Arautegia

Inprimatu

94/2022 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin zergazkoak ez diren helburuetarako informazioa emateari buruz sinatutako hitzarmena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 5021
  • Xedapen-zk.: 94
  • Xedapen-data: 2022/11/15
  • Argitaratze-data: 2022/11/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmena hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau

Madrilen, 2022ko urriaren 8a.

PARTE HARTU DUTEN ALDERDIAK:

Alde batetik, Jesús Gascón Catalán jauna, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako presidentea, 103.hiru.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. 31/1990 Legea, abenduaren 27koa, 1991rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, ekainaren 8ko 435/2022 Errege Dekretu bidez izendatua.

Bestetik, Olatz Garamendi Landa andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuak emandako eskumenak baliatuz.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna.

Zerga Administrazioko Estatu Agentzia (aurrerantzean, Zerga Agentzia) zuzenbide publikoko erakunde bat da, eta Estatuaren izenean eta haren kontura, Estatuko zerga- eta aduana-sistema aplikatzeaz arduratzen da, bai eta legez edo hitzarmen bidez kudeatzeko agintzen dizkioten Estatuko edo Europar Batasuneko beste administrazio eta erakunde publiko batzuen baliabideak aplikatzeaz ere.

Euskal Autonomia Erkidegoak berezko eskumenak ditu bere interesak kudeatzeko, eta ahalmena du Estatuko Administrazioarekin informazioa trukatzeko jarduketak gauzatzera bideratutako hitzarmenak sinatzeko.

2010ean, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten bi erakundeek. Hitzarmen horren bidez, Zerga Agentziak baliabide informatikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoa zerga-informazioz hornitzeko sistema egonkor bat ezarri zen, Euskal Autonomia Erkidegoak esleituta zituen eginkizunak bete zitzan, Zerga Agentzian aurkeztutako aitorpenen ziurtagiriak edo kopiak aurkeztu behar zirenean, baita Zerga Agentziak emandako beste edozein jakinarazpeni dagokionez ere, aitorpena egitera behartuta ez zeudenen kasuan.

Administrazio publikoen arteko harremanetan elkarlanean aritu behar dela kontuan hartuta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen (aurrerantzean, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legea) 3.1.k), 140. eta 141. artikuluetan xedatutakoaren arabera, bi alderdien ordezkariek uste dute, bakoitzak bere helburuak betetzeko, oso onuragarria izango litzatekeela Zerga Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoari zerga-informazioa modu egonkorrean emango diola arautuko duen esparru bat ezartzea.

Informazio-hornidura Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrak (aurrerantzean, Zergei buruzko Lege Orokorra) eta administrazio publikoei zerga-informazioa ematea arautzen duten gainerako arauek babesten dute.

Izan ere, Zergei buruzko Lege Orokorreko 3.2 eta 34.1.g) artikuluetan ezarri den bezala, betebehar formalak betetzeak eragiten dituen zeharkako kostuen proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren eta haiek mugatzearen printzipioetan oinarrituko da zerga sistemaren aplikazioa, eta zergadunek aurkezten dituzten aitorpenen ziurtagiriak eta kopiak eska ditzakete.

Printzipio horiek garatuz, beste administrazio publiko batzuei zerga-informazioa ematea zerga-ondoriodun datuen isilpekotasunaren salbuespen gisa Zergei buruzko Lege Orokorraren 95.1 artikuluan arautzen da. Hain zuzen ere, k) letran, baimena ematen du bere eginkizunak garatzeko, zergapekoek euren datuak horretarako erabiltzeko baimena eman ondoren.

Datuak emateko euskarriari dagokionez, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legearen 44. artikuluan ezarritakoa beteko da (administrazio publikoen, organoen, entitate publikoen eta zuzenbide publikoko erakundeen artean ezarritako komunikazio-ingurune itxietan datuak elektronikoki trukatzeari buruzkoa), eta ingurune itxiaren segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatuko dira beti, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesten dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari eta datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz.

Hori horrela, Zergei buruzko Lege Orokorraren 95. artikuluko 2. apartatuak adierazten du 1. zenbakian aurreikusitako lagapen-kasuetan, ahal dela, bitarteko informatiko edo telematikoak erabiliz eman beharko dela zerga-informazioa. Administrazio publikoek bitarteko horien bidez eskuratu badezakete informazioa, ezin izango diete eskatu interesdunei informazio horri buruzko Zerga Administrazioaren ziurtagiriak aurkezteko.

Ildo berekoa da Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren 1999ko azaroaren 18ko Agindua, administrazio publikoei beren eginkizunak betetzeko zerga-informazioa ematea arautzen duena, bai eta Zergei buruzko Lege Orokorraren 113.1 artikuluan (orain, Zergei buruzko 58/2003 Lege Orokorraren 95.1 artikulua) bildutako kasuak ere. Zehazki, agindu horren 2. artikuluak arautzen du administrazio publikoei esleitutako eginkizunak betetzeko zerga-informazioa ematea, eta honako hau aurreikusten du: «Informazioa ematea bidezkoa izanez gero, ahal dela, bitarteko informatikoak edo telematikoak erabiliz emango da, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta lagapena hartuko duen administrazioaren ahalbide teknikoak kontuan hartuta. Bi alderdiek egokien deritzotena hitzartu dezakete».

Horren arabera, Zerga Agentziak administrazio publikoei informazioa elektronikoki lagatzeko teknologiak txertatu ditu. Teknologia horiek oso eraginkorrak dira zerga-informazioa lortzeko, eta berehala ematen dituzte datuak. Horrela, testuak berariaz ezartzen ditu datuen hornidurak gaur egun dituen aukera teknologiko guztiak.

Hitzarmen honek aipatzen duen informazio-horniduraren irismena, Euskal Autonomia Erkidegoaren eginkizunak betetzeari buruzkoa, Zergei buruzko Lege Orokorraren 95.1 artikuluaren b) eta d) letretan jasotako datu-lagapenetik independentea da.

Administrazio publikoek, haien erakunde publikoek eta haiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko erakundeek, beren eskumenen eremuan, hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte zuzenbide publikoko beste subjektu batzuekin ez du esan nahi haien eskumenen titulartasuna lagatzen dutenik, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzeko eta bitarteko eta zerbitzu publikoak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean ezarritako edukiarekin eta izapideekin batera erabiltzea errazteko.

Alde horretatik, alderdi sinatzaileei esleitutako eskumenak eraginkortasunez erabiltzeak zerga-informazioa emateko sistema bat ezartzea justifikatzen du. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak bere eginkizunak modu arinean betetzeko behar duen informazioa izango luke, bi administrazio publikoetan dauden baliabide materialak eta giza baliabideak erabilita eta, beraz, hitzarmen hau aplikatzeak kostuak handitzea eragin gabe. Sistema hori teknologia modernoez baliatuta taxutuko da, eta hitzarmen honek arautuko du; izan ere, hainbat interesdunen datuak emango dira, eta hornikuntza hori etengabe egiaztatu beharko da.

Nolanahi ere, hitzarmen honen aplikazio-eremuan ematen den informazioak errespetatu egin beharko ditu herritarren ohorerako eta norberaren eta familiaren intimitaterako oinarrizko eskubideak eta datu pertsonalen babesa, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluaren 1. eta 4. apartatuek eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesten dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra indargabetzen duena) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak agintzen duten moduan.

Bitartekaritzarako Plataforma Teknologikoak erabiltzeko aukera dagoenez, Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren 2012ko ekainaren 28ko Ebazpenean Datuen Bitartekaritzako Protokoloen Elkarreragingarritasunerako Arau Teknikoa onartzekoan aurreikusitakoaren arabera, hitzarmen honetan jasotako aurreikuspenak aplikagarriak dira, alde batera utzita lagapen-hartzaileak bitarteko propioak edo hirugarrenen azpiegiturak erabiltzen ote dituen datuak trukatzeko.

Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legearen 48. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazioaren eta hari lotutako edo haren mendeko entitate publikoen eta zuzenbide publikoko erakundeen esparruan, hitzarmenak egin ahal izango dituzte ministerio-sailetako titularrek eta erakunde publiko horietako presidente edo zuzendariek.

Hitzarmen honek Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Zerbitzu Juridikoaren aldeko txostena eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aldez aurreko baimena ditu, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legearen 50. artikuluan eta abenduaren 21eko PRA/1267/2017 Aginduaren bigarren jarraibideko 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoaren arabera. Agindu horren bidez, Ministro Kontseiluaren 2017ko abenduaren 15eko Erabakia argitaratzen da, hitzarmenak izapidetzeko jarraibideak onartzen dituena. Horrez gain, Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aldez aurreko baimenak jarraiki egiten dio abuztuaren 3ko 682/2021 Errege Dekretuaren 20.1.t) artikuluan xedatutakoari Horrez gain, Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren aldez aurreko baimenak jarraiki egiten dio abuztuaren 3ko 682/2021 Errege Dekretuaren 20.1.t) artikuluan xedatutakoari, errege-dekretu horren bidez garatzen baita Ogasun eta Funtzio Publiko Ministerioaren oinarrizko egitura eta aldatzen baita urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita ministerioetako sailetako oinarrizko egiturak.

Era berean, Lurralde Politikako Ministerioaren txostena jaso da, Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen abuztuaren 3ko 683/2021 Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluan adierazitakoa eta Ministro Kontseiluaren 2017ko abenduaren 15eko Erabakia (hitzarmenak izapidetzeko jarraibideak onartzen dituena) argitaratzen duen abenduaren 21eko PRA/1267/2017 Aginduaren bigarren jarraibideko 2. apartatuan xedatutakoa betez.

Ondorioz, Zerga Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoari zerga-informazioa bitarteko informatikoen bidez emateko sistema egonkor bat ezartzea juridikoki bidezkoa denez, eta nahitaezko izapide guztiak bete direnez, bi aldeek adostu dute hitzarmen hau Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legearen 47. artikuluaren eta hurrengoen arabera egitea, klausula hauei jarraikiz:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Zerga Agentziak informazioa Euskal Autonomia Erkidegoari (aurrerantzean, autonomia-erkidegoa) lagatzeko bete behar dituen baldintzei eta prozedurei buruzko lankidetza-esparru orokor bat ezartzea; betiere, zerga-datuen isilpekotasunaren salbuespen gisa eta ordenamendu juridikoaren arabera, lagapen hori bidezkoa bada eta informazioan aipatzen diren pertsonen eskubideak betetzen badira betiere.

Hitzarmen hau ez zaie aplikatuko Zerga Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean egiten diren informazio-hornidurei, baldin eta haien helburuak Zergei buruzko Lege Orokorraren 95. artikuluko 1. apartatuko b) eta d) letretan aurreikusitakoak badira.

Bigarrena. Informazioa lagatzearen helburua.

Zerga Agentziaren informazio-lagapenaren xede bakarra kasu jakin batzuetan Euskal Autonomia Erkidegokoarekin lankidetzan aritzea izango da, haren egitekoak gauzatzeari dagokionez: batetik, indarreko arautegiaren arabera eskumenak erabiltzeko Zerga Agentziaren agiriren bat aurkeztu behar denean (ziurtagiria, interesdunen zerga aitorpenak jatorrizkoak, kopiak zein ziurtagiriak edo bestelako komunikazioak, aitorpena aurkeztu beharrik ez dutenen kasuan). Halako kasuetan, dokumentu horietan jaso beharreko informazioa Zerga Agentziari eskatuko zaio zuzenean, aipatutako eginkizunak gauzatzeko beharrezkoa bada eta hainbat interesdun edo ukituri badagokie.

Hirugarrena. Emandako informazioa interesatzen zaienei baimena ematea.

Zergei buruzko Lege Orokorraren 95. artikuluak izaera erreserbatua ematen die, oro har, Zerga Administrazioak bere eginkizunak betetzean lortutako zerga-arloko datu garrantzitsuei, eta datu horiek ezin zaizkie hirugarrenei laga edo jakinarazi, salbu eta lagapenaren xedea bada, besteak beste, «administrazio publikoekin elkarlanean aritzea beren eginkizunak gauzatzeko, emandako datuak dagozkien zergapekoen aldez aurreko baimenarekin betiere» (95.1 artikulua, k letra). Horren ondorioz, zergapekoen, interesdunen eta horien familia-unitateko gainerako kideen aldez aurreko baimena eman beharreko datuei dagokiena, lortu behar da, baldin eta datu horiek salbuespen gisa lagatzea baimentzen bada honako honen eraginpean egonik: «administrazio publikoekin elkarlanean aritzea beren eginkizunak gauzatzeko».

Betekizun horrek erakunde lagapen-hartzaileak lortu beharrekoak jarraiki egiten die Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren 1999ko azaroaren 18ko Aginduaren 2.4 artikuluak jasotzen dituen baldintza eta bermeei.

Laugarrena. Emandako informazioa jasoko dutenak.

Zerga Agentziak lagatzen duen informazioa autonomia-erkidegoko administrazio-organoek eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeek bakarrik erabili ahal izango dute, baldin eta hitzarmen honen bigarren klausulan aipatzen diren eginkizunak betetzen badituzte edo prozedurak bideratzen badituzte eta, aldez aurretik, zortzigarren klausulan aurreikusitakoaren arabera eskatzen badute. Era berean, autonomia-erkidegoetako fiskalizazio-organoak ere hitzarmenaren xede den informazioaren hartzaileak izango dira, baldin eta, beren araudia aplikatuta, prozedura horietan parte hartzen badute. Inola ere ezingo dira hartzaile izan hitzarmen honen bigarren klausulan adierazitakoez bestelako eginkizunak betetzen dituzten organo edo erakundeak.

Gainera, Zerga Agentziak lagatzen duen informazioa lagapena justifikatzen duten xedeetarako erabili behar da; hau da, eskabidean aipatzen dena egiteko. Edonola ere, Zerga Agentziaren lagapena hartzen dutenek inola ere ezin laga izango die informazioa hirugarrenei.

Bosgarrena. Hitzarmen honetan finkatutako informazio-horniduretan aplikatuko diren printzipioak eta arauak.

Zerga Agentziak hitzarmen honen esparruan ematen duen informazioa Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren 1999ko azaroaren 18ko Aginduaren 6. artikuluan jasotako arauen eta printzipioen arabera emango du.

Eraginkortasun-printzipioa eta kostuak minimizatzeko printzipioa bete behar direnez gero, egindako eskabideen tratamendu telematikora jo behar da derrigorrean. Zerga Agentziak zehaztuko ditu Autonomia Erkidegoari igorri beharreko informazio motak, kontuan hartuta, batetik, prozedurei zein araudi aplikatu behar zaien, eta, bestetik, eskatutako informazio mota bakoitza beti interesdun edo ukitutako pertsona kopuru handi bati buruzkoa izan behar dela. Informazio mota desberdinak ezarri ondoren, eta gerora aldatu ahal izango badira ere, eskakizunak mota horietara egokitu beharko dira.

Seigarrena. Emandako datuen izaera.

Zerga Agentziak zergadunek eta informazioa helarazi behar duten gainerakoek aitortutako datuak emango ditu. Oro har, datuok ez dira egiaztatzen automatizatu baino lehen. Alabaina, datu horiek Zerga Administrazioak egiaztatuta badauzka, egiaztatutakoak emango dira.

Zerga Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako datuen izaerari eta edukiari buruzko zehaztapenak eta argibideak eskatu ahal izango dizkiote elkarri.

Zazpigarrena. Solaskide bakarra.

Zerga Agentziak eta autonomia-erkidegoak organo berezi bana eduki behar dute, hitzarmena aplikatzen denean sortzen diren gorabeherak edo gatazkak konpontzeko; eta, halakoetan, hitzarmeneko alderdiek nahi dutenera jo ahal izango dute. Organo horretako ordezkari bat, halaber, hamalaugarren klausulan aipatzen den Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoko kidea izango da.

Zehazki, Zerga Agentzian, organo hori Euskadiko Ordezkaritza Berezia izango da; Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, berriz, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletarako Zuzendaritzak izango ditu eginkizun horiek.

Zortzigarrena. Prozedura.

  1. Faseak.

    1. Hasierako fasean.

      1. Hitzarmen hau eragina izaten hasten denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoaren barnean hitzarmenari atxikitzen zaizkion administrazio-organoek eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeek honako dokumentazio hau bidali beharko diote solaskide bakarrari:

        Eskabidea egin duen zuzenbide publikoko erakundearen, organoaren edo entitatearen identifikazio-datuak (izena, helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa, etab.).

        Zertarako erabiliko den informazioa.

        Eskatzailearen prozedura edo egitekoa.

        Organoaren edo Zuzenbide Publikoko erakundearen eskumena (aplikatzen zaion arautegia zehaztuta).

        Eskatutako informazio mota. Hitzarmen honen I. eranskinean ezarritako bide telematikoz edo informatikoz eman beharreko informazio motei egokitu beharko zaie hori, hargatik eragotzi gabe Zerga Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratutako formularioetan zehazki, eranskin horretan aipatzen diren hornikuntza-kategoria bakoitzaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenak gauzatzearen ondoriozko beste prozedura batzuk sartzea, edo hornikuntza-kategoriak eguneratzea, hala badagokio, Hitzarmenaren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzorde Mistoak hamalaugarren klausulan aipatutakoan aldez aurretik hala adostuta, aplikatzekoa den araudian sor litezkeen informazio-premiei erantzuteko, hitzarmen honen xedea, helburua eta gainerako aurreikuspenak errespetatuz betiere.

        Zerga informazioaren egokitasunari, garrantziari eta erabilgarritasunari buruzko azalpena.

        Informazioa emateko erabiltzen den kanalaren arabera beharrezkoa den edozein informazio.

        Euskal Autonomia Erkidegoko solaskide bakarrak, eskabide guztiak jaso ondoren, Zerga Agentziak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritza Berezira bidaliko ditu organo eta erakunde eskatzaile guztien zerrenda, betetzen dituzten eginkizunak eta eskumenak jasotzen dituen araudia eta eskatutako informazio mota zehatza.

        Aurreko informazioa Zerga Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratutako formularioetara egokituko da. Formulario guzti-guztiek Autonomia Erkidegoaren mendeko administrazio-organoaren, entitatearen edo zuzenbide publikoko erakundearen arduradunak eta zazpigarren klausularen arabera izendatutako solaskide bakarraren sinadura beharko dute. Formulario horiek elektronikoki sinatu beharrekoak Euskal Autonomia Erkidegoko solaskide bakarrak Zerga Agentziaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko ditu.

        Hitzarmen honen indarraldia hasten denetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoak Zerga Agentzian berretsi beharko ditu, sei hilabeteko epean, aurreko hitzarmenari jarraikiz indarrean zeuden informazio-eskabideak, hasierako alta berriak izango balira bezala, eta kasuan kasuko formularioak aurkeztu beharko ditu klausula honen aurreko paragrafoetan zehaztutako moduan.

        Sei hilabeteko denbora-tarte iragankor horretan, indarrean jarraituko dute aurreko hitzarmenaren arabera lortutako baimenek.

      2. Dokumentazioa aztertu ondoren eta, hala badagokio, Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoaren laguntzarekin, eskabide guztiek hitzarmen honetan xedatzen jarraikitzen diotela egiaztatu ondoren, Zerga Agentziako ordezkari bereziak Zerga Informatikako Departamentuari jakinaraziko dio, informazio-hornikuntza telematikoari dagokion aplikazioan alta eman diezaion organoari edo zuzenbide publikoko erakundeari, bai eta autonomia-erkidegoari ere, une horretatik aurrera, hurrengo B) letran aipatzen diren eskakizunetan, jada baimenduta dauden zuzenbide publikoko organo, erakunde edo entitate horietatik datozenak sartzeko aukeraren berri izan dezan.

      3. Geroago zuzenbide publikoko beste erakunde, organo edo entitateren bat sartu nahi izanez gero informazio-hornikuntzarako aplikazio telematikoan, aurreko apartatuetan azaldutako prozedura bera aplikatuko da.

      4. Organo batek hornikuntza mota jakin baterako baimena badu, aurrerantzean, mota horretako eskabide guztiak ezarritako mekanismoaren bitartez bideratu beharko ditu, kontuan hartu gabe zenbat pertsona interesdun edo eraginpeko dauden.

    2. Informazio-hornikuntza.

    1. Eskabidea.

      Aldez aurretik baimendutako autonomia-erkidegoko administrazio-organoek edo zuzenbide publikokoak izanik haren mendean dauden erakundeek, beharrezko aldizkakotasunarekin, Zerga Agentziara bidaliko dituzte, telematikoki, beren informazio-eskabideak. Eskabide horietan, hornikuntza bakoitzaren helburu zehatza argi eta garbi identifikatzeko beharrezkoak diren datu guztiak jasoko dituzte, bai eta ukitutako interesdunak eta eskatutako informazioaren eduki zehatza ere. Informazio hori, halaber, Zerga Agentziak aldez aurretik zehaztutako informazio motetara egokitu beharko da. Gainera, eskabidean adierazi egin behar da, hala badagokio, interesdunek berariaz baimendu dutela beren datuen hornikuntza eta ez dutela baimen hori ezeztatu eta, halaber, kontuan izan direla Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren 1999ko azaroaren 18ko Aginduko 2.4 artikuluan baimen horri buruz aurreikusita dauden gainerako inguruabar guztiak.

      Hamalaugarren klausulan aipatzen den Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoak erabakiak hartu ahalko ditu informazio-eskabideak egiteko aldizkakotasunaren gainean.

      Ez dute zuzenean informazio-eskabiderik egiteko aukerarik izango ez Euskal Autonomia Erkidegoaren barnean zuzendaritza nagusia baino maila txikiagoa duten organoek ez lurralde-ordezkaritzetako organoek. Hala ere, Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoaren barruan, beste organo batzuek eskaerak zuzenean egitea erabaki ahal izango da, autonomia-erkidegoko administrazio-egiturak hala gomendatzen badu eta ikuspuntu teknikotik egingarria bada.

      Edonola ere, ezingo dute eskabiderik egin ez Euskal Autonomia Erkidegoko organoek, ezta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeek ere, baldin eta aldez aurretik ez badaude baimenduta, klausula honen 1.A) apartatuan xedatzen denaren arabera.

    2. Izapidetzea eta erantzutea.

      Eskabidea jaso eta dagozkion egiaztapen eta prozesuak egin ondoren, Zerga Agentziak berehala bidaliko du eskatutako informazioa, baldin eta ez bada epe luzeagorik eskatzen; epe hori ez da inola ere hamabost egunetik gorakoa izango, eskabidea jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe horretan eskaeraren bati erantzuten ez bazaio, erabiltzaileak zergatik erantzun ez den jakin ahal izango du, hala badagokio, zuzendu ahal izateko.

      Hamalaugarren klausulan aipatzen den Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoak erabakiak hartu ahal izango ditu informazioa bidaltzeko epeen gainean.

    3. Formatua.

      Informazioa baliabide informatikoen edo telematikoen bidez eskatu eta entregatu beharko da. Hain zuzen ere, Zerga Agentziak bere organoek zerga ziurtagiri elektronikoak emateko ezartzen duen moduan bidali ahal izango dira.

      Bilakaera teknologikoa dela eta, Zerga Agentziak aldaketak egin ahal izango ditu informazioa emateko erabiltzen diren zerga-aplikazioetan. Aldaketa horiek Plangintzarako eta Erakunde Harremanetarako Zerbitzuari bidaliko dizkio Zerga Agentziaren Informatika Departamentuak, eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, Euskadiko Ordezkaritza Bereziaren bitartez, hark, behar izanez gero, egokitzapen- eta komunikazio-jarduera egokiak egiteko aukera izan dezan.

  2. Baimenduak kudeatzea.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Zerga Agentziaren Ordezkaritza Bereziak kudeatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko organo, entitate, erakunde eta erabiltzaileek hitzarmen honetan jasotako informazio-hornikuntzetarako emandako baimenak, baita baimen horiek mantentze-lanak ere.

    Euskal Autonomia Erkidegoak berehala emango dio dagokion ordezkaritza bereziari, solaskide bakarraren bitartez, hitzarmen honetan jasotako hornikuntzei eragiten dieten inguruabar eta gorabehera guztien berri, baita baimendutako organo, erakunde, entitate eta erabiltzaileei ere, eta, bereziki, baimenari baja eman behar diotenen berri. Hala badagokio, Zerga Agentziaren Egoitza Elektronikoaren bidez bidaliko dute dagokion formularioa egoitzan bertan argitaratua, klausula honen 1.A) apartatuan zehaztutako moduan.

    Halaber, autonomia-erkidegoak eguneratuta eduki beharko du baimendutako organo, erakunde, entitate eta pertsonen errolda.

    Eta hori guztia, Zerga Agentziaren aplikazio informatikoen bilakaera teknologikoaren ondorioz kudeaketa-eredu horretan egiten diren aldaketei kalterik egin gabe. Aldaketa horiek Plangintzarako eta Erakunde Harremanetarako Zerbitzuari bidaliko dizkio Zerga Agentziaren Informatika Departamentuak, eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, Euskadiko Ordezkaritza Bereziaren bitartez, hark, behar izanez gero, egokitzapen- eta komunikazio-jarduera egokiak egiteko aukera izan dezan.

  3. Aplikazioa.

    Hitzarmen honetan jasotako aurreikuspenak aplikagarriak dira, baita lagapen-hartzaileak Zerga Agentziak lagatako datuen trukea kudeatzeko baliabide propioak edo hirugarrenen azpiegiturak erabiltzen dituenean ere. Hirugarrenen azpiegiturak erabiliz gero, horiek egiten dituzten datu-tratamenduak trukeak kudeatzeko beharrezkoak baino ez dira izango.

    Bederatzigarrena. Emandako datuen kontrola eta segurtasuna.

    Emandako datuen kontrola eta segurtasuna informazioaren segurtasunaren arloan une bakoitzean indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera arautuko da, eta, bereziki, maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuak, Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duenak, eta Zerga Agentziaren eta Autonomia Erkidegoaren Informazioaren Segurtasun Politikak arautuko dute.

    Kontrol hauek ezarri dira hitzarmen hau dela bide ematen den informazioa zaintzeko eta erabiltzeko:

    1. Informazioa eskuratzen duen erakundearen barne-kontrola.

      Autonomia-erkidegoak interesdunen aurretiazko baimenaren egiaztapenari eta baliozkotasunari buruzko kontrolak egingo ditu, bai eta agintariek, funtzionarioek eta haren mendeko gainerako langileek jasotzen dituzten datuen zaintzari eta erabilerari buruzkoak ere. Horrez gain, jarraipena egitean lortutako emaitzen berri emango dio hitzarmen honen hamalaugarren klausulan adierazitako Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoari.

      Bereziki, informazioa beste helburu batzuetarako erabiltzeko arriskua saihesteko neurriak hartuko dira, bai eta lagapen bakoitzaren oinarri diren baldintzak betetzen direla ziurtatzeko ere.

    2. Informazioa ematen duen erakundeak egin beharreko kontrola.

      Autonomia Erkidegoak onartzen du Zerga Agentziak erabakitzen dituen egiaztapen-jarduketak egitea.

      Zerga Agentziak informazioaren segurtasuna kudeatzeko sistematik eratorritako ohiko kontrolak aplikatuko ditu. Zehazki, egindako informazio-lagapenak Zerga Agentziak sarbideak kontrolatzeko duen sisteman erregistratuta geratuko dira. Zerga Agentziako Barne Ikuskaritza Zerbitzuak beste jarduketa batzuk egin ahal izango ditu, lagatako informazioa behar bezala lortzen eta erabiltzen den eta aplikatu beharreko baldintzak (arauzkoak eta konbentzionalak) betetzen diren egiaztatzeko.

      Hamargarrena. Datu pertsonalen tratamendua.

      Informazioak interesdunen datu pertsonalak baditu, nola lagatzaileak hala lagapen-hartzaileak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesten dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra indargabetzen duena) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren (datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) arabera tratatuko dituzte datuok.

      Hitzarmen honetan tratatzen diren datuak zerga-informazioaren kategorian daude sartuta.

      Lagapena baino lehenagoko datuen tratamenduak Zerga Agentziaren erantzukizuna dira, informazioaren lagatzailea baita; geroko tratamenduak, berriz, autonomia-erkidegoaren erantzukizuna dira, informazioaren lagapen-hartzailea baita.

      Zerga Agentziaren kasuan, Zuzendaritza Nagusiaren titularra da tratamenduaren arduraduna, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren ondorioetarako.

      Autonomia-erkidegoaren kasuan, informazioa jasotzeko baimena duen organo edo erakunde bakoitzak tratamenduaren arduradun bat izendatuko du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren ondorioetarako.

      Hamaikagarrena. Isilpean gordetzeko betebeharra.

      Agintariek, funtzionarioek eta gainerako langileek erabat isilpean gorde behar dituzte hitzarmen hau dela bide eskuratzen dituzten datu eta informazio guztiak. Betebehar hori urratuz gero, dagozkion erantzukizun penalak, administratiboak eta zibilak izango ditu.

      Agintari, funtzionario edo bestelako langile batek hitzarmen hau dela bide ematen den informazioa gaizki erabiltzen badu, atxikita dagoen administrazioak erabilera txarraren ondoriozko erantzukizunak argitzeko espedientea ireki eta amaitu beharko du, bai eta erantzukizuna eskatu ere, halakorik izanez gero.

      Hamabigarrena. Jarduketak artxibatzea.

      Administrazioek lagatako datuen zaintzaren eta erabileraren kontrolen inguruan bildu duten dokumentazioa hiru urtez gorde beharko da, gutxienez. Bereziki, Autonomia Erkidegoak interesdunen berariazko baimena gorde beharko du.

      Hamahirugarrena. Trukatutako datuen ondoreak.

      Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren 1999ko azaroaren 18ko Aginduaren 9. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak bere eginkizunak betetzeko behar duen zerga-arloko informazioa eskuratu dezakeen neurrian (hitzarmen honetan aurreikusitako bideen medioz, betiere), interesdunei ez zaie eskatuko bana-bana aurkezteko Zerga Agentziak emandako ziurtagiririk, ez eta Zerga Agentziak emandako zerga-aitorpenen edo beste edozein komunikazioren original, kopia edo ziurtagiririk ere, aitorpena egitera behartuta ez daudenen kasuan.

      Hitzarmen hau dela bide ematen den informazioaren ondorio bakarrak beraren xedearen eta helburuaren ondoriozkoak izango dira. Beraz, informazioak ez du sortuko inolako eskubiderik ez eskubide-itxaropenik interesdun edo ukituen alde, eta ez du etengo beraren xede diren prozeduretako eskubide eta betebeharren preskripzioa. Halaber, emandako informazioak ez du eraginik izango egiaztapen- eta ikerketa-jarduketen eta datuen aldaketen emaitzetan.

      Hamabigarrena. Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa. Gatazkak konpontzea.

      Hitzarmen hau gauzatzeko behar diren jarduerak koordinatzeari, hitzarmena gainbegiratzeari eta horri jarraipena eta kontrola egiteari begira, Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Batzorde hori Euskadiko Ordezkaritza Bereziko titularrak izendatutako hiru ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoak izendatutako beste hiruk osatuko dute.

      Horrez gain, beharrezkotzat jotzen den beste edozein funtzionariok aholkulari gisa parte hartu ahalko du, eta hitz egiteko eskubidea izango du.

      Erabakiak bi administrazioen adostasunez hartuko dira.

      Batzordea aldeetako batek eskatzen duen guztietan bilduko da gutxienez, urtean behin lankidetzaren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko.

      Batzordeak eskumen hauek izango ditu:

      Hitzarmena gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzea, bai eta hitzarmena gainbegiratzea eta horri jarraipena eta kontrola egitea ere.

      Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortutako desadostasunak konpontzea.

      Hala badagokio, zortzigarren klausulan aipatzen den organo edo erakunde baimendunen errolda egiten laguntzea.

      Hitzarmen honetan informazioa ematearekin zerikusia duen eta garatu behar den edozein alderdi zehaztea.

      Klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Batzordearen jarduna eta araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoari lotuko zaizkio.

      Hamabosgarrena. Hitzarmenaren aplikazioaren emaitzak.

      Hitzarmen honen eraginkortasuna ebaluatzeko, Zerga Agentziak eta autonomia-erkidegoak konpromisoa hartzen dute, gutxienez urtean behin, lankidetzaren emaitzak zehazteko, eta elkarrekin aztertuko dituzte Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoan.

      Hamaseigarrena. Indarraldia.

      Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen den Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen den egunetik zenbatzen hasita; nolanahi ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean ere argitaratu beharko da, eta sinatzaileek, epea amaitu baino lehen, berariaz luzatzeko erabakia hartu ahalko dute, gehienez, lau urtez.

      Hala ere, bi administrazioek informazio-hornidura alde bakarrez etetea edo mugatzea erabaki ahalko dute, baldin eta ikusten badute agintariek, funtzionarioek edo erakunde lagapen-hartzaileko gainerako langileek ez dutela bete isilpekotasun-betebeharra, kontrol-araubidean irregulartasunak edo anomaliak daudela edo ez dituztela betetzen informazioa emateko printzipio eta arauak, hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera. Hornidura eteteko edo mugatzeko erabakia hartu eta berehala, horren berri emango zaio Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoari, eta batzorde horri entzungo zaio, hitzarmena indargabetzeko edo mantentzeko.

      Hamazazpigarrena. Hitzarmena azkentzea eta baliogabetzea.

      Hitzarmen hau azkendu egingo da hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean edo baliogabetzeko arrazoiren bat dagoenean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 51.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

      Lege horren 51.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako arrazoi hauen ondorioz indargabetu ahalko da hitzarmena:

    1. Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

    2. Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

    3. Sinatzaileetakoren batek urratu egin ditu beregain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.

      Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio adostutakoa hautsi duen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendua hamalaugarren klausulan xedatzen den Koordinazio eta Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio.

      Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio badagoela hitzarmena suntsitzeko arrazoia, eta hitzarmena suntsitua dagoela ulertuko da.

    4. Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartu du.

    5. Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi gabeko beste edozein arrazoi.

      Hemezortzigarrena. Ondorio aplikagarriak hitzarmena bete ezean.

      Hitzarmena bete ez duen alderdiak ez dio kalte-ordainik eman beharko beste alderdiari, izan betebeharrak ez betetzeagatik, izan hitzarmena azkentzeagatik. Alderdietako batek hitzarmeneko betebeharrak edota konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmena baliorik gabe gera liteke, hamazazpigarren klausulan ezarritakoaren arabera.

      Hemeretzigarrena. Finantziazioa.

      Hitzarmen honek ez die obligazio arruntik nahiz apartekorik ekarriko alderdiei, ez eta proiektua garatzeko berariazko ekarpen ekonomikorik egiteko beharrik ere.

      Hogeigarrena. Aldaketa-araubidea.

      Hitzarmen hau aldatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 49.g) artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

      Hogeita batgarrena. Izaera administratiboa eta jurisdikzio eskuduna.

      Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean xedatutakoari jarraitzen dio. Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmena lege horretan aurreikusitako izapideetara behar bezala egokitzeari begira egin daitekeen guztian laguntzeko, bereziki, 50. artikuluari dagokionez (hitzarmenak izenpetzeko nahitaezko izapideei eta horien ondoreei buruzkoa).

      Bestalde, eta hamalaugarren klausulan ezarritakoa alde batera utzi gabe, hitzarmena indarrean dagoen bitartean Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoak ebatzi ez dituen eztabaidak administrazioarekiko auzien jurisdikziora eramango dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

      Ezarritakoarekin ados daudela frogatzeko, alderdiek hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

      Zerga Administrazioko Estatu Agentziako presidentea,

      JESÚS GASCÓN CATALÁN.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

      OLATZ GARAMENDI LANDA.

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik