Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 1ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 134
  • Hurrenkera-zk.: 3876
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/06/01
  • Argitaratze-data: 2021/07/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko martxoaren 16an, Laudioko Udalak eskatu zuen Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari (aurrerantzean, HAPOren aldaketa) dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu zituen, hala nola HAPOren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko apirilaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Laudioko Udalari jakinarazi zitzaion prozedura hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientearekin lotutako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa (aurrerantzean, HAPOren aldaketa), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programari buruzko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

HAPOren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, HAPOren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren HAPOren aldaketa garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    ZI.6B-Tubacex eremua Arza industrialdearen iparraldeko muturrean dago, Laudioko hirigunearen hegoaldean. 72.974 m2-ko azalera du, eta erabilera industrialeko hiri-lurzoru gisa dago sailkatuta indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean. ZI.6B-Tubacex eremuaren barruan, 3. poligonoko 263. lurzatiak 11.635 m2-ko azalera du, eta izaera industrialeko eraikinak daude hor, gaur egun jarduerarik gabe daudenak.

    HAPOren aldaketaren xedea da erabilera-araubide berezi bat finkatzea ZI.6B-Tubacex izeneko eremurako, eta 3. poligonoko 263. lurzatiaren antolamendu xehatua finkatzea, lurzati horretan erabilera komertzialak ezarri ahal izateko.

    Egiturazko zehaztapenak:

    Hori horrela, HAPOren aldaketak, ZI.6B-Tubacex eremuko erabilera-araubide berezian, erabilera «baimendu» gisa jaso du «merkataritza txikizkaria», EAEko establezimendu komertzial handien lurralde-antolamenduari buruzko 10/2019 Legean ezarritako mugei jarraikiz.

    Gainera, aldatu egin da antolamendu xehatuari buruzko araudia. Izan ere, HAPOren arabera, Plan Berezi baten bidez garatu behar da, eta, plan horretan, ZI.6B Eremuaren esparru osoa hartu behar da kontuan; baina HAPOren aldaketaren arabera, antolamendua esparru txikiagoen arabera zehaztu ahal izango da (gaur egungo lurzatien arabera).

    Zehaztapen xehatuak:

    Halaber, HAPOren aldaketaren proposamenak 263. lurzatiaren antolamendu jakin bat zehazten du, eta honako hauek ateratzen dira hortik: erabilera komertzialerako zati bat (10.091,18 m2) eta bide-erabilerarako beste bat (613,39 m2); lurzatirako sarbidea Hiru Gurutzeta kalearen eta Zumalakarregi hiribidearen arteko bidegurutzean dagoen biribilgunean egongo da. Lurzati pribatuaz gainera, lagapen-espazio bat ezarri da antolamenduan, eremu libre edo berdegune gisa erabiltzeko (750,55 m2), lurzatiaren aurrealdean.

    Merkataritza-lurzatiaren barruan, aparkaleku-eremuak eta eraikin komertzialak jartzea proposatzen da, L formako multzo bat osatuz, Hiru Gurutzeta kaleko biribilgunerantz irekia. Lurzatiaren osaera eta aurreikusitako erabilera komertziala kontuan hartuta, kontuan hartu da eraikuntzen zati bat aparkalekuz bete ahal izango dela. Lurzatiaren hirigintza-eraikigarritasuna 9.788,62 m2t-koa izango da; horietatik, 5.000 m2t saltokiak izango dira, eta gainerako 4.788,62 m2t-ak, aparkalekuak.

    Hirigintza-garapen berri honetan, egungo sestrak aldatzea proposatzen da, biribilgunetik izango duen sarbidearen inguruan lurzatia pixka bat altxatzeko, eta, horrela, horizontaltasun handiagoa izateko eta gaur egungo uholde-arriskua murrizteko.

  2. Proposatutako HAPOren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planaren aldaketak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, HAPOren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planaren aldaketak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: HAPOren aldaketaren esparrua 11.635 m2-ko hiri-lurzoruko lurzati bat da, lurzoru industrial gisa sailkatuta dagoena, eta erabilera komertzialen ezarpenera bideratuko dena. HAPOren aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Planaren aldaketaren egokitasuna ingurumen-arloko irizpideak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: HAPOren aldaketa egokia da, garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Ez da okupatuko artifizializatu gabeko lurzoru berririk, gaur egun erabiltzen ez den hiri-lurzoru industriala berrerabiliko baita. Gainera, eraikinak egiteak energia-aurrezkia eta energia-efizientzia sustatzera bideratutako jarduerak bultzatuko ditu.

      4. Planarekin loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman HAPOren aldaketak eragindako ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak arlo hauetako araudiei jarraikiz gauzatzen badira, besteak beste: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, hondakinen kudeaketa, kutsadura akustikoa eta, bereziki, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan uholde-arriskua duten eremuei buruz ezarritako araudia.

      5. Era berean, HAPOren aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Lehen esan dugun eran, HAPOren aldaketa honen xede den esparrua 3. poligonoko 263. lurzatia da, ZI.6B-Tubacex eremukoa. Hiri-lurzorua da, eta 11.635 m2-ko azalera du; horietatik, gaur egun erabiltzen ez diren industria-instalazioak daude 6.053 m2-tan.

      Eragina jasan dezakeen eremuaren ingurumen-balioa txikia da; izan ere, ez da eraginpean geratuko natura balio aparteko gune garrantzitsurik, ezta balio kulturala duenik ere; halere, hauteman dira zenbait ingurumen-arrisku, honako hauek zehazki:

      Esparruko lurzatia eta eraikinak irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan (Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan) jasotako leku batean daude, 01036-00007 kodeaz.

      Eremuak uholdeak jasateko arriskua du, 500 urteko errepikatze-denborakoa. Nerbioi ibaia esparruaren hego-ekialdetik igarotzen da; beraz, nahiz eta esparruaren zati bat uholde-arriskuko zaintza-eremu baten barnean dagoen, proposatutako eraikinak ibilguarekiko duen gehieneko lerrokadurak gune horretatik kanpo uzten du merkataritza-eraikinaren zati handiena. Azpimarratu behar da Nerbioi ibaia, Laudiotik igarotzen den zatian, ES017-BIZ-10-1 Nerbioi Ibaia Uholde Arrisku Potentzial Nabarmena duen Eremuan (ARPSI) sartuta dagoela, III. taldean.

      Esparruaren zonakatze akustiko berria: Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012) xedatutakoari jarraikiz, D motako eremu akustikoan sartzen da: jolaserako eta ikuskizunetarako ez bestelako hirugarren sektoreko erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-sektoreak. Zonifikazio akustikoaren aldaketa horrek Kalitate Akustikoaren Helburu (KAH) berriak betetzea eskatzen du, zorrotzagoak direnak.

      Orain artekoa ikusita, eta proiektuan proposatutako jarduketak eta Planaren ukipen-esparrua kontuan hartuta, inpaktu nagusiak obra-fasean eragitea espero da; izan ere, eraikin industrialak eraitsiko dira eta lurrak mugituko dira kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituen lurzati batean. Kutsa dezakeen edo zezakeen jarduera edo instalazio bat duen edo izan duen lurzoruaren erabilera-aldaketa horrek lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hastea eskatzen du, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 23.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

      Orobat, obra-fasean, aldi baterako inpaktuak sortuko dira, hala nola hondakinen sorrera, makinen joan-etorriak, istripuzko isurketak egiteko arriskua, herritarrentzako eragozpenak emisio atmosferikoen eta akustikoen ondorioz, etab. Hori dena guztiz hiritarra den esparru batean.

      Horregatik guztiagatik, esan daiteke ez dela hauteman HAPOren aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta uholde-arriskuari dagokienez.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, HAPOren aldaketak ez dezan izan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik, eta Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik ez izateko, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Txosten Estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta esparruaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz. Honako hauek dira HAPOren aldaketarekin lotutako proiektuak gauzatzeko hartu behar diren neurri nagusiak:

      Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

      HAPOren aldaketak proposatzen du etorkizuneko eraikin komertzialaren sestra aldatzea, 500 urteko errepikatze-denborako ur-mailara. Jarduketa hori diseinatzean, kontuan hartu beharko da ezin dela ur-xafla nabarmen handitu, ez dadin efektu hidraulikorik egon. Edonola ere, jarduketak bateragarria izan behar du Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikuluan aipatutako mugekin, abenduaren 9ko 638/2016 Errege Dekretuan emandako idazketari jarraikiz, Plan Hidrologikoaren araudian lehentasunezko fluxu-eremutik kanpoko uholde-arriskua duten eremuetako erabileretarako ezarritako muga espezifikoen kaltetan izan gabe.

      Orain arte esandakoarekin lotuta, ibilguen zaintza-eremuan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena eskuratu beharko da. Baimen horrek ez du loturarik izango Administrazio Publikoetako beste organo batzuek eman beharrekoekin (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9.4 artikulua; apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta urtarrilaren 11ko 9/2008 EDren bidez aldatu).

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

      Lurzatia irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan (Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan) 01036-00007 kodeaz jasota dagoen eta 11.635m2-ko azalera duen leku batean dago.

      Kutsa dezakeen edo zezakeen jarduera edo instalazio bat duen edo izan duen lurzoruaren erabilera-aldaketa horrek kalifikazioa lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hastea eskatzen du, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) 23.1.d) artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, planetik eratorritako jarduketetan esaterako, lur-mugimenduak edo esparruko industria-eraikin zaharkituak eraistea, kontuan hartu beharko dira, hala badagokio, lurzoruaren kalitate-deklarazioaren prozedurarekin bat ezartzen diren kontsiderazioak; ekainaren 25eko 4/2015 Legean (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa) araututa dago prozedura.

      Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

      HAPOren aldaketaren xede den esparruan, kanpo-zaratari dagokionez, egungo egoeran zein etorkizuneko egoeran, betetzen dira etorkizuneko hirigintza-garapenetarako eta aztergai dugun esparruaren eremu akustiko motarako (c) letran aurreikusitakoez bestelako hirugarren sektoreko erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-sektoreak) ezarritako Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH), Hiru Gurutzeta kalearekin mugakide den zerrenda txiki batean izan ezik, hor gainditu egiten baitira KAHk, goizez eta arratsaldez. Hori horrela, HAPOren aldaketak neurri gisa proposatzen du egote-erabilerarik ez jartzea, Hiru Gurutzeta kalearen alboko esparruaren mugatik 5 metroko zerrenda batean.

      Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012) 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

      Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, HAPOren aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko, babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteari buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena) ezarritakoa ere.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

      Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (maiatzaren 9ko 6/2019) ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.

      Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presiozko ura, erratz-makinak edo, hala badagokio, dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

      Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

      Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Laudioko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Laudioko ZI.6B-Tubacex eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da HAPOren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 1a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik