Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bermeoko 21.2 exekuzio-unitateko 1., 2., 3. eta 4. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 42
  • Hurrenkera-zk.: 1265
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/28
  • Argitaratze-data: 2020/03/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko irailaren 16an, Bermeoko Udalak eskabide bat bete zuen, 21.2 exekuzio-unitateko 1., 2., 3. eta 4. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Planari) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan identifikatu dira dokumentu hori egin duten pertsonak, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Bermeoko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Bermeoko 21.2 exekuzio-unitateko 1., 2., 3. eta 4. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Bermeoko 21.2 exekuzio-unitateko 1., 2., 3. eta 4. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedea da Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko 21.2 exekuzio-unitatearen birpartzelazio-proiektuan zehazten diren 1., 2., 3. eta 4. lurzati horien eremu pribatuaren antolamendu xehatua egitea. Lurzatien azalera 3.000 m2 ingurukoa da.

    Aipatu HAPOak familia bakarreko etxebizitzen ilara bat proposatzen zuen lurzati horietarako. Plan Berezian, etxebizitza mota aldatu nahi da, dentsitate gutxiko etxebizitza kolektibo motara, zehazki, eta HAPOan ezarritako hirigintza-eraikigarritasuna aldatu gabe. Horretarako, indarrean den antolamendua aldatu behar da, eta eragindako lurzatiek osatzen duten eremu pribatuaren antolamendu xehatua ezarri.

    Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ez du baldintzarik jartzen eremu horren gainean. HAPOaren 21.2 exekuzio-unitatearen barne daude proiektuan zehazten diren lurzatiak.

    Bi etxebizitza bloke eraiki nahi dira, bina atarikoak, eta dentsitate txikikoak; lau solairu izango dituzte, horietatik hiru sestra gainetik, eta bestea sestrapean, aparkaleku eta trastelekuetarako. Eraikinak topografiara egokituko dira, eta sortuko den bolumetria egungoa baino leunagoa izango da.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Plan Bereziak, etxebizitza mota aldatuta, lurzoruaren erabilera hobea egiten du, eta, halaber, egokia da eraikingintza eta eraikuntza jasangarriari loturiko irizpideak barnean hartzeko.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Plan Berezia Urdaibai Biosfera Erreserbaren barnean egitekoa den arren, inguru antropizatuan egingo da, Bermeo udal-mugartearen barnean, eta eremuan ez dago balio natural eta kulturaleko elementu adierazgarririk. Obra-fasean sortuko dira ingurumenak nozitu ditzakeen ondorioak, eta urbanizazio- eta eraikuntza-lanek sosegu publikoari ere eragingo diote (baliabideen kontsumoak, paisaian; kutsatzaileen emisioa eta zaratak, giza osasunean).

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria Europakoa nahiz Espainiakoa txertatzeko.

    2. Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen baldintzatzaile esanguratsuenak, eta efektuak:

      Eremua Urdaibai Biosfera Erreserbaren barnean dagoen arren, inguru antropizatua da erabat, Bermeo udal-mugartearen barnean kokatua, eta bertako landaredia erruderal nitrofilo motakoa da, eta ez da fauna-espezie interesgarririk hauteman.

      Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

      Eremuan ez dago lurzatirik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoenik.

      Ez da hauteman ingurumen-arrisku adierazgarririk.

      Aurkeztu den informazio akustikoari dagokionez, soinu-iturri nagusiak BI-3101 errepidea eta Atalde kalea hiri-barneko bidea dira; aurkeztu dokumentazioaren arabera, kanpoaldean aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira.

      Esan den bezala, planetik eratorritako ondorio nagusiak eraikuntza-obrenak izango dira; alabaina, ez da espero ingurumen-ondorio horiek adierazgarriak izatea, baldin eta jarduketak eta jarduerak indarrean den araudiaren eta ingurumen-agirian nahiz hurrengo apartatuan ezartzen diren babes- eta zuzenketa-neurrien arabera egiten badira.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

      Aplikatu beharreko neurrien artean, plana garatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Bermeoko 21.2 exekuzio-unitateko 1., 2., 3. eta 4. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Bermeoko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Bermeoko 21.2 exekuzio-unitateko 1., 2., 3. eta 4. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 28a.

      Ingurumen Administrazioko zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

      Ingurumeneko sailburuordea,

      MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztatze energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Horretaz gain, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obraproiektuaren eraikuntza eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

Induskatutako lurzoruen kudeaketa:

Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Bermeoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015) 22.2 artikulua betetzeko.

Kutsadura akustikoa:

Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Lehenik eta behin, eta eraikingintza-lizentzia jaso aurretik, honako neurri hauek hartuko dira: kanpoko giroa babestera zuzendutakoak, teknikoki eta ekonomikoki proportzionatuak badira, eta eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak, barrunbearen arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko momentuaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikingintza-proiektuan.

Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen (http://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=EC1F62B8-A941-4C9A-9280-E4202E656A69&Idioma=eu-ES).

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik