Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 1. Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa SUNC-1/UE-1 eremurako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 143
  • Hurrenkera-zk.: 2903
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/29
  • Argitaratze-data: 2020/07/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko abenduaren 22an, Portugaleteko Udalak SUNC-1/UE-1 eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategiko bat, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Portugaleteko «SUNC-1/UE-1» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 1. aldaketa (aurrerantzean, plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. SUNC-1/UE-1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Portugaleteko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Portugaleteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (2010) bizitegi-erabilerarako hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta dago Planaren eremua, eta 14.934,39 m2-ko azalera du. Eremu honen hirigintza-garapena Portugaleteko Udalak, zati batean, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatu zuten zuzkidura-bizitokietara bideratutako guneetan.

    2015. urtean onartu zen Plan Berezia, SUNC-1/UE-1 eremuaren antolamendu xehatua garatzen duena. Ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin zaion Planaren xedea da aipatu antolamendu xehatua aldatzea, azpi-eremuen eta eraikinen antolamenduari dagokienez, eremuaren barnean dauden etxebizitza blokeekiko tarteari eusteko. Planak eutsi egiten dio onartutako Plan Berezian aurreikusitako eraikigarritasunari eta etxebizitza kopuruari. Aldaketa hauek proposatu dira:

  1. Lurzatien azalerak aldatu dira eta gune bakoitzari esleitutako eraikigarritasuna egokitu da; horrela, bizitegi-erabilerarako pribatizatu daitezkeen lurzatiak zertxobait txikituko dira eta zuzkidura-bizitokien eta bideetara bideratutako azpi-eremuen azalera handituko da. Zuzkidura-bizitokietara bideratutako guneak eremuaren bazterrera lekualdatu dira, ekialdeko mugara. Antolamendu berriarekin, berdeguneak eta gune libreak sektorearen erdigunean kontzentratuta daude, eraikinen artean. b) Etorkizuneko eraikinen ezaugarriak definitu dira: BS+2 edo BS+3 eraikuntza tipologia zuzkidura-bizitokietarako, BS+3+A bizitegi-eraikinetarako, eta aparkalekuetan 2 solairu baimenduta daude. Eraikinetan, lerrokadura berriak definitu dira. c) Portugaleteko HAPOan aurreikusi legez, Villanueva etxaldeko 63., 64. eta 65. atariei dagozkien hiru eraikinak antolamendutik kanpo geratzen dira eta eraitsi egingo dira, baita baratze-guneko lanabes-etxolak eta estalguneak ere. d) Gurpildun ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bide-antolamendu berria egokitu da eta bide osagarri bi gehitu dira inguruko hiri-sarearekiko loturak osatzeko. e) Antolamendu berrira egokitzeko, zenbait sare birdiseinatu dira: hornidura-zerbitzuak, saneamendua, gasa, telekomunikazioak, HHSen bilketa, argiztapena eta argindar-hornidura. Goi-tentsioko linea desegitea aurreikusi da, eta aireko linea kenduko da eremuaren ipar-ekialdeko mugan.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak zehazki antolatzen du eremua, eta eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: planak bizitegi-lurzoru erdi-finkatu bateko urbanizazioa osatuko du eta egun andeatuta dauden guneak lehengoratzea sustatzen du. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran, eta hondakinen kudeaketa. d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Planean jasotzen diren jarduketek arazo nabarmenik eragingo dutenik ingurumenean, betiere jarduketak eta jarduerak indarreko legeriaren arabera gauzatzen badira segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, kultura-ondarearen, paisaiaren eta kutsadura akustikoaren arloetan, besteak beste. e) Plana, a priori, egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, zarataren, argiztapenaren eta biodibertsitatearen arloetakoa.

    2. Nolako ingurumen-efektuak sor daitezkeen eta zer ezaugarri dituen eragina jasan lezakeen eremuak:

      Planaren eremua Portugaleteko hirigunearen hegoaldean dago, ingurune antropizatu batean. Erdigunea oraindik eremuan jaso gabe dago, baina haren inguruan garatuko da jarduketa berria. 8 bizitegi-eraikin daude gaur egun.

      Eremua ez dago gune babestu batean edo Interes Naturalistikoko Gune batean, eta ez du flora edo fauna espezie basati babestuen habitatik edo interes bereziko habitatik barne hartzen. Ez dago EAEko Igarobide Ekologikoen Sarearen barnean. Bertakoa landaredia erruderal-nitrofiloa da, eta eremuaren herena, gutxi gorabehera, baratze eta lorategien laborantzara bideratuta dago.

      Ibaizabal ibaiaren unitate hidrografikoan dago eremua, baina ez da lurrazaleko ur-ibilgurik igarotzen.

      Eremuak ez dauka uholde-arriskurik. Eremuan ez dago lurzatirik lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan, eta lurpeko uren kutsadurarekiko urrakortasuna oso txikia da.

      Kultura-ondareko elementurik ere ez da hauteman.

      Etorkizuneko hirigintza-garapenaren eremuan dauden zarata-mailei dagokienez, azterlan akustikoan ondorioztatu da bete egiten direla bizitegi-erabilerako eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak, hala egungo agertokian nola etorkizunekoan. Salbuespena da Miguel de Unamuno kaletik eta, etorkizunari begira, Alonso Allende urbanizazioan egingo den kaletik hurbil dagoen zerrenda bat. Alonso Allende urbanizazio berriaren kalera orientatuta dauden fatxadetan gainditu egiten dira gauez kalitate akustikoaren helburuak 2dB(A), bete egiten dira, ordea, egunez eta arratsaldez errespetatu beharreko mugak. Hori dela eta, beharrezkoa da etxebizitzak zaratatik babesteko zuzenketa-neurriak hartzea. Proposatutako neurrien bitartez, urbanizazioaren kale berrian abiadura 30 km/h izatera pasako da, zarata-mailak 1-2 dB(A) murriztu ahal izateko. Zuzenketa-neurri horren bitartez, kalitate akustikoaren helburuak betetzea lortuko da eguneko tarte guztietan. Halaber, etorkizunera begira aurreikusi den agertokian, eraikinen barruan aplika daitezkeen kalitate akustikoaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren isolamendu balioak ezarri dira.

      Aurreko guztia ikusita, ondoriozta daiteke Planak ingurumenean izan ditzakeen ondorio adierazgarrienak obra-fasearekin lotuta daudela, batez ere, honako hauei lotuta: eraispenak, indusketak eta lur-mugimenduak; hondakinak sortzea; makineriaren joan-etorriak; eta herritarrei eragozpenak, emisio atmosferikoengatik eta zaratarengatik.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Portugaleteko SUNC-1/UE-1 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. Aldaketan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, planak zehaztapen hauek egin beharko ditu:

      1. Portugaleteko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. b) Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira etorkizuneko garapen urbanistikoak exekutatu kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Eraikinen isolamendu-balioak, zeinak azterlan akustikoan ezarrita dauden, behar bezala justifikatu beharko dira eraikinen egikaritze-proiektuan. c) Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien gidaliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira: Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea. Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak. Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak. Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Era berean, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuz -jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko-, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila. Halaber, Plan Bereziak barnean hartu beharko ditu jarduketa-eremuko flora aloktono inbaditzailea kentzeko eta kontrolatzeko neurriak. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute: Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea. Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea. Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea. Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

        Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta Ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak planteatutakoak aurrekoen aurkakoak ez direnak hartzen badira, ez da aurreikusten Portugaleteko SUNC-1/UE-1 eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. Aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Portugaleteko Udalari.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean,«SUNC-1/UE-1» eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren 1. Aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 29a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik