMUNAK

  1. Monumentu Multzoan egiten diren esku-hartzeetan ondasun horien ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haien balorea nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, EKOri buruzko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

    Monumentu Multzoari atxikitako ondasun eta espazioetan egiten diren esku-hartzeetan, kontuan hartu beharko dira Monumentu Multzoari buruz 6. artikuluan deskribatutako funtsezko balioak. Edozein jarduera eginez gero, bermatu beharko da Monumentu Multzoko ondasun eta espazio babestu guztiak babestu, kontserbatu, balioa eman eta agerian jarriko direla.

    Monumentu Multzoaren babespeko ondasun eta espazioetan onar daitekeen esku-hartze orotan, irizpide hauek beteko dira: ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena, itzulgarritasuna eta ondasun babestuen osotasunaren eta benetakotasunaren iraupena; horretarako, balio kulturalekin bateragarriak izango diren materialak eta teknikak erabiliko dira, mimetismoak saihestuz, elementu bereziak ezkutatu gabe, eta elementu horien ikusgarritasun osoa ahalbidetuz.

  2. Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin eta, betiere, Monumentu Multzoan babestutako ondasunen balio kulturalak ez kaltetzea bilatuz, EKOri buruzko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

EKOri buruzko 6/2019 Legearen 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta egiten diren jarduerak bateragarriak badira monumentu multzoaren balio kultural babestuekin. Ildo horretan, Elorrietako Ponpaketa-estazioaren eraikinean lanak egingo balira eraikin hori kontserbatzeko eta balioa emateko, eta, horrela, kultura-ekipamendu gisa erabiltzeko, eta, ondorioz, beherantz doazen bi eskailerak berreraikiko balira, eskailerak saihesteko plataforma bat jartzeko aukera aztertu ahal izango litzateke irisgarritasun-neurri gisa, betiere teknikoki bideragarria balitz.

  1. Espazio honetan egiten diren esku-hartzeek eta erabilerek ez dute aldaraziko eremuak ingurumenaren eta paisaiaren aldetik duen izaera, ez dute eragotziko ondasuna ikusteko aukera, edo ez dute haren osotasun fisikoaren aurka egingo.

  2. Babes-ingurunean ez da egongo ondasunaren osotasun fisikoa eraldatzen duen landaretzarik. Zuhaitzek ez dituzte inbadituko higiezin babestuen kanpoko lerrokadurak.

  3. Babes-ingurunea zaborrik, obra-hondakinik edo kondarrik gabe mantendu beharko da.

  4. Kutsadura bisual oro desagerrarazteko neurriak hartuko dira. Hain zuzen ere, kutsadura bisualtzat ulertuko da ondasunaren elementu babestuen gaineko esku-hartzeek, erabilerek edo ekintzek eragindako kutsadura oro, baldin eta elementu horien balioak degradatzen badituzte edo elementu horiek ikustea eragozten badute.

  5. Ingurunearen barruan, saihestu egingo dira zarata-maila handia sorrarazten duten jarduerak edo instalazioak, monumentu multzoaz ongizate akustikoko baldintzetan gozatzea eragozten badute.

  6. Deklarazioan mugatutako babes-eremuan, espazio hori hondatzen duten elementuak, eraikuntzak eta instalazioak kentzeko esku-hartzeak baimendu ahal izango dira.

  7. Tunelbokaren babes-eremuan, aipatutako irizpideak aplikatuko dira, Kostaldeei eta Itsas Ingurunearen Babesari buruzko legeriatik eratorritako zehaztapenak betetzeari kalterik egin gabe.

  1. Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestuen balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunen titularrek proiektu hori aurkeztu beharko diote Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, EKOri buruzko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera. Lege horren 46.2 apartatuan aipatzen diren esku-hartzeen kasuan, proiektu teknikoa dagokion udalari aurkeztu beharko zaio.

  2. Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestuak lehengoratzeko lanak egiteko, horien azterketa-diagnostikoa egin beharko da. Profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte proiektua eta esku-hartzearen memoria, eta beraiek egiaztatu beharko dute proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, eta Monumentu Multzoaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea ere badutela. Nolanahi ere, obrak ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

  3. Esku-hartze bakoitza amaitzean, berau egiaztatu eta erregistratzeko, Monumentu Multzoko kultura-ondasun babestuen titularrek kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko dute Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

  1. Monumentu Multzoa osatzen duten ondasun higiezinetan esku-hartzerik egin behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren baimena beharko da, udal-lizentziarik eman aurretik, lurralde- eta hiri-antolamenduko planetan edo babes-plangintza berezietan aurreikusitako jarduketetan izan ezik, baldin eta Eusko Jaurlaritzako kultura-ondarearen arloko organo eskudunaren aldeko txostena badute. Kasu horietan, udalek baimenduko dituzte zuzenean.

  2. Monumentu Multzoan babestu gabeko ondasunak mantentzeko jarduketak ez dira esku-hartzetzat hartuko, eta jarduketa horiek ez dute Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenik beharko.

  3. Baimendutako esku-hartzeetan sartzen diren mantentze-planetako jarduerek ez dute baimenik beharko.

Babes-araubide hau aplikatzeari dagokionez, honi dagozkion eraikinak, espazioak, elementu arkitektonikoak eta azpiegitura hidraulikoak dira ondasun higiezinak.

  1. eranskineko 1. zerrendan jasota daudenak eta izaera berezia eta balio esanguratsuak dituztenak dira ondasun higiezin babestuak.

  1. Esku-hartzeak eraikuntza kontserbatzera eta hari balioa ematera egongo dira bideratuta, bai eta eraikinaren funtzionaltasuna bermatzera ere. Horretarako egingo diren lanek errespetatu eta mantendu egingo dituzte 16. artikuluan deskribatutako elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak.

  2. Esku-hartzeen bitartez, eraikuntza osatzen duten elementuak zaharberritu, sendotu eta berritu egingo dira, bai eta baimendutako erabileretarako beharrezkoak diren elementu berriak txertatu ere. Aipatutako esku-hartzeen artean egongo da esku-hartze eremua hondatzen duten elementuak kentzea (IV. eranskineko 4. zerrendan daude jasota elementu horiek), eta, era berean, higiezinaren ezaugarri arkitektonikoei kalte egiten dieten beste edozein elementu ere kentzea.

  3. Zaharberritzeko esku-hartzeen artean, desagertutako zatiak berreraikitzea edo berreskuratzea egon daitezke, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

    Egitura-zatiak lehengoratzen direnean, lan horiek dokumentu bidez egiaztatuko dira eta, kasuaren arabera, lehengoratzeen ingurunea argi zehaztuko da, edo, bestela, lehen begiratuan argi eta garbi suma daitekeen material bereizi baina harmonikoren bat erabiliko da, batez ere zati zaharrekiko lotura-guneetan.

    Partzialki galdutako dekorazio-elementuen berrosaketak lehen begiratuan argi eta garbi bereiz daitezkeen teknikekin egingo dira, edo jatorrizko zatiekin maila desberdinetan lotutako zona neutroen bidez, edo jatorrizko euskarria agerian utziz.

    Desagertutako elementu tipologikoak lehengoratu egingo dira, eta jatorrizko egoerara itzuliko dira forma, neurria eta jatorrizko elementu arkitektonikoekiko harremana. Inola ere ezingo dira izan jatorrizkotzat har daitezkeen eraikuntza mimetikoak.

  4. Sartuko diren elementu berriak neutroak izango dira, jatorrizko arkitekturarekin lehiatuko ez direnak; aitzitik, jatorrizko arkitektura nabarmenduko dute.

  5. Elementu tipologiko bereizgarrietan sartuko diren elementu berriek ahalik eta esku-hartze txikiena izan beharko dute, jatorrizko elementu arkitektonikoetatik nabarmen bereizitako elementuen bidez.

  6. Instalazioak diseinu arkitektonikoan integratuko dira, akaberako elementuei edo jatorrizko egitura-elementuei (karga-hormak, pilastrak eta gangak) eragiten dieten landatzeak saihestuz.

  7. Sendotu egingo da putzuen pertzepzioa malakateen esparruaren barrualdetik, burdin hesien edo beiraztatzeen bitartez.

  8. Barne-espazioetan egiten den esku-hartze orok espazio horien izaera indartuko du, altzariak multzoaren ingurumen-izaerarekin integratuz eta harmonizatuz.

  9. Fatxadak garbitzeko tratamenduek ez dituzte atzera-bueltarik gabe aldaraziko kanpoko testurak eta akaberen osaerak. Garbiketa egin aurretik, materialen osaera aztertuko da, elementu hauskorrenak babestuko dira, eta dauden junturak eta pitzadurak itxiko dira.

Babes-araubide honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira Monumentu Multzoko ondasun higiezinen elementu tipologiko, formal eta estrukturaltzat, eta, beraz, mantendu edo, hala badagokio, lehengoratu beharrekotzat:

  1. Tipologikoak:

    1. Oinarrizko egitura-antolamendua.

    2. Kanpoko lerrokadurak eta bolumetria.

    3. Ponpaketa-estazioa: ponpa-gelaren eta galdara-gelaren ezaugarri espazialak.

    4. Ponpaketa-estazioa eta Andel Erregulatzailea: ponpaketa-putzuak eta lurpeko azpiandelak.

    5. Maidagan malakatea: maidagan malakateko putzua eta eskailera-kaxa.

  2. Formalak:

    1. Fatxaden tratamendua eta osaera.

    2. Ponpaketa-estazioa: zinkezko estalkiak eta zurezko xaflazko itxituradun linternoiak.

    3. Ponpaketa-estazioa: eskailera nagusia (ponpa-gela).

    4. Ponpaketa-estazioa: ponpa-gelako eta makina-gelako zoladurak, estaldurak eta barne-dekorazioak.

    5. Andel erregulatzailea.

    6. Malakateak: barne-fatxadetako erlaitzak eta estaldurak.

    7. Maidagan malakatea: putzuaren eta eskailera-kaxaren barruko adreiluak.

    8. Maidagan malakatea: eskailera eta baranda.

  3. Estrukturalak:

    1. Kanpoko itxitura-hormak.

    2. Ponpa-gelako eta galdara-gelako estalkiak.

    3. Lurpeko andeletako pilastrak, arkuak eta gangak.

  1. Babestutako higiezinak lehengoratzeko obrak baimentzen dira, jatorrizko egoerara bueltatzeko; bereziki, honako elementu hauek:

    Fatxadak eta estalkiak zaharberritzea.

    Garrantzi arkitektoniko edo kultural nabarmena duten barneko espazioak zaharberritzea, jatorrizko dekorazio-elementu arkitektonikoei eutsiz.

    Maidagan malakateko andel erregulatzailea, putzua eta eskailerak zaharberritzea.

  2. Babestutako higiezinen zatiak galdu edo hondatuz gero, berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak baimentzen dira, batez ere ondorengo elementuei dagokienez:

    Kanpoko arotzeria berreraikitzea.

    Ponpaketa-estazioko eskailera nagusia berreraikitzea.

    Ponpaketa-instalazioaren mantentze-lanetako tailerreko linternoien tipologia jatorrizko egoerara lehengoratzea.

    Barne-dekorazioak berrosatzea.

  3. Egitura-elementuak finkatzeko obrak baimentzen dira, eta berreskuratu ezin diren zatiak ordeztuko dira, elementuen posizioa edo kota aldatu gabe.

  4. Kontserbaziorako eta apaindurarako barne-obrak baimentzen dira; besteak beste, entokadura eta pintura, zoladurak egin eta konpontzea, arotzeriako barne-lanak, edota iturgintzako, berokuntzako eta fumisteriako konponketak egitea.

  5. Funtsezko instalazio teknologikoak eta higieniko-sanitarioak jartzeko baimena ematen da.

  6. Eraikuntza-elementu berriak sartzeko baimena ematen da, baldin eta 15. artikuluan finkatutako irizpideak betetzen badituzte. Besteak beste, ponpaketa-estazioaren eta Orixe kalearen arteko lubakia ixtea baimenduko da, ponpaketa-estazioaren bolumen osoa hautemateko aukera emango duten elementu garbiekin.

  7. Baimenduta dago eranskin degradatzaileak eta azkenaldian egindako edozein obra kentzeko lanak egitea, baldin eta interesik ez badute edo kontraste negatiboa egiten badute ondasunaren edo haren inguruaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin.

Babes-araubide hau aplikatzearen ondorioetarako, ondasun higigarriak dira Elorrietako Ponpaketa-estazioaren jarduerari funtzionalki lotutakoak; besteak beste, makinak, aginte-koadroak, tresnak, aparatuak, planoak edo antzekoak.

  1. eranskineko 3. zerrendan jasota daudenak eta izaera berezia eta balio esanguratsuak dituztenak dira ondasun higigarri babestuak.

  1. Irizpide orokorrak:

    Esku-hartze orok itzulgarritasun-, bateragarritasun- eta egonkortasun-irizpideak bete beharko ditu. Jarduketa egiterakoan, ondasuna kaltetzen ez duten produktu, material eta prozesuak erabili beharko dira.

    Edozein esku-hartze egin aurretik eta ondasunak aztertu ondoren, elementu hauskorrenak babestuko dira, eta, duten egoeraren arabera, babestu, garbitu eta konpondu egingo dira.

    Esku-hartze oro 12. artikuluan ezarritako moduan dokumentatuko da, eta, nolanahi ere, ondasunaren balioa degradatzen duten elementu bateraezinak eta erantsiak kentzeko neurriak hartuko dira.

  2. Makinetan jarduketa fisikoak egiteko irizpideak:

    Ondasuna behar bezala kontserbatzeko behar-beharrezkoa den jarduketa baino ez da egingo.

    Onartu egingo da ondasuna finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordeztuz. Pieza berriek jatorrizkoen neurri berberak izango dituzte kanpotik, eta material edo akabera bereizi baten bidez desberdinduko dira jatorrizkoetatik.

    Salbuespen gisa, onartu egingo da elementu, sistema eta/edo instalazio berriak gehitzea, baldin eta, funtzionamendua atzera-bueltarik gabe galduz gero, ezinbestekoa bada hori egitea, makinen testuingurua ulertu eta horien gaineko transmisioa egin ahal izateko. Gehikuntza berriak ez du eragotziko ondasuna ondo ikustea.

    Salbuespen gisa, onartu egingo da materiala kentzea, ondasuna babesteko ezinbestekoa denean edo haren balio historiko eta estetikoak oztopatzen dituenean.

    Tratamenduek edo konponketek ez dute atzera-bueltarik gabe aldaraziko ondasunaren jatorrizko funtzionamendua, ez eta ezkutatuko ere.

  3. Makinak garbitzeko irizpideak:

    Makinak aldian behin garbituko dira, eta, horretarako, ez da erabiliko ondasuna honda dezakeen prozedura erasokorrik.

  4. Ingurumen-baldintzetarako irizpideak:

    Lehentasuna eman beharko zaio ondasun higigarrien kontserbazio prebentiboari, alterazioak saihesteko eta narriadura eteteko beharrezko baldintzak jarriz.

    Ondasunaren kontserbazio- eta funtzionamendu-baldintzak mantendu beharko dira, eta debekatuta egongo da baldintza horiek kaltetzen dituzten sistemak instalatzea eta/edo erabiltzea.

  1. Ondasuna zaharberritzeko baimena ematen da, aldatutako zatiak jatorrizko egoerara lehengoratuz. Halaber, ondasunaren testuingurua ulertzeko asmoz, baimendu egiten dira zaharberritze- eta finkatze-lanak, betiere ondasunaren osotasun estetikoa, fisikoa edo historikoa errespetatuz. Esku-hartze horietan, erantsitako elementuak edo interesik gabeko gehikuntza berriak kenduko dira, bai eta ondasunaren ezaugarriekin kontraste negatiboa egiten dutenak ere.

  2. Ondasuna kontserbatzeko esku-hartzeak baimentzen dira, baina baldintza zehatzak jarri beharko dira mantentze-lan egokiak egiteko; besteak beste, hauek:

    Aldizkako azterketak, helburu hauetarako: garbiketak egitea, koipeztatzea, oxidazioak eta izurriak kontrolatzea, eta ezkutuko guneak garbitzea.

    Ingurumen-baldintzak (hezetasuna, tenperatura, argia, kutsatzaile atmosferikoak) kontrolatzeko lan zehatzak.

    Ingurumen-baldintzak kontrolatzeko aldizkako azterketak.

    Prebentziorako tratamenduak.

Babes-araubide hau aplikatzeko orduan, espazio irekitzat hartzen dira Monumentu Multzoaren mugaketan jasotako kanpoko espazioak.

  1. eranskineko 2. zerrendan jasota daudenak, izaera berezia eta balio esanguratsuak dituztenak, eta Monumentu Multzoaren kanpoko egituraren parte diren espazioak dira espazio ireki babestuak.

Monumentu Multzoari atxikitako espazio irekietan, babes-ingurunean esku hartzeko irizpideak erabiliko dira, 11. artikuluan zehaztutako moduan.

Carmelo Larrea lorategia eraberritzeko edo handitzeko egiten diren esku-hartzeek balioa emango diote ponpaketa-estazioaren eraikinari eta haren azpiegitura hidraulikoei, eta indartu egingo dute leku horrek duen lorategi-izaera. Nolanahi ere, irizpide hauek bete beharko dira:

Jatorrizko proiektuarekin bat datorren lorategi-mota bat erabiliko da, eta, horretarako, batez ere, landare usaintsuak, arrosa-landareak, oinplanoko trazadura zirkularreko elementu topiarioak, palmondoak, limoiondoak eta dokumentu bidez egiazta daitezkeen beste batzuk erabiliko dira.

  1. mende hasierako jatorrizko zuhaitzak mantenduko dira, ez baldin badaude larriki gaixorik edo kaltetuta.

    Lorategietako berezko zoladura bigunak erabiltzearen alde egin behar da.

    Erabiliko diren hiri-altzariak bat etorriko dira toki horrek duen lorategi-giroarekin.

    Keak kanporatzeko tximinia (gaur egun desagertuta dagoena) nabarmendu ahal izango da, eta, hala badagokio, oraindik ere lurpean dauden piezak berreskuratuko dira.

    Andel erregulatzaileko aireztapen-tximiniei balioa emateko, tximiniak landare-elementuekin babesteko irizpide higienista berreskuratu ahal izango da.

Lorategia kontserbatzeko, eraberritzeko edo handitzeko esku-hartzeak baimenduko dira, ondasunaren funtsezko balioak errespetatuz (6. artikuluan zehaztutako moduan) eta esku hartzeko irizpideak kontuan hartuz (23. artikuluan deskribatutako moduan).

  1. Karkaba osotasunean mantendu beharko da, eta bertan egin beharreko esku-hartzeak ahalik eta txikienak izango dira.

  2. Karkaba konpontzeko, mantentzeko eta garbitzeko esku-hartzeak baimenduko dira, haren ebakuazio-ahalmena bermatu ahal izateko.

1. ZERRENDA. ONDASUN HIGIEZIN BABESTUAK.

Elorrietako Ponpaketa-estazioa.

Elorrietako Ponpaketa-estazioarekin muga egiten duen lurpeko andel erregulatzailea.

  1. malakatea (Ollaretxe).

  2. malakatea (Maidagan).

  3. malakatea (Osabena).

  4. malakatea (Santa Marinako Haitzak).

  5. malakatea (Matxikortiñe).

    Tunelboka.

    2. ZERRENDA. ESPAZIO IREKI BABESTUAK.

    Carmelo Larrea lorategiak.

    Tunelbokako karkaba.

    3. ZERRENDA. ONDASUN HIGIGARRI BABESTUAK.

    Lurrun bidezko 2 ponpagailu, Worthington motakoak.

    Ur-maila neurtzeko 2 eskala.

    Koiperako 2 andel.

    Ijeztutako xafla errematxatuz egindako 2 ur-biltegi.

    2 ponpa elektriko, Invincible motakoak.

    Siemens-Schuckert Werke markako motor 1.

    Garrick & Ritchie Engineers markako zubi-garabi 1.

    Tangyes Ltd. markako lurrun-makina 1.

    Weston markako dinamo 1.

    All Days & Orions Ltd. Makers markako zorrozkailu 1.

    WF&J Barnes Company markako pedal bidezko tornu 1.

    All Days & Orions Ltd. Makers markako Parangon esmeril-harri 1.

    Terraila-sorten 2 kutxa.

    Ingude 1.

    Sutegiko lanabesak (hauspo 1).

    Ikatzezko berogailu 1.

    Proiektuaren jatorrizko planoak (sekzio 1).

    1. mendeko komun-ontzi ingeles 1.

      Kontrol elektrikoko armairu 1.

      4. ZERRENDA. ELEMENTU DISKORDANTEAK.

      Elorrietako Ponpaketa-estazioko galdara-gelako hormigoi armatuzko solairuartea.

      Hormigoi armatuzko zutabeak Elorrietako Ponpaketa-estazioko mantentze-lanetarako tailerrean.

      Hormigoizko indargarriak, trenkadak eta estaldurak Tunelbokan eta Galeako Tunelean.

      Tunelbokan eta Galeako Tunelean jarritako instalazio zaharkituak.

      Maidagan malakateko eskailerak inbaditzen dituzten hormigoizko ahokadurak.

      Tunelbokari atxikitako eraikina.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.