Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Orbeldiko (Usurbil, Gipuzkoa) Ur Amilen Ubidearen Lurzoru Urbanizaezineko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 3318
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/29
  • Argitaratze-data: 2020/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko otsailaren 6an, Usurbilgo Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Orbeldiko (Usurbil, Gipuzkoa) Ur Amilen Ubidearen Lurzoru Urbanizaezineko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Orbeldiko (Usurbil, Gipuzkoa) Ur Amilen Ubidearen Lurzoru Urbanizaezineko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita Planak ingurumenaren gainean kontrako ondorio esanguratsuak ez izateko ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Usurbilgo Udalak sustatutako Orbeldiko (Usurbil, Gipuzkoa) Ur Amilen Ubidearen Lurzoru Urbanizaezineko Plan Bereziari (aurrerantzean, LUPB) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    LUPBaren helburua da Orbeldin Ur Amilen Ubidea ezartzeko hirigintza-parametroak zehaztea eta, horretarako, garapen jasangarrirako eta eremu horretako ingurumen-balioen babeserako irizpideak oinarri izatea. LUPBak gaur egun dagoen lurzoru urbanizaezinaren sailkapenari eusten dio, eta planeko eremua Interes Publikoko Ekipamendurako zuzkidura-lurzoru gisa sailkatzen du.

    Proposamenak hauxe du xede: antolamendua egokitzea, antzinako zentral hidraulikoaren ubide abandonatua eraldatu, eta ur-amilen zirkuitu bihurtzeko. Garapenerako eraikuntza-antolamendua eta -parametroak arloak dituen ingurumeneko baldintzatzaileetara (jabari publiko hidraulikoa, uholde-arriskua, topografia, etab.) eta hirigintzakoetara (antzinako ubidea, lurzatien erabilgarritasuna, landa-bidea, etab.) egokitu behar izan dira.

    Proposamenak kirol-jarduera garatzeko behar diren elementuak sortzea aurreikusten du, besteak beste, ubidea bera, eta zerbitzu osagarriak, tartean, kanalaren sarbideak eta bideak, eta kirol-jarduera garatzeko instalazioak ekipamenduak eta ontziak gordetzeko guneak, aldagelak eta gune osagarriak. Eremuaren 2/3 inguru berdegune gisa mantentzea aurreikusten da; hala, baso masa nagusiak mantenduko dira.

    Gainera, proposamenak Orbeldiko presa txikian Oria ibaiaren arrain-faunarako iragazkortasun-baldintzak hobetzea sustatzen du.

    LUPBa Ubidearen Obra Proiektuaren eta Eraikuntza Proiektuaren bidez garatuko da, zeinak hirigintzako obra osagarriak jasoko baititu.

  2. LUPBaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agiriak ikusita, LUPBaren zehaztapenek ez daukate baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik LUPBaren aldetik. LUPBaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: LUPBan proposatzen den ur-amilen ubidea ezartzeko eremuaren berrantolaketa garapen jasangarriko eta eremu horretarako babeseko irizpideak hartu ditu oinarri.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman LUPBan jasotzen diren jarduketek arazo nabarmenik eragingo dutenik ingurumenean, betiere jarduketak eta jarduerak indarreko legeriaren arabera gauzatzen badira segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, uholde-arriskuaren, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta biodibertsitatearen arloetan, besteak beste.

      5. LUPBa, a priori, egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, efizientzia energetikoaren, klima-aldaketaren, hondakinen kudeaketaren, zarataren argiztapenaren eta biodibertsitatearen arloetakoa.

    2. Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak:

      LUPBaren antolamendu-eremuak 17.416 m2-ko azalera hartzen du, Orbeldi presaren inguruan eta Oria ibaiaren trazadurari jarraikiz Urdaiaga auzoan, Usurbil udal-mugartean. Eremua lurzoru urbanizaezin gisa dago sailkatuta Usurbilgo Arau Subsidiarioetan. Eremu malkartsua da sarbideko kotatik ibai-ibilgura arte; bertan, ubidea eta Amerizko antzinako eraikinaren hondarrak nabarmentzen dira. Eraikina ez da erabiltzen; abandonatuta eta erortzekotan dago.

      Lurrazaleko uren eta bertako intereseko faunaren inguruan egon daitezkeen ingurumen-ondorioak direla eta, LUPBak solido esekien arrastearen ondorioz lurrazaleko uren kalitatea ez okertzeko prebentzio-neurriak jaso ditu. Gainera, ur-amilen ubidea sortzeak Oria ibaiaren ezaugarri hidraulikoak eta konektibitate-ezaugarriak aldatuko dituela aurreikusten da, eta, ondorioz, arrain-espezie migratzaileen igaroa hobetuko da Orbeldi gunean.

      Paisaiaren ikuspegitik, LUPBak aukera emango du, obra-fasean, landaredia moztearen, lur-mugimenduen, makinen eta abarren ondoriozko paisaia-inpaktu handiagoa izateko. Ustiapen-fasean, eremuaren ikus-kalitateak egungo ezaugarriei eutsiko die; izan ere, zentralaren eraikinaren hondarren ordez arloko landa- eta ibai-paisaiara egokitzeko diseinatutako eraikina jarriko da.

      Uholde-arriskua da eremuaren antolamenduaren baldintzatzaile nagusietako bat; beraz, unitate horretan aurreikusitako garapenak Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoan ezarritakoa bete beharko du (urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretua, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko Demarkazio Hidrografikoen eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko Demarkazio Hidrografioen alderdi espainiarraren Plan Hidrologikoak berrikustea onartu zuena), bai eta arloko organo substantiboak ezartzen duena ere.

      Ekipamendua gauzatzeko obretan, hauek izango dira ondorioak: hondakinak eta indusketa-soberakinak, baliabideen kontsumo handiagoa eta zarata eta kutsadura akustikoa.

      Ustiapen-fasean, LUPBak proposatutako jarduerak baliabideen kontsumoa areagotuko du, hondakin gehiago sortuko dira eta mugikortasun-eskaria ere areagotu egingo da. Hala ere, LUPBak energiaren erabilera murrizteko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta mugikortasun jasangarria eta ez motorizatua bultzatzeko neurriak planteatzen ditu.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, LUPBaren ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Neurri babesle eta zuzentzaile horiek ezartzen dira Planak ingurumenean kontrako ondorio esanguratsurik ez izateko. Besteak beste, LUPBak zehaztapen hauek egin beharko ditu:

      1. Jarduketek ekosistema urtarren eta haien ingurunearen babesa eta lehengoratzea hartu beharko dituzte kontuan, bai eta haren eginkizun konektoreari eustea ere, bai ibai-eremuaren ingurune lehortarrean, bai urtarrean. Proposatutako jarduketek inolaz ere ezingo dute eragin tratamendurik gabeko urak zuzenean isurtzea, ez eta ibilguan eta haren ibaiertzetan faunaren zirkulazio askearentzako oztopoak eragitea ere. Lehentasuna ur-masen egoera ekologikoaren babesa, zaintza eta hobekuntza izango da.

        Inguruneko ekosistemei eusteko, LUPBak landaredia autoktonoa lehengoratzea jaso beharko du, gutxienez, eraginpean geratu den erriberako basoaren azaleran, eta proposatutako jarduketak «Ekologiaren eta paisaiaren lehengoratze-proiektua» izan beharko du atxikita. Era berean, eraginpean egon daitekeen fauna babesteko prebentzio-neurriak ezarri beharko ditu, besteak beste, kolakaren ugalketa-eremuan eta bisoi europarra lehengoratzeko eta hedatzeko eremuetan. Neurri horiek aurrekontua izan behar dute, eta jarduera ezartzeko obren exekuzio-aurrekontuari lotuta egon beharko dira.

        Era berean, LUPBaren ingurumen-ikuskaritzako planak (IIP) behar diren baldintzak jaso beharko ditu, behar izanez gero, ingurumen-aholkularitza espezializatu batek obra-zuzendaritzari erabakiak hartzen lagun diezaion eta txosten zehatzetan egiazta ditzan obretan eta obren ondoren ingurumen-neurriak betetzen direla (flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko jarduketak, afekziorik gabe geratuko diren zona eta aleen zuinketa, eremuan dagoen faunari ez eragitea...). IIPa behar beste denboraz mantendu beharko da, jardueraren ustiapen-fasean ere eremuaren ingurumen-balioei eusten zaiela ziurtatzeko.

      2. Paisaia integratzeko, lehengoratzeko eta haren balioa nabarmentzeko zehaztapenek eta jarduketek honako premisa hau jaso beharko dute: lurraldeko dibertsitate biologikoa eta funtzionaltasun ekologikoa kontserbatzea eta sustatzea eta, horretarako, neurri egokiak hartzea, fauna eta flora basa-espezieen bereziki mehatxupean daudenen edo galzorian daudenen habitaten kontserbazio-egoera babesteko eta, ahal den neurrian, hobetzeko.

      3. Jarduera paisaian integratzeko erabili beharreko landare-espezieak kontu handiz hautatu beharko dira. Erabili beharreko espezieak autoktonoak izango dira, eremuaren balizko landarediarekin bat etorrita (haltzadi kantauriarra), eta espezie aloktonoak pixkanaka desagerrarazteko neurriak ere hartuko dira. Gainera, hautatutako espezieen ezaugarriak kontuan hartu beharko dira nahi diren helburuak bermatzearren (haien klima- eta edafologia-eskaerak, berezitasun fisiologikoak, egitura, kromatismoa, testurak eta abar).

      4. Proposamenek lurzorua eraldatzea badakarte, haren ezaugarri edafikoak mantentzeko behar diren neurriak hartuko dira. Besteak beste, eraginpeko eremuko landare-lurra kendu eta metatuko da, ezpondetan eta berriz landatzeko eremuetan erabili ahal izateko. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea.

      5. Proiektuaren jarduerak lurzoruari eragiten badio, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluak ustezko eremu arkeologikoen inguruan zehazten duenaren arabera.

      6. Ibilguak babesteko zortasun-eremua errespetatu beharko da, eta bete egingo dira bi plan hauetan ezarritako atzerapenak eta mugak: Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana eta Kantauriko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa.

        Bigarrena. Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak jasotzen badira, ez dela aurreikusten Orbeldiko (Usurbil, Gipuzkoa) Ur Amilen Ubidearen Lurzoru Urbanizaezineko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izatea, eta, horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egin beharko.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Usurbilgo Udalari.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Orbeldiko (Usurbil, Gipuzkoa) Ur Amilen Ubidearen Lurzoru Urbanizaezineko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 29a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik