Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Eibarko (Gipuzkoa) BIA-136 Murrategi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 146
  • Hurrenkera-zk.: 2988
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/10
  • Argitaratze-data: 2020/07/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko irailaren 27an, Eibarko Udalak BIA-136 Murrategi eremuaren Hiri Birgaikuntzako Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Murrategi BIPB) eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Eibarko Murrategi BIPBa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozeduran, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. BIA-136 Murrategi (BIPB) eremuaren Hiri Birgaikuntzako Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Eibarko Murrategi eremuaren Birgaikuntzako Plan Bereziaren helburua da Murrategiko BIPBren BIA eremuan egin behar diren jarduketak definitzea, antolatzea eta programatzea.

    Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean, HAPO) zehazten duenez, BA-136 Murrategi eremuak 8.985,60 m2-ko azalera du, eta hiri-lurzoru finkatuan dago. Oso eraikuntza-dentsitate txikiko zona da. Sei bizitegi-eraikin komunitario daude bertan, eta kontserbazio-egoera erregularra eta txarra dute; 28 etxebizitza daude guztira, baina bizigarritasun-egoera txarrean daude. Era berean, bigarren mailako hainbat eraikin daude eremuan, eta biltegi moduan erabiltzen dira, oro har.

    BIPBk egungo bizitegi-eraikinak birgaitzeko oinarrizko ezaugarriak zehazten ditu, bai eta espazio libreen antolamendu berria ere, etxebizitzen kalitatea hobetuta eta espazio libreen, hiri-bilbearen eta ekipamenduen zuzkiduren kantitatea eta kalitatea handituta, Eibarko HAPOan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.

    Plan honen garapenak aukera ematen du egungo sei bizitegi-eraikinen egoera «eraikin finkatu» bihurtzeko, eta, horrela, eremu osoa lehengoratu eta erabat birgaitzeko. Bizitegi-erabilera bakarrik baimenduko da eremuan.

    Gauzatu behar diren jarduketen artean, honako hauek daude: egoera txarrean dauden eraikin batzuk eraistea, espazio libreak handitzea eta birgaitzea, galtzadak birgaitzea eta aparkalekuak eraikitzea.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak Eibarren (Gipuzkoa) indarrean dagoen plangintza orokorraren egiturazko antolamendua garatzen du (2006ko abenduaren 12an onartu zen behin betiko), eta ez du aldatzen hirigintza-eraikigarritasuna, egungo hiri-ehuna lehengoratzea, babestea, zaintzea eta hobetzea lortzeko eta bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzera bideratutako behar adina jarduketa proposatzeko. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremuaren zati txiki bat espazio libreak, auzora sartzeko oinezkoentzako galtzada eta aparkaleku txiki bat egiteko erabiltzea proposatu da. Eremu horrek 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, eta Mallabia-Eibar (ES017-BIZ-DEB-05) izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuari (UAHE) lotuta dago, IV. taldean; hau da, ez du ia arriskurik, eta ez dauka egiturazko neurririk zehaztuta indarrean dagoen Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean. Aplikatu behar den legeriaren arabera, jabari publiko hidraulikoaren gainean kokatutako M4 eraikinari dagokionez, orain dagoen eraikinaren oinplanoaren azalera edo bolumena handitzea ez dakarten zaharberritze- edo mantentze-jarduketak baino ez dira bateragarriak. Ezingo da berreraikitze-lanik egin. Aiaga errekari dagokionez, Planaren irismena kontuan hartuta, Plana bateragarria da; betiere, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa betetzen badu. Bestalde, Planaren ezaugarriak aintzat hartuta, ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez. c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana behar bezala egokitzen da Eibarko HAPOan ezarritako irizpideetara. HAPOko helburuak betetzen ditu, eta, eremuko espazio libreak handituta eta birgaituta, Murrategi auzoko biztanleen bizi-kalitatea handitu, eta ingurumen-egoera hobetzen du. Gainera, planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Ildo horretan, Planak kontuan hartu beharko ditu, haren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta efizientzia indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala. d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk; betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, uholdeak ekiditeari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arloetakoak.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      BIPBren eremua hiri-lurzoru finkatu batean dago; Eibar (Gipuzkoa) udal-mugarteko Murrategi auzoan. Hiri-eremua da, eta ez da hauteman ingurumen-balio garrantzitsurik. Ez da aurkitu, ezta ere, flora- eta fauna-espezierik, naturagune babesturik, EAEko korridore ekologikoaren sareko elementurik edo kultura-ondareko elementurik ere.

      Eremuan, belarkiak dira nagusi mendi-mazeletan, zapaldutako lurrekin eta baratzeekin lotutakoak, eta asfaltatutako lurrekin lotutako landare erruderalak. Eremuaren barruan Aiaga erreka igarotzen da (Ego ibaira isurtzen da); kanalizatuta dago, eta ibilbidearen zati bat, lurperatuta.

      Arriskuei dagokienez, planaren eremuan ez dago jasota kutsatuta egon daitezkeen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Uholde-arriskuari dagokionez, EAEko kartografian aurreikusten da Ego ibaiaren ibarrean uholde-arriskua duten eremuak daudela, eta lehentasunezko fluxu-eremua eta hainbat errepikatze-denboratako (10, 100 eta 500 urte) uholde-arriskua duten eremuak mugatzen dira. Planaren eremuak uholde-arriskua txikia du, 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak direla kausa. Aiaga errekaren uholde-arriskuari dagokionez, ez dakigu errekako hustubide-sekzioa 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak husteko nahikoa den, edo errekak gainezka egin dezakeen estalduran sartu aurretik; beraz, uren arloan eskumena duen organoak egin behar dituen jarduketei buruz erabakitzen duena bete beharko da.

      Euskal Autonomia Erkidegoko akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasunaren maparen arabera, eremuak oso urrakortasun txikia du akuiferoen kutsadurarekiko.

      Kutsadura akustikoaren foku nagusia AP-8 errepidea da, eta BIA-136 Murrategi eremuan ez dira betetzen Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH) gauez.

      Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Zentzu horretan, kalteak, nagusiki, obrak egin bitartean eragingo dira; beraz, aldi baterako izango dira, eta eten egingo dira obrak amaitzen direnean. BIPB garatzetik eratorritako jarduketen ondorioz, hondakinak sortuko dira, lurrak mugitu, makinak alde batetik bestera ibiliko dira eta isurketak egingo dira drainetara. Ondorioz, azaleko jariatze-uren kalitatea aldatuko da, eta, besteak beste, ura uhertu eta partikula esekiak areagotuko dira. Horrek guztiak eragozpenak eragingo dizkie herritarrei.

      Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

      Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.

      Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa. Zehazki, Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta Lurraldearen Arloko Planaren E.2.2 eta E.2.5 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere alde batera utzi gabe eskumena duen administrazio hidraulikoak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan jasotako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea), errepikatze-denbora desberdinetako uholde-eremuen eraginpeko lekuetan.

      M4 eraikinari dagokionez, BIPBren aurretik zeuden erabilerak bakarrik onartuko dira, eta zaharberritze- edo mantentze-lanak bakarrik egin ahal izango dira, baldin eta oinplanoaren azalera handitzeko edo lehendik dagoen eraikinaren bolumena handitzeko ez badira eta berreraikitze-lanik egin behar ez bada.

      Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne.

      Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko.

      Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

      Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

      Zaratari buruzko neurriak.

      Eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

      Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

      Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Planaren aldaketa gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurzoruaren okupazioan, landarediaren babesean, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, airearen kalitatearen babesean eta kalitate akustikoaren babesean hartu beharrekoak, tartean, hauek:

      Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko dena) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiokeen segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

      Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

      Eibarko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Obrek sortutako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

      Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Eibarko BIA-136 Murrategi eremuko Hiri Birgaikuntzako Plan Bereziko zehaztapenek ondorio kaltegarri nabarmenik izango dutenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Eibarko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, BIA-136 Murrategi eremuaren Hiri Birgaikuntzako Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 10a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik