Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Algortako (Getxo) Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 144
  • Hurrenkera-zk.: 2932
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/30
  • Argitaratze-data: 2020/07/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 28an, Getxoko Udalak Algortako (Getxo) Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketari buruzko (aurrerantzean, Plana) eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legez ezarritako epea 2020ko ekainaren 29an bukatu zen, eta zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik. Haien emaitza espedientean jasota dago.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Algortako (Getxo) Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluko kasuen artean dago. Artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozedura horretan, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; Diputatuen Kongresuaren 2020ko maiatzaren 20ko Erabakia, aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen alarma-egoeraren luzapena baimentzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatu beharreko gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Algortako (Getxo) Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Getxoko Udalak sustatuta, zehaztapen hauen arabera:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (2000ko urtarrilaren 18an onartu zen behin betiko; testu arauemailea Bizkaiko Aldizkari Ofizialeko 141. zenbakian argitaratu zen, 2001eko uztailaren 23an, astelehenean) zehazten duenaren arabera, dauden eraikinak oinplano berriko beste batzuekin ordezteko, xehetasun-azterketa bat egin eta behin betiko onartu behar da, eta eraikin berriak kokatuta egongo den eremuko arauetan ezartzen diren eraikuntza-arauak eta aprobetxamendu-koefizientea errespetatuko ditu, lerrokadurak eta espazio publiko ezarriak aldatzeko aukerarik gabe. Eraikinaren gehieneko altuerak ez du gaindituko inguru horretan egin daitezkeen eraikin berrientzat, oro har, ezarritakoa.

    Xehetasun-azterketa honen helburua da antolamendu xehatuaren zehaztapenak osatzea edo egokitzea, eta, horretarako, Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakian dagoen eraikina ordeztuko duen oinplano berriko eraikinaren proiektuaren lerrokadurak, sestrak eta gehieneko bolumenak definituko ditu, «San Nikolas» banaketa-eremuari (27. zk.) dagozkion zehaztapenak eta ordenantzak eta Getxoko HAPOari berari dagozkionak betez.

    Xehetasun-azterketaren eremuak (udaleko arkitektoak ezarri du) eraikin berria kokatuta dagoen hiri multzoa hartzen du (Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiak hartzen duen lurzatia), bertan integratuta dagoela zehazteko. Bizileku-erabilerako hiri-lurzoru finkatua da, eta Algortako hiri-bilbean txertatua dago.

    Xehetasun-azterketaren zehaztapenak gauzatzeko, orain dagoen eraikina eraitsi, eta dagokion eraikuntza-proiektua egingo da.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: xehetasun-azterketak Getxoko HAPOan arlo honetarako zehaztu diren antolamendu xehatuaren zehaztapenak osatzen eta egokitzen ditu, eta, horretarako, dagoen eraikina ordeztuko duen oinplano berriko eraikinaren lerrokadurak, sestrak eta gehieneko bolumenak ezarri ditu. Plana onartu eta gero, eraispen- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, Planak ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan. c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Planak lurzoru bat berrerabiltzen du, gaur egun eraikia eta artifizializatua dagoena, lurzoru gehiagorik okupatu gabe. Era berean, uste da Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko; bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-eragin adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, eta, zehazki, hondakinen, klima-aldaketaren, zarataren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia), ondarearen eta biodibertsitatearen arloetakoak.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta Algortako hiri-bilbean dago txertatua. Gaur egun, Planaren xede den lurzatiak etxebizitza-eraikin bat eta beste eraikin bat dauka (garajea), eta biak eraitsi beharko dira. Lurzatiaren mendebaldeko zatian landare apaingarriak daude (palmondoak, izeiak, binorriak), baina itxura narrasa dute.

      Planaren eremuan ez dago kaltetu daitekeen naturagune babesturik, ezta natura-interes handiko eremurik ere.

      Horrez gain, ez da hauteman interes geologikoko lekurik, azaleko urik ezta ur-gunerik ere. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik edo kultura-ondareko elementurik ere.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, Planaren xede den eremuan, akuiferoek kutsatzeko arrisku handia dute. Ez da bestelako ingurumen-arriskurik hauteman eremuan.

      Zaratari dagokionez, ingurumen-dokumentuak eragin akustikoari buruzko azterketa erantsi du. Bertan adierazten denez, kanpoaldean, lurzorutik bi metrora, eta eraikinaren fatxadetan, partzialki bete dira kalitate akustikoko helburuak.

      Testuinguru horretan, proiektatu diren jarduketak eta Planaren xede den eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, uste da ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsuenak etorkizuneko hirigintza-garapenaren egoera akustikoari eta akuiferoak kutsatzeko arriskuari dagozkiela. Era berean, inpaktu nabarmenenak eraikin berria eraikitzeko egin behar diren lanekin eta gaur egun eremuan dauden eraikinen eraispenarekin lotutakoak izango lirateke. Plana garatzetik eratorriko diren jarduketek hondakinak sortuko dituzte, baita lur-mugimenduak, makinen joan-etorria, isurketak eta abar eragin ere. Ondorioz, eragina izango dute lurpeko uretan, eta eragozpenak eragingo dizkie biztanleei, emisio atmosferikoak eta zaratak areagotu direlako. Eremu zeharo hiritartua denez, ondorio horiek jada aurreikusita zeuden indarrean dagoen antolamenduan.

      Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, jarduketa hauek nabarmendu ditzakegu:

      Zaratari buruzko neurriak: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenari dagokionez, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) 31.2 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak egiteko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean. Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri teknikoki eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan. Natura-ondarea babesteko neurriak. Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituta egingo dira, eta, zehazki, akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duen eremuari eragitea saihestuko da; horretarako, eremu iragazgaiztuetan kokatuko dira. Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan; horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak hartuko dira kontuan. Gidak aukerak ematen ditu birlandatu behar den ingurunearen arabera, eta inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da. Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk. Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Planaren aldaketa gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurzoruaren okupazioan, landarediaren babesean, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, airearen kalitatearen babesean eta kalitate akustikoaren babesean hartu beharrekoak, tartean, hauek: Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea. Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa) ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena) xedatutakoa ere. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak. Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira. Getxoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. Obrek sortutako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta bereziki egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute: Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea. Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea. Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea. Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutakoak, aurrekoen aurkakoak ez direnak, hartzen badira, ez da aurreikusten Algortako (Getxo) Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketako zehaztapenek ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo dutenik ingurumenean; ondorioz, Planak ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Getxoko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Algortako (Getxo) Arrigunagako Jaitsiera kaleko 4. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 30a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik