Arautegia

Inprimatu

794/2022 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, Liburutegi Birtualeko Zerbitzu Korporatiboko Buruaren lanpostua, Liburutegi Birtualeko Unitatean, Giza Baliabideen Zuzendaritzan, Garapen eta Prestakuntzako Zuzendariordetzan, izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia argitaratzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 206
  • Hurrenkera-zk.: 4637
  • Xedapen-zk.: 794
  • Xedapen-data: 2022/10/10
  • Argitaratze-data: 2022/10/27

Testu legala

Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Birtualeko Unitatean Giza Baliabideen Zuzendaritzako Garapeneko eta Prestakuntzako Zuzendariordetzako Liburutegi Birtualeko Zerbitzu Korporatiboko Buruaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Giza Baliabideen Zuzendaritza honek erabaki du lanpostu hori izendapen askeko sistemaren bitartez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako atxikipen eta oinarrien arabera

OINARRIAK

  1. Lanpostuaren atxikipena eta eginkizunak.

    Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia, Giza Baliabideen Zuzendaritza, Garapeneko eta Prestakuntzako Zuzendariordetza, Liburutegi Birtualeko Unitatean.

    Lanaldi zatitua. Vitoria-Gasteiz.

    Hizkuntza-eskakizuna: 3, derrigortasun-datarik gabe.

    Eginkizunak:

    Euskadiko Osasun Liburutegi Birtualaren Zuzendaritza Batzordeko kide izatea, beraz, Euskadiko Osasun Liburutegi Birtualaren Kudeaketa Plana planifikatzetik, hedatzetik eta abiaraztetik eratorritako erabaki guztien parte aktiboa izan beharko du.

    Baliabide bibliografikoen kontratazioa planifikatzea eta garatzea, Osakidetzaren estrategiarekin bat datorren eskuratze-politikaren arabera.

    Osakidetzako liburutegi-zerbitzuen plangintza estrategikoa eta operazionala koordinatzea.

    Erosketa zentralizatuak kudeatzea: kontratazio-espedienteak negoziatzea, lantzea eta kudeatzea, eta liburutegi birtualaren aurrekontua kudeatzea.

    Euskadiko Osasun Liburutegi Birtualaren Kudeaketa Planean definitutako Osakidetzako liburutegietako nodoak koordinatzea eta zuzentzea.

    Osakidetzan ezagutzaren kudeaketa zabaltzen, gaitzen eta sustatzen laguntzea, Garapeneko eta Prestakuntzako Zuzendariordetzako gainerako zerbitzu korporatiboekin koordinatuta eta Osakidetzak ezarritako estrategiarekin lerrokatuta.

  2. Parte hartzeko baldintzak.

    Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

    1. Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea eta lanpostua jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.

    2. Bibliotekonomiako lizentziatuaren goi-mailako unibertsitate-titulua, Informazio eta Dokumentazioko gradua edo Bibliotekonomiako edo Dokumentazioko graduondoko prestakuntza duen beste lizentziatura bat izatea.

    3. Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia izatea A1/A2 lanbide-taldean.

    4. Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

  3. Aintzat hartuko diren merezimenduak.

    Honako arlo hauetako eskarmentua eta ezagutzak baloratuko dira:

    Osasun-arloko prestakuntza edo esperientzia osasun-liburutegietan.

    Prestakuntza edo esperientzia Ezagutzaren Kudeaketako sistema aurreratu eta berritzaileetan.

    Halaber, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

  4. Euskararen ezagutza.

    Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

  5. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

    Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera, helbide honetara: Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

    Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea, beren datu pertsonal guztiekin eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

    Curriculum Vitaeko dokumentazioa honelakoa izan behar da:

    NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

    Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

    Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

    Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

    CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, hautagaiak horren berri eman behar du eskaeran.

  6. Balorazio Batzordea.

    Balorazio batzordea osatuko da, batzordeburu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria edo hark eskuordetzen duena izanik, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordea, Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea eta Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako teknikaria (idazkari izango dena, ahots eta botoarekin).

    Eskabideak baloratu ondoren, Batzordeak eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.

    Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

    Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

  7. Hautaketa-prozedura.

    Ez dira inola ere kontuan hartuko deialdia EHAAn argitaratzen den egunean ez dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

  8. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

    Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanposturako esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Hori Intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da.

    Ebazpen horrek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatzen ez bada.

  9. Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

    Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 10a.

    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

    LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.