Arautegia

Inprimatu

97/2022 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, 2022. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 1,5eko igoera gehigarria onartzen duen Erabakia argitaratzea xedatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 229
  • Hurrenkera-zk.: 5229
  • Xedapen-zk.: 97
  • Xedapen-data: 2022/11/22
  • Argitaratze-data: 2022/11/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak; Funtzio publikoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2022ko azaroaren 22an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 1,5eko igoera gehigarria 2022. urterako onartzen duen Erabakia onartu zuen, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsariak.

1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe sektore publikoan diharduten langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak, 2022. urtean, lan-kontratudunak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko ordainsariek ezin izango dute % 2tik gorako hazkunde orokorrik izan 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko. Ordainsari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.

5 artikuluan xedatutakoaren arabera, aurrekontu-ekitaldian zehar indarrean daudenak izango dira lan-kontratudunak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak, bat etorriz funtzionarioen oinarrizko ordainsarien araubidea erregulatzen duten arauekin. Langile lan-kontratudunei dagokienez, 19.9 artikuluaren arabera, 2022an soldata-masak gehienez % 2ko igoera izan ahal izango du 2021eko ekitaldirako ezarritakoarekiko.

13 eta 19.14 artikuluek igoera bera ezartzen dute lehendakariaren, kontseilarien, goi-kargudunen eta parekatuen ordainsarietarako, bai eta behin-behineko langileen ordainsarietarako ere.

1 artikuluak igoera bera aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako, fundazioetako eta sektore publikoko partzuergoetako zuzendarien ordainsarietarako.

Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 22an egindako bileran hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zen, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, % 2ko ordainsari-igoera aplikatzeko 2021eko abenduaren 31n ezarritako ordainsariekiko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sektore publikoko partzuergoen zerbitzuan diharduten langileentzat, bai eta lehendakariarentzat, sailburuentzat, goi-kargudunentzat eta parekatuentzat, behin-behineko langileentzat eta zuzendaritzako langileentzat ere. Halaber, baimena eman zen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako erakundeen zerbitzuan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masa % 2 igotzeko 2021eko abenduaren 31n ezarritakoarekiko.

Arestian aipatutako igoerak sektore publikoan diharduten langileen gastuei buruz ematen diren oinarrizko xedapenei kalterik egin gabe egin behar dira. Zehazki, aintzat hartu behar dira 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legean araututako aurrekontu-araudia eta urriaren 18ko 18/2022 Errege Lege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baitira energia-kontsumitzaileen babesa indartzeko eta gas naturalaren kontsumoa murrizten laguntzeko neurriak, «Plan + seguridad para tu energía (+SE)» plana aplikatzearen ondorioz, bai eta sektore publikoan diharduten langileen ordainsariei eta lehorteak kalte egin dien nekazaritzako behin-behineko langileen babesari buruzko neurriak ere. Errege lege-dekretu horrek, 23. artikuluan, oinarrizko izaeraz ezartzen du ezen, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen III. Tituluko I. eta II. kapituluetan eta horiekin bat datozen gainerako manuetan xedatutakoaz gain, sektore publikoan diharduten langileen ordainsariek ehuneko 1,5eko igoera gehigarria izango dutela 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Igoera gehigarri hori 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariei aplikatuko zaie, arau hauen arabera:

  1. 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariei aplikatuko zaie, eta, beraz, bi igoeren baturak % 3,5eko gehieneko ordainsari-igoera orokorra finkatuko du 2022ko ekitaldirako.

  2. 2022ko azaroko nominan gauzatuko da, eta atzerapen gisa ordainduko da aurtengo urtarriletik urrira bitarteko hilabeteei dagokien igoera.

  3. Autonomia erkidegoen eta toki-erakundeen kasuan, ordainketa 2022ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da, eta, edonola ere, 2023ko martxoaren 31 baino lehen.

    Bestalde, 2022ko urriaren 21ean egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean aztertu da aipatutako igoera, gai-zerrendako puntu honetan: «Langileei eta 2023ko negoziazio kolektiboari buruzko aurrekontu-esparrua, EAEko aurrekontu orokorren lege-proiektuan».

    Azkenik, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten funtzionarioen ordainsari-araubidea eta gainerako langileen ordainsari-baldintzak ezartzeko arauak eta jarraibideak urtero ezartzea.

    Horregatik, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaio, hark onar dezan, sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 1,5eko igoera gehigarria, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Igoera hori eta aurretik onartutako % 2ko igoera batuta, guztira % 3,5eko igoera egiten du 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

    Hori guztia dela eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak hau erabakitzen du:

    ERABAKIA

    Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan diharduten langileen ordainsarien % 1,5eko igoera gehigarria onartzea, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Igoera hori eta aurretik onartutako % 2ko igoera batuta, guztira % 3,5eko igoera egiten du 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko.

    Bigarrena. Honako oinarrizko ordainsari hauek jasoko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario eta estatutupeko langileek:

    1. 2022ko urtarriletik abendura bitarteko nomina arruntetan, soldata eta hirurtekoengatik, hamabi hilabeteri dagozkien honako zenbateko hauek:

      (Ikus .PDF)

    2. 2022ko ekaineko eta abenduko aparteko paga bakoitzean, soldata eta hirurtekoengatik, honako zenbateko hauek:

      (Ikus .PDF)

      Hirugarrena. Honako hau izango da lanpostu-maila bakoitzean 12 hilekori dagokion destino-osagarriaren zenbatekoa 2022 urtean:

      (Ikus .PDF)

      Laugarrena. Honako hau izango da Ertzaintzako kategoria bakoitzean 12 hilekori dagokion destino-osagarriaren zenbatekoa 2022 urtean:

      (Ikus .PDF)

      Bosgarrena. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, funtzionarioen gainerako ordainsari osagarriak, halaber, % 3,5 igoko dira 2021eko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsariekiko. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.

      Seigarrena. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, hauek izango dira lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta parekoen ordainsariak:

      (Ikus .PDF)

      Zazpigarrena. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 3,5 igoko dira behin-behineko langileen ordainsariak 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko, hargatik eragotzi gabe antzinatasunagatik egokitu dakiekeena.

      Zortzigarrena. Justizia Administrazioan diharduten langileen ordainsariak berariazko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira.

      Bederatzigarrena. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 3,5 igoko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, haren organismo autonomoetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoan diharduten langile lan-kontratudunen ordainsariak 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

      Hamargarrena. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko gainerako entitateen zerbitzuan diharduten langile lan-kontratudunen soldata-masak ezin izango dira % 3,5 baino gehiago igo 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

      Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa da 2022ko soldata-masaren gehieneko muga, zeina negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko baita nola banatu eta aplikatu modu indibidualean.

      Hamaikagarrena. Osagarri pertsonalak eta iragankorrak, baita zerbitzuarengatiko kalte-ordainak ere, beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, horien zenbateko indibidualak ezin izango dira % 3,5 baino gehiago igo 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenekiko.

      Halaber, ordainsari-kontzeptu batzuk erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta haien araubideak, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, baztertzen badu ordainsari-igoera orokorraren bidez eguneratzea.

      Hamabigarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.