Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko uztailaren 15ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2025eko ekitaldian Enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten duen 2024ko abenduaren 23ko agindua.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 3195
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/07/15
- Argitaratze-data: 2025/07/21
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren 2025eko ekitaldiko oinarriak eta deialdia, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2024ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez onartuak, 2025eko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren.
Gaur egun, aldaketak gertatzen ari dira ingurune sozioekonomikoan eta geopolitikoan, eta horrek baldintzatu egiten du Euskadin berrikuntza-estrategia diseinatzeko eta ezartzeko prozesua. Horregatik, beharrezkoa da, batetik, Europako estrategiekin gehiago lerrokatzea, eta, bestetik, politika propioak etengabe eta behar bezala egokitzea, planteatzen zaizkigun erronka berriei aurre egin ahal izateko.
Euskadik bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatu behar ditu egoera global oso lehiakor batean, industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortu behar du, eta erresilientzia handitu behar du, eta, ahal den neurrian, ekosistema eta balio-kate nagusietako subiranotasun teknologikoa eta anbizio horiek betetzeko gaitasuna I+G+Bren mende dago neurri handi batean; izan ere, I+G+Bko jarduerek irtenbide eraginkorrak ematen dizkiete gure gizartearen erronka handiei, eta, horregatik, ikerketan inbertitzea aurrerapenaren bermea da.
Euskadiren erronka sozioekonomikoei behar bezala erantzuteko, nahitaezkotzat jotzen da enpresen I+Grako laguntza-programa bultzatzea eta indartzea. Helburua da I+Gko jarduera egiten duten enpresei laguntzea, arlo batean ezagutza handiagoa izan dezaten eta berrikuntza berriak sortzeko modu praktikoan aplika ditzaten.
Hazitek programak enpresak bultzatzen ditu ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak egin ditzaten, lehiakorrak zein estrategikoak, lehiakorragoak izan daitezen.
Enpresen I+G bultzatzeko Hazitek 2025 programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten duen 2024ko abenduaren 23ko Aginduaren 2.2 artikuluan («Baliabide ekonomikoak») ezartzen da deialdiaren zenbatekoa gehienez zenbateko osoaren % 10 handitzeko aukera. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ezta ebazteko beste epe bat hastea ere.
Aldaketaren helburua da deialdiaren zenbatekoaren gehieneko igoeraren ehunekoa handitzea, baina horrek ez du ekarriko eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ezta ebazteko beste epe bat hastea ere.
Horrenbestez, honako hau
Aldatu egiten da Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2024ko abenduaren 23ko Aginduaren 2. artikuluaren 2. apartatua «Baliabide ekonomikoak». Agindu horren bidez, enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten da 2025eko ekitaldirako. Honela idatzita geratzen da apartatu hori:
Deialdiaren guztizko zenbatekoari beste % 50 gehitu dakioke gehienez, eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko ez eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ez ebazteko epea berriz hastea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 15a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.