Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13,2 (20 kV)» tentsio erdiko aireko linea berritzeko proiekturako -Fresnedako 850. euskarriaren eta Astulez eta Karankako transformazio-zentroen artean eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentesek sustatua (Iberdrola Taldea)-.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 147
  • Hurrenkera-zk.: 3018
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/01
  • Argitaratze-data: 2020/07/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko urtarrilaren 15ean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak eskaera egin zuen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua abiatzeko «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» tentsio erdiko aireko linearen berritze-proiekturako Fresnedako 850, euskarriaren eta Astulez eta Karankako transformazio-zentroen artean eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentesek sustatua (Iberdrola Taldea), ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen duenaren arabera.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien dagokien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 46. artikuluan dakarrenari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedaturikoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio, besteak beste, proiektuaren I. eranskineko edo II. eranskineko ezaugarrien aldaketa orori, exekutatuak edo exekuzio-prozesuan daudenak, 7.1.c) artikuluan jada baimendutako deskribatuez bestelakoak badira eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» tentsio erdiko aireko linea berritzeko proiektuari Fresnedako 850. euskarriaren eta Astulez eta Karankako transformazio-zentroen artean. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Aztertu dira abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» tentsio erdiko aireko linea berritzeko proiekturako -Fresnedako 850. euskarriaren eta Astulez eta Karankako transformazio-zentroen artean eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentesek (Iberdrola Taldea) sustatua-, honako baldintza hauetan:

  1. Proiektuaren helburua da «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» tentsio erdiko aireko linea elektrikoa berritzea, Fresnedako 850. euskarriaren eta Astulez eta Karankako transformazio-zentroen artean, Gaubea udalerrian. Gaur egungo linea kontserbazio-egoera kaskarrean dago; kableak erortzeko arriskua dago, eta zutoinek hausturak eta tentsio-galerak dituzte; hortaz, berritzeko premia dago.

  2. Aireko linea hori berritzeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak: Zirkuitu sinpleko aireko linea trifasiko bat da berritu beharreko linea, tentsio izendatua 20 kV-koa duena eta zerbitzu tentsioa 13,2 kV-koa. Proiektuaren asmoa da gaur egungo ibilbidea (3.783 metrokoa) ordezkatzea, eta 3.886 metroko beste bat jartzea; horietatik 2.852 m bat datoz zati nagusiarekin (Fresnedatik Astulezera artekoarekin), eta 998 m Karankako adarrarekin. Irtenbide horren arabera, 36 metro desbideratuko da, parke fotovoltaiko batera. Ibilbide berria oraingoarekiko paraleloa da, gutxi gorabehera 8 bat metro daudela bien artean. Leku jakin batzuetan, esaterako, parke fotovoltaikoan eta aztarnategi arkeologiko baten inguruan, oraingo ibilbidetik desbideratuko da, aztarnategiaren kasuan, kultur ondareari kalterik ez egiteko. Asmoa da eroalea ordezkatzea sekzio handiagoko batekin, eta zurezko eta hormigoizko euskarriak kentzea eta hormigoizko edo metalezko euskarri berriak jartzea. 53 euskarri desmuntatu eta 24 euskarri berri jarriko dira; berriek altuera handiagoa izango dute, hegaztiak ez elektrokutatzeko neurriez gain. Kokapena aukeratzeko azterketa egin ondoren, proposatu den proiektuak ekintza hauek hartzen ditu barnean:

      1. Segurtasun-kalearen irekiera. Segurtasun-kalearen zatirik handiena labore-lurretatik igarotzen da; hortaz, zuhaitzak mozteko premia txikiagoa da.

      2. Laneko plataformak prestatzea: bakoitzak 100 m2ko azalera izango du. Euskarri berriak instalatzeko behin-behinean okupatuko den azalera 2.500 m2-ko izango da, eta egungo euskarriak desmuntatzeko okupatuko dena, aldiz, 5.200 m2.

      3. Sarbideak egokitzea eta/edo berriak irekitzea. Sarbideek 3 metro zabal izango dituzte, eta sarbide berriek gutxi gorabehera 14.755 m2 hartuko dituzte, batez ere labore-lurretan.

      4. Euskarri berriak muntatzea lehendik daudenen ondoan.

      5. Eroale eta euskarri zaharrak desmuntatzea eta eroaleak, lurreko kableak eta isolatzaileen kateak pilatzea.

      6. Zimenduetarako indusketa eta obra-hondakinak erretiratzea. Proiektuaren zenbatespenen arabera, indusketan 59,13 m3 lur-soberakin sortuko dira, eta 153,38 tona hormigoi-hondakin. Beste hondakin batzuk sortuko dira, kopuru txikiagotan: burdin-hondakinak, kable soilduak eta egurrak.

        Exekuzio-epea 14 astekoa izatea zenbatetsi da.

    2. Eremuaren ingurumen-ezaugarriak Berritu beharreko zatia Fresneda kanpoaldean hasten da, herriaren iparraldean, eta Astulez udalerriko izen bereko transformazio-zentroan (TZ) amaitzen da (etxola motakoa da). Linea-zatiaren erdialdera, adar bat ateratzen da, Karankako «Caranca» TZn amaitzen dena; hura ere berritzeko asmoa dago. Horiek guztiak Gaubea udalerrian egingo dira. Adierazi bezala, ibilbide berria oraingoarekiko paraleloa da, bien artean 8 bat metroko tartea utzita, salbu eta parke fotovoltaikorako desbideraketan eta aztarnategi arkeologikoan. Linearen ibilbideak batez ere landa-lurrak zeharkatzen ditu (zereal-, patata- eta erremolatxa-soroak). Horien artean landu gabeko eremuak daude, batez ere belardiak eta sastrakak, eta, neurri txikiagoan, erkamezti txikiren bat (Quercus faginea). Proiektuaren eremuaren ingurumen-ezaugarriei dagokienez, honako hau nabarmendu daiteke: Lineak Tumecillo ibaiaren ibilgua zeharkatzen du, zehazki, «Omecillo-Tumecillo ibaia» (ES2110005) Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) parte den zati batean. KBEan, Batasunaren intereseko habitatak daude, hala nola haltzadiak eta lizardiak (EB kodea: 91E0*) eta sahasti eta makaldi mediterraneoak (EB kodea: 92A0). Intereseko arrain komunitate bat du, Habitaten zuzentarauko II. eranskinean eta arriskuan dauden espezieen EAEko katalogoan jasotako espezieak baititu, hala nola loina, mazkar arantzaduna, kabuxa, iparraldeko katxoa eta barboa. Gainera, bereziki nabarmentzekoa da europar bisoiagatik eta igarabagatik, biak ere espezie mehatxatuen EAEko katalogoan jasota daude, galzorian daudenen zerrendan. Ibaian bizi diren hegaztiei dagokienez, martin arrantzalea, ur-zozoa eta uhalde-enara nabarmendu behar dira KBEan, horiek ere espezie mehatxatuen EAEko katalogoan. Aipaturiko espezieetatik, bostek kudeaketa-plan bat dute Araban (bisoiak, igarabak, enarak, katxoak eta mazkarrak). Berritu beharreko zatiaren ekialdean, eta haren ondo-ondoan, Arkamo-Gibijo-Arrastaria KBEa dago (ES2110004). Zati nagusiaren mendebaldeko erdia eta Karankara doan adarra Gaubea-Artzena mendilerroa izeneko eremuan sartzen dira, hegaztientzako garrantzizko eremuan (SEO/BirdLiferen IBA zerrenda). Balio bereziko lurraldea da, dituen harrapariengatik; besteak beste, mirotz zuria, sai zuria, belatz handia, saia. Linea elektrikoak zeharkatzen duen eremuan, ez dago interes bereziko eremurik hegazti nekrofagoentzat. Horiek kudeaketa-plana dute EAEn. Hegazti-faunaren Babes Eremuetatik kanpo baina hurbil samarrean daude pentsatuta obrak, eta eremuotan talketatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak aplikatu behar izaten dira EAEko Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasota dauden tentsio handiko aireko linea elektrikoetan. Proiektuko linea hau tentsio erdiko linea bat da; hortaz, ez dago aipaturiko araudiaren eraginpean. Arabako paisaia berezien eta apartekoen katalogoko «El Raso Angosto Olvedo» 44. paisaia apartekoan dago kokatua proiektua. Lineak, halaber, eragina du Omecillo-Tumecillo lotura-garrantzi bereziko ibai-tartean eta moteltze-eremu batean; biak ere EAEko Korridore Ekologikoen Sarean sartuta daude. Linea elektrikoaren ibilbideak Batasunaren intereseko bost habitat zeharkatzen ditu, horietatik hiru lehentasunezkoak:

      91E0*Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak.

      6210* Belardi lehor erdi-naturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (orkidea garrantzitsuko lekuak).

      6220* Gramineoen zona subestepikoak eta Thero-Brachypodietea-ren urterokoak.

      6170 Belardi karetsu alpetarrak eta subalpetarrak.

      4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin.

      Proiektuaren jardun-eremutik hurbil daude ustezko zona arkeologiko hauek: 69. eremua «Merezko etxola-hondoa» eta 89. eremua «Trasporaleko etxola-hondoa». 3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak: Eraikuntza-fasean, landaredia kentzea izango da efekturik handiena ingurumenean, bideak zabaldu beharko baitira obretako eremuetara iristeko, zimenduak jartzeko, lan-eremuak prestatzeko eta 14 metro zabaleko segurtasun-kalea egiteko. Segurtasun-kaleak eta orain dagoen lineak bat egiten dute tarte batean. Nekazaritzako labore-eremuetatik, bazkalekuetatik eta txilardietatik igarotzen da gehienbat. Mozketak eta inausketak batez ere ibaiko landaredian egingo dira, ubideekin gurutzatzen diren guneetan (Tumecillo ibaia eta Astulez eta Fresneda errekak). Sustatzaileak emandako kartografiaren arabera, ikusten da mozketak eta inausketak egin beharko direla 6.263 m2-ko azaleran. Kopuru horretatik, 1.865 m2 erriberako landarediari dagozkio (433 m2 Tumecillo ibaiari, 556 m2 Fresneda errekari eta 876 m2 Astulez errekari). Erriberako baso horiek Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak dira (91E0*: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako baso alubialak). Moztu edo inausiko den gainerako landaredia erkamezti gazteak dira, eta zuhaizti bakartuak, labore lurren artean daudenak. Neurri txikiagoan, orobat ukituko dira aurreko apartatuan aipatu diren Batasunaren intereseko beste habitat batzuei ere eragingo zaie, zehazki, euskarriak muntatzeko okupatuko direlako. Ingurumen-dokumentuko kapitulu batean, proiektuak Omecillo-Tumecillo ibaiaren KBEan (ES2110005) izan dezakeen eragina aztertzen da, aintzat hartuta espazioa Natura 2000 Sarean sartzea eragin duten habitatak eta espazioak, bai eta martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan ezarritako kontserbazio-neurriak eta helburuak ere. Lehenengo dekretuaren bidez, Arabako bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira; bigarrenak, berriz, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen ditu. Hegaztiak elektrokutatzeko arriskuari dagokionez, linea berrituta, hobetu egingo da oraingo egoera; izan ere, kable berriak oraingo ibilbideak ez dituen neurri babesleak izango ditu Neurrien artean, honako hauek daude:

      Euskarrien eta dorre elektrikoen atzerapena gutxienez 15 metrokoa izango da, betiere teknikoki bideragarria bada, Omecillo-Tumecillo ibaiaren KBEaren (ES2110005) ibilguarekiko, martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuko 7.R.3 gomendioarekin bat (azpiegiturei buruzkoa).

      Tenkatuta dauden elementuak kenduko dira gurutze-besoen gainetik.

      Euskarri berrietan isolatzaile-kate esekiak instalatuko dira, eta saihestu egingo da alineazioko euskarrietan horrelakoak tenkatuta jartzea.

      Amarralekua posizio horizontalean duten katezko isolatzaileak dituzten euskarri guztietan, hegaztiak jartzeko eremuaren eta eroalearen artean, gutxienez, metro bateko segurtasun-distantzia egon beharko da.

      Zubi lokak eta tenkatuta dauden elementuak ez dira ipiniko euskarriaren buruaren gainetik. Horretaz gain, gomasilikonaz estalita isolatuko dira.

      Txoribabesak ipiniko dira Tumecillo ibaia gurutzatzen duen puntuan.

      Ahal dela ez da lanik egingo Omecillo eta Tumecillo ibaien KBEaren (ES2110005) gainazalean martxoaren 15etik uztailaren 31ra, hori baita Europako bisoiaren ugalketa-aldi kritikoa, espezien horren Arabako Kudeaketa Planaren arabera.

      Proiektuaren xedeko lineak dagoeneko gurutzatzen du Omecillo-Tumecillo ibaiaren KBEa. Neurri horiek hartuta, bertako faunak ez du eragin handirik nozituko; izan ere, eragin-azalera oso txikia da, eta obrak iraungo duten denbora, mugatua. Horrez gain, ur-masaren egoera ekologikoa ere ez da kaltetuko. Ibilguek zeharkako eraginak ere nozitu ditzakete; jariatze-urak solido esekiekin eta istripuz isuritako makinen hidrokarburoak. Arkamo Gibijo -Arrastaria KBEari dagokionez (ES2110004), ez dago euskarri berririk instalatzeko asmorik haren barruan; eroalea ordezkatu besterik ez dute egingo, 25 bat metroan bakarrik; hortaz, ez du eragin handirik nozituko. Ondare kulturalari dagokionez, «Merezko etxola-hondoa» aztarnategi arkeologikoa saihesten du ibilbideak, zeina oraingo ibilbideak zeharkatzen baitu. Funtzionamendu-fasean, lineak hegaztietan izan dezake inpaktu berezia (elektrokuzio- eta talka-arriskua baitago), eta paisaian ere bai, nahiz eta inpaktu horiek dagoeneko gertatzen diren oraingo linearekin. Ingurumen-agirian datozen neurriek hegaztiak elektrokutatzeko arriskua txikitzen dute, orobat paisaiaren gaineko inpaktua euskarri kopurua gutxitzen baita.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean eragin kaltegarririk ez izateko eta ez dadin beharrezkoa izan «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» tentsio erdiko aireko linea berritzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egitea, betiere ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

      Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

    1. Proiektuak bete egin beharko ditu martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan datozen erabakiak. Lehenengo dekretuaren bidez, Arabako bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira; bigarrenak, berriz, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen ditu.

    2. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da.

    3. Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

    4. Eremurik kalteberenetan eta natura-balio handienekotan (Natura 2000 Sarea, zuhaizti autoktonoak, Batasunaren intereseko habitatak eta arriskuan den faunarentzat interes berezikoak diren eremuak), inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jarriko badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

      Ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haltzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko. Bertakoak ez diren zuhaitzak ipurditik moztu daitezke betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (sahatsak, hurritzak, haritzak).

      Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

    5. Lineak Batasunaren interesekoa den 6210* habitata zeharkatzen du 26509 eta 26511 euskarrien artean, eta beste bi euskarrik ere eragiten diote formazio horri; hortaz, teknikoki bideragarria bada, lekualdatu egingo dira euskarri horiek.

    6. Hala ere, proiektuaren sustatzaileak, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatu beharko ditu, zuhaitzak bota diren eremuaren bezainbesteko azalera batean, gutxienez. Ahal dela, proiektuaren eremu hurbilean hondaturiko lurrak oneratuko dira, landaredia konektatzeko aukera dagoen eremuetan eta, bereziki, oraingo linea desmuntatzearen ondorioz libre geldituko diren segurtasun-kaleko eremuetan.

    7. Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste biderik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

    8. Zuinketa eta lanen exekuzioa aurrez aipaturiko eremu sentikorretan gauzatzean, faunan eta basa-floran aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

    9. Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian, edo, halakorik ezean, lehendik dagoen korridorea. Trazadura berriko sarbideak eta ditugun sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua murriztuz eta aurreko ataletan aipatutako eremu ahulen gaineko eragina saihestuz.

    10. Bisoi europarraren (Mustela lutreola), igarabaren (Lutra lutra), uhalde-enararen (Riparia riparia), iparraldeko katxoaren (Squalius pyrenaicus) eta mazkar arantzadunaren (Cobitis calderoni) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskumendunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko moduan, bai horiek egikaritzeko unean, betiere kontuan hartuta zein diren kontu handiagoz jardun beharreko aldiak espezie horien ziklo biologikoen barnean.

    11. Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak bere txostenean dioen bezala, Omecillo-Tumecillo ibaia KBEa gurutzatzen duen zatian soilik jarri nahi diren babesak eta txoribabesak berritu beharreko linea elektriko osoan instalatu beharko dira.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Hargatik eragotzi gabe ur-gaietan eskumena duen organoak xedatutakoa, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta zaintza-guneetan:

    1. Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

    2. Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

    3. Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko legea bete beharko da (uztailaren 28ko 22/2011).

    4. Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

    5. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legean (ekainaren 25eko 4/2015) ezarritakoa bete beharko da.

      Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    1. Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

    2. Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

    2. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

    3. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

    4. Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

    5. Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

    6. Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

    7. Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

    8. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

      Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta edukiontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    9. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    10. Obretan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

    11. Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    1. Proiektu-eremutik hurbil daude «Merezko etxola-hondoa» eta «Trasporaleko etxola-hondoa» ustezko gune arkeologikoak. Aztarnategi mota horretan, lurrazaleko ebidentziek ez dute osoki bat egiten lur azpian dagoenarekin; hortaz, lur-mugimenduen eta obren kontrol arkeologikoa egin beharko da inguru hurbilean.

    2. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

    1. Obraren paisaia-integraziorako lanak egingo dira eragindako eremu guztietan; tartean, oraingo euskarriak desmuntatzeagatik eta obretarako sarbideengatik ukituko diren eremuak, kontratistaren instalazio-guneak eta amaitzean ukituko diren beste gune batzuk. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landare-berritzea ere.

    2. Berriz ere landareak jartzerakoan, kontuan hartu behar da bertako espezieak landatu behar direla, natural bihurtutako habitatak sorrarazteko, eta inguruan dagoen landaredia naturalarekin konektatzen saiatu behar da.

    3. Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

    4. Lehengoratzeko lanak egin bitartean, landare aloktono inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurra.

    5. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jardun-guneetan.

    6. Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

    7. Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

      Ingurumen-arloko aholkularitza.

    1. Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

    2. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: natura- eta kultura-ondarearen babesa eta hondakinen kudeaketa.

    3. Beraz, langileek jardunbide egokien sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, natura-intereseko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea, ibilguen gaineko eragina kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.

    4. Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta Batasunaren intereseko habitatak, baso-masa autoktonoak eta fauna mehatxatua dabilen guneak, floran eta faunan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

      Garbiketa eta obra-bukaera.

      Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

      Hirugarrena. Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumenaren jarraipena egiteko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

      Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

      Gorabeheren erregistroa.

      Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

      Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

      Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

      Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

      Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

      Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren agiri bategina.

      Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

      Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak xehetasun-kartografian non dauden kokatuta; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

      Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzak:

      Ingurumenaren jarraipena egiteko programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

      Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

      Laugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez izanez gero, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hortaz, ez da beharrezkoa «Bergüenda (BTA Entrambasaguas) 13.2 (20 Kv)» tentsio erdiko aireko linea berritzeko proiektuari Fresnedako 850. euskarriaren eta Astulez eta Karankako transformazio-zentroen artean, Gaubea (Araba) ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik egitea.

      Bosgarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari eta Gaubeako Udalari.

      Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 1a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.