Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Iurretako Bideondo sektoreko plan partzialaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 150
  • Hurrenkera-zk.: 3096
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/06
  • Argitaratze-data: 2020/07/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

2020ko abenduaren 10ean, Iurretako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Iurretako Bideondo sektoreko plan partzialaren aldaketari buruzko (aurrerantzean, plan partzialaren aldaketa) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 5ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Iurretako Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Iurretako Bideondo sektoreko plan partzialaren aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Iurretako Bideondo sektorearen plan partzialaren aldaketaren (aurrerantzean, plan partzialaren aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Aldaketaren eremua bizitegi-lurzoru urbanizagarrian dago (16.822,55 m2-ko azalera), Iurretako udal-mugartearen hegoaldean.

    Bideondo sektorearen plan partziala, 2006an onetsia, aldatzen da. Sektoreko lau blokeren antolamendu xehatua planteatzen da. Honako aldaketa hauek dakartza 2006an onetsitako plan partzialaren aldean:

    2016ko abenduaren 21ean onetsitako aldaketa puntualean proposatutako etxebizitza kopuruaren dentsitatearen aldaketa jaso da, baina egotzitako eraikigarritasuna aldatu gabe. Bizitegi-erabilerako 3 eraikin egitea jaso da: BS+3+atikoa.

    Sortuko diren lurzatiak aldatu dira sortutako baldintzatzaileetara egokitzeko: N-634ren trazatuaren aldaketa, egindako azterketa hidraulikoan antzemandako afekzioak eta beheko solairuak bizitegi eta merkataritzako erabileretara bideratu beharra, lurzati pribatibo txikia sortuta beheko solairuko etxebizitza duten eremuen aldean.

    Proposatzen da CN-634 handitzeko proiektuaren ipar-ekialdeko muturreko topagunea aldatzea, sektoreak CN-634 errepidearekin noranzko biko lotura izan dezan.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: planak zehazki antolatzen du eremua eta 2006ko plan partzialaren bidez onetsitako etxebizitza kopuruaren dentsitatea aldatzen du. Aurkeztutako agiriak ikusita, plan partzialaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere, nola eragiten duen: planaren eta antolamendu-eremuaren ezaugarriak kontuan harturik, behar bezala jarraitu beharko zaio 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan xedatutakoari, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoari ere. Jarduketak bateragarriak izan beharko dira aipatutako araudian ezarritakoarekin.

      3. Plana egokia den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak osatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak har ditzan barnean. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, dagoeneko onetsitako hiri-garapenetan eragiten baitu.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: planaren ezaugarriak eta horren ondoriozko jarduketek eragindako eremuarenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

        Apartatu horretan, honako alderdi hauek nabarmendu behar ditugu:

        Plan partzialaren aldaketa puntualaren mugen barruan 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuak kartografiatu dira. Egin den azterketa hidraulikoak ondorioztatzen duenez, sektorearen zati bati eragiten dio 100 urteko errepikatze-denborako uholdeak, baina lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo, lurzatiaren hego-mendebaldeko bazterreko eremu txiki batean izan ezik; espaloia eta lorategia jartzeko proposatutako eremuarekin bat dator eremu hori.

        Fatxada-mailako eta zenbait altueratako soinu-inpaktu mailek gainditu egiten dituzte kanpoalderako aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak, hala oraingo egoeran nola 20 urteren buruan.

        Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen EAEko inbentarioan jasotako lurzati bat dago: 48910-00142 kodea. Gaur egun amaitu gabe dago lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura.

      5. Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari berotegi-efektuko gasak eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Aztertutako eremuan ez dago intereseko landaretzarik; aztertutako eremu osoa landare erruderal nitrofiloez osatuta dago, eta belardien eta landaketa atlantikoen eremua azterketa-eremutik kanpo dago.

      Ez da hauteman intereseko fauna- eta flora-espezierik; ez dago Batasunaren intereseko habitatik, ezta korridore ekologikoen sareko gunerik ere. Natura 2000 Sareko gunerik ere ez dago. Plan partzialaren aldaketa puntuala egin nahi den errepidearen beste aldean ur-ipurtatsaren interes bereziko eremu bat dago, baina ez da aurreikusten Bideondo sektoreko plan partzialaren aldaketa puntualean jasotako jarduketek horretan eraginik izatea.

      Aurreko ataletan aipatu den bezala, lurzati bat jasota dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo kutsa zezaketen jarduerak izan dituen lurzoruen inbentarioan: 48910-00142 kodea. Gaur egun, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetzen ari da, baina ebazpen hau egiteko egunean ez dute oraindik eman adierazpen hori.

      Aztertu den lurzatia Ibaizabal eta Zaldegi ibaietatik gertu dago.

      Arriskuei dagokienez, urak hartzeko arriskua dago aztertutako eremuan. Plan partzialaren aldaketa puntualaren mugen barruan 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-eremuak kartografiatu dira. Egin den azterketa hidraulikoak ondorioztatzen duenez, sektorearen zati bati eragiten dio 100 urteko errepikatze-denborako uholdeak, baina lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo, azterketa hidraulikoaren arabera, lurzatiaren hego-mendebaldeko bazterreko eremu txiki batean izan ezik; espaloia eta lorategia jartzeko proposatutako eremuarekin bat dator eremu hori.

      Akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna txikia/oso txikia da.

      Plan partzialaren aldaketa puntualak barne hartzen duen eremuan ez dago kultura-ondareko inolako elementurik.

      Aurkeztutako agiriekin bat etorriz, fatxada-mailako eta zenbait altueratako soinu-inpaktu mailek gainditu egiten dituzte kanpoalderako aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak (KAHak), hala oraingo egoeran nola 20 urteren buruan. Zarata-foku nagusiak errepideei dagozkie, bereziki N-634ri. Errepideko zirkulazio-abiadura gutxitzea aztertu da, bai eta 3 metroko altuerako pantaila akustiko bat jartzea ere, baina gauez ez dira KAH guztiak betetzen; irtenbide hori ez da bideragarria.

      Ingurumen-ondorioak indarrean dagoen plan partzialean xedatutako egoerarekin alderatuta ebaluatu dira. Horrenbestez, aurrekoa, eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

      Hori aintzat hartuta, plan partzialaren aldaketan jasotako jarduketen garapenetik etorriko diren ondorioak eremuko eraikinen eta urbanizazioaren eraikitze-obrei, lur-mugimenduei (lurraren zati bat kutsagarri gisa inbentariatuta dago) eta hondakin-sorrerari lotuta egongo dira; hala bada, baliteke urak kutsatzea lurrak herrestan joateagatik eta giza habitataren kalitatea murriztea ibilgailuen eta makinerien joan-etorriek, eta urbanizatzeko eta eraikinak eraikitzeko behar diren lur-mugimenduek sortuko dituzten eragozpenengatik (zarata, hautsa, bibrazioak eta abarrak handitzea).

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planaren aldaketa partzialak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bideondo sektoreko plan partzialaren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Planak barne hartu beharreko zehaztapen nabarmenena da plan partzialaren aldaketatik ondorioztatzen diren jarduketak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan behar direla. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Ekainaren 25eko 4/2015 Lege horren 31.4 artikuluan adierazitakoaren arabera, honako hauek egin baino lehen eman beharko du lurzoruaren kalitatearen deklarazioa ingurumen-organoak: lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lursailaren edo lursailen antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, kokaleku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, plan partzialari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

      Halaber, uholde-arriskuari dagokionez, eta uren arloan eskumena duen organoak behar diren baimenetan xedatzen duena alde batera utzi gabe, planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere. Zehazki:

      Arriskugarritasun- eta arrisku-mapekin bat etorriz, Bideondo sektorea partzialki urpean geldi liteke 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz, eta ia guztiz 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz. Lehentasunezko fluxu-eremuak ez dio eragiten, bazterreko eremu txiki bati izan ezik, alegia, espaloia eta lorategia ipintzeko proposatutako eremuari.

      Uraren txostenak (Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan 2020ko maiatzaren 13an sartu zen), berriz adierazten du ez direla baimenduko 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz partzialki urpean geldi litezkeen eremuetan proposatutako betetze-lanak, eta eremu horretan ez da baimenik emango iragazkorrak ez diren itxiturak jartzeko.

      Gainera, plan partzialak sektoreko mendebaldeko muturrean jasotzen duen ikastetxe publikoaren proposamenari dagokionez, adierazten du, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan ezarritakoari jarraikiz, proposamen hori ez dela bideragarria, ikastetxeak eta eskolaurreko zentroak debekatuta daudelako urpean geldi litezkeen eremuetan. Horregatik, izapidetzen ari den plan partzialean aurkeztutako proposamenaren artikulu hau aldatu beharko da: «15 Hezkuntzako Ekipamenduko Sistemak».

      Halaber, eta Plan Hidrologikoan eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean xedatutakoari dagokionez, hirigintzako garapen berriek, eteten dituzten arroetako drainatzean alterazioak eragin baditzakete, drainatze jasangarrirako sistemak sartu beharko dituzte, hain zuzen bermatzearren aurreko egoerarekin alderaturik gerta daitekeen jariatze-igoera konpentsatu ahal izango dela edo hutsaren hurrengoa izango dela.

      Uren arloan eskumena duen erakundeari behar diren baimenak eskatu beharko zaizkio planean arlo horri dagokionez jasotako jarduerak baimendu aurretik.

      Halaber, aplikatu beharreko neurrien artean, proiektuen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

      Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Iurretako Bideondo sektoreko plan partzialaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Iurretako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, plan partzialaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 6a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira planetik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak eta ebakiak prestatzekoak barne, bai eta obra-amaierako garbiketa-kanpainan sortutakoak ere.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Plan partzialaren aldaketatik ondorioztatzen diren jarduketak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izango dira. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota.

Induskatutako lurzoruen kontrola: Iurretako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gida, aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik