Arautegia

Inprimatu

96/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko Akordioa, 2022-2023 ikasturtean Ertzaintzako langileen lanorduz kanpoko euskalduntze ikastaroak antolatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5170
  • Xedapen-zk.: 96
  • Xedapen-data: 2022/11/15
  • Argitaratze-data: 2022/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako kudeaketa-gomendioari buruzko Akordioa sinatu du, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 22a.

Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Lehendakariaren irailaren 7ko 20/2020 Dekretuaren bidez izendatua.

Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lehendakariaren irailaren 7ko 29/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) buru gisa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortarazteko eta euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean ezarritakoaren arabera.

ADIERAZTEN DUTE:

  1. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, Ertzaintzan hizkuntza normalizazioaren gaineko eskumena duen organoa da, urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 12. artikuluan xedatutakoari jarraiki, eta helburu hori lortzeko, aurreikusita ditu euskarazko hizkuntza prestakuntza, euskara azterketa ofizialak egitea, eta HABEren Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi publiko, pribatu homologatu eta autoikaskuntzako zentroetan lanorduz kanpoko ikastaroetan parte hartzea.

  2. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE izaera administratiboko erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikia, berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa ditu.

  3. Bere funtzioen artean, besteak beste, euskara irakasten die helduei, eta euskara alfabetatzea eta euskalduntzea sustatzen ditu Euskal Herrian, Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen arabera.

  4. HABE erakundeak Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren beharrei erantzuteko behar diren antolakuntza eta baliabideak ditu.

  5. Arestian esandako horrengatik guztiarengatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, Segurtasun Sailak eta HABEk, elkarrekin lankidetzan aritzeko interesa dutela, eta lankidetza hori interes publikoaren onerako izan daitekeela, kudeaketa-gomendio hau sinatzea erabaki dute, ondorengo hauen arabera

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Akordio honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren Zuzendaritzaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko eta zerbitzuzkoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) kudeatzeko gomendioa ematea, lanorduz kanpoko euskalduntze-ikastaroak antolatzeko, aurrez aurrekoak zein autoikaskuntzakoak.

    Bigarrena. Ertzaintzako langileentzako lanalditik kanpoko euskalduntze ikastaroak bat etorriko dira HABEk diruz lagundutakoekin eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak bere deialdietan zehazten dituen moduluekin.

    Hirugarrena. Giza Baliabideen Zuzendaritzak egingo ditu Ertzaintzako langileentzako lanalditik kanpoko euskalduntze ikastaroen deialdiak, eta berak jaso eta bideratuko ditu parte hartzeko eskabideak.

    Laugarrena. HABEk egin beharreko jarduerak:

    1. HABEk euskalduntze-ikastaroak emateko euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen bitartez giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu.

    2. HABEk, ikasleen matrikulen kudeaketari dagokionez, euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek igorritako matrikula-orriak, jaso, aztertu, zuzenarazi eta hala balegokio, onartuko ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidaliko dizkio, matrikulei dagokien fakturazioarekin batera.

    3. Kudeaketa-gomendio honen helburu diren Ertzaintzako langileen aprobetxamendu mailaren ebaluazioari eta asistentziari buruzko informazioa bidaliko dio Giza Baliabideen Zuzendaritzari.

      Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kudeaketa-gomendio honen xede diren jarduerak finantzatuko ditu, HABEk ematen dituen zerbitzu eta jardueren prezio publikoen arabera. Jarduera bakoitzaren hasieran indarrean dagoen Sailburuaren Aginduaren bidez ezarritako prezioak dira, eta gaur egun hauexek dira:

    1. Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publikoetan: 9,95 euro/ikasleko/orduko.

    2. Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi pribatuetan:

      Lurraldeetako hiriburuetan: 7,63 euro/ikasleko/orduko.

      Gainerako herrietan: 7,08 euro/ikasleko/orduko.

    3. Hizkuntza trebakuntzarako ikastaroen koordinazio eta jarraipenei dagozkion zerbitzuak:

      Ikasle solteak bestelako taldeetan: 0,52 euro/ikasleko/orduko.

    4. Autoikaskuntza ikastaroetako matrikulen prezioak ikastaroen iraupenaren araberakoak izango dira:

      9 hilabeteko ikastaroa, 190 ordukoa, 1.800 euro, hasiera hilabetea urria, azaroa, abendua edo urtarrila delarik.

      3 hilabeteko ikastaroa, 75 ordukoa, 710 euro, hasiera hilabetea urria, urtarrila, apirila edo uztaila delarik.

      Aurrekoa gorabehera, kudeaketa-gomendioaren finantzaketari buruzko klausulak HABEren prezio publikoen Aginduan eman daitezkeen aldaketen arabera egokituko dira.

      Seigarrena. Ordainketa.

      Hiru ordainketa egingo dira, HABEk faktura bidez gastua justifikatu ondoren eta Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak faktura hori onartu ondoren:

      Lehenengo ordainketa, urteko laugarren hiruhilekoan egingo da, eta urrian hasten diren prestakuntza-jarduerak ordainduko dira.

      Bigarren ordainketa, urteko bigarren hiruhilekoan egingo da, eta urtarriletik ekainera bitartean hasten diren prestakuntza-jarduerak ordainduko dira.

      Hirugarren eta azken ordainketa, hirugarren hiruhilekoan egingo da, eta udako prestakuntza-jarduerak ordainduko dira.

      Zazpigarrena. Gomendio hau finantzatzeko kreditua 600.000 eurokoa da. Horietatik 400.000 euro 2022ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 200.000 euro 2023ko ekitaldirako konpromiso-kredituari.

      Zortzigarrena. Kudeaketa-gomendio hau Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberakoa da, eta kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik. Gomendioa egiten duen erakundearen ardurapekoa da gomendioaren xede den jarduera material zehatzaren euskarri diren edo zati diren beharrezko egintza edo ebazpen juridikoak ematea.

      Edonola ere, gomendioa jasotzen duen erakundea edo organoa kudeaketa-gomendioa gauzatzerakoan eskuratu ditzakeen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna izango da, eta datu pertsonalak babesteari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko zaio.

      Bederatzigarrena. Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Giza Baliabideen Zuzendaritzako eta HABEko kideek osatua, kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien, eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

      Jarraipen-batzorde horrek honako osaera hau izango du:

      Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren izenean:

    1. Ebaluazio, Hornikuntza eta Lantokien Arloko arduraduna.

    2. Prestakuntza eta Hizkuntza Normalkuntza Ataleko arduraduna.

    3. Prestakuntza eta Hizkuntza Normalkuntza Ataleko teknikaria.

      HABEren izenean:

    1. HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren arduraduna.

    2. HABEko Ikuskatzailetzaren arduraduna.

    3. Herri administrazioetako ikasleen jarraipenerako HABEko teknikaria.

      Hamargarrena. Kudeaketa-gomendio hau bertan behera utziko da, bere indarraldia amaitzen denean eta horrez gain, hurrengo hauek dira akordio hau eteteko arrazoiak, baina hasitako jarduerak amaitu beharko dira:

    1. Alderdien arteko adostasunez.

    2. Agindutako jarduerak egitea ezinezkoa bada edo ez bada beharrezkoa.

    3. Akordio honetan ezarritako baldintza ez badira betetzen, aldeetako edozeinek aldez aurretik iragarrita, behar bezala jakinaraziz. Bertan behera uzteko nahia jakinarazi eta handik hiru hilabetera galduko du indarra kudeaketa-gomendioak.

      Hamaikagarrena. Kudeaketa-gomendio honen iraunaldia, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era arte izango da, azkentzeko kausaren bat dagoenean izan ezik.

      Kudeaketa-gomendioa luzatu egingo da, elkarren arteko adostasunez, gehienez lau ikasturteraino, eta luzapen horiek kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean egongo dira.

      Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendioa izenpetzen dute,

      Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

      JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

      HABEko lehendakaria,

      BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.