Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita honako proiektu honi buruz: «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» erdi-tentsioko aireko linea berritzeko proiektua, Quejora doan adarrean, Gaubeako udal-mugartean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 3334
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/22
  • Argitaratze-data: 2020/08/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko otsailaren 7an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak Quejora doan adarrean, Gaubeako udal mugartean, «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» erdi-tentsioko aireko linea berritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, 21/2013 Legean ezarritakoa betez (abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa). i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk (Grupo Iberdrola) sustatutako proiektua da.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko martxoaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedaturikoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio, besteak beste, proiektuaren I. eranskineko edo II. eranskineko ezaugarrien aldaketa orori, exekutatuak edo exekuzio-prozesuan daudenak, 7.1.c) artikuluan jada baimendutako deskribatuez bestelakoak badira eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Quejora doan adarrean, Gaubeako udal mugartean, «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» erdi-tentsioko aireko linea berritzeko proiektuari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, proiektu honetarako: «Bergüenda» (BTA Entrambasaguas) 13,2 (20 Kv) erdi-tentsioko aireko linea berritzeko proiektua, Quejora doan adarrean, Gaubeako udal mugartean. i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk (Grupo Iberdrola) sustatutako proiektua da.

  1. Proiektuaren helburua da «Bergüenda» (BTA Entrambasaguas) erdi-tentsioko linea berritzea, Quejoko transformazio-zentrora doan adarrean. 2.144 metroko luzera du, gutxi gorabehera.

  2. Aireko linea hori berritzeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren xede den linearen tartea kontserbazio-egoera eskasean dago eta kableak erortzeko, zutoinak hausteko edo tentsio-galerak egoteko arriskua dago. Horregatik berritu behar da, baita ahalmen handiagoa emateko eta eremuan hornidura elektrikoa bermatzeko ere, linea indarrean dagoen araudira egokituz. Zirkuitu sinpleko aireko linea trifasiko bat da berritu beharreko linea, tentsio izendatua 20 kV-koa duena eta zerbitzu tentsioa 13,2 kV-koa.

      Berritze-lanek barne hartzen dute eroalea aldatzea eta sekzio handiagoko bat jartzea, baita euskarri asko aldatzea ere, egungo trazatua mantenduz, linearen hasieran dagoen eta 150 m inguru dituen tarte txiki batean izan ezik. Zehazki, proiektuak barne hartzen duena zera da: 16 euskarri (14 egurrezkoak dira eta 2 hormigoizkoak) eta LA-30 kable biluzia duen 13,2 kV-ko aireko linea trifasikoaren 2.118 m desmuntatzea; aurretik zeuden 11 euskarri mantentzea eta birkokatutako 11 berri jartzea (hormigoizkoak edo metalezkoak), baita aluminio-altzairu galbanizatuzko eroale bat ere (LA56). Euskarri berriek altuera handiagoa izango dute, hegaztiak ez elektrokutatzeko neurriez gain. Talkak ekiditeko balizak ere jarriko dira 20 metroan behin eroale guztietan eta hiruzuloka, haien artean.

      Proiektu hau egikaritzeak ondorengo jarduketa hauek eskatzen ditu:

      1. Sarbide-errepideak egitea. Landan zehar 3 metro inguruko zabalera izango duten sarbide berriak egiteak kalteak sortuko ditu. Egin beharreko sarbide berriek 3.194 m2 hartuko dituzte. Gehienak segurtasun-kaletik igarotzen dira.

      2. Linearen segurtasun-kalea irekitzea, 14 metroko zabalera duen pasabide batean zehar. Zuhaitzak ipurditik moztean eta basogintzako makineria arina erabiltzean (motozerra eta sasiak garbitzeko makina) espezializatuta dauden basoko langileek egingo dute lan hori.

      3. Euskarri bakoitzaren oinetan lanerako plataformak prestatzea. Horietako bakoitzak 50 m2-ko azalera izango du, gutxi gorabehera.

      4. Baliabide mekanikoekin (atzerako hondeamakina) zein eskuz zimenduak jartzea eta obra-hondakinak kentzea. Hondeaketatik 17,3 m3 lur aterako direla kalkulatu da proiektuan.

      5. Euskarriak altxatzea eta hormigoia botatzea. Euskarrien zimenduak jartzeko, hormigoia bota behar da egindako zuloetan. Euskarriak altxatzeko, garabi-kamioia edo luma erabiltzen da.

      6. Aurretik zeuden eroalea eta euskarriak desmuntatzea. Linea zaharraren kableak, euskarriak eta hormigoizko zimenduak eta jada balio ez duten gainerako instalazioak kenduko dira, baita obretako behin-behineko instalazioak ere. Hondakinak kendu eta kudeatuko dira.

      7. Obren eragina nozitu duten lurzoruak lehengoratzea, topografikoki zein landarediaren aldetik. Obrak hasi aurretik zeuden egoeran utzi beharko dira.

    2. Eremuaren ingurumen-ezaugarriak.

      Gaubeako udal mugartean dago jardun-eremua. Berritu nahi den lineak egungo linearen trazatua mantenduko du eta A-4332 errepidearekiko paraleloa da, Omecillo ibaiaren adarra den Quejo errekak zulatutako ibarraren hegalaren erdialdean. Lineak Quejo erreka zeharkatzen du bi puntutan eta urak hara isurtzen dituen beste erreka bat puntu batean, ezkerreko ibaiertzetik. Lineak, bere ibilbidean zehar, erkamezti subkantauriarrek eta pinu gorriek osatutako basoak, ipurudi eta garriga multzoak eta soro landuak, larreak eta belardiak zeharkatzen ditu.

      Proiektuaren eragin-eremuan Batasunaren intereseko lau habitat identifikatu dira:

      9240 Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieetako harizti iberiarrak.

      9340 Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieetako basoak.

      6210 Belardi erdi-natural lehorrak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea bikainak dituzten lekuak).

      4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin.

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, egindako landa-azterketan ez zen EAEko landaredia baskularraren zerrenda gorrian ageri den orkidea alerik aurkitu eta, beraz, 6210 habitata ez da lehentasunezko habitat gisa hartzen. Proiektuaren eremuan ez da, ezta ere, landaredia babestuaren espezierik identifikatu.

      Berritu nahi den linea elektrikoaren inguruan Natura 2000 Sareko hiru gune babestu daude: Obarenes mendiak KBE/HBBE, Omecillo/Tumecillo erreka KBE eta Valderejo-Sobrón-Arcena mendilerroa KBE/HBBE.

      Linea elektrikoaren trazatutik hurbilen dagoen gune babestua (hurbilen dagoen lekua, 100 metro pasatxora) Obarenes mendiak KBE/HBBE da. Natura 2000 Sareko espazio honek Obarenes mendiak-San Zadornil Natur Parkearekin partekatzen du zonakatzea. Hegaztiei erreparatuz gero, espazio honetan sai arrearen (Gyps fulvus) ugaltze-populazio handia nabarmendu behar da, eskualde zein estatu mailan interesgarria dena (Espainiako sai arrearen populazio osoaren % 2 da). Estatu mailan garrantzitsua da, baita ere, sai zuriaren ugaltze-populazioa (Neoprhron pernopterus) (Espainiako populazioaren % 1) eta belatxinga mokogorriarena (Pyrrhocorax pyrrhocorax) (Espainiako populazio osoaren % 4). Era berean, Bonelli arranoa (Aquila fasciata) agertzen den leku urrietako bat da Gaztela eta Leonen.

      Esan beharra dago Obarenes mendiak KBE/HBBE Valderejo-Sobrón-Arcena mendilerroa KBE/HBBEri lotuta dagoela eta azken horri jarraipena ematen diola.

      3 km-ra dago ES2110024 Valderejo-Sobrón-Arcena mendilerroa KBE/HBBE. Hartatik linea elektrikora dagoen distantziari erreparatuta, bereziki azpimarragarria da gune honetako hegazti-fauna, hegazti harkaiztarrak gailentzen direla (sai zuria, sai arrea, arrano beltza, belatz handia, hontz handia). Noizbehinka ugatza eta aztore-arranoa ere ikus daitezke.

      Azkenik, 200 metro baino gehiagora, ES2110005 Omecillo/Tumecillo erreka KBE/HBBE dago. KBE horrek Batasunaren intereseko habitatak ditu, adibidez, haltzadiak eta lizardiak (EBren kodea: 91E0*), eta sahastiak eta makaldi mediterraneoak (EBren kodea: 92A0); arrain interesgarriak ditu, adibidez, loina, mazkar arantzaduna, ibai-kabuxa, zaparda eta barbus haasi delakoa; bereziki azpimarragarria da bisoi europarraren eta igarabaren presentzia, espezie biak Arriskuan dauden Espezieen EAEko Katalogoan agertzen direla; eta ibai-inguruetako hegaztien kasuan, KBEn martin arrantzalea, ur-zozoa eta uhalde-enara gailentzen dira, eta espezie horiek ere Arriskuan dauden Espezieen EAEko Katalogoan sartuta daude.

      Jardun-eremua «Gaubea-Arcena mendilerroa» Hegaztientzako Eremu Garrantzitsuaren (IBA) barruan dago, SEO/BirdLife-k hala izendatu ondoren. Balio bereziko lurraldea da, dituen harrapariengatik: mirotz zuria, sai zuria, belatz handia, saia, etab.

      Linea elektrikoak zeharkatzen duen eremuan, ez dago interes bereziko eremurik hegazti nekrofagoentzat. Horiek kudeaketa-planak dituzte EAEn. Nolanahi ere, Valderejo-Sobrón Hegazti-faunaren Babes Eremua dago linea elektrikotik 60 metrotara eta bertan talketatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak aplikatu behar izaten dira, EAEko Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan tentsio handiko aire linea elektrikoetarako jasota daudenak.

      Bestalde, jardun-eremua «Arcena mendilerroa» Paisaia Bikainean eta «Quejo-Gurendesetik Villanañera arteko laborantza-lurrak» Paisaia Berezian dago. Paisaia horiek Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoan ageri dira.

      EAEko Korridore Ekologikoen Sareko elementu hauei ere eragiten die linearen trazatuak: «Arcena_Valderejo korridorea-Gasteizko mendi garaiak» loturazko korridorea, horren moteltze-gunea eta «Quejo» lotura-interes bereziko ibai-zatia.

      Kultura ondarearen elementuen presentziari erreparatuz gero, proiektuaren eremuan (427 eta 428 euskarriak) 156. Gaubea-San Frutos baseliza eta nekropolia arkeologia-eremua dago, Quejon. Intereseko eremu gisa aitortzea proposatu da, 6/2019 Legeari jarraikiz (maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena). Eremu hori interesgarria da lurpean duenagatik, baselizaren egitura erregistratu ahal izateko eta aipatutako San Frutos baselizaren ondoko nekropoliaren tamaina ezagutu ahal izateko.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Eraikuntza-fasean, batik bat landaredia kentzea izango da efekturik handiena, bideak zabaldu beharko baitira obretako eremuetara iristeko, zimenduak okupatzeko, lan-eremuak eta pilaketa-eremuak prestatzeko eta segurtasun-kalea 14 metrotaraino zabaltzeko.

      Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eragina nozituko dute bereziki Quercus faginea eta Pinus sylvestris espezieez osatutako zuhaiztiek eta ipurudiek eta garrigek. Linea berritzeko, aurretik zegoen korridorea erabiliko da eta, beraz, gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez dituzten adaburuak mozteko edo inausteko lanak baino ez dira egin beharko.

      Obren eragina nozituko duten Batasunaren intereseko habitaten azalera 6.551 m2-koa da guztira. Azalera horretatik, 4.647 m2 erkamezti subkantauriarrek eta garrigek osatutako zuhaiztiek hartzen dituzte (9240 eta 9340 habitatak) eta gainerakoa larreek eta txilardiek (6210 eta 4090 habitatak). Eragina nozituko duten habitatek zuhaixka eta belar-erako landaredia dute, sakabanatuta. Zati batean segurtasun-kalearen barruan geratzen dira landareok eta, beraz, unean uneko inausketa- eta mozte-lanen eragina baino ez dute nozituko.

      Balizko beste ondorio batzuk lirateke ubideetan izandako zuzeneko eragina, obrak iraun bitartean eta ur-bazterreko landaredia inausi/mozteko lanek iraun bitartean haiek zeharkatu behar izanagatik; eta zeharkako eragina, jariatze-urak dakartzalako eta solidoak esekita geratzen direlako eta makineriak istripuz hidrokarburoak isuri ditzakeelako.

      Proiektua Natura 2000 Sareko gune babesturen baten eremuarekin bat ez datorren arren, hurbil ditu Obarenes mendiak KBE/HBBE eta Omecillo/Tumecillo erreka KBE/HBBE. Zertxobait urrunago geratzen da Valderejo-Sobrón-Arcena mendilerroa KBE/HBBE. Funtzionamendu-fasean, proiektuaren bidez berritu nahi den lineak hegazti-faunaren joan-etorrietan eragina izan dezake bereziki, elektrokutatzeko eta talka egiteko, habitatak zatituta geratzeko eta konektibitate ekologikoa aldatzeko arriskuagatik, habitatak desagerraraziko baitira eta azpiegiturak hesi-efektua izango baitu. Horrez gain, paisaian ere eragina izan dezake. Nolanahi ere, eragin hori bera izan dezake oraingo lineak ere.

      Proiektuak barne hartzen du hegazti-fauna babesteko eta talka ez egiteko elementuak instalatzea, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuz, goi-tentsioko linea elektrikoen kontra talka egitearen eta elektrokutatzearen kontra hegazti-fauna babesteko neurriak jartzen dituena. Hegazti-fauna babesteko neurri horiek hartuta, hegaztiak elektrokutatzeko eta talka egiteko egungo arriskua murriztuko da. Bestalde, egungo korridore elektrikoa berritzea aurreikusten denez, ez dira habitatak gehiago zatituko.

      Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak, Araban Natura 2000 Sareko espazioak kudeatzeaz arduratzen den organoak, eragindako administrazio publikoei kontsulta-izapideetan bidalitako txostenean, linea berritzeko aukeraren alde egin du, ingurumenaren ikuspegitik egokiena delako. Inguruko Natura 2000 Sareko espazioetan izan dezakeen eraginaren kasuan, adierazi du ingurumen-dokumentuaren apartatu zehatz batean arreta handiz aztertu dela espazio horietan izan dezakeen eragina, espazio bakoitzeko espezie eta elementu garrantzitsuak nabarmenduz eta egokitzat jo dituen babes- eta lehengoratze-neurriak proposatuz, proiektuaren ingurumen-integraziorako neurri gehigarriak proposatzen baditu ere.

      156 Gaubea-San Frutos baseliza eta nekropolia arkeologia-eremuan (Quejo) izan dezakeen eraginaren kasuan, eremu horretan kokatutako 427 eta 428 euskarriak proiektuan mantentzen badira ere, ezin da baztertu segurtasun-kalea zabaltzeko lanek eta egin daitezkeen beste hobekuntza-lan batzuek izan dezaketen eragina eta, beraz, beharrezkoa da obra gauzatzeko prebentzio-neurriak hartzea.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean eragin kaltegarririk ez izateko eta ez dadin beharrezkoa izan «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» erdi-tentsioko aireko linea berritzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egitea Quejora doan adarrean, betiere ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

      Ondoko atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

    1. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da.

    2. Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, teknikoki bideragarria den guztietan, aurretik zeuden eta proiektuan erabiltzea aurreikusten den euskarri hauek lekuz aldatzea proposatzen du:

      404 euskarria: hegoalderantz pixka bat mugitzea proposatzen da, ondo-ondoan duen erkameztiari gutxiago eragiteko.

      423 euskarria: lekuz aldatzea proposatu da, Valdelagua errekaren ertzean dagoen basoa lehengoratu ahal izateko.

      424 euskarria: ahal den neurrian, mugakide duen laborantza-landara lekualdatzea proposatu da, orain erkamezti batean kokatuta dagoelako eta bertatik kendu nahi delako.

    3. Edozein esku-hartze burutu aurretik, basoko hegaztien habiarik eta plataformarik dagoen ebaluatuko da, baita faunaren habiarik edo babeslekurik dagoen ere, obren eragina nozituko duten tarteetako ur-ibilguen ertzetan. Horien arrastorik aurkitzen bada, horren berri eman beharko zaio Arabako Foru Aldundiaren barnean basoko fauna kudeatzeko eskumena duen organoari.

    4. Oro har, fauna-espezie guztiak eta bereziki hegazti-fauna gutxien kalte ditzakeen sasoira mugatuko da obrak gauzatzeko epea. Obrak martxotik uztailera bitartean egitea ekidingo da, inguruan dauden Natura 2000 Sareko naturagune babestuetatik (KBE eta HBBE) gertu dauden eremuetan behintzat.

    5. Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

    6. Era berean, oro har, garapen begetatiboaren maila handienean linearen segurtasunari eragin diezaioketen zuhaitz-espezieak baino ez dira moztuko. Gainerako zuhaitz-espezieak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira.

      Eremurik kaltebera eta natura-balio handienekoenetan (zuhaizti autoktonoak, Pynus sylvestris pinudiak, Batasunaren intereseko habitatak), inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jarriko badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      Ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haltzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko. Bertakoak ez diren zuhaitzak ipurditik moztu daitezke betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (sahatsak, hurritzak, haritzak).

      Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

      Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste biderik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

      Zuinketa eta lanen exekuzioa aurrez aipaturiko eremu sentikorretan gauzatzean, basoko floran eta faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

    7. Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian, edo, halakorik ezean, lehendik dagoen korridorea, ingurumen-dokumentuan proposatutakoa betez. Trazadura berriko sarbideak eta ditugun sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua murriztuz eta ubideen eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina saihestuz.

    8. Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezingo dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, Pynus sylvestris pinudiak, ibaiertzeko landaretza, etab.) egon, ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

      Eremu horien xehetasun-kokalekua obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta in situ balizatu beharko da kasu bakoitzean egokitzapen-lanei ekin baino lehen.

    9. Ez elektrokutatzeko neurriak hartuko dira eta txoriak babesteko balizak jarriko dira, ingurumen-dokumentuan linea elektriko osorako zehaztutakoak, hegaztien talka- eta elektrokuzio-arriskua murrizteko.

    10. Moztu beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan bertako zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

    11. Hala ere, proiektuaren sustatzaileak, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatu beharko ditu, zuhaitzak bota diren eremuaren bezainbesteko azalera batean, gutxienez. Ingurumen-dokumentuarekin bat etorriz, kaltetutako landare-azaleraren % 50 gehiago ezarriko da gutxienez, kasu guztietan. Ahal izanez gero, degradatutako eremuak lehengoratuko dira proiektuaren eremuaren inguruetan eta, bereziki, egungo zuhaiztien periferiako eremuetan, laborantza-lurrak izan baziren, eta/edo Omecillo ibaiaren inguruetan edo landaredi-masen arteko konektibitateari mesede egiten zaien eremuetan. Berriro landatu beharreko eremuak zehazteko, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzarekin kontsultatuko da.

    12. Obrak hasi aurretik, sustatzaileak horren berri emango dio Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:

    1. Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

    2. Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunetan ere, eta ez dute jasoko lur-mugimenduen soberakinen edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik. Eremu horietan nahi ez diren alterazioak saihesteko, jabari publiko hidraulikoko zortasun-lerroak balizatu egingo dira, makinen joan-etorriak saihesteko, materialak edota hondakinak bertan ez pilatzeko eta tankerakoak saihesteko.

    3. Bide osagarriak egin behar badira obrek dirauten artean, haien trazadurak baztertuko du edozein motako ibilguen aldaketa oro. Kasu guztietan, bide horiek ezabatu eta eragindako gainazalak lehengoratu egin beharko dira obrak amaitu ostean.

    4. Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

    5. Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, 22/2011 Legea bete beharko da (uztailaren 28koa, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzkoa).

    6. Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

    7. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, 4/2015 Legean (ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

      Hauts-emisioak gutxitzeko neurriak.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    1. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

    2. Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

    2. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    3. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    4. Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    5. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

    6. Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

    7. Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

    8. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    9. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    10. Obretan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

    11. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

    12. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

      Kultura ondarea babesteko neurriak.

    1. Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak emandako informazio grafikoa oinarri hartuta, in situ eta obraren planoan zehaztu beharko da 156 Gaubea-San Frutos baseliza eta nekropolia arkeologia-eremua (Quejo), hura babesteko.

    2. Era berean, obraren arkeologia-kontrola egin beharko da. Horretarako, aholkatzeko eskatuko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Zuzendaritzari.

    3. Proiektuan egungo 427 eta 428 euskarriak mantentzea aurreikusten bada ere, arkeologia-eremuan hondeaketaren bat egitea, lurrak mugitzea edo makineria astuna erabiltzea aurreikusten bada, horren berri emango zaio arestian aipatutako organoari. Azken horrek kontserbatutako hilobien edo baselizaren indusketa eta aurretiazko arkeologia-proiektua egiteko beharrizana zehaztuko du, beharrezkoa izanez gero.

    4. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

    1. Obraren paisaia-integraziorako lanak egingo dira eragindako eremu guztietan; tartean, oraingo euskarriak desmuntatzeagatik (ordezkatu egingo dira) eta obretarako sarbideengatik ukituko diren eremuak, kontratistaren instalazio-guneak eta amaitzean ukituko diren beste gune batzuk, bilketarako edo bestelako behin-behineko erabileretarako guneak barne hartuta. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

    2. Berriz ere landareak jartzerakoan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

    3. Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

    4. Lehengoratzeko lanak egin bitartean, landare aloktono inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

    5. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jardun-guneetan.

    6. Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

    7. Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

      Garbiketa eta obra-akabera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

      Ingurumen-arloko aholkularitza.

      Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

      Hirugarrena. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

      Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

      Laugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez izanez gero, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuari buruzko txosten arrunta egitea Quejora doan adarrean, Gaubeako udal mugartean, «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13,2 (20 Kv)» erdi-tentsioko aireko linea berritzeko proiekturako.

      Bosgarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari eta Gaubeako Udalari.

      Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 22a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik