Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Amurrioko (Araba) antolamenduko Arau Subsidiarioek HLO 3-Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorrean B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea mugatzeko izandako aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 3317
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/21
  • Argitaratze-data: 2020/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko urtarrilaren 2an, Amurrioko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Amurrioko (Araba) antolamenduko Arau Subsidiarioek HLO 3-Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorrean B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea mugatzeko izandako aldaketa puntualari buruzkoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Amurrioko (Araba) antolamenduko Arau Subsidiarioek HLO 3-Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorrean B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea mugatzeko izandako aldaketa puntuala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozeduran, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Amurrioko (Araba) antolamenduko Arau Subsidiarioek HLO 3-Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorrean B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea mugatzeko izandako aldaketa puntualaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xede den eremua Amurrioko herrigunearen hego-ekialdean dago, Ugartebitxi auzoan, eta 4.257 m2-ko azalera du. Hiri-lurzoru finkatua da.

    Planak antolamenduan egiturazko aldaketa bat egin asmo du, B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea Amurrioko arau subsidiarioetan zehazten den HLO-3 Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorraren barnean sartzeko.

    Aldaketak, nagusiki, helburu hauek ditu:

  1. 7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatearen eremua mugatu eta antolamendua zehaztea.

    Aprobetxamendu-baldintzak ezartzea arlo hauetan: eraikin-aprobetxamendua, gehieneko etxebizitza kopurua, eraikin mota, eraikinaren gehieneko okupazioa eta eraikinaren profila.

    Exekuzio-unitateko erabilera-baldintzak ezartzea, arau subsidiarioekin bat.

    Exekuzio-unitatearen zuzkidura-estandarrak ezartzea.

    Babes publikoko etxebizitzen estandarrak ezartzea.

    Unitatean aurreikusitako saneamendu-aukera ezartzea: aldi baterako hobi septikoa ezartzea, Nerbioi Ibaiaren Goi Arroko hondakin-uren arazte-sistema funtzionatzen hasi arte.

    Horretarako, jarduketa hauek proposatu dira:

    Aurri-egoeran dauden bi eraikinak eraistea; A-624 errepidearen eragin-eremuan daude (Arabako Oinarrizko Errepide Sarea).

    8 etxebizitza eraikitzea, familia bakarrekoak, multzoan, profil honekin: BS+1 S+TS, eta solairu bat sestrapean. Bizitegi-erabilerak eta garajeak baimenduko dira.

    Ugarte kalean, errepidea zabaltzea; 5,50 m izango ditu, eta alboetan gutxienez bi metro zabaleko espaloiak egongo dira, eta ilaran aparkatzeko 2,10 m-ko tartea.

    Ibilgailuen sarbidea eraikitzea, sotoko garajeetarako sarbide-arrapalarekin (eremu komuna).

    Espazio libreen eremua antolatzea (649,30 m2), eta ibilgailuena eta oinezkoena (1.032,20 m2), bi-biak erabilera eta jabari publikokoak.

  1. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako: urbanizazio- eta eraikitze-proiektu baten bidez garatuko da plana. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Planaren xedea egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat lurzoruaren okupazioan eta optimizazioan, jada artifizializatuta dagoen lurzorua erabiltzen duenez, urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzada eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, lurzoruen, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia), ondarearen eta biodibertsitatearen arloetakoak.

    2. Ondorioen eta eragina nozitu lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xedeko eremua Amurrioko hiri-egiturako hiri-lurzoru finkatua da. Gaur egun, eremuaren zati bat asfaltatuta dago; aurri-egoeran dauden bi eraikin daude; eta, gainerakoan, landaredia erruderal nitrofiloa dago.

      Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik.

      Ez da ingurumen-balio aipagarririk ere hauteman. Ez da hauteman interes geologikoko lekurik, azaleko urik, ez eta ur-gunerik ere. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik.

      Inguruan, zarata-iturri nagusia A-624 errepidea da, zirkulazio handikoa denez; lurzatiaren aurrealdetik igarotzen da. Hala ere, kanpoaldeko zarata-mailak egokiak dira goizez, arratsaldez nahiz gauez, eragina duen zaratari bagagozkio. Horrenbestez, ez da konponbiderik aztertu behar zarata-iturriek eragindako zarataren aurrean.

      Kultura-ondareari dagokionez, eremuko eraikinetako bat Ugarte baserria 11, kultura-intereseko elementuen udal-katalogoan toki-babesa jasotzeko proposatuta dago. Elementu hori gaur egun aurri-egoeran dago, jabari publikoan eta errepideen zortasun-eremuan kokatua; beraz, ez daude baimenduta finkatze-lanak, alegia, ez dago birgaitzerik.

      Hori horrela, eremu horretan ez dago ingurumen-baldintzatzaile adierazgarririk, toki-interesa duen eraikin hori kenduta. Plana garatzetik eratorriko diren ingurumen-efektu nagusiak eraispen- eta eraikuntza-obrak izango dira (hondakinak sortzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, isurketak, etab.). Horrek, jakina, eragozpenak eragingo dizkie biztanleei, emisio atmosferikoak eta zaratak areagotuko direlako.

      Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako baldintza eta neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

      Planak barne hartu behar dituen zehaztapenen artean, hobi septiko prefabrikatua aldi baterako izango dela zehaztu beharko da, hain zuzen, Nerbioi Ibaiaren Goi Arroko saneamenduko biltodiak jardunean jarri arte, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 54.6 artikuluarekin bat.

      Halaber, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko ditu etorkizuneko hirigintza-garapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

      Horretarako, D2m,nT,Atr parametroaren arabera, fatxada bakoitzean 30 dB (A)-ko isolamendua behar bada egongelak eta logelak, A-624 errepidera ematen duten fatxadetan isolamendua gutxienez 32 dB (A)-ra igotzea komeni da.

      Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

      Amurrioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak kontuan hartuko dira. Gida, aukerak ematen dira, birlandatu beharreko ingurunearen arabera, eta ahalmen inbaditzailea duten espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

      Ekosistemak. Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.

      Bigarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak planteatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez izanez gero), ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik Plana gauzatzearen ondorioz. Hortaz, ez da beharrezkoa Amurrioko (Araba) antolamenduko Arau Subsidiarioek HLO 3-Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorrean B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea mugatzeko izandako aldaketa puntualaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egitea, ingurumenean ez duenez izango kontrako efektu adierazgarririk.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amurrioko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Amurrioko (Araba) antolamenduko Arau Subsidiarioek HLO 3-Ugartebitxi hiri-lurzoru orokorrean B-7 bizitegi-erabilerako exekuzio-unitatea mugatzeko izandako aldaketa puntuala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 21a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik