Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 23koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingumen-txosten estrategikoa egiten baita Eibarko (Gipuzkoa) Zezenbide kaleko 1. zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketari buruz.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 2879
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/23
  • Argitaratze-data: 2020/07/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko azaroaren 21ean, Eibarko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Zezenbide kaleko 1. zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Eibarko Zezenbide kaleko 1. zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten dira ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Eibarko (Gipuzkoa) Zezenbide kaleko 1. zenbakiko eraikinaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Eibarko Udalak sustatuta, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, HAPO) arabera (2006an onartu zen behin betiko), Zezenbide kaleko 1. zenbakiko eraikina Eibarko hirigunean dago bizitegi-erabilerako eraikin finkatua da, eta gaur egun duen solairu kopuru bera ematen dio HAPOk. Hortik abiatuta, xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) helburua da oraingo eraikina ordeztuko duen etxebizitza-eraikin berriaren sestrak finkatzea eta zehaztea. Zehazki, Planaren asmoa da HAPOn eraikin horretako solairuetarako esleitutako altuerak birdefinitzea, alboko eraikinaren altuera berdina izateko. Altuerak doitzeaz gain, etxebizitza blokearen eraikuntza-proiektua garatzeko beharrezkoak diren hirigintza-parametro guztiak zehaztuko dira: lerrokadurak eta sestrak seinalatzea, bolumenak antolatzea eta zenbait alderdi eta ezaugarri estetiko eta konpositibo arautzea; hori guztia indarrean dagoen Eibarko HAPOren arabera.

    Azken batean, Planak ez du aldatzen gaur egun dagoen antolamendua; eraikin berriaren solairuen altuerak erregularizatzen ditu, alboko eraikinek dituztenen arabera, HAPOn aurreikusitako lerrokadurak eta eraikigarritasuna aldatu gabe.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta: a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak etxebizitza blokearen eraikuntza-proiektua garatzeko beharrezkoak diren hirigintza-parametroak zehazten ditu. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, hala nola kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ingurumenaren ikuspegitik, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan. c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: egungo eraikina ordezteak eraikingintza eta eraikuntza efizienteagoa ahalbidetuko du, baliabideen erabilerari eta bitartekoen kalitateari dagokienez, eta horrek eraikuntzaren aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta kanpoko zaratarekiko isolamendua bultzatuko ditu, beste ingurumen-helburu batzuen artean. d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Planaren xede den eremua bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatua da oso-osorik. Planaren ondoriozko jarduketek ez dakarte garapen berrietara bideratutako azalera handitzea. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kultura-ondareari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Zaratari dagokionez, azterlan akustikoan lortutako emaitzen arabera, Planaren ondoriozko jarduketek bete egiten dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, bai egungo egoeran, bai 20 urte barru. e) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari berotegi-efektuko gasak eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez. 2. Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak. Planaren xede den eremua bizitegitarako hiri-lurzoru finkatua da, eraikia eta Eibarko hiri-bilbean txertatua; beraz, behar diren zerbitzuak dituen lurzoru urbanizatua da. Ez dago naturagune babesturik Planaren eremuan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik. Ez da beste ingurumen-balio aipagarririk ere hauteman. Ez da hauteman interes geologikoko lekurik, azaleko urik, ez eta ur-gunerik ere. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik edo kultura-ondareko elementurik. Zaratari dagokionez, Planak, erantsitako dokumentu batean, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jasotzen du, eta bertan ondorioztatzen da bai gaur egun bai etorkizunean egingo diren garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla (2 metrora, lurzatiaren mailan, eta eraikinaren altuera guztietan). Bi kasuetan, gaueko zarata-balioak kalitate-helburuaren mugan daude (50 dB), aldi horretarako segurtasun-marjinarik gabe; beraz, egongelak Isasi kalearen aldean jartzea gomendatzen da, kale horretara begira dagoen fatxada baita egingo den garapenaren zaratarekiko eragin handiena duen itxitura. Gauzak horrela, Plana garatzetik eratorriko diren ingurumen-efektu nagusiak eraikuntza-obrak izango dira (lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, makinen joan-etorria, ustekabeko isurketak, etab.). Horrek, jakina, eragozpenak eragingo dizkie biztanleei, emisio atmosferikoak eta zaratak areagotuko direlako, hiri-eremu batean. Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean. 3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zezenbide kaleko 1. zenbakiko xehetasun-azterketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira: a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea. b) Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak. Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira. Eibarko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. c) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak. d) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute: Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea. Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea. Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea. Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea. Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zezenbide kaleko 1. zenbakiko xehetasun-azterketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Eibarko Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Eibarko Zezenbide kaleko 1. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 23a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik