Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako IB.06.1. «Renault-Lorea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 3316
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/16
  • Argitaratze-data: 2020/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko abenduaren 19an, Donostiako Udalak eskabide bat bete zuen, IB.06.1 «Renault-Lorea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua betez, 2020ko otsailaren 12an hasita, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Donostiako «IB.06.1 Renault-Lorea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta gainerako araudi aplikagarria; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako «IB.06.1 Renault-Lorea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, planaren) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da Donostian indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean xedatzen den «IB.06.1 Renault-Lorea» azpieremuaren antolamendu xehatua ezartzea.

    Azpieremuaren azalera 3.664 m2-koa da; jarduketa ekonomikoetarako hiri lurzorua da, eta Ibaeta auzoan dago kokatuta, Tolosa eta Zarautz etorbideen artean. Gaur egun, ibilgailuen kontzesionario bat eta aparkalekua daude azpieremuan.

    Planean aurreikusita dauden jarduketak: egungo eraikina eraistea eta 3. kategoriako merkataritza-erabilera tertziarioko eraikin berri bat eraikitzea.

    Proposatzen den antolamenduarekin, eraikigarritasuna handiagoa izango da egungoa baino, hala sestrapean nola gainetik; egungo eraikinaren ordez (615 m2 azalera hartzen du), beheko solairua eta goiko solairua izango dituen eraikin bat altxako da, 1.485 m2-ko oinplano-okupazioa izango duena, eta Zarautz etorbidera ematen duen aldean kokatuko dena. Sestrapean, bi solairurako baimena emango da.

    Azpieremua, gainerakoan, hiri-espazio libreetarako izango da; espazio horren azalera 2.178,40 m2 izango da. Eremu horretan bi egoera aurreikusi dira: lehena, 4 urte barrurako, Tolosa etorbidetik hurbilen dagoen ingurua aparkaleku bihurtzekoa, aldi baterako aparkaleku eskasiari aurre egitearren, Donostiako «topoaren» tren-saihesbidearen obra hurbilen lurzoru-premiak direla eta. Amaierako egoera: aipatu gainazala haur-parke, lorategi eta oinezkoen bideetarako erabiliko da.

    Planaren xede den azpieremua +4,78 eta +5,18 m koten artean dago kokatuta, baina Zarautz nahiz Tolosa etorbideak, eta inguruko lurzatiak +6,00 m kotan daude, alegia, Planaren xede den lurzatia auzoko kotatik beheiti dago. Planak azpieremuaren sestra-maila goratzea proposatzen du, +6,00 m-ra, aldameneko eraikin blokeekin komunikazio hobea izateko eta oinezkoen ibilia errazteko.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak modu xehean antolatzen du eremua, hiri-lurzoru finkatua dena. Hori onartu eta gero, dagozkion hirigintzako ekintzen programa eta urbanizazio proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planeko eremua ES017-GIP-URU-02 Igara izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago. Arrisku horri dagokionez, Plana bateragarria da; betiere, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa betetzen badu.

        Gainerakoan, Plana bateragarria da maila handiagoko lurraldeko, arloko eta hirigintzako planekin.

      3. Planaren egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat lurzoruaren okupazioan eta optimizazioan, jada artifizializatutako eta kutsatuta egon daitekeen lurzorua erabiltzen duenez, eta urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzada eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari, urei eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, lurzoruen, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arlokoa.

    2. Ondorioen eta eraginak nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den eremuaren azalera 3.664 m2-koa da, eta hiri-lurzorua da, hiri-egitura finkatuan kokatua; alegia, ez dago eremurik bat ere ezein ingurumen-babeserako araudiren pean, eta natura-balio garrantzitsuko elementurik ere ez dago.

      1. motako eremu akustikoa da (bizitegia), beraz, eremu akustiko mota horri dagozkion helburuak bete beharko dira, etorkizunean lurzatiak izango duen erabilera tertziarioari dagozkionak baino murriztaileagoak direnak. Bi metrorako zarata-mapen arabera, gehieneko mailak gainditu egingo dira, baina gauez bakarrik, aldi horretan erabilerarik izango ez duen eremua izan arren. Gainerako orduetan, kalitate akustikoaren helburuak bete egingo dira. Fatxadako zarata-mailak kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituzte, beraz, ez da neurri zuzentzailerik hartu behar. Eremua Antigua Babes Akustiko Bereziko Eremuaren barnean dago.

        Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-arazo nabarmenenak guneak dituen ingurumen-arriskuen ondorioz sortu dira, bai 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuagatik bai kutsatuta egon daitezkeen lurzoruengatik.

        Eremuaren zati bat Igara errekaren ibilguak zaintzeko eremuaren barnean dagoenez (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren erkidego barneko arroan), zaintza-eremuan egin nahi den jarduketa ororako Uraren Euskal Agentziaren baimena beharko da.

        Gainera, planaren xede den eremua ES017-GIP-URU-02 Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barnean dago. Hori horrela, eremuaren barneko sestra-maila goratzeak, eremu osoko topografia berdintzeko, ez dirudi uholde-arriskua larriagotuko duenik, azalera txikia bai baitu (< 0,4 ha) eta korrontearekiko zeharka kokatutako eraikinek babesten bai baitute fluxutik; hori bai, ondorio horiek guztiak berretsiko lituzkeen eta obra-baimena jasotzeko ezinbestekoa den azterketa espezifikoa egin gabe dago.

        Edonola ere, uholde-arriskua dagoen zaintza-eremuetan lehentasunezko fluxu-eremuaren kanpokoetan ez daude baimenduta lurpeko garajeak eta sotoak, ezpada esparrua 500 urteko errepikatze-denboran iragazgaitza dela eta aipaturiko uholde-kotatik gora ebakuazio-bideak eta haizebideak dituela bermatuta. Halaber, ez dira baimenduta egongo jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremutik kanpo kokatuta dagoen uholde-arriskuko eremuan, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 40.4 eta 41. artikuluetan xedatzen denaren arabera.

        Bestalde, Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku batekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

        Plana gauzatzeak eragiten dituen gainerako ondorioek urbanizazio- eta eraikuntza-obrekin dute zerikusia, batez ere: lur-mugimenduak, indusketa-lurrak eta obra-hondakinak sortzea, partikulak igortzea atmosferara, soinu-mailak handitzea makinen joan-etorrien ondorioz, etab. Funtzionamendu-fasean, maiztasuna areagotu daiteke, eta horrek zarata-eragozpenak eragin ditzakete.

        Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

      Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

      Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku batekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

      Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenaren arabera, lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendua xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko dela; edo, salbuespenez, jarduera hirigilearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko urbanizazio-proiektuari hasierako onarpena eman aurretik.

      Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.

      Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Horretaz gain, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

      Lorategi-jarduketetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen. Ez da inola ere erabiliko ahalmen inbaditzailea duen espezie aloktonorik.

      Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (17. lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko eraikingintza jasangarriko gidan jasotako gomendioak, merkataritza-eraikinei dagozkienak (Eusko Jaurlaritza, 2. edizioa, 2015eko abendua), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

        Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

        Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Mugikortasuna eta garraioa. Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

        Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako «IB.06.1 Renault-Lorea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko zehaztapenek ondorio kaltegarri nabarmenik izango dutenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

        Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako «IB.06.1 Renault-Lorea» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 16a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik