Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak sustatuta, Lartzandietan (Usurbilgo udal-mugartean) nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostaje-instalazioa jartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 144
  • Hurrenkera-zk.: 2931
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/26
  • Argitaratze-data: 2020/07/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko otsailaren 20an, Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskaera egin zion Lartzandietan (Usurbilgo udal-mugartean) nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostaje-instalazioa jartzeko proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatutakoaren arabera. Proiektuak adierazitako prozedurari jarraitu behar dio, aipatutako arauaren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 46. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie Lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Lartzandietan (Usurbilgo udal-mugartean) konpostaje-instalazioa jartzeko proiektuari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Aztertu ditugu abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Lartzandietan (Usurbilgo udal-mugartean), Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak sustatuta, nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostaje-instalazioa jartzeko proiektuaren gainean, jarraian agertzen diren baldintzak betez:

  1. Proiektuaren xedea da nekazaritzako konpostaje-instalazioa jartzea, etxebizitzetan edo konpostaje-gune komunitarioetan konpostatzen ez diren hondakin organikoa tratatzeko.

  2. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak.

      Nekazaritzako konpostaje-instalazioak urtean 48 tona bio-hondakin tratatzeko gaitasuna izango du (74 m3). Tratamendua posible izateko, 24 tona material egituratzaile beharko da, zeina hainbat iturritatik eskuratuko baita: lumagorri oilaskoen ustiapenean sortutako hondakinak, zaldien ustiaketan sortutako hondakinak eta udalerriko berdeguneen mantentze-lanetan sortutako inausketa-hondakin berdeak.

      Plantan tratatuko diren hondakinen EHZ kodeak:

      20 01 08 Sukalde eta jatetxeen hondakin biodegradagarriak 48 t/urte.

      20 02 01 Hondakin biodegradagarriak 24 t/urte.

      20 03 01 Udal-hondakinen nahasketak 0,48 t/urte.

      Plantan sortuko diren hondakinen EHZ kodeak:

      13 02 08* Bestelako motor-olioak, transmisio mekanikokoak eta lubrifikatzaileak 0,080 t/urte.

      15 02 03 Xurgatzaileak, iragazteko materialak, garbitzeko trapuak eta babesteko arropak, 15 02 02 kodean zehaztu ez direnak 0,080 t/urte.

      19 07 03 Zabortegiko lixibiatuak, 19 07 02 kodean zehazten direnak ez bezalakoak 8 m3/urte.

      Urtean 27 tona konpost ekoitziko direla aurreikusi da (55 m3). Instalazioa urtean 6 hilabetez egongo da lanean, nahiz eta konpostaje-prozesua urte osora luzatu. Eskuratuko den konposta instalazioko bertako nekazaritza-ustiategian erabiliko da; ekoitzitako konposta xurgatzeko nahikoa lursail egongo da, eta, baleude, soberakinak udalerriko lorezaintza-lanetarako erabiliko dira.

      Hala, prozesuak fase hauek ditu:

    1. Txikituta iristen den bio-hondakina jasotzea eta aurre-tratamendua ematea, eta, plantan sartu bezain laster, egituratzailearekin nahastea, biltegiratzea saihesteko.

    2. Hartzitze- edo deskonposatze-fasea. 8 aste. Hezetasuna kontrolatzea, lixibiatuarekin garaztatuz eta estaliz (plastikozko olanaz edo berotegian), prezipitazioak sar ez daitezen.

    3. Heltze-fasea. Materiala 2 metro garai diren meseta trapezoidaletan metatzea. Hezetasuna emateko, ur garbia erabiliko da (ez du zertan edateko ura izan).

    4. Metatze- eta bahetze-fasea. Konpostaren helburuaren araberakoa izango da fase honen iraupena. Ez da bahetzerik aurreikusten, eta, beharrezkoa izanez gero, galbahea beste instalazio batetik ekarriko da.

    5. Lixibiatuak lortzea eta kudeatzea (urtean 8 m3, gutxi gorabehera). Hartzitze- eta heltze-guneak hormigoizko gainazal iragazgaiztu batean ezarri behar dira, lixibiatuak albo batean biltzeko malda bat jarrita. Horrela, lixibatuak putzu batera kanalizatuko dira, bertatik elkarren artean konektatutako tanga prefabrikatuen sistema batera bideratuta. Lixibiatuek birzirkulatu egingo dute prozesuan eta, halakorik badago, soberakinak kudeatzaile baimenduari emango zaizkio.

      Kamioien zirkulazioari dagokionez, astean kamioi bat ibiltzea aurreikusten da, edo 24 kamioi urtean, plantak funtzionamenduan emango dituen 6 hilabeteetan kontzentratuta (bakoitzak 2 tonako edukiera).

      Lurzatian dagoeneko exekutatu da 327 m2-ko plataforma; 10 cm-ko hormigoizko zolata du, eta sika Plastocrete N iragazgaiztekoa. Zolata malda txikiko belardi zahar baten gainean jarri da, lursaileko eraikinen artean. Teilape bat ere eraiki da plataformaren hegoaldeko muturrean. Lurzatian gurpildun ibilgailuentzako sarbidea, argindar-hornidura, edateko ura eta telefonia daude.

    1. Proiektuaren kokapena.

      Instalazioa barne hartuko duen lurzatia lurzoru urbanizaezinean dago, Usurbilgo erdigunetik 1,4 kilometrotara, Lartzandieta baserriaren parean. Lursail berean dauden nekazaritza eta abeltzaintzako nabeetatik hurbil dago, zeinak zalditeria eta Lumagorri oilasko-haztegi izatera bideratuta baitaude. Antlantikoko landazabal erako paisaia da, belardi, zuhaizti autoktono eta baserri barreiatuz osatua. Ez du interes agrologiko berezirik.

      Eremuan edo eremutik hurbil ez dago gune babesturik, eta ez dago korridore ekologikoen sarean sartuta. Lurzatiaren hegoaldeko mugan arboladia dago: lizarrak, intxaurrondoak eta bestelako fruta-arbolak, haritz ale bat eta arte txiki bat. Fauna gehiena inguruko baso eta belardietako habitatari lotuta dago batik bat.

      Uraren Euskal Agentziak 2020ko martxoaren 12an argitaratutako txostenean jaso legez, proiektuaren eremua Martintxoetako errekaren antolamendu-gunean dago (ibaian behera Erroizpe errekaren urak jasotzen ditu eta Oria ibaira isurtzen ditu urak). Erroizpe errekaren arroan giza kontsumorako zenbait hargune daude, 400 metro hegoaldera. Kantauri Ekialdeko Mugapearen Plan Hidrologikoak 2.000-15.000 biztanle hornitzeko ur-harguneei dagokienez ezartzen duen 200 metroko babes-perimetrotik kanpo dago proiektuaren eremua.

      Eremu lasaia da, ikuspegi akustikotik. Eremutik hurbilen dauden etxebizitza multzoak Txokoalde eta Santuenea dira, ipar-ekialderantz 500 metrora eta ekialderantz 800 metrora, hurrenez hurren. Haize nagusiek iparralde edo ipar-ekialde noranzkoan (% 32) eta hegoalde noranzkoan (% 20) jotzen dute, 3,5 m/s eta 4,3 m/s abiaduran batez beste, hurrenez hurren.

      Ez da kultura-ondareari lotutako elementurik hauteman instalazioa barne hartuko duen eremuan. Ingurumen-arrisku edo -arazorik ere ez da antzeman proiektuaren eremuan.

    2. Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

      Exekutatutako proiektuaren zatia ebazpen honen 1. apartatuan deskribatutako hormigoizko oinarria da. Zuhaixka- edo zuhaitz-erako landaredirik gabeko belardia artifizializatu da, eta orografia leuna dela-eta, ez da lur-mugimendu handirik egin behar izan.

      Ingurumenean ondorioak eragin ditzaketen jarduketak honela laburbil daitezke:

      1. Hondakin organikoak eta egituratzaile begetala instalaziora lekualdatzea.

      2. Konpostaje-prozesuak.

      3. Makineria garbitzeko lanak eta mantentze-lanak.

      4. Konpost soberakinen erabilera eta horiekin egingo diren jarduketak.

        Kalte nagusiak ustiaketa-faseari lotuta daude. Alde batetik, prozesuak iraun bitartean lixibiatuak sortzen dira (urtean 8 m3, gutxi gorabehera). Instalazioaren eta harguneen zein ur-ibilguen arteko distantzia kontuan hartuta, eta ikusirik lursailak lurpeko urak kutsatzeko arrisku txikia duela, eta ibilguak birbideratu eta tanga itxietan biltegiratuko direla, ez da aurreikusten ur-masetan eta baliabide hidrikoetan ondorio nabarmenik izango denik.

        Bestalde, baliteke konpostaje-jarduerak usain txarrak eta eragozpenak eragitea inguruko baserri eta hiriguneei. Jarduera CAPCA 09 10 05 01 kodearekin katalogatuta dago (B taldea: konposta ekoizteko plantak), atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren arabera.

        Landa-bideetan kamioien joan-etorriak eragin ditzakeen eragozpenak puntualak izango dira, horien zirkulazioaren maiztasuna txikia izango baita. Halaber, pala kargatzailea eta iraultzeko makina ere zarata-iturri puntual izan daitezke.

        Jarduerak hondakin ez arriskutsuak sorraraziko ditu, tratatuko diren nekazaritzako hondakin desegokien bereizketaren ondorioz, baita hondakin arriskutsuak ere (makineriaren mantentze-lanen ondoriozko olioak, adibidez). Ez da aurreikusten hondakin gisa kudeatu beharreko konpost soberakinik egongo denik.

        Bigarrena. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Lartzandietan nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostaje-instalazioa jartzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

        Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

        Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

      1. Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.

      2. Instalazioan materiala eta makineria mugigarria jaso, biltegiratu, manipulatu eta mugitzera bideratutako gune guztietan zoladura iragazgaitza egon beharko da (tratamendu-prozesuaren etapa edozein delarik ere), eta ibilgailu eta makineriaren joan-etorria jasateko modukoa izan beharko du.

      3. Konpostaje-piloen hezetasuna optimizatu egingo da, ahalik eta lixibiatu gutxien sortzeko.

      4. Hondakin-piloetatik, euri-ur zikinetatik eta makineria garbitzeko uretatik ebakuatuko den isuri-bolumenaren araberakoa izan beharko du lixibiatuen putzuaren edukierak, eta kontuan hartu beharko da, gainera, plubiometriarako segurtasun-babesa izan beharko duela.

      5. Putzuak zolata iragazgaitza izan beharko du. Geruza iragazgaitza izango da k 1 × 10-7 m/s-ko iragazkortasun hidrauliko saturatua eta metro 1eko lodiera duen barrera geologiko bat edo babes baliokidea ematen duen beste material bateko geruza bat (adibidez, gutxienez 15 cm-ko hormigoi dardaratuzko zolata bat).

      6. Urtero, lixibiatuen putzua hustutakoan, garbitu egin beharko da, haren ezaugarriak (iraunkorra eta iragazgaitza) hondatuko ez dituzten prozeduren bitartez; eta lohiak atera ondoren, hondakinen kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

      7. Lixibiatuak biltegiratzeko bidoiak leku iragazgaitz eta estanko batean gordeko dira, ustekabeko isurketarik gerta ez dadin.

      8. Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

      9. Instalazioan nahikoa material xurgatzaile egon beharko da, olio eta lubrifikatzaileen ustekabeko isurketarik badago ere.

        Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak:

      1. Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Bada, instalazioa gauzatzeko, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako baimena behar da. Hortaz, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako baimena eskatu beharko dute, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) jasotako eskakizunak betez.

      2. Aire zabaleko tratamendu-faseetan atmosferara usain, partikula eta bioaerosolen emisio lausoak murrizteko, konpostaje-pilo aktiboak mintz erdi-iragazgaitzez estaliko dira.

      3. Saihestu beharko da piloak osatzea edo iraultzea, hondakinak eguraldi-baldintza txarretan bahetzea eta birrintzea (haize gogorrak edo prezipitazioak daudenean, edo haizeak hartzaile sentikorretarantz jotzen duenean).

      4. Piloak orientatzeko orduan, konpostaje-masaren ahalik eta zati txikiena utzi beharko da haize nagusiaren eraginpean, kutsatzaileak sakabanatu ez daitezen.

      5. Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen igorpenak hartzeko, kanalizatzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

      6. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean neurriak hartu beharko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko. Garraiatutako zama olanaz estali beharko da.

      7. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

      8. Ez da hondarrik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

        Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

        Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eta zarataren arloko gainerako arauetan xedatutako neurri aplikagarrien kalterik gabe, honako hauek hartuko dira aintzat:

        Jarduketetan erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa eta gainerako arau osagarriak bete beharko dituzte. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

        Hondakinak kudeatzeko neurriak:

      1. Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da. Sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.

      2. Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin; halaber, biltegiratze mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.

      3. Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.

      4. Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

      5. Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

        Instalazioaren diseinuari dagozkion neurriak:

        Instalazioak inguruko itxitura izango du, tratamendu-plantara libreki sartzea saiheste aldera.

        Jarduera eteteari dagozkion neurriak:

        Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, kutsadura, oro har, sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuko tratamendua egin dezan, indarreko legediari jarraituz.

        Hirugarrena. Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan ezarritakoek eta baimen sektorialetan zehazten diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Lartzandietan (Usurbilgo udal-mugartean) nekazaritza-ereduan oinarritutako konpostaje-instalazioa jartzeko proiektuari.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

        Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

        Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 26a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik