Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 1ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Agurain Metales SL enpresak Agurain udal-mugartean (Araba) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 3061
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/01
  • Argitaratze-data: 2020/07/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko otsailaren 17an, Agurain Metales SL enpresak eskaera bete zuen Agurain udal-mugartean (Araba) duen hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa-instalazioaren proiektuak eragiten duen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraituz.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Agurain Metales SL enpresak Agurain udal-mugartean (Araba) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskumenduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Aztertu dira abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Agurain Metales SL enpresak Agurain udal-mugartean (Araba) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako, ondoren adierazitakoaren arabera:

  1. Aztertu beharreko proiektuaren xedea da kobrezko kableen tratamendutik birziklatzen diren plastikoetatik eratorritako metalen balorizazioa egitea. Instalazioak 6.700 m2-ko azalera du, eta industria-lurzoruko lurzati batean dago kokatuta, Agurain Industrialdean (Kañueta 12), Agurain (Araba). Garatzen diren jarduera nagusiak hauek dira: produktuak sailkatzea, bereiztea, biltegiratu eta bidaltzea.

  2. Ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Agurain Metales SL enpresak, jarduketaren sustatzaileak, kobrezko kableen tratamendutik birziklatzen diren plastikoetatik eratorritako metalak balorizatzen ditu. Zehazki, harri-hariaren eta metal astunen hondakinetan dauden metalezko frakzioak balorizatzen ditu (EHZ 191002). Hondakin ez-arriskutsuak dira, eta lehorrean prozesatzen dira, amaieran produktu bukatu lortzeko: hari garbia, altzairu herdoilgaitza eta metal astun garbiak (beruna, kobrea, letoia, zamaka, brontzea, zinka, burdina, aluminioa, altzairu herdoilgaitza...). Horrez gain, hondakinak ere sortzen dira, eta baimendutako kudeatzaile batek kudeatzen ditu.

      Jarduera honen bidez, 25-50 t hondakin inguru tratatzen dira egunean, eta 6.000 t hondakin urtean. Hondakinak kamioitan heltzen dira, eta, pisatu ondoren, kanpoaldean deskargatzen dira, aire zabalean. Ekoizpen-prozesua mekanikoa da, eta lehorrean egiten da, nabearen barruan. Elementu hauek osatzen dute prozesua:

      Metalak zinta mugikorretan eskuz bereiztea eta plastikozko box edo edukiontzietan biltegiratzea (1.000 kilo inguruko edukiera duten box-etan).

      Metalak bibrazioaren eta dentsitatearen arabera bereiztea, aire-presioaren bidez, harria kentzeko eta altzairu herdoilgaitza bereizteko.

      Materialak tamainaren arabera bereiztea, bahe birakariaren bidez.

      Metalak bibrazioaren eta dentsitatearen arabera bereiztea, aire-presioaren bidez, altzairu herdoilgaitza, hari garbia eta metal astunak bereizteko.

      Produktu bukatua box-etan biltegiratzea.

      Lehengaien kasuan, 3.600 t-ko edukia biltegiratzen da, eta produktu bukatuaren kasuan, aldiz, 2.400 t-koa.

      (Ikus .PDF)

      Nabearen kanpoan, aire zabalean, lehengaia biltegiratzen da hormigoizko box-etan (finkoak eta mugikorrak); produktu bukatua, aldiz, burdinazko edukiontzi eramangarrietan biltegiratzen da. Nabearen barruan, balio handiagoa duten metalezko produktuak biltegiratzen dira. Oro har, plastikozko kaxatan (BAC) biltegiratzen dira, soltean. Bidalketak egiteko, palarekin kargatzen dira produktuak, kamioietan edo edukiontzietan (soltean).

      Laguntza-prozesuei eta zerbitzuei dagokienez, honako hauek daude:

      Ur-hornidura: urtean 450 m3 kontsumitzen dira (ura saretik hartzen da).

      Aire konprimatua.

      000 l-ko gasolio-depositua makinentzat (legeztatuta dago, eta kanpoaldean dago, hormigoizko zolarriaren gainean). 6.000 litro kontsumitzen dira urtean.

      Sare elektrikoaren bidez hartzen den energia; 281,20 kW-ko potentzia instalatua du, eta 154,66 kW-ko aldiberekotasuna. Berokuntza elektrikoa, metagailuekin.

      Instalazioan sortzen diren hondakinak (bolumen txikikoak) prozesu osagarrien ondorioz sortzen dira; horiek nabearen barruan biltegiratzen dira, atxikipen-erretiluen moduko plastikozko kaxatan, eta baimendutako kudeatzaileek kudeatzen dituzte.

      HEA: txartel elektronikoak eta hiriko hondakinetara pareka daitezkeenak.

      HA: olio erabilia eta olio-iragazkiak, bateriak, trapu bustiak, pilak, fluoreszenteak, TEEHak, hidrokarburoak dituzten urak, olio-lohiak, metalezko ontzi kutsatuak, plastikozko ontzi kutsatuak, aerosolak.

      (Ikus .PDF)

      Igorpen lauso ez-sistematikoko fokuak hauteman dira; makina bereizlea eta hondakinak eta materialak deskargatzeko zabaltza. 100/2011 Errege Dekretuaren AKDJ katalogoan jasotzen da jarduera, C 09 10 09 03 taldean: «Hondakin arriskutsuen balorizazio ez-energetikoa, 50 t/egun baino ahalmen txikiagoarekin».

      Tratamendurako prozesua mekanikoa da, eta lehorrean egiten da; lurzorua eta instalazioak garbitzeko prozesua, aldiz, ekorketa bidez egiten da. Horrenbestez, uretara egiten diren isuriak aldageletako komunen hondakin-uretatik eta euri-uretatik datoz.

      Ur sanitarioen isurketa: urtean 452,44 m3, modu bereizian kanalizatuak, industrialdeko saneamendu-biltodi publikoetaraino.

      Euri-uren isurketa: urtean 7.177,71 m3 (2018. urtean). Sare bateratu baten bidez, urbanizaziotik eta estalkien zorrotenetatik datozen urak jaso, eta industrialdeko saneamendu-biltodi publikoetaraino eramaten dira, hidrokarburoen bereizgailu koaleszentetik igaro ondoren (7.140 l-ko bolumena eta 51 l/s-ko emari izendatua). Laginak hartzeko kutxatila bat jarri behar da, urak kontrolatzeko.

      Zaratari dagokionez, zarataren inguruko azterketaren arabera, gehienezko immisio-balioak (LAfmax) betetzen dira, sektorean erabilera industrialeko lurzorua nagusitzen dela kontuan hartuz. Makinak finkatuta daude malgukien edo hormigoian ainguratutako gomen gainean, edo speed edo tako kimikoen bidez, bibrazioak ekiditeko.

    2. Proiektuaren kokapena.

      Industrialde bateko lurzati batean garatzen da jarduera, ingurumen- edo natura-intereseko elementuetatik urrun. Altueran dagoen eremu bat da, uholde-arriskurik gabekoa, pitzaduragatiko iragazkortasun baxukoa eta akuiferoen kalteberatasun baxukoa.

      Lurzoruak kutsatuta egon daitezke industrialdeko zenbait gunetan, baina ez diote eragiten instalazioa dagoen pabiloiari, ezta hondakinak pilatzen eta biltegiratzen diren zabaltzari ere.

      Bestalde, ustezko arkeologia-eremu bat dagoela nabarmendu behar da: Gazeo bideko etxola-hondoa. Pabiloien eta errepidearen arteko eremu eraiki gabean dago.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuz eta, era berean, abian dagoen instalazio honek obrarik behar ez duela kontuan hartuz, instalazioko jardueraren ustiaketa-faseak eragiten ditu inpaktu garrantzitsuenak. Inpaktuak hauek dira: atmosfera-kutsadura, zarata, hondakinen sorrera, istripuzko isurketak edo produktu-isuriak. Gainera, ibilgailuen joan-etorriek ere emisioak eta zaratak eragingo dituzte. Nolanahi ere, jardueraren ondore aurreikusgarriak hauek dira:

      Airean: atmosferara igorriko diren partikulak izango dira ondorio nagusia, baita ingurumen-zarata areagotzea ere.

      Lurzoruan: gainazalen eta hidrokarburoen bereizgailuaren iragazgaiztea dela eta, ez da espero eragin nabarmenik.

      Uretan: era berean, eremuaren ezaugarri hidrologikoak eta jardueraren deskribapena ikusita, ez da aurreikusten balizko inpakturik izango denik lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatean.

      Biztanlerian eta gizakien osasunean: espero da hala zarata areagotzeak nola jarduerari lotutako partikula esekiak areagotzeak ondorio negatibo esanguratsurik ez izatea biztanlerian.

      Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Agurain Metales SL enpresak Agurain udalerrian (Araba) duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

      Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

      Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

      Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

      Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

      Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik. Arreta handiz jokatu beharko da 150 m hegoaldera dagoen ur-ibilgu izengabearekin.

      Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lurra erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Eta adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokienak aplikatuko dira.

      Obratako makinak gordetzeko eremua eta makinen mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi egingo dira. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

      Euri-urak biltodi orokorrera isuri aurretik, hidrokarburoen bereizgailura bideratu beharko dira drainatze-sare baten bidez.

      Jarduerari loturiko isuriek betiere bete beharko dute etxekoak ez diren isurien udal-ordenantza.

      Hidrokarburoen bereizgailua urtean behin husten denean jasotzen diren lohiak behar bezala kudeatzen direla bermatu beharko da.

      Lurpeko uren kalitateari jarraipena egiteko kontrolak ezarri beharko dira.

      Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

      Beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

      Kutsadura akustikoari dagokionez, kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikiagoko teknologiak baliatu behar dira, teknika erabilgarri onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta betiere kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.

      Era berean, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute, eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak.

      Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.

      Sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

      Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

      Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

      Sortutako olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

      Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, urriaren 23ko Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

      Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

      Proposatutako jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

      Emisio atmosferikoen arloko organo eskudunak ezartzen dituen baldintzei kalterik egin gabe, ahalik eta hauts gutxien sortu beharko da. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean neurriak hartu beharko dira.

      Materialak aire zabalean pilatzen direnean, haizetik babestuen dauden lekuetan pilatuko dira. Material-pilaketek ezin izango dute 3 metroko garaiera gainditu edo, hala badagokio, magnitude egokia izan beharko dute, aire-korronteek ez dezaten hauts-hodeirik sortu.

      Frakzioak bereizteko eta sailkatzeko lanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

      Nabe barruan pilatzen den hautsa aldian behin kendu beharko da, hautsa ez dadin barreiatu.

      Erabiliko diren ibilgailuetan derrigorrean egon beharko dira karga barreiatzea ekiditeko behar diren elementu guztiak. Bide publikoa berehala garbituko beharko da, garraio-lanetan zikindu bada.

      Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Jarduera-eremuan ustezko arkeologia-eremu bat dago: Gazeo bideko etxola-hondoa. Beraz, jarduerak lurzoruari eragiten badio, azterketa arkeologiko bat egin beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluak ustezko eremu arkeologikoen inguruan zehazten duenaren arabera.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, jarduera egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak planteatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez izanez gero, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea Agurain Metales SL enpresak Agurain udalerrian (Araba) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko duen instalazioaren proiektua.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ebazpen honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Agurain udalerrian (Araba) Agurain Metales SL enpresak duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioaren baimena onartzen ez bada. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 1a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik