Arautegia

Inprimatu

79/2026 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Bilboko Portu Agintaritzarekin sinatutako hitzarmena, euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 151
  • Hurrenkera-zk.: 3557
  • Xedapen-zk.: 79
  • Xedapen-data: 2026/08/03
  • Argitaratze-data: 2026/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

Alde batetik, Bingen Zupiria Gorostidi, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Eta, bestetik, Asier Atutxa Zalduegi, Bilboko Portu Agintaritzako presidentea.

ESKU HARTZEN DUTE:

Bingen Zupiria Gorostidik, Eusko Jaurlaritzaren izenean eta haren ordezkari gisa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den heinean, Gobernu Kontseiluaren 2018ko otsailaren 13ko ebazpenak hitzarmen hau gauzatzeko eskumen osoa ematen diolarik.

Asier Atutxa Zalduegik, Bilboko Portu Agintaritzaren izenean eta haren ordezkari gisa, aipatutako erakunde publikoaren presidente den heinean irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak (Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) ematen dizkion eskumenak baliatuz, Bilboko Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluaren 2017ko urriaren 4ko ebazpenak hitzarmen hau gauzatzeko eskumen osoa ematen diolarik.

ADIERAZTEN DUTE:

  1. Irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak (Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 4. artikuluan eta I. eranskinean adierazten duenez, Bilboko Portua interes orokorreko portu da, eta Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan jasotakoaren arabera, Estatuko Administrazioari dagozkio haren gaineko eskumen osoak.

    Portu-agintaritzei dagokie beren eskumeneko portuak autonomiaz kudeatzea, eta Estatuko Portuak erakunde publikoari dagokio estatuko portu-sistemaren eraginkortasuna koordinatzea eta kontrolatzea (13. eta 16.1 artikuluak).

    Portu-agintaritzak berezko nortasun juridikoa eta ondarea eta jarduteko ahalmen osoa duten erakunde publikoak dira, Sustapen Ministerioaren mende daudenak Estatuko Portuak erakundearen bidez (24.1 artikulua).

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuenak, 6. artikuluan xedatzen du euskara, Euskal Herriaren hizkuntza propioa, hizkuntza ofiziala izango dela Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dutela bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

    Artikulu horrek autonomia-erkidegoko erakunde komunen esku uzten du, lurraldeko aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuta, bi hizkuntzen erabilera bermatzeko ardura, haien izaera ofiziala arautuz, bai eta haien ezagutza bermatzeko zer neurri eta bitarteko behar diren erabakitzeko eta arautzeko ardura ere. Halaber, xedatzen du ezin izango dela inor hizkuntzagatik diskriminatu.

  3. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982) arautzen du zer erabilera izango duten Euskal Autonomia Erkidegoan euskarak eta gaztelaniak, eta herritarrei eskubideak esleitzen dizkie, eta, agintari publikoei, betebeharrak.

    Herritarrei eskubideak esleitzen dizkien eta agintari publikoei betebeharrak esleitzen dizkien lege hori aplikagarri zaie Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatutako administrazio publiko guztiei; hortaz, betebehar horrek eragiten dio Bilboko Portu Agintaritzari ere.

    Beste alde batetik, hirugarren xedapen gehigarriak adierazten du Eusko Jaurlaritzak, organo eskumendunekin ados jarrita, neurriak hartuko dituela Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Administrazioan euskararen erabilera normalizatzen joateko pixkanaka.

  4. Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak (Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena) honako hau xedatzen du hirugarren xedapen gehigarrian: «Eusko Jaurlaritzak, horretarako aginpidea duten erakundeekin ados jarrita, lan egingo du eta jarduerak bultzatu eta sustatuko ditu Estatuak Euskal Autonomia Elkartean duen Administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko bidean jartzeko neurriak har daitezen». Ildo horretatik, lanpostuen lan-eskakizunak zehaztean, eta egokitzapen-planak prestatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen Dekretuan ezarritako irizpideen antzekoak erabiliko dira, Administrazio Periferikoaren sektore bakoitzaren berezitasunak eta eginkizun-ezaugarriak kontuan hartuta, eta dagozkion egokitzapenak eginez.

  1. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legean (abenduaren 22ko 6/2003), 4.f) artikuluan, pertsona kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide gisa jasotzen da honako hau: «Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraikiz». Ondoren, II. Tituluaren VII. Kapituluan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak arautzen dira, eta 38. artikuluan erakunde publikoei zuzendutako xedapena jasotzen da, haien artean sartzen direlarik Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta Estatuko Administrazioa, eta baita horien mende dauden edo horietako erakunde-administrazioa osatzen duten zuzenbide pribatu edo publikoko entitateak ere, eta erakunde publiko horien hizkuntza-betebeharrak jasotzen dira.

  1. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 14.1 artikuluari jarraikiz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eginkizunen eta jarduera-arloen artean sartzen dira «hizkuntza-politika» eta «euskararen sustapena».

  2. Apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak (Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) adierazten duen eran, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari dagokio aholkularitza eta laguntza eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundietako, udaletako eta gainerako erakunde publikoetako euskara-planak diseinatzeko eta ezartzeko (14.2 e artikulua) eta instituzio eta entitate publikoetan euskara-planak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta funtzionamenduan jartzeko proposamenak egitea (14.2 g artikulua).

  3. Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 1. artikuluari jarraikiz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea izaera administratiboa duen erakunde autonomo bat da, funtzio publikoaren alorreko eskumenak dituen sailari atxikitakoa, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen osoa dituena. Halaber, urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen ditu.

  4. Bilboko Portu Agintaritzan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko, oso garrantzitsua da bi erakunde horiek lankidetzan jardutea. Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei jarraikiz:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Bilboko Portu Agintaritzaren gobernu-organoak adierazten du bere erakundean euskararen erabilera sustatzen eta normalizatzen lagunduko duten neurriak hartzeko nahia duela.

    Lankidetza-hitzarmen honetan, Bilboko Portu Agintaritzak honako hauek gauzatzeko konpromisoa hartzen du:

    1. Hasteko, neurri zehatzak hartzea herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko; besteak beste, herritarren arretari dagokionez, errotuluak eta hizkuntza-paisaia osatzen duten elementuekin eta herritarrei zuzendutako ahozko zein idatzizko jakinarazpenekin lotutakoak.

    2. Bezeroekin eta erabiltzaileekin dituzten lan-harremanetan euskara gehiago erabiltzeko neurriak hartzea.

    3. EAEko administrazio publikoekin dituzten harremanetan euskara gehiago erabiltzeko neurriak hartzea. Halaber, Espainiako Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen beste administrazio eta erakunde publiko batzuekin dituzten harremanetan euskara gehiago erabiltzeko neurriak hartzea.

      Bigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, bere eskumenak baliatuz, Bilboko Portu Agintaritzari aholkuak eman eta lagunduko dio azken horren erakundearen funtzionamenduan euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko neurriak hartze aldera.

      Lankidetza-hitzarmen honen esparruan, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak honako hauek gauzatzeko konpromisoa hartzen du:

    1. Bilboko Portu Agintaritzak eskatzen duenean, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak euskararen erabilera normalizatzeari buruzko aholkuak emango dizkio. Aholkularitza hori juridikoa edo teknikoa izan daiteke.

    2. Bilboko Portu Agintaritzak eskatzen duenean, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bitartekari-lanak egingo ditu beste administrazio publiko batzuekin dituzten lan-harremanetan euskararen erabilera areagotzeko egindako ahaleginak sustatzeko eta laguntzeko.

    3. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak zuzendutako sustapen-kanpainetan sartuko du Bilboko Portu Agintaritza.

      Hirugarrena. Hitzarmen honek ez du partaideen arteko betebehar legal edo finantzario loteslerik sorrarazten, eta hura gauzatzeak sinatzaileei ez die ekarriko beren aurrekontuak finkatzea edo aldatzea eskatzen duen inolako betebehar edo konpromiso ekonomikorik.

      Laugarrena. Hitzarmen hau gauzatzean, alderdiek gaztelaniaren eta euskararen koofizialtasuna errespetatzeko konpromisoa hartzen dute, bi hizkuntzen erabilera bermatuz.

      Bosgarrena. Hitzarmen honen iraupena lau urtekoa izango da.

      Esandakoaren kaltetan izan gabe, bi alderdietako edozeinek bere aldetik hitzarmena salatu ahal izango du hura iraungi baino lehen; betiere, beste alderdiari jakinarazi beharko dio gutxienez hilabete lehenago.

      Hitzarmen hau indarrean jarriko da behin estatuko sektore publikoko Lankidetza Organoen eta Tresnen Erregistro Elektronikoan jasotakoan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

      Seigarrena. Aurreko klausulan adierazitako epea amaitu baino lehenago, edozein unetan, hitzarmena izenpetu duten alderdiek hura gehienez ere beste lau urtez luzatzea adostu ahal izango dute aho batez, edo hura iraungitzea.

      Zazpigarrena. Parte hartzen duten administrazioetako kide banak osatutako Jarraipen eta Kontrol Batzorde batek ebatziko ditu hitzarmen honek eragin ditzakeen edo hura gauzatzean sor daitezkeen interpretazio-arazoak.

      Zortzigarrena. Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015) Atariko Tituluaren VI. Kapituluan xedatutakoa aplikatuko zaio.

      Haren interpretazioaren, aplikazioaren, aldaketen, ebazpenen eta eraginen inguruan sor daitezkeen gai guztiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende geratuko dira.

      Azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek hitzarmen hau izenpetu dute, bi kopiatan, goian zehaztutako tokian eta egunean.

      Santurtzi (Bizkaia), 2018ko maiatzaren 3a.

      Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

      BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

      Bilboko Portu Agintaritzaren presidentea,

      ASIER ATUTXA ZALDUEGI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik