Arautegia

Inprimatu

76/2026 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 2026. urterako programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei nahiz landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 151
  • Hurrenkera-zk.: 3556
  • Xedapen-zk.: 76
  • Xedapen-data: 2026/07/31
  • Argitaratze-data: 2026/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak; Funtzio publikoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, uztailaren 14an egindako bilkuran, onartu zuen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 2026. urterako programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei nahiz landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko, eta, behar den publikotasuna emateko, hau

Batetik, Francisco Pedraza Moreno jauna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusi den aldetik, ente horren izenean eta hura ordezkatuz, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Estatutu Sozialak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren 14.1 artikuluarekin.

Eta bestetik, Jokin Azkue Arrastoa jauna, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) zuzendari nagusia.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko administratiboa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Haren eginkizunen artean dira enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta autoenplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Enplegurako prestakuntzaren barruan, langile langabeei nahiz landunei zuzendutako prestakuntza dago, beren enplegagarritasuna hobetu edo beren prestakuntza-curriculuma handitu nahi dutenei, dituzten aukera profesionalak hobeto garatzeko.

Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren xedapen gehigarrian (2016ko ekainaren 7ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako lanbide-heziketako jardueren eta programen barruan, euskara ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.

Hirugarrena. Langile elebidun gaituen eskariak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatutako prestakuntza-ekintza batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten egiten direnak. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-ekintzak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.

Laugarrena. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak araupetzeko azaroaren 23ko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera, HABE erakundea organismo administratibo autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, nortasun juridiko berekia du, eta gaitasun osoa du bere eginkizunak betetzeko. Haren egitekoak dira, besteak beste, herritar helduei euskara irakastea eta herritar horien euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bosgarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoak ez du giza baliabide eta material nahikorik euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beharrei espezialitate-baldintza onenetan erantzuteko.

Seigarrena. Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskara ikasteko prestakuntza-ekintzen plangintza egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuna emateko, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzei dagokienez. Prestakuntza-ekintza horiek HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegietan eta autoikaskuntza-zentroetan egingo dira. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa formalizatzea, klausula hauen arabera arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Helburua.

Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskarazko hizkuntza-gaikuntzako jarduerak egitea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten edo parte hartu duten langile langabeei eta landunei zuzendutakoak.

Bigarrena. Prestakuntza-eskaintza.

  1. Hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-plana euskarazko prestakuntza-ekintzen bidez gauzatuko da. Moduluka emango dira ekintza horiek, HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegien eta autoikaskuntza-zentroen ahalmenen arabera, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko A1, A2, B1, B2 eta C1 erreferentzia-mailekin.

  2. Kudeaketa-gomendio honen xede diren prestakuntza-planaren zati diren prestakuntza-ekintzak bi modutan emango dira: aurrez aurre gehienez 350 orduz eta teleprestakuntza-modalitatean gehienez 190 orduz. 2026ko urrian hasi eta 2027ko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

    1. Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle-talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatakoak direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.

    2. Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokia edozein dela ere, tutore/irakasle bat izango du, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak eta ikasle bakoitzaren lan pertsonala osatu edo sendotuko ditu. Metodologia honetan ikasleen artean hitz egiteko eta elkarrekintzan aritzeko saioak emango dira.

      Hirugarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzkidura ekonomikoa.

      Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak esleitzen ditu kudeaketa hau finantzatzeko guztizko baliabide ekonomikoak. Gomendio honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 400.000 eurokoa da, guztira; horietatik 200.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 200.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

      Laugarrena. Jarduerak finantzatzea.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako jarduerak, irizpide hauetan oinarrituta:

    1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, HABEk ezarritako honako tarifa hauetan oinarrituta:

    1. Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula: 3,60 euro/ordu/parte-hartzaile.

    2. Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula: 2,90 euro/ordu/parte-hartzaile.

    3. Teleprestakuntzako ikastaroen matrikula: 7,5 euro/ordu/parte-hartzaile.

    1. HABEk finantzatuko du irakaskuntza-kostuen gainerakoa, erakunde horrek urtero udal-euskaltegientzat eta homologatutako euskaltegi pribatuentzat egiten dituen dirulaguntza-deialdietan araututako baldintzen eta irizpideen arabera, eta, bereziki, diruz lagundu daitezkeen ikastaro-motei dagokienez.

      Bosgarrena. Funtsen transferentzia.

      Hona hemen ordainketa-araubidea:

      Lehenengo ordainketa, hots, prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratutako kredituaren % 50, lehenengo prestakuntza-ekintzaren hasieran ordainduko da, HABEren jakinarazpena jaso ondoren, bederatzigarren klausulako 3. apartatuan adierazi bezala.

      Bigarren ordainketa, prestakuntza-planaren likidazioari dagokiona, gastua justifikatu ondoren egingo da, hamargarren klausulan aurreikusten den eran.

      Seigarrena. Prestakuntzaren hartzaileak eta betekizunak.

      Euskarazko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute langabeek nahiz landunek, baldin eta, euskarazko hizkuntza-gaitasunak eskuratu edo hobetzeko, eta, hartara beren enplegagarritasuna hobetzeko helburua izanik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan inskribatuta egonik, eskakizun hauek betetzen badituzte:

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak diruz lagundutako edo baimendutako kualifikazio-ekintzak egiten aritzea, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko,

      edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 2022., 2023., 2024. eta 2025. urteetan diruz lagundutako edo baimendutako ekintzak egin izana.

      baldin prestakuntza-ekintza kualifikatzailerik egiten ari bada, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, ekintza hori gauzatu bitartean baina haren ikastorduetatik kanpo.

      Zazpigarrena. Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.

      Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) euskarazko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen publizitatea egingo da, prestakuntza eta ikastaroei buruzko atalean, eta prestakuntzaren hartzaileentzat beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko da.

      Zortzigarrena. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenak hautatzea.

      1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aurrehautatuko ditu euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak, bere datu-basean inskribatutakoen artetik, eta organismo horrek berak koordinatuko du hautaketa-prozesu osoa.

      2. Seigarren klausulan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenek hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartzeko eskaera egin ahal izango dute.

        Eskabideak aurkezteko epea 2026ko irailaren 1ean hasi eta irailaren 18an amaituko da. Eskaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulego-sarearen bidez edo zuzenbide pribatuko ente publiko honen web-orriaren bidez egin ahal izango da.

      3. Eskaera egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatuko du hautagaiek eskakizunak betetzen ote dituzten, inskripzio-hurrenkeraren arabera eta aurrekontua agortu arte. Eskaera onartuz gero, matrikula-orria Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunetik (www.lanbide.euskadi.eus) deskargatu ahalko da, NireLanbidenet atal pertsonalean, eta euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan aurkeztu beharko da.

      4. Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik aurrekontua agortuz gero, seigarren klausulan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda egingo da, NireLanbidenet-en izena eman duten ordenaren arabera. Pertsona horiek erreserbako hautagai gisa identifikatuko dira, uko egiteagatik, atzera egiteagatik edo beste arrazoi batzuengatik funtsak libratuko balira ere.

        Bederatzigarrena. Euskaltegietan edo autoikaskuntza-zentroetan matrikulatzeko prozedura, eta Lanbideri jakinaraztea.

      1. Eskaera onartu zaien pertsonek matrikula-orria aurkeztu beharko dute HABEren Erregistroan ageri diren euskaltegietatik edo autoikaskuntza-zentroetatik aukeratzen duten hartan. Matrikula-orria aurkezteko epea 2026ko irailaren 21etik 30era bitartekoa izango da. Data horretatik aurrera, matrikula-orriak balioa galduko du.

        Onartutako pertsonak matrikula ez izapidetzea erabakitzen badu, ahalik eta arinen aurkeztu beharko du ukoa, NireLanbidenet bidez edo Lanbideren bulego-sarearen bitartez.

        Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan matrikula-orria izapidetuta, eskatzaileak haren kopia zigilatua bidali beharko du NireLanbidenet bidez, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulego-sarearen bitartez aurkeztu. Egindako izapidearen egiaztagiritzat hartuko da kopia zigilatua, eta aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 1a izango da.

        Matrikula-orrian, interesdunaren izena eta NANa adieraziko dira.

        Matrikula-orriko atal bat prestakuntza-ekintza ematen duen euskaltegiak edo autoikaskuntza-zentroak bete beharko du. Atal horretan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza-moduluaren kodea, hasiera- eta bukaera-datak, eman beharreko ordu-kopurua eta, euskaltegiak edo autoikaskuntza-zentroak prestatuko duen mailaketa-proba baten ondoren, ikaslearen hasierako maila.

      2. Lehenengo matrikulazio-aldia amaitutakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erreserbako hautagaien zerrenda kudeatuko du, 2026ko urriaren 1ean eskuragarri geratu diren funtsekin.

        Erreserban dauden hautagaiek, eskabidea azkenean onartzen bazaie, HABEren Erregistroan dauden eta eurek aukeratzen duten euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan aurkeztu ahal izango dute matrikula-orria, Nire Lanbidenet atal pertsonalean matrikula-orria duten unetik hasi eta 2026ko urriaren 15era arte.

        Onartutakoak erabakitzen badu ez jarraitzea matrikula izapidetzen, ahalik eta arinen aurkeztu beharko du ukoa, Lanbideren bulego-sarearen bidez edo Nire Lanbidenet-en bitartez.

        Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan matrikula-orria izapidetuta, eskatzaileak haren kopia zigilatua bidali beharko du NireLanbidenet bidez, edo Lanbideren bulego-sarearen bitartez aurkeztu. Egindako izapidearen egiaztagiritzat hartuko da kopia zigilatua, eta aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 16a izango da.

      3. Matrikulazio-prozedura bukatu ondoren, HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari helaraziko dio euskaltegietan eta autoikaskuntza-zentroetan matrikula formalizatu duten pertsonen zerrenda, 2026ko azaroaren 15a baino lehen, urrian hasitako prestakuntza-ekintzen kasuan, eta prestakuntza-ekintzak hasi eta gehienez ere 10 egun balioduneko epearen barruan. Agiri horretan zehaztuko du, baita ere, pertsona bakoitzak zein euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro aukeratu duen, zer maila zuen hasieran, zer maila lortu nahi duen, ikastaroak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, eta zenbat ikastordu diren parte-hartzaile bakoitzeko.

        Hamargarrena. Alderdien betebeharrak.

      1. Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

        1. Euskaltegiekin eta autoikaskuntza-zentroekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko teknikariekin koordinatzea eskatzaileen atxikipena euskarazko prestakuntza-moduluekiko.

        2. Bere euskaltegietako prestakuntza-eskaintzan sartzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak hautatutako ikasleak, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz.

        3. Aditzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatu dituela programazio honi dagozkion eta dagoeneko egin diren jarduerak.

        4. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari prestakuntza-ekintzen hasiera jakinaraztea, ezarritako epean.

        5. Ikasleen asistentzia kontrolatzea, eta hilero horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

        6. Prestakuntza-ekintzetan bajak egon badira edo norbaitek ekintzak utzi baditu, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakariren berri ere.

        7. Programari eta ikasleei buruz eskatzen duen informazio guztia ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

        8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kontrol- eta ikuskapen-lanen barruan egindako errekerimenduei erantzutea, akordio honen esku jarritako baliabideen kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia egiaztatzeko.

        9. Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari horren berri ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza kudeatzeko aplikazioarekin (LAN-Frekin) bateragarria den formatu batean, hartara, hizkuntza-egiaztatzearen emaitzak ager daitezen prestakuntzan parte hartu duen pertsona bakoitzaren Gaitasunaren Erregistroko kontuan.

        10. Gauzatutako prestakuntza-ekintzen gastuak justifikatzea, ezarritako moduan eta agirien bitartez, 2025eko irailaren 30a baino lehen. Justifikazio horretan, dagozkien moduluetan ematen diren eta ikasleek benetan jasotzen dituzten orduen kopurua zehaztuko da.

      2. Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren betebeharrak:

        1. Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzen matrikulak finantzatzea.

        2. HABErekin elkarlanean aritzea ekintzak gauzatzean sortutako jazoerak ebazteko orduan, eta aholkularitza teknikoa ematea haiek kudeatzeko prozesuan.

          Hamaikagarrena. Gastuak justifikatzea.

          HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan aurkeztuko ditu, 2027ko irailaren 30a baino lehen, kudeaketa-gomendio honen esparruan egindako hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen ondorioz sortutako gastuen frogagiriak, hark dagokion transferentzia agin dezan egoki irizten dizkion egiaztapenak egin ondoren (emandako prestakuntza-orduen kopurua eta ikasleek dagokien moduluan benetan jasotako prestakuntza-orduen kopurua, bai eta «gai» edo «ez gai» kalifikazioa ere, egindako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko mailan emana).

          Hamabigarrena. Jarraipen-batzordea.

          Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

          Hona jarraipen-batzordearen osaera:

          Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldetik:

        1. Lanerako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu-lanak egingo dituena.

        2. Lanerako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

        3. Lanerako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikari bat.

          HABEren izenean:

        1. HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

        2. HABEko Ikuskaritzaren arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

        3. HABEko Ikuskaritzako teknikari bat.

          Hauek dira batzordearen eginkizunak:

          Egin daitezkeen prestakuntza-ekintzen urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, nahikoa izango da jarraipen-batzordea osatzen duen organismo bakoitzeko ordezkari batek gutxienez parte hartzea.

          Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta atzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

          Orokorrean, kudeaketa-gomendio honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sortu daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

          Bidalitako informazioa aztertzea.

          Batzorde hau gutxienez bi aldiz batuko da: alde batetik, 2026ko azaroaren 15a baino lehen, HABEk 2026ko urrian hasitako prestakuntza-ekintzen berri ematen duenean; eta, bestetik, akordio honetara bideratutako aurrekontuaren egikaritzaren % 75 gainditu baino lehen.

          Hamahirugarrena. Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

          Kudeaketa-gomendio hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2027ko ekainaren 30era arte.

          Hamalaugarrena. Datuak babesteari buruzko informazioa.

          Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurraren aurka egitea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Biltzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

          Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikora (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

          Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

          Hamabosgarrena. Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin ez eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere, eskumen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baititu esleituta; beraz, zuzenbide pribatuko ente publiko horren ardura izango da egintza edo ebazpen juridikoak ematea, oinarria emango diotenak kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari, edo jarduera material zehatz hori beren barnean hartzen dutenak.

          Bi alderdiek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute, eta azken sinatzaileak dokumentua izenpetzen duen eguna hartuko da dokumentu honen formalizazio-eguntzat (2026ko uztailaren 30).

          Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

          FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

          HABEko zuzendari nagusia,

          JOKIN AZKUE ARRASTOA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik