Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.35-Zabaleta Berri» Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren aldaketarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 6169
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/19
  • Argitaratze-data: 2021/12/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko irailaren 17an, Lasarte-Oriako Udalak eskaera egin zion ingurumen-organoari, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.35-Zabaleta Berri» Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren aldaketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa eman zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer planek eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehazteko edo ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.35-Zabaleta Berri» Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren eremua «A.35-Zabaleta Berri» HJEko a.3.2-1, a.3.2-2 eta a.4-4 lurzatiei dagokie, eta Zabaleta baserriaren zabalgunean dago, Lasarte-Oriako hirigunearen ekialdean, Hernani eta Lasarte lotzen dituen errepidearen ondoan. «A.35-Zabaleta Berri» HJE eremuaren mugaketak 76.369,8 m2-ko azalera du, eta horietatik 4.524 m2 bat datoz aldaketaren xede diren lurzatiekin.

    Indarreko antolamendu xehatuak, 2007ko Plan Partzialean eta 2011ko aldaketan jasoak, «A.35-Zabaleta Berri» HJEko a.3.2-1, a.3.2-2 eta a.4-4 lurzatietan familia bakarreko bi eraikuntza atxiki eta eraikuntza isolatu bat (binakako familia bakarrekoa) planteatzen ditu, sestra gaineko eraikigarritasuna 1.570 m2-koa (t) izanik.

    Plan Partzialaren aldaketaren xedea da lehen aipatutako hiru lurzatiak lurzati bakar bihurtzea, a.3.1-20 izenekoa, garapen txikiko bi eraikuntza-bloketan, aisialdirako igerileku bat eta garaje-soto komun bat barne hartzen dituzten espazio libre pribatuekin, betiere hiru lurzati horietarako baimendutako bizitegi-eraikigarritasuna handitu gabe, ez eta Plan Partzialean eremu horretarako jasotako etxebizitza-kopuru osoa ere.

    Blokeak eta lurzatiaren barruko urbanizazioa 1,80 metro inguru beheratzen dira, lehendik dagoen urbanizazioarekin alderatuta, horrela, existitzen den topografian hobeto ezartzeko. Eraikuntzen profila (a.3.1-20/1 eta a.3.1-20/2) honako hau da: soto bat sestra azpian, bi solairu altu eta atiko atzeraemana.

    Aldaketa horrekin, 16 etxebizitza berri proposatzen dira, indarreko Plan Partzialean egungo hiru lurzatietarako aurreikusitako 10 etxebizitzen ordez, eta gehikuntza horrek ez du eremuko etxebizitzen guztizko kopurua aldatzen, dagoeneko eraikita dauden beste lurzati batzuek ez baitute agortu haietan baimendutako gehieneko etxebizitza-kopurua.

    Eremuan jada egikaritutako urbanizazioa ez da aldatuko. Ibilgailuak lurzatiko garajera (a.3.1-20) jadanik dagoen Illarraltzueta Bidetik sartzea proposatzen da, Plan Partzialaren eremutik kanpokoa dena.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: a.3.2-1, a.3.2-2 eta a.4-4 lurzatiak (4.524 m2) HIE «A.35-Zabaleta Berri» (76.369,8 m2) eremuan sartzen dira, bizitegi-kalifikazioa duen lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta, indarrean dagoen plangintzaren arabera. Aldaketaren helburua da aipatutako hiru lurzatiak horietako bi familia bakarreko eraikuntza atxikiak eta bat eraikuntza isolatua a.3.1-20 lurzati bakar bihurtzea, garapen txikiko bi eraikuntza-bloke dituena, betiere hiru lurzati horietarako baimendutako bizitegi-eraikigarritasuna handitu gabe eta eremu osorako indarrean dagoen Plan Partzialean jasotako etxebizitza-kopuru osoa aldatu gabe. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barne hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Bizitegi-eremu batean aldez aurretik urbanizagarri gisa kalifikatutako lurzorua okupatzea dakar. Garapen berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzakete barnean.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunean, ingurumenean, hondakinen kudeaketan eta kutsadura akustikoan indarreko araudiak betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      «A.35-Zabaleta Berri» HJEko a.3.2-1, a.3.2-2 eta a.4-4 lurzatiak, aldaketaren xedea bera, Lasarte-Oriako hirigunean daude, Larrekoetxe izeneko gunean, Gonagorri kalearen eta Lasarte-Oria Hernanirekin lotzen duen Illarraltzueta Bidearen artean. Lurzoru urbanizagarriko eremu huts bat da, bizitegi-izaera duena, duela gutxi eraiki den eremu batean dagoena, zeinaren jatorrizko ezaugarriak jadanik aldatu baitira ekintza antropogenikoaren ondorioz.

      Ingurumen-balio garrantzitsurik ez duen hiri-eremua da. Lurzoruek ez dute nekazaritza-baliorik. Lursailaren hegoaldean dagoen landaredia belardi-sasitza bat da, antzina nekazaritzakoa zena eta belardi gisa erabiltzen zena. Ildo horretan, kartografiaren arabera, sega-belardi atlantikoen (6510 kodea) Batasunaren intereseko habitata identifikatzen da eremuko lursailetan. Habitat hori oso arrunta da Gipuzkoako Lurralde Historikoan, eta estai bioklimatiko muinotarreko erabilera mistoko larre gehienak biltzen ditu.

      Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, ibai-ibilgurik edo hezegunerik. Era berean, ez da identifikatzen babestutako floraren intereseko espezierik, ez mehatxatutako faunarik, ez interes geologikoko tokirik. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Era berean, ez dago eremuan kokaturiko kultura-ondareko elementurik.

      Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia eremutik hurbil dauden kaleetako trafikoa da, eta komunikazio-azpiegitura handietatik nahiko urrun dago. Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, gaur egungo egoeran, aztertutako hiru aldietarako (eguna, arratsaldea eta gaua) betetzen dira hirugarren sektoreko erabilera nagusi den sektoreetarako (A mota) kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

      Egon daitezkeen ingurumen-arriskuak kontuan hartuta, ez da gainazalean ur-masarik identifikatu, ez eremuan ez haren ingurunean, ez eta lotutako jariatzerik ere; beraz, arloan ez dago uholde-arriskurako aukerarik. Aztertutako eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen inbentariatutako ezein lurzati. Azpian dauden material litologikoek iragazkortasun txikia dute, porositateagatik, eta, ondorioz, lurzatia akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun nabarmenik gabeko eremu batean dago.

      Planean barne hartutako jarduketen inpaktuak eraikuntza berriak altxatzeak eta urbanizazio-lan osagarriek eragindakoak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, eta abar) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

      Eremuaren ezaugarrien eta proposatutako garapenaren arabera, ez da aurreikusten eragin nabarmenik izango denik intereseko beste ingurumen-balio batzuetan. Hala ere, prebentzio-neurri egokiak hartu beharko dira, gerta daitezkeen inpaktuak saihesteko edo murrizteko.

      Aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, etorkizuneko egoeraren emaitzek (20 urte inguru) aurreikusten dute ezen, eremuaren zonakatze akustikoa kontuan hartuta, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua) beteko direla urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, bai kanpoko ingurunean, bai fatxadako hargailuetan.

      Ustiapen-fasean, nolanahi ere, baliabideen kontsumotik eta hondakinen sorreratik eratorritako ondorioak sortu ahal izango dira, garapen-proposamenaren garrantzia mugatua delako (16 etxebizitza berri), eremuan bizitegi-jarduera handitzearen ondoriozko ondorio esanguratsurik ez dela sortuko uste baita.

      Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarreko antolamenduan aurreikusitako egoera. Ildo horretan, Planak, 16 etxebizitza berri eraikitzea ahalbidetzen badu ere, nahiz indarrean dagoen plangintzak 10 etxebizitza proposatu hasieran, eremu osorako sestra gaineko eraikigarritasunari eta gehieneko azalera eraikigarriari eusten dio. Aurreko guztia, eremuaren egungo egoera eta Planetik eratorritako jarduketak kontuan hartuta, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik eragingo dutenik ingurumenean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.35-Zabaleta Berri» Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren aldaketan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

      Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, eta abar. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obrak gauzatzeari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

      Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta berarekin lurzorua okupatzea dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.

      Lasarte-Oriako Udalari eta Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarreko araudian ezarritako zehaztapenetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Eraikingintzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza iraunkorrerako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-arloko jardunbide egokiak erabiliko dira; zehazki, «EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun eta Birgaitze Jasangarriari buruzko Gidaliburua» lanean jasotakoak (https://www.ihobe.eus/publicaciones/guia-edificacion-y-rehabilitacion-sostenible-edicion-2015-actualizada), eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak izan gabe, ez dela aurreikusten Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.35-Zabaleta Berri» Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Lasarte-Oriako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) «A.35-Zabaleta Berri» Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 19a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik